Iragarkia
211. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 17a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ABLITAS
Herri-lurrak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena
Ablitasko Udalak, 2024ko uztailaren 4an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ablitasko herri-lurrak arautzen dituen ordenantza. Hasierako onespenaren erabakia jendaurrean jarri zen Udalaren iragarki-taulan, eta 2024ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 30ean.
Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jo, eta argitara ematen da haren testu osoa, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Ablitasen, 2024ko irailaren 20an.–Alkatea, Carlos Bonel Soto.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA ABLITASEN UREZTALUR BILAKATU DIREN HERRI-ONDASUNEN ADMINISTRAZIOA, XEDAPEN-EGINTZAK, DEFENTSA, BERRESKURAPENA ETA APROBETXAMENDUA. DEGOLLADA, FITA, AREVALO ETA BARRANCO MALPISA ALDERDIETAN DAUDE
ZIOEN AZALPENA
Ablitasko Udalak Laborantzako lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza bat onetsi zuen 2005an (2006ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 22an). Ordenantza horretan, lehorreko lurrak arautzeaz gain, ureztalurrei buruzko xedapenak ere jasotzen ziren, etorkizunera begira, lur batzuk ureztalur bilakatzeko proposamena mahaigainean baitzegoen une hartan.
Lur horien izaera aldatutakoan, 2014an, Udalak ordenantza aldatzea erabaki zuen, ureztalur bilakatutako lurrei zegokienez. Aldaketa 2015eko otsailaren 2ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Gaur egun, Azpiegituren Legean ezarritako lehen adjudikazioaldia (15 urte) iragan dela, ezinbestekotzat jotzen da indarrean dagoen ordenantza aldatzea eta aurrekoa indarrik gabe uztea. Hala, testu bakarrean jaso nahi da ureztalurren aprobetxamendurako araudi espezifiko berria, hobeki eta errazago kudeatzeko zozketa eta adjudikazio berriak eta modu argiagoan jasotzeko ukitu guztiei –Udalak eta adjudikazioen onuradun izan daitezkeenak– eragiten dieten xedapenak.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen bidez, arau espezifiko batzuk ezartzen dira, beharrezkoak direnak modu egokian antolatzeko Ablitasen ureztalur bilakatu diren herri-ondasunen aprobetxamendua. Lur horiek Degollada, Fita, Arevalo eta Barranco Malpisa alderdietan daude.
2. artikulua. Laborantzako herri-lurretako ureztalurren aprobetxamendu motak.
Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Legearen 40.5.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, haren babesean ureztalur bihurtu diren herri-lurrak aprobetxatu egin beharko dira honako lehentasun hauen arabera:
–Lehen eta lehenbizi, familien lehentasunezko laborantzako ustiategiak, haien buru edo partaide lagun gazte bat bada.
–Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, ogibide nagusia nekazaritza dutenek osatuak.
–Hirugarrenik, Ablitasko Udalak zuzenean ustiatzea.
Azkenik, eta soberako lurrik baldin bada, Udalak enkante publikoaren bidez adjudikatzen ahalko ditu.
Adjudikazioak edo enkanteak iragarriko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Foru Komunitatean argitaratzen diren egunkarietako batean edo gehiagotan, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenagotik gutxienez ere. Hala ere, herri-lurren bigarren eta hirugarren enkanteetarako edo adjudikazioetarako aski izanen da Udalaren iragarki-taulan iragartzearekin, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago, gutxienez.
3. artikulua. Onuradun izateko bete beharreko baldintzak.
Nekazaritzako lehentasuneko ustiategietako titularrek, aurreko artikuluan adierazitako baldintzak betetzeaz gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.
b) Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 5 urte lehenagotik.
c) Urtean 9 hilabetez bederen Ablitasen bizitzea egiazki eta jarraian.
d) Ablitasko Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.
Loteen adjudikazioaren onuradun izateko pertsona fisikoa izan behar da. Hortaz, zozketatik kanpo geratuko dira bertan parte hartzea eskatu duten pertsona juridikoak.
4. artikulua. Eskabidea, loteak eta zozketa.
