214. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

677E/2024 EBAZPENA, irailaren 15ekoa, Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren (CODINNA/NADNEO) Estatutuen aldaketa osoa inskribatzeko Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargo Kontseiluen Erregistroan.

2024ko martxoaren 20an, Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialak (CODINNA/NADNEO) eskabide bat zuzendu zuen Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargo Kontseiluen Erregistroan, bere estatutuen aldaketa osoa inskribatzeko. Abuztuaren 2an osatu zen dokumentazioa osatu zen, zuzentzeko eskaera egin ondotik.

Dokumentazioa aztertu ondotik eta aldaketa-izapidea aintzat hartuta, egiaztatu zen organo eskudunak (Batzar Nagusia) adostu zuela aldaketa, 2024ko uztailaren 18an ondorio horretarako egindako bilkuran, estatutuetan ezarritako prozedurari jarraituz; hala frogatzen da elkargoko idazkaritzak emandako ziurtagirian, elkargoko buruaren ikus-onetsia duela.

Orobat, egiaztatu da Batzar Nagusiak onetsitako estatutu-aldaketak bat datozela indarrean dagoen ordenamendu juridikoarekin. Zehazki, estatutu horiek, aldaketak egin ondotik, betetzen dituzte honako hauetan xedatutako eskakizunak: apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzkoa; hura garatzeko Erregelamendua, abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuak onetsia; eta abenduaren 22ko 25/2009 Legea, zeinaren bidez aldatzen baitira zenbait lege, zerbitzuen jardueretara libreki iristeko eta gauzatzeko Legeari egokitzeko.

Elkargoak, halaber, aurkeztu zuen Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorraren osoko bilkurak estatutuen testu berria onetsi izanaren ziurtapena, 2024ko uztailaren 25ekoa.

Azaldutakoa dela eta, eta dagokion tasa ordaindu denez, proposatzen da Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren (CODINNA/NADNEO) Estatutuen aldaketa osoa Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargo Kontseiluen Erregistroan inskribatzea adostea; horretarako, ebazpena eman beharko du Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusiak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindu.

Azaldutakoa dela eta, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 238/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren (CODINNA/NADNEO) Estatutuen aldaketa osoa inskribatzea Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargo Kontseiluen Erregistroan, ebazpen honen adierazpen zatian zehaztu den bezala. Testu osoa, aldaketak barne, ebazpen honen eranskinean ageri da.

2. Ebazpen hau, Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren (CODINNA/NADNEO) Estatutuak biltzen dituen eranskinarekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialari (NAGIHEO/COEESNA), eta adieraztea ez duela agortzen administrazio-bidea eta honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko irailaren 15ean.–Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako zuzendari nagusia, Joseba Asiain Albisu.

ERANSKINA.–NAFARROAKO DIETISTA-NUTRIZIONISTEN ELKARGO OFIZIALAREN (CODINNA/NADNEO) ESTATUTUAK

I. TITULUA.–NAFARROAKO DIETISTA-NUTRIZIONISTEN ELKARGO OFIZIALA

1. artikulua. Arau orokorrak.

1.1 artikulua. Estatutu hauen xedea da Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren (CODINNA/NADNEO) antolaketa eta jarduketa arautzea, bat etorrita elkargoaren sorrerari buruzko legezko xedapenetan ezarritakoarekin eta elkargo profesionalei buruz indarrean dagoen legeriarekin.

1.2 artikulua. Elkargoaren egituraren funtsezko printzipio dira kideen berdintasuna, antolaketaren eta funtzionamenduaren demokrazia (horren barruan sartzen da gobernu-organoak demokratikoki hautatzea) eta erabakiak gehiengoz hartzea.

Elkargoaren borondatea da dietista-nutrizionistek beren interesak ordezkatuko eta defendatuko dituen erakunde bat izatea, eta lanbidearen jarduna ordezkatzea, gizartean osasunerako eskubidea eta kalitate handiagoko osasun-laguntza bat sustatzen laguntzeko.

1.3 artikulua. Alderdi instituzional eta korporatiboei dagokienez, elkargoak harremanak izanen ditu Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuarekin (edo lanbide elkargoen arloko eginkizunak bere gain dituen departamentuarekin). Sektorearekin eta lanbidearekin lotutako alderdiei dagokienez, berriz, hauekin izanen ditu harremanak: Osasun Departamentuarekin, hura baita osasun arloko eskumenak esleituak dituena, eta Nafarroako Gobernuaren barnean eremu profesionalarekin zerikusia duten beste departamentu batzuekin.

1.4 artikulua. Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialak (CODINNA/NADNEO) harremanak izanen ditu Espainiako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiarekin, Estatuko legeria orokorrari jarraikiz.

Aurreko apartatuan xedatutakoa deusetan galarazi gabe, elkargoak elkarrekikotasun- eta lankidetza-akordioak ezartzen ahalko ditu beste elkargo profesional batzuekin, askotariko elkarteekin eta sozietate zientifikoekin, haien lurralde-eremua edozein delarik ere.

1.5 artikulua. Elkargoak, indarra duen legeriarekin bat, egokiak iruditzen zaizkion harremanak egiten ahal ditu atzerriko eta nazioarteko lanbide erakundeekin.

1.6 artikulua. Elkargoaren funtzionamendua egokia dela bermatzeko, eta ahalik eta praktikoena izan dadin, Gobernu Batzarrak barne-araudi bat onestea proposatzen ahalko dio Batzar Nagusiari.

2. artikulua. Elkargoaren izaera.

2.1 artikulua. Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala (CODINNA/NADNEO) zuzenbide publikoko korporazio bat da, legearen babesa duena eta Estatuak aitorturik dagoena; nortasun juridiko propioa dauka, eta ahalmen osoa du bere helburuak betetzeko eta bere eginkizunak egikaritzeko. Elkargoaren legezko ordezkaritza lehendakariari dagokio, hala epaiketan nola epaiketatik kanpo; beraz, lehendakariak ahalmena du prokuradoreei, abokatuei edo beste edozein mandatariri ahalorde orokorrak edo bereziak emateko, Gobernu Batzarrak aldez aurretik erabakita.

2.2. artikulua. Elkargoa arautzen dute estatutu hauek, Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo ofizialaren sorrerari buruzko ekainaren 9ko 6/2004 Foru Legeak, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legeak, eragiten dion komunitateko, estatuko edo foru-komunitateko edozein legek eta bere gobernu-organoak bere eskumenen eremuan balioz hartzen dituen erabakiek.

3. artikulua. Elkargoaren eremua.

3.1 artikulua. Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren (CODINNA/NADNEO) jarduketa-eremua bat dator Nafarroako Foru Komunitatearen eremuarekin, bere jarduketen mugarik gabe; lurralde nazional osoan eta nazioartean jarduten ahalko du, egin beharreko ekintza jakinen arabera, 2. artikuluan adierazitako araudian zehazten dena errespetatuz, betiere.

3.2 artikulua. Nafarroako Foru Komunitatea probintzia bakarreko erkidegoa denez, Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialari (CODINNA/NADNEO) dagozkio bai Dietista-Nutrizionisten Elkargoen Erakundearen eskumen probintzialak bai eskumen autonomikoak.

Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialak (CODINNA/NADNEO) Iruñean izanen du egoitza soziala, eta ordezkaritzak ezartzen ahalko ditu Batzar Orokorrak adosten dituen udalerrietan; Batzar Nagusiak eskumena izanen du, halaber, egoitza nagusiaren eta ezartzen ahal diren ordezkaritzen helbideak zehazteko.

4. artikulua. Protokoloa eta siglak.

4.1 artikulua. Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialak txit gorenaXXXXX tratamendua izanen du. Lehendakariak jaun edo andre txit gorena tratamendua izanen du.

4.2 artikulua. Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren izen laburtua CODINNA/NADNEO izanen da.

5. artikulua. Elkargoaren helburuak, ahalmenak eta eginkizunak.

5.1 artikulua. CODINNA/NADNEOren funtsezko helburuak dira:

a) Elkargokideen zerbitzuen kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestea eta lanbidea esklusiboki ordezkatzea;

b) Dietista-nutrizionista lanbidea esklusiboki ordezkatzea eta hura eta elkargokideen interes profesionalak babestea, gizartearen interes orokorrekin bat etorriz.

c) Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikadurako profesionalei etengabeko prestakuntza profesionala ematea;

d) Nafarroan lanbide-jarduera antolatzea, ezarritako lege-esparruaren eta elkargo-esparruaren barrenean.

5.2 artikulua. CODINNA/NADNEOk, bere lurralde-eremuan, bere gain hartzen ditu indarreko legeriak ematen dizkion eskumen eta eginkizun guztiak, bai eta Administrazioak berariaz eskuordetu diezazkiokeenak ere, bere xedeak lortzeko: lankidetza osasun publikoan, Giza Nutrizio eta Dietetikako lanbide-jarduna antolatzea eta jardun hori etikoa eta kalitatezkoa dela bermatzea. Lanbide-jarduna sozietate moduan (edozein forma juridikotan dela ere) egiten bada, dagokion sozietate-motaren arabera aplikatu beharreko legedian aurreikusitakoa ere aplikatu beharko da.

5.3 artikulua. Horren gain, Elkargoa helburu hauek lortzen saiatuko da:

a) Lanbidearen eta hartako profesionalen ordezkaritza bere gain hartzea hari dagozkion alderdi guztietan.

b) Lanbidearen jarduna antolatzea, bere eskumenaren eremuan, irizpide deontologikoen arabera aritu dadila begiratuz, eta diziplina-ahalmena erabiltzea elkargoaren eta lanbidearen inguruko auzietan.

c) Lurralde-eremuko, estatuko eta Europako administrazio publikoei laguntzea lanbide-jardueraren baldintza orokorrak arautzen.

d) Dietista-nutrizionisten eta Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikaduraren interes orokorrak ordezkatu eta defendatzea, bereziki administrazioekiko eta osasun- edo gizarte-erakundeekiko harremanetan, izan publikoak, pribatuak edo mistoak.

e) Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikadura herritarren osasuna eta ongizatea zaindu eta hobetzeko bitarteko egokia izan daitezen sustatzea, zaintzea eta behatzea.

f) Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikadura sustatzea, zabaltzea eta bultzatzea, bai eta haren integrazioa eta garrantzia ere osasun- eta gizarte-egituran, zientziaren, kulturaren, lanaren, ikerketaren eta irakaskuntzaren ikuspegitik.

g) Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikadura lanbidea bultzatzea eta zabaltzea, osasuntsu eta gaixo dauden pertsonen prebentzio, balorazio, diagnostiko, tratamendu, jarraipen eta ebaluazio dietetiko eta nutrizionalaren alorretan.

5.4 artikulua. Helburu horiek lortzeko asmoz, CODINNA/NADNEOk Espainiako eta Nafarroako arlo horretako legediak esleitzen dizkion ahalmenak eta funtzioak izanen ditu bere lurralde eremuan; besteak beste, honako hauek:

a) Honako hauek egin ditzake elkargoak: mota guztietako ondasunak kostu bidez edo dirua irabazi asmoz eskuratu, besterendu, saldu, zamatu, eduki edo eskatu; betebeharrak hartu, eta, oro har, edozein eskubideren titular izan; eta edozein egintza judizial, erreklamazio edo errekurtso abiarazi edo jasan bide eta jurisdikzio guztietan. Gobernu Batzarrak aldez aurretik erabakita, elkargoko lehendakariari dagokio gorago ezarritako ahalmenak erabiltzea, salbu elkargoko ondasunak xedatzeko egintzak; horietarako, Batzar Nagusiaren berrespena eskatuko da.

b) Adiskidetze edo arbitraje bidez esku hartzea, eskatuz gero, elkargokideen artean sortzen diren lanbide-auzietan eta elkargokideen eta herritarren artean sortzen direnetan.

c) Arbitraje lanak egitea hala eskatzen zaion gatazketan, eta, halaber, arbitrajera-erakundeak sustatzea eta haietan parte hartzea.

d) Legeetako eta estatutuetako xedapenak bete eta kideei betearaztea, lanbideari dagozkin guztian, bai eta Elkargoko organoek beren eskumeneko gaietan hartzen dituzten arau eta erabakiak ere.

e) Legeek bere helburuak betetzeko ezartzen duten ordezkaritza izatea; Nafarroako lurralde-eremuan, lanbidearen ordezkari eta defendatzailea izatea Administrazioan, erakundeetan, entitateetan eta partikularren aurrean, lanbidearen interesak ukitzen diren auzi guztietan parte hartzeko eta, orobat, eskatzeko eskubidea erabiltzeko legitimazioa duela, legeak xedatzen duenaren arabera.

f) Elkargoko kideen lanbide-jarduera antolatzea, zainduz, betiere, prestakuntza, etika eta duintasun profesionalak eta herritarren eskubideak errespeta daitezela; jarduera horren kode deontologiko bat onestea eta hura betetzen dela eta eraginkorra izan dadin zaintzea.

g) Diziplina-ahalmena erabiltzea lanbide- eta elkargo-eremuetan; bere estatutu partikularrak eta haien aldaketak lantzea eta Espainiako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorrari jakinaraztea; barne-araudi propioa eta bere eskumenak garatzeko gainerako akordioak idaztea eta onestea; dietista-nutrizionisten lanbide-jarduna arautzeko behar diren arauak eta jardun profesionaleko estandarrak lantzea eta profesionalak ziurtatzeko sistemak zehaztea, garatzea eta ezartzea, giza nutrizioaren, dietetikaren eta elikaduraren jardun profesionalaren bikaintasuna lortzeko bide gisa; eta, hori guztia, aplikatu beharreko indarreko araudiak ezartzen dituen mugen barnean.

h) Ordainsariei buruzko gutxi gorabeherako edozein gomendio, jarraibide eta arau ezartzeko debekua, alde batera utzita Elkargo Profesionalei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearen laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa, kostuak eta abokatuen kontuen zinak tasatzearen eta doako laguntza juridikoaren kostuak tasatzeari dagozkion ordainsariak eta eskubideak kalkulatzearen ondorioetarako soilik.

i) Elkargoko aurrekontuak onestea; kideen diru-ekarpenak arautzea eta eskatzea.

j) Elkargokideen arteko harmonia eta lankidetza sustatzea.

k) Profesionalen errolda eta elkargokideen tituluen erregistroa eramatea.

