2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
TUTERA
Alkateordeak eta Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatzea, eta eskumenak eskuordetzea
Tuterako Udaleko alkate udalburuak, 2023ko ekainaren 20an, 1487 Ebazpena eman zuen. Hona horren testua:
"Tuterako Udalak, 2023ko ekainaren 17an egin bilkura berezian, Osoko Bilkura eratu zuen, maiatzaren 28ko hauteskundeen ondotik. Halaber, Alkatetza honen eskumenei dagokienez, bidezkoa da indarrean den araudiak ezartzen dituen gainerako organoak, beharrezkoak nahiz osagarriak, eratzen jarraitzea, horien guztien ohiko funtzionamendua lortzearren.
Beharrezko organo horien artean daude alkateordeak, Udalaren Erregelamendu Organikoaren 3.1 artikuluak dioenaren arabera. Erregelamendu horrek 26., 27. eta 28. artikuluetan alkateordeen araubidea arautzen du. Zehazki, 26. artikuluan jartzen du alkateak libreki izendatu eta kargutik kenduko dituela alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artetik, eta haien kopurua ezin dela izan Batzarreko kideena baino handiagoa.
Halaber, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 20.1.b) artikuluaren arabera Tokiko Gobernu Batzarra ere beharrezko organoa da, eta haren kideak izanen dira alkatea, batzarburu arituko baita, eta hark libreki batzarkide izendatutako zinegotziak, betiere kontuan harturik izendatuen kopurua ezin dela izan Udalbatzako legezko kideen herena baino handiagoa (aipatu legearen 23.1 artikulua); kasu honetan, zazpi izanen dira.
Udalaren Erregelamendu Organikoaren 71. artikuluan ezartzen da Tokiko Gobernu Batzarrak astean behin eginen duela ohiko bilkura, alkateak dekretu bidez ezarriko dituen egun eta orduetan; eta bilkura berezi edo presakoak, berriz, alkateak berak erabakitzen duenean. Aurrekoa gorabehera, alkateak badu ahalmena batzar hori noiznahi biltzeko, organo horren iritzia edo laguntza beharrezkoa iruditzen zaionean, bere eskumeneko eskudantzien erabileran behar diren ebazpenak eman aurretik.
Ahalmen horiek erabiliz eta gaia arautzen duten toki araubidearen arloko gainerako legezko xedapenak ikusita,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Izendatzea Tokiko Gobernu Batzarreko kide, batzarburu ariko den alkatearekin batera jarduteko, honako zinegotzi hauek:
–Zeus Pérez Pérez.
–Irune García García.
–Anichu Agüera Angulo.
–M.ª Reyes Carmona Blasco.
–Eneko Larrarte Huguet.
–M.ª Olga Chueca Chueca.
–Irene Royo Ortín.
Bigarrena.–Tuterako Udaleko alkateorde izendatzea, ezartzen den hurrenkeran, Tokiko Gobernu Batzarreko kide hauek:
–Lehen alkateordea: Zeus Pérez Pérez.
–Bigarren alkateordea: Irune García García.
–Hirugarren alkateordea: Anichu Agüera Angulo.
–Laugarren alkateordea: Reyes Carmona Blasco.
–Bosgarren alkateordea: Eneko Larrarte Huguet.
–Seigarren alkateordea: M.ª Olga Chueca Chueca.
–Zazpigarren alkateordea: Irene Royo Ortín.
Hirugarrena.–Tokiko Gobernu Batzarraren esku uztea honako eginkizun hauek:
1.–Udal ordenantzak eta erregelamenduak betearaztea, eskuordeturik dituen eskumenen esparruan.
2.–Onestea beste organo bati esleitu gabeko dirulaguntzen deialdiak.
3.–Tokiko Gobernu Batzarrak erabakitako obrak eta zerbitzuak zuzentzea, bultzatzea eta ikuskatzea.
4.–Lantegiak eta industria nahiz merkataritzarako establezimenduak eta beste edozein motatako establezimenduak irekitzeko lizentziak ematea.
5.–Obra lizentziak ematea, proiektu teknikorik behar badute eta haien aurrekontua 30.050,61 eurokoa baino handiagoa bada.
6.–Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Legearen 81. artikuluko mota guztietako kontratazioak, fakturaren eta kreditu erreserbaren arteko gehieneko adjudikazio kopuruak gainditzen badituzte, aurrekontua betearazteko oinarrietan gastua baimentzeko ezartzen dena galarazi gabe.
7.–Obren eta zerbitzuen proiektuak onestea, haiek kontratatzeko edo emateko eskumena duenean.
8.–Ondasunak eskuratu, erabili eta besterentzea, ondareari buruzko legediak alkateari esleitzen dionean, baldin eta aurrekontuko baliabide arrunten %1 baino gehiago eta %5 baino gutxiago egiten badute.
9.–Aurrekontuaren ohiko garapenari dagozkion fakturak onestea, baldin eta kontu-hartzailetza zerbitzuek jaso badituzte eta Tokiko Gobernu Batzarrak baimenduriko gastuei badagozkie.
10.–Alkatetzaren eta zinegotzi ordezkarien fakturen zerrenda helaraztea Tokiko Gobernu Batzarrari, horien berri izan dezan soilik.
11.–Bere eskumenen esparruan udal ordenantzei dagozkien arau-hausteak zehatzea.
12.–Berraztertzeko errekurtsoak ebaztea, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoei buruzko txostenak egitea, eskuordeturiko eskumenak erabiltzean gauzatu egintzen aurka jartzen direnean.
13.–Hirigintza antolatzeko eta kudeatzeko hitzarmenak eta tresnak onestea, horien gaineko eskumena alkatearena denean.
14.–Pertsona fisiko eta juridikoekin, publiko zein pribatuekin, egindako lankidetza-hitzarmenak onestea, horien eskumena Osoko Bilkurarena ez denean.
Laugarrena.–Tokiko Gobernu Batzarrak, orokorrean, ohiko bilkura ostiralero eginen du, 13:00etan.
Bosgarrena.–Indarrik gabe uztea, indarrekotzat jo daitekeen guztian, Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatzeari eta Alkatetzak bere eskudantziak haren esku uzteari dagokionez lehenago emandako xedapen guztiak.
Seigarrena.–Dekretu honen berri ematea Udaleko Osoko Bilkurari eta Tokiko Gobernu Batzarrari, egiten duten hurrengo bilkuran; ukitutako zinegotziei jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta sinatzen denetik aitzina izanen den indarrean."
Tuteran, 2023ko ekainaren 20an.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.
Iragarkiaren kodea: L2317747