1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
2334/2024 EBAZPENA, urriaren 8koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez aldatzen baita 2024-2025 ikasturtean Batxilergoko XV. Eztabaida Lehiaketa egiteko deialdiaren laugarren oinarria –deialdi hori 2024ko ekainaren 25eko 1385/2024 Ebazpenaren bidez onetsi zen–.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2024ko ekainaren 25ean emandako 1385/2024 Ebazpenaren bidez, onetsi egin zen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Batxilergoko XV. Eztabaida Lehiaketa egiteko deialdia, eta dagokion gastua baimendu zen (2024ko uztailaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ebazpena).
Eztabaida Lehiaketaren aurreko deialdietan bezala, honako hau ezarri zen aipatutako deialdiaren I. eranskineko laugarren oinarriaren bigarren paragrafoan: "NUPek 16 ikastetxe onartuko ditu gehienez gaztelaniazko taldean, eta 4 euskarazkoan. Ikastetxeak hautatzeko, izen-emateko ordena hartuko da kontuan. Izena ematen duten ikastetxeetako 4rekin gehienez ere, talde bat osatuko da lehiaketa osoa euskaraz egiteko. Euskaraz lehiatzeko 3 edo 4 ikastetxek izena ematen ez badute eta euskarazko talde bat osatzeko modurik ez badago, postu horiek gaztelaniazko lehiaketari gehituko zaizkio."
Aurten, lehiaketan euskaraz parte hartzen duten ikastetxeen kopurua handitzeko asmoz, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzan ekintza espezifikoak egin dituzte parte-hartze hori bultzatzeko. Estrategia horren ondorioz, areagotu egin da lehiaketan euskaraz parte hartzeko interesa; hain zuzen, XV. Txapelketa honetan, 7 ikastetxek egin dute euskarazko modalitatean parte hartzeko eskaera.
Azaldutakoagatik, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak Batxilergoko XV. Eztabaida Lehiaketa egiteko deialdiaren I. eranskineko laugarren oinarriaren bigarren paragrafoa aldatzea proposatu du, euskarazko modalitatean izena eman duten 7 ikastetxeek aukera izan dezaten modalitate horretan parte hartzeko.
Horrenbestez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluaren babesean eman zaizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Aldatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2024ko ekainaren 25ean emandako 1385/2024 Ebazpenaren I. eranskineko laugarren oinarriaren bigarren paragrafoa –ebazpen horren bidez deialdi bat onetsi zen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Batxilergoko XV. Eztabaida Lehiaketa egiteko–, honela:
NUPek 16 ikastetxe onartuko ditu gehienez gaztelaniazko taldean, eta 7 euskarazkoan. Ikastetxeak hautatzeko, izen-emateko ordena hartuko da kontuan.
Bigarrena.–Ebazpen hau jakinaraztea Batxilergoko XV. Eztabaida Lehiaketan euskarazko modalitatean izena eman duten Batxilergoko 7 ikastetxeei, eta agintzea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.
Hirugarrena.–Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako Auzitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere ebazpena jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2024ko urriaren 8an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
Iragarkiaren kodea: F2414682