Iragarkia
212. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
761/2024 EBAZPENA, urriaren 8koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira laguntzak emateko behi-aziendaren Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoak eragindako kalte ekonomikoak konpentsatzeko 2024-2025 aldian, eta 2024rako laguntzen deialdia onesten baita. DDBN identifikazioa: 789766.
Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoa (GHE) gaixotasun biriko infekzioso bat da, ez-kutsakorra; culicoides generoko dipteroen espezie jakin batzuen ziztadaren bidez transmititzen da, intsektu horiek birusaren gordailu eta gaixotasunaren bektore biologiko baitira. Egun, zazpi serotipo daude deskribatuta eta Espainian 8. serotipoaren ondorioz ari dira abereak gaixotzen. GHEak hausnarkariei erasaten die, etxekoak zein basatiak izan, batez ere behi eta oreinei.
Oro har, behi-aziendarengan infekzio asintomatikoa edo infekzio kliniko moderatua eragin ohi du. Halere, batzuetan koadro kliniko larriak ere eragiten ahal dizkie abereei, epe ertain/luzerako sekuelak utzi edo abereak hiltzen ahal ditu. Behi-aziendaren erikortasun eta hilkortasun datuen arabera, alde handiak daude eremu geografikoen, abereen arrazaren, adinaren eta ekoizpen sistemen arabera. Gaixotasuna klinikoa denean, hauek dira behi-aziendak izan ohi dituen sintoma ohikoenak: sukarra, lesioak aho-mukosan, herrenak apatxen hanturaren ondorioz, mihiaren hantura, beherako hemorragikoa eta abortuak.
Europan GHEa 2022an detektatu zen aurrenekoz, eta haren ziklo epidemiologikoari buruzko zalantza ugari daude oraindik. Europar Batasuneko agerraldia 8. serotipoak sortu du; duela zenbait urte agertu zen Afrikako iparraldeko herrialdeetan eta litekeena da haizeak hango culicoides generoko diptero infektatuak gurera ekarri izana.
Gaixotasuna ustekabean sartu zen Europan eta oso zaila izan da hori kontrolatzea; izan ere, bektoriala da, abereek ez zuten horrekiko immunitaterik eta Europan ez zegoen horren aurkako baimendutako txertorik. GHEa oso azkar zabaldu da Espainiako hego-mendebaldetik penintsularen gainerako lurraldera 2023ko jarduera bektorialaren aldia hasi zenetik. Gaixotasuna lehenengoz detektatu zenetik, osotara 257 abeltzaintza eskualdetan agertu dela deklaratu da eta ia penintsularen lurralde osoa hartu du.
Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 1. artikuluan xedatzen denez, foru legearen helburuetako bat da Nafarroako abeltzaintzaren osasuna hobetzea, abereak jotzen dituzten eritasun infektokutsakorrei eta eritasun parasitarioei aurrea hartuz eta haiek kontrolatuz.
Gaixotasunaren ondorioz kaltetutako behi-aziendaren ustiategietan galera ekonomiko handiak egon dira, gaixotutako abereek behar izan dituzten albaitaritzako tratamenduen kostuak, ekoizpen galerak, abereen heriotzak eta prebentzioko tratamenduen (txertaketa, besteak beste) kostuak eraginda. Horrenbestez, beharrezkoa da administrazioak esku hartzea eta gaixotasunak eragindako kalteak arintzeko dirulaguntzak ematea.
Dirulaguntza hauek barne hartuko dituzte, alde batetik, gaixotasuna Nafarroan sartu zenetik abeltzainek eginiko gastuak, eta, bestetik, ebazpen hau onetsi ondoren seguruenik egin beharko dituztenak ere.
GHEa nahitaez jakinarazi behar den gaixotasun bat da, hala ezartzen baitute Europako Batzordearen 2020/2002 (EB) Betearazpen Erregelamenduak eta urriaren 10eko 779/2023 Errege Dekretuak, zeinen bidez ezartzen baita nahitaez deklaratu beharreko abere-gaixotasunen komunikazioa eta arautzen baita horren jakinarazpena egiteko modua Europar Batasunean eta Espainian, hurrenez hurren.