Behin adjudikazioaren deialdia argitaratuta, aurreko artikuluaren baldintzak betetzen dituztela uste badute, laborantzako ustiategietako titularrek idatziz eskatuko diote Ablitasko Udalari herri-lurretako adjudikazioaren onuradun izan nahi dutela. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
4.1. Ziurtagiria, nekazari gaztea edo ogibide nagusia nekazaritza duena dela erakusten duena.
4.2. Familia-unitatea osatzen duten kideen zinpeko deklarazioa. Kideetako batek desgaitasuna badu, hori behar bezala frogatu beharko da. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat, nahiz eta ezkontzaren ondasun-araubidea ondasunen banaketa izan.
Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.
4.3. Agiria, frogatzen duena eskatzaileak (onuradunak) Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren Erregimenean alta emanda daudela 2 urtetik lehenagotik gutxienez (nekazari gazteek ez dute baldintza hori bete behar) eta ordainketak egunean dituztela.
4.4. Nekazaritzako Politika Erkideari (NPE) buruzko frogagiria edo ordezko aitorpena.
4.5. Zer labore mota landu nahi den azaltzea. Labore aldia ezin izanen da 8 urtetik gorakoa izan. Edonola ere, aldi hori gaindituz gero, horrek ez du ekarriko kalte-ordainik jasotzeko inolako eskubiderik, eta finkaren –eta, ondorioz, Udalaren– onurarako geldituko da.
4.6. Konpromiso sinatua, Riegos de Navarra SAk eta Ablitasko Udalak ezarritako jarraibideak beteko dituela justifikatzeko. Jarraibideok obligazioak ezarrita dituzte uraren erabilerari dagokionez (alkatetzak nekazari bakoitzari adieraziko dio zenbat metro kubiko gastatzen ahal dituen ureztatze-kanpaina bakoitzean, lurzati bakoitzean landu dituen edo landu nahi dituen laboreen arabera) eta honako hauek bete beharrari dagokionez: ureztatzeko arauak, matxuren komunikazioa eta obra, sistema eta instalazioen mantentze-lanak.
4.7. Konpromiso sinatua: txostena eginen duela Nafarroako Gobernuak, Ablitasko Udalak eta Ureztatzaileen Elkarteak eginiko eskaeren gainean, alegia, uraren erabilerari eta landatutako laborantza motaren ezaugarriei buruzko eskaeren gainean.
TÍTULO II.–HERRI-UREZTALURREN APROBETXAMENDUA
5. artikulua. Adjudikazioaldia.
Ureztalurren loteak zortzi urterako adjudikatuko dira. 2025eko urtarrilean hasiko da aprobetxamendu aldi berria.
Adjudikaziodunik bada labore bat ustiatu nahi duena adjudikazioaldia gainditzen duen denbora-tarte batez, baimena eskatu beharko dio Udalari adjudikazioaldia luzatzeko, behar duen denbora arte. Udalak beste zortzi urterako luzapenak ematen ahalko ditu, laborea zer egoera begetatibotan dagoen, horren arabera. Dena den, epe hori amaituta, geratzen den hondar-balioa Udalaren jabetzakoa bilakatuko da, inolako kalte-ordainik gabe.
6. artikulua. Adjudikazioen araubide ekonomikoa.
Herri-ureztalurretako (presio bidezko ureztapena) onuradunek kanon bat ordaindu beharko diote Ablitasko Udalari. Kanon hori erantsitako taulan dago jasota. Kanona urtero eguneratuko da, nekazariek jasotzen dituzten prezioen aldaketaren arabera, laboreen gainean eskumena duen erakunde ofizialak onesten dituen urteko indizeei jarraikiz, hala ezarrita baitago Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legeko 27. artikuluan.
Kanonean ez dago sartuta Ureztatzaileen Elkarteak urtero ezartzen duen ureztatzeko uraren gastua, ez eta antzeko beste gasturik ere.
TASAZIO BALIOA | AZALERA HEKTAREA | HEKTAREA | ERREGUA |
I. KATEGORIA | 79,27 | 594 euro/ha | 54 euros/ro |
II. KATEGORIA | 92,34 | 517 euro/ha | 47 euros/ro |
III. KATEGORIA | 40,45 | 451 euro/ha | 41 euros/ro |
IV. KATEGORIA | 10,28 | 374 euro/ha | 34 euros/ro |
7. artikulua. Adjudikatzeko prozedura.
