Iragarkia
212. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 18a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
78E/2024 EBAZPENA, urriaren 8koa, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, toki erakundeei landa merkataritza suspertzeko dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 789778.
Hurbileko Txikizkako Merkataritza Bultzatzeko Planak (2022-2025) "Landa merkataritza eta artisautza sendotzeko laguntza" izeneko 3.4 ildo estrategikoan ezartzen duenez, bere helburuetako bat da kontsumoa sustatzea landa merkataritzan, landa eremuan merkataritzan aritzeko modua modernizatzea eta eraldatzea eta Nafarroako landa eremuan hornidura, banaketa eta eskaintza baldintzak hobetzea.
Zehazki, "Negozio ereduak landa merkataritzan egokitzeko programa" izeneko 3.4.2 neurriak txikizkako merkataritzan aritzeko azpiegiturak eta merkataritzako espazio publikoak hobetzea du xede.
Kontuan harturik despopulazioaren faktorea eta biztanleriaren zahartze progresiboa, bai eta landa eremuko saltokien errentagarritasun apala, eremu horretan udal titulartasuneko lokalen egokitzapena sustatu nahi da, bertan jarduera anitzeko negozioak ezartzea ahalbidetzeko; horrela, merkataritza-lokal horretan batera betetzen ahalko dira txikizkako merkataritza, otorduen zerbitzua edo beste zerbitzu batzuk ematekoa. Ideia da negozio horietan oinarrizko zerbitzuak biltzea, hau da, bizilagunen sostengua sustatuko dutenak eta landa eremuan oinarrizko produktuen hornikuntza erraztuko dutenak, batez ere adinekoei begira, eta lurraldea egituratzeko modu bat ere izatea.
Txikizkako merkataritzak aberastasuna eta jarduera ekonomikoa sortzen ditu, herritarrei bizi kalitatea ematen die eta bizitza soziala eta herriak eta hiriak dinamizatzen eta egituratzen dituen elementu bat da. Horregatik, administrazio publikoek ere bere egin behar dute jarduera horren sustapena, elkarlan publiko-pribaturako mekanismoak erabiliz, eta bereziki beharrezkoa da landa eremuan, bertako biztanleria urriak eta kontsumo apalak ez dutelako erakargarri egiten ekimen pribatua.
Adierazitakoarekin bat, eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 250/2023 Foru Dekretuak ezarritakoaren arabera,
EBAZTEN DUT:
1. Toki erakundeei landa merkataritza suspertzeko dirulaguntzak emateko deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.
3. 87.910,00 euroko gastua baimentzea dirulaguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako hurrengo partidaren kargura finantzatuko da: G-830001-83100-7609-432104: Merkataritzako dirulaguntzak. Toki erakundeak. Merkataritzako hirigintzarako deialdia.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko urriaren 8an.–Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Pablo Ezcurra Fernández.
ERANSKINA.–DEIALDIA, TOKI ERAKUNDEEI LANDA MERKATARITZA SUSPERTZEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Oinarri arautzaile hauen xedea da landa eremuko toki erakundeei dirulaguntzak emateko araubide bat ezartzea, udal titulartasuneko lokalak egokitzeko eta moldatzeko lanak egin ditzaten, lokal horietan jarduera anitzeko negozioak jarri ahal izateko. Helburua da negozio horiek oinarrizko produktuen hornikuntza erraztea, batez ere adinekoei begira, eta lurraldea egituratzeko aukera ematea landa eremuan enplegua sortuz.
Deialdiaren helburua eta interes publikoa da merkataritza-zerbitzuen eskaintzarik ez duten toki erakundeetan negozioak sortzea eta txikizkako merkataritza-jarduera ekonomiko berriak ezar daitezen sustatzea.
2. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 87.910 eurokoa da, honela banatuta, proiektu diruz lagungarri motaren arabera:
JARDUKETA MOTA | ZENBATEKOA | |
A) | Proiektu teknikoak idaztea | 22.910 |
B) | Jarduera anitzeko lokalak egokitzea | 65.000 |
Zenbatekoa, guztira | 87.910 | |
Kreditu erabilgarria gelditzen bada jarduketa mota bateko eskaera guztiei erantzun ondoan, beste jarduketa motako eskaerei erantzuteko erabiliko da, beharrezkoa bada.
3. oinarria.–Inbertsioak gauzatzeko epea.
