211. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 17a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

TRANTSIZIO EKOLOGIKORAKO ETA ERRONKA DEMOGRAFIKORAKO MINISTERIOA

Ebazpena, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena ematen baitzaizkio Abeto New Energy SLri 84,24 MW-eko potentzia instalatuko "Abeto New Energy" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituren aldaketetarako, Erriberriko eta Tafallako udal-mugarteetan, Nafarroan, eta haren onura publikoa zehazki deklaratzen baita, ebazpen honetan ezarritako moduan. SEE/DGPEM/SGEE/Ebazpena AAP mod, AAC eta DUP (pfot-269)

Abeto New Energy SLk (aurrerantzean, sustatzailea) 2020ko azaroaren 10ean aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen 93 MW-eko "Abeto New Energy" instalazio fotovoltaikorako eta haren ebakuazio-azpiegiturarako, Erriberriko eta Tafallako udal-mugarteetan, Nafarroan (2020ko abenduaren 12an zuzendu zuen eskaera). Ebakuazio-azpiegiturak elementu hauek ditu: instalazio fotovoltaikoko 66/30 kV-eko azpiestazioa, 66 kV-eko ebakuazio-linea, 220/66 kV-eko Promotores Tafalla azpiestazioa eta 220/66 kV-eko ebakuazio-linea, Promotores Tafalla AEtik REEren jabetzako Tafalla AEra bitartekoa. Era berean, sustatzaileak onura publikoa zehazki deklaratzeko eskatu zuen instalazioko azpiestazioa eta Promotores azpiestazio kolektorea konektatzen dituen 66 kV-eko lurpeko linearako.

Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko uztailaren 20ko Ebazpenaren bidez, aurretiazko administrazio-baimena eman zitzaion Abeto New Energy SLri 75 MW-eko potentzia instalatuko "Abeto New Energy" eguzki-instalazio fotovoltaikorako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako, Erriberriko eta Tafallako udal-mugarteetan, Nafarroan (aurrerantzean, aurretiazko administrazio-baimenaren ebazpena); 2023ko 183. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 2koan.

Aurretiazko administrazio-baimenaren ebazpen horretan jasotakoaren arabera, onura publikoaren deklarazioa ezin da ebatzi, eskatutako baldintza materialak bete ez direlako eta, beraz, deklarazio hori eskatu beharko da eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaerarekin batera.

Sustatzaileak konpromisoa hartu zuen proiektuan zenbait aldaketa egiteko, bat etorriz aurretiazko administrazio-baimenaren ebazpenean xedatutakoarekin eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluarekin eta hurrengoekin bat etorriz egindako tramitazioaren ondorioz (errege dekretu horren bidez arautzen dira argindarra garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedura). Aldaketa horiek, funtsean, honako hauek dira:

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ezarpena aldatzen da, eta hesituraren azalera murriztuko da: 144,63 ha-tik 117,99 ha-ra.

–Modulu fotovoltaikoen potentzia handitzen da eta jarraitzaileen egitura aldatzen da. Ezarpenaren azalera murriztu ahal izateko, 540Wp-eko "JINKO JKM540M-7RL4-V" modulu monokristalinoa ordezkatu da, 585Wp-eko "JINKO JKM585M-7RL4-V" modulua jarrita, hura ere monokristalinoa.

–Erdi-tentsioko 5 linea beharrean, 4 linea izanen dira, aldaketak egin behar izan baitira instalazioaren konfigurazioan hesitura murrizteko; nolanahi ere, horien ezaugarriak mantenduko dira.

–Aldatu eginen dira 66/30 kV-eko instalazio fotovoltaikoko azpiestazioaren neurriak eta orientazioa, eta 30 kV-eko lineako gelaxken kopurua 5etik 4ra jaitsiko da.

–66 kV-eko lurpeko linearen luzera aldatzen da: 3,083 km-koa izan beharrean, 3,117 km-koa izanen da, eta haren trazadura ere aldatzen da, Enagás Transporte SAUren baldintza teknikoetan oinarrituz.

–"Promotores Tafalla 220/66 kV" azpiestazioaren kokapena aldatzen da eta haren neurriak murrizten, Red Eléctrica de España SAUren alegazioetan oinarrituta.

–220 kV-eko linearen luzera handitu da: 125,76 m-tik 249,64 m-ra; eta euskarri motak eta horien kokapena aldatu da (hasieran MISTRAL 270-15 Th33a motakoak ziren, eta orain bi portale jarriko dira SIROCCO - 110 -15u motako bi euskarriren gainean), hori guztia Red Eléctrica de España SAUren errekerimenduei eta alegazioei erantzuteko.