I) Elkargokideentzat interesgarriak diren jarduera eta zerbitzu komunak antolatu eta sustatzea, lanbideari lotuak, prestakuntzakoak, kultur arlokoak, laguntzakoak, gizarte babespekoak eta bestelakoak.

m) Zuzenbidearen, lanaren, administrazioaren eta zergen alorretako aholkularitza -zerbitzuak eskaintzea, profesional eskudunen bidez, betiere dagozkien mugekin eta jardunak elkargoaren helburuekin zerikusia badu.

n) Aldian-aldian, egiten diren jardueren berri ematea elkargokideei, eta, orobat, interesgarria gerta dakiekeen edozein gairen berri.

ñ) Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikadurako profesionalekin, premia duten profesionalekin eta oro har biztanleriarekin zerikusia duten laguntza-, arreta-, prestakuntza- eta informazio-zerbitzuak ezarri, antolatu eta kudeatzea, betiere dagozkien mugekin eta jardunak elkargoaren helburuekin zerikusia badu.

o) Ikasketa-planen prestaketan parte hartzea, lanbideari dagozkion ikastetxeen antolamendu-arauen berri ematea, ikastetxeekin etengabeko harremanak izatea, Espainiako Dietista-Nutrizionisten Elkargoen Kontseilu Nagusia sortzea, mantentzea eta hari proposatzea titulatu berriak Europar Batasunaren esparruan lanean has daitezen erraztasunak emateko homologazioak egin ditzala, eta prestakuntzarako, hobekuntzarako eta lanbide karrera garatzeko ikastaro eta jarduerak antolatzea.

p) Zaintzea lanbide-jardunak erantzun diezaien gizartearen beharrei, bai profesionalen kopuruari dagokionez, bai kalitateari dagokionez.

q) Lanbidean intrusismoa galarazteko eta jazartzeko neurriak hartzea. Testuinguru horretan, zaintzea Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikadura izena bera eta dagozkion tekniken jarduna lanbidea eta haren jarduna arautzen duten arauen araberakoak izatea. Horretarako, gobernu- eta osasun-agintarien laguntza eskatzen ahalko da, eta kasuak justizia-auzitegietan planteatu.

r) Zaintzea hedabide sozialek zientzia kontrastatuan oinarrituta bakarrik zabaldu dezatela Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikaduraren berri.

s) Titulurik gabeko osasun profesionalen prestakuntza bultzatzea, gizarteak eta Nafarroako osasun-sistemak osasun-arloan dituzten behar eta eskakizunei hobeki erantzun ahal izateko.

t) Gorte Nagusiak, Estatuko Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Gobernuak edo beste edozein erakundek eskaturik, haien proiektu eta ekimenei buruzko iritzia ematea, ahoz edo idatziz, kasuan kasuko eskumen esparruaren arabera.

u) Lankidetzan aritzea Administrazio Publikoarekin (bereziki Osasun Administrazioarekin) eta gainerako botere publikoekin, azterlanak eginez, txostenak eta estatistikak prestatuz edo bere helburuei loturiko beste jarduera batzuk eginez, haiek eskatuta edo Elkargoaren beraren ekimenez.

v) Administrazioaren organo aholku-emaileetan, administrazio publikoetako langileak hautatzeko epaimahaietan eta lanbide arteko erakundeetan parte hartzea, lanbideari dagozkion gaietan laguntzeko.

w) Dietista-nutrizionistek osasun kontseiluetan eta unibertsitateetako patronatuetan ordezkaritza izanen duela bermatzea, kasuan kasuko arauetan ezarri bezala.

x) Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikadurarekin zerikusia duten industriei berri ematea produktu berriak garatzeko baldintza egokien gainean, eta, baldintza teknikoek ahalbidetzen badute, eskaintzen diren elikadura-produktuen gaineko kontrol dietetiko-nutrizionala egitea.

y) Lanbidearen eta elkargokideen interesen eta Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikaduraren helburuen onerako izan daitekeen beste edozein eginkizun eta, halaber, Espainiako edo Nafarroako arauetan xedatzen direnak.

z) Elkargoko kideei buruzko eta haiei ezarritako zehapen irmoei buruzko informazio-eskaerei erantzutea, baita Europar Batasuneko estatu bateko edozein agintaritza eskudunek egiten dituen ikuskapen- edo ikerketa-eskaerei ere, zerbitzu-jardueretara libreki iristeari eta gauzatzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako moduan, bereziki, kontrolak, ikuskapenak eta ikerketak egin eta informazioa lortzeko eskaerek behar bezala arrazoituta egon behar izateari eta lortzen den informazioa eskaerako xederako soilik erabili behar izateari dagokienez.

II. TITULUA.–ELKARGOKIDEAK

6. artikulua. Dietista-nutrizionisten eskumenak.

6.1. artikulua. CODINNA/NADNEOk egiteko espezifikotzat jotzen du dietista-nutrizionisten lanbide-eskumenen definizioa. Ikuspegi horretatik, unibertsitateko prestakuntza amaitzean, Giza Nutrizioko eta Dietetikako unibertsitate-tituludunek dokumentu hauetan zehazten diren profila eta lanbide-eskumenak izanen dituzte:

a) Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko zuzendari nagusiaren ziurtagiria, 2002ko otsailaren 6koa, zeinean eskumen hauek jasotzen baitira oro har:

1. Pertsonen, komunitateen eta populazioen osasun-maila hobetzen laguntzea, bai osasuna babesteari eta bultzatzeari dagokienez, bai gaixotasunen prebentzioari eta galdutako osasuna berreskuratzeari dagokienez, giza nutriziorako elikadura-dieta egokiak landuz. Dietista-nutrizionistak eginen ditu jarduera horiek, bakarkako lanean edo talde-lanean, sektore publikoan edo pribatuan eta erantzukizun profesionala eta pertsonala dituela.

2. Prestakuntza- eta ikerketa-ekintzak babestea Giza Nutrizio eta Dietetikaren esparruan.

b) "Giza Nutrizio eta Dietetikako Unibertsitate Tituludunaren Gaitasunen Profila. Adostasun-dokumentua. 2003ko otsaila". Dokumentu hori Adostasun Konferentziak egin zuen, zeina ondoko hauek osatzen baitzuten: batetik, Giza Nutrizio eta Dietetikako unibertsitate-ikasketak ematen dituzten unibertsitate espainiarretako ordezkariek, eta, bestetik, Dietista-Nutrizionisten Espainiako Elkarteak (AEDN):

"Dietista-nutrizionista osasunaren arloko profesionala da, unibertsitate-titulazioduna, elikadura, nutrizio eta dietetikako aditu izatea aitortzen zaiona, eta pertsona edo talde baten elikaduran esku hartzeko gaitasuna duena, zehazki, ondoko jarduera-eremu hauetan guztietan: nutrizioa osasunean eta gaixoaldian, dietetikako aholkua, ikerketa eta irakaskuntza, gobernu-erakundeen mendeko osasun publikoa, elikaduraren sektoreko enpresak, sukaldaritza kolektiboa eta soziala."

Elikadura on batek bizi-kalitatea hobetzen lagundu dezakeen eremu guztietan irakasten, ikertzen, aztertzen, gidatzen eta aholkatzen dute dietistek. Dietista-nutrizionistaren lanbidearen jardunaren barruan sartzen da elikadura- eta nutrizio-hezkuntza; jardun horretaz balia daitekeen edozein arlotan gauzatu daiteke zeregin hori.

Dietistak, bere jarduna garatzen duen sozietatearekin bat etorriz, ondoko eremu hauetan jarduten du, eremu bakoitzeko zeregin espezifikoak bere gain hartzen dituela:

1. Dietistak osasuntsu edo gaixo dauden pertsona edo taldeen elikaduraren gainean jarduten du (gaixoak badira, mediku-diagnostikoaren ondotik); zeregin horretan kontuan hartzen ditu behar fisiologikoak (edo, hala direnean, patologikoak) eta lehentasun pertsonalak, soziekonomikoak, erlijiosoak eta kulturalak. Dietista kliniko gisa ere lan egin dezake.

2. Komunitateko edo osasun publikoko dietistaren jarduna (osasunaren prebentzioa eta sustapena) biztanleriari lotuta dago, oro har; hainbat motatako erakundeetan jarduten du, eta elikadura-politiken, prebentzioari eta osasunari buruzko politiken eta elikadura-hezkuntzari buruzko politiken programak garatu eta haietan parte hartzen du, betiere, osasun publikoaren eta komunitate-nutrizioaren esparruan.

3. Sukaldaritza kolektiboko dietistak kudeaketan eta antolamenduan parte hartzen du, eta ekoizpen-prozesuan zehar elikagaiek duten kalitateaz eta osasungarritasunaz arduratzen da. Elikadura-zerbitzuko langileei elikadura-segurtasunaren alorreko prestakuntza ematen die, menuak planifikatzen ditu, eta elikagai-eskaintzaren oreka nutrizionala baloratzen du.

4. Industriako dietistak produktu berriei eta elikadurarekin lotutako gizarte-marketinari buruzko aholkuak ematen ditu.

5. Hezkuntzako dietistak prestakuntza ematen du ikastetxe publikoetan eta pribatuetan —elikadurari, nutrizioari eta osasunari buruzko ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan—.

6. Ikerketako dietistak gaitasuna du ikerkuntzan eta garapenean lan egiten duen diziplina anitzeko talde batean sartzeko. Elikaduraren, nutrizioaren eta osasunaren eremuko ikerkuntza bultzatzen du.

1.–DIETISTA KLINIKOA. ARRETA-FUNTZIOAK.

1.1. Orokorrak.

–Ospitaleko dietetika eta nutrizio klinikoari lotutako jarduerak antolatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko lanetan parte hartzea modu orokorrean eta espezializatuan.

–Lanbide-jarduketako estandarrak lantzea zenbait esparru klinikotan.

–Etengabeko prestakuntzarako programetan parte hartzea.

–Nutrizio-euskarriko modalitateetan parte hartzea.

–Elikadurari, nutrizioari eta dietetikari lotutako ospitale-batzordeetan parte hartzea.

–Dietetikako goi-mailako teknikarien funtzioak ikuskatzea.

–Lotura-lanak egitea Nutrizio Klinikoko eta Dietetikako Unitatearen (UNCD) eta ospitaleko elikadura- eta administrazio-zerbitzuen arteko koordinazioan eta harremanetan.

1.2. Berariazkoak.

–Ospitaleko dieten eskuliburua prestatzea.

–Paziente anbulatorioentzako gomendio dietetikoen eskuliburua lantzea.

–Hezkuntza-materiala lantzea (liburuxkak, ezagutza-testak, menuak, errezetak, aholku orokorrak, etab.).

–Nutrizio-egoera ebaluatzeko dokumentuak diseinatzea.

–Elikadura-zerbitzuan higiene-jardunbide egokiei jarraitu dakien zaintzea.

–Elikadura-zerbitzuari laguntzea dagozkion eskumenak koordinatuz, maila guztietan, elikadura-eskaintzaren nutrizio- eta gastronomia-kalitatea bermatzeko.

Ospitaleratze-unitateetan eta kanpo-kontsultetan.

1.2.1. Ospitaleratze-unitateetan.

Dietista klinikoaren egitekoa, gaixoari dagokionez, funtsezkoa da haren nutrizio-egoeraz eta elikaduraz (dela aho-bidez, bide enteralez edo bide parenteralez) ari garela. Diziplina anitzeko lantalde terapeutaren parte da dietista klinikoa. Zehazki, hauek dira dietistak ospitaleratze-unitateetan egin beharreko egiteko nagusiak:

–Gaixoaren historia dietetikoa egitea, ospitaleratu aurretik jan duena ebaluatzeko eta haren elikadura-ohiturak eta -gustuak ezagutzeko.

–Gaixoaren nutrizio-egoera baloratzea.

–Pazientearen nutrizio-beharrak kalkulatzea.

–Esku-hartze indibidualeko planak egiten parte hartzea, pazienteen patologiaren eta nutrizio-preskripzioaren arabera.

–Nutrizio-preskripzioa elikadura-terminoetara itzultzea.

–Agindutako dietaren/nutrizio-jarraibideen ezaugarriei buruzko informazioa ematea gaixoari eta haren senideei.

–Pazientearen monitorizazioa eta nutrizio- eta dieta-jarraipena egitea.

–Solairuko langileei jakinaraztea pazienteari ezarritako dietaren ezaugarriak eta gaixoari buruzko informazioa trukatzea: jarrera, onarpena, medikazioa, arazoak, etab.

–Terapeuta-lantaldearekin batera, gaixoa bisitatzera joatea, pazientearen eboluzioa kontuan hartuta dietan/jarraibideetan egin beharreko aldaketei buruzko aholkuak emateko.

–Gaixoaren terapiari buruzko saio klinikoetan parte hartzea eta ikerketa-lanetan laguntzea.

–Altako dietari edo nutrizio-jarraibideei buruzko txosten xehatuak egitea eta pazienteari eta/edo senideei aholku ematea.

–Gerora kanpo-kontsultetan edo oinarrizko osasun-laguntzan egin daitezkeen kontrolak planifikatzea.

1.2.2. Kanpo-kontsultetan.

Dietistaren lana bisita medikoaren paraleloa eta gerorakoa da. Pazienteak ospitaleratze-unitateetatik, oinarrizko osasun-laguntzatik edo zuzeneko kontsultatik etor daitezke.

Hona hemen garatu beharreko zereginak:

–Nutrizio-egoeraren balorazio osoa egitea: gaixoaren datu pertsonalak eta psikosozialak bildu, historia dietetiko osoa egin, gorputz-osaera aztertu eta historia klinikoa, agindutako terapia farmakologikoa eta datu biokimikoak laburtu.

