2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ORKOIEN
Aldaketa, Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena
Orkoiengo Udalak, 2024ko otsailaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Orkoiengo udal esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa. Aurretik, herritarren parte-hartzerako prozesua egin zen.
Hasierako onespen hori 2024ko 58. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 18an.
Jendaurreko aldia iragan da, eta hartan alegazioak aurkeztu ziren. Horiek baietsi edo ezetsi ondoren, 2024ko irailaren 25ean egin osoko bilkuran hala erabakirik, aldaketa behin betiko onesten da, eta argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan eta indarrean jar dadin.
Orkoienen, 2024ko irailaren 26an.–Alkatea, Alejandro López Orejuela.
ORDENANTZA, ORKOIENGO UDAL ESPARRUAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUENA
ZIOEN AZALPENA
Udalerrien kultura-ondarean, hizkuntzek garrantzi nabarmena dute. Pertsonen arteko komunikaziorako bitarteko nagusia izanik, hizkuntzak funtsezko euskarrietako bat dira bizitza sozialean, bai eta identifikazio kolektiboaren elementu bat ere, eta bizikidetzarako eta elkar ulertzerako faktore bat, orobat, gizarteetako kideen artean. Era berean, hizkuntzak historia propioaren sinbolo eta lekukotza dira; izan ere, belaunaldiz belaunaldi transmititzen dituzte hizkuntza horiek baliatzen dituzten herrien esperientzia kolektiboa.
Hizkuntzen fenomenoa dinamikoa da, eta hartan parte hartzen duten faktoreak, halaber, konplexuak eta askotarikoak. Horren ondorioz, historian zehar gorabeheratsua izan da hizkuntzek komunitateetan izandako ezarpena; hala, gorabehera nabarmenen artean dago hizkuntza batzuk hedatzea eta beste batzuek, aldiz, atzera egitea, hizkuntzaz kanpoko arrazoiek hartara beharturik, zenbaitetan. Aldaketa horiek eragin dituzten jarrerek, maiz, kontra egiten diote komunikazio ekintzaren funtsari berari, eta jarrera horien bultzatzaileak izan dira, hain zuzen, hizkuntzei banantzeko ahala leporatzen dietenak, ohartu gabe hizkuntzen aniztasunak azken batean dakarren aberastasunaz.
Orkoienek bezala, beren ondarean, zorionez, hizkuntza bat baino gehiago duten herriek ezinbestean gorde behar dute altxor hori, eta, hartara, hondatu edo galdu dadin eragotzi. Alabaina, ondare hori ez da babesten ahal, eta ez da babestu behar, hizkuntzak elkarren kontra eta lehian jarriz; aitzitik, Konstituzioaren 3.3 artikuluan ezarri bezala, hartu behar dira bereziki errespetatu eta zaindu beharreko kultura-ondaretzat.
Horra hor ordenantza honek oinarrian dituen printzipioak, honen asmoa baita, hain zuzen, Konstituzioaren manua betetzea, bai eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluko xedapenak ere.
I. KAPITULUA.–ORDENANTZAREN XEDEA ETA APLIKAZIO EREMUA
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, Udalaren eskumeneko esparru guztietan.
2. artikulua. Aipatu xedea betetzeko, ordenantzak berariazko xede hauek ditu:
1. Herritarrei helaraztea euskara osagai garrantzitsua dela integrazioaren zein komunikazioaren aldetik.
2. Herritarrei bermatzea arreta emanen zaiela, Nafarroako berezko hizkuntzetatik, erabili nahi duten horretan.
3. Arautzea nolakoa izanen den euskararen erabilera idatzia.
4. Ezartzea noraino agertuko den euskara Udalaren kanpo-irudian.
5. Zehaztea zein lanpostutan jakin beharko den nahitaez euskaraz haietan aritzeko, aintzat harturik zein diren, administrazio prozedura ohikoenen artetik, laneko hizkuntza izateko aukera ematen dutenak.
6. Zehaztea euskara baloratzeko ehunekoa, hura nahitaez jakin behar ez den lanpostuetan, azken horietan euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal den neurrian, euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.