Ureztalur bilakatu diren laborantzarako herri-lurrak adjudikatzeko prozedura hasteko, ediktua argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bai eta iragarkia ere Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan. Eskabideak onartzeko epea zein den zehaztuko da, hauxe: hamabost egun, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita.
Ablitasko Udalak adjudikaziora onartuen behin-behineko zerrenda onetsiko du. Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan iragarriko da, eta interesdunei jakinaraziko zaie. Hamar eguneko epea izanen da erreklamazioak paratzeko.
Erreklamazioetarako epean halakorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da.
Erreklamazioak aurkezten badira, Ablitasko Udalak ebatziko ditu, eta behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratuko du Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan.
8. artikulua. Lurrak gordetzea.
Ondoriozko lurzati edo loteetatik, Udalak beretako gorde ditzake hainbat (zozketako lurren azaleraren %5), izan daitezkeen eskariei erantzuteko, hain zuzen ere eskubidea duten nekazariek edo nekazari gazteek egiten ahal baitituzte, lehenbiziko adjudikazioan parte hartzerik izan ez zutelako.
9. artikulua. Zozketa.
Gainerako lurzatiak edo loteak zozketa bidez adjudikatuko dira, lehenbizi nekazari gazteentzako lehentasunezko aprobetxamenduetarako, eta ondotik, ogibide nagusia nekazaritza dutenentzako aprobetxamenduetarako, honelaxe:
a) Zenbakiak jarriko dira modu batean zein bestean onartutakoen behin betiko zerrendetan.
b) Udalak eskaintzen dituen herri-lurretako ureztalurren loteei zenbakiak jarriko zaizkie.
c) Ondoren, eta ohiko moduan, zenbakiak zakutxoan sartu ondotik atera eginen da zenbaki bat onuradun jakin bati dagokiona eta beste bat, loteari dagokiona, eta biak elkarri atxikiak geldituko dira, horrela jarraituz bukatu arte.
Lurzatien zozketa bukatuta, Ablitasko Udalak behar diren erabakiak hartuko ditu onuradun berriei dagozkien herri-lurzatiak adjudikatzeko. Behin betiko adjudikazioaren erabakia banan-banan jakinaraziko zaio onuradun bakoitzari.
Zozketa eginda eta eskatzaile guztiei beren lotea adjudikatu ondoren, oraindik loterik eman gabe gelditzen bada, Udalak bigarren zozketa egiten ahalko du, prozedura berari jarraituz, eskatzen duten nekazari guztien artean.
Bigarren zozketa eginda ere, oraindik loterik gelditzen bada, Udalak erreserbakoekin metatuko ditu, soberako lote gisa, geroan izan daitezkeen eskaerei erantzuteko.
10. artikulua. Enkantea.
Ablitasko Udalak beretako gordetzen du eskubidea adjudikazio prozesu bakoitza egin ondoren gelditzen diren soberako loteak enkante publikoan adjudikatzeko.
11. artikulua. Uko egiteak.
Adjudikatzen diren loteak zatiezinak dira, hortaz, ez da onartuko adjudikaziodunek azaleraren zati bati uko egitea. Uko partziala egiten bada, loterako eskubidea erabat galduko da, gelditzen zaion epe osorako.
12. artikulua. Laboreak ustiatzea adjudikazioalditik kanpo.
Adjudikaziodunik bada labore bat ustiatu nahi duena adjudikazioaldia gainditzen duen denbora-tarte batez, baimena eskatu beharko dio Udalari adjudikazioaldia luzatzeko, behar duen denbora arte. Udalak beste zortzi urterako luzapena ematen ahalko du.
13. artikulua. Laboreak txandakatzea.
Adjudikaziodunik bada beste adjudikaziodun batzuekin partekatu nahi duena txandakako laborantza herri-lurretan, Udalari eskatu beharko dio horretarako baimena, datu hauek adierazita: finkaren lagapen-hartzailea, titularraren labore eta labore partekatua.