–Pazientearen arazo dietetiko-nutriziozkoak identifikatzea.

–Dieta planifikatzea eta lantzea, nutrizio-preskripzioa aintzat hartuta.

–Gaixoari eta haren senideei dieta azaltzea: elikadura-hezkuntza.

–Pazientea ebaluatzeko, esku-hartzeetarako eta jarraipena egiteko dokumentazioa lantzea.

–Geroko jarraipena eta kontrolak planifikatzea.

–Nutrizio-terapia ebaluatzea.

–Ikerketa-lanak egitea eta haietan parte hartzea.

–Taldeko terapietan parte hartzea: diabetikoak, giltzurruneko gaitzak dituztenak, obesoak, etab.

Dietetikaren eta Nutrizio Klinikoaren unitatean.

Ospitaleetan, diziplina anitzeko lantalde batek osatzen du dietetikaren eta nutrizio klinikoaren unitatea. Hauek dira dietistaren funtzioak:

–Orokorrak.

–Nutrizio-euskarrirako jarduketa-protokoloak lantzea.

–Gaixoaren jarraipena egiteko, kontrolatzeko eta nutrizioaren alderditik ebaluatzeko protokoloak lantzea.

–Produktuak, formulak, material suntsikorra, etab. baloratzea eta erosi behar diren erabakitzea.

–Lantaldearen aldizkako bilerak planifikatzea.

–Ospitaleko nutrizio klinikoko eta artifizialeko batzordean parte hartzea.

–Azterketak bultzatzea eta ikerketa-lanak egitea.

–Elikadura eta nutrizio klinikoen alorreko etengabeko prestakuntza bultzatzea.

–Gaixoaren balorazio espezifikoa egitea, haren nutrizio- eta elikadura-egoerari dagokionez.

–Pazientearen nutrizio-beharrak kalkulatzea.

–Uneko nutrizio-urritasunen edo urritasun potentzialen berri ematea gaixoaz arduratzen den terapeuta-lantaldeari (medikua, erizaina, etab.).

–Nutrizio-zaintzako planak garatzea nutrizio-arriskuan dauden edo malnutrizioa duten pazienteentzat.

–Nutrizio-euskarri artifizialaren gaineko jarraibideetan parte hartzea: hautatzea, sarbidea (enterala eta/edo parenterala) eta emateko teknika hautatzea.

–Pazientea eta senideak informatzea eta nutrizio-hezkuntzako programak lantzea (produktua emateari buruzkoak, informazio-liburuxkak, etab.).

–Jarraibideak, aurrerapenak eta egin beharreko kontrolak jasotzea gaixoaren tratamendu-orrian.

–Gaixoari buruzko informazioa trukatzea erizainekin: jarduera, onarpena, medikazioa, arazoak, etab.

–Pazientearen nutrizio-egoeraren jarraipena egitea, kontrolatzea eta ebaluatzea.

–Etxeko nutrizio-euskarriaren edo beste elikadura-modu batzuetara aldatzeko prozesuaren jarraipena eta kontrola planifikatzea.

Oinarrizko Osasun Laguntzako dietista.

–Kontsulta dietetikoa.

–Oinarrizko osasun-laguntzako taldeei laguntzea dietak eta elikadura-aholkuak emateko garaian.

–Saio klinikoetan parte hartzea.

–Nutrizio-egoeraren balorazio osoa egitea.

–Esku-hartzeko plan dietetikoak planifikatzea eta lantzea bideratutako pazienteentzat.

–Bideratzen zaizkion pazienteen jarraipena egin eta elikadura- eta nutrizio-hezkuntza ematea, osasun-langile arduradunarekin adostuta.

–Arrisku-faktoreak eta jardunbide desegokiak identifikatzea, test espezifikoak eta inkestak aplikatuz.

–Etxeko nutrizio-euskarrian parte hartzea, dagozkion funtzioen eremuan.

–Elikadura- eta nutrizio-hezkuntzako programak proposatzea, diseinatzea, planifikatzea eta/edo egitea eta beharrezko materiala lantzea.

–Hitzaldi informatiboak proposatzea eta ematea oinarrizko osasun-laguntzako zentroetan bertan eta komunitateko gainerako azpiegituretan (ikastetxeak, elkarteak, zentro zibikoak...).

–Gaitasun-lantegiak eta taldekako aholku-saioak planifikatzea zentroko erabiltzaileentzat (osasuntsu daudenei eta gaixoei).

–Esku-hartze komunitarioko programak egitea.

–Beste eginkizun batzuk.

–Irizpideak koordinatzea nutrizioari eta dietetikari loturiko gaietan.

–Esku-hartzeko protokolo dietetikoak lantzea.

–Dieta estandarizatuak lantzea.

–Zentroko osasun-langileen etengabeko prestakuntzaren arduraduna izatea nutrizioaren eta dietetikaren alorrean.

–Euskarri-programetan laguntzea (emakumeentzako laguntza, adinekoentzako laguntza, etxeko laguntza, etab.).

–Nutrizio-azterketak proposatzea, diseinatzea, planifikatzea eta/edo egitea lan egiten duen eremuko biztanleria-taldeetan.

–Arreta-maila desberdinen arteko harremana (oinarrizko osasun-laguntza, ospitaleko laguntza) koordinatzen parte hartzea nutrizioari eta dietetikari lotutako gaietan.

2.–DIETISTAREN FUNTZIOAK KOMUNITATE-EREMUAN EDO OSASUN PUBLIKOAN.

Esku-hartzeko azterketak eta nutrizio-egoerarenXX azterketak garatzea eta haietan parte hartzea, fase guztietan.

–Galdetegiak eta bestelako ebaluazio-tresna batzuk diseinatzea eta baliozkotzea.

–Azterketaren protokoloa prestatzen laguntzea.

–Inkestagileak prestatzea.

–Elkarrizketak egiteko euskarri-materiala lantzea eta hautatzea.

–Landa-lanaren jarraipena egitea.

–Kolektibo zaurgarrien (ikasleak, adinekoak, arrisku-taldeak, etab.) nutrizioa zaintzea .

–Emaitzak aztertzen eta aurkezten eta gomendioak egiten parte hartzea, dietetikaren eremuan.

Komunikazioa eta osasun-hezkuntza elikaduran eta nutrizioan.

Hauetan laguntzea:

1. Oinarrizko osasun-laguntzako profesionalen etengabeko prestakuntza, elikaduraren, nutrizioaren eta dietetikaren alorreko gaietan.

2. Osasungintzakoak ez diren baina herritarrak informatzeko ardura duten profesionalen (hezitzaileak, gizarte-langileak, jantoki kolektiboetako arduradunak, sukaldaritza kolektiboko profesionalak, marketin soziala eta kontsumitzaileentzako informazioa) etengabeko prestakuntza.

Hauek egitea:

3. Elikadurari, nutrizioari eta dietetikari buruzko ikastaroak, erakunde eta instituzio publikoek eta pribatuek antolatuak.

4. Ekintza informatiboak eta/edo prestakuntzakoak ikastetxeetan, ikasleen gurasoen elkarteetan, kultura-elkarteetan, zentro zibikoetan, gaixo eta senideen elkarteetan, etab.

5. Material informatiboa/prestakuntzakoa diseinatzea hainbat biztanleria-sektorerentzat.

Hauetan parte hartzea:

6. Hedabideetan (prentsa, irratia, telebista, Internet, etab.).

Elikadura-gidak eta adostasun-protokoloak lantzea.

–Biztanleriari oro har eta indibiduo osasuntsuen eta gaixoen talde espezifikoei zuzendutako nutrizio-gomendioak eta dietetikoak adosteko lantaldeak koordinatzea eta haietan parte hartzea.

–Elikadura- eta nutrizio-politikak planifikatzen laguntzea, osasuna bultzatzeari dagokionez.

–Protokolo dietetikoak koordinatzea, lantzea, banatzea eta haien jarraipena egitea.

Nutrizio komunitarioko programetako esku-hartzeak.

Parte hartzea elikadura- eta nutrizio-programak aztertzen, planifikatzen, esku hartzen eta ebaluatzen, arlo hauetan:

–Osasungintza: osasun publikoko unitateak, oinarrizko osasun-laguntza, ospitaleak, etab.

–Hezkuntza: haurtzaindegiak, haur-eskolak, lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeak, batxilergoa, prestakuntza-zikloak, hezkuntza bereziko zikloak, unibertsitateak, etab.

–Justizia: espetxeak, babes-etxeak edo haurrak eta gazteak artatzeko zentroak, errehabilitazio- eta gizarteratze-zentroak, etab.

–Gizarte-ongizatea: egoitza geriatrikoak eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzak, jantoki sozialak, etxez etxeko elikadura, gaixoen elkarteak, etab.

Nazioarteko erakundeekiko harremanak.

–Herrialdeko elikadura- eta nutrizio-politikak diseinatzen laguntzea (estatu mailan, autonomia-erkidegoan edo tokiko eremuetan).

–Elikaduraren eta nutrizioaren inguruko esku-hartzeak egitea garapen-bidean dauden herrialdeetan (programa nazionalak, GKEkiko lankidetza...).

–Kide aktiboa izatea mundu mailako larrialdiei eta hondamendiei lotutako ekintzetan.

–-Giza elikaduraren eta nutrizioaren aldeko nazioarteko foroetan egotea (OME, FAO, Europako Kontseilua...).

3.–DIETISTAREN FUNTZIOAK SUKALDARITZAN.

3.1. Orokorrak.

–Elikadura-zerbitzua kudeatzea.

–Elikadura-zerbitzua antolatzen eta garatzen parte hartzea.

–Etengabeko prestakuntza koordinatzea eta hartan parte hartzea, kalitateari eta elikadura-segurtasunari buruzko gaietan, eta, bereziki, elikagaien manipulatzaileen trebakuntzan.

3.2. Berariazkoak.

–Menuen eta dieta berezien aldizkako plangintza lantzea, adostea eta kontrolatzea.

–Jardunbide egokien gida diseinatzea eta bete dadin ahalegintzea.

–Arriskuen Azterketa eta Kontrol Gune Kritikoak (AAKGK) sistema lantzea, ezartzea eta ebaluatzea.

–Elikadurara bideratutako aurrekontua lantzen laguntzea.

–Erosketa planifikatzea, sukaldeko arduradunarekin batera.

–Kalitatea kontrolatzea eta kudeatzea.

–Banaketa- eta/edo platereratze-sistemak ikuskatzea eta kontrolatzea.

–Prestakuntza ematea langileei gai hauetan: elikadura osasungarria, dietetika, sukaldaritza-teknikak eta teknologia berrien aplikazioa.

–Elikadurarekin zerikusia duten profesionalekin harremanetan izatea.

4.–DIETISTAREN FUNTZIOAK INDUSTRIAN.

4.1. Orokorrak.

–Aholku ematea elikadura-gaien eta nutrizio-osaeraren inguruan, produktuen garapenean, kontsumo-uneetan eta marketin sozialean.

–Lotura-lanak egitea marketin sailaren eta Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako (I+G+B) sailaren artean.

–Elikaduraren eta nutrizioaren alorreko prestakuntza ematea enpresako langileei.

4.2. Berariazkoak.

Produktuak garatzen parte hartzea:

–Elikagaien nutrizio-osaera eta ezaugarri organoleptikoak planifikatzea eta baloratzea.

–Aholku ematea elikagaien nutrizio-etiketak jartzeko prozesu egokiari buruz eta prozesua egiaztatzea.

–Elikagaiei buruzko txosten zientifiko-teknikoak lantzen parte hartzea.

–Marketin sailarekin lankidetzan aritu:

  • Produktua merkatuan sustatzen lagunduko duten txostenak egitea.
  • Kontsumitzaileari helarazi beharreko mezu egokiari buruzko aholkularitza.
  • Elikagaiaren sare komertzialean parte hartzea.

–Lankidetzan aritzea Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako (I+G+B) sailarekin:

–Osasungintzako profesionalen nutrizio-informatzaile gisa aritzea.

–Kontsumitzailearentzako arreta-zerbitzuan parte hartzea.

5.–DIETISTAREN FUNTZIOAK IRAKASKUNTZAN.

5.1. Orokorrak.

Irakasle gisa aritzea, egoera fisiologikoetako eta/edo patalogikoetako elikadurari, nutrizioari eta dietetikari lotutako gaiak emanez, eremu hauetan:

–Prestakuntza arautua: hezkuntza-sistemako maila desberdinetan, bai erakunde publikoetan, bai erakunde pribatuetan.

–Etengabeko prestakuntza: ikastaroetan, mintegietan eta eguneratzeko, birziklatzeko eta esperientziak trukatzeko lantegietan.

–Beste batzuk: erakunde eta instituzio publikoekin eta pribatuekin lankidetzan, ikastaroak eta prestakuntza-ekintzak eskainiz eta emanez herritarren interes orokorreko gaiei buruz eta hezitzaileak prestatzekoak eta elikagaien manipulatzaileak prestatzekoak.

5.2. Berariazkoak.

–Irakaskuntzako euskarri gisa erabiltzeko zenbait motatako materialak lantzea.

–Elikadura, nutrizio eta dietetikako profesionalen prestakuntzarako hezkuntza-metodologia egoki berrien inplantazio-esperientziei buruzko dokumentuak argitaratzea.

6.–DIETISTAREN FUNTZIOAK IKERKETAN.

6.1. Orokorrak.

–Pertsona osasuntsuentzako eta gaixoentzako elikaduraren, nutrizioaren eta dietetikaren alorrean oinarrizko ikerketak eta/edo ikerketa aplikatuak egitea, bai indibidualki, bai diziplina anitzeko lantaldeko kide gisa.

–Ebaztea, ikertzaile dietista-nutrizionista gisa, giza elikadurari dagokion oro, gizarteak egunero egiten dituen galderei erantzuteko.

