214. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

35/2024 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoaren zuzendariak emana, azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen, Nafarroako Gobernuko kideen eta Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen bateraezintasunei buruzkoaren, arau hauste batengatik abiatutako zehapen prozedura ebazteko.

I

Aurrekariak

Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoaren zuzendariak 2/2024 ebazpena eman zuen otsailaren 7an, eta, horren bidez, 18/2023 salaketa partzialki artxibatu zen, eta zehapen prozedura bat abiatu zen Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilari Óscar Chivite Cornago jaunaren aurka, azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen, Nafarroako Gobernuko kideen eta Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen bateraezintasunei buruzkoaren, ustezko arau hauste batengatik.

Azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen, Nafarroako Gobernuko kideen eta Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen bateraezintasunei buruzkoaren, 3.1 artikuluak xedatzen du Nafarroako Gobernuko kide izatea eta merkataritza sozietate bateko administratzaile izatea bateraezinak direla, eta ez dago bien artean hautatzeko eperik; beraz, uko egin behar zaio merkataritza sozietate bateko administratzaile karguari, Nafarroako Gobernuko kontseilari izendatu eta karguaz jabetu aurretik.

18/2023 salaketaren egiazkotasuna aztertzeko fasean, zehaztu zen Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilaria azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen, Nafarroako Gobernuko kideen eta Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen bateraezintasunei buruzkoaren, 3.1 artikuluan jasotako bateraezintasun egoeretako batean egon zela 2023ko abuztuaren 18tik 2023ko irailaren 12ra bitartean.

Lurralde Kohesiorako kontseilariak alegatu zuen Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilari izendatu zutenetik administratzaile bakar gisa egin dituen jarduketa bakarrak izan direla merkataritza legeriak eta sozietatearen estatutuek ezarritakoak, hots, kargua uztea eta ezohiko batzarrerako deialdia egitea administratzaile berria izendatzeko, hain zuzen ere, azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen, bateraezintasunei buruzkoaren, 3.1 artikuluan xedatutakoa formalki betetzeko.

Foru lege horren 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, arau hauste oso larritzat jotzen da 3. artikuluan aipatzen diren bateraezintasun arauak ez betetzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari kalte nabaria egin bazaio edo norberaren ondarean edo hirugarren pertsonenean onura gertatu bada. Eta arau hauste larritzat jotzen da soilik 3. artikuluko bateraezintasun arauak ez betetzea, Foru Komunitateko Administrazioari kalte nabaria egin ez bazaio edo norberaren ondarean edo hirugarren pertsonenean onura gertatu ez bada.

Foru Komunitateko Administrazioari ageriko kalterik edo norberaren edo hirugarrenen ondarearen onura eragin zaionik esateko frogarik ez zegoenez, ondorioztatu zen kasu hau Bateraezintasunei buruzko Foru Legearen balizko arau hauste larri bat zela. Lege horrek xedatzen du arau hauste horiek bateraezintasunei buruzko foru legea bete ez izanaren adierazpenarekin eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin zigortuko direla.

II

Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko zehapen espedienteen instrukziorako eta ebazpenerako eskumena

Nafarroako Gobernuaren eta haren lehendakariaren abenduaren 3ko 14/2004 Legearen 44. artikuluak xedatzen du Nafarroako Gobernuko kontseilarien bateraezintasunen araubidea Nafarroako Gobernuko kideen bateraezintasunak arautzen dituen Foru Legean ezarritakoaren arabera zehaztu eta arautuko dela.

Azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen, Bateraezintasunei buruzkoaren, 19. artikuluaren arabera, zehapen prozedura hasteko eskumena duen organoa Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoko zuzendaritza da, eta instrukzioa egiteko eskumena duen organoa bulegoko zuzendaritzak izendatutako funtzionarioa izanen da.

Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoko zuzendariaren apirilaren 30eko 15/2024 Ebazpenaren bidez, Arantza Bidondo Arnedo andrea izendatu zen zehapen prozeduraren instrukziogile.

III

Prozeduraren instrukzioa

2024ko uztailaren 31n, instrukziogileak kargu orria eta ebazpen proposamena egin zituen, eta egun horretan bertan helarazi zitzaion Lurralde Kohesiorako kontseilariari, aipatutako apirilaren 30eko 15/2024 ebazpenarekin batera.

Ebazpen proposamenak honako erabaki hau jasotzen du:

Lehenengoa.–Oscar Chivite Cornago kontseilaria zehatzea proposatzen da, 19/1996 Foru Legearen 14.2 artikuluan jasotako hutsegite larri bat egiteagatik. Ezin da baieztatu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ageriko kaltea eragin zaionik edo norberaren edo hirugarrenen ondarean onurarik sortu denik. Egia da kontseilari eta administratzaile bakar izan zen bitartean bateraezina zen zerbitzu bikoitza eman zela, baina ez zen iraupen luzekoa izan.

