1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
75E/2024 EBAZPENA, urriaren 2koa, Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita Iruñerriko udalerrian irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzurako lizentzia baten titulartasuna aldatzeko (FMko 98.3).
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuaren arabera, Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen arloko eskumena. Unitate horren barruan, Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atalak du lizentzia eta zerbitzu horiek kudeatzeko eskumena.
2024ko uztailaren 31n, Iruñeko Komunikabideak SA merkataritza sozietateak idatzi bat aurkeztu zuen, zeinaren bidez baimena eskatzen baitu bere titulartasuneko irrati lizentzia Euskalerria Irratia Fundazioari dohainik eskualdatzeko negozio juridikoa egiteko. Fundazio hori behar den bezala erregistraturik dago Nafarroako Gobernuan.
Zehazki, Iruñerriko udalerrian irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzurako FMko 98.3 lizentzia da. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren azaroaren 28ko 5121/1997 Foru Aginduaren bidez beste batzuekin batera lehiaketara ateratako lizentzia bat da, eta Iruñeko Komunikabideak SAri eman zitzaion azkenean, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariaren abenduaren 17ko 31/2015 Foru Aginduaren bidez (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2016ko urtarrilaren 8an).
Aipatutako negozio juridikoan esku hartzen duten merkataritza sozietateek bi aldeen baimen-eskaeraren xede den akordiorako proposamena aurkeztu zuten.
Nafarroako Foru Komunitateko Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 22. artikuluan xedatzen denez, ikus-entzunezko komunikazio lizentzien gaineko negozio juridikoak Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorrean xedatutakora egokituko dira. Gai hori uztailaren 7ko 13/2022 Legearen 80. artikuluan araututa dago:
–Bi negozio juridikoak egiteko, gutxienez bi urte igaro behar dira lizentzia lehen aldiz adjudikatu zenetik.
–Edozein kasutan, debekatuta dago azpierrentamendua.
–Lizentziaren adjudikazioa lortzea ekarri zuen eskaintza bete behar da.
Iruñeko Komunikabideak SAren lizentzia Euskalerria Irratia Fundazioari eskualdatzeko akordio proposamenak baldintza horiek betetzen ditu, eta ez ditu ukitutako udalerriko irrati-aniztasunaren mugak urratzen, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Lege Orokorraren 78. artikuluaren arabera.
Negozio juridiko hau baimentzeko izapidearekin jarraitzeko, eta Jabari Publiko Erradioelektrikoaren Erabilerari buruzko Erregelamendua onesten duen otsailaren 24ko 123/2017 Errege Dekretuaren 39.4 artikulua aplikatuz, abuztuaren 5ean aurretiazko baimena eskatu zitzaion Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzari. Eta urriaren 1ean sartu da Nafarroako Gobernuaren Erregistroan estatu idazkaritza horrek emandako 2024-0022-AUDV-T-FM-Pamplona Ebazpena, irailaren 13koa, negozio juridikoaren eskaera baimentzen duena.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 30.4 artikuluaren bidez, 2. tarifa ezartzen da, besteak beste, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen negozio juridikoetarako, hau da, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen lizentzien titularrentzako negozio juridikoak baimentzeko tarifa; gutxieneko zenbatekoa 3.000 euroko da lizentzia eskualdatzeko eta beste negozio juridiko batzuetarako, 50.000 biztanleko edo gehiagoko udalerrietan.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenez baliatuz, eta Komunikazio Zerbitzuaren txostena eta espedienteari atxikitako txosten juridikoa aztertu ondoren, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Baimena ematea Iruñerriko udalerrian irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzurako FMko 98.3 lizentziaren titulartasuna aldatzeko, Euskalerria Irratia Fundazioaren alde (IFKa: G/71-3678825).
2. Baimen honek Euskalerria Irratia Fundazioa lizentziaren aurreko titularraren (Iruñeko Komunikabideak SA) eskubide eta betebeharretan subrogatzea dakar.
3. Baimen honek berekin dakar Iruñeko Komunikabideak SAk ordaindu behar izatea baimendutako negozio juridikoari dagokion 3.000 euroko tasa hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
4. Euskalerria Irratia Fundazioa merkataritza sozietatea ofizioz inskribatzea Nafarroako Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Emaileen Erregistroan, negozio horren xede den ikus-entzunezko komunikazio zerbitzurako lizentziaren titular gisa.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
6. Ebazpen hau Iruñeko Komunikabideak SAri eta Euskal Irratia Fundazioari jakinaraztea eta Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzari igortzea.
7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko urriaren 2an.–Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren zuzendari nagusia, Miguel Moreno Ariztegi.
Iragarkiaren kodea: F2414436