21. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

175E/2023 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, "Laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioetarako 2024ko dirulaguntzak" emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 733769.

Nafarroako Lan Osasunaren 2022-2025eko Planean ezarritakoaren arabera, funtsezko helburua da langileen lan osasuna hobetzea eta laneko ezbeharrak murriztea. Horretarako, enpresetako laneko ekipoen eta lantokien baldintza materialak hobetu behar dira, besteak beste. Gaur egun Nafarroako Lan Osasunaren Plan berri bat lantzen ari da, eta helburu hori bera aurreikusten du.

Horregatik, helburu hori lortzeko dirulaguntzak emateko deialdia egiten da, Nafarroan lantokiak eduki eta 150 langile baino gutxiago enplegatzen dituzten enpresek inbertsioak egin ditzaten laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko, laneko ezbeharrak murrizteko.

Nafarroako Gobernuaren 2023ko azaroaren 22ko Erabakiaren bidez, baimena eman zen dirulaguntza hori banakako ebaluazioko araubidean tramitatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioetarako dirulaguntzen 2024ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honetako gastuei aurre egiteko aurrekontu-kreditu hau baimentzea:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810012-81500-7709-494100 Lan Osasunaren Plana gauzatzeko inbertsioak

2024

260.000

Dirulaguntzak eskatzeko eta emateko epea ireki ahal izateko, aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da aipatutako aurrekontuko partidan.

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko abenduaren 7an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza honen xedea besteren konturako langileen segurtasuna eta osasuna sustatzea da, laneko ezbeharrak murrizteko. Horretarako, beharrezkoa da enpresetako laneko ekipoen eta lantokien baldintza materialak hobetzea.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradunak izaten ahalko dira besteren konturako langileak kontratatuta dauzkaten enpresa pribatuak, dirulaguntza eskatzeko unean beharkizun hauek betetzen dituztenak:

a) Inbertsio diruz lagungarriak eginak edo egitekoak izatea enpresak Nafarroan dituen lantokietan.

b) 150 langiletik behera izatea. Horretarako, lan unitateen (UTA) kopurua hartuko da kontuan, hau da, enpresan lan egiten duten edo haren kontura lanaldi osoan eta urte guztian ari direnen kopurua. Urte osoan lan egiten ez dutenen edo lanaldi partzialean ari direnen lana UTAren zatiki gisa kontatuko da, eta deialdia argitaratu aurreko urtea hartuko da kontuan.

c) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan arau-hauste oso astun bat edo bi arau-hauste astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun-plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

e) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea departamentuak zuzenean eskuratu ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena eginen du eskatzaileak eskaera-orrian. Halere, Administrazioak ahalmena izanen du jaso dituen aitorpen edo adierazpenen egiazkotasuna ikertzeko.

3. Hauek ez dira onuradun izaten ahalko: langile autonomoak, administrazio publikoak, enpresa edo sozietate publikoak eta sektore publiko instituzionala.

3. oinarria.–Inbertsio diruz lagungarriak.

1. Diruz lagungarriak izanen dira 2023ko azaroaren 3tik 2024ko azaroaren 2ra bitartean (biak barne) egin eta ordaindutako inbertsioak.

2. Kapital finkoko inbertsioetara mugatuko dira, betiere enpresak berak erabiltzeko badira, saldu edo errentan emateko eskuratutakoak bazter utzita, eta haien behar prebentiboa enpresaren arriskuen ebaluazioan adierazten bada eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak aipatzen duen jarduera prebentiboaren plangintzan jasotzen bada.

Inbertsioak hiru motatakoak izaten ahalko dira:

2.1.1. Laneko ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzeko inbertsioak.

2.1.2. Inbertsioak lantokietan.

2.1.3. Lanpostuak egokitzea.

2.1.1. Laneko ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzeko inbertsioak:

a) Segurtasun gabeziak dituzten laneko ekipoak edo makinak erabat egokitzea uztailaren 18ko 1215/1997 Errege Dekretuan aurreikusitako xedapenetara. Errege dekretu horretan segurtasun eta osasun xedapen gutxienekoak ezartzen dira langileek laneko ekipoak erabiltzeko.

b) Segurtasun gabeziak dituzten makinen ordez CE marka duten beste baliokide batzuk jartzea, betiere egokitzapenaren kostua makina berria eskuratzearen %40 baino handiagoa bada. Aukera horrek nahitaez makina kentzea ekarriko du.

