2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA
Hondakinen kudeaketa arautzeko ordenantza aldatzea behin betiko onestea
Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak, 2024ko ekainaren 20an egin zuen saioan, hasiera batean onetsi zuen Iruñerriko Mankomunitateko Hondakinen kudeaketa arautzeko ordenantza aldatzea.
Onespen-akordioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean kaleratu zen, 144. zenbakikoan, 2024ko uztailaren 15ean, Batzar Nagusiak 2024ko urriaren 10ean hartu zuen akordioaren bidez alegazioak ebatzi ziren eta behin betiko onetsi zen ordenantza horren aldaketa, eta testua argitaratzeko agindu zen, egokiak diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko urriaren 10ean.–Lehendakaria, David Campión Ventura.
IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEKO HONDAKINEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA ALDAKETA
Lehen xedapen iragankorra.–Industrialdeetan atez ateko bilketa egiteko proiektu pilotua.
1. Erregulazio honen xedea da Iruñerriko Mankomunitateak, Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietatearen bidez, proiektu pilotu honen barnean dauden industrialdeetan eta enpresa-eremuetan (hemendik aurrera, "industrialdeak") sortzen diren etxeko hondakinak –7/2022 Legean, apirilaren 8koan, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzekoan, definitzen diren moduan– atez ate biltzeko zerbitzuak emateko eta erabiltzaileek zerbitzu horiek erabiltzeko izango dituzten baldintzak arautzea.
2. Zerbitzua emateko eraginetarako, erabiltzailetzat joko dira proiektu pilotu honen barnean dauden industrialdeetan dauden merkataritza-establezimenduen, industriakoen edo zerbitzukoen titularrak diren pertsona fisiko edo juridiko guztiak.
3. Bilketa atez ateko bilketa-sistema baten bidez egingo da. Edukiontziak erabiltzaile bakoitzak erabiltzekoak izango dira, berak bakarrik, erabiltzailearen establezimenduaren edo lokalaren barnean egon beharko dute nahitaez, eta erailtzaileak dagokion egunean atera beharko ditu, ezarrita dagoen bide publikoko tokira, eta behin bilketa eginda sartu egin beharko ditu.
4. Hondakinak ematen direnetik aurrera IZSAk izango du haien jabetza, eta hondakin horiek eragin ditzaketen kalteen erantzukizunetik libre geldituko dira erabiltzaileak, baldin eta hondakin horiek ematean ordenantza hau eta aplikagarria den gainerako araudia bete badira. Premisa horien pean, hondakinak emandakotzat joko dira bilketarako ibilgailuan kargatu direnean.
5. Proiektu pilotua Landabengo industrialdean hasiko da.
6. Egokia bada, Iruñerriko Mankomunitateak, lehendakaritzako ebazpen baten bidez, erabakiko du beste industrialde batzuk sartzea proiektu pilotuan.
7. IZSAk zuzenean edo bilketa-zerbitzuaren bidez emandako edukiontziak baino ezin izango dira erabili. IZSAk erabiltzaile bakoitzari frakzio bakoitzerako emandako edukiontzietan sartuta eman beharko dira hondakinak nahitaez.
8. Sortutako hondakin-motak eta hondakin-kantitateak horretara behartzen duenean, ez da beharrezkoa izango hondakinak edukiontzian sartzea, baldin eta aurretik eta berariaz eta modu indibidualizatuan adierazi badute IZSAko zerbitzu teknikoek. Nolanahi ere, baimen hori puntual moduan ulertu beharko da, eta IZSAk zehaztu eta erabaki ahal izango du modu horretan onartutako hondakinen kantitate maximoa eta hondakin horiek poltsa batean sartu behar ote diren, bota ahal izateko.
9. Emandako edukiontziak garbitzea eta haien mantentzea erabiltzaile bakoitzaren ardura izango da.
10. Erabiltzaile bakoitzaren ardura izango da dagokion egunean ateratzea edukiontzia IZSAk erabiltzaile bakoitzarentzat ezarritako tokira, eta barnera sartzea, behin bilketa egin denean. IZSAk zehaztutako bide publikoko tokian kokatu beharko dira edukiontziak, frakzio bakoitzerako finkatutako bilketa-ordutegia baino lehen, bilketa-zerbitzuak husteko. Behin bilketa-ibilgailuan hustu denean edukiontziaren karga, zerbitzua behartuta egongo da hartu duen toki berberean uztera. Gero, erabiltzaileek edukiontzi hutsak berriro sartuko dituzte beren establezimendura edo lokalera.
