214. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Jarduera-lizentzia ematea. Sukaldedun taberna

Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak honako ebazpen hau eman zuen, 2024ko irailaren 2an:

REV 02-SEP-24 (6/EV).

«Ikusirik LIO/2024/463 espedientea, Pedro Luis Fernandez De Lascoiti Paguagak sustatua, Doma Gastronomica SL ordezkatuz, jarduera sailkaturako lizentzia eta obra-lizentzia eskatzeko, xedea izanik lokal bat egokitzea sukaldedun taberna baten jarduera ezartzeko (Jose Manuel Baena Martin kalea 5, behe solairua), eta ikusirik aurkeztutako alegazioak eta udal txosten teknikoak,

EBATZI DUT:

1. Aurkeztutako alegazioak ezestea, ondoko arrazoiak direla medio:

Jarduera sailkatuen lizentziek jendaurreko informazioaren izapidea bete behar dute. Izapide horretan, edozein pertsona fisikok edo juridikok egoki iritzitako alegazioak aurkezten ahal ditu. Alegazio horiek baloratu egin behar dira, alde batera utzita nork aurkezten dituen eta bere izenean edo beste batzuen izenean aurkezten dituen.

Lizentziak ematea egintza arautua da, eta ezin da ukatu, indarrean dagoen araudi aplikagarria betetzen bada.

Ez dago indarrean inolako mugarik eremu horretan ostalaritza-jarduerak instalatzeko ("eremu aseak" edo beste mota batzuk), eta ez da egokia halakorik ezartzea espediente hau izapidetzean.

Proiektatutako jarduera bat dator indarrean dagoen plangintzarekin eta araudiarekin, eta proiektuak, haren eranskinek eta lizentzia-baldintzek eskatzen diren neurri zuzentzaileak jasotzen dituzte. Neurri horiek betetzen direla egiaztatzen ez bada, ez da irekitzeko lizentziarik emanen.

Jarduerari aplikatzekoak zaizkion ordutegi-baldintzak dira Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duen 201/2002 Foru Dekretuan ezarritakoak.

Espediente honetan ez da sartzen lokalerako terrazaren instalazioa, eta horretarako dagokion baimena izapidetu beharko da.

Jarduera baten lizentzia izapidetzean, ez da egokia jada emandako lizentziak dituzten beste jarduera batzuk ukitzen dituzten baldintzak ezartzea.

Inguruko kaleak garbitzeari dagokionez, lizentzia hauen eremua lokalean jardutea da soilik, eta espediente honi ez dagokio horri buruzko neurriak ezartzea.

2. Eskatutako lizentziak ematea aurkeztutako proiektuaren arabera, betiere baldintza hauek betetzen badira:

Lanak eskatutakoari egokituko zaizkio. Obra osagarriren bat egiten bada, beste lizentzia bat eskatu beharko da.

2024-06-04an eta 2024-08-08an aurkeztutako eranskinak aurreko dokumentazioaren gainetik egonen dira, kontraesanik gertatuz gero.

Obrak egin bitartean jabari publikoko lurrak okupatu behar badira (edukiontzia jartzeaz gainera), aldez aurretik dagokion lizentzia eskatu beharko da.

Lokalaren edukierak 28 pertsona du muga.

Elikagaien Ikuskaritzaren 2023-10-25eko txostenean adierazitako gaiak: Jakinarazten zaio, jarduera hasi aurretik, establezimendua erregistratu beharko duela Elikagai Enpresen eta Elikagaien Osasun Erregistro Autonomikoan. Erregistro hori behar bezala izapidetzeko informazioa web-orri honetan dago: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Registro-Sanitario-Autonomico-de-empresas-alimentarias-y-alimentos.

Obra- eta jarduera-proiektuan jasotzen den bezala, soinu-emisioaren kontrol iraunkorreko mugatzaile-erregistratzaile bat instalatuko da, 75 dBA-ko mugarekin, muga hori gainditzen denean musika-ekipoen soinu-etendura eragiteko.

Estalkiko keak husteko hodiaren altuera 1 metro handiagoa izanen da, erdigunea tximinian duen 10 metroko erradioko zirkulu baten barruan kokatutako eraikin guztiena baino (Atmosferara kutsatzaileak botatzeko gai diren jardueren ezarpenari eta funtzionamenduari aplikatu beharreko baldintzak ezartzen dituen 6/2002 Foru Dekretuaren 20. artikulua, eta Iruñeko Udalaren Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuen –GOKA– ordenantzaren 10.3.B artikulua).

Fatxadako jarduketak beteko du Eraikingintza-ordenantza orokorraren 128. artikuluan xedatutakoa. Hala, tratamendu edo elementu osagarri apaingarriek ez dute fatxadaren lerrokadura gaindituko, justifikatutako moldurak edo estaldurak izan ezik. Dena den, horiek ezinen dira irten 10 cm-tik gora eraikuntzari eusten dion egituratik.

Instalatu eta une oro mantenduko dira dokumentazio teknikoan ezarritako suteen aurkako babeseko instalazioak eta ekipamenduak, eta horiek beteko dute Eraikingintzaren Kode Teknikoko (EKT) "DB SI - Suteetarako segurtasuna" oinarrizko dokumentuan, Suteen aurkako Babeserako Instalazioen Erregelamenduan eta aplikatzekoa den beste edozein araudi espezifikotan ezarritakoa.

Larrialdiko argiztapen-blokeak eta ebakuazio-seinaleak ezin izanen dira sabaian sartuta egon, eta sabaiaren azpitik gutxienez 30 cm-ra jarriko dira; bestela, sutea gertatuz gero, keak pilatzeak ez du eragotziko betetzea "DB SUA - Erabilera-segurtasuna eta irisgarritasuna" oinarrizko dokumentuko SUA 4 ataleko 2. apartatuan ezarritako zerbitzu maila funtzionalak (EKT).

Instalazioek eta makinek beteko dituzte berariaz eragiten dieten indarreko erregelamenduetan ezarritako baldintzak.

Aire girotuaren eta erauzketaren kondentsatuak saneamendu-sarera isuri behar dira.

Aplikatzekoak diren xedapenetan, azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legean ezarritakoa beteko da (Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko Foru Legea).

Obrak egitean, behar diren neurriak hartuko dira langileen, eraikinaren erabiltzaileen eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko, indarrean dagoen araudiarekin bat.

Obrak egitean, bete eginen dira indarreko araudian ezarritako zarata-mailak. Hauts-emisioak erabat kontrolatuta egonen dira, eta neurri egokiak hartuko dira zabaldu ez daitezen.

Lanak hasteko gehieneko epea 6 hilabetekoa da, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita. Obrak bukatu beharko dira hasi eta gehienez 8 hilabeteko epean. Lizentzia hau iraungitzat joko da, baldin epe horietan obrak hasi edo bukatu ez badira.

Behin obrak amaituta, aurkeztu behar da jarduera sailkatuaren hasieraren eta obren amaiera jakinarazteko erantzukizunpeko adierazpena (inprimakia eskuragarri dago Armada etorbideko 2-5.eko gure bulegoetan edo www.pamplona.es webgunean). Halaber, inprimakian ezarritako dokumentazioa aurkeztuko da, obraren amaierako ziurtagiria barne, eskaera-orria ematen den leku berean emandako ereduaren arabera».

Ebazpen hau argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 53.3 artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamendua).

Iruñean, 2024ko urriaren 3an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L2414505