Makinak ordeztuz gero, aurkeztutako egokitzapen-aurrekontuetako bat, gutxienez, makina erosteko aurrekontuak egiten dituzten enpresekin harremanik ez duen enpresa batek egin beharko du.

c) Normalizatuta ez dauden obrako aldi baterako lanak egiteko aldamioak, koadro elektrikoak (obretarako multzoak (CO)) eta ertzetako aldeak babesteko behin-behineko sistemak ordeztea UNE arau zehatzak betetzen dituzten beste batzuekin. Aukera horrek ordeztutako ekipoak nahitaez kentzea ekarriko du.

d) Pertsonentzako igogailuak edo plataforma igotzaile mugikorrak (PEMP) eskuratzea, baldin makinak merkaturatzeko eta zerbitzuan jartzeko arauak ezartzen dituen urriaren 10eko 1644/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinaren 17. atalean aipaturikoak badira.

e) Laneko makinak edo ekipoak egokitu edo eskuratzea, irizpide ergonomikoak kontuan harturik, gihar-hezurretako arazoen prebentziorako. Ez dira diruz lagunduko altzariak, bulegoko osagarriak, ekipo informatikoak eta gailu periferikoak.

f) Laneko makinak edo ekipamenduak egokitzea, ordeztea edo eskuratzea, edo arriskuaren jatorriari aplikatutako babes kolektiboko beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik. Horren helburua da arriskua ezabatzea, Langileen osasuna eta segurtasuna agente kimikoekin lan egiteak dituen arriskuen kontra babesteari buruzko apirilaren 6ko 374/2001 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluan oinarrituta, edo osasunerako arriskutsuak diren eragile kimikoen esposizioko arriskua murriztea, bat etorriz artikulu horretako a) eta b) letrekin.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: eragile kimikoak aireratu edo hedatzea galarazten duten ekipoak erabiltzea, baita aireztapena eta erauzketa lokalizatua errazten dituztenak ere.

Agente kimiko kantzerigenoei edo mutagenoei dagokienez, zeinak Langileak agente kantzerigenoekin lan egiteak dituen arriskuen kontra babesteari buruzko maiatzaren 12ko 665/1997 Errege Dekretuan aplikatzen baitira, diruz lagungarria izanen da laneko makinak edo ekipamenduak egokitzea, ordeztea edo erostea, bai eta honako hauek eragiten dituzten prozesu edo prozeduretan aldaketak egitea ere:

–Agente kantzerigenoa edo mutagenoa arriskutsua ez den edo arrisku txikiagokoa den beste batekin ordeztea, aipatutako Errege Dekretuaren 4. artikuluaren arabera.

–Agente kantzerigeno edo mutageno horien presentzia murriztea lan-ingurunean.

g) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileei zarataren esposizioa ekiditeko edo murrizteko, Langileen osasuna eta segurtasuna zaratarekin lotutako arriskuen kontra babesteari buruzko martxoaren 10eko 286/2006 Errege Dekretuaren 4.1 artikuluaren a), b), c) eta e) apartatuekin bat.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: ekipo zaharrak ordeztea zarata maila apalagoko beste batzuekin, lantokien eta lanpostuen antolamendua eta kontzepzioa, baita zarataren murrizte teknikoa ere.

Ez da dirulaguntzaren xedea lan metodoetan antolaketa aldaketak egitea.

h) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileei bibrazioen esposizioa ekiditeko edo murrizteko, Langileen osasuna eta segurtasuna bibrazio mekanikoen esposizioarekin lotutako arriskuen kontra babesteari buruzko azaroaren 4ko 1311/2005 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluaren a), b), c) eta e) apartatuekin bat.

Besteak beste, honako kasu hauek sartzen dira: ekipo zaharrak ordeztea bibrazio maila apalagoko beste batzuekin, ekipo lagungarriez hornitzea, hala nola bibrazioaren kontrako aulkiak edo kirtenak, lantokien eta lanpostuen antolamendua eta kontzepzioa, baita bibrazioen murrizketa teknikoa ere.