Sustatzaileak, 2022ko irailaren 27an, "Abeto New Energy eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren administrazio-proiektuaren II. Adenda" izeneko dokumentua aurkeztu zuen, bat etorriz aurretiazko administrazio-baimenaren ebazpenean xedatutakoarekin, egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren esparruarekin, eta, zehazki, aintzat hartuta Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusitik jasotako txostenak. Hona hemen dokumentu horretan jasotako aldaketak:

–Hasieran proposatutako hesituraren azalera aldatzen da: 117,99 ha-tik 106,18 ha-ra murriztuko da proiektuaren azken diseinuan.

–Modulu fotovoltaikoen potentzia aldatu da (ezarpenaren azalera murriztu ahal izateko, 585Wp-eko "JINKO JKM585M-7RL4-V" modulu monokristalinoa ordezkatu da, 610 Wp-eko "JINKO JKM610N-78HL4-BDV" modulu alde bikoa jarrita).

Hori horrela, eta aintzat hartuta proiektuaren aurretiazko administrazio-baimenaren ebazpenean berariaz jasotakoa, beharrezkoa da proposatutako aldaketa batzuen aurretiazko administrazio-baimena eskuratzea, baldin eta ez badira betetzen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115.2 artikuluko kasuak (errege dekretu horren bidez arautzen dira argindarra garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedura).

Abeto New Energy SLk, 2023ko irailaren 25ean, aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen arestian aipatutako aldaketetarako, bai eta eraikitzeko administrazio-baimena ere, 84,24 MW-eko potentzia instalatuko "Abeto New Energy" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituretarako Erriberriko eta Tafallako udal-mugarteetan, Nafarroan (dagokion exekuzio-proiektua eta erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu zituen horretarako, azken hori 2024ko abuztuaren 1ean, egiaztatzeko betetzen duela aplikatzekoa den araudia, bat etorriz Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1 artikuluarekin); orobat eskatu zen honako hauen onura publikoa zehazki deklaratzeko: instalazioaren interkonexiorako lineak, 66 kV-eko lurpeko linea elektrikoa, 220/66 kV-eko "Promotores Tafalla TAE" azpiestazioa eta 220 kV-eko aireko linea elektrikoa.

Espedienteari hasiera eman zitzaion Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlo Funtzionalean, eta tramitatu da bat etorriz abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127., 131. eta 146. artikuluetan ezarritakoarekin; kasuan kasuko txostenak eskatu zitzaizkien administrazioei, erakundeei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargurako ondasunak eta eskubideak ukitzen dituen zatian.

Honako hauen erantzuna jaso da, eta ondorioztatzen da ez daudela proiektuaren kontra: Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Arkitektonikoaren Atala, Nafarroako Ubidearen Eremu Ureztagarriaren Sozietate Kontzesio-emailea SA (AGUACANAL), Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioa (Trenbide Sarearen Planifikaziorako eta Ebaluaziorako Zuzendaritza Nagusia) eta Trenbide Azpiegituren Administratzailea. Sustatzaileari igorri zaizkio erantzun horiek, eta ados dagoela jakinarazi du.

Erakunde batzuen erantzunetan (Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Enagás Transporte SAU, Nafarroako Autobideak SA eta Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua) baldintza teknikoak ezartzen dira eta kasuren batean, erakunde horietan baimena eskatzeko betebeharra, instalazioak haien eskumeneko ondasunak edo zerbitzuak okupatzen edo gurutzatzen dituelako. Sustatzaileari igorri zaizkio erantzun horiek, eta ados dagoela jakinarazi du.

2024ko abuztuaren 2an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak baimena eman zuen "Abeto New Energy" eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta haren lurpeko linea elektrikoak eraikitzeko izenik gabeko erreka-zulo batzuen bidegurutzean eta polizia-eremuan, Erriberriko udal-mugartean (Nafarroa), betiere aplikatzekoak diren ohiko baldintza orokorrak eta aipatu baimenean jasotako baldintza zehatzak beteta.

Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren erantzuna jaso da. Erantzun horretan adierazten denez, sustatzailea lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena kudeatzen ari da, baina aurkeztu duen dokumentazioa ez dator bat tramitatzen ari denarekin; horregatik, zuzen dezala eskatzen zaio, txostena egin ahal izateko. Sustatzaileari helarazi zaio, eta hark dokumentu eguneratuak bidali eta argibide batzuk eman ditu. Erakundeari jakinarazi zaio. Hark ez duenez beste erantzunik eman, ados dagoela ulertzen da, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127.4, 131.4 eta 147.2 artikuluen arabera.

