211. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

880E/2024 EBAZPENA, irailaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena Noaingo (Elortzibar) Tutera kaleko 41ean, Iruñeko Garraioaren Hirian, hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduera baten proposamenaz. Jardueraren sustatzailea Metales ADI SL da.

2024ko apirilaren 25ean, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak, organo eskuduna den aldetik, eskaera bat igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari, hasiera emateko goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. taldeko b) letran.

Proiektuaren deskribapena.

Metales ADI SL enpresak hondakin ez-arriskutsuak erosteko eta saltzeko egiten duen jarduera handitu nahi du, hondakin ez-arriskutsu gehiagoren kudeaketa egin nahi duelako (batez ere metalikoak). Horretarako, hondakin ez-arriskutsu horiek (batez ere metalikoak) bildu, biltegiratu, sailkatu eta garraiatzeko nabe bat behar du, ondoren balorizatzeko (R12 eta R13).

Jarduera hartuko duen industria nabea egina dago, eta Noaingo (Elortzibar) 4. poligonoko 257. lurzatian dago, Oritzen; lurzati horrek 541,79 m² ditu eta Iruñeko Garraioaren Hirian dago, Tutera kaleko 41 zenbakian, eta, beraz, industria-lurzoru urbanizatuan. Nabeak 315 m² ditu (25 x 12,6 m) eta 8,15 m-ko altuera teilatu-hegaleraino. Lurzatiaren gainerako zatia zabalgune bati dagokio, zeina erabiltzen baita sarbide eta aparkaleku gisa, eta zamalanak eta maniobrak egiteko.

Ez da elektrizitate, hornidura eta saneamendurako zuzkidura berririk behar, industrialdean baitago.

Jarduera honetan datza: hondakinak jatorrian biltzea (batez ere metalikoak, metalurgiako enpresenak), nabera garraiatzea, biltegiratzea eta bereiztea. Ondoren kargatu eta azken aldiz garraiatuko dira, R12 eta R13 eragiketen bidez balorizatzeko. Hain zuzen, R12 eragiketaren bidez, hondakinak trukatzen dira, birziklatzeko, berreskuratzeko edo balorizatzeko eragiketak egiteko, eta R13 eragiketaren bidez, hondakinak biltegiratzen dira, birziklatzeko, berreskuratzeko edo balorizatzeko eragiketen zain.

Nabean jasotzen diren hondakinen artean sar daitezkeen hondakin arriskutsuak edo isurketak biltzeko eta kudeatzeko neurriak jasotzen dira.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuaren ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena egin beharrari buruz.

Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, kontsultak egin zaizkie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Izapide honetan, kontsulta egin zaio Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Kutsaduraren Hondakinen Atalari.

Proiektuaren analisia, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Jarduera industria-lurzoruko nabe baten barruan garatuko da, eta, beraz, ez da aurreikusten jarduera berria ezartzeak eta garatzeak ingurune naturalean ukipen zuzenik izatea, ez baita proposatzen nekazaritza edo basogintza erabilera duten urbanizatu gabeko landa-lurren gaineko okupaziorik.

Ingurumen baimen bateratuaren espedientean kontrolatu eginen dira jarduerak airearen kalitatean, zaratan, lurzoruan eta uretan izan litzakeen ingurumen inpaktuak, bai eta hondakinen sorrerak ekarritakoak ere.

Kontsulten emaitzatik abiatuta, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez, zehazten du jarduerak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta jarduera berriaren ingurumen baimen bateratua betetzen bada, hargatik eragotzi gabe indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortzea.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Noaingo (Elortzibar) Tutera kaleko 41ean, Iruñeko Garraioaren Hirian, hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko jardueraren proposamenak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan. Jarduera Metales ADI SLk sustatu du.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Noaingo (Elortzibar) Udalari, Basozaintzari (7. barrutia, "Iruña") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko irailaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2414226