Jarduketa motaren arabera, hauek dira epeak:
1. Proiektu teknikoak idaztea: 2024ko urriaren 1etik 2024ko abenduaren 16ra, bi egunak barne.
Ondorio horietarako, proiektuak egintzat joko dira aipatu aldian fakturatu eta ordaindu badira.
PFEZa dela bide egindako atxikipenei dagozkien 2024ko hirugarren hiruhilekoko gastuak onartu eginen dira baldin eta 2025eko urtarrilaren 31 baino lehen egiten badira dagozkien ordainketak, egun hori barne.
2. Landa eremuan jarduera anitzeko lokalak egokitzea:
Jarduketa 2024an eta 2025ean eginen da, eta obrak amaituta eta jasota egon beharko dira 2025eko urriaren 31rako, egun hori barne; era berean, jarduera anitzeko lokalak jardunean egon beharko du 2025eko abenduaren 1erako, egun hori barne.
4. oinarria.–Erakunde onuradunak eta jarduketa diruz lagungarriek bete beharrekoak.
1. Erakunde onuradunak.
Dirulaguntza hauek eskatzen ahalko dituzte Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan aipatzen diren udalek eta gainerako toki erakundeek (aurrerantzean, toki erakundeak).
2. Betebehar orokorrak.
Betebehar orokor hauek betetzen dituzten toki erakundeak izan daitezke onuradun:
2.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoak, eta foru lege horren 13.2 artikuluan erakunde onuradun izateko ezarritako debekuetan sartuta ez egotea.
2.2. Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
2.3. Baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko, eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.
3. Jarduketa diruz lagungarriek eskaera aurkezten denean bete behar dituzten betebehar espezifikoak.
–Jarduketak dirulaguntza eskatzen duen toki erakundearen titulartasuneko instalazioetan edo higiezinetan egin behar dira.
–Toki erakundeak 1.000 biztanletik beherako populazioa izan behar du. Horretarako, kontuan hartuko da Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren otsailaren 1eko 9/2024 Foru Agindua, Nafarroako Kontzejuetako populazioaren zifrak, 2023ko urtarrilaren 1ari dagozkionak, ofizialtzat jotzen dituena.
–Lokalean ezarri nahi den negozioak nahitaez izan behar du oinarrizko elikagaien eskaintza. Eskaintza hori handitzen ahalko da, besteak beste, ekipamendu pertsonaleko produktuekin, etxerako produktuekin eta abarrekin, adibidez. Merkataritza-jarduera beste jarduera ekonomiko batzuekin batera bete daiteke, hala nola otordu zerbitzuekin edo bestelakoekin.
–Toki erakundean ez da egonen jardunean beste merkataritza-establezimendurik, ezarri nahi den negozioak ez baitu zuzeneko lehiarik eragin beharko.
5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.
Honako jarduketa hauek izanen dira diruz lagungarriak:
1. Proiektu teknikoak idaztea.
Proiektu teknikoak edo baloratutako memoria teknikoak idazteko ezinbestekoak diren zerbitzu tekniko profesionalengatiko ordainsariak onartzen dira, jarduera anitzeko lokalak instalatzeko udal titulartasuneko lokalak egokitzeko proiektuei buruzkoak direnean.
2. Jarduera anitzeko lokalak egokitzeko eta abian jartzeko inbertsioak.
a) Toki erakundeen jabetzakoak diren lokaletan merkataritza-establezimendu bat egokitzeko eta abian jartzeko behar diren inbertsioak onartzen dira, bai eta egiten direnak ere obrak eta instalazioen erreformak egiteko, lokala egokitzeko, kanpoko seinaleak jartzeko, altzariak eta ekipamendu espezifikoa erosteko, etab.
b) Halaber, ezinbesteko zerbitzu tekniko profesionalengatiko ordainsariak onartzen dira, aipatutako jarduerekin lotura zuzena dutenak, zehazki proiektu teknikoa idazteagatik eta obra-zuzendaritzarengatik. Bi kontzeptu horiengatik, diruz lagungarri gisa onartuko da aurreikusitako inbertsio diruz lagungarrien aurrekontuaren %20 gehienez, baina gastu horiek ez dira kontuan hartuko eskatutako inbertsioen gutxieneko zenbatekora iristeko.
