216. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERIAIN

Deialdia, administrari lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Beriaingo alkateak, 2024ko urriaren 11ko 326. Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko administrari lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa. Horren bidez bete nahi da Zerbitzu Orokorrei atxikitako lanpostu huts bat, 10006 zenbakia duena udal honek 2024rako onetsitako plantilla organikoan. Ebazpen horren bidez, halaber, deialdia arautzeko oinarriak onetsi ziren; hona hemen:

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi bat iragartzen da, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko administrari lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, Beriaingo Udalaren zerbitzura jardun dezan. Lanpostua udal honetako Zerbitzu Orokorrei atxikita dago, eta 10006 zenbakia du plantilla organikoan. Lanpostuak badu euskarako hizkuntza eskakizun bat, hura betetzeko merezimendutzat baloratuko dena: B2 edo goragokoa.

1.2. Izendapenak Beriaingo Udaleko funtzionario bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatuko da, hala behar badu, eta hartan alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen C mailari dagozkion lansariak. Era berean, plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak jasoko dituzte, bai eta hitzarmen kolektiboaren bidez lor daitezkeenak ere.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat. Halaber, lanaldiaren urteko lanordu kopurua izanen da Udaleko funtzionarioentzat ezarritakoa.

1.5. Egin beharreko lanak bere mailari eta kategoriari dagozkienak izanen dira, barnean dela jendeari harrera egitea eta Udalaren administrazio zerbitzuei sostengu ematea. Halaber, kasua bada, Udalaren bulegoetatik kanpora eginen ditu behar diren jarduketak eta gestioak.

1.6. Halaber, deialdi honen xedea da zerrenda bat egitea hautapen-prozesuan lanposturik eskuratzen ez dutenekin, aldi baterako kontratatzeko, deialdiaren 8.2 oinarriari jarraikiz.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez gainditzea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat edukitzea, edo eskuratzeko moduan egotea (eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina): Batxilergoa, II. mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinaz kaleratua ere.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko ditu lanpostua eskuratzen duen izangaiak, deialdi honen bederatzigarren oinarriak xedatzen duen moduan eta epean. Hori guztia bete beharko da, gainera, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean eta hautapen-prozesu osoan, izendapen eguna arte bete ere.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak; horrez gain, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Beriaingo Udalaren erregistro orokorrean (Udaletxeko plaza z.g.) 10:00etatik 14:00etara, edo Beriaingo Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.beriain.es), edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Betiere, laugarren oinarrian adierazitako epean aurkeztu beharko dira.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu behar da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik. Horrez gain, frogagiria bidali beharko da helbide elektroniko honetara: beriain@beriain.es. Baldintza horiek betetzen ez badira, ez da eskabidea onartuko.

Eskabideak izanen dira I. eranskineko ereduaren araberakoak.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

b) Eskatzen den titulazioaren kopia, edo eskabideak aurkezteko epea burutzen denerako hura erdiesteko moduan egotea ziurtatzen duen agiriarena.

c) Alegatutako merezimenduen frogagiriak, epaimahaiak balora ditzan, deialdi honen zazpigarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

d) Behar den tasa ordaindu izanaren gordekina, azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik: 5,00 euro.

Zenbateko hori ordaintzen ahalko da eskudirutan diru-sarrera eginez edo banku-transferentzia bidez, honako kontu honetan: ES47 2100 5370 7722 0002 6376.

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek: izen-deiturak eta kontzeptua, hots, zer hautapen-prozesutan parte hartu nahi den.

Honako kasu hauetan ez da tasarik ordaindu beharko:

–%33ko desgaitasuna edo handiagoa aitorturik daukatenak.

–Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilean zenbatuta.

Bigarren paragrafoko salbuespena frogatzeko, aurkeztu beharko da dagokion enplegu bulegoak emandako agiria. Hartan, lan eskatzaile gisa inskribatu zen data ageriko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik. Lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izateari dagokionez, frogatuko da interesdunaren zinpeko adierazpen baten bidez.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketaren eskubideen tasa ordaindu arren, ezinbestekoa izanen da aurkezteko izapidea behar den epean eta moduan egitea.

Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

3.2. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliotasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenen eskaera egiten ahalko dute eskabidean bertan, horien beharra duten ariketetarako. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, zehazki, azken eguneko 14:00ak arte. Epearen azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Beriaingo Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan. Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik egin badute, idazkia aurkeztuz Beriaingo Udalaren erregistro orokorrean.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta, halakorik egon bada, haiei erantzun ondoren, Beriaingo Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, epeari edo moduari dagokionez, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Anna Llamas Montaña, Beriaingo Udaleko lehen alkateordea.

Ordezkoa: Santiago Marcos Lorenzo, Beriaingo Udaleko bigarren alkateordea.

–Epaimahaikidea: Amaia Eslava Jericó, Beriaingo Udaleko administraria.

Ordezkoa: Marino Pérez de Carlos, Beriaingo Udaleko kultura eta kirol koordinatzailea.

–Epaimahaikidea: M.ª Dolores Carrique Iribarne, Beriaingo Udaleko administraria.

Ordezkoa: Miguel Ángel Serrano Gijón, Beriaingo Udaleko kaleko zerbitzuen arduraduna.

–Epaimahaikidea: Susana Mendo Echeverría, Beriaingo Udaleko langileen ordezkari gisa.

Ordezkoa: José García Ucle, Beriaingo Udaleko langileen ordezkari gisa.

–Epaimahaikide idazkaria: César Suescun García, Beriaingo Udaleko idazkaria.

–Ordezko epaimahaikide idazkaria: Alberto García Pérez, Beriaingo Udaleko kontu-hartzailea.

6.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta Beriaingo Udalari hala jakinarazi, baldin 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasota dauden arrazoiak suertatzen badira (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

7.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoak eta balorazioa.

7.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Araudian xedatutakoaren arabera, oposizio-lehiaketa hasiko da deialdia argitaratu eta gutxienez ere 2 hilabete iragandakoan. Lehiaketaldia eginen da lehenik, eta ondotik, berriz, oposizioaldia, oinarri hauetan zehaztu bezala.

7.2. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 30 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:

7.2.1. Esperientzia (20 puntu gehienez).

1. Udaletan emandako zerbitzuak, administrari-ofizialaren edo administrari laguntzailearen lanpostuan: 3 puntu urteko.

2. Beste toki-erakunde batzuetan emandako zerbitzuak eta tokiko sektore publikoko erakunde edo entitateetan emandakoak –baldin eta horiek administrazio publikoaren kontzeptuan sartzen badira, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea) eta horrekin bat datozen xedapenen arabera–, edo beste administrazio publiko batzuetan emandako zerbitzuak, administrari-ofizialaren edo administrari laguntzailearen lanpostuan: 1,5 puntu urteko.

Zerbitzuak frogatuko dira dagokion erakundeak emandako ziurtagiri baten bidez. Ziurtagirian agertu beharko dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta bukaera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota. Baldin deialdia egiten duen toki-erakundeari berari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

Urte kopuruak ez badu egiten zenbaki oso bat, dagokion proportzioan kalkulatuko da puntuazioa.

Lanaldia osoa ez bada, dagokion proportzioan kalkulatuko da, orobat. Zerbitzuak bete izana frogatzen duten agirietan espresuki adieraziko da zerbitzu haiek lanaldi osokoak ala murriztukoak ziren, eta lanaldi murritza bazen, zenbatekoa zen.

Aurreko ataletako merezimenduak baturik, gehienez 20 puntu eskura daitezke.