Red Eléctrica de España SAren erantzuna jaso da. Proiektuaren aurka dagoela adierazten du, REEren jabetzako Orkoien-Tafalla / Erriberri-Tafalla 220 kV-eko linearen 100-100-1 baoaren gurutzagunea ez delako arauzkoa. Sustatzaileari helarazi zaio, eta hark argudiatu du ez dagoela bideragarria den beste aukerarik. Erantzun horren berri eman zitzaion erakundeari, eta hark bigarren erantzun batean adierazi zuen ez zuela aurka eginen baldin eta sustatzaileak agintari eskudunaren baimena badu. Sustatzaileak proiektuaren bateragarritasunari buruzko aldeko txostena aurkeztu zuen, Nafarroako Gobernuko Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetza Zuzendaritza Nagusiak 2024ko maiatzaren 9an emana.

Nafarroako Ubidea SAren (CANASA) erantzuna jaso da. Sozietateak uste du gurutzaketaren gaineko ukipena bateragarria dela Nafarroako ubidearekin, baina adierazten du beharrezkoa dela proiektuko neurri jakin batzuk zuzentzea, baimen espezifikoa eskatzea eta lanak gainbegiratzea; horrez gain, aditzera ematen du afekzio bat izan daitekeela korronte elektriko alderraiek eragindako korrosioaren ondorioz. Sustatzaileari helarazi zaio. Hark separata zuzendu du (xehetasun gehiago emanda ubideari buruz) eta baldintzekin bat datorrela adierazi du. Sustatzailearen erantzunaren berri eman zaio erakundeari, eta hark bigarren erantzun bat eman du, zeinaren bidez berretsi baitu aurretiazko baimen espezifikoa eskatu behar zaiola eta lanak gainbegiratu behar direla. Sustatzaileak adierazi du ados dagoela erakundearen bigarren erantzunarekin.

Erriberriko eta Tafallako udalei galdetu zaie, eta ez da erantzunik jaso; horrenbestez, ados daudela ulertzen da, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127.2, 131.1 eta 146.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Era berean, eta betetzeko abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan jasotakoa, eskaera jendaurrean jarri zen, honako hauetan argitaratuta: 2023ko 238. Estatuko Aldizkari Ofiziala, urriaren 5ekoa; 2023ko 217. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 19koa; 2023ko urriaren 13ko Diario de Navarra egunkaria; udaletxeen iragarki-taulak, bai Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako web-orria. Ez dago alegaziorik.

Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak txostena eman zuen 2024ko martxoaren 18an.

Kontuan izanik ezen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluak ezartzen duenez, organo substantiboak behar bezala kontuan hartu beharko duela egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin da instalazioaren proiektuaz eta hari lotutako ebakuazio-azpiegituraz, baita ingurumen-inpaktuaren azterketaz (IIAZ) ere, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldekoa (IIAD) izan da, zeina jaso baita Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko apirilaren 20ko Ebazpenean. Ebazpen horretan ingurumen arloko baldintzak ezartzen dira, egindako ingurumen ebaluazioaren ondoriozko prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak barne. Ebazpena 2023ko 103. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 1ekoan.

IIADan ezarritakoaren arabera, proiektuari aplikatuko zaizkio ezarritako ingurumen arloko baldintzak, bai eta ingurumen ebaluazioaren ondoriozko prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta, hala badagokio, IIAZan jasotako jarraipen-neurriak, jendaurreko informazioaren eta kontsulten ondotik onartutakoak, eta informazio gehigarrian proposatutakoak ere, baldin eta IIADan xedatutakoaren aurkakoak ez badira.

Proiektuari aurretiazko administrazio-baimena ematen dion ebazpenean xedatutakoari jarraikiz, IIADan proiektuari ezarritako baldintza guztiak bete behar badira ere, hura baita nahitaezko txosten erabakigarria, ezartzen duena, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluarekin bat, zer baldintzatan garatzen ahal den proiektua, bai gauzatzean bai ustiatzean, exekuzio proiektua definitzeko kontuan hartuko dira, bereziki eta besteak beste, IIADan xedatutako baldintza eta neurri hauek, betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuta:

–Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak adierazi bezala, moduluen lerrokadurak lurraren topografia naturalera egokituko dira. Obra-fasean, sastrakak kendu eta nibelatzeko lanak panelen berme-lerroan eta bide-sarean, kable-zangetan eta transformazio zentroetan baino ez dira eginen. Harkaitz-azaleratzeak errespetatuko dira, eguzki-plaken ezarpenetik kanpo utzita (4. baldintzan ezartzen den bezala).

–Eguzki-moduluak jartzeko altuera lurraren morfologiara egokitu beharko da, eta landaredia aziendarekin maneiatzea ahalbidetu beharko du (5. baldintza).

–Lurzoruaren okupazioa eta landarediaren gaineko eragina minimizatzeko, dauden sarbideak eta bide-sarea baliatuko dira, eta proiektuaren exekuziorako behar diren bideak eta sarbideak besterik ez da eginen. Bide eta/edo sarbide berriak eginez gero, ahalik eta zabalera txikienarekin eginen dira, bertako landaredia errespetatzen saiatuta eta Nafarroako Gobernuko organo eskudunarekin koordinatuta (7. puntuan ezartzen den bezala).