Era berean, jarduketa mota honen azken justifikazioa aurkezteko unean, exekuzio materialaren azken zenbatekoaren %20 onartuko da, gehienez, proiektua idazteagatik eta obra-zuzendaritzagatik justifikatutako gastu gisa, behar bezala justifikatuta badago.
c) Jarduketek eragiten badiete eraikin oso bati edo beste obra osagarri batzuk (eskailerak, teilatuak berritzea, etab.) egiten badira jarduera anitzeko lokala egokitzearekin batera, dirulaguntzaren xede den jarduerarako zuzenean eta zalantzarik gabe bideratzen diren eraikuntza-lanen eta inbertsioen zati proportzionala baizik ez da diruz lagunduko.
6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehieneko dirulaguntza eta gutxieneko inbertsioa.
Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, diruz lagungarria den inbertsioaren zenbatekoari honako ehuneko hauek aplikatuko zaizkio.
Balio erantsiaren gaineko zerga diruz lagungarria da, toki erakundeak gastu hori berreskuratu edo konpentsatzen ahal duenean izan ezik.
Jarduketa diruz lagungarria zer motatakoa den, halakoak izanen dira gutxieneko inbertsio diruz lagungarria, dirulaguntzaren ehunekoa eta gehieneko dirulaguntza; hori guztia taula honetan ageri da xehatuta:
JARDUKETA DIRUZ LAGUNGARRIAK | GUTXIENEKO INBERTSIOA | DIRULAGUNTZA (%) | GEHIENEKO DIRULAGUNTZA JARDUKETA BAKOITZEKO | |
A) | Proiektu teknikoak idaztea | 1000 | 90 | |
B) | Jarduera anitzeko lokalak egokitzea | 15000 | 80 | 65000 |
7. oinarria.–Epea, eskaerak aurkezteko modua eta eskatzen den dokumentazioa.
1. Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak aurkezteko modua.
a) Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/merkataritza-eta-artisautza/laguntzak-eta-diru-laguntzak (hemendik aurrera, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko.
b) Dirulaguntza hau izapidetzeari dagokionez, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren jakinarazpen eta komunikazio guztiak telematikoki eginen dira, eta, horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala eta gaitutako helbide elektroniko bat (GHE) izatea.
c) Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatutakoa ez bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko gero aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoa egin denekoa izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
d) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakia erabiliz eginen dira izapidetze telematikoa egiten denean, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaizkio.
e) Toki erakunde bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du deialdian.
f) Toki erakundeak aldi berean A) eta B) motetako jarduketetarako laguntza eskatzen badu, B motakoa balitz bezala tratatuko da eskaera.
3. Laguntza eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskaerari erantsi behar zaion dokumentazioak formulario espezifikoaren araberakoa izan beharko du, eta agiri bereizietan eta behar bezala identifikatuetan aurkeztuko da. Hona hemen:
3.1. Erakunde eskatzailearen gaineko dokumentazioa.
Eskaera-orriak honako adierazpen hauek ditu:
a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, 4.2 oinarrian eskatutako betebehar orokorrak betetzeari buruzkoa.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, jarduketa bererako jasotako beste dirulaguntza batzuei buruzkoa.
c) Toki erakundeko Idazkaritzaren edo Kontu-hartzailetzaren erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, dirulaguntza eskaeraren xede diren jarduketei aplikatu beharreko balio erantsiaren gaineko zerga berreskuratzen edo konpentsatzen ahal den kontzeptua dela egiaztatzeko. Zati bat berreskuratzen ahal bada, adieraziko da hainbanaketaren zein ehuneko ez den izanen, inola ere, diruz lagungarria.
3.2. Jarduketa guztien gaineko dokumentazio komuna:
a) Dirulaguntza eskaeraren xedeko jarduketak azaltzen dituen deskripzio-memoria, bilduko duena gutxienez honako alderdi hauen gaineko informazio zehatz eta xehatua:
–Inbertsioak egitera bultzatzen duten arrazoiak, jarduketak eginez lortu nahi diren helburuak eta beren interesa merkataritzaren ikuspuntutik.
–Diruz laguntzen ahal den jarduketa aldian egin diren edo egiteko diren jarduketan deskripzioa.