Halaber, GHEa D+E kategoriako gaixotasun gisa sailkatuta dago 2018/1882 (EB) Betearazpen Erregelamenduan. Beraz, horren arabera, zaindu beharko da eta neurriak hartu beharko dira gaixorik egon daitezkeen abereak beste estatu kide batzuetara lekualdatzean.
Era berean, Abere Osasunaren Mundu Erakundeak (ABME) GHEa lurreko animalien gaixotasunen zerrendan sartu zuen eta Lurreko animalientzako osasun kodean horiek lekualdatzeko baldintzak ezarri zituen. Hori dela eta, gaixotasuna Espainian agertzeak kalte handiak eragin ditu, beste herrialde batzuetan merkatu batzuk itxi behar izan baitituzte.
Beraz, egoera honen ezohiko ezaugarri ekonomiko eta sozialen ondorioz ezinbestekoa da lehenbailehen ahalik eta neurri eraginkorrenak hartzea, eta bermatzea kaltetuek adierazitako arauaren irizpideen araberako laguntza jasoko dutela; izan ere, interes publikoko arrazoi garrantzitsuak daude tartean eta abeltzaintzako sektoreak laguntza behar du ezohiko egoera honetan.
Laguntza hauek Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatuarekin bat datoz; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Gainera, abereen gaixotasun horrekin lotutako laguntzen araubidea hiru urteko epean ezartzen da, abereen gaixotasunak kostua edo kaltea eragin duen egunetik zenbatzen hasita, eta lau urteko epean ordaintzen du laguntza, data horrexetatik zenbatzen hasita. Beraz, bat dator Batzordearen 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 26.7 artikuluan xedatutakoarekin. Gogoratu behar da gaixotasuna Nafarroan jakinarazi zen lehenengo eguna 2023ko irailaren 26a dela.
Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita. Beraz, egoki da dirulaguntzak ematea arautzen duten oinarriak ezartzea, 2024-2025 aldian behi-aziendaren Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoak eragindako kalte ekonomikoak konpentsatzeko, eta 2024. urterako dirulaguntzen deialdia onestea.
Oinarri arautzaile hauek ez daude sartuta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, espezifikoak eta ondoren sortutakoak baitira.
Ikusita Abeltzaintza Zerbitzuaren txostena eta aurrekontu-baliabideak.
Ikusita ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaiola.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea 2024-2025 aldian behi-aziendaren Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoak eragindako kalte ekonomikoak konpentsatzeko laguntzak ematea arautzen duten oinarriak, ebazpen honen I. eranskinean jasotako moduan.
2. Onuradunak ebazpen honen hamabigarren oinarrian xedatutako gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du, esteka honen bitartez:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565
3. Onestea behi-aziendaren Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoak eragindako kalte ekonomikoak konpentsatzeko 2024. urterako laguntzen deialdia.
4. 2024an laguntza eskaerak aurkezteko epea hamar egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5. Ebazpen honek sortutako gastu-konpromisoei aurre egiteko, 2024ko ekitaldirako 138.771,00 euroko gastua baimentzen da, 2024ko gastuen aurrekontuko 710004 71300 4700 412210 ("Gaixotasun berriek eragindako galerak konpentsatzeko laguntzak") partidaren kargura.
6. Salbuetsitako laguntzaren neurriari buruzko informazio laburtua igortzea Batzordeari, jakinarazpen elektronikoa egiteko duen sistemaren bidez, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, esteka batekin batera, laguntzaren neurriaren testu osoa eskuratu ahal izateko, aldaketak barne, indarra hartu eta hogei egun balioduneko epean.
7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
8. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).
9. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Iruñean, 2024ko urriaren 8an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, LAGUNTZAK EMATEKO 2024-2025 ALDIAN BEHI-AZIENDAREN GAIXOTASUN HEMORRAGIKO EPIZOOTIKOAK ERAGINDAKO KALTE EKONOMIKOAK KONPENTSATZEKO
Lehen oinarria.–Helburua, xedea eta aplikazio eremua.
1. Ebazpen honen helburua da Nafarroako abeltzaintzaren osasuna hobetzea, Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoa prebenitu eta kontrolatuz, Nafarroako behi-aziendari erasaten dion gaixotasun infektokutsakorra eta parasitoa baita.