–Eraikuntza-proiektuak hondakinen kudeaketari buruzko azterketa bat jaso beharko du, 10. baldintzan ezartzen den moduan eta edukiekin.

–Sustatzaileak identifikatu egin beharko ditu proiektuaren zarata-fokuen eragina jasan dezaketen biztanleguneak eta eraikin bakartuak. Zaratari buruzko azterketa bat egin beharko da, 12. baldintzari jarraikiz.

–Eraikuntza-proiektuak kontuan hartuko du 19. baldintza betetzea, 9340 BIHaren gaineko ukipena minimizatzeko.

–Eraikuntza-proiektuak paisaian integratzeko eta landaredia leheneratzeko plan bat izanen du, 23. baldintzan ezartzen den moduan. Paisaian integratzeko eta landaredia leheneratzeko plan hori Nafarroako Gobernuko organo eskudunari igorri beharko zaio, balidatu dezan.

–Itxitura eguzki-panelek okupatutako azaleretara ahalik eta gehien mugatuko da (28. baldintza betetzeko).

–Proiektua paisaian integratzeko neurriak beteko dira, 33. baldintzatik 35.era bitartekoetan ezarritako moduan.

–Nafarroako Gobernuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Basoen Atalak adierazten duenez –a priori berresten du proiektua bateragarria dela 667 zenbakiko "El Monte" OPMarekin–, proiektu bat aurkeztu beharko da IIADan deskribatutako neurriekin bat etorriz, 37. puntuan ezartzen den bezala.

–Ingurumena zaintzeko programa osatu eta aldatu beharko da, IIADan ezarritako baldintzen arabera.

IIAZan eta IIADan ezarritako baldintza eta neurri bakoitza zehaztu eta aurrekontuan sartu behar zituen sustatzaileak, proiektuan nahiz haren eranskin batean, xehakatuta, halako eran non aipatutako IIADan zehaztutako neurri bakoitza identifikatzen ahalko baita onetsi aurretik.

Proiektuaren aldaketetarako aurretiazko administrazio-baimen hau eta eraikitzeko administrazio-baimena lortzeko eta proiektuaren onura publikoa zehazki deklaratzeko, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren gaineko adierazpenean eta aurretiazko administrazio-baimenaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu zituen 2023ko irailaren 25ean eta 2024ko abuztuaren 1ean, baita erantzukizunpeko adierazpena ere, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.4 artikuluan xedatutakoa betez.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 21.5 artikuluaren arabera, ekoizpen-instalazioak ebakuazio-azpiegiturak izanen ditu, horien artean garraio- edo banaketa-sarearekiko konexioa eta, hala badagokio, energia elektrikoaren eraldaketa.

Ingurumen-inpaktuaren adierazpenean eta sustatzaileak tramitazioan onartutako baldintzen arabera, ebakuazio-azpiegiturak honako jarduketa hauek aurreikusten ditu:

–30 kV-eko lurpeko 4 lineak; "Abeto New Energy" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren transformazio zentroetatik abiatzen dira 66/30 kV-eko "Abeto TAE" azpiestazioraino, Erriberriko udal-mugartean, Nafarroan.

–66/30 kV-eko "Abeto TAE" azpiestazioa, Erriberriko udal-mugartean (Nafarroa) kokatua.

–66 kV-eko lurpeko linea elektrikoa; 66/30 kV-eko "Abeto TAE" azpiestaziotik abiatzen da, 220/66 kV-eko "Promotores Tafalla TAE" azpiestazioraino, Erriberriko eta Tafallako udal-mugarteak ukituz.

–220/66 kV-eko "Promotores Tafalla TAE" transformazio azpiestazioa, Tafallako udal-mugartean (Nafarroa) kokatua.

–220 kV-eko aireko linea elektrikoa (GTAL), 220/66 kV-eko "Promotores Tafalla TAE" azpiestaziotik abiatzen dena, 220 kV-eko Tafalla AE azpiestazioraino; hori Tafallako udal-mugartean kokatzen da, Nafarroan.

–220 kV-eko Tafalla AE azpiestazioa, Red Eléctrica de España SAUren jabetzakoa, zerbitzuan dagoena.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1 artikuluaren arabera, eraikitzeko administrazio-baimenak aukera ematen dio titularrari instalazioa eraikitzeko, eskatutako baldintza teknikoak betez gero.