Dena den, adjudikazioaren titularra ez da inolaz ere aldatuko, eta adjudikazio prozesuan adjudikaziodun suertatu zenak jarraituko du titularra izaten. Eskatutako txandakatzea baimendu den ala ez gorabehera, hark ordaindu beharko du adjudikatutako lurzatiari dagokion urteko kanona.
Txandakatzea egiteko lagapena egiten bada udal-baimenik gabe edo Ablitasko ureztalurretako herri-lurren loteren baten adjudikazidouna ez den norbaiten alde, hori arau-hauste oso astuntzat joko da, eta ekarriko du isuna jartzea (ordenantza honetan ezarritakoaren araberakoa) edo lotea kentzea.
14. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonala.
Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan zuzena eta pertsonala ez den beste era batez ustiatu.
Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza zenbaiten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen badira eta kide guztiek betetzen badituzte adjudikaziodun izateko ezarritako baldintzak.
Zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikaziodunek edo beren familia-unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen.
Alabaina, zuzeneko laborari pertsonalaren izaera ez da galduko soldatapekoak hartzen badira, gerora erasandako eritasun bat edo aldi baterako beste arrazoi bat gertatzeagatik, Udalaren iritziz lurra norberak lantzea eragozten duena. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Udalari, behar den baimena eman dezan.
15. artikulua. Zuzeneko laborantza pertsonala ez egiteak eragindako ondorioak.
Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.
Onuradunei herri-lurzatien loteak kentzen bazaizkie, diru-zenbateko bat ordaindu beharko diote Ablitasko Udaleko Toki Ogasunari, apartzeria edo lagapena egin zenetik lortutako irabaziei dagokien zenbatekoa, hain zuen. Zenbateko hori Udalak finkatuko du.
Lurrak kentzeko, aurretik Udalak espedientea irekiko du eta interesdunari entzutea emanen zaio.
16. artikulua. Laborantza zuzena eta pertsonala dela egiaztatzeko tresnak.
Ablitasko Udalak une oro egiten ahalko ditu beharrezko egiaztapenak eta errekerimenduak ziurtatzeko bete egiten dela laborantza zuzena eta pertsonala egiteko obligazioa.
16.1. Udalak honako egoera hauetako batean iritziko dio ez dela betetzen ari laborantza zuzena eta pertsonala egiteko obligazioa:
a) Nekazaritzako makineria izanik, adjudikaziodunak ez duenean erabiltzen adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.
b) Erregaiak, ongarriak, haziak, landareak eta lehengaiak erosi izanaren agiriak edo saldutako produktuenak aurkezteko eskatu eta ezarritako epealdian ez aurkeztea.
c) Nekazaritzako etekinik ez aitortzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, horretara beharturik ez egonik ere.
d) Laborantzako lurren jabe izanik, errentan ematea.
e) Adjudikatutako lurzatia ez lantzea.
16.2. Udalak honako frogagiri hauek eskatuko dizkio urtero, lehenbiziko hiruhilekoan, adjudikaziodunari:
a) Nekazariaren matrikula liburuaren edo Gizarte Segurantzako Diruzaintzako orriaren frogagiria, haren kargura ari den soldatapekorik ez duela ziurtatzeko.
b) Landa-koadernoa.
c) NPBko laguntzen eskaera indarrean dagoela frogatzen duen agiria.
d) "Ogibide nagusia nekazaritza duena" epigrafean alta emateko agiri indarduna.
16.3. Udalak honako frogagiri hauek eskatzen ahalko dizkio, urteko lehenbiziko hiruhilekoan, adjudikaziodunari:
a) Honako hauen frogagiriak (lurzatiko argazkiak ere aurkez daitezke): ereintza egunak, ereindako labore mota, ereintza edo landaketako produktuen fakturak, ongarriak, pestizidak eta abar.
b) Tresnen eta makinen erosketetako eta konponketetako fakturak eta/edo beste norbaiten makinak erabiltzeko kontratuak edo erabakiak eta erregaien kontsumoei lotutakoak.
c) Lurzatian ereindako edo landatutako produktuak saltzeko fakturak, horien bidez frogatzen ahal baita benetan landatu direla.
III. TITULUA–FUNTZIONAMENDU ARAUAK
17. artikulua. Ur kontsumoak.
Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, benetako kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.
