214. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Jarduera-lizentzia ematea. Garaje mankomunatua eta barneko lorategia

Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak honako ebazpen hau eman zuen, 2024ko abuztuaren 1ean:

REV 01-AGO-24 (29/EV).

«Ikusi da LIO / 2023 / 2675 espedientea, Construcciones Tellechea SAk sustatu duena, zeinaren bidez eskatzen baita jarduera sailkaturako lizentzia bat, garaje mankomunatua eta barneko lorategia ezartzeko U.I. XXIII - Arrosadia unitateko A1.4 eta A1.5 lurzatietan. Era berean, ikusi dira udal txosten teknikoak, hortaz,

EBATZI DUT:

Eskatutako lizentzia ematea aurkeztutako proiektuaren arabera, betiere baldintza hauek betetzen badira:

Aurkeztu den jarduera sailkaturako proiektuak ez du zehazten mankomunatua osatzen duen lurzati bakoitzari dagokion gutxieneko plaza kopurua.

Komeni da argitzea garaje mankomunatua osatzen duten lurzati guztietarako beharrezkoa dela betetzea garaje-plazen estandarra, eta ez duela garrantzirik lurzati bakoitzak, bere aldetik, estandar hori betetzen duen ala ez. Proposamenak aparkaleku-plaza gehiago aurreikusten ditu araudiak ezartzen dituenak baino. Hala ere ez dago eragozpenik eskatutakoa eskuratzeko, lurzati bakoitzerako baldintza izanik, ezartzen den aparkaleku-plazen gutxieneko kopurua betetzea, hona hemen:

A1.1 lurzatia: Gutxieneko garaje-plaza kopurua: 32.

A1.2 lurzatia: Gutxieneko garaje-plaza kopurua: 44.

A1.3 lurzatia: Gutxieneko garaje-plaza kopurua: 64.

A14-5 lurzatia: Gutxieneko garaje-plaza kopurua: 59.

Era berean, ezein lurzatik ez du gaindituko unitateko jarduera sailkaturako proiektu honetan definitutako trastelekuen batez besteko azalera erabilgarria. Hauek dira azalera horiek:

A1.1 lurzatia: batez besteko azalera erabilgarria: 7.09 m²/tr.

A1.2 lurzatia: batez besteko azalera erabilgarria: 7.21 m²/tr.

A1.3 lurzatia: batez besteko azalera erabilgarria: 5.69 m²/tr.

A14-5 lurzatia: batez besteko azalera erabilgarria 8.46.m²/tr.

Lanak eskatutakoari egokitu behar zaizkio. Lizentzia honek ez du babesten obrak gauzatzea.

Bete beharko dira Iruñerriko Mankomunitatearen txostenean ezarritako baldintzak (txostena erantsi da).

Ez dira lizentzia honen xedekoak bide publikoan egin behar diren lanak ur-hornidurako sarera konektatzeko, suteetako ur-hargune hornituetarako (SUH). Izapidetu beharko da zanga egiteko behar den lizentzia, eta eskuratu Iruñerriko Mankomunitatearen aldeko txostena.

Aire biziatuaren irteera jartzean, ezin izanen da inolako ingurumen-aldaketa nabarmenik egin, ez eremu bizigarrietan, ez pasaguneetan, lurzorutik 2,50 m-tik gorako altueran. Zarata eta bibrazioa behar bezala isolatzeko behar diren isilgailuak eta babes akustikoko neurriak jarriko dira. Airearen irteera-abiadurak izan behar du 3 m/s baino txikiagoa, eta emariak izan behar du 1 m³/s baino txikiagoa.

Instalatu eta une oro mantenduko dira proiektuan ezarritako suteen aurkako babeseko instalazioak eta ekipamenduak, eta horiek beteko dute honako hauetan ezarritakoa: Eraikingintzaren Kode Teknikoa, Suteen aurkako Babeserako Instalazioen Erregelamendua eta aplikatzekoa den beste edozein araudi espezifiko.

Lurzatien barnean eta zoru publikorik okupatu gabe kokatuko dira kutxatilak, zapatak, aireztapenerako eta airearen erauzketarako kuku-leihoak, eta beste eraikuntza-elementu guztiak.

Garajetik datorren airearen irteerek ez dute ingurumen arloko eraldaketarik edo nahasmendurik sortuko kanpoko ingurunean.

Larrialdiko argiztapen-blokeak eta ebakuazio-seinaleak ezin izanen dira sabaian sartuta egon, eta sabaiaren azpitik gutxienez 30 cm-ra jarriko dira; bestela, sutea gertatuz gero, keak pilatzeak ez du eragin behar ez betetzea "DB SUA - Erabilera-segurtasuna eta irisgarritasuna" oinarrizko dokumentuko SUA 4 ataleko 2. apartatuan ezarritako zerbitzu maila funtzionalak (Eraikingintzaren Kode Teknikoa).

Ebakuazio-bitartekoen seinaleztapena eginen da DB SIko 3. ataleko 7. apartatuaren arabera.

Eremu okupagarrietan estaldura gisa erabiliko diren eraikuntza-elementuak honako hauek izanen dira: EFL zoruetan, eta C-s2,d0 hormetan eta sabaietan. Espazio ezkutu ez-estankoetan, sabai aizunetan eta zoru goratuetan, honako hauek izanen dira: BFL-s2 lurzoruetan, eta B-s3,d0 hormetan eta sabaietan. Gainera, beteko dute SI 1 ataleko 3. puntuan espazio ezkutuei buruz ezarritakoa.

Egitura-elementu nagusien suaren kontrako erresistentzia izanen da R 90 gutxienez.

Instalazioek eta makinek beteko dituzte berariaz eragiten dieten indarreko erregelamenduetan ezarritako baldintzak.

Erauzketaren kondentsatuak saneamendu-sarera isuriko dira.

Zonakatze akustikoaren, kalitate-helburuen eta emisio akustikoen arloetan, instalazioek eta jarduerak beteko dituzte Zaratari buruzko Legea garatzen duen 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak, instalazioari, funtzionamenduari, soinu-mailei eta bibrazioei dagokienez.

Aplikatzekoak diren xedapenetan, azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legean ezarritakoa beteko da (Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko Foru Legea).

Garajearen atalak gauzatzerakoan, fase bakoitzaren funtzionamendu bereizirako, eduki beharko da kasuan kasuko irekiera partzialeko lizentzia, eta, horretarako, atal bakoitzak bildu beharko ditu bereiz funtzionatzeko behar diren baldintzak, aplikatzekoa den araudia beteta. Garajearen atal bakoitza erabili aurretik, aurkeztu beharko da jarduera sailkatuaren funtzionamenduaren hasiera partzialeko erantzukizunpeko adierazpena, eta horretarako aurkeztu beharko da "obrak, eraikuntzak eta lokalak erabiltzeko, irekitzeko eta bukatzeko inprimakia", bai eta FINOBRA ereduko ziurtagiri teknikoa ere, inprimakian ezarritako gainerako dokumentazioarekin batera».

Ebazpen hau argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 53.3 artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamendua).

Iruñean, 2024ko urriaren 3an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L2414503