Ez da dirulaguntzaren xedea lan metodoetan antolaketa aldaketak egitea.

i) Laneko makinak edo ekipoak egokitu, ordeztu edo eskuratzea, edo arriskuaren sorreran aplikatutako babes kolektiborako beste neurri batzuk hartzea, irizpide higienikoak kontuan harturik, langileei eragile biologikoen esposizioa ekiditeko edo murrizteko, Lanean agente biologikoen eraginpean egotearekin zerikusia duten arriskuen aurka langileak babesteari buruzko maiatzaren 12ko 664/1997 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluaren a) eta d) apartatuekin bat.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: bioerreaktoreak eta III motako segurtasun biologikorako kabinak eskuratzea; erauzketa lokalizatuak edo aireztapen orokorrerako neurriak jartzea.

Ez dira dirulaguntzaren xedea honako helburu hauek dituzten inbertsioak:

–Lan metodoetan antolaketa aldaketak egitea.

–Norbera babesteko neurriak.

–Garbiketarako jarduerak eta produktuak.

–Egiturazko aldaketak zirkuituak edo gune garbi/zikinak ezartzeko edo edukiera murrizteko.

2.1.2. Inbertsioak lantokietan:

a) Esku-hartzeak lantokietan dauden arriskuen aurrean segurtasuna eskaintzeko, bat etorriz Lantokietako segurtasun eta osasunerako gutxieneko xedapenak ematen dituen apirilaren 14ko 486/1997 Errege Dekretuaren I. eranskinaren hurrengo apartatuetan ezarritako baldintzekin:

–3. Zoruak, irekidurak eta desnibelak, eta barandak.

Ez da dirulaguntzaren xedea ainguraketa-gailuak instalatzea.

–4. Trenkadak, leihoak eta baoak.

–5. Zirkulazio bideak.

–6. Ateak eta atetzarrak.

Atetzarrak ordeztea diruz lagunduko da, baldin eta baldintza hauek betetzen badira: ate berriak CE marka badu, aplikatzekoa den araudia betetzen badu eta egokitze-kostuak eskuratze-kostuaren %40 gainditzen badu.

–7. Arrapalak, eskailera finkoak eta zerbitzukoak.

–8. Eskala finkoak.

Eskala finkoak jartzea dirulaguntzaren xedea izanen da, baldin eta horiek erabili bitartean altueran erorikoen arriskua kontrolatuta badago ainguratze lerroaren gainean (zurruna eta malgua) erorikoen aurkako gailu lerrakorra jarriz.

Ainguratze lerroa zurrunaren gaineko erorikoen aurkako gailu lerrakorrak eskala finkoetan jartzea, UNE-EN 353-1:2014 arauaren arabera, edo ainguratze lerroa malguaren gainean, UNE-EN 353-2:2002 arauaren arabera.

Honako hauek ez dira dirulaguntzaren xede izanen:

  • Eskala finkoetan jarritako gailuak, baldin osotasunean 16 metrotik gorako altuera diferentziak gainditzen badituzte.
  • Erorikoen aurkako sistemen gainerako osagaiak (arnesak, lotzeko elementuak eta abar).

–13. Minusbaliotasunen bat dutenak.

b) Esku-hartzeak lantoki itxietan giro termikoa hobetzeko, apirilaren 14ko 486/1997 Errege Dekretuaren III. eranskineko 3.a) (tenperatura), 3.b) (hezetasun erlatiboa) eta 3.c) (aire-korronteak) ataletan ezarritako baldintzen arabera.

–Dirulaguntzaren xede izanen dira klimatizazio-sistemak, foku erradiatzaile garrantzitsuen pantailak, eraikinen erresistentzia termikoa handitzea eta antzeko jarduerak.

–Leihoak aldatzea ez da dirulaguntzaren xede izanen.

Esku-hartzeak lokaletako airearen gutxieneko berriztapena ziurtatzeko, III. eranskineko 3.d) atalean ezarritakoaren arabera. Neurri hori bereziki interesgarria da langileen artean SARS-CoV-2aren kutsatzeak mugatzeko, Osasun Ministerioak ezarritako jarraibideen arabera.