Fakturazioari dagokionez, kontsumoko metro kubiko bakoitzaren prezioak osatzen du 1. multzoa edo ureztatzaile bakoitzak ordaindu behar duen oinarri finkoa, Alkatetzak kalkulatua, dagokion lan batzordeak proposaturik. Prezio horretan fakturatuko dira ureztatzaile batek izandako kontsumoak, baldin harendako finkatutako metro kubikoak adina edo gutxiago badira, edo gehiago izanez gero, gehienez ere %10 gehiago badira.
Berriz, II. multzokoak izanen dira ureztatzaile batek egiten dituen kontsumoak, baldin aldez aurretik harentzat ezarritakoak baino gehiago badira, alegia, %10etik gorakoak eta %20 artekoak badira; berarentzat ezarritako kontsumotik gorakoari zehapena ezarriko zaio, I. multzoan prezio kubiko bakoitzeko ezarritako prezioari %300 erantsita.
Azkenik, III. multzoan sartuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, baldin aldez aurretik harentzat ezarritakoaren %20tik gorakoa bada. Kasu horretan, I. multzorako ezarritako prezioa %500 igota zehatuko da haren gehiegizko kontsumoa.
Alkatetzak, lan batzordeak proposaturik, kanpaina bakoitzean ezarriko du I. multzoko metro kubikoaren prezioa.
18. artikulua. Adjudikaziodunen betebeharrak.
Ureztalurren loteen adjudikaziodunak kasu egin eta bete beharko ditu Udalak eta/edo Ureztatzaileen Elkarteek emandako jarraibideak honako alderdi hauei buruz:
a) Ureztatzeko arauak.
b) Sistema orokorrak, ureztatzeko instalazio eta obren mantentze-lanetakoak.
c) Matxuren berri emateko metodoak.
Halaber, hartzen duten edozein arau edo erabaki, betiere sistemaren funtzionamendu egokia bermatzearren.
Udalak, landazainen bidez, edozein momentu eta sasoitan egiten ahalko ditu egoki ikusten dituen ikuskapenak eta egiaztapenak; besteak beste, honako hauek: laborantza moten egoera, ureztatzeko instalazioen funtzionamendua eta, oro har, ureztalur bihurtu diren herri-lurretako laborantzako lurren adjudikaziodunen gaineko arautegia behar bezala betetzen den egiaztatzeko. Adjudikaziodunak lagundu beharko du egiteko horietan guztietan, ikuskapen lanak oztopatu gabe.
Lote bakoitzaren adjudikazioaren hasieran, nekazaritzako zinegotzi delegatuak, tokian tokiko landazainak lagunduta eta nekazari adjudikaziodunaren aitzinean, egiaztatuko du ureztatzeko sistema egoki funtzionatzen ote duen eta horren gaineko akta jasoko du. Akta hori adjudikaziodunak sinatuko du, betiere konforme badago. Une horretatik aitzina, adjudikazioduna izanen da instalazioaren eta haren erabilera eta maneiuaren arduradun bakarra.
Behartuta egonen da adjudikatu zaion lotean dagoen ureztatzeko instalazioa mantentzera, konpontzera eta ordeztera, hala bada, hori guztia egoki erabiltzeko maneran egon dadin aldiro.
Betebehar hori betetzen ez badu, Udalak subsidiarioki egiten ahalko ditu lan horiek, eta gero kostuak adjudikaziodunari kargatuko. Orobat, nekazaria da erantzulea baldin ureztaketaren maneiu desegokiaren ondorioz laborantza lote mugakideei edo hirugarrenei eragiten ahal zaizkien kalteak badira, eta horiek ordaindu beharko ditu.
Ordenantza honetan ezarritako betebehar eta ordainketen berme ekonomiko gisa, adjudikaziodunek hauta dezakete honako aukera hauetariko bat:
–Diruzko fidantza, adjudikazioko prezioaren %4koa.
–Banku-abala, adjudikazioko prezioaren %4koa.
–Autoaseguruaren poliza, betiere hori kontratatzerik badago; haren kostua kanonari atxikiko zaio.