2. Ebazpen honen xedea da oinarri arautzaile batzuk ezartzea, Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategietan Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoak eragindako kalte ekonomikoak konpentsatzeko laguntzak emateko.
3. Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. 2022ko L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa.
4. Laguntzen araubidea indarrean egonen da argitaratzen den egunetik 2025eko abenduaren 31ra arte.
Bigarren oinarria.–Onuradunak eta laguntzak jasotzeko betebeharrak.
1. Laguntzen onuradunak izaten ahal dira lehen mailako nekazaritza ekoizpenean bakarrik aritzen den ETE aktiboaren izaera duten abeltzaintzako ustiategien titular fisiko edo juridikoak, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Horrez gain, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta izatea, zeina arautua baitago Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan. Ekoizpenerako eta ugalketarako behi-aziendaren ustiategi gisa sailkatutakoen titularrak izan beharko dute, haien sailkapena edozein dela ere behien Abeltegiak antolatzeko oinarrizko arauak ezartzen dituen abenduaren 27ko 1053/2022 Errege Dekretuaren arabera.
b) Krisian dagoen enpresa ez izatea, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan zehazten den bezala.
c) Saneamendu kanpainak Abeltzaintza Zerbitzuak ezarritako epean egitea.
d) Eskaera aurkezten denetik hasita azken 12 hilabeteetan, zehapen irmorik jaso ez izana osasunaren, identifikazioaren, abereen ongizatearen, higienearen edo elikadura-segurtasunaren arloko arau-hausteengatik.
e) Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, berreskuratze agindu bat bete beharra ez izatea.
2. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.
3. Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileek.
4. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
5. Europar Batasunaren araudiarekin bat, dirulaguntzen deialdia argitaratu ondoren, hori jasotzeko eskaera egiten ahalko da deialdia argitaratu zenetik eta aurreko hiru urtean ustiategietan izan diren gastuengatik. Ezin izanen da 2023ko irailaren 26a baino lehenago eginiko gastuengatiko eskaerarik egin, egun hartan egin baitzen GHEaren lehen jakinarazpena Nafarroako Foru Komunitatean.
Hirugarren oinarria.–Zenbatekoa, dirulaguntzaren muga eta laguntzaren intentsitatea.
1. Laguntzaren zenbatekoa abeltzaintzako ustiategietan GHEak eragindako kalte ekonomikoen araberakoa izanen da. Honako kostu hauek hartuko dira kontuan:
a) Gaixotasunarengatik hildako abereak.
b) GHEak erasandako abereen albaitaritzako tratamenduen kostuak.
c) Prebentzioko tratamenduen kostuak. Txertaketa eta antzeko prebentzioko tratamenduak egiteko dirulaguntza jasotzen ahalko da kaltetu gabeko eskualdeetan ere.
2. GHEaren ondorioz hildako abereengatiko laguntza emanen da martxoaren 18ko 389/2011 Errege Dekretuaren 1. eranskineko 1. puntuan ezarritakoari jarraikiz. Errege dekretu horren bidez abereengatiko kalte-ordainak emateko baremoa ezarri zen, eta ondorengo taulan adierazita daude horien zenbatekoak. 2023. urtean gaixotasunarengatik hildako aberetzat hartuko dira ustiategiko albaitariaren ziurtagirian ageri direnak. 2024. urtean eta hurrengoetan GHEagatik hildako aberetzat hartuko dira laborategiko diagnostiko bidez egiaztatutakoak.