–Dietistak parte hartzen duen eremuetako ikerketen emaitzen berri ematea hainbat hedabidetan.

6.2. Berariazkoak.

–Ikerketa-jarduerak egitea honako sektore hauetako batzuetan:

  • Klinikak eta ospitaleak;
  • Unibertsitateak eta ikerketa-zentroak;
  • Elikagaien industria eta industria farmazeutikoa;
  • Osasun publikoa eta komunitate-nutrizioa;
  • Jarduera fisikoa eta kirola;
  • Gizartea, kultura eta antropologia;
  • Kudeaketa eta marketina;
  • Sukaldaritza, ostalaritza eta turismoa;

Eta aurreko guztia lanbidea arautzen duen eta aplikatu beharreko indarreko arauekin bat etorriz eta espresuki haietara lotuz.

7. artikulua. Elkargokide izateko modua.

7.1 artikulua. CODINNA/NADNEOn sartuko dira, nahitaez eta eskubide korporatiboei dagokienez berdintasun-egoeran, lanbide bakar edo nagusi gisa Nafarroan jardun nahi dutenak eta Kontseilu Orokorrak eta estatutu hauek ezarritako eskakizunak betetzen dituztenak. Hala, CODINNA/NADNEOn sartzen ahalko dira:

a) Giza Nutrizio eta Dietetikako diploma ofiziala dutenak, martxoaren 20ko 433/1998 Errege Dekretuaren arabera, zeinaren bidez Giza Nutrizio eta Dietetikako diplomadunentzako unibertsitate-titulu ofiziala eta titulu hori lortzeko ikasketen planetako orotariko jarraibideak ezartzen baitira (1998-04-15eko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

b) CIN/730/2009 Agindua, martxoaren 18koa, dietista-nutrizionista lanbidean aritzeko gaitzen duten unibertsitate-titulu ofizialak egiaztatzeko eskakizunak ezartzen dituena.

c) Atzerriko nazionalitatea duten pertsonak Elkargoan sartzen ahalko dira, Espainian lanbidean aritzeko eskakizunak betetzen dituztenean eta beren titulua homologatzen dutenean Giza Nutrizio eta Dietetikako Diplomara edo martxoaren 18ko CIN/730/2009 Agindura, zeinaren bidez dietista-nutrizionista lanbidean aritzeko gaitzen duten unibertsitate-titulu ofizialak egiaztatzeko eskakizunak ezartzen baitira.

d) Unibertsitateko dietista-nutrizionistaren figura osasunaren alorreko langile gisa sortzen lagundu duten profesionalen lana aitortzeko, Diététique Superieure de l'Université de Nancy unibertsitateko diploma dutenak izatea (1998. urtera arte matrikulatutakoak, urte hori barne). Izan ere, titulazio hori, egiturari, edukiari eta gaitasunei dagokienez, antzekoa da.

7.2 artikulua. Zilegi izanen dute kidegoan sartzea, ez diharduten elkargokide gisa, 7.1 artikuluan adierazitako tituluetako bat izan baina lanbide horretan aritzen ez direnek.

7.3 artikulua. Nafarroako Foru Komunitatekoak ez diren lurralde-elkargoetako profesionalak arautuko dituzte beren helbide profesional bakar edo nagusia duten tokiko legeek, eta nahikoa izanen da Espainiako lurralde guztian jarduteko.

7.4 artikulua. Lanbide-jarduera Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean egiten bada eta profesionalaren elkargokide-eremua beste bat baldin bada, lanbide-jarduera egiten den lurraldeko elkargoari dagozkion antolamendu eskumenak eta diziplina-ahala erabiltzeari begira, kontsumitzaile eta erabiltzaileen onurarako, elkargoek agintaritza eskudunen arteko komunikazioa eta lankidetza administratiboa bultzatzeko dauden sistemak eta tresnak erabili beharko dituzte, hain zuzen, Zerbitzu Jardueretan Libreki Hasi eta Horietan Aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean aurreikusita daudenak. Lanbide-jarduera egiten den lurraldeko elkargoak ezartzen dituen zehapenek Espainiako lurralde osoan izanen dute eragina.

7.5 artikulua. Europar Batasuneko beste estatu bateko profesional bat aldi baterako lekualdatzen denean, kualifikazioak onartzeari buruz Europar Batasuneko Zuzenbidearen araberako araudi indardunak dioenari jarraituko zaio.

7.6 artikulua. Elkargokide izateak ez ditu galarazten Konstituzioak sindikatzeko eta elkartzeko aitortzen dituen eskubideak.

8. artikulua. Elkargoan sartzeko bidea.

8.1 artikulua. Elkargoko kide izateko, hauek bete beharko dira:

a) Espainian dietista-nutrizionista lanbidean aritzeko legez behar den titulazioa izatea, zeina estatutu hauen 7.1. artikuluan adierazten baita. Jatorrizko titulua aurkeztuz egiaztatuko da.

b) Atzerriko titulua izanez gero, horietaz gain, Espainian balio duela egiaztatzen duten agiriak aurkeztuko dira, ondorio profesionaletarako, eta, beste herrialde batzuetako herritarrak izanez gero, bete beharko dituzte atzerritarrek Espainian ezartzeko eta lan egiteko legez eskatzen diren gainerako baldintzak. Diététique Superieure de l'Université de Nancy unibertsitateko diplomaren kasuan, jatorrizko titulua aurkezteaz gainera, matrikularen gordekinaren fotokopia konpultsatua ere aurkeztu beharko da.

c) Nortasun-agiri-nazionalaren edo horren baliokidea den agiri baten fotokopia, jatorrizkoa erakutsita.

d) Sarrera-kuota ordaindu izanaren ziurtagiria. Inskripziorako edo kidetzeko kuota ezin da inola ere izan inskripzioa tramitatzeari lotutako kostuak baino handiagoa. Eskatzaileak telematikoki Elkargoko kide egiteko behar diren tramite guztiak egiteko bitartekoak emanen dituzte elkargoek, Elkargo Profesionalei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

e) Dietista-nutrizionista lanetan edo horren espezialitateetan aritzeko desgaituta edo zigortuta ez dagoela dioen zinpeko aitorpena.

f) (Kendua).

g) Elkargoaren kuoten ordainketa bankura helbideratzeko baimena.

h) Egoitza sozial bakarra edo nagusia elkargoaren lurralde-eremuan izatea. Egoera hori ziurtatuko da ekonomia-jardueren gaineko zergaren azken ordainketaren (langile autonomoentzat) edo Gizarte Segurantzaren Lurralde Diruzaintzaren ziurtagiriaren (besteren kontura ari direnentzat) kopia bidez.

i) Eskatzaileak adieraziko du, baldin lanbidean jarduteko asmoa badu, non eginen duen eta zein modalitatetan jardunen duen.

j) Gobernu Batzarrak zehazten duen beste edozein.

8,2. artikulua. Leihatila bakarra.

1. Elkargo profesionalak webgune bat izanen du, profesionalek Elkargoko kide egiteko, lanbidean aritzeko eta baja emateko beharrezkoak diren tramite guztiak egin ahal izan ditzaten puntu bakar baten bidez, baliabide elektroniko eta urrutikoak erabiliz, hori guztia zerbitzuen jardueretara libreki iristeari eta gauzatzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako leihatila bakarraren bitartez. Zehazki, elkargoek behar den oro eginen dute, profesionalek hauetarako aukera izan dezaten, doan:

a) Lanbide-jarduerara iristeko eta lanbidean aritzeko beharrezkoak diren informazioa eta inprimakiak eskuratzea.

b) Behar diren agiri eta eskabide guztiak aurkeztu, elkargoko kide izatekoa barne.

c) Interesdun gisa agertzen direneko prozeduren tramitazioaren egoera zein den jakitea eta aginduzko tramite-egintzen jakinarazpena eta Elkargoak horien gainean ematen duen ebazpena jasotzea, diziplinazko espedienteen jakinarazpena barne, beste bide batzuen bitartez egitea ezinezkoa denean.

d) Elkargokideak ohiko eta ezohiko batzar nagusietara deitzea eta lanbide elkargoaren jarduera publiko eta pribatuaren berri ematea.

2. Leihatila bakarraren bitartez, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak hobeki babesteko, elkargoek honako informazio hau emanen dute, argi, garbi eta doan:

a) Elkargokideen Erregistroan sartzeko aukera. Erregistro hori etengabe eguneratua egonen da, eta datu hauek bilduko ditu gutxienez: elkargokide profesionalen izen-deiturak, bakoitzaren kide-zenbakia, titulu ofizialak, lanbiderako helbidea eta lanbide-gaikuntzaren egoera.

b) Lanbide-sozietateen erregistrorako sarrera. Erregistro horrek Lanbide Sozietateei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan azaltzen den edukia izanen du.

c) Kontsumitzaile edo erabiltzailearen eta elkargoko kide baten edo lanbide-elkargoaren arteko gatazkaren bat izaten denean aurkeztu daitezkeen erreklamazioak eta errekurtsoak.

d) Lanbide-zerbitzuen hartzaileek laguntza lortzeko eskura dituzten kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte edo erakundeen datuak.

e) Kode deontologikoen edukia, zeinak telematikoki kontsultatzen ahalko baitira.

3. Elkargo honek beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu artikulu honetan ezarritakoa betetzeko, eta beharrezkoak diren teknologiak erabiliko ditu horretarako; halaber, sistemen arteko eragiketak bermatuko dituzten plataforma teknologikoak sortu eta mantenduko ditu, bai eta desgaitasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna bermatu ere. Horretarako, elkargo honek eta, hala badagokio, kontseilu orokor eta autonomikoek behar diren koordinazio- eta lankidetza-baliabideak jartzen ahalko dituzte abian, are beste lanbide batzuetako korporazioekin batera.

4. Lanbide-elkargoak informazioa emanen die kontseilu nagusiei edo orokorrei, edo bestela, autonomia-erkidegoetako elkargoen kontseiluei, elkargokideen eta lanbide-sozietateen erregistroetako alta, baja eta beste aldaketa guztiei buruz, jakin dezan eta elkargokideen eta haien lanbide-sozietateen erregistro zentraletan jaso dezaten.

8.3 artikulua. (Kendua).

8.4 artikulua. Gobernu Batzarrak ebatziko ditu, hilabeteko epean, elkargokide izateko eskabideak, zeinak leihatila bakarraren bidez aurkeztuko baitira, onetsitako ereduaren arabera; 7. eta 8. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik ukatzen ahalko ditu eskabideak. Ebazpena etenda uzten ahalko da bidezko diren egiaztapenak zuzentzeko, haren zilegitasuna eta nahikotasuna egiaztatzeko.

8.5 artikulua. Elkargoan sartzeko eskaera aurkeztu eta hilabeteko epean Gobernu Batzarrak haren gaineko ebazpenik ematen ez badu, eskaera erabat onartu dela ulertu beharko da.

8.6 artikulua. Aurreikusitako epean Gobernu Batzarrak erabakitzen badu kidetzeko eskaera bat ukatzea, horren berri emanen dio interesdunari. Erabakiarekin batera adieraziko dio zer egunetan hartu zen ezezkoa emateko erabakia, zer arrazoi dauden horretarako, eta zer errekurtso aurkeztu ditzakeen. Ezezkoa emateko erabakiaren jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean, interesdunak berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahalko du elkargoko Gobernu Batzarrean. Batzarraren behin betiko ezezko erabakiaren aurka, interesdunak administrazioarekiko auzibidera jotzen ahalko du.

9. artikulua. Elkargokide izateari uztea.

9.1. artikulua. Elkargokide izaera honako kasu hauetan galduko da:

a) Ez ordaintzea urte batez elkargokide izateari dagozkion zenbatekoak.

b) Kondena irmo bat izatea, lanbidean jarduteko gaikuntza kentzea dakarrena.

c) Diziplina espediente baten bidez Elkargotik bidaltzen dutenean.

d) Norberak baja eskatzea, lanbidea aldi baterako edo betiko uzteagatik.

e) Ezintasunagatik.

f) Legezko bateraezintasunagatik. Kasu horretan, bi lanbidetan edo gehiagotan batera aritzea bakarrik mugatzen ahalko da, lege-mailako arau batean hala ezartzen bada eta estatutu hauek arau horretara lotzen badira.

g) Heriotzagatik.

h) Legez exijitu daitekeen beste edozein arrazoirengatik.

9.2 artikulua. Edozein kasutan, aurreko puntuetan adierazitako arrazoien ondorioz elkargokide izaera galtzen bada, interesdunari jakinarazi beharko zaio hori, estatutu hauetako araubide juridikoan ezarritako baldintzetan, interesdunari entzun eta, dagokionean, jakinarazpenari aurkeztu diezazkiokeen alegazioak egin ahal izateko, instrukzio-prozedura baten barruan, betiere.

9.3 artikulua. Elkargoan berriz sartzea eskatzen ahalko dute 9.1 b) eta c) apartatuetan adierazitako arrazoiengatik Elkargotik atera diren pertsonek, arau-hausteak preskribatu baldin badu edo zehapena edo desgaitze-aldia bete baldin bada.

9.4. artikulua. Elkargoaren kuotak ez ordaintzeagatik Elkargotik atera eta Elkargoan berriz ere sartu nahi dutenek, lehen-lehenik, zor duten dirua ordaindu beharko dute, korrituak eta Elkargoari eragindako gastu eta kostuak barne.

10. artikulua. Elkargoko kide-motak.