Ajdudikazioaldia bukatzen denean, fidantza itzuliko da, betiere adjudikaziodunak bete baldin baditu xedapen honen ondorioz heldu diren konpromiso guztiak. Banku-abala denean, xedapen honetatik heldu diren konpromiso ekonomikoak betetzen ez diren unean berean exekutatuko dira.
19. artikulua. Adjudikaziodunen erantzukizunak.
Udalak legezko obligazioa du herri-lurrak ahalik eta hobekien aprobetxatzen eta erabiltzen direla zaintzeko. Hortaz, instalazioak modu desegokian erabiltzeak ekarritako kalteak egonez gero –bereziki, eskualderako eta ohiko laboreentzako ezartzen den erreferentziako ur kontsumotik gora hartzeak ekarritakoak– erabilera desegoki hori egin duen adjudikaziodunak izanen du erantzukizuna.
Ur-ahoei eginiko kalteetan, haiek eragin dituztenak izanen dira erantzule. Kaltearen kausa ezin denean argitu eta ezin direnean eragile bat edo batzuk seinalatu, adjudikaziodunak bere gain hartuko du erantzukizuna.
Esleipendunen kontura izanen dira ur-harguneetatik abiatzen diren instalazioen mantentze-lanak, herri-lurzatiko ureztaketa sarea, barneko balbulak, iragazkiak, aspertsoreak eta abar.
Adjudikaziodunek, ureztaketa bukatuta eta neguko hotzak ureztatzeko instalazioak kaltetu ez ditzan, bateriak kendu eta desmuntatu beharko dituzte, baita lurzatietako hodiak hustu eta garbitu, eta programatzaileen estalkiak itxi ere.
Ezin dira bide ondoko aspertsoreen xaflak tolestu edo aldatu, uraren irteera aldatzeko.
Erantzukizun horiek betetzen ez badira, Udalak zehapenak jartzen ahalko ditu, aldez aurretik behar den espedientea instruitu eta gero. Zehapenak izanen dira 601 eta 12.000 euro arteko isunak edo lurrak kentzea arau-hausleari.
Hori guztia gorabehera, Udalak arau-haustearen arduradunari egotziko dizkio konponketek Udalaren diru-kutxetan eragindako gastuak, horretarako baliatuz betearazpen subsidiarioaren prozedura.
IV. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK
Ablitasko Udalak bere esku du udal ordenantzan ezarritakoaren aurka jotzen dutenak zehatzeko ahalmena.
Ablitasko Udalak noiznahi egiten ahalko ditu egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak, ordenantza honetan xedatutakoa betetzen dela ziurtatzeko.
Alde batera utzita adjudikaziodunari kalteak eta ordainak erreklamatzea eta sortutako erantzukizunak finkatzea, Udalak jarraian azalduko diren zehapenak ezartzen ahalko ditu, dagokion zehapen espedientea instruituta. Nafarroako Gobernua arduratuko da aztertu eta zehatzeaz herri-lurrei eragiten dieten eta indarra duen baso-legeria hausten duten gertakariak.
20. artikulua. Arau-hausteak.
Herri-lurretako ordenantzan jasotako arau-hausteen araubideaz eta Ureztatzaileen Elkarteen ordenantzetatik eta erregelamenduetatik etortzen ahal direnez gain, ureztalur loteen adjudikaziodunak arau-hauste eta zehapenen araubide berariazkoaren mende egonen dira.
21. artikulua. Falta arinak.
Falta arinak dira:
a) Udalaren edo Ureztatzaileen Elkarteen gomendioak ez betetzea.
b) Udal landazainen edo horretarako baimena duen bestelako erakunde baten ikuskapen lana oztopatzea edo ez laguntzea.
c) Lanabesak edo makineria uztea adjudikatuta ez dituen beste laborantzako loteetan.
d) Adjudikaturiko lurzatien ehuneko laurogei gutxienez ez lantzea, ezinbesteko kasua ez bada.
e) Erregelamendu bidez finkatutako kanona edo bestelako tasak ez ordaintzea ezarritako epeetan.
f) Lurrak goldatzean bide ertzean ildoa irekia uztea, bidea bera edo areka hondatuz.
g) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.
h) Ordenantza honetan xedatuaren aurkako beste edozein gertakari edo egintza, arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkatu ez dena.
