211. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CABREDO

Erregelamendua, arautzen duena nola eman zerbitzua Udalaren jabetzako edozein makina, elementu edo aparatu erabiliz edo zer baldintzatan erabili behar dituzten horiek partikularrek. Behin betiko onespena

Cabredoko Udalak, 2024ko ekainaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Erregelamendu bat, arautzen duena nola eman zerbitzua Udalaren jabetzako edozein makina, elementu edo aparatu erabiliz edo zer baldintzatan erabili behar dituzten horiek partikularrek. Erabakia 2024ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 30ean.

Jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, eta argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Cabredon, 2024ko irailaren 27an.–Alkatea, Gorka Sancho Pérez de Albéniz.

ERREGELAMENDUA, ARAUTZEN DUENA NOLA EMAN ZERBITZUA UDALAREN JABETZAKO EDOZEIN MAKINA, ELEMENTU EDO APARATU ERABILIZ EDO ZER BALDINTZATAN ERABILI BEHAR DITUZTEN HORIEK PARTIKULARREK

1. artikulua. Lege oinarria.

Erregelamendu honen legezko funtsa da apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 84. artikuluan aitortutako ahalmena (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen legea). Haren bidez, toki entitateek zilegi dute herritarren jardueretan esku hartzea ordenantzen eta bandoen bidez.

Hori betez, eta jarraikiz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 49. artikuluko prozedurari, honako erregelamendu hau ezartzea erabaki da: erregelamendua, arautzen duena nola eman zerbitzua Udalaren jabetzako edozein makina, elementu edo aparatu erabiliz edo zer baldintzatan erabili behar dituzten horiek partikularrek.

2. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da toki-entitate eskumeneko zerbitzu-prestazioak edo jarduerak arautzea; zehazki, Udalaren jabetzakoa den edozein makina, elementu edo aparatu erabiliz emanen den zerbitzua, edo partikularrek elementu horiei emanen dien erabilera arautzea.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

Erregelamendu honetako xedapenak udal-mugarte osoan aplikatuko dira.

4. artikulua. Eskatzaileek bete beharrekoak.

Eskatzaileak honako hauek bete beharko ditu:

–Adinez nagusia izatea.

–Gaitasun fisiko eta psikiko guztiak izatea.

–Kasuan kasuko makina edo aparatua erabiltzeko behar diren administrazio-baimenak izatea.

5. artikulua. Eskubideak.

Interesdunak honako eskubide hauek izanen ditu, betiere prestasunak ahalbidetzen badu, eta erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera:

–Udaleko makina, elementu edo aparatuak erabiltzeko eskubidea, horretarako emanen zaion epean, eta bere erantzukizunpean.

–Udalaren jabetzakoak diren makina, aparatu edo elementuak hartzea, horiek dauden instalazioetatik edo Udalak adierazitako lekuetatik.

6. artikulua. Betebeharrak.

Partikularrak behartuta daude erregelamenduan jasotako betebeharrak betetzera, bai eta Udalak adierazitako jarraibideak jarraitzera ere. Erregelamendu honen eta jarraibide horien edukia ez ezagutzeak ez du salbuesten haiek begiratzetik eta betetzetik.

Zehazki:

–Makina edo aparatuak behar den arduraz erabili beharko ditu.

–Makinak jasotako leku berean edo adierazten den lekuan entregatu beharko dira, horretarako zehaztutako eremuan.

–Makina, elementu edo aparatuak erregaia behar badu, kontsumitu duen erregai kopurua ordaindu beharko du hura entregatzeko orduan.

–Giltza (edo aparatuaren beste edozein elementu nagusi) galtzen bada, berehala jakinarazi beharko zaio Udalari.

–Makina, elementu edo aparatua jaso den egoera berean utzi beharko da, salbu kaltea erabilera normalak eragindakoa denean. Kaltea desegoki erabiltzeagatik sortu bada, eragindako kalteen kostua kobratuko da.

–Makina hori erabiltzeko baimenik behar bada, titularrak makina hartu aurretik aurkeztu beharko du baimen hori.

–Makina lehenbailehen itzuli beharko du.

–Ezin izango die makina hirugarrenei laga, inolako tituluren pean, Udalaren berariazko baimenik gabe.

7. artikulua. Zehatzeko ahalmena.

Zehatzeko ahalmena alkateari dagokio, bere eskumenen esparruan, deusetan ukatu gabe horren berri ematea agintari judizialei, egitateak delitu edo falta izan daitezkeenean.

8. artikulua. Arau-hausteak.

Erregelamendu honen ondorioetarako, arau-hausteak oso astunak, astunak eta arinak izan daitezke.

Arau-hauste oso astuntzat joko dira behin eta berriro errepikatzen diren arau-hauste astunak, bai eta honako hauek ere:

–Makina, elementu edo instalazioak hondatzea, dolo edo zabarkeria larria dela medio.

–Makina, elementu edo instalazioak galtzea.

–Hirugarrenen ondasunei kalteak eragitea, dolo edo zabarkeria larria dela medio.

–Makina, gailu edo elementua ez itzultzea agindutako epean.

Arau-hauste astuntzat joko dira behin eta berriro errepikatzen diren arau-hauste arinak, bai eta honako hauek ere:

–Makina, elementu edo instalazioak hondatzea, dolo edo zabarkeria larririk gabe.

–Hirugarrenen ondasunei kalteak eragitea, dolo edo zabarkeria larririk gabe.

Falta arintzat hartuko da ordenantza honi eragiten dion arau-hauste oro, betiere astuna edo oso astuna ez bada.

9. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteak honela zehatuko dira:

–Arau-hauste oso astunak: 3000 euro arteko isuna.

–Arau-hauste astunak: 1500 euro arteko isuna.

–Arau-hauste arinak: 750 euro arteko isuna.

Erabiltzaile batek erregelamendu honetako betebeharrak bete ez baditu, Udalak erabaki dezake makineria, elementu edo instalazioen erabilera ukatzea.

10. artikulua. Preskripzioa.

Arau-hauste oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, larriek bi urteren buruan, eta arinek sei hilabeteren buruan.

Falta oso astunetan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, falta astunetan ezartzen direnek bi urteren buruan, eta falta arinetan ezartzen direnek urtebetean.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 20 egunean, eta indargabeturik geratuko da bertako manuen kontra egiten duen udal xedapen oro.

Iragarkiaren kodea: L2414095