7.2.2. Euskara jakitea (10 puntu gehienez).

a) Euskarako B2 gaitasun mailaren edo goragoko baten ziurtagiria edukitzea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (erakunde ofizial batek emaniko ziurtagiria izanen da, edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulazioren bat): 5 puntu.

b) Lanpostuari dagozkion gaiei buruzko prestakuntza, hobekuntza eta espezializazioko ikastaroak, erakunde eta zentro ofizialek emanak edo homologatuak, eta Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzako ekintzak (prestakuntza informatikoa eta digitala barne), baldin eta deialdia argitaratu aurreko 10 urteetan egin badira; prestakuntza- edo ikastaro-ordu bakoitzeko: 0,025 puntu eta, gehienez, 5 puntu.

Prestakuntzako merezimenduak frogatuko dira dagokion erakundeak emandako ziurtagiri baten bidez. Ziurtagirian datu hauek agertu beharko dira: ikastaroaren iraupena eta izena eta emandako ikasgaiak. Programa edo eskola-orduen iraupena jasotzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Atal honetan honetan ez dira baloratuko 5 ordutik beherako iraupena duten ikastaroak, ez eta titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak ere (unibertsitatekoak nahiz unibertsitatetik kanpokoak).

Atal honetako merezimenduak baturik, gehienez 10 puntu eskura daitezke: horietatik, 5 puntu euskara jakiteari dagozkio, eta 5 puntu, bestalde, prestakuntza-ikastaroei.

7.2.3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak eta ikastaroak.

Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak, baremoaren atal bakoitzerako. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu gabeko edo agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, ez eta baremoan ezarritakoez bestelako merezimendurik ere, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.

7.2.4. Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak egoitza elektronikoko iragarki-taulan jarriko du izangaien zerrenda (https://sedeelectronica.beriain.es), haien puntuazioa adierazita.

Behin-behineko kalifikazio horien aurka, alegazioak aurkezten ahalko dira bost egun naturaleko epean.

7.3. Oposizioaren nondik norakoa.

Oposizioaldiak bi proba izanen ditu. Egun desberdinetan eginen dira, eta behar bezala iragarriko dira.

7.3.1. Lehen proba: teoriko-praktikoa; test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen II. eranskineko gaiei buruz. Lau aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Hasi baino lehen adieraziko du epaimahaiak zenbat denbora izanen duten izangaiek, gehienez, ariketa egiteko.

Oker erantzuten den galdera bakoitzeko, kenduko da zuzen erantzundakoari ematen zaion balioaren %25.

Ariketa honetan, gehienez, 60 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

7.3.2. Bigarren proba: proba informatikoa. Ariketa praktiko bat edo gehiago egin beharko dira, toki administrazioan erabili ohi diren aplikazio informatikoei buruz. Proba honetan, gehienez, 10 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

7.3.3. Probak egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta hiztegirik edo antzeko beste materialik ere. Bolaluma urdina edo beltza soilik erabiltzen ahalko da. Izangaiek oharrak kopiatzen badituzte edo bestelako iruzurrik egiten badute, berehalakoan baztertuko dira probetatik.

7.3.4. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda, bai eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua ere, Beriaingo Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan.

Behin-behineko kalifikazio horien aurka, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte 5 egun naturaleko epean.

7.3.5. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

8.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

8.1. Izangaien kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak iragarki-taulan jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren ordenan, eta igorriko du puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena.

Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko lehen ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde. Berdinduta segituz gero, bigarren ariketan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan eta, azkenik, berdinketak badirau, jendaurreko zozketa eginen da.

8.2. Kalifikazio-epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, parte-hartzaileen behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Beriaingo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta alkateari izangaien zerrenda igorriko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera, hark ebazpena eman dezan izendapen proposamenari buruz, eta, gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

Probak gainditu dituzten gainerako izangaiak sartuko dira Beriaingo Udalaren kontratazioetarako zerrenda batean, lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda hori erabiliko da kontratazioak egiteko, Udalak ematen dituen zerbitzuetan sortzen diren beharrei erantzuteko, deialdi honen 1.6 oinarriari jarraikiz.

9.–Agiriak aurkeztea.