LAGUNTZA (eurotan) | |
Haragitarako behi-azienda | |
Hilabetetik beherakoa | 147,13 |
Hilabetetik gorakoa eta 3 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 209,00 |
3 hilabetetik gorakoa eta 9 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 401,93 |
9 hilabetetik gorakoa eta 18 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 481,77 |
18 hilabetetik gorakoa eta 24 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 514,47 |
24 hilabetetik gorakoa eta 48 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 707,26 |
48 hilabetetik gorakoa eta 84 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 643,08 |
84 hilabetetik gorakoa eta 120 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 481,87 |
120 hilabetetik gorakoa | 321,54 |
Esnetarako behi-azienda | |
Hilabetekoa edo hortik beherakoa | 147,13 |
Hilabetetik gorakoa eta 3 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 209,00 |
3 hilabetetik gorakoa eta 10 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 602,56 |
10 hilabetetik gorakoa eta 17 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 682,39 |
17 hilabetetik gorakoa eta 24 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 715,09 |
24 hilabetetik gorakoa eta 48 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 907,88 |
48 hilabetetik gorakoa eta 72 hilabetekoa edo hortik beherakoa | 843,71 |
72 hilabetetik gorakoa | 321,54 |
3. Tratamendu gastuengatiko laguntzen kasuan, GHEaren kontrolean tratatutako abere gisa baliozkotuko dira ustiategietako albaitariek 2023an GHEaren foku deklaratu diren ustiategietan tratatu direla ziurtatu dituzten abereak. 2024an eta ondorengoetan, laborategiko proba diagnostikoa egin zaien eta, GHEari dagokionez, emaitza positiboa eman duten abereak baliozkotuko dira. Tratatutako abere bakoitzeko zenbatekoa 90 euro izanen da.
4. Prebentzio tratamenduen gastuetarako laguntzen kasuan, GHEaren aurkako txertoa jaso duten abereak prebentzio tratamendua hartutako abere gisa baliozkotuko dira. Txertatutako animalia bakoitzeko 5 euro emanen dira ustiategiko albaitariak egiaztaturik jarritako txerto bakoitzeko. Zenbateko horretan sartzen dira txertoaren kostua eta ustiategiko albaitariak jartzearena. Birtxertaketak ere diruz laguntzen ahalko dira, eta diru zenbateko bera emanen da.
5. Abeltzaintzako ustiategi bakoitzeko laguntzen zenbateko osoa ezin izanen da 10.000 eurotik gorakoa izan. Pertsona fisiko edo juridiko bat abeltzaintzako ustiategi baten baino gehiagoren titularra bada, muga hori onuradunari aplikatuko zaio, ezin izanen baitu 10.000 euroko muga gainditu, kaltetutako ustiategiak zenbat diren gorabehera.
6. Laguntzak ez dira erabiliko, Europar Batasunaren araudian ezarritakoaren arabera, onuradunak ordaindu behar dituen neurrien kostua ordaintzeko, salbu eta neurri horien kostua guztiz konpentsatzen bada onuradunek ordaindu beharreko nahitaezko ordainarazpenekin, bat etorriz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluaren 5. puntuan jasotakoarekin.
7. Kostu diruz lagungarrien ehuneko ehunekoak izanen dira, gehienez ere, onuradunak jasotako laguntzak eta beste edozein ordainketa, barne hartuta nazioko edo Batasuneko beste neurri batzuei jarraikiz egindako ordainketak edo aseguru-polizak edo mutua-funtsak, baldin eta 2022/24 (EB) Erregelamenduaren 26. artikuluaren 8., 9. eta 10. apartatuetan jasotako kostu diruz lagungarri berberetarako badira.
8. Balio erantsiaren gaineko zerga ez da diruz lagungarria, itzulgarria ez denean izan ezik.
Laugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea, lekua eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1. Laguntza eskaerak aurkezteko epea hamar egunekoa izanen da, urteko laguntzen deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Laguntza eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduko zaizkio. Eskatzailea pertsona juridiko bat baldin bada, telematika bidez aurkeztu beharko da eskaera, erregistro orokor elektronikoaren bitartez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoan dagoen fitxatik abiatuta: https://www.navarra.es/eu/tramiteak Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Eskaera horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori eskuratzen ahal da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan.
Eskatzailea pertsona fisiko bat bada, aldiz, aurrez aurre ere aurkezten ahalko du eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako lekuetatik edozeinetan.