Sustatzaileak, 2023ko irailaren 25ean eta 2024ko abuztuaren 1ean, erantzukizunpeko adierazpenak sinatu zituen, egiaztatzen dutenak betetzen duela aplikatu beharreko araudia.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak enpresa ekimen askea aitortzen du energia elektrikoaren hornidurarako jardueretan aritzeko. Hala ere, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.4 artikuluaren arabera, sustatzaileak egiaztatu du proiektua egiteko gaitasun legal, tekniko eta ekonomiko-finantzarioa duela. Horretarako, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak zegokion txostena egin eta 2023ko uztailaren 27ko bilkuran onetsi zuen, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127.6 artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluan ezarritakoarekin bat, zuzendaritza nagusi honen ebazpen proposamenari buruzko entzunaldia eman zaio sustatzaileari; sustatzaileak erantzun du ados dagoela proposamenarekin, bai eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2024ko abuztuaren 2an emandako baimenean jasotako baldintza orokor eta partikularrekin ere.

Aintzat hartuz Administrazioaren jarduera zuzendu behar duten printzipioak, prozesuaren azkartasuna eta ekonomia, alegia, bidezkoa da egintza bakar baten bidez ebaztea eskatzailearen eskaera, aipatutako jarduketari proiektuari aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena emateko eta haren onura publikoa zehazki deklaratzeko.

Baimen horiek ematen badira ere, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkien eta beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak beharko dira, bai eta aplikatzekoak diren xedapenek eragindako beste guztiak ere. Halaber, obra egiteko beharrezkoak diren gainerako baimen guztiak eskuratu beharko dira, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.6 artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 120.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Azaldutakoaren ondorioz, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek

EBAZTEN DU:

Lehena.–Abeto New Energy SLri aurretiazko administrazio-baimena ematea "Abeto New Energy" 84,24 MW-eko potentzia instalatuko eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren aldaketetarako, Erriberriko eta Tafallako udal-mugarteetan (Nafarroa), ebazpen honetan jasotzen diren baldintzetan.

Bigarrena.–Abeto New Energy SLri eraikitzeko administrazio-baimena ematea "Abeto New Energy" 84,24 MW-eko potentzia instalatuko eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiekturako eta haren ebakuazio-azpiegiturarako, Erriberriko eta Tafallako udal-mugarteetan (Nafarroa), ebazpen honetan eta jarraian zerrendatzen diren dokumentu tekniko hauetan definitzen diren baldintzetan: "Abeto New Energy eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektu tekniko administratiboa", 2023ko abuztukoa, "Abeto New Energy 66/30 kV-eko Azpiestazioaren proiektu tekniko administratiboa", 2023ko uztailekoa; "Abeto New Energy TAE 30/66kV - 66/220 kV-eko Tafalla Promotores TAE 66 kV-eko GTLLaren proiektu administratiboa", 2023ko abuztukoa; "Promotores Tafalla 66/220 kV azpiestazioaren exekuzio proiektua", 2023ko ekainekoa, eta "Promotores Tafalla AE-Tafalla AE zirkuitu bakuneko eta goi-tentsioko 220 kV-eko linea elektrikoaren exekuzio proiektua, Tafallako udal-mugartean", 2023ko ekainekoa.

Proiektuaren xedea da instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea, energia elektrikoa sortzeko eta energia hori sarera eramateko.

Hona hemen eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ezaugarri nagusiak:

–Teknologia mota: Eguzki-energia fotovoltaikoa.

–Instalatutako potentzia, ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren arabera: 84,24 MW.

–Moduluen neurria eta mota: alde biko 152.412 modulu; fabrikatzailea: Jinko Solar; modeloa: JINKO SOLAR 610-78HL4-BDV; gehieneko potentzia: 610 W.

–Moduluen potentzia gailurra: 93 MW.

–Inbertsoreen neurria eta mota: 24 inbertsore; fabrikatzailea: Power Electronics; modeloa: HEMK 600V FS3510M; bakoitzaren potentzia: 3.510 kVA.

–Inbertsoreen potentzia, guztira: 84,24 MW.

–Sarbiderako ahalmena, Red Eléctrica de España SAUk emandako sarbide eta konexio baimenetan ezarritakoaren arabera: 71,3 MW.

–Euskarri mota: ardatz bateko jarraitzailea.

–Transformazio zentroak: 12; potentzia: 7.020 kVA.

–Ukitutako udal-mugartea: Erriberri, Nafarroako probintzian.

Baimendutako ebakuazio-azpiegiturak honela daude osatuta:

–30 kV-eko lurpeko 4 linea, "Abeto New Energy" eguzki-instalazio fotovoltaikoaren transformazio zentroetatik abiatzen direnak 66/30 kV-eko "Abeto TAE" azpiestazioraino. Ezaugarri hauek dituzte:

  • Eroale mota: 2. motako aluminiozko kable trinkoa, XLPE isolamenduarekin.
  • Edukiera eta/edo sekzioa: 95, 240 eta 630 mm².
  • Ukitutako udal-mugartea: Erriberri, Nafarroako probintzian.