7. Irizpidea ezartzea kaleen, auzoen eta hiriko bestelako elementuen izendegirako.
8. Euskara sustatzeko bestelako jarduerak bultzatzea, ordenantzaren xedearekin lotura dutenak.
3. artikulua. Ordenantza hau aplikatuko da Orkoiengo udal-mugartean, Orkoiengo Udalean –halakotzat hartuta hura bera zentzu hertsian eta haren erakunde autonomoak–, eta haren mendeko zentro mankomunatuetan.
4. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, halakoak hirugarren batzuek ematen badituzte edozein kudeaketa modu dela-medio, ordenantza honen IV. kapitulua aplikatuko da.
II. KAPITULUA.–ADMINISTRAZIOEN ARTEKO HARREMANAK
5. artikulua. Ele bitan idatziko da, ahal den guztietan, agirien, jakinarazpenen eta komunikazio administratiboen oinarria edo euskarria, Orkoiengo Udalak halakoak igortzen dizkienean beste administrazio publiko, entitate eta erakunde batzuei.
Horretarako, begiratuko da bi hizkuntzek tratamendu grafiko berdina izan dezaten, behar bezala ezberdindurik ager daitezen eta testua argi geratzeko moduan banaturik.
III. KAPITULUA.–HERRITARREN ESKUBIDEAK
6. artikulua. Herritarrek eskubidea dute Orkoiengo Udalarekin euskaraz nahiz gaztelaniaz aritzeko.
7. artikulua. Idatziz Udalari euskaraz egiten diotenei hizkuntza horretan berean emanen zaie erantzuna. Horretarako, itzulpen zerbitzua erabiliko da, baldin ez badago aurkeztutako idazkiari erantzuteko hizkuntza gaitasuna duen udal langile elebidunik. Zerbitzu horrek herritarrak eskatzen duenaren bertsio ofiziala emanen du, bai eta Udalak jakinarazi behar dion erabaki edo erantzunarena ere.
Halaber, Udalak onartuko ditu pertsona fisikoen komunikazioak berriemailearen lurraldeko beste edozein hizkuntza ofizialetan zuzentzen zaizkionean, baldin eta euskarazko edo gaztelaniazko bertsioarekin batera badatoz.
8. artikulua. Ahoz Administrazioari euskaraz egiten dionari euskaraz erantzunen zaio, ahal den guztietan, bai telefonoz, bai aurrez aurre.
Herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko, behar bezala adieraziko da langileen eta lanpostuen euskara maila, eta hura erabiltzeko pizgarriak ezarriko dira.
9. artikulua. Ordenantzaren 8. eta 9. artikuluetan ezarritakoari dagokionez, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, bermatzeko jendeari arreta emateko tokietan udal langile euskaldunak egon daitezen, ordenantza honetako V. kapituluan jasotzen diren baldintzetan.
IV. KAPITULUA.–UDALAREN KANPO-IRUDIA
10. artikulua. Orkoiengo Udalak, ahal den guztietan, euskara eta gaztelania erabiliko ditu herritar guztiei zuzentzen zaienean.
Hartara, ele bitan izanen dira, euskarri tradizionaletan zein teknologia berrien bitartez, honako hauek:
a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta informazio plakak.
b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.
c) Eraikin, kale eta espazio publikoetako errotuluak.
d) Udalaren egoitza eta bulegoetako errotuluak, Udalaren ibilgailuetakoak, eta langileen arropa eta uniformeetakoak.
e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, horizontalak zein bertikalak.
f) Udalak, administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez, herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.
g) Beste edozein bitarteko edo formatu, Udalaren kanpo- edo erakunde-irudia adierazteko erabiltzen dena.
