211. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

564/2024 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen 28ko 471/2024 Ebazpenaren bidez onetsitako I. eranskinaren testua. Ebazpen horren bidez Nafarroako XXXVIII. Kirol Jokoetarako deialdia egiten da eta txapelketaren nondik norakoa arautzen duten oinarrizko irizpideak eta kirol federazioekin hitzartu beharreko lankidetza-hitzarmenen testua onesten dira, baita egin beharreko jarduerari aurre egiteko gastua ere.

Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 28an emandako 471/2024 Ebazpenaren I. eranskinean Nafarroako XXXVIII. Kirol Jokoen araudia ezartzen da. 3. ataleko (Helburuak) azken paragrafoan esaten denez, "partidan zehar aldaketak izaten diren kiroletan, parte hartzen duten kirol federazioen araudiek ziurtatu beharko dute kirolari guztiek izanen dutela gutxieneko parte-hartze bat".

Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzak adierazi duenez, egiaztatu da kirol federazioek zailtasunak dituztela Nafarroako Kirol Jokoetako kategoria guztietan xedapen hori sartu eta aplikatzeko. Hori dela eta, komenigarritzat jotzen da neurri hori malgutzea aurtengo edizioan, eta pixkanaka ezartzen joatea Nafarroako Kirol Jokoen programako hurrengo edizioetan. Horrela, programako aurtengo ediziorako, proposatzen da aipatutako testua aldatzea, eta aukera ematea kadeteen eta gazteen kategorietan neurri hori ez aplikatzeko, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari eskaera arrazoitua egin ondoren, betiere.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 257/2023 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 28an emandako 471/2024 Ebazpenaren bidez onetsitako I. eranskinaren testua, 3. ataleko azken paragrafoa, zehazki. Ebazpen horren bidez Nafarroako XXXVIII. Kirol Jokoetarako deialdia egiten da eta txapelketaren nondik norakoa arautzen duten oinarrizko irizpideak eta kirol federazioekin hitzartu beharreko lankidetza-hitzarmenen testua onesten dira.

Hauxe izanen da testua aurrerantzean:

"Partidan zehar aldaketak izaten diren kiroletan, parte hartzen duten kirol federazioen araudiek ziurtatu beharko dute kirolari guztiek izanen dutela gutxieneko parte-hartze bat. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari eskaera arrazoitua egin ondoren, arau hori aplikatuko gabe uzten ahalko da kadeteen eta gazteen kategorietan".

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren kontra bidezkoa dela gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Ebazpen honek Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak sinatu eta biharamunean hartuko du indarra, horrek galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau igortzea Kirola Sustatzeko Atalera, Kirola eta Jarduera Fisikoa Sustatzeko Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta haren barneko Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urriaren 1ean.–Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Jorge Aguirre Oviedo.

Iragarkiaren kodea: F2414222