Honela inskribatzen ahalko dira elkargokideak:

a) Dihardutenak: pertsona fisikoak dira, elkargoan sartzea lortu dutenak eskatzen diren baldintza guztiak betetzeagatik, eta dietista-nutrizionistaren lanbidean jarduten dutenak.

b) Ez dihardutenak: pertsona fisikoak dira, elkargoan sartzea lortu dutenak baina jardunean ez daudenak.

c) Elkargokide honorarioak: borondatez edo nahitaez erretiratutako dietista-nutrizionistak, egiaztatzen dutenak ez daudela altan ekonomia-jardueren gaineko zergan; lanbidean aritzeko ezintasun osoa deklaratuta dutenak; lan-mota guztietarako ezintasun iraunkorra deklaratuta dutenak, edo baliaezintasun handia dutenak. Elkargoko kuotak ordaintzetik salbuetsita egonen dira, eta idatziz eskatu beharko dute.

d) Ohorezko elkargokideak: pertsona fisiko edo juridikoak, lan garrantzitsu eta merezimenduzkoa egin dutenak lanbidearen alde. Kategoria hori ohorezkoa izanen da, ez besterik, eta horri buruzko erabakiak Batzar Nagusiak hartuko ditu.

11. artikulua. Elkargokideen eskubide eta betebeharrak.

11.1. artikulua. Elkargokideek CODINNA/NADNEOren estatutuetan eta Espainiak eta Nafarroak arlo horren gainean dituzten arauetan ezartzen diren eskubide eta betebeharrak izanen dituzte.

11.2 artikulua. Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikadurako lana indarra duten xedapenetan bildutako aurreikuspen orokor eta deontologikoei jarraikiz eginen da.

11.3 artikulua. Hauek dira dietista-nutrizionista elkargokideen eskubideak:

a) Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikadurako eginkizunetan aritzea, irizpide deontologiko eta profesional aitortuekin bat etorriz.

b) Elkargoa gobernatzen parte hartzea, eta horretarako batzarretara joatea eta eskubidea baliatzea batzarrera deitzea eskatzeko, hari proposamenak, zuzenketak, zentsura-mozioak eta galde-eskariak egiteko, eta zuzendaritza karguak hautatu eta haietarako hautatua izateko eskubidea; hori guztia, estatutu honetan aurreikusitako modu eta baldintzetan.

c) Elkargoko bulegoak arautzen den moduan erabiltzea, eta elkargoak bere esku jartzen dituen aholkularitzaz, zerbitzuez, programez eta bestelako abantailez baliatzea.

d) Elkargoaren anagrama edo logotipoa erabiltzea identifikazio profesionalean, elkargoko gobernu-organoen aldez aurreko baimenarekin.

e) Elkargoak aholku ematea edo defendatzea, lanbide-jardun zuzen baten ondorioz bere eskubide eta interes legitimoei buruz sortzen diren gaietan. Gobernu Batzarrak erabakiko du zer gaitan hartuko dituen elkargoak bere gain prozeduraren kostuak eta gastuak.

f) Elkargoaren gobernu-organoei zuzentzea iradokizunak, proposamenak, eskaerak eta kexak egiteko.

g) Elkargoko agiriak eskuratzea, pertsonalki eragiten dieten elkargoko agiri eta egintzen ziurtagiriak lortzea, eta informazioa jasotzea Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikadurarekin zerikusia duten gai interesgarriei buruz.

h) Aurreikuspen eta babes sozialeko programetan parte hartzea, halako programarik ezartzen bada.

i) Elkargoaren gobernu-organoen erabaki eta ebazpenen kontrako errekurtsoa jartzeko eskubideaz baliatzea.

j) Elkargoko kide dela adieraztea eta hori dioen txartela edukitzea.

k) Datuen babesa izatea, legeetan ezarritakoaren arabera.

l) Legeak onartutako edo elkargoaren organoek ezarritako beste edozein.

11.4 artikulua. Hauek dira dietista-nutrizionista elkargokideen betebeharrak:

a) Estatutu hauetan, haiek garatzen dituzten erregelamenduetan eta elkargoak hartzen dituen erabakietan jasotako aginduak betetzea.

b) Ezarritako epeetan ordaintzea elkargoak mantentzeko onesten dituen kuotak eta eskubideak, bai arruntak bai bereziak.

c) Lanbidearen deontologia betetzea.

d) Elkargoari datu pertsonal eta profesionalen aldaketen berri ematea, aldaketaren unetik hirurogei egun igaro baino lehen.

e) Intrusismoko edo arauz kanpoko lanbide jardunaren berri ematea elkargoari.

f) Elkargoan diziplina egokia eta elkargokideen artean lanbide-harmoniako betebeharrak zaintzea eta legez kontrako lehia saihestea.

g) Elkargoari jakinaraztea elkargoaren bizitzan edo Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikadurako jardunean eragina izan dezaketen gertaera eta inguruabarrak.

h) Elkargoko identifikazio-zenbakia adieraztea, modu argian eta ongi ikusteko moduan, lan eta jarduketa guztietan.

i) Elkargoko zer kargutarako hautatua izan den, hartan leial jardutea.

j) Elkargoaren batzar nagusietan parte hartzea, ustekabeko kausa tartean denean salbu.

k) Legeetan jasotzen ez den publizitatea mugatzeko edozein betebehar ezartzeko debekua.

I) Zintzo beteko dira arau deontologikoetan jasotako debekuak eta estatutu hauetan ezarritakoa; horrez gain, elkargokideek ez dute honelakorik eginen:

–Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikaduran titulu nahikorik gabe diharduena edozein modutan onartzea edo estaltzea.

–Prest egotea bere izena ager dadin Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikadurarekin lotutako sendakuntza-zentroetako edo enpresetako zuzendari, aholkulari edo langile gisa, ez badira ari pertsonalki haiek zuzentzen, aholkatzen edo haietan lanean, edo zentro horiek ez badatoz bat indarrean dauden legeekin eta estatutu hauekin, edo zentro horietan arau deontologikoak urratzen badira.

Pazienteak edozein motatako kontsulta publikoetatik kontsulta partikularretara desbideratzea, nork bere probetxurako.

III. TITULUA.–GOBERNU-ORGANOAK

12. artikulua. Elkargoaren antolamendua.

12.1 artikulua. Demokraziaren eta autonomiaren printzipioak dira CODINNA/NADNEOren gobernuaren gidari.

12.2 artikulua. Elkargoa lehendakariak, Batzar Nagusiak eta Gobernu Batzarrak gobernatuko dute.

I. KAPITULUA.–BATZAR NAGUSIA

13. artikulua. Batzar Nagusia.

13.1 artikulua. Batzar Nagusia elkargokide guztiek osatzen dute. Batzar Nagusia elkartuko da, horretarako deialdia egin ondotik, ohiko bilkuran edo ezohiko bilkuran.

13.2 artikulua. Ohiko Batzar Nagusia eginen da urtean behin, ahal dela, lehenbiziko hiruhilekoan.

13.3 artikulua. Horrez gainera, behar bezainbatetan egiten ahalko da biltzar orokor berezia, lehendakariak edo Gobernu Batzarrak deialdia eginda edo estatutu hauetan ezartzen den elkargokide-kopuruak hala eskatuta.

13.4 artikulua. Bere eskumeneko gaietan Batzar Nagusiak hartzen dituen erabakiak nahitaez bete beharko dituzte elkargokide guztiek, onartuta dagoen errekurtsoen bidea erabiltzea deusetan galarazi gabe.

14. artikulua.

Batzar Nagusia da elkargoaren organo subiranoa, eta, hortaz, elkargoaren nahiaren adierazpide nagusia. Bertaratutako elkargokide guztien parte-hartze zuzen, berdin eta demokratikoaren printzipioek zuzenduko dute. Batzar Nagusian parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da hartarako deialdia egin baino hilabete lehenagotik izatea elkargokide. Eskubide guztien jabe diren elkargokide guztiek hartzen ahal dute parte Batzar Nagusian.

15. artikulua. Batzar Nagusiaren bilerarako deia.

15.1 artikulua. Batzar Nagusiaren ohiko deialdia egiaztatuko da Gobernu Batzarraren akordio bidez, eta adieraziko da tokia, bilkura presentzialki ala onlineko formatuan (birtuala) ala formatu hibridoan eginen den, bilkuraren data eta ordua (lehen deialdia eta bigarrena, onlineko formatuan —birtuala— edo formatu hibridoan ) eta landuko diren gaien zerrenda. Gutxienez hogeita hamar egun natural lehenago adierazi beharko da ohartarazpen publiko bidez, deialdi pertsonala eginez posta arruntez, posta elektroniko bidez edo beste formula telematiko batzuen bidez, elkargokide guztiei zuzenduta.

Batzar Nagusiak eta kide anitzeko organo guztiek bilkura ez-presentzialak egiteari dagokionez, berariaz lotzen gatzaizkio Elkargo Profesionalei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearen seigarren xedapen gehigarriari.

15.2 artikulua. Elkargokideek, Batzar Nagusia egin baino hamabost egun lehenagora arte, nahi dituzten proposamenak aurkezten ahal dituzte eztabaidatu eta erabaki daitezen. Dena dela, Gobernu Batzarra ez da behartua egonen haiek gai-zerrendan sartzera baldin eta elkargoko erroldako kideen ehuneko bosten abala ez badute. Horrelakoetan, batzarra egiten den egun berean jakinaraziko da gai-zerrendan sartu direla.

15.3 artikulua. Ezohiko Batzar Nagusia lehendakariaren ekimenez, Gobernu Batzarraren ekimenez edo elkargokideen ehuneko hogeiren ekimenez eginen da, gai-zerrenda zehatzarekin. Deialdia egiteko, hilabete bat gehienez eta bost egun gutxienez igaroko dira, deialdi-eskaera egiten denetik; Gobernu Batzarraren esku dago eguna, ordua eta tokia zehaztea.

15.4 artikulua. Batzar Nagusiak jorratu beharreko gaien aurrekariak Elkargoko Idazkaritzan izanen dira, bulego-orduetan, elkargokideek eskuratzeko moduan.

16. artikulua. Batzar Nagusiaren garapena.

16.1 artikulua. Batzar Nagusia gai-zerrenda irakurriz hasiko da, eta gai-zerrendako lehen puntua onetsitako aurreko akta irakurtzea izanen da beti.

16.2 artikulua. Batzar Nagusia behar bezala eratuta egonen da, lehen deialdian, elkargokideen erdiak eta bat gehiago bertaratzen badira eta, bigarren deialdian, zeinahi delarik elkargokideen kopurua, lehenbiziko deialdiaren ordua baino hogeita hamar minutu geroago.

16.3 artikulua. Batzar Nagusiaren buru Elkargoko lehendakaria edo haren legezko ordezkaria izanen da, lagun dituela gutxienez Gobernu Batzarreko gainerako kideetako bi. Hala osatuko da Mahaia, eta hartako idazkaria Gobernu Batzarreko idazkari dena edo hura legez ordezten duena izanen da.

16.4 artikulua. Batzarra onlineko formatuan (birtuala), presentzialki edo formatu hibridoan egiten dela ere, bertaratutako guztien berri jasoko da; ondorio horietarako, nahikoa izanen da elkargokide-zenbakia edo NAN-zenbakia jasotzea.

16.5 artikulua. Bertaratuen artetik bi izendatuko dira, Batzar Nagusiko akta sina dezaten ñehendakariarekin eta idazkariarekin batera.

16.6 artikulua. Eztabaidak lehendakariak zuzenduko ditu; hitz egiteko txanda emateko eta kentzeko gaitasuna berak izanen du, eta, gai-zerrendako puntu bakoitza aski eztabaidatu dela uste duenean, bozkatzea proposatuko du.

16.7 artikulua. Erabakiak gehiengoz hartuko dira, baina, salbuespen gisa, bertaratuen bi herenen aldeko botoa eskatuko da gai hauek erabakitzeko:

–Estatutuak aldatzea.

–Elkargoko ondasunak xedatzea.

–Elkargoa bost urtez edo gehiagoz lotesten duten akordioak edo hitzarmenak xedatzea.

–Aplikatu beharreko legediak edo Elkargoaren arauek eskatzen dutena.

16.8 artikulua. Ez da zilegi gai-zerrendatik kanpora dauden gaiei buruzko erabakirik hartzea.

16.9 artikulua. Bozketak eskua goitituz eginen dira, salbu eta zentsura-botorako ezarritakoa eta lehendakariak bozketa isilpean egitea erabakitzen duen kasuak.

16.10 artikulua. Batzar Nagusian hartutako erabakiak nahitaez bete beharrekoak dira elkargokide guztientzat, baita bertaratu ez direnentzat, ados ez daudenentzat edo abstentzioaren alde egin dutenentzat ere. Errekurtsoak aurkezten ahal dira, hala ere.

16.11 artikulua. Elkargokideek ezin dute inoren esku utzi Batzar Nagusira joatea.

16.12 artikulua. Biltzar Nagusia akta irakurriz eta onetsiz bukatuko da. Gehienez ere hamabost eguneko epean, Batzar Nagusiaren akta sinatuko dute lehendakariak, idazkariak eta izendatutako bi bertaratuk, eta haren edukiaren fede emanen dute.

17. artikulua. Ohiko eta ezohiko Batzar Nagusiaren eskumenak.

I.–Ohiko Batzar Nagusia urteko lehen hiruhilekoan egin beharko da, eta gai hauek jorratzea izanen du xede:

a) Deialdiko gai-zerrendan agertzen diren gaiak irakurri, eztabaidatu eta bozkatzea.

b) Gobernu Batzarrak aurkeztutako memoria, aurreko urteko jarduerak biltzen dituena.

c) Elkargoaren diru-sarrera eta gastuen kontu orokorrak, aurreko ekitaldi ekonomikoari buruzkoak.

d) Hurrengo ekitaldi ekonomikorako diru-sarrera eta gastuen aurrekontua, eta aurrekontu bereziak, halakorik baldin badago.

e) Elkargokideek elkargoari ordaindu beharreko kuota arrunt eta (baldin bada) berezien zenbatekoak.

f) Batzarraren akta.

II.–Ohiko Batzar Nagusia egiterik eskatzen ez duten eta aurreko zerrendan jasotzen ez diren gaiak Ezohiko Batzar Nagusian onetsiko dira.

18. artikulua. Zentsura-mozioa.