3. Laguntza eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Gaitzaren fokua izan den ustiategiko albaitariaren ziurtagiria eta GHEaren ondorioz hil diren abereen zerrenda. Gainera, 2024tik aurrera, heriotzaren egiaztapena, laborategiko diagnostikoaren bidezkoa.
b) Gaitzaren fokua izan den ustiategiko albaitariaren ziurtagiria eta 2023an tratatutako abere gaixoen zerrenda. 2024an eta hurrengo urteetan, laborategiko diagnostikoaren bidez egiaztatutako abere gaixoen zerrenda.
c) Gaitzaren fokua izan den ustiategiko albaitariaren ziurtagiria eta, aurreko urteetan laguntzarik jaso ez duten abereen artetik, GHEaren txertoa hartu duten abereen zerrenda.
d) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten eskatzaileen kasuan.
e) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan ez dagoela dioena.
f) Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita ezen, eskaera aurkezten denetik hasita azken 12 hilabeteetan, ez duela zehapen irmorik jaso osasunaren, identifikazioaren, animalien ongizatearen, higienearen edo elikadura-segurtasunaren arloko arau-hausteengatik.
g) Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita ETEtzat hartzeko betebeharrak betetzen dituela, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 1. eranskinaren arabera.
h) Erantzukizunpeko adierazpena, diruz lagundutako jarduera bera finantzatzeko eskatutako edo jasotako beste laguntza batzuei buruzkoa.
i) Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita eskaera egiten den unean enpresa ez dagoela krisian, horretarako oinarri harturik "Batzordearen Komunikazioa-Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideak" izeneko agirian jasotako definizioa (2014ko 249. EBAO, uztailaren 31koa, 1. or.), eta ez duela jaso legez kanpoko laguntzarik Batzordearen erabaki batek bateraezintzat jo ondoren (dela laguntza indibidual bati dagokionez, dela laguntza-araubide bati dagokionez), itzuli edo banku-kontuan sartu ez duenik.
j) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, .........................................., nire izenean/......................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Nafarroan ................................................. laguntzen deialdia tramitatzeko prozeduraren barruan, ................... ekitaldian, egiazta dezan nik/ordezkatzen dudan entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ditudala/dituela".
k) Atal horretan ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak.
l) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.
m) Onuraduna pertsona juridiko bat bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala badagokio, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan praktikak izateagatik edo toleratzeagatik.
Bosgarren oinarria.–Dirulaguntza ematea.
Dirulaguntza zuzenean emanen da. Baldintzak betetzeagatik laguntzen hartzaile izan daitezkeen guztiek eskatutako zenbatekoen batura handiagoa bada deialdi honetarako baimendutako gastu-zenbatekoa baino, zenbatekoa hainbanatu eginen da, halako moduz non eskura dagoen zenbateko osoa onartutako eskaeren artean banatuko baita, eskatzaile bakoitzari dagokion gehieneko laguntza oinarri harturik.
Seigarren oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.
1. Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete behar ditu, eta, bereziki, Abeltzaintza Zerbitzuko albaitari ofizialei lagundu behar die gaixotasuna desagerrarazteko eskatzen zaizkion osasun jarduera guztietan.
2. Dirulaguntzaren onuradunek ustiategiko jarduera bi urtez gutxienez mantendu beharko dute, gaixotasuna diagnostikatzen den egunetik hasita.
3. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.
Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.
Eskaeren balorazioa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuari dagokio.
Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Laguntza hauek zuzeneko prozeduran emanen dira. Eskaera hartuta, egiaztatuko da eskatzaileak betetze dituen eranskin honetako bigarren arauan ezarritako betebeharrak. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere 10 eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
2. Agiri guztiak bildu ondoren, betebehar guztiak betetzen dituzten egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.
3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du, eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatu ondoren.
4. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta berariaz adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.
5. Prozeduraz ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.
6. Ez da laguntzarik emanen egiaztatzen bada aberearen gaixotasuna nahita eragin dela edo eskatzailearen axolagabekeriagatik sortu dela.
Bederatzigarren oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak eta betebeharren justifikazioa.
1. Ordainketaren gaineko ebazpena jarduera egin dela egiaztatu ondoren emanen da eta oinarri arautzaile hauetan zehaztutakoari jarraikiz egin bada. Nolanahi ere, laguntza ordaindu aurretik, bigarren oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen diren egiaztatuko da.
2. Laguntza banku transferentziaren bidez ordainduko da, ordainketa bakar batean, onuradunak eskaeran adierazitako kontuan.
