209. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

219E/2024 EBAZPENA, irailaren 26koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitatearen arteko hezkuntzako lankidetza hitzarmena, kanpoko praktika akademikoak garatzeko.

2015ean, hezkuntzako lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitateak, eta hari esker, ikasle askok aukera izan zuten beren praktika akademikoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egituran, erakunde autonomoetan eta sozietate publikoetan osatzeko.

Aurreko hitzarmena sinatu zenetik 9 urte igaro direnez, beharrezkotzat jo zen beste hitzarmen bat egitea, hura eguneratzeko eta irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuan jasotako xedapenen menpe jartzeko (errege dekretu horrek unibertsitateko irakaskuntzen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen ditu).

Nafarroako Gobernuaren 2024ko maiatzaren 29ko Erabaki bidez onetsi zen Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitatearen arteko hezkuntzako lankidetza hitzarmena, kanpoko praktika akademikoak garatzeko.

Bidezkoa da hitzarmena Aldizkari Ofizialean argitaratzea, bi alderdiek sinatu ondoren.

Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 72/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea ebazpen hau eta Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitatearen artean kanpoko praktika akademikoak garatzeko izenpetutako hezkuntzako lankidetza hitzarmena, eranskin gisa jaso dena.

2 Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Sarrigurenen, 2024ko irailaren 26an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

ERANSKINA.–NAFARROAKO GOBERNUAREN ETA NAFARROAKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKO HEZKUNTZAKO LANKIDETZA HITZARMENA, KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK GARATZEKO

Iruñean, 2024ko ekainaren 11n.

BILDURIK:

Batetik, Patricia Fanlo Mateo andrea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Nafarroako Gobernuaren izenean eta hitzarmen hau sinatzeko ahala izanik, kontuan hartuz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak xedatutakoa, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 6ko Lehendakariaren 22/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoa ere.

Bestetik, María José Iraburu Elizalde andrea, ----------------------------------------------------------------; dokumentu honen ondorioetarako, helbidea Iruñean duena, Nafarroako Unibertsitateko Eraikin Nagusian (Unibertsitate Campusa, z.g. 31009, Iruña). Nafarroako Unibertsitatearen izenean eta hura ordezkatuz hartzen du parte, erakunde horretako ERREKTOREA den aldetik (IFKa: R-3168001- J; jakinarazpenetarako helbidea: Nafarroako Unibertsitateko Eraikin Nagusia, Unibertsitate Campusa z.g., 31080, Iruña, Nafarroa), eta agertzen da Iruñeko notario Enrique Pons Canet jaunaren aurrean 2022ko martxoaren 14an emandako ahalordetze-eskrituran (524 protokolo-zenbakia) zehaztutako ahalmenak erabiliz.

Aldeek hitzarmen hau sinatzeko zuzenbidearen araberako behar besteko gaitasun juridikoa aitortu diote elkarri eta, hala,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehena.–Irakaskuntza unibertsitario ofizialetako hezkuntza ereduak helburu du, besteak beste, prestakuntza teoriko eta praktiko egokia duten tituludunak prestatzea, eta, horretarako, beharrezkoa da, orobat, lanbidean aritzeko prestakuntza, baita erakundeetako, enpresetako eta laneko errealitateak ezagutzea ere, lantokietako prestakuntza prozesuen bitartez.

Bigarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoko departamentuetako organo eta unitate administratiboak, baita hari lotutako erakunde autonomoetakoak eta sozietate publikoetakoak ere, prestakuntza praktikoaren iturri izan daitezke unibertsitateetako ikasleentzat, eta prestaketa izan daitezke haien lanbide jardunerako.

Hirugarrena.–Testuinguru horretan, aipatu behar da Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitatearen arteko 2015eko ekainaren 5eko hitzarmena sinatuta izandako esperientzia. Izan ere, hitzarmen horri esker, Nafarroako Unibertsitateko ikasleek aukera izan dute beren praktika akademikoak osatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egituran, bai eta haren erakunde autonomo eta sozietate publikoetan ere.

Laugarrena.–Bi aldeen nahia da Nafarroako Unibertsitateko ikasleen prestakuntzari jarraitutasuna ematea, unibertsitate horretako graduko eta graduondoko ikasleentzako praktika arautuen proiekzioaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoko departamentuetako organo eta unitate administratiboetan, baita hari lotutako erakunde autonomo eta sozietate publikoetako organo eta unitateetan ere.