9.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Beriaingo Udalaren erregistro orokorrean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo beste agiri bat, izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituena.

b) Deialdiko lanpostua betetzeko eskatzen diren tituluen fotokopia konpultsatua.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, eragotziko liokeenik karguaren eginkizunak betetzea.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute frogagiri bat, esaten duena desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Balorazio eta orientazio talde eskudunek emandakoa izan behar du.

d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

e) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.2. Epe horretan, interesdunak agiri horiek ekartzen ez baditu, salbu behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan, ezin izanen da izendatu, eta indarrik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna.

9.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, Alkatetzak hutsunea beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Alkatetzak, ebazpen baten bidez, Beriaingo Udaleko administrari izendatuko du aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Beriaingo Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakorik gertatzen bada, 9. oinarrian xedaturikoari jarraikiko zaio.

11.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.6 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat prestatuko da probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.

Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.

Izangaiei dei egiten zaienean, administrari lanpostua aldi baterako betetzeko, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian. Xedapen horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutik lehena gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte, eta frogatzen badute desgaitasuna bateragarria dela dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin.

11.2. Dei egitea.

11.2.1. Zerbitzuaren beharren arabera kontratatuko dira probak gainditu dituzten izangaiak, oro har, aurretiaz banakako deiak eginik.

11.2.2. Izangaiek, azkar lokalizatuak izateko, ematen ahalko dituzte harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki, eta eguneraturik eduki beharko dituzte beti.

Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenari jarraikiz. Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adieraziz gorabeherak, eguna eta ordua.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengo denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, izangai horiek eutsi eginen diote zerrendan zuten postuari.

11.2.3. Aurreko sei hilabeteen barnean kontratatu den pertsonak lehentasuna izanen du berriz ere kontratatua izateko.

11.3. Uko egiteak.

11.3.1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean:

a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.

b) Baja-egoeran egotea, gaixotasun baten ondorioz.

c) Izendatua edo hautatua izatea kargu politiko baterako edo ordezkaritza kargu baterako, eta, horren ondorioz, bateraezintasuna izatea bere eginkizunetan aritzeko; aukeratua izatea administrazio publiko batean izendapen libreko postu batean aritzeko; edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek hura aukeratzea konstituzio organoetan parte hartzeko edo ganberek hautatu beharreko beste postu batean aritzeko.

d) Ezkontzearen edo bikote egonkorra eratzearen ondorioz dagokion lizentzia gozatzen egotea, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua).

e) Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat hiltzea edo gaixotasun larriren bat izatea, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.

f) Amatasun, aitatasun edo adopzio nahiz harrera kasuetan, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.

g) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian egotea.

h) Legezko zaintza dela eta, zuzenean zaintzea desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen pertsona bat, %33ko edo hortik gorako minusbaliotasuna duena, eta lan ordaindurik ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

i) Bere kargura izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena, adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, eta lan ordaindurik egiten ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

j) Izangaiak hala erabakitzen duenean, urtebeteko epearen barnean genero-indarkeriaren biktima izatearen ondorioz.

k) Erakunde ofizial baten beka bat jaso izana.

11.3.2. Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartu gabeko lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

11.3.3. Arestian aipatutako kasuetan, izangaiek jakinarazi beharko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztuko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

Alegatutako egoera frogatzen ez badu horretarako ematen zaion epean, ulertuko da eskainitako kontratuari uko egiten diola, bidezko arrazoirik gabe, deiaren egunetik hasita.

Era berean, izangaiak edozein unetan jakinarazten ahalko dio Beriaingo Udalari prestasunik ez izateko edozein egoeratan dagoela, eta hala jakinarazten duen unean frogatu beharko du.

11.4. Zerrendatik kanporatzea.

11.4.1. Deia egiteko baliatu den zerrendatik kanpo geldituko dira honako egoera hauetako batean daudenak:

a) Ez betetzea baldintza orokorrak eta titulazioari lotutakoak, ez eta lanpostuan jarduteko beharrezkotzat jotzen diren gainerakoak ere.

b) Desgaitua egotea lanbidean jarduteko edo eginkizun publikoetan aritzeko, edo edozein administrazio publikotatik kendua izatea diziplinako espediente baten bidez, egoera horrek irauten duen bitartean.