–CO2 neurgailuak eta airea arazteko sistemak ez dira dirulaguntzaren xede izanen.

c) Estalki hauskorren ordez estalki ez-hauskorrak jartzea, baldin azalera eta bolumena handitzen ez badira, altuerako erorikoen arriskuagatik.

d) Amiantoa duten materialen ordez substantzia hori ez duten beste material batzuk jartzea, amianto-zuntzen eraginpean egoteko arriskuagatik. Inbertsioa diruz lagungarria izateko, RERAn izena emanda dagoen enpresa batek egin beharko ditu amiantoa kentzeko, garbitzeko, eta amiantoarekiko esposizio-arriskua daukaten beste lan batzuk (martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezartzen duenarekin bat). Lan horiek lan agintaritzak onetsitako lan-plana izanen dute. Honako hauek dira diruz lagungarriak diren materialak:

–Zuntz-zementuzko estalkiak, baldin eta hura ordezkatzeak ez badakar azalera edo bolumena handitzea.

–Erretenak, zorrotenak, andelak edo apaingarriak ez diren beste elementu batzuk, bai eta plakak ere estalkiak ez diren tokietan, baldin eta horiek ordezteak ez badakar sistemaren edukiera nabarmen handitzea. Elementu horiek ordeztea diruz lagungarria izan dadin, kendu beharreko elementuek honako baldintza hauetako bat bete beharko dute gutxienez: langileek eskuz eskuratu ahal izatea edo ingurunera zuntzak askatzeko gaitasuna izatea.

e) Lantokietako esku-hartzeak, kanpoko bortizkeriaren (eraso fisikoak) arriskuaren aurrean, langileei segurtasuna emateko.

Besteak beste, honako hauek sartzen dira: alarmak eta komunikazio bizkorreko beste sistema edo gailu batzuk paratzea; pantailak edo bideo-babeserako sistemak paratzea; itxarotea kudeatzeko sistemak; sarrerak blokeatzeko sistemak; sarrera murriztuko eremuak zedarritzea; ate-uhateak, manparak eta mostradoreak paratzea; irteera bikoitza eranstea areto, bulego eta arriskuko beste toki batzuetan; pultsadoreak eta erasoen aurkako beste bitarteko pertsonal batzuk (izu-botoia, eta abar) paratzea; eta argiztapena hobetzea sarbide eta aparkalekuetan (eremu ilunak kentzea).

Bideo zaintzarako sistemen instalazioa eta hartutako irudien erabilpena indarrean dagoen araudiari egokituko zaio.

f) Lantokietako esku-hartzeak, laneko bide-segurtasunaren irizpideak kontuan harturik, ibilgailuek langileak kolpekatu edo harrapatzearen arriskua murrizteko.

Ez dira dirulaguntzaren xedea garraiobideen barnean egindako esku-hartzeak.

Era berean, ez dira diruz lagunduko zama-kaiak handitzeko eta/edo birmoldatzeko obra zibileko lanak, ezta zelaietako zoladurak egin eta/edo konpontzeko lanak ere, barneko zein kanpoko zirkulazio-bideetan, zirkulazioan dauden ibilgailuek kolpeak edo harrapatzeak eragitea saihesteko lanak izan ezik.

2.1.3. Lanpostuen egokitzapenak, amatasunerako arriskurik ez duten lanpostuak izateko, haurdunaldia eta edoskitze naturala babesteko irizpide prebentiboekin eginak, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 26. artikuluaren arabera.

3. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Banakako babes ekipamenduak.

b) Konponketak, prest uzteak eta/edo mantentze-lanak ez egitearen ondoriozko jarduerak.

c) Lantokietako obra berriak, handitzeak, eraldaketak edo erreformak.

d) Eraso fisikoen arriskuak, arintzat eta onargarritzat (edo baliokideak) baloratu direnak, desagerrarazi, murriztu eta/edo kontrolatzeko erabiltzen diren jarduketak. Salbuespena da 3.2 oinarriaren 2.1.2.e) atalean aipatzen den gastu diruz lagungarria.

e) Identifikatutako arriskuak eragiten dituzten arrazoiak ezabatzeko edo, gutxienez, maila onargarri edo hutsaleraino (edo baliokide bateraino) murrizteko zuzenean eragiten ez duten jarduketak.