–Jarduketak gauzatzeko kronograma eta dirulaguntza eskaera aurkezteko unean jarduketaren exekuzioa nola dagoen.
b) Toki erakundeko Idazkaritzaren ziurtagiria, egiaztatzen duena toki erakundea dela jarduketak eginen diren higiezinen edo instalazioen titularra eta haiek ukituko dituzten lurzati-zedulak zehazten dituena.
c) Toki erakundeko Idazkaritzaren ziurtagiria, egiaztatzen duena ezarri nahi den negozioak ez duela zuzeneko lehia eraginen udalerriko inongo merkataritza-establezimendutan, eta bertan saltokiren bat jardunean egonez gero, adierazi beharko dira saltoki horiek ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dauden epigrafeak.
1.3. Jarduketa mota bakoitzerako dokumentazio espezifikoa:
a) Egindako edo aurreikusitako inbertsioen zenbatekoa zenbatesteko, honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
–A) motako jarduketak: aurrekontuak, proformako fakturak edo azken fakturak aurkeztuko dira.
–B) motako jarduketak: amaierako proiektu teknikoa edo amaierako memoria tekniko baloratua aurkeztuko da.
b) Jarduketek eraikin oso bati eragiten badiote edo aldi berean beste obra osagarri batzuk egiten badira jarduera anitzeko lokalaren egokitzapenarekin batera, proiektua idatzi duen taldearen ziurtagiri tekniko bat aurkeztuko da, lokal horri egotz dakizkiokeen aurreikusitako inbertsioen zenbatekoa egiaztatzen duena. Dirulaguntzaren xede den jarduerara zuzenean eta zalantzarik gabe bideratzen diren eraikuntza lanen eta inbertsioen zati proportzionala baizik ez da diruz lagunduko.
1.4. Dirulaguntzaren aurrerakina eskatzeko dokumentazioa.
Toki erakundeko Idazkaritzaren edo Kontu-hartzailetzaren ziurtagiria, egiaztatzen eta justifikatzen duena onartutako dirulaguntzaren aurrerakina lortzeko beharra dirulaguntzaren helburuak betetzeko, erakundearen aurrekontu-exekuzioaren edo diruzaintzaren egoera-orrien arabera.
3.3. Eskaerak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, edo osorik ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio zuzendu dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, zuzentzeko errekerimendua jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.
1. Laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira; beraz, proiektu mota bakoitzeko aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun hurrenkera ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 6. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, jarduketa mota bakoitzerako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Kreditu erabilgarria gelditzen bada jarduketa mota bateko eskaera guztiei erantzun ondoan, gainerako jarduketen eskaerei erantzuteko erabiliko da, 2. oinarrian ezarritakoarekin bat.
Baimendutako kreditua aski bada dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen eskaeren lehentasun zerrenda prestatzea.
Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.
Eskatzaileren bati ezin bazaio eman legokiokeen laguntza osoa, kreditu aski ez dagoelako, laguntzak emateko ebazpena baino lehen 3 egun balioduneko epea emanen zaio adieraz dezan ea ados dagoen berarentzat aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoarekin edo proiektua birformula dezan neurri egokia emanda.
2. Balorazio irizpideak.
Zk. | IRIZPIDEA | XEHETASUNA | PUNTUAK |
1 | Saltokia ezarriko den toki erakundeko biztanle kopurua | 250 biztanle arteko toki erakundeak | 30 |
251 eta 500 biztanle arteko toki erakundeak | 25 | ||
501 eta 750 biztanle arteko toki erakundeak | 20 | ||
751 eta 1.000 biztanle arteko toki erakundeak | 15 | ||
2 | Lurraldeko despopulazio arrisku-mailaren indizea | Muturreko arriskua | 30 |
Arrisku bizia | 25 | ||
Arrisku nabarmena | 20 | ||
Gainbehera bizia | 15 | ||
Gainbehera moderatua | 10 | ||
Ahula | 5 | ||
Arriskurik gabe | 0 | ||
Gehieneko puntuazioa | 60 | ||
3. Eskaeren arteko puntuazio berdinketak ebazteko prozedura.
Lehentasuna izanen du 1. irizpidean puntu gehien lortu dituen toki erakundeak eta, berdinketa gertatuz gero, biztanle gutxien duenak.
9. oinarria.–Deialdiaren tramitazioa eta ebazpena.
1. Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, laguntzen organo kudeatzailea baita, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, kontuan izanik zer jarduketa mota den, eta organo eskudunari ebazpena emateko proposamena helaraziko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
2. Dirulaguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia da.
Ebazpenean honako hauek jasoko dira gutxienez:
a) Erakunde onuradunen zerrenda proiektu mota bakoitzeko, 8. oinarriaren arabera lortutako puntuazioaren hurrenkeran, behar denean, eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik ezetsi direnak ere jasoko dira.