11. Bilketa-zerbitzua ez da arduratuko edukiontzietatik kanpo edo haien inguruan egon daitezkeen hondakinez, IZSAk erabiltzaile bati hondakinak edukiontzietatik kanpo uzteko baimena berariaz eta modu puntualean eman dion kasuan izan ezik.
12. Establezimenduaren jarduera bukatzen den kasuetan edo IZSAko zerbitzu teknikoek eskatzen dutenean, erabiltzaileek itzuli egin beharko dizkiote edukiontziak IZSAri.
13. Sortzen dituen etxeko hondakinen arabera, erabiltzaile bakoitzak edukiontzi-mota eta -kopuru bat jasoko du. IZSAri dagokio erabiltzaile bakoitzari eman beharreko edukiontzien mota eta kopurua erabakitzea.
14. IZSAk ematen duen zerbitzu bakoitzerako erabiltzaile bakoitzak eduki ditzakeen edukiontzien kopuru maximoa ezarri ahal izango du IZSAk.
15. Erabiltzaileak behartuta egongo dira frakzio bakoitzean onartzen diren hondakinei, haiek botatzeko moduei eta hondakinak biltzeari dagokion beste edozein alderdiri buruz IZSAko zerbitzu teknikoek eta berak berariaz baimendutako langileek emandako oharrak une oro jarraitzera.
16. Mota bateko hondakinak biltzeko den edukiontzi batean (i) etxeko hondakintzat jotzen ez diren hondakinak badaude edo (ii) frakzio horretakoak ez diren hondakinak badaude, bilketa-zerbitzuek edukiontziaren edukia hustu gabe utziko dute, hargatik eragotzi gabe dagozkion zehapenak. Erabiltzailearen betebeharra izango da onartu gabeko hondakinak berriro ere bere establezimenduaren edo lokalaren barnealdera sartzea. Kasu horretan, erabiltzaileak ezabatu beharko ditu gaizki sailkaturiko hondakinak, bilketa-zerbitzua erabili ahal izateko.
17. IZSAren zerbitzu teknikoek ezarriko dute hondakin-mota bakoitzerako bilketaren maiztasuna, modua eta ordutegia, eta erabiltzaileak nahitaez bete beharko ditu. IZSAk ematen dituen zerbitzu desberdinen bilketa-egutegi espezifikoa Iruñerriko Mankomunitatearen webgunean iragarriko da eta bai helburu horretarako ezar daitezkeen kanaletako beste edozeinetan ere.
18. Larrialdiarengatik edo ezinbesteak bultzatuta bilketako zerbitzu ohikoa eman ezin den kasuetan, eta IZSAk aurretik jakinarazita, erabiltzaileek ez dituzte hondakinak botako, zerbitzua normaldu edo IZSAk egokiak diren jarraibideak eman arte. Hondakinak utzi eta gero egiten bada jakinarazpena, erabiltzaileak berreskuratu egin beharko ditu, behar bezala gorde eta ez ditu emango zerbitzua normaldu edo IZSAk egokiak diren jarraibideak eman arte.
19. Gomendagarria da erabiltzaileak hizketakide bat izendatzea, hondakinen bilketarako egokien jotzen diren ekintzak koordinatzeko helburuarekin. IZSArekin elkarrizketa-eginkizunak egingo dituen pertsonaren datu pertsonalak ematen badira, datu horiek soil-soilik tratatuko dira zerbitzuaren jakinarazpenak egiteko, abisuak emateko eta/edo jakinarazpen pertsonalizatuak egiteko harremanetan jartzeko, eta zalantzak eta gorabeherak arin eta azkar konpondu ahal izateko.
20. Atez ateko bilketa-sistemaren erabiltzaileak pertsona fisikoak badira, datu pertsonalen tratamendua interes publikoan egindako misio bat betetzean egingo da, 7/2022 Legean, apirilaren 8koan, Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoan, ekonomia zirkular baterako, 25. artikuluan, ezarrita dagoenaren arabera. Helburua izango da atez ateko sistemaren eraginkortasun eta efizientziaren ezagutza kontrastatua lortzea, eta ondoren hedatzeko aukerak aintzat hartzea. Tratatutako datuak identifikaziokoak eta hondakinen bilketarekin lotutakoak izango dira (bildutako edukiontzien kopurua eta mota, eguna eta ordua, baztertutako hondakinak, zerbitzuko gorabeherak). Ez dago aurreikusita datu pertsonalen komunikaziorik. Organizazioak betetzetik eratorritako erantzukizunak eduki ditzakeen bitartean gordeko dira datuak. Era berean, 12/2007 Foru Legean, apirilaren 4koan, Artxibo eta dokumentuei buruzkoan, ezarrita dauden kontserbatze-arauak bete beharko dira.
Iragarkiaren kodea: L2414755