4. Inbertsio diruz lagungarritzat hartuko dira leasing kontratuaren bidez eskuratzen diren makinak edo laneko ekipoak, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik kontratuaren hasieratik pagatzen bada eta kontratuan hori bukatzean aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri bada.

4. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Gastu diruz lagungarriaren %25 emanen da, BEZa kanpo, eta dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inoiz 30.000 eurotik gorakoa izanen urteko eta onuradun bakoitzeko.

2. Dirulaguntza %30ekoa izanen da, aurreko ataleko muga errespetatuta, honako kasu hauetan:

a) Enpresak hartu badu emakumeen eta gizonen artean lan arloko edozein diskriminazio galarazteko neurri hauetako bat:

–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat onestea, halakorik nahitaez eduki behar ez badu. Berdintasun plan horrek Hitzarmen Kolektiboen, Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatua egon beharko du, eta eskaerarekin batera aurkeztuko da.

–Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak onartzea, berdintasun plan bat izatera behartuta ez dagoenean. –Neurri horiek negoziatuko dira langileen legezko ordezkaritzarekin, edo, halakorik ez badago, Langileen Estatutuaren 41.4 artikuluaren arabera gehienez ere hiru kiderekin izendatutako batzorde batekin. Zilegitasuna duten subjektuek sinatutako akta edo agiri baten bidez justifikatuko da.

–Genero berdintasunaren arloan eskuduna den entitate batek emandako aitortza edo bereizgarria eskuratzea, tratu eta aukera berdintasunaren aldeko politikak aplikatzeagatik (Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" edo Amedna-ren "Reconcilia zigilua", eta abar). Aitortza edo bereizgarri hori aurkeztuta justifikatuko da.

b) Onuraduna lehentasunezko elkartea dela edo lehentasunezko elkarte baten barnean dagoela aitorturik badago, Nekazaritzaren eta elikaduraren arloetako kooperatibak eta beste elkarte batzuk sustatzeko abuztuaren 2ko 13/2013 Legea aplikatuz.

c) Lantokietako esku-hartzeak egiten badira 3.2 oinarriko 2.1.2.e atalean aipatzen den kanpoko bortizkeriaren (eraso fisikoak) arriskuaren aurrean segurtasuna emateko, laguntzen fitxan ezarritako dokumentazioa aurkeztuko dute.

d) Lantokietako esku-hartzeak egiten badira, laneko bide-segurtasunaren irizpideak kontuan harturik, ibilgailuek langileak kolpekatu edo harrapatzearen arriskua murrizteko (3.2 oinarriko 2.1.2.f atala), laguntzen fitxan ezarritako dokumentazioa aurkeztuko dute.

e) InnovaRSE edo TAMIRSE zigilua eskuratzea metodologiaren edozein fasetan, azken bost urteotan.

3. Eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik deialdiaren aurrekontua agortzen bada, horren kreditua handitzen ahalko da, gehienez ere 250.000 euro gehituz. Handitze hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta argitaratu beharko da, beste deialdi batzuetan izandako gastua hasiera batean aurreikusitakoa baino txikiagoa izan delako.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea otsailaren 1ean irekiko da eta 2024ko apirilaren 1ean bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoko laguntzen fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Laguntzen fitxan eskuratu daitezkeen ereduen araberakoak izanen dira eskaerarekin batera (eskaneatuta, bereizita eta zein bere izenarekin identifikatuta, deialdi honetan erabilitako terminologiaren arabera; esate baterako: "memoria", "aurrekontuak", eta abar) aurkeztu behar diren agiriak. Hain zuzen ere, agiri hauek:

a) Memoria:

Inbertsio proiektuaren memoria. Bertan honako datu hauek agertu behar dira: enpresaren identifikazioa, jardueraren deskribapena, eskatutako dirulaguntza kudeatzeko erreferentziako pertsonaren izena eta harremanetarako helbidea.