11.4.2. Honako hau izanen da zerrendatik kanporatzeko prozedura:

Kanporatzeko arrazoiren bat dagoela jakinez gero, kasuan-kasuan eskumena duen organoak aginduzko txosten bat eginen du, eta, 10 egun balioduneko entzunaldia eman ondoren, bidezkoa denean, izangaia kanporatzeko proposamena eginen dio Beriaingo alkateari.

Alkateak izangaiak kanporatzeko ebazpen bat emanen du, aurreko apartatuetan ezarritako arrazoiekin bat. Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio 10 eguneko epean gehienez, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.

Kanporatzeko prozedura izapidetu bitartean, ulertuko da pertsona ez dagoela kontratatzeko moduan.

11.4.3. Izangaiek zerrendan zeukaten tokia galduko dute, eta zerrendako azken tokira iraganen dira, baldin honako hauetako bat egiten badute:

a) Uko egitea, justifikatu gabe, eskainitako lanpostuari edo bi lan-eskaintzari.

b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

c) Sinatutako kontratuari uko egitea.

d) Kontratatzeko deitzea eta ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea, hark emandako bitartekoen bidez, gutxienez 6 aldiz saiatuta 2 hilabeteko epean.

12.–Datuen babesa.

Datuen tratamenduaren arduraduna: Beriaingo Udala.

Datuak babesteko ordezkaria: dpd@beriain.es.

Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e artikulua, tratamendua beharrezkoa da betetzeko eginkizun bat interes publikoaren aldekoa edo botere publikoak erabiliz. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

Datuak kontserbatuko diren denbora: aipatu helburua betetzeko behar den denboran kontserbatuko dira datuak, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuetan sartzeko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezerezteko ere.

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahalko dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, haren egoitza elektronikoaren bidez (www.agpd.es).

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–PARTE HARTZEKO ESKABIDEA: DEIALDIA, BERIAINGO UDALAREN ZERBITZUKO ADMINISTRARI LANPOSTU BAT OPOSIZIO-LEHIAKETAREN BIDEZ BETETZEKO

Eskabidearen eredua dagokion izapidean egonen da eskuragarri, honako helbide honen barnean: https://sedeelectronica.beriain.es.

–Hautapen-prozesua.

Deialdia egiten duen erakundea: Beriaingo Udala.

Lanpostuaren izena: administraria.

–Datu pertsonalak.

Deiturak eta izena: .................................................................................................................................

Helbidea: .................................................................................................................................................

1. telefonoa: ............................................................ 2. telefonoa: ...........................................................

Helbide elektronikoa: ...............................................................................................................................

–Bitarteko elektronikoak: jakinarazpen telematikoa: BAI / EZ.

–Adierazitako posta-helbidean jakinaraztea: BAI / EZ.

Bitarteko elektronikoak aukeratzen badituzu, bide hori erabiliko da eskabide honekin lotutako edozein komunikazio edo jakinarazpen egiteko, eta jakinarazpenak behar bezala egintzat joko dira eta behar diren ondorioak izanen dituzte, harik eta berariaz jakinarazten duzun arte jakinarazpenak posta-helbidearen bidez egitea nahi duzula.

Jakinarazten dut:

Merezimenduak eta merezimenduen egiaztagirien kopiak aurkezten ditut eskabide honekin batera, deialdiaren oinarrietan jasotzen den eran.

–Desgaitasun-baldintzak:

BADUT / EZ DUT aitortua desgaitasun bat, honako maila honetakoa: %..............(e)koa, eta desgaitasunaren ziurtagiria aurkezten dut.