18.1 artikulua. Gobernu Batzarraren kontrako zentsura-mozioa horretarakoxe Batzar Nagusi Berezi batean baizik ezin da planteatu. Zentsura-mozioa legitimoa izan dadin, gutxienez elkargokideen ehuneko hogeik babestu beharko dute; horretarako, notarioak edo Elkargoko idazkaritzak legitimatutako sinadurak eman beharko dituzte, eta argi adierazi beharko dute zentsura-mozioa zer arrazoitan oinarritzen den.

18.2 artikulua. Zentsura-mozioa aurkezten dutenek ez dute beste moziorik aurkezten ahalko Gobernu Batzar beraren kontra urtebeteko epean.

18.3 artikulua. Gobernu Batzarraren aurka zentzura-mozioa aurkezteak berekin ekarriko du hauteskundeetarako deialdia egitea gehienez ere hilabeteko epean, estatutu hauen 33. artikuluan jasotzen denez.

18.4 artikulua. Gobernu Batzarrak konfiantza-mozioa aurkezten ahalko dio Batzar Nagusiari, bere kudeaketa eta/edo gobernu-programa berrets dezan. Mozio horren formulazioa, tramitazioa eta ondorioak bat etorriko dira zentsura-moziorako aurreikusitakoarekin.

19. artikulua. Elkargoaren Estatutuak aldatzea.

Gobernu Batzarrak, bere ekimenez edo elkargokideen ehuneko hogeik eskatuta, Ezohiko Batzar Nagusirako deialdia eginen du, estatutu hauek aldatzeari buruz eztabaidatzeko eta, hala badagokio, aldaketa hori onartzeko. Horretarako, batzar horretan emandako botoen bi herenek gutxienez aldekoak izan behar dute.

Batzar horren deialdiarekin batera, estatutuak aldatzeko proposamenaren kopia bat erantsi beharko da. Estatutu aldatuak Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari eta Espainiako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorrari bidaliko zaizkio; zer puntu aldatu diren adierazi beharko da, onar ditzaten.

20. artikulua. Agiri eta kontuen araubidea.

Elkargoaren agiri eta kontuen araubidea honako hauek osatuko dute:

a) Akta-liburuak, Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzarraren bilkuren berri jasoko dutenak. Organo horietako bakoitzak akta-liburu bat izanen du eta, bilkura bakoitzari dagokionez, eguna, bertaratutakoak, gai-zerrendaren edukia eta hartu diren erabakiak jaso beharko dira. Gobernu Batzarraren aktak lehendakariak edo haren ordez biltzarra zuzendu duenak sinatu beharko du, eta idazkariak edo idazkari-lanetan aritu denak ere bai. Batzar nagusien aktak estatutu hauen 16.12 artikuluan jasotzen den moduan sinatu beharko dira.

b) Elkargokideen erregistro-liburua. Bertan honako datu hauek jaso beharko dira: izen-abizenak, NANa, lanbide titulua(k), elkargokide zenbakia, helbidea eta jardunean diharduena, ez diharduena edo honorarioa den. Liburu horretan jaso beharko dira alta eta bajen egunak ere.

c) Kontabilitate-liburuak, zeinetan jaso beharko baitira Elkargoaren diru-sarrera eta gastu guztiak, sarreren jatorria eta gastuen zertarakoa edo inbertsioa azalduta.

d) Egoera-balantzea eta diru-sarreren eta gastuen kontuak urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan formalizatu beharko dira, eta Batzar Nagusiari haien berri eman beharko zaio.

Elkargoaren agiri eta kontuen araubidea euskarri informatikoan jasotzen ahalko da, aplikagarri den araudiaren arabera.

II. KAPITULUA.–GOBERNU BATZARRA

21. artikulua. Gobernu Batzarra.

21.1 artikulua. Gobernu Batzarra organo betearazlea da. Lehendakaria du buru, eta Osoko Bilkura eta Batzorde Iraunkorra hartzen ditu bere baitan. Hauek izanen dira Osoko Bilkurako kideak: Lehendakaria, lehendakariordea, diruzaina, idazkaria eta hiru eta bost batzarkide bitarte. Batzorde Iraunkorrak kide hauek izanen ditu: Lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria eta diruzaina.

21.2 artikulua. Gobernu Batzarrak, ahal den neurrian, lanbide-arlo guztiak ordezkatu beharko ditu.

21.3 artikulua. Gobernu Batzarrak eskumena izanen du Elkargoa koordinatzeko eta/edo kudeatzeko pertsona bat izendatzeko, eta ordaindu eginen zaio kargu horretan aritzen denari. Koordinazio- eta kudeaketa-lanak Gobernu Batzarrak zehaztuko ditu.

22. artikulua. Batzarkideen betebeharrak.

Gobernu Batzarreko kide izan daitezke CODINNA/NADNEOn gutxienez urtebete daramaten elkargokideak, baldintza hauek betez gero:

1. Kargu publikoetan jarduteko desgaikuntza dakarren kondenarik jaso ez izana epai irmoz.

2. Arau-hauste astun edo oso astunengatik diziplina-zehapen ezereztu gaberik jaso ez izana.

23. artikulua. Gobernu Batzarraren eginkizunak.

23.1 artikulua. Gobernu Batzarrak eginkizun hauek ditu:

a) Batzar Nagusiak harturiko erabakiak betearaztea.

b) Elkargoa zuzendu eta administratzea, korporazioaren onerako.

c) Elkargoaren interesen kudeaketa arrunta.

d) Elkargoaren ordezkari izatea auzitegietan eta administrazio publikoetan, hori lehendakariari dagokion kasuetan izan ezik. Eskuordetzeak eta ahalordetzeak egiteko eskudantzia izanen du, dela orokorrean, dela gai jakin baterako.

e) Zerbitzuak ezarri eta antolatzea elkargoaren eginkizunak hobeki betetzeko. Zilegi izanen da, horretarako, merkataritzako edo bestelako sozietate edo erakundeak eratzea edo haietan parte hartzea.

f) Elkargokideen altak onestea eta ukatzea.

g) Zehapenak jartzea, estatutuetan finkatzen denaren arabera.

h) Elkargoaren funtsak bildu eta administratzea.

i) Urteko aurrekontuak prestatzea eta haien exekuzioaren kontu ematea.

j) Gobernu Batzarrean bete beharreko postuak betetzeko hauteskundeetarako deia egitea.

k) Beharrezkoak diren eskritura publiko eta kontratu pribatuak sinatu eta egilestea, ezartzen dituzten itun, klausula eta baldintzen bidez ematen diren ahalmenak erabiltzeko; halaber, aseguru-polizak sinatzea.

I) Gobernu Batzarreko kide berriak izendatzea behin-behingoz.

m) Batzar Nagusiaren ohiko edo ezohiko bilkuretarako deialdiak egitea; haietako gai-zerrenda finkatzea; eta elkargokideek arlo horretan egiten dituzten eskakizunak onartzea, estatutu hauetan xedatuta dagoenaren arabera.

n) Elkargoaren gobernamendu-auziak eta arazo ekonomiko eta administratiboak konpontzea; banku-entitateekin kontratuak egitea; mota guztietako kontratuak sinatzea, hala ondasun higigarriei buruz nola zerbitzu-emateari buruz, Elkargoaren ohiko jardunbideei dagozkienak.

o) Elkargoan zerbitzu berriak ezartzea; ondasunak erosteko edo obrak egiteko kontratuak sinatzea, betiere kostua Elkargoaren aurrekontu osoaren ehuneko hogeitik gorakoa ez bada, eta haiek burutzeko aurrekontu eta proiektu teknikoak eskatzea.

p) Elkargoak egiten dituen edo egin ditzakeen jarduera eta zerbitzuei loturiko material eta elementuak erostea.

q) Pertsona edo erakunde publiko edo pribatuei dirulaguntzak eskatzea eta jasotzea, eta diru hori aplikatu edo bideratzeko behar diren erabakiak hartzea.

r) Zor eta obligazioak aitortzea.

s) Estatutuetako eta barne-araudiko aldaketak idaztea, elkargokideen Batzar Nagusiaren onespenaren mende jartzeko.

t) Estatutuetan eta barne-araudian xedatutakoa aplikatzea eta aplikazioan sortzen diren zalantzak ebaztea.

u) Elkargoa kudeatzeko behar diren langileak kontratatzea.

v) Elkargoaren merezimendu-sariak ematea.

w) Elkargo honen eta bere helburuen inguruko gainerako guztiak, Elkargoa eta Gobernu Batzarra bide onetik joateko beharrezkoak direnak, estatutuen arabera Batzar Nagusiari dagozkionak izan ezik.

24. artikulua. Agintaldia.

24.1 artikulua. Zuzendaritza-karguetarako izendapen guztiak lau urterako izanen dira. Gobernu Batzarraren erdia bi urtetik behin berrituko da. Karguan daudenak nahi adina aldiz berraukeratu daitezke, hautagai-zerrenda aurkeztu eta bozketetan hautatua izanez gero.

24.2 artikulua. Lehen berritzeak lehendakariordeari, diruzainari eta batzarkide bikoitiei eraginen die, eta, bigarrenak, lehendakariari, idazkariari eta batzarkide bakoitiei.

25. artikulua. Kargu hutsak eta ordezpenak.

25.1 artikulua. Edozein arrazoi dela bide, Gobernu Batzarreko kide batek kargua uzten badu –lehendakariaren kasuan izan ezik–, Gobernu Batzarrak berak izendatuko du aldi baterako ordezkoa, erregelamenduaren araberako lehen hautaketa egin arte.

25.2 artikulua. Lehendakariaren baja lehendakariordeak bete behar du, eta lehendakariordearen ordezkoa hautatu behar da Gobernu Batzarreko kideen artetik.

25.3 artikulua. Hutsik gelditzen badira Gobernu Batzarreko kideen karguen erdiak baino gehiago, edo aldi berean lehendakariarena eta lehendakariordearena, hauteskundeetarako deia eginen da hilabeteko epean.

25.4 artikulua. Zentsura-mozio batek aurrera egiten badu, hauteskundeetarako deialdia egin beharko da, mozioa onartu eta hilabete bateko epean gehienez.

26. artikulua. Funtzionamendu-araubidea.

26.1 artikulua. Gobernu Batzarrak Batzorde Iraunkorra eskuordetzen ahalko du zenbait ahalmenetarako, dagozkion eginkizunak arinago betetzeko asmoz.

26.2 artikulua. Gobernu Batzarrak bi hilabetean behin eginen du ohiko bilkura, baina lehendakariak erabaki dezake maizago biltzea, jorratu beharreko gaien arabera.

26.3. artikulua. Gobernu Batzarra, kide anitzeko organo gisa, aurrez aurre nahiz urrutitik eratu daiteke, eta halaxe bilkurak deitzen eta egiten ahal ditu, bai eta erabakiak hartu eta aktak igorri ere.

Gobernu Batzarraren osoko bilkuretarako deialdiak idazkariak eginen ditu, lehendakariak aginduta, bilkura baino bost egun natural lehenago gutxienez. Deialdiak idatziz formulatuko dira, ohartarazpen publiko bidez, deialdi pertsonala eginez posta arruntez, posta elektroniko bidez edo beste formula telematiko batzuen bidez, Gobernu Batzarreko kide guztiei zuzenduta, eta adieraziko da tokia, bilkura presentzialki ala onlineko formatuan (birtuala) ala formatu hibridoan (hau da, elkargokideak presentzialki eta birtualki edo online parte hartuko duten) eginen den eta landuko diren gaien zerrenda. Gai-zerrendatik landara, ez da beste gairik eztabaidatzen ahalko, salbu eta lehendakariak presakotzat hartzen dituenak.

Gobernu Batzarrak urrutitik egindako bilkuretan, kideak toki desberdinetan egoten ahal dira, baldin baliabide elektronikoen bidez bermatzen bada (halakotzat jotzen dira bide telefonikoak eta ikus-entzunezkoak ere) kideen edo haien ordezkoen identitatea, haien adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea eta haien arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean, eta bilkurak dirauen bitartean bitartekoak eskuragarri egotea. Besteak beste, baliozkotzat hartzen diren bitarteko elektronikoen artean honako hauek daude: posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.

Gobernu Batzarraren eraketa baliozkoa izateko, bilkurak egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzearen ondorioetarako, bertan zein urrutitik parte hartu beharko dute lehendakariak edo lehendakariordeak eta idazkariak edo kide batek.

26.4. artikulua. Lehendakariak eztabaidak bideratuko ditu, eguneko gai-zerrendaren arabera; hitz egiteko txandak antolatuko ditu, eta, egoki edo beharrezkoa iruditzen bazaio, gaiaren inguruko eztabaida bukatutzat eman eta bozkatzea proposatuko du. Lehendakariak erabakiko du bozketa izenezkoa edo isilpekoa izanen den.

26.5 artikulua. Gobernu Batzarra behar bezala eraturik geldituko da kideen erdiak gehi bat bertan direla; haien artean egon beharko dute, gutxienez, lehendakariak edo lehendakariordeak eta idazkariak edo hark eskuordetutako batzarkide batek. Erabakiak bildutakoen botoen gehiengo soilez hartuko dira, eta, berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren kalitateko botoak erabakiko du. Gobernu Batzarreko bilkuretan, gai-zerrendan agertzen diren gaiak jorratuko dira. Gai-zerrendako azken puntuan, beti, "galde-eskeak" izenekoa sartu beharko da, eta orduan erabakitzen ahalko da Gobernu Batzarraren hurrengo bilkurako gai-zerrendan beste edozein eztabaidagai sartzea. Gobernu Batzarraren erabakiak aktetan jasoko dira, daten hurrenkeraren arabera, horretarako jarriko den liburuan, eta lehendakariak eta idazkariak sinatuko dituzte.

26.6 artikulua. Gobernu Batzarraren bilkuretara Gobernu Batzarreko kide direnak bakarrik joan daitezke, edo hark espresuki deitzen dituenak.

26.7 artikulua. Gobernu Batzarraren bilkuretara joatea nahitaezkoa izanen da. Urtebetean hiru saiotara huts eginez gero, justifikaziorik gabe, karguari uko egiten zaiola joko da.