Bosgarrena.–Hitzarmen hau honako xedapen hauen mende dago: irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretua, unibertsitateko irakaskuntzen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituena; uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretua, unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituena; eta Nafarroako Unibertsitatearen kanpoko unibertsitate-praktika akademikoei buruzko jarraibideak, 2023ko azaroan argitaratu zirenak.

Horrenbestez, bi aldeek honako hauek hitzartzen dituzte:

KLAUSULAK

Lehena.–Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da lankidetza ezartzea kanpoko praktika akademikoak garatze aldera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan edo sozietate publikoetan, zeinek konpromisoa hartzen baitute Nafarroako Unibertsitateak ematen dituen graduko edo graduondoko irakaskuntzetako ikasleak beren eremuetan hartzeko, dagokien ikasketa planean integratutako praktikak egin ahal ditzaten.

Bigarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta ikasleen arteko harremanaren izaera.

Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta haren antolakundean hitzarmen honen bidez sartu diren ikasleen artean ezarri den harremana ez da lan izaerakoa, baizik akademiko eta administratiboa, eta honako hauen bidez arautzen da: unibertsitateen araubide juridikoko xedapenak, kanpoko praktika akademikoak unean-unean arautzen dituzten arauak eta hitzarmen hau bera. Horrenbestez, ez Nafarroako Gobernuarentzat ez haren erakunde autonomo eta sozietate publikoentzat ez da eratorriko lan nahiz estatutu izaerako betebeharrik.

Halaber, Nafarroako Gobernuaren sozietate publikoentzat ez da eratorriko inolako lan izaerako betebeharrik, eta Langileen Estatutua ez da aplikatzekoa izanen.

Hirugarrena.–Praktiketarako ikasleen kopuruaren esleipena.

Hitzarmen honen hamahirugarren klausulan aurreikusitako moduan zehaztuko da zenbat ikaslek eginen dituzten praktikak Foru Komunitateko Administrazioan eta horri lotutako erakunde autonomo eta sozietate publikoetan.

Laugarrena.–Ikasleen tutoretzaz arduratuko diren irakasleak.

Unibertsitateak bere tutoretzaz arduratuko diren irakasleak esleituko dizkio ikasle bakoitzari. Irakasle horiek irakasgai praktikoaren planifikazioaz, koordinazioaz, jarraipenaz eta ebaluazioaz arduratuko dira.

Praktikak egiten diren Foru Komunitateko Administrazioaren, erakunde autonomoen edo sozietate publikoen eremu zehatzean, ikasle bakoitzaren aprobetxamendua eta egindako praktiken maila egiaztatzeko tutorea izendatuko da.

Bosgarrena.–Praktiken edukia.

Praktiken edukiari dagokion prestakuntza proiektua Nafarroako Unibertsitateak prestatuko du ikasle bakoitzarentzat, hitzarmen honen 1. eranskineko ereduaren arabera. Eduki hori titulazioaren konpetentzia generikoetan eta espezifikoetan oinarrituko da, eta ikasleari erraztasunak emanen dizkio ezagutza teorikoak osatzeko, ikaskuntza praktikoa lortzeko, lanbide gaitasunak garatzeko eta lan merkatuan txertatzeko.

Seigarrena.–Laguntza ekonomikoa.

Foru Komunitateko Administrazioak, erakunde autonomoek edo sozietate publikoek, hala erabakitzen badute, hilero diru kopuru bat esleitzen ahalko dute laguntza ekonomiko gisa. Laguntza hori ez da inola ere ordainsari edo nominatzat hartuko, ez baitago kontratu harremanik.

Zazpigarrena.–Erantzukizun zibilaren eta istripuen asegurua.

Unibertsitateko irakaskuntza ofizial edo berezkoetako batean matrikulatutako ikasle guztiek erantzukizun zibilaren aseguru bat dute.

Eskola aseguruak 28 urtetik beherakoak estaltzen ditu, unibertsitateko ikastegietako irakaskuntza ofizialetan matrikulatuta badaude eta dagokion kuota ordainduta badute. Estalduraren denbora eremua urte akademikoa da. Aplikazio esparrua lurralde nazionala da, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean jasotako lurraldetasun printzipioaren arabera.

28 urte edo gehiagoko ikasleen kasuan, edo unibertsitatearen berezko irakaskuntzetan matrikulatutakoen kasuan, unibertsitatearen zerbitzuak ziurtatuko du dagokien istripu aseguruak eta derrigorrezkoak izan daitezkeen guztiek estaltzen dituztela.