–66/30 kV-eko "Abeto TAE" azpiestazioak 100 MVA-ko potentziako transformadorea dauka. Azpiestazio hori Erriberriko udal-mugartean dago (Nafarroa). Hona hemen ezaugarri nagusiak:

  • 66 kV-eko parkea:
    • AIS konfigurazioa.
    • Instalazioa: aire zabalekoa.
    • Transformadore-linea konbentzionalaren posizio bat (1).
  • 30 kV-eko parkea:
    • Konfigurazioa: barra bakuna.
    • Instalazioa: sufre hexafluorurozko isolamendua (SF6).
    • Lau (4) gelaxka lineako posizioetarako; gelaxka bat (1) potentzia transformadorerako; gelaxka bat (1) erreserbako potentzia transformadorerako, eta gelaxka bat (1) de zerbitzu osagarrien transformadorerako.

–66 kV-eko lurpeko linea elektrikoa; 66/30 kV-eko "Abeto TAE" azpiestaziotik abiatzen da, 220/66 kV-eko "Promotores Tafalla TAE" azpiestazioraino. Hauexek dira linea horren ezaugarri nagusiak:

  • Sistema: korronte alterno trifasikoa.
    • Tentsioa: 66 kV.
    • Frekuentzia: 50 Hz.
    • Gaitasuna: 108,5 MVA.
    • Zirkuitu-kopurua: simplex zirkuitu bakun bat.
    • Eroale mota: VOLTALENE RHZ1-RA+2OL(S) 36/66 kV 1x1200 mm² k AL + H165.
    • Isolamendua: XLPE sare-polietilenoa.
    • Luzera: 3.113 m.
    • Ukitutako udal-mugarteak: Erriberri eta Tafalla, Nafarroako probintzian.

–220/66 kV-eko "Promotores Tafalla TAE" transformazio azpiestazioak 90/120/140 MVA-ko potentziako transformadorea dauka. Azpiestazio hori Tafallako udal-mugartean dago (Nafarroa). Hona hemen ezaugarri nagusiak:

  • 220 kV-eko parkea:
    • Konfigurazioa: barra bakuna.
    • Instalazioa: aire zabalekoa.
    • Lineako posizio bat (1).
  • 66 kV-eko parkea:
    • Konfigurazioa: barra bakuna.
    • Instalazioa: aire zabalekoa.
    • Lineako bi (2) posizio (bat erreserbakoa) eta transformadoreko posizio bat (1).

–220 kV-eko aireko linea elektrikoa, 220/66 kV-eko "Promotores Tafalla TAE" azpiestaziotik abiatzen dena, 220 kV-eko Tafalla AE azpiestazioraino, zeina Red Eléctrica España SAUren jabetzakoa baita. Hona hemen linea horren ezaugarri nagusiak:

  • Sistema: korronte alterno trifasikoa.
  • Tentsioa: 220 kV.
  • Frekuentzia: 50 Hz.
  • Gaitasuna: 306,2 MVA.
  • Zirkuitu-kopurua: simplex zirkuitu bakun bat.
  • Eroale mota: LA-455 (402-AL1/52-ST1A).
  • Lurreko kableak: OPGW48.
  • Euskarriak: dorre metalikoak, sareta itxurakoak; SIROCO-110 modeloko 2 dorrek osatutako portaleak (Postemel fabrikatzailearenak).
  • Euskarri kopurua: 2.
  • Isolamendua: material polimerikoa.
  • Zimenduak: banakako zapatak.
  • Luzera: 249,64 m.
  • Ukitutako udal-mugartea: Tafalla, Nafarroan.

Ebakuazio-azpiegituraren gainerako zatia, garraio-sarearekin lotu artekoa, ebazpen honen irismenetik kanpo gelditzen da. Dagoeneko zerbitzuan den 220 kV-eko Tafalla AE azpiestazioa da, Red Eléctrica de España SAUren jabetzakoa.

Sustatzaileak izapidetzean onartutako baldintzak bete beharko ditu, bai eta Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzak ere.

Era berean, bete beharko ditu Sistemaren Operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jarduteko prozedurak.