11. artikulua. Udalak, publizitate eta zabalkunderako elementuak prestatzen dituenean, irizpide hauek hartuko ditu kontuan, ahal den guztietan:
1. Kartelen elementu guztiak ele bitan egonen dira.
2. Udalaren jardueren gaineko informazio eta propaganda liburuxkak ele bitan egonen dira.
3. Kulturako, kiroleko eta abarretako jardueraren bat iragartzeko eskuorrietan, bai eta esku-programetan, katalogoetan eta abarretan ere, honela erabiliko dira hizkuntzak:
a) Informazio orokorreko elementuak (tokia, data, ordua...), ele bitan agertuko dira.
b) Delako jarduera hizkuntza baten ahozko erabileran batik bat oinarritzen bada (hitzaldiak, antzerkia, poesia, ikus-entzunezkoak, etab.), hura azaltzeko elementuetan –hala nola esku programetan eta katalogoetan– jarduera zein hizkuntzatan egin, hura erabiltzen ahalko da, eta laburpen txiki bat egin beste hizkuntzan.
c) Jarduera beste hizkuntza batzuen bidez egiten bada (ikusizkoa, musikala, plastikoa eta abar), informazioa ele bitan emanen da.
4. Udalaren web-orriko testu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira.
5. Udalaren eta haren mendeko erakundeen telefono zerbitzu automatikoa euskaraz eta gaztelaniaz emanen da.
12. artikulua. Hedabideetako publizitatea.
Hedabide idatzietan eta/edo ikus-entzunezkoetan Udalaren jardueraren publizitatea eta zabalkundea egiteari dagokionez (egunkariak, irratia, telebista, Internet), euskara eta gaztelania erabiliko dira, ahal den guztietan, aintzat harturik Udalak horretarako esleitua duen aurrekontu-partida.
13. artikulua. Argitalpenak.
Orkoiengo Udalaren eta haren mendeko erakundeen argitalpenak ele bitan eginen dira, hau da, euskaraz eta gaztelaniaz, ahal den guztietan.
14. artikulua. Hedabide propioak: aldizkaria.
1. Udal aldizkarian, edukiaren %100 itzuliko da euskarara, edo, bestela, gai garrantzitsuenak.
2. Iragarleei aditzera emanen zaie badutela aukera iragarkiak ele bitan jartzeko, osoki edo zati batean. Horretarako, Udalaren itzulpen zerbitzua eskainiko zaie, ahal den guztietan.
V. KAPITULUA.–UDAL LANGILEAK ETA UDALAREN BARNE FUNTZIONAMENDUA
15. artikulua. Udalaren plantilla organikoan, zehaztuko da zein lanpostutan jakin behar duten euskaraz lanpostu horietako langileek, jendearekin harreman handiagoa izateagatik edo administrazio prozedura normalduen katearen barnean duten lekuagatik.
16. artikulua. V. kapituluan ezarritakoari dagokionez, euskararen jakite maila frogatuko da plantilla organikoan ezarritakoaren arabera.
Nolanahi dela ere, euskara maila proba baten bidez frogatu behar bada, proba hori eginen dute Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) egiaztapen unitateko teknikariek.
17. artikulua.
1. Euskaraz ikasten lagunduko zaie Udaleko langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen.
2. Udalak hizkuntza prestakuntzako planetan parte hartuko du, helburu horiek lortze aldera. Haietan aurreikusiko dira lanaldiaren murrizketak, laguntza ekonomikoak eta egin litezkeen ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barnean.
3. Udal langileak hizkuntza prestakuntzako plan horietan sartuta badaude edo, Udalean sartzeko nahiz haien lan bizitzako edozein fasetan, dakiten euskara baloratu bazaie, eskatzen ahalko zaie hura erabil dezatela eta haren ekarpena egin dezatela Orkoiengo udal administrazioan egiten duten lanean.
VI. KAPITULUA.–EUSKARA SUSTATZEA
18. artikulua. Orkoiengo Udalak, Euskara Zerbitzuaren bidez, urteko jarduera programak prestatuko ditu, helburu harturik informazio maila handitzea euskarari lotutako gaien inguruan, eta hizkuntza jakin eta erabil dadin sustatzea, gizartearen esparru guztietan.