Praktikak lurralde nazionaletik kanpo egiten badira, unibertsitateak, dagokion zentroaren bidez, bermatuko du ikasleek poliza egokia dutela istripuen, osasun laguntzaren eta aberriratzearen kasuetarako.

Zortzigarrena.–Ikasle bakoitzaren jardueraren balorazioa.

Ikasle bakoitzaren jardueraren kontrolari eta balorazioari dagokionez, erakunde laguntzaileak ikasleen ebaluazio akademikorako beharrezkoa den informazio guztia emanen dio tutore akademikoari.

Bederatzigarrena.–Jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoa.

Ekintzak behar bezala koordinatzeko eta horien jarraipena egiteko eta ekintzak behar bezala garatzeko, alde bakoitzeko arduradunak, praktikaren eta/edo dagokion ikastetxeko ikasketen amaierako lanaren tutorearekin batera, unibertsitatearen kasuan, eta kanpoko tutorearekin batera, erakunde laguntzailearen kasuan, harremanetan eta komunikazioan egonen dira etengabe, komenigarritzat jotzen duten guztietan bilduko dira, eta hitzarmen honen xede diren ekintzen garapenean sor daitezkeen gorabehera guztiak elkarren arteko adostasunez konpontzeko konpromisoa hartuko dute.

Hamargarrena.–Gizarte Segurantzako eta laneko araubide juridikoa.

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita hamabigarren xedapen gehigarritik eratorritako betebeharrei dagokienez (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori, eta Pentsiodunen eskubideak zabaltzeko, genero arrakala murrizteko eta pentsioen sistema publikoaren iraunkortasun esparru berri bat ezartzeko presako neurrien martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege Dekretuaren 34. artikulu bakarraren bidez gehitu zitzaion xedapen hori), erabaki da Nafarroako Unibertsitatea arduratuko dela ordaindu gabeko praktiketako ikasleen Gizarte Segurantzako alta eta kotizazioa kudeatzeaz. Aipatutako erabakiak 2024ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, aipatu den errege lege dekretuaren azken xedapenetako hamargarrenarekin bat.

Ikasle batek praktika programan parte hartzeak ez du esan nahi hitzarmen honetan ezarritako konpromisoak baino gehiago hartzen dituenik. Kanpoko praktika akademikoen prestakuntza izaera dela eta, praktika horiek egiteak ez du, inola ere, lan harremanaren berezko betebeharrik ekarriko. Halaber, horien edukiak ez du lanpostuen berezko lan prestazioa ordezten ahalko. Hitzarmen hau sinatzeak ez dakar finantza betebeharrik edo kontraprestazio ekonomikorik aldeetako inorentzat.

Halaber, ikasketak amaitzean ikaslea Foru Komunitateko Administrazioko, bere erakunde autonomoetako edo sozietate publikoetako plantillan sartzen bada, praktiketako denbora ez da antzinatasunerako zenbatuko, eta ez da probalditik salbuetsiko, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboan berariaz bestelako zerbait ezarrita ez badago.

Foru Komunitateko Administrazioak, bere erakunde autonomoek edo sozietate publikoek ez dute betetzen ahalko, ezta behin-behineko edo bitarteko izaerarekin ere, plantillan inolako lanposturik hezkuntzako lankidetza hitzarmen honi atxikitako praktiketako ikasle batekin.

Era berean, kanpoko praktika akademikoak egitea ez da merezimendutzat hartzen ahalko funtzio publikoan sartzeko, eta ez da kontuan hartuko antzinatasunerako edo aurretiazko zerbitzuak aitortzeko.

Hamaikagarrena.–Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako eta erakunde autonomo eta sozietate publikoetako langileen tutoretza.

Nafarroako Unibertsitateko errektoreak tutore gisa aitortzen ahalko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoko departamentuetako langileak, bai eta hari lotutako erakunde autonomo eta sozietate publikoetakoak ere, hau da, praktiken tutoretzan parte hartzen dutenak erakunde horrek aldez aurretik izendatuta. Horrek ez du eragozten praktiken jarraipenaz arduratzen diren unibertsitateko irakasleak tutore akademikoak izatea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoko departamentuen menpeko langileak, bai eta hari lotutako erakunde autonomo eta sozietate publikoetakoak ere, tutore izateko aitorpenak baldintza hauek bete behar ditu:

–Ez dakar inolako lan edo administrazio harremanik unibertsitatearekin, eta ez dakar erakunde horrek inolako ordainsaririk ematea.