26.8 artikulua. Gobernu Batzarrak egoki edo beharrezkoak iruditzen zaizkion batzorde delegatuak edo informazio-batzordeak era ditzake, Elkargoaren funtzionamenduaren onerako.

27. artikulua. Lehendakariaren eginkizunak.

Lehendakariak Elkargoa ordezkatuko du mota guztietako agintarien eta erakundeen aurrean. Halaber, zainduko du bete daitezen araudietako eta estatutuetako preskripzioak eta administrazio eskudunek, Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorrak, Batzar Nagusiak eta Gobernu Batzarrak ematen dituzten erabakiak eta xedapenak. Gainera, eginkizun hauek ditu:

a) Elkargoaren organo guztietan buru aritzea.

b) Saioak ireki, zuzendu eta amaitzea.

c) Erakunde edo pertsonei bidaltzen zaizkien txosten eta komunikazioak baimentzea.

d) Bankuko kontu korronteak irekitzeko, dirua sartzeko eta dirua ateratzeko taloiak edo txekeak egiteko baimena ematea, diruzainarekin batera.

f) Ordainketak, ordainketa-aginduak eta kontabilitateko liburuak onestea, diruzainarekin batera.

g) Gobernu Batzarraren mende atalak edo batzordeak eratzea edo sortzea, zeinei eginkizun, lan edo zerbitzu berariazkoak aginduko baitzaizkie, Elkargoaren jarduera arindu edo hobetzeko.

h) Egintzak, kontratuak eta polizak esleitu eta sinatzea; Elkargoaren sinadura erabiltzea eta ordezkaritzari dagozkion kontu guztiak bere gain hartzea. Elkargokideen, Elkargoaren eta lanbidearen eskubideak defendatzeko, epaitegietan eta nolanahiko agintarien aurrean beharrezkoak diren ekintzak egitea, horretarako beharrezkoak diren ahalordeak emanez eta ezeztatuz.

i) Lehenbailehen hartu beharreko presako erabakiak hartzea. Horrelakoetan, dagokion Elkargoko organoari horren berri eman beharko dio, hurrengo bilkuran erabakia berrets dezan.

j) Ahalmen horiek guztiak Elkargoaren hobe beharrez erabiliko dira, eta haren jarduera, zerbitzu eta helburuen onerako.

28. artikulua. Lehendakariordearen eginkizunak.

Lehendakariordeak lehendakariak ematen dizkion eginkizun guztiak izanen ditu, eta harenak ere hartuko ditu bere gain hura eri dagoenean edo, edozein arrazoirengatik, bertan ez dagoenean.

29. artikulua. Idazkariaren eginkizunak.

Idazkariak eginkizun hauek ditu:

a) Lehendakariaren aginduei jarraikiz, Elkargoaren egintza guztietarako zitazio-ofizioak idatzi eta bideratzea, behar den denbora lehenago.

b) Batzar Nagusien aktak eta Gobernu Batzarrarenak eta Batzorde Iraunkorrarenak idaztea.

c) Elkargoaren zerbitzua ahalik eta onena eta txukunena izan dadin behar diren liburuez arduratzea, hauek nahitaezko direla: Elkargokideei ezarritako zehapenen liburua, Elkargoko erregistro-liburua, sartutako dokumentuen liburua eta irtendako dokumentuen liburua.

d) Elkargora iristen diren eskaera eta komunikazio guztiak jasotzea eta horien berri lehendakariari ematea.

e) Eskatutako ziurtagiriak egitea, lehendakariaren oniritziarekin.

g) Elkargoaren bulegoen antolamendu administratibo eta laborala zaintzea, eta bulegoon funtzionamendua eta arlo horiei buruzko betebeharrak betetzen direla ziurtatzea.

g) Gobernu Batzarrak hartutako erabakien segimendua egitea.

h) Aurrekontu-ekitaldiaren bukaeran urteko memoria egitea.

i) Elkargoaren artxiboa eta zigilua bere ardurapean izatea.

k) Hauteskunde-aldietan, fede ematea agiriak jaso eta tramitatzen direla, postaz jasotako botoen gordetzailea izatea eta hauteskunde-baldintzak betetzen direla zaintzea.

30. artikulua. Diruzainaren eginkizunak.

Diruzainak eginkizun hauek ditu:

a) Elkargoaren funtsak bildu, zaindu eta administratzea.

b) Lehendakariak emandako ordainketa-aginduak ordaintzea.

c) Aldian behin, sarreren eta gastuen kontua egitea eta, urtean behin, bukatutako ekitaldi ekonomikoen kontuak prestatzea.

d) Gobernu Batzarrak Batzar Nagusian onartzeko aurkeztu behar dituen urteko aurrekontuak prestatzea.

e) Banku-kontuetan dirua sartzea eta ateratzea, lehendakariarekin batera.

f) Elkargoaren ondasunen inbentario zehatza egitea eta ondasunok administratzea.

g) Kontabilitatea kontrolatzea eta kutxa ikuskatzea.

h) Elkargoaren kapitalaren korritu eta errentak kobratzea.

31. artikulua. Batzarkideen eginkizunak.

Batzarkideek estatutuek eta legeek esleitzen dizkieten Gobernu Batzarreko eginkizunak izanen dituzte.

31.1 artikulua. Batzarkideen karguak zenbakituak izanen dira, kategoriaren arabera lehendakariordea, diruzaina eta idazkaria ordezteko, eri edo kanpoan daudenean, titularra itzuli bitartean edo, bestela, kargua erregelamendu bidez bete bitartean.

32. artikulua. Kargudunek, lan-ordainik ez.

Elkargoko kargudunek dohainik eginen dute lan, baina karguan aritzeak dakarzkien gastuek ordaina jaso dezakete.

III. KAPITULUA.–GOBERNU BATZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

33. artikulua. Hauteskunde prozedura.

33.1 artikulua. Hautatuak izateko eskubidea edukiko dute elkargo-betebeharrak beteak dituzten eta estatutu hauen 22. artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituzten elkargokide guztiek.

Gobernu Batzarreko kideen hautaketa Batzar Nagusiko kideen zuzeneko eta isilpeko botoaren bidez eginen da.

Hautagai-zerrendak irekiak izanen dira, eta bakoitzak zer kargu eskuratu gogo duen adieraziko da. Lau pertsonak bete behar dituzte lehendakari-, lehendakariorde-, idazkari- eta diruzain-karguak.

Inor ezin da aurkeztu hautagai-zerrenda batean baino gehiagotan, ezta kargu baterako baino gehiagotarako ere.

33.2 artikulua. Gobernu Batzarrak eginen du hauteskundeetarako deialdia, hauteskunde-eguna baino berrogeita bost egun natural lehenago gutxienez. Aldi berean, botoa emateko eskubidea duten elkargokideen zerrenda argitaratuko du, eta zerrenda hori elkargoaren egoitzako iragarki-tauletan jarriko da ikusgai.

Hautesleen zerrendaren aurkako erreklamaziorik egin gogo duten elkargokideek, haiek jendaurrean jarri eta bost eguneko epean egin beharko dute hori. Gobernu Batzarrak ebatzi beharko ditu erreklamazioak, haiek egiteko epea bukatu eta hiru egunean, eta hamar eguneko epean jakinarazi beharko zaio ebazpena erreklamatzaile bakoitzari.

Hautagaitzak elkargoko idazkaritzan aurkeztu beharko dira, behar bezala sinatuta eta zer kargutarako aurkezten diren adierazita, deialdia argitaratu eta hamabost eguneko epean. Hamabost egun horiek igarota, Gobernu Batzarrak jendaurrean jarri beharko du hautagai-zerrenda eta zer kargutarako aurkezten diren hurrengo bost egunetan, eta, egun horretatik aurrera, posta bidez ematen ahalko da botoa.

Elkargoko idazkariak aurkeztu diren hautagai-zerrenden kopia literal bat eginen du, eta elkargokideei bidaliko die. Zerrendekin batera, boto-papera bidaliko du, baita botoa posta bidez emateko gutun-azal eta jarraibideak ere.

33.3 artikulua. Kargu baterako hautagai bakar bat aurkezten bada, hautagai hori zuzenean aldarrikatuko da hautatutzat, bozketa egin beharrik gabe.

33.4 artikulua. Hauteskundeetarako finkatutako egunean eta deialdiaren orduan hauteskunde-mahaia eratuko da, eta mahai horrek zuzenduko ditu bozketa eta haren inguruabarrak. Mahai horretan hiru pertsona izanen dira, eta haietako bat ere ez da hautagai izanen. Hauteskundeak hasi baino hogeita bost egun lehenago, sei elkargokide hautatuko dira, hauteskunde-mahaiko buru, idazkari eta ordezkari eta haien ordezko izateko; horretarako, zozketa eginen da, Elkargoko lehendakaria eta idazkaria bertan daudela.

Elkargokideek horretarako izendatutako tokian eta lokalean bozkatu beharko dute. Hauteskunde-mahaian hautetsontzi bat egonen da, behar adina bermekoa. Hauteskunde-mahaia eraturik, mahaiburuak hasiera emanen dio bozketari. Amaitzeko orduan, gelako ateak itxi eginen dira, eta barnean dauden elkargokideek soilik ematen ahalko dute botoa.

Gero, eta behar bezala egiaztatu ondotik, posta ziurtatuaren bidez ezarritako baldintzak betez ailegatutako botoak sartuko dira hautetsontzian. Bozkatzaileek boto-paper bakar bat erabiliko dute. Hauteslearen identitatea frogatu ondotik, boto-papera emanen zaio mahaiburuari, eta hark hautetsontzian sartuko du, boto-emailearen aurrean. Mahaiko idazkaria markatuz joanen da, elkargokideen zerrendan, nork ematen duen botoa.

Botoa pertsonalki ematen ez duten hautesleek posta ziurtatuaren bidez eman dezakete, eta elkargoko idazkaritzara bidali. Gutun-azal ziurtatuan hauteslearen NANaren fotokopia sartuko da, postaz bozkatzeko eskaerarekin batera, eskuz idatzitako sinadura irakurgarriarekin, bai eta gutun-azal zuri itxi bat ere. Gutun-azal horretan, boto-papera egonen da, edo kargu bakoitzerako hautatu diren hautagaiak, mekanografiatuta.

Baliozkoak izan daitezen, posta bidezko botoek aipatutako baldintzak bete beharko dituzte eta elkargoko idazkaritzan jaso beharko dira bozketa baino bi egun lehenago. Une horretatik bozkatzeko unera, Elkargoko idazkariak zainduko ditu.

33.5 artikulua. Bozketa bukatuta, botoak zenbatuko dira. Baliogabetzat joko dira bozketaren edukiaz bestelako adierazpenak dituzten boto-paperak, baita hauteslearen borondatea garbi jakitea zailtzen duten zirriborroak eta kargu bakoitzerako hautagai bat baino gehiago proposatzen dituztenak ere. Boto-zenbaketa amaituta, emaitzaren akta eginen da, hauteskunde-mahaiko kide guztiek sinatuko dute eta mahaiburuak argitaratuko du.

Gobernu Batzarreko kide hautetsiek karguen jabetza hartuko dute hauteskunde egunetik 15 eguneko epean, gehienez ere. Bat etorriz Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko Legearen 20. artikuluarekin, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari jakinaraziko zaizkio izendapenak.

IV. TITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKOA

34. artikulua. Elkargoaren araubide ekonomikoa.

Elkargoak ahalmena du bere helburuak betetzeko egokiak diren ondasun eta eskubideen titulartasun, kudeaketa eta administraziorako. Aurrekontuko prozedurari jarraituz gauzatuko da jarduera ekonomikoa.

35. artikulua. Elkargoaren baliabideak.

Honako hauek osatzen dituzte elkargoaren baliabideak:

35.1. artikulua. Ohiko baliabideak:

a) Batzar Nagusiak finkatutako kuotak eta sartzeko eskubideak.

b) Batzar Nagusiak finkatzen dituen aldizkako kuota arruntak.

c) Gobernu Batzarrak elkargoko zerbitzuak direla-eta aldi baterako finkatzen dituen eskubideak eta tasak.

d) Elkargoaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen etekinak, eta, halaber, Elkargoaren kontuetan edo inbertsio-zorroetan jarritako funtsen etekinak.

e) Antzeko ezaugarriak dituen beste edozein, legez izan daitekeena.

35.2 artikulua. Aparteko baliabideak:

a) Batzar Nagusiak onartutako derramak edo ekarpen bereziak.

b) Dirulaguntzak edo dohaintza publikoak zein pribatuak.

c) Oro har, legez eskuratutako ondare-gehikuntzak.

d) Legez zilegi den beste edozein.

36. artikulua. Elkargoaren aurrekontua eta administrazioa.

Gobernu Batzarrak, urtero, honakook aurkeztuko ditu batzar nagusiak onets ditzan:

a) Aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa.

b) Hurrengo ekitaldirako aurrekontua. Onetsi ondotik, aurrekontuko partidak ezohiko egoeretan baino ez dira aldatzen ahalko, Batzar Nagusiaren erabakiz, xede horretarako egindako ezohiko batzar orokorrean.

c) Elkargoaren kontuak onesteko Batzar Nagusiaren bilkura egin aurreko hamabost egun naturaletan, elkargokide guztiek kontuak aztertzen ahalko dituzte.

37. artikulua. Elkargoa desegitea edo berregituratzea.

Elkargoa desegiteak edo berregituratzeak eraginik baldin badu bere ondarean, ondare hori erabiliko da, lehenbizi, pasiboa estaltzeko. Gelditzen den aktiboa esleituko zaie, ezartzen den moduan esleitu ere, elkargoa ordezten duten organismoei. Egoera hori gertatuko ez balitz, gainerako aktiboa esleituko zaie gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten elkargokideei, elkargokide izaten daramatzaten urteekiko proportzioan, betiere.

Nolanahi ere, Ezohiko Batzar Nagusiak gainerako aktiboaren beste likidazio-mota bat egiten ahalko du pasiboa estali ondotik.