Ebazpena gehienez ere hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
Eskatutako dirulaguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, esanbidezkoak edo isilbidezkoak izan, eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
10. oinarria.–Egindako jarduketak frogatzeko epea, modua eta dokumentazioa.
1. Egindako jarduketen justifikazioa epe hauetan aurkeztuko da:
1.1. Proiektu teknikoak idaztea (A motako jarduketak). Edozein unetan aurkeztuko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, eta azken eguna 2024ko abenduaren 16a izanen da, egun hori barne.
2024ko hirugarren hiruhilekoko PFEZaren atxikipenei dagozkien ordainketen justifikazioa 2025eko otsailaren 10era arte aurkeztuko da, egun hori barne.
1.2. Jarduera anitzeko lokalak egokitzea (B motako jarduketak). Edozein unetan aurkeztuko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, eta azken eguna 2025eko abenduaren 31 izanen da, egun hori barne.
2. Aurkezteko modua.
Justifikazioa telematikoki aurkeztuko da laguntzaren fitxa erabiliz. Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak justifikatzeko erregistrorako esteka bat egonen da, eta Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.
3. Egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa.
Honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, eskaneatuta, agiri bereizietan eta behar bezala identifikatuetan:
a) Azken memoria zehatza, deskribatzen dituena egindako jarduketa guztiak eta dirulaguntzaren xede izan den jarduketaren exekuzioaren azken kostua , bai eta hasieran aurreikusitako jarduketarekiko izandako desbideratzeak ere, halakorik bada.
b) Aurkeztutako fakturen zerrenda xehatua eta sailkatua, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
c) Egindako inbertsioei dagozkien fakturen kopia; Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, dirulaguntzaren onuradunaren izenean jaulkiak beharko dira. Ez da beharrezkoa eskaerari erantsitako fakturak berriz aurkeztea.
d) Bankuko egiaztagiriak, fakturak ordaindu direla frogatzen dutenak.
e) Jarduketak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela publikoki agertzeko betebeharra bete dela frogatzeko argazkiak edo agiriak edo web esteka.
f) Toki erakundeko Idazkaritzaren ziurtagiria honako inguruabar hauek egiaztatzen dituena edo haiei buruzko informazioa ematen duena:
–Dirulaguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztien kontratazioan Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezartzen diren legezko aginduak bete direla.
–Dirulaguntzaren xedeko jardueren finantzaketa: adierazi behar dira, dirulaguntza honetaz gain, dirulaguntzaren xedeko jarduketak finantzatu dituzten beste funts batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa (funts berekiak, bestelako baliabideak edo bestelako dirulaguntzak).
–Dirulaguntzaren xede diren jarduketak burutu direla; bestela, obren harrera-akta edo obra amaierako ziurtagiria.
g) Jarduera anitzeko lokalak egokitzea:
–Dirulaguntzaren xedeko jarduketen argazkiak, jarduketak egin aurreko egoera eta ondorengoa egiaztatu ahal izateko.
–Jarduera anitzeko lokala kudeatuko duen erakundeari edo pertsonari buruzko informazioa, lokala jendearentzat irekitzeko aurreikusitako data adierazita, baita hura hautatzeko erabilitako prozedura ere.
–Hala badagokio, obra-zuzendaritzaren ziurtagiri teknikoa, egiaztatzen duena lokal horri egotz dakizkiokeen inbertsioen zenbatekoa, obrek eraikin oso bati eragiten badiote edo beste obra osagarri batzuekin batera egiten badira.
h) Proiektu teknikoak idaztea: proiektu teknikoa edo memoria baloratua, dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia eta/edo onartua.
11. oinarria.–Aurrerakinen aurreikuspena.
1. Emandako dirulaguntza osoaren aurrerakin bat emanen da, soilik jarduera anitzeko negozioetarako lokalak egokitzeko emandako dirulaguntzen kasuan, baldin eta erakunde eskatzaileak justifikatzen badu funtsak behar direla dirulaguntzaren xedeak betetzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.2) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
2. Ondorio horietarako, erakunde eskatzaileak, laguntza eskaerarekin batera, toki erakundeko Idazkaritzaren edo Kontu-hartzailetzaren ziurtagiri bat aurkeztuko du, egiaztatzen duena lortutako dirulaguntzaren aurrerakina behar duela, erakundearen aurrekontu-exekuzioaren edo diruzaintzaren egoera-orrien arabera.