–Unibertsitateak hobariak ezar ditzake Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoko departamentuetako administrazio-organo eta -unitateen mende dauden profesionalentzat, bai eta hari lotutako erakunde autonomo eta sozietate publikoen mende dauden profesionalentzat ere, praktikak tutorizatzen laguntzen badute. Hobari horiek honako hauek izan daitezke: kirol instalazioetarako edo liburutegirako sarbidea, eta aldez aurretik ezarri eta araututa dauden zerbitzu eta deskontuak.

Nafarroako Unibertsitateak, Praktiken eta Enpleguaren Zerbitzuaren bidez edo, tutore lana zer zentrotarako egiten den, harexen bidez, emandako praktiken eta horien iraupenaren ziurtagiriak emanen ditu, profesional interesdunak hala eskatuta.

Hamabigarrena.–Praktiketako ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

Praktiketako ikasleek honako eskubide hauek izanen dituzte:

a) Tutoretza jasotzeko eskubidea, praktikak irauten duen bitartean, unibertsitateko tutore baten eta erakunde kolaboratzailearen tutore baten eskutik.

b) Ebaluatuak izateko eskubidea, Unibertsitateak ezarritako irizpideen arabera.

c) Praktikaldia egin duten erakunde kolaboratzailearen txostena eskuratzeko eskubidea, garatutako jarduera eta haren iraupena berariaz aipatuta.

d) Hala xedatzen den kasuetan, erakunde kolaboratzailearen ekarpen ekonomikoa jasotzeko eskubidea, ikasteko laguntza nahiz poltsa gisa.

e) Jabetza intelektuala eta industriala izateko eskubidea, gaia arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera.

f) Erakunde kolaboratzailearengandik laneko arriskuen prebentzioaren eta segurtasunaren araudiari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

g) Beren jarduera akademikoa, prestakuntzakoa, ordezkaritzakoa eta parte hartzekoa betetzeko eskubidea, erakunde kolaboratzaileari behar besteko aurrerapenaz jakinarazi ondoren.

h) Desgaitasuna duten ikasleek tutoretza, informazioa, ebaluazioa eta praktikak baldintza berdinetan eskuratzeko behar dituzten baliabideak izateko eskubidea.

i) Desgaitasuna duten ikasleen kasuan, praktikak egitearekin batera desgaitasun egoeraren ondoriozko edo hari lotutako jarduerak eta egoera pertsonalak uztartzeko eskubidea.

j) Ikasleak izandako lan esperientzia curriculumeko praktika moduan aitortzeko eskubidea.

k) Indarrean dagoen araudian edo unibertsitateak erakunde laguntzailearekin sinatutako hezkuntzako lankidetza hitzarmenetan aurreikusitako gainerako eskubideak.

Halaber, kanpoko praktika akademikoak egiten diren bitartean, ikasleek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Unibertsitateak kanpoko praktikei buruz ezarritako indarreko araudia betetzea.

b) Praktiken prestakuntza proiektua ezagutzea eta betetzea, bi tutoreen jarraibideei jarraitzea eta erakunde kolaboratzailearekin adostutako jarduerak betetzea, proiektu horretan ezarritako ildoen arabera.

c) Unibertsitateko tutore akademikoarekin harremanetan egotea praktikak egiten diren bitartean, praktiketan sor daitekeen edozein gorabeheraren berri ematea, praktikak amaitu ondoren haien ebaluazioa egitea eta praktiken amaierako memoria entregatzea, zeina aurreikusita baitago Nafarroako Unibertsitateko kanpoko unibertsitate-praktika akademikoei buruzko jarraibideetan, bai eta, hala badagokio, eskatzen zaizkion tarteko jarraipeneko dokumentuak eta txostenak ere.

d) Adostutako egunean sartzea kasuan kasuko erakunde kolaboratzailean, aurreikusitako ordutegia betetzea eta haren funtzionamenduko, segurtasuneko eta laneko arriskuen prebentzioko arauak errespetatzea.

e) Konfidentzialtasuna eta sekretu profesionala gordetzea erakunde kolaboratzailearen barne informazioari dagokionez.

f) Une oro, erakunde kolaboratzaileko politikarekiko errespetuzko jarrera erakustea, bere unibertsitatearen izen ona zainduta.

g) Gizarte Segurantzako betebeharrak kudeatzen dituen erakundeari jakinaraztea praktikaldiko egunetan gertatzen den edozein aldaketa nahiz desbideratze, eranskin honetan jasotako baldintzekiko. Halaber, praktikei uko egitearen berri ematea gertatzen den unean.

h) Indarrean dagoen araudian edo unibertsitateak erakunde laguntzailearekin sinatutako hezkuntzako lankidetza hitzarmenetan aurreikusitako beste edozein betebehar.

Hamahirugarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren konpromisoak.

Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak konpromisoa hartzen du unibertsitate ikasleak onartzeko, praktikak egin ditzaten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoaren bulegoetan, baita hari lotutako erakunde autonomo eta sozietate publikokoetan ere. Nafarroako Unibertsitateari ikasturte bakoitzean adieraziko dio zer kopuru izanen den, dituen aukeren arabera. Horretarako, urtero, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoko departamentuetako organo eta unitate administratibo bakoitzak, baita erakunde autonomoen eta sozietate publikoen kasuan ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoari adieraziko dio praktikak egiteko eskaintzen duen gutxieneko postu kopurua, eta hitzarmen honi gehituko zaio eranskin gisa. Gutxieneko hori izateak ez du galaraziko kopurua handitzea, baldin aurrera ateratzen badira ukitutako aldeen arteko ekimenak, praktiketan ikasle gehiago bidaltzea ahalbidetzen dutenak. Curriculumeko praktikak lehenetsiko dira, curriculumaz kanpokoen aurretik.

Sozietate publikoen kasuan, praktikak egiteko beharrezkoa izanen da aurretik sozietate publikoaren akordioa izatea, haren administrazio organoak edo ahalmen nahikoa duen pertsonak onetsia. Kasuan kasu hitzarmen honen 1. eranskina formalizatuz frogatuko da hori.

Hamalaugarrena.–Nafarroako Unibertsitatearen konpromisoak.

Nafarroako Unibertsitateak kanpoko praktika akademikoak esleituko ditu irizpide objektiboekin bat eta bermatuz, betiere, gardentasunaren, publizitatearen, irisgarritasun unibertsalaren eta aukera berdintasunaren printzipioak.

Hamabosgarrena.–Alde sinatzaileetako tutoreen betebeharrak.

Nafarroako Unibertsitateko tutoreen betebeharrak:

a) Prestakuntza proiektua behar bezala garatzen dela zaintzea, praktikak egiteko ordutegia eta ikasle bakoitzaren betebehar akademikoak, prestakuntzakoak, ordezkaritzakoak eta parte hartzekoak bateragarriak direla bermatuz.

b) Praktiken jarraipen eraginkorra egitea, horretarako erakunde laguntzailearen tutorearekin koordinatuta eta, hala badagokio, jarraipen txostenak ikusita.

c) Prestakuntza proiektuan gertatzen diren aldaketak baimentzea.

d) Datu-orri labur baten bidez, ikasleak praktikekin ikasitakoa ere ebaluatzen ahalko du, Nafarroako Unibertsitateko kanpoko unibertsitate-praktika akademikoei buruzko jarraibideetan jasotzen denarekin bat.

e) Nafarroako Unibertsitateak izendatzen duen tutoreak konfidentzialtasuna gordeko du bere jardueraren ondorioz ezagutzen duen edozein informaziori dagokionez.

f) Unibertsitateko kanpoko praktika akademikoen ardura duen organoari sor daitezkeen gorabeheren berri ematea.

g) Gainbegiratzea desgaitasuna duten ikasleek laguntza baliabideak behar bezala eskuratzen dituztela, bermatzeko praktikak egiten dituztela aukera berdintasuneko, diskriminaziorik gabeko eta irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan, eta, hala badagokio, baliabide horiek eskatzea.

Foru Komunitateko Administrazioko tutoreen betebeharrak, bai eta haien erakunde autonomoenak eta sozietate publikoetakoenak ere:

a) Ikasle bakoitzari harrera egitea eta egin beharreko jarduera antolatzea, prestakuntza proiektuan ezarritakoari jarraituz.

b) Jarduerak gainbegiratzea, praktikaren garapena bideratzea eta kontrolatzea, elkarrekiko errespetuan eta ikaskuntzarekiko konpromisoan oinarritutako harremana sustatuz.

c) Ikasle bakoitzari jakinaraztea erakundearen antolamendua eta funtzionamendua eta intereseko araudia, batik bat segurtasunari eta laneko arriskuei buruz.

d) Unibertsitateko tutore akademikoarekin koordinatzea hitzarmen honetan ezarritako jardueren garapena, praktika normaltasunez garatzeko beharrezkoak izan daitezkeen prestakuntza planaren aldaketak barne, bai eta praktika garatzean sor daitezkeen gorabeherak jakinarazi eta konpontzea eta azterketak egiteko baimenak kontrolatzea ere.