3. Abeltzaintza Zerbitzuak behar diren ikuskapenak egiten ahalko ditu egiaztatzeko ea jarduketa diruz lagungarriak ebazpen honetan xedatutakoaren araberakoak izan diren.
4. Dirulaguntza ordaindu aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatuko du laguntzaren onuradunak bete egin dituen bai dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak, bai gardentasun betebeharra.
Hamargarren oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.
1. Ebazpen honetan ezarritako laguntzak metatzen ahalko dira, bat etorriz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan xedatutakoarekin.
2. Zehazki, beste edozein estatu-laguntzarekin metatzen ahalko dira, baldin eta laguntza neurri horiek identifikatzeko moduko kostu diruz lagungarri desberdinetarako badira.
3. Beste edozein estatu-laguntzarekin ere metatzen ahalko dira, zati batean edo osorik kostu diruz lagungarri berberei badagokie ere, baldin eta metatze horrek ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo laguntza horri aplikatu beharreko laguntzaren zenbateko handiena, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren arabera.
4. Laguntza hauek ez dira metatuko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 145. artikuluaren 2. apartatuan eta 146. artikuluan ezarritako ordainketekin, kostu diruz lagungarri berberei badagozkie eta metaketa horrek Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzen badu.
5. Laguntza hauek ez dira metatuko kostu diruz lagungarri berberei dagozkien beste "de minimis" laguntza batzuekin baldin eta horrek berekin badakar Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren III. kapituluan ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.
Hamaikagarren oinarria.–Ezarritako betekizunak eta baldintzak ez betetzea.
1. Bigarren oinarriaren 1. puntuaren a), b), c), eta d) ataletan ezartzen diren betebeharrak ez betetzeak berekin ekarriko du laguntzaren ordainketa ezestea.
2. Seigarren oinarrian ezarritako betebeharrak ez betetzeak berekin ekarriko du laguntza guztia itzuli beharra.
3. Diru-itzulketei, arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.
4. Inguruabar bereziren bat edo ezinbesteko egoeraren bat gertatu dela dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.
Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntza jasotzen dutenen gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan gertatzen den dedikazioaren araubidea.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):
Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, adierazitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
Hamahirugarren oinarria.–Jarraipena.
Ebaluazio organoak gorde beharko ditu Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamendu horretan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla zehazteko balio duten informazio eta egiaztagirien erregistro zehatzak. Erregistro horiek hamar urtez gordeko dira, laguntzen araubide honen arabera azken laguntza ematen den egunetik aurrera. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Batzordeari helaraziko dio erregelamendu horren aplikazioa kontrolatzeko erakunde horrek beharrezkotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio osagarri guztia, eta hori eginen du hogei egun balioduneko epean, edo epe luzeago batean, eskaeran hala finkatuz gero.
Hamalaugarren oinarria.–Publiko egitea eta informazioa.
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak honako informazio hau argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean:
a) Salbuetsitako laguntza-neurri honi buruzko informazio laburtua, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, esteka batekin batera, laguntza-neurriaren testu osoa eskuratu ahal izateko, aldaketak barne, indarra hartu eta hogei egun balioduneko epean.
b) Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren III. eranskinean aipatzen den informazioa, nekazaritza ekoizpenaren lehen sektorean aritzen diren onuradunentzat emandako 10.000 eurotik gorako banakako laguntza bakoitzari buruz.
2. Aurreko 1.b) atalean aipatzen den informazioa sei hilabeteko epean argitaratuko da, eta gutxienez hamar urtez mantenduko da. Bi kasuetan, laguntza ematen den egunetik aurrera hasiko da kontatzen epea.
3. Laguntzen araubidearen testu osoak erregelamendu horren berariazko aipamen bat jasoko du bereziki, haren izenburua eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zeneko erreferentziak adierazita, bai eta egintza horrek ukitzen dituen III. kapituluko xedapen espezifikoena ere, edo, hala badagokio, erregelamendu honetako xedapen egokiak betetzen direla bermatzen duen legeria nazionalarena. Laguntzen araubidearekin batera, aplikatu beharreko xedapenak eta horien aldaketak aurkeztuko dira.
4. Organo kudeatzaileak ematen diren dirulaguntzei buruzko informazioa igorri beharko du Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Iragarkiaren kodea: F2414634
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
