212. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

3700/2024 EBAZPENA, urriaren 7koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Juan Luis de Pedro Rodrigo jauna Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionario izendatzen baita, erdi mailako tituludunen (administrazioa) lanpostuan aritzeko, eta lanpostua esleitzen baitzaio.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren urriaren 26ko 2808/2022 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako tituludunen (administrazioa) hiru lanpostu, gehienez ere, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko sarrera-prozeduraren deialdia onetsi zen, hori guztia enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuen esparruan. Ebazpen hori 2022ko 224. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 14koan.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 26ko 350/2023 Ebazpenaren bidez, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsi zen. Ebazpen hori deialdiaren web-fitxan argitaratu zen, 2023ko otsailaren 13an.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ekainaren 13ko 2148/2023 Ebazpenaren bidez, deialdian onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi zen. Ebazpen hori deialdiaren web-fitxan argitaratu zen, 2023ko ekainaren 19an.

Oposizio-lehiaketa bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak izendapen proposamena aurkeztu zuen, puntuazio handienak izateagatik eta deialdian eskatutako betebeharrak betetzeagatik deialdiko lanpostuetan sartzen ahal ziren izangaiak adierazita. Proposamen hori deialdiaren web-fitxan argitaratu zen 2024ko ekainaren 25ean, eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren uztailaren 24ko 2786/2024 Ebazpenaren bidez izendapena egin zen.

Yolanda Zazo Gómez andreari borondatezko eszedentzia eman zitzaion, horretarako epearen barruan eta lanpostuaz jabetu zen egunetik aurrerako ondorioekin, administrazio berean beste lanpostu batean ari zelako. Hori horrela, 2024ko irailaren 18an, deialdiaren web-fitxan izendapen proposamen osagarria argitaratu zen, bertan Juan Luis de Pedro Rodrigo jauna jasota, txanda irekiko izangaien zerrendan hurrengoa bera delako.

Eskatutako dokumentazioa behar zen epean aurkezturik eta proposatutako izangaiak betebeharrak betetzen dituela egiaztaturik, bidezkoa da izendapena egitea eta dagokion lanpostu hutsa esleitzea.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Juan Luis de Pedro Rodrigo jauna Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionario izendatzea, erdi mailako tituludunen (administrazioa) lanpostuan aritzeko, eta plantilla organikoan 9840 zenbakia duen lanpostua esleitzea. Lanpostu hori Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiari atxikita dago, B motako gidabaimenaren betebeharra du, eta destinoa Iruñean.

2. Izendatutako izangaiak 2024ko urriaren 21ean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian.

Lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu.

3. Ebazpen hau igortzea Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzura, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzura eta Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzura, eta interesdunari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

4. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

Iruñean, 2024ko urriaren 7an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

Iragarkiaren kodea: F2414613