e) Nafarroako Unibertsitateko kanpoko unibertsitate-praktika akademikoei buruzko jarraibideetan aurreikusitako ebaluazioa egitea eta/edo azken txostena ematea.

f) Praktikak egiteko ikasle bakoitzak behar duen prestakuntza osagarria ematea.

g) Ikasle bakoitzari praktika garatzeko ezinbestekoak diren baliabide materialen erabilera erraztea.

h) Ikasleek berrikuntza, hobekuntza eta ekintzailetza proposamenak egin ditzaten erraztea eta bultzatzea.

i) Unibertsitateko tutore akademikoari erakunderako sarbidea erraztea, haren eginkizunaren berezko helburuak bete ditzan.

j) Tutoretza jardueraren ondorioz ezagutzen duten ikasleen gaineko edozein informazio isilpean gordetzea.

k) Ikasle bakoitzari laguntza eta sorospena ematea, erakundean dagoen bitartean, bertan egiten dituen jardueretan izan ditzakeen arazo profesionalak ebazteko.

Hamaseigarrena.–Jazarpen egoeren kontrako neurriak.

Jazarpen egoeren aurkako neurriei dagokienez, aldeek adostu dute ikasle bakoitza praktika egiten ari den erakunde laguntzailearen berariazko prozedura aplikatuko dela ikasleen balizko jazarpen egoerei aurre egiteko. Halakorik ez badago, unibertsitatearena aplikatuko da, eta bi aldeek konpromisoa hartuko dute abian jartzeko, lankidetzan aritzeko eta, nolanahi ere, alde guztien esku-hartzea bermatzeko.

Hamazazpigarrena.–Kode etikoa.

Ikasle praktikak "Crue Universidades Españolas" delakoak onetsitako kode etikoaren arabera eginen dira. Kode hori haren webgunean dago.

Hemezortzigarrena.–Datuen babesa eta gardentasuna.

Aldeek hitz ematen dute honako hauetan ezarritakoari jarraitzea, aplikagarri zaien heinean: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena; eta gaia garatzen duen gainerako araudia (DBEO).

Bereziki, alde sinatzaileei jakinarazten diete hitzarmenaren indarrez ematen dituzten edo ondoren eman ditzaketen datu pertsonalak hitzarmen hau ezarri, garatu eta betetzeko tratatuko direla. Trataera horrek aldeen interes publikoa du oinarri (DBEOren 6.1.e artikulua), eta ezinbestekoa da hitzarmena formalizatu eta betetzeko. Horrenbestez, legez eska daitekeen epean mantenduko da, kontratu harremanetik erator daitezkeen erantzukizunei erantzuteko.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko, mugatzeko eta eramateko eskubideak baliatzen ahalko dituzte, kontratu honen idazpuruan agertzen diren helbidera zuzendutako idazki baten bidez, datuak babesteko legerian aurreikusitako baldintzetan, beren NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia aurkeztuta.

Halaber, eskubidea dute erreklamazio bat aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, edo hala badagokio, datuak babesteko agintaritza autonomikoetan. Halaber, erakunde laguntzailearen datuak babesteko ordezkariarengana jotzen ahalko dute, halakorik balego, edo bestela, hona: dpo@unav.es.

Harremanetarako datuak ez zaizkio ezein hartzaileri jakinaraziko, legezko betebehar bat betetzeko izan ezik.

Hitzarmen honek bete egin behar du Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Foru Legea.

Beharrezkoa izanez gero, aldeek zuzenbidearen arabera bidezkoak diren agiri guztiak sinatu beharko dituzte, datuak babesteko araudia betetze aldera.

Praktiketako ikasleei eska dakizkiekeen konfidentzialtasun betebeharrak eta jokabide arduratsua ez betetzeak aukera emanen dio Unibertsitateari praktika horiek aldez aurretik amaitzeko, erakunde laguntzaileak horren berri eman ondoren.

Hala badagokio, erakunde laguntzaileak, egoki baderitzo eta ikasleak hala eskatuta, txosten bat egiten ahalko du, egindako jarduera, iraupena eta abar berariaz aipatuz.

Hemeretzigarrena.–Jarraipen Batzordea.

Hitzarmen honen interpretazioari eta exekuzioari buruz izan daitezkeen desadostasunak ebaztea Jarraipen Batzorde Paritario bati dagokio, eta aldeek izendatuko dituzte haren kideak.