Baimen hau emateak ez du ezertan ukatzen aplikatu beharreko beste xedapen batzuen arabera beharrezkoak diren bestelako kontzesio eta baimenak lortzea, eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkionak. Halaber, obra egiteko beharrezkoak diren gainerako baimen guztiak eskuratu beharko dira, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.6 artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 120.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Proiektuari aldaketak aurkezteko, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

Hirugarrena.–Zehazki deklaratzea onura publikokoak direla instalazioaren interkonexiorako lineak, 66 kV-eko lurpeko linea elektrikoa, 220/66 kV-eko "Promotores Tafalla TAE" azpiestazioa eta 220 kV-eko aireko linea elektrikoa, sustatzaileak aurkeztutako ukitutako ondasun eta eskubideen banakako zerrenda zehatzarekin, aipatutako abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako. Zerrenda hori 2023ko 238. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 5ekoan, eta 2023ko 217. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 19koan.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, onura publikoa zehazki deklaratzeak berekin dakar beharrezkoak diren baldintza teknikoak eskatu zaizkien erakundeek dagokion baimena emateko eskubidea, instalazio elektrikoa ezartzeko, pasatzeko edo okupatzeko baimena alegia, Estatuaren edo autonomia-erkidegoen jabari, erabilera edo zerbitzu publikoko edo ondareko lurretan edo probintziaren edo udalerriaren erabilera publikoko lurretan, berekietan nahiz herri lurretan, bai eta horien obra eta zerbitzuetan eta zortasun publikoko eremuetan ere.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren Estatuko Idazkaritzari zuzendua, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean (haietatik gertatzen azkena kontuan hartuta).

Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guztietarako. Epeak hilabeteka zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

Madrilen, 2024ko irailaren 25ean.–Energia Politikako eta Meatzeetako zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.

ERANSKINA

Eraikitzeko administrazio-baimena ematen da, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat eta baldintza berezi hauekin:

1. Lanak egin beharko dira aurkeztu den proiektuarekin eta aplikatzekoak zaizkion erregelamenduzko xedapenekin bat, eskatu eta baimentzen diren aldaketak eginda, beharrezkoak badira.

2. Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 131.10 artikuluarekin bat, ustiapeneko baimena emateko epea izanen da ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuaren 1. artikuluan ustiapeneko baimena lortzeko ezarritako epea proiektu honi aplikatzeak dakarrena. Errege lege-dekretu horren bidez ekonomia berpizteko energia arloko eta beste arlo batzuetako neurriak onesten dira.

Eraikitzeko administrazio-baimena lortu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean, sustatzaileak epea luzatzeko eskatzen ahalko du, ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuaren 1.1.b) Bosgarrena artikuluan jasotako xedea betetzeko, honako hauek adierazita, gutxienez: (i) instalazioak ustiapeneko administrazio-baimena lortuko duen urte naturalaren seihilekoa eta (ii) adierazitako seihilekoa hasi baino lehen honako hauek lortzeko ezintasuna espresuki onartzeko konpromisoa: behin-behineko edo behin betiko ustiapeneko administrazio-baimena eta energia elektrikoa ekoizteko instalazioen administrazio-erregistroko aurretiazko edo behin betiko inskripzioa.

Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko eta lehortearen ondorioak arintzeko neurriak hartzen dituen abenduaren 27ko 8/2023 Errege Lege-dekretuaren 28. artikuluari jarraikiz, ustiapeneko administrazio-baimena izateko epea, guztira, ez da inoiz 8 urtetik gorakoa izanen.

3. Instalazio horren titularrak lanen amaieraren berri eman beharko dio probintziako organo eskudunari, ustiapeneko baimena behin betikoz onartu eta luzatzeko, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 132. artikuluarekin bat.

4. Sustatzaileak bete beharko ditu IIADan ezarritako baldintza guztiak, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko apirilaren 20ko Ebazpen baten bidez emanikoan, nahitaezko txosten erabakigarria den aldetik eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluaren arabera, proiektua gauzatzeko eta ustiatzeko baldintzak ezartzen baititu, bereziki obretan:

–Drainatze lanak egin beharko dira ur-ibilgu publikoak gurutzatzen diren tokietan, eta uren jariatzeak hustubide naturaletara bideratu beharko dira. Saihestuko da solido esekiak ur ibilguetan erortzea, eta saihestuko da urak hidrokarburoak –besteak beste– isurtzeagatik kutsatzea. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak proposatu ditu neurri horiek guztiak, 8. baldintzak jaso bezala.

–Obrak hasi aurretik, landako prospekzio bat eginen da, flora espezie mehatxaturik edo intereseko landaretza komunitaterik ote dagoen identifikatzeko. Halakorik gertatuz gero, Nafarroako Gobernuko ingurumeneko organoari jakinaraziko zaio, babes-neurri egokiak ezar daitezen, 15. baldintzan jaso bezala.

–Landare-estaldura kentzeko lanetan, mugatu eginen dira landareen espezie babestuak edo BIHak dituzten eremuak. Mugaketa hori eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio-azpiegituraren lanek iraun bitartean mantenduko da, 16. baldintzak jaso bezala.