19. artikulua. Orkoiengo Udalak parte hartuko du Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan, bai eta, beste udal entitate batzuekin koordinatuz, honako hauetan ere: D ereduko eskolatze kanpainan; helduen irakaskuntzako matrikulazio kanpainan; euskara familia barnean transmititzeko kanpainan; Udalean euskara erabiltzeko kanpainan, euskarazko edo euskara sustatzeko aldizkarietan, udako kanpaldietan eta, halaber, sortzen den beste ekimen orotan.
20. artikulua. Orkoiengo Udalaren Haur Eskolan, kontuan hartuko dira euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak, eta guraso edo tutoreei bermatuko zaie seme-alabentzako hizkuntza eredua hautatzeko eskubidea. Era berean jokatuko da irakaskuntza publikoan, kontuan hartuz baliabide publikoak kudeatzeko proportzionaltasun eta efikazia irizpideak.
Udal ludotekan eta gazte lokalean, ele biko jarduera eta jarduketak bultzatuko dira, udal ordenantza honetan ezarritakoaren ildotik.
Orkoiengo Udalak bultzatuko du euskaldunek euskaraz irakur dezaten, irekiko den liburutegi publikoan.
21. artikulua. Orkoiengo Udalak diru kopuru bat ezarriko du urteko aurrekontuetan euskara ikastaroetan parte hartu nahi duten herritar helduentzat. Horretarako, urtero deialdi bat argitaratuko da, eta udalerriko postontzietan banatuko.
22. artikulua. Udal zerbitzuek 3 urtetik 18 urtera bitartekoei eskaintzen dizkieten jardueretan, behar den eran erantzunen zaie euskaldun guztien eskariari, baldin eta biltzen badira jarduerak behar dituen gutxieneko parte-hartzaile edo erabiltzaileak. Helduentzat ere kultura eta kirol jarduerak eskainiko dira euskaraz, Nafarroako Gobernuak eginiko ikerketa soziolinguistikoen azterketa eta datuen arabera.
23. artikulua. Ordenantza honek ezarritako helburuak betetzeko, bultzatuko da kultura jarduerak eta euskara sustatzeko jarduerak antola daitezen, eta dirulaguntzak emanen zaizkie Orkoiengo elkarte eta taldeek sustaturikoei.
24. artikulua. Teknologia berriekin loturiko programek eta udal bulegoetan erabiltzeko eskuratutako material orok, ahal den guztietan, egokiturik egon beharko dute euskaraz eta gaztelaniaz funtziona dezaten.
VII. KAPITULUA.–TOPONIMIA
25. artikulua. Nafarroako Gobernuak ezarriko ditu Foru Komunitateko toponimoak eta lurraldeen, herriguneen eta hiriarteko bideen izen ofizialak, aldez aurretik Euskaltzaindiak txostena eginda, eta horren berri eman beharko dio Parlamentuari. Udalak ezarriko du hiri barruko bideen izena; hain zuzen, Udaleko Osoko Bilkurari dagokio eskumen hori, eta erabiltzen ahalko du izendatzeko kale, plaza, eraikin eta hiriko gainerako elementuak, bai eta era guztietako entitateak ere. Normalizatzeko oinarrizko irizpidetzat hartuko da Nafarroako Gobernuak euskal toponimoentzat ezarritako printzipioa: hau da, euskaraz erabilitakoak, edozein izanik haien jatorria, euskal grafian idatziko dira, eta erromantzekoak, edo euskal toponimoak ez diren bestelakoak, gaztelaniaren grafian. Betiere, Euskaltzaindia, gaian eskumen gorena baitu, izanen da Udalaren organo aholku-emailea.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzean.
Bigarrena.–Orkoiengo Udaleko Euskara Zerbitzua gaitzen da, Euskara Batzordearekin batera –zeinari ordenantza honi lotutako jardueren berri emanen baitzaio–, jarraipena egin dezan ordenantza hau betetzeari buruz, bai eta edozein proposamen egin dezan ere, betetzen dela bermatze aldera.
Horretarako, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, Euskara Zerbitzuak informazio memoria bat eginen du ordenantzaren betetze mailari buruz, eta, kasua bada, egoki ikusten dituen neurriak proposatuko ditu, lortu nahi diren helburuak zuzen gauzatzeko.
Iragarkiaren kodea: L2414044