Hogeigarrena.–Hitzarmenaren indarraldia eta suntsipena.

Hitzarmen hau lau urtez egonen da indarrean, sinatzen den egunetik aurrera, eta lau urtez luzatzen ahalko da, gehienez ere. Alde bakoitzak bere aldetik suntsiarazten ahalko du hitzarmena, hiru hilabete lehenago formalki jakinarazita. Era berean, aldeek edozein unetan adosten ahalko dute hitzarmena suntsiaraztea edo aldatzea.

Hogeitabatgarrena.–Hitzarmena aldatzea eta iraungitzea.

Hitzarmen hau alda daiteke, aldeek aho batez hala adostuta. Hala bada, aldaketa hori dagokion eranskinaren bidez formalizatuko da.

Hitzarmen hau iraungiko da xede dituen jarduketak betetakoan edo suntsitzeko arrazoietako bat gertatzen denean. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluan jasota daude hitzarmena suntsitzeko arrazoiak.

Hitzarmena suntsitzen den unean Nafarroako Unibertsitateko ikasleren bat praktikak egiten ari bada Foru Komunitateko Administrazioan, haren erakunde autonomoetan edo sozietate publikoetan, hitzarmenak ondorio guztiak izanen ditu praktikak erabat amaitu arte.

Hitzarmen honek indarrik gabe uzten ditu aldez aurretik Nafarroako Unibertsitatearen eta Foru Komunitateko Administrazioaren, haren erakunde autonomoen edo sozietate publikoen artean sinatutako praktiketako hitzarmenak. Hitzarmena suntsiarazten bada, hura behar bezala likidatzeko beharrezko erabakiak hartuko dira.

Arduradunek eta bi aldeen jardunean tutoretza egiten ari diren pertsonek jardunean jarraituko dute, eta haiek arduratuko dira aribidean dauden jarduketekin edo hitzarmenetik eratorritakoekin lotuta sor daitezkeen arazoak konpontzeaz. Berdin jokatuko da, era berean, hitzarmena iraungitzen bada, konpontzeke dauden gaiak ebatzi arte.

Hala erabaki dute eta, ados izatearen frogagarri, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan.

Nafarroako Gobernuaren izenean:

Patricia Fanlo Mateo

Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria.

Nafarroako Unibertsitatearen aldetik

María Iraburu Elizalde.

Nafarroako Unibertsitateko errektorea.

PRAKTIKETAKO HITZARMENAREN EREDU OROKORRAREN ERANSKINA

Eranskin hau Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuak sinatutako Hezkuntzako Lankidetza Hitzarmenari erantsi zaio.

AGERTU DIRA:

Alde batetik, Nafarroako Unibertsitateko Praktiken eta Enpleguaren Zerbitzuko zuzendaria den aldetik.

Bestetik, praktiketako ikaslearen tutorea, [Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo praktikak egiten diren sozietate publiko edo organismo autonomoaren egitura organikoaren izena txertatu]koa (aurrerantzean, destinoko egitura organikoa).

Eta, bestetik, ikaslea.

IKASLEAREN DATUAK:

Izen-deiturak:

NANa:

Helbide elektronikoa:

Egiten dituen ikasketak:

ADIERAZTEN DUTE:

Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituen ikaslea hautatua izan dela destinoko egitura organikoan prestakuntza praktikak egiteko. Halaber, ikasleak adierazi du badakiela praktikak egiteak ez dakarrela inolako lan harremanik, prestakuntza praktiketako ikaslea baita. Adierazpen horiek eginda, aldeek, askatasunez eta borondate propioz, honako hau.

HITZARTU DUTE:

Lehenbizikoa.–Xedea.

Akordio honen xedea da artikulatzea ikasleak nola eta zer baldintzatan egin behar dituen matrikulatuta dagoen kanpoko praktikak destinoko egitura organikoan.

Bigarrena.–Praktikak.

a) Ikasleak destinoko egitura organikoan eginen dituen zereginak esleitutako prestakuntza proiektuaren arabera egokitu beharko dira, eta proiektu horretan ezarriko dira bai helburu espezifikoak bai ikaskuntzan aurreikusitako zeregin zehatzak.

b) Praktikak ordutegi egokian eginen dira, ikasleak bere prestakuntzan ezarritako jarduera akademiko osagarriaren jarraipen egokia egin dezan eta unibertsitatean garatutako ordezkaritza lanak bete ditzan.

c) Baimen erregimena destinoko egitura organikoaren eta tutorearen eremuan ezarritako atsedenaldietara egokituko da, orduen egutegia eta ikasketak eta prestakuntza praktikoa bateragarri egiteko beharrezko baimenak osatu arte.

d) Ikasleak unibertsitateko irakasle tutore bat izanen du, bere prestakuntzaren plangintzaz, jarraipenaz eta ebaluazioaz arduratuko dena, Nafarroako Gobernuaren destinoko egitura organikoko langileen artean izendaturiko irakasle tutorearekin koordinaturik.