Horiek horrela,

ADIERAZTEN DUT:

1. Betetzen ditut hautapen-prozesuan parte hartzeko baldintzak guztiak, deialdiaren oinarrietan eskatu bezala.

2. Ez nago kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez nago desgaitua eginkizun publikoetan jarduteko.

3. Ez dut berariazko arrazoirik indarreko xedapenetan ezarritako desgaitasunerako edo bateraezintasunerako.

4. Errealitatearen isla zehatza dira alegatutako merezimenduak eta haien frogagiriak.

Horregatik guztiagatik,

ESKATZEN DUT eskabide honetan aipatzen den deialdian onar nazatela.

Eguna eta sinadura

Adierazpenaren egileak baimena ematen dio toki erakundeari –bat etorriz xedaturik dagoenarekin Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan– espedientean eta izapideetan jasota dauden haren datuak trata ditzan, fitxategi automatizatu batean sartzeko, fitxategi horren helburua baita datu pertsonal horiek sartzen dituzten organoei bide ematea dagozkien jarduketak egin ditzaten kudeaketa, egiaztapen eta jarraipen prozedurak kontrolatzeko eta hobetzeko; eta badaki, aipatu lege organikoan xedatutakoaren arabera, toki erakundearengana jo dezakeela, idatziz, datu horietan sartzeko, haiek zuzentzeko, haiek ezerezteko, eta haien tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabiltzeko; eskatzailearen nortasunaren fede ematen duen froga aurkeztu beharko du, eta erreferentzia gisa "Datuen babesa" paratu.

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Interesdunak. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, epemugak eta epeak. Administrazio-egintzen betekizunak, efikazia, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Prozeduraren bermeak, hasiera, antolaketa, instrukzioa, bukaera, izapidetze erraztua eta betearazpena. Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.

2.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Funtzionamendu elektronikoa sektore publikoan. Egoitza elektronikoa. Interneteko ataria.

3.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua: Udalerria. I. kapitulua: Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua. Antolamendua. V. titulua: Toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.

4.–Udal errolda: 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, zeinaren bidez onesten baita Toki Erakundeetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua. Biztanleen udal errolda.

5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: Nafarroako toki-erakundeen antolamendua eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Hiritarren partaidetza eta informazioa. IV. titulua: Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.

7.–614/1996 Foru Dekretua, azaroaren 11koa, ekonomia-jardueren gaineko zerga edo lizentzia fiskala kudeatzeko arauak ematen dituena.

8.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzkoa. Izaera eta eginkizunak. Kontzeptua, helburua eta edukia. Kontserbazio lanerako eskumena.

9.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua: Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.

10.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena. I. titulua, V. kapitulua: Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten instalazioak eta jarduerak. III. titulua. Diziplina eta ingurumen arloko legezko egoera lehengoratzea, I., II. eta III. kapituluak. 3. eranskina.

11.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. I. titulua, II. eta III. kapituluak. II. titulua.

12.–614/1996 Foru Dekretua, azaroaren 11koa, ekonomia-jardueren gaineko zerga edo lizentzia fiskala kudeatzeko arauak ematen dituena.

13.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak; funtzionario publikoen hautaketa; funtzionario-izaera eskuratzea eta galtzea; plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak; administrazio-egoerak; eskubideak eta betebeharrak; ordainsariak; administrazio-araubidean eta lan-araubidean kontratatutako langileak.

14.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: I. titulua (xedapen orokorrak); II. titulua, I. kapitulua (gardentasuna jarduera publikoan) eta III. kapitulua (publizitate aktiboa).

15.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: I. titulua (xedapen orokorrak), II. titulua (berdintasunerako erakundeen antolaketako sistema) eta III. titulua (berdintasunerako eskubidea bermatzeko tresnak).

16.–11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa: I. titulua. II., III., IV. eta V. kapituluak. II. titulua eta III. titulua.

17.–Beriaingo Udalaren ordenantzak eta erregelamenduak.

Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen legediaren arabera.

Beriainen, 2024ko urriaren 15ean.–Alkatea, José Manuel Menéndez González.

Iragarkiaren kodea: L2414906