3. Aurrerakina laguntza ematean ordainduko da, eta erakunde onuradunak egindako jarduketen justifikazioa aurkeztu ondoren erregularizatuko da; horrela, horretarako behar den zenbatekoa justifikatzen ez bada, ordaindutako dirulaguntzaren soberakina itzultzeko eskatuko da.
12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Egindako A) motako jarduketen frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jarduketa horiei dagokien ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko du Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, eta txosten bat gehituko du, frogatzen duena erakunde onuradunak betetzen dituela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak.
2. B) motako jarduketetarako emandako dirulaguntza aldez aurretik ordainduko da, aurreko oinarrian aurreikusitakoaren arabera.
3. Edozein jarduketatarako emandako dirulaguntzak ordaintzeko ebazpena 2024ko abenduaren 31 baino lehen emanen da.
13. oinarria.–Erakunde onuradunen betebeharrak.
1. Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntzaren xedeko jarduketak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan.
b) Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari jakinaraztea, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik 10 egun balioduneko epean, emandako dirulaguntzari uko egiten zaiola, diruz lagunduriko ekintzak ez badira egin behar deialdian ezarritako epeetan.
c) Dirulaguntzaren xede izan den inbertsio proiektuan egin nahi diren funtsezko aldaketen berri ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Eta dirulaguntzaren xedeko jarduketaren bat ez bada ezarritako epean egin behar, horren berri ere ematea. Zerbitzu horrek baimendu beharko du proiektuaren edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen den proiektuaren helburuak.
d) Dirulaguntzaren xede diren jarduketen gaineko informazio eta publizitate guztietan (irratiko iragarkiak, aurkezpenak edo webguneak) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso dutela adierazi beharko da.
e) Dirulaguntza behar bezala iragartzea, honela:
A motako jarduketak: Proiektu teknikoaren edo memoria baloratuaren agiriak honako testu hau izanen du azalean: "Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak diruz lagundutako jarduketa, 2024an, tokiko erakundeei landa merkataritza suspertzeko laguntzak emateko deialdian".
B motako jarduketak: Dirulaguntza emateko ebazpena ematen denetik 3 urteko epean, toki erakundearen webgunean honako inskripzio hau txertatuko da: "Toki erakunde honek Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntza jaso du, toki erakundeei landa merkataritza suspertzeko dirulaguntzak emateko deialdian".
Era berean, merkataritza-lokalaren leku ikusgarri batean, jendearentzat irekitzen denetik 3 urtez, kartel bat jarrita egonen da, Nafarroako merkataritza-marka eta inskripzio hau barne direla: "Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak diruz lagundutako jarduera".
f) Jarduera anitzeko merkataritza-lokala dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzea, gutxienez ere 3 urtez, lokala irekitzen den egunetik aurrera.
g) Jarduera anitzeko lokala martxan jartzea eta jendearentzat irekitzea 2025eko abenduaren 1erako, egun hori barne.
h) Jarduera anitzeko merkataritza-lokalaren kudeaketa esleitzeko hautaketa-prozedurari hasiera ematea, behar bezalako aurreikuspen eta arretarekin, jarduera anitzeko lokala lehen adierazitako egunean jendearentzat ireki ahal izateko.
i) Proiektu teknikoak idazteko lortutako dirulaguntza itzultzea, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere, erakunde onuradunak proiektu hori aurkezten ez badu, hura gauzatzeko dirulaguntza jaso ahal izateko, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak edo Nafarroako Gobernuko beste zuzendaritza nagusi batzuek 2025ean edo 2026an toki erakundeentzat egin ditzaketen deialdietan.
j) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
Oinarri honen d) eta e) ataletan ezarritako epeak betetzen ez badira, zenbat denbora falta den betebeharra betetzeko, horren araberako zuzeneko proportzioan zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa.
14. oinarria.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Dirulaguntza hauek bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.
Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntza eta Laguntza Publikoen Publizitate Sistema Nazionalaren bitartez: https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/inicio .
Era berean, emandako dirulaguntzak laguntzaren fitxan argitaratuko dira eta honako hauek adieraziko dira: deialdia, zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, erakunde onuradunak eta emandako diru kopurua.
16. oinarria.–Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.
Iragarkiaren kodea: F2414646
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