V. TITULUA.–DIZIPLINA-AHALMENA ETA AIPAMEN ETA SARIEN ARAUBIDEA

38. artikulua. Diziplina-araubidea.

Elkargokideak eta kide anitzeko organoetako kideei diziplina-zehapenak ezartzen ahalko zaizkie beren lanbide-betebeharrak urratzen dituztenean, zeinak estatutu hauetan jasotzen baitira.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

38.1. artikulua. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Estatutuak eta elkargoko beste arau batzuk ez betetzea, bai eta lanbidearen betebehar profesionalak eta printzipio deontologikoak urratzea ere, gaizkinahirik gabe.

b) Elkargokidearen datu pertsonal eta profesionalen aldaketen berri ez ematea elkargoari, ezarritako epean.

c) Lankideekiko, elkargoarekiko eta haren zuzendaritza-organoekiko begirunerik gabeko egintzak egitea.

d) Interes orokorragatik behar bezala onetsitako eta justifikatutako elkargoko jarraibideen jarraipenik eza.

38.2. artikulua. Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

b) Argi eta garbi okerrak diren eta pazienteari kalte egiten dioten egintza profesionalak egitea.

c) Lankideen, elkargoaren eta zuzendaritza-organoen kontra nahita begirunerik ez izatea.

d) Ez ordaintzea, elkargoko kide izateagatik, urtea gainditzen ez duen epe bati dagokion zenbatekoa.

e) Elkargoko identifikazio-zenbakia ez adieraztea modu argian eta ongi ikusteko moduan, lan eta jarduketa guztietan.

38.3. artikulua. Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) Arau-hauste astunak behin eta berriz egitea.

b) Lanbide-intrusismoa edozein arlotan estaltzea edo sustatzea.

c) Auzibide batean iruzurra edo engainua antzematen duten egintza profesionalak egitea.

d) Estatutuak eta Elkargoak hartutako akordioak ez betetzea, lanbide-betebeharrak eta lanbideko printzipio deontologikoak urratuta edo urratu gabe, nahita, asmo txarrez eta/edo iruzurrez.

e) Ez ordaintzea, elkargoko kide izateagatik, urte bat baino gehiagoko epe bati dagokion zenbatekoa.

39. artikulua. Diziplinazko espedientea:

Edozein diziplina-zehapen ezartzeko, kasuan kasuko espedientea prestatu eta tramitatu beharko da aldez aurretik. Espedienteak arau hauek errespetatu behar ditu:

Gobernu Batzarrak erabakita emanen zaio hasiera prozedurari, bai bere ekimenez bai edozein kidek, pertsonak edo entitate publikok zein pribatuk egindako salaketaren ondorioz. Gobernu Batzarrak, salaketa bat jasotzen duenean edo ustezko arau-hausteren baten berri izaten duenean, informazio erreserbatua instruitzea erabakitzen ahalko du, espedientea irekitzea edo, egoki bada, jarduketak geroko errekurtsorik gabe artxibatzea erabaki baino lehen. Gobernu Batzarrak espedientea irekitzea adosten badu, Instrukzio Batzorde bat izendatuko da, hiru elkargokidek osatua.

Gainera, beste hiru pertsona hautatuko dira, ordezko gisa aritu daitezen Instrukzio Batzordean, behar izanez gero. Instrukzio Batzordea eratzeko, zozketa eginen da batzordekideen artean. Hautatutako pertsonek ez diote uko egiten ahalko Instrukzio Batzordean parte hartzeari, non eta ez badute ezinbesteko arrazoirik ziurtatzen. Gobernu Batzarrak dokumentu zuzentzaile bat eginen du, ezinbesteko arrazoitzat joko diren egoerak deskribatzen dituena. Hautetsiek interes-gatazken aitorpena egin beharko dute. Hautetsiaren objektibotasuna arriskuan jar dezakeen interes-gatazka aitorturen bat baldin badago, pertsona hori ordezkoren batekin ordeztea erabakitzen ahalko du Gobernu Batzarrak. Espedientea izapidetzeari dagozkion jarduketa guztiez hiru pertsonaz osatutako Instrukzio Batzordea arduratuko da; Gobernu Batzarrak izendatuko du batzorde hori. Espedientea ireki izana eta Instrukzio Batzordea izendatu izana espedientearen menpeko elkargokideari jakinaraziko zaizkio.

a) Instrukzio Batzordeari dagokio proba eta jarduketa guztiak egitea gertatutakoak argitzeko. Egindako jarduketak ikusita, kargu-orri bat prestatuko da, non leporatutako egintzak azalduko baitira edo, bestela, espedientea artxibatzeko eta largesteko proposatuko baita.

b) Kargu-orria interesdunari jakinaraziko zaio eta hamabost eguneko epea emanen zaio alegazioak egin eta erabili nahi dituen proba guztiak aurkeztu eta proposatzeko.

c) Instrukzio Batzordeak, epea bukatutakoan, ebazpen-proposamena eginen du gehienez hiru hilabeteko epean, eta interesdunari jakinaraziko zaio, hamabost eguneko epean bere defentsan egoki iruditzen zaion guztia alegatu ahal izan dezan. Epe horretan, egindako jarduketak jakinaraziko zaizkio.

d) Ebazpen-proposamena, jarduketa guztiarekin batera, Gobernu Batzarrari igorriko zaio, eta hark behar den ebazpena emanen du.

e) Zehatzen duten ebazpenetan egiaztatutako egintzen zerrenda, egiaztatutako arau-hausteak, haien larritasunaren kalifikazioa eta ezarritako zehapena jasoko dira. Egintzen zerrendak bat etorri beharko du espedientean formulatutako karguen orriarekin.

40. artikulua. Zehapenak.

Hona hemen ezar daitezkeen zehapenak:

a) Arau-hauste arinengatik: hitzezko kargu-hartzea, errepresio pribatua eta/edo idatzizko kargu-hartzea.

b) Arau-hause astunengatik: idatzizko kargu-hartzea jarduera eteteko ohartarazpenarekin, elkargokide-izaera eta lanbide-jarduna etetea gehienez ere hiru hilabeteko epean, eta/edo Gobernu Batzarrean elkargoko karguak betetzea etetea gehienez ere bost urterako.

c) Arau-hauste oso astunengatik: elkargokide-izaera eta lanbide jarduna hiru hilabetetik gora eta urtebetetik behera etetea, elkargoko zuzendaritza-karguak betetzeko desgaikuntza iraunkorra eta/edo elkargotik kanporatzea, elkargokide-izaera kenduta.

41. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

Arau-hausteen preskripzio-aldia sei hilabetekoa izanen da arau-hauste arinentzat, bi urtekoa astunentzat eta lau urtekoa oso astunentzat, eta preskripzioa eten eginen da diziplina-prozedura hasten denean.

Zehatuak Gobernu Batzarrari eskatzen ahalko dio birgaitzeko, eta, birgaituz gero, haren espedienteko oharra ezabatuko da. Zehapena betetzen hasten den egunetik zenbatzen hasita hiru hilabeteko epean egiten ahalko da eskaera hori, arau-hauste arina bada; urtebeteko epean, arau-hauste astuna bada; bi urteko epean, arau-hauste oso astuna bada; eta zazpi urteko epean, kanporatu bada.

42. artikulua. Ohorezko araubidea.

Gobernu Batzarrak ahalmena du merezi duten pertsonei sariak, ordainak eta dominak emateko.

43. artikulua. Elkargokideei eta kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzua.

43.1. artikulua. Lanbide Elkargoak artatu beharko ditu bere kideek aurkeztutako kexa eta erreklamazioak.

43.2. artikulua. Orobat, Elkargoak kontsumitzaile nahiz erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu bat izanen du. Zerbitzu horrek nahitaez tramitatuko eta ebatziko ditu elkargokideek Elkargoan edo lanbidean izandako jarduera dela-eta aurkezten diren kexak eta erreklamazioak, izan zerbitzu profesionalak kontratatzen dituen edozein kontsumitzailek edo erabiltzailek aurkeztuak, izan kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarte eta erakundeek haiek ordezkatuz edo haien interesak defendatzeko aurkeztuak.

43.3. artikulua. Profesionalen elkargoak, kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzu horren bitartez, kexari edo erreklamazioari buruzko ebazpena emanen dute, zer dagokion: dela gatazkak judizioz kanpo ebazteko sistemari buruzko informazioa emanez, dela espedientea elkargoko organo eskudunei igorriz informazio edo diziplina espedienteak irekitzeko, dela artxibatuz edo dela zuzenbidearen araberako beste edozein erabaki hartuz.

43.4. artikulua. Zerbitzu horren araudian, kexak elektronikoki eta urrutitik aurkezteko aukera jaso beharko da.

44. artikulua. Urteko memoria.

44.1. artikulua. Lanbide Elkargoa gardentasun-printzipioari lotuta dago bere kudeaketan. Horretarako, urteko memoria prestatu beharko du, gutxienez honako informazio hau duena:

a) Kudeaketa ekonomikoaren gaineko urteko txostena, langileen gastuak barne, behar adina zehaztuta Gobernu Batzarreko kideen ordainsariak, karguaren araberakoak.

b) Kontzeptuaren eta emandako zerbitzu motaren arabera zehaztutako kuoten zenbatekoa, bai eta haiek kalkulatu eta aplikatzeko arauak ere.

c) Informazio agregatua eta estatistikak instrukzio fasean dauden edo irmo bihurtu diren informazio eta zehapen prozedurei buruz, zer arau-hausteri buruzkoak diren, haien tramitazioa eta ezarri zaien zehapena adierazita, eta betiere, datu pertsonalak babesteko legeriarekin bat.

d) Informazio agregatua eta estatistikak kontsumitzaileek edo erabiltzaileek edo horiek ordezkatzen dituzten erakundeek aurkeztutako kexa eta erreklamazioei buruz, haien tramitazioari buruz, baita, bidezkoa denean, kexa edo erreklamazioa onetsi edo ezesteko arrazoiei buruz ere, betiere datu pertsonalak babesteko legeriarekin bat.

e) Kode deontologikorik izanez gero, haien edukian egindako aldaketak.

f) Gobernu Batzarreko kideek izan ditzaketen interes-gatazkak eta bateraezintasunei buruzko arauak.

g) Lanbide Elkargoaren jarduerari buruzko informazio estatistikoa.

44.2. artikulua. Urteko memoria web-orrian argitaratu beharko da, urteko lehen seihilekoan.

VI. TITULUA.–ARAUBIDE JURIDIKOA

45. artikulua. Aurkaratze-bidea.

45.1. artikulua.

a) Elkargoen egintzek, erabakiek, akordioek eta aholkuek errespetatuko dituzte Lehiaren Babesari buruzko uztailaren 3ko 15/2007 Legearen mugak.

b) Gobernu Batzarrak emandako administrazio-zuzenbidearen mendeko egintza, erabaki eta ebazpen korporatiboen aurka, diziplina-ahalmena eta elkargokide egiteko altei eta bajei buruzko ebazpenak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Batzar Nagusian, administrazio-bideari amaiera emanez. Gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabete batekoa izanen da, egintza berariazkoa izan bada; bestela, epea hiru hilekoa izanen da. Errekurtsoa ezetsitzat joko da hiru hilabeteko epean ebazpenik eman ez bada.

45.2. artikulua. Elkargokide egiteko altei eta bajei edo diziplina-ahalari dagokienez, Batzar Nagusiak edo Gobernu Batzarrak emandako egintza, erabaki eta ebazpenen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, edo administrazioarekiko auzien jurisdikzioan zuzenean aurkaratu.

Berraztertzeko errekurtsoa hilabeteko epean aurkeztu behar da, jakinarazpena egiten denetik edo argitaratzen denetik hasita, bata zein bestea legez nahitaezkoak diren kontuan hartuta, eta hilabetean espresuki ebazten ez bada, errekurtsogileak ukatutzat jo dezake.

45.3. artikulua. Zuzenbide administratiboari lotuta ez dauden elkargoaren gainerako egintza, erabaki eta ebazpenek legeria zibila, lanekoa edo besteren bat izanen dute arau, aplikagarri zaizkien neurrian.

45.4. artikulua. Elkargoaren egintzak, erabakiak eta ebazpenak berehala betearaztekoak dira; baina Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera, haiek erabaki dituen organoak, errekurtso-egileak eskatuta edo ofizioz, erabakitzen ahalko du betearazpena etetea, aurkaratutako egintza irmoa ez den bitartean.

45.5. artikulua. Elkargoko organoen ebazpenak eta egintzak, beren eskubide eta interesei eragiten dietenak, elkargokideei jakinaraziko zaizkie, jaso izanaren berri izateko bidea ematen duen edozein bide erabiliz, bai eta jakinarazitako egintzaren data, nortasuna eta edukia ere.

45.6. artikulua. Elkargoko organoen egintzak erabat deusezak dira, baldin eta badaude Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 47. artikuluan aurreikusitako kasuren batean.

45.7. artikulua. Elkargoko organoen egintzak deuseztagarriak dira baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 47. artikuluan ezarritako kasuetan badaude, baita estatutu hauek hausten badituzte ere.

VII. TITULUA.–ELKARGOA DESEGITEA

46. artikulua. Desegitea edo azkentzea.

Iraun nahia du CODINNA/NADNEOk, eta denbora-mugarik gabe eratu da bere helburuak betetzeko.

Nolanahi ere, Batzar Nagusiak desegitea erabakitzen ahalko du, Elkargo Profesionalei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legean (abenduaren 26ko 74/1978 Legeak aldatua) eta indarreko foru-legeetan edo-araudietan zehazten diren egoeretakoren bat gertatzen bada, edo ziurtatzen bada bere helburuak ez dituela gehiago betetzen ahalko. Elkargokideen bi herenen gehiengoa beharko da erabaki hori hartzeko.

Azken xedapen bakarra.–Estatutu hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko dira indarrean.

Iragarkiaren kodea: F2414069