Izan ere, salaketa anonimoa Bulegoan aurkeztu zen unean, irailaren 27an, jada ez zen merkataritza sozietatearen administratzaile bakarra. Horrek ez du esan nahi arau hausterik egin ez denik, baizik eta egindako arau haustea larritzat jo behar dela, eta ez oso larritzat.

Proposatzen den zehapena 19/1996 Foru Legearen 15.1 a) artikuluan jasotzen da horrelako zigorrei dagokienez: "Arau hauste oso larriak eta larriak zehatzeko Foru Lege hau bete ez izana deklaratuko da. Oso larrietan, deklarazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da."

Bigarrena.–Urtarrilaren 7ko 1/1997 Foru Dekretuaren, Nafarroako Administrazioaren Bateraezintasunei buruzko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onartzen duenaren, 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, 10 eguneko epea izanen du kargu orri honi erantzun ahal izateko, bere defentsarako komenigarritzat jotzen duen guztia alegatuz.

2024ko abuztuaren 5ean, kontseilariak alegazio idazkia aurkeztu zuen, honako hau adieraziz: "2024ko uztailaren 31n jasotako kargu orriari eta ebazpen proposamenari dagokienez, ez dut alegaziorik eginen."

2024ko abuztuaren 22an, instrukziogileak zehapen proposamen hau egin zuen:

Lehenengoa.–Oscar Chivite Cornago kontseilaria zehatzea proposatzen da, 19/1996 Foru Legearen 14.2 artikuluan jasotako hutsegite larri bat egiteagatik. Ezin da baieztatu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ageriko kaltea eragin zaionik edo norberaren edo hirugarrenen ondarean onurarik sortu denik. Egia da kontseilari eta administratzaile bakar izan zen bitartean bateraezina zen zerbitzu bikoitza eman zela, baina ez zen iraupen luzekoa izan. Izan ere, salaketa anonimoa Bulegoan aurkeztu zen unean, irailaren 27an, jada ez zen merkataritza sozietatearen administratzaile bakarra. Horrek ez du esan nahi arau hausterik egin ez denik, baizik eta egindako arau haustea larritzat jo behar dela, eta ez oso larritzat.

Proposatzen den zehapena 19/1996 Foru Legearen 15.1 a) artikuluan jasotzen da horrelako zigorrei dagokienez: "Arau hauste oso larriak eta larriak zehatzeko Foru Lege hau bete ez izana deklaratuko da. Oso larrietan, deklarazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da."

Bigarrena.–Urtarrilaren 7ko 1/1997 Foru Dekretuaren, Nafarroako Administrazioaren Bateraezintasunei buruzko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onartzen duenaren, 18.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, 10 eguneko epea izanen du kargu orri honi erantzun ahal izateko, bere defentsarako komenigarritzat jotzen duen guztia alegatuz.

Behin alegazioak aurkeztuta, edo epea alegaziorik aurkeztu gabe iragaten bada, instrukziogileak espedientea igorriko dio prozeduraren hasiera erabaki duen organoari, azken horrek, espedientea aztertuta eta, kasua bada, egokitzat jotzen dituen jarduketa osagarriak eginda, dagokion ebazpena eman dezan, horretarako eskumenik baldin badu.

2024ko abuztuaren 23an ebazpen proposamena helarazi zitzaion Lurralde Kohesiorako kontseilariari, hamar eguneko epean bere defentsarako egokitzat jotzen zuen guztia alegatu ahal izateko.

Horretarako emandako epea igarota, Lurralde Kohesiorako kontseilariak ez du alegaziorik aurkeztu zehapen proposamenaren aurka.

Urtarrilaren 7ko 1/1997 Foru Dekretuaren 19. artikuluan xedatutakoaren arabera —dekretu horren bidez, 19/1996 Foru Legean, azaroaren 4koan, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruz aurreikusitako zehapen prozeduraren erregelamendua onartu zen—, espedientea bidali zitzaion Zuzendaritza horri.

Beraz, azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzkoaren, bidez esleitu zaizkidan zereginak betetzeko,

EBAZTEN DUT:

1.a Deklaratzea Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Chivite Cornago jaunak, 2023ko abuztuaren 18tik 2023ko irailaren 12ra bitartean, ez zituela bete Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen 3.1 artikuluan aipatzen diren bateraezintasun arauak, kontseilari karguan eta merkataritza sozietate baten administratzaile karguan aldi berean aritu zelako, eta hori arau hauste larria da, aipatutako Foru Legearen 14.2.a) artikuluan xedatua.

2.a Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariari zehapen bat ezartzea, azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legea, Nafarroako Gobernuko kideen eta Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen bateraezintasunei buruzkoa, ez bete izanaren adierazpena, aurreko puntuan adierazitako terminoetan, eta adierazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Foru Lege horretako 15. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.a Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpen honen aurka errekurtso hauek jartzen ahal direla:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoko zuzendariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko irailaren 30ean.–Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoko zuzendaria, Edurne Eginoa Antxo.

Iragarkiaren kodea: F2414265