–Eraikuntza fasean, ahalik eta gutxien hondatu eta/edo andeatuko da landaredi naturala, eta saihestuko da, betiere, lur-mugimenduak egitea eta lurra kentzea proiektatutako azpiegiturek zuzenean okupatzen ez dituzten eremuetan. Era berean, ez da lurrik pilatuko ez eta instalazio edo azalera osagarririk instalatuko ere BIHa eta/edo intereseko zuhaitzak edo zuhaixkak dituzten eremuetan; ahal dela, nekazaritza-lursailetan kokatuko dira. Landaredi naturaleko zuhaitzen edo zuhaixken oinak ukitzen badira, jarduera hori Nafarroako Gobernuko organo eskudunarekin koordinatuta eginen da, 17. baldintzak jaso bezala.

–Eraikuntza lanen ondorioz, ezinbestean aldatzen bada 9340 BIHa, eta aldaketa horrek ez badakar proiektuko azpiegiturek edo instalazioek modu iraunkorrean okupatzea eremu hori, aldaketa non egin den, azalera horretan bertan leheneratu edo berreskuratu egin beharko da, eta horretarako, lurzorua prestatu edo egokitu beharko da, eta landareak landatu, aurreko dentsitate eta osaera espezifiko berarekin eta espezieen proportzio berarekin, aurretik zegoen landare komunitate eta habitat bera lortzearren. Behin betiko eragina izanez gero, honela konpentsatuko da: beste lursail batzuetako okupazioaren ondorioz galdutako landare komunitateen eta habitaten azaleraren bikoitza. Honela eginen da konpentsazio hori: galera non gertatzen den, han zegoen landaredi eta habitat mota bera ezarriko da, 20. baldintzak jaso bezala.

–Obrak hasi aurretik eta obrak egiten diren bitartean, teknikari espezializatu batek prospekzioak eginen ditu fauna-espezie mehatxatuen alerik eta habiarik eta/edo babeslekurik dagoen identifikatzeko. Halakorik gertatuz gero, inguru horretako obrak geldiaraziko dira, eta abisu emanen zaio Nafarroako Gobernuko ingurumeneko organo eskudunari, zeinak egokiak diren jarraibideak emanen baititu, 24. baldintzak jaso bezala.

–Lanak hasi aurretik, obra-egutegi bat ezarriko da, non zehaztuko baitira denbora- eta espazio-mugak, espezie babestuen fenologiaren arabera, bai eta ugaltzeko eta hazteko hurbileko eremuen arabera ere. Nafarroako Gobernuko ingurumeneko organo eskudunak egutegi hori aldatzen ahalko du. Nolanahi ere, faunaren ugalketa garaietan, ahal dela ez da sastrakarik kenduko, ez da lurrik mugituko eta ez da jarduera zaratatsurik eginen, 26. baldintzak jaso bezala.

–Kultur ondarea babesteari dagokionez, prospekzio arkeologikoaren txostenean jasotako neurri guztiak beteko dira. Lur-mugimenduetan edo bestelako edozein obratan aztarna arkeologikoak hautematen badira, lanak berehala geldiaraziko dira, eta Nafarroako Gobernuko organo eskudunari jakinaraziko zaio, 36. baldintzak jaso bezala.

5. Halaber, Ingurumeneko Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpenak, lehen aipatutakoak, baldintza espezifiko batzuk ezartzen ditu, ustiatzeko baimena lortu aurretik bete beharrekoak; horiek bete izanaren berri eman beharko zaio probintziako erakunde eskudunari, eskatzaileak proiektu batean edo horren eranskin batean zehaztu eta aurrekontuarekin batera jasotako neurriak aurkeztu ondoren.

6. Eraikitzeko administrazio-baimenak ez du inola ere instalazioaren titularra salbuesten instalazioek behar dituzten gainerako baimen osagarriak lortzetik; besteak beste, lortu beharko ditu industria segurtasunaren arloko legeriak, sistema laguntzaileei dagokienez, horiek instalatu edo abian jarri aurretik, eskatzen dituen baimenak, autonomia-erkidegoen eskumenekoak, edo, bestela, kontrolerako beste formalitate guztiak bete beharko ditu.

7. Administrazioak ondoriorik gabe utziko du ebazpen hau baldin eta ikusten bada, denboraren joanean, ebazpenean ezartzen diren eskubideen titularrak ez dituela betetzen bertan ezarritako baldintzak. Halakoetan, Administrazioak, interesdunari entzunaldia eman eta behar den espedientea bideratu ondoren, kasuko baimena errebokatzea erabakiko du, horrek dakartzan ondorio administratibo eta zibil guztiekin, indarra duten lege xedapenekin eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.10 artikuluan ezarritakoarekin bat.

8. Instalazioaren titularrak kontuan hartuko du, exekuziorako, erakundeek ezarri dituzten baldintzak, zeinak jakinarazi zaizkion eta berak berariaz onartu dituen.

Iragarkiaren kodea: E2414256