Laguntzen fitxan memoriak izan beharko dituen atal beharrezkoak zehaztuko dira.

b) Inbertsio mota bakoitzerako aurkeztu beharreko berariazko dokumentazio beharrezkoa laguntzen fitxan adierazitakoa izanen da.

c) Dokumentu bat, langileen ordezkariak (ordezkaritzarik bada) dirulaguntzaren xede diren prebentziozko neurriak hartzearekin ados daudela egiaztatzen duena.

d) Proiektuaren kostuaren aurrekontu zehaztua (edo proformako faktura). Laneko ekipoak eskuratzen badira, aurrekontuan agertu beharko dira erosiko den objektua eta aplikatu beharreko araudia (marka, eredua, UNEa, elementu bakoitzaren mota, CE marka...).

e) Dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada obraren kostuan, edo 12.000 eurotik gorakoa ekipo ondasunen erosketan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian, zeina laguntzen fitxan baitago.

Aurreko betebeharra ez da bete beharko, baldin eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Hala bada, eskaerak oinarri honetan ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak txostena eman ondoren, Lan Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea ebatziko duen organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunari, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

8. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Egin eta ordaindu den inbertsioa justifikatzeko epea 2024ko azaroaren 1ean bukatuko da, egun hori barne.

Inbertsioaren justifikazioa ez bada egiten ezarritako epeetan, justifikatu gabeko laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

2. Dokumentazioa telematikaz aurkeztu beharko da, laguntzen fitxaren bidez. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako inbertsioa azaltzen duen memoria, gastua eta ordainketa frogatzen dituzten dokumentuak zerrendaturik. Memoria horretan enpresaren webgunerako esteka bat sartu beharko da, 9.1.e) oinarrian adierazitako publizitate betebeharra betetzen dela ikusteko, edo informazio kartelaren argazkia enpresaren iragarki-taulan.

b) Egindako gastuak eta ordainketak frogatzen dituzten dokumentuak.

c) Inbertsio mota bakoitzerako berariazko frogagiriak, laguntzen fitxan adierazten direnak.

d) Errentamendu finantzarioaren kontratu baten bidez (leasing) egindako inbertsioaren kasuan, leasing kontratuaren kopia aurkeztu beharko da, eta bertan agertu behar dira hori bukatzean aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri dela, errentamendu finantzarioaren amortizazio-taula eta eragiketaren BEZ osoa ordaindu dela justifikatzen duen agiria.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako inbertsioa egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Errentamendu finantzarioaren kontratu baten bidez (leasing) egindako inbertsioaren kasuan, 10.2 oinarrian adierazitako betebeharra.

d) Dirulaguntzaren xedeko ekipoak eta inbertsioak enpresaren jabetzan izatea bi urtez, gutxienez ere, dirulaguntza ematen duen ebazpenaren datatik hasita.

e) Inbertsiorako jasotako laguntzari publizitatea ematea, ondoko esaldia korporazioaren webgunean sartuz, edo enpresan ikusteko moduko toki batean, gutxienez bi urtez, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera: "Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, laneko ekipoak eta lantokiak egokitzeko inbertsioetarako 2023ko deialdian".

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidearen galera deklaratu, eta dagozkion zenbatekoak askatzen badira, halakoak erabiltzen ahalko dira behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, jasota geldituko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztua izatea.

Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena hiru hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

2. Errentamendu finantzarioaren bidez finantzatutako inbertsioen kasuan (leasing), onuradunak enpresa errentatzaileari ordaindutakoa dirulaguntza baino txikiagoa bada, diferentzia hori ordaindu beharko dio errentatzaileari, eta diru kopuru hori errentamendu finantzarioaren kuotak aldez aurretik amortizatzeko erabiliko da.

Onuradunak ordainketa horren frogagiria eta amortizazio-taula berria aurkeztu beharko dizkio laguntzak kudeatzen dituen organoari, ordaintzeko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean betiere.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb). Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-inprimakian emandako helbide elektronikoaren bitartez.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

13. oinarria.–"De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 EBAO, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera-orrian.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoko laguntzen fitxan.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2400309