22. artikulua. Falta astunak.
Falta astunak dira:
a) Adjudikazio batean hiru arau-hauste arin egitea.
b) Adjudikazioa eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.
c) Udalari ez komunikatzea adjudikazio baldintzetan gerora izandako aldaketak, fede gaiztoz.
d) Landaketa iraunkorrak egitea Ablitasko Udalaren baimenik izan gabe.
e) Ezponda, harri-txintxar, altxonbide, bide eta erreka-zuloetako lurrak lantzea.
f) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.
g) Udal landazainen ikuskapen lana galaraztea, horretarako arrazoi aski izan gabe.
h) Loteen mugak aldatzea edo adjudikatzekoak ez diren loteetako lurrak landatzea.
i) Ureztatzeko instalazioak arduragabekeriaz erabiltzea, lote mugakideei edo hirugarrenen ondasunei kalteak eraginda.
j) Kanona, amortizazioaren urtekoa nahiz ur kontsumoarenak, ez ordaintzea.
k) Landatuak ez diren arbolen mozketa edo eraispena, dagokion baimenik gabe.
23. artikulua. Falta oso astunak.
Falta oso astunak dira:
a) Adjudikatutako lurzatia azpierrentan ematea eta/edo bertan ez egitea zuzeneko laborantza pertsonala.
b) Txandakatzerako lagapena egitea Udalaren baimenik izan gabe.
c) Txandakatzerako lagapena egitea Ablitasko ureztalurretako herri-lurren loteren baten adjudikazidouna ez den norbaiten alde.
24. artikulua. Zehapenak.
Egiten diren kalteen ordeztea, konpontzea eta kalte-galerak ordaintzea ezertan ukatu gabe, eta bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabideen eta tresnen konfiskazioa eginen baitzaie, lehenago adierazitako arau-hausteak honako modu honetan zehatuko dira:
–Arau-hauste arinek 300 eurotik 500 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.
–Arau-hauste astunek 501 eurotik 1.500 eurorainoko isuna izanen dute zehapen, eta indarrean diren adjudikazioak bertan behera geratzea ekarriko dute.
–Arau-hauste oso astunek 1.501 eurotik 3.000 eurorainoko isuna izanen dute zehapen, eta ekarriko dute adjudikatutako lurrak kentzea (kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe) eta herri-lurretako aprobetxamenduen adjudikaziodun izateko desgaikuntza.
25. artikulua. Preskripzioa.
Arau-hausteek preskribatuko dute:
–Arau-hauste arinek, 6 hilabeteren buruan.
–Arau-hauste astunek, 2 urteren buruan.
–Arau-hauste oso astunek, 3 urteren buruan.
Zehapenek preskribatuko dute:
–Zehapen arinek, urtebeteren buruan.
–Zehapen astunek, 2 urteren buruan.
–Zehapen oso astunek, 3 urteren buruan.
V. TITULUA.–BESTE XEDAPEN OROKOR BATZUK
26. artikulua.
Laborantzako herri-lurren loteen kontzesio berrirako zozketa orokorra egin ondoren, beste adjudikazio batzuk eginen dira urtero, erreserbako loteekin eta adjudikatu gabeko loteekin.
27. artikulua.
Ureztalurreko herri-lurren loteak erabiltzeko aukera, edonola ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: Ablitasko biztanlea izateari uzteagatik, herrian urtean bederatzi hilabetetan benetan ez bizitzeagatik, edo Udaleko zerga arloko betebeharrak beterik ez izateagatik.
Xedapen gehigarria.–Indarra hartzea.
Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko egunean.
Xedapen indargabetzailea.
Indarrik gabe gelditzen dira herri-lurren aprobetxamendua arautzen duten udal-ordenantzak, honako hauei dagokienez: 2005eko ordenantzan ureztaketari buruz sartutako xedapen espezifikoak eta ureztalurren aprobetxamendua arautzeko 2015an onetsitako ordenantza.
Azken xedapena.
Ordenantza honen onespena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 eta 325.2 artikuluetan ezarritako prozedurari lotuko zaio. Herritarrek aldez aurretik parte hartzea izanen dute, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan.
Iragarkiaren kodea: L2413769
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