Destinoko egitura organikoaren izena:

Herria:

Hasiera eguna:

Bukaera eguna:

Praktikaren orduak:

Baimenak:

Praktika mota:

Destinoko egitura organikoan tutoretza praktikoaren arduraduna:

Helb.elekt.:

Unibertsitateko tutoretza praktikoaren arduraduna:

Helb.elekt.:

Hala badagokio, laguntza ekonomikoa (euroak hilean):

Hirugarrena.–Nahitaezko prestakuntza proiektua.

Oinarrizko konpetentziak:

Konpetentzia generikoak:

Konpetentzia espezifikoak:

Egin beharreko jarduerak:

Laugarrena.–Ikaslearen eskubideak eta betebeharrak.

Ikasleak, praktikak egin bitartean, honako eskubide hauek izanen ditu:

1. Bere maila akademikorako egokiak diren praktikak egiteko eskubidea, betiere horietarako hautatu badute.

2 Tutoretzen bidez ikuskatua eta ebaluatua izateko eskubidea.

3. Prestakuntza praktikora joateren ziozko istripu asegurua edukitzeko eskubidea.

4. Praktikak egiteari uko egiteko eskubidea, aldeei aurrerapen nahikoaz jakinarazita.

5. Praktikak egin diren erakunde kolaboratzaileak igorritako txostena lortzeko eskubidea, garatutako jarduera, haren iraupena eta, hala badagokio, errendimendua berariaz aipatuta.

6. Jabetza intelektuala eta industriala izateko eskubidea, gaia arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera.

7. Erakunde kolaboratzailearen aldetik segurtasunaren eta laneko arriskuen prebentzioaren gainean indarrean den araudiari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

8. Beren jarduera akademikoa, prestakuntzakoa, ordezkaritzakoa eta parte hartzekoa betetzeko eskubidea, erakunde kolaboratzaileari behar besteko aurrerapenaz jakinarazi ondoren.

9. Desgaitasuna izanez gero, praktika berdintasun baldintzetan egiteko behar diren baliabideak edukitzeko eskubidea, indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera.

10. Desgaitasuna izanez gero, praktikak egitearekin batera, bere egoeraren ondoriozko jarduerak eta egoera pertsonalak uztartzeko eskubidea.

11. Indarreko araudian eta hezkuntzako lankidetza hitzarmen egokietan zehaztutako bestelako eskubideak.

Bestalde, ikaslearen betebeharrak izanen dira honako hauek:

1. Prestakuntza praktikak erakunde kolaboratzaileari dagozkion arau eta ohituretara egokituta egitea, egutegia eta ezarritako ordutegia betez.

2 Unibertsitateak kanpoko praktikei buruz ezarritako araudia ezagutzea eta betetzea.

3. Prestakuntza proiektua ezagutzea eta betetzea, erakunde kolaboratzaileko tutoreak emandako jarraibideak betez eta unibertsitateko tutorearen gainbegiradapean, eta erakunde kolaboratzailearekin adostutako jarduerak arretaz betetzea, bertan ezarritako ildoen arabera.

4. Praktikak irauten duen bitartean unibertsitateko tutore akademikoarekin harremanetan egotea, sor daitekeen edozein gorabeheraren berri ematea eta tarteko jarraipeneko dokumentuak eta txostenak eta amaierako memoria egitea eta hari entregatzea.

5. Konfidentzialtasuna gordetzea erakunde kolaboratzailearen barne informazioari dagokionez, eta bere jarduerei buruzko sekretu profesionala gordetzea, praktiken egonaldian eta hura amaitutakoan.

6. Erakunde kolaboratzaileko langile guztiekiko errespetuzko jarrera erakustea une oro, Nafarroako Unibertsitatearen izen ona zainduta.

7. Gizarte Segurantzako betebeharrak kudeatzen dituen erakundeari jakinaraztea praktikaldiko egunetan gertatzen den edozein aldaketa nahiz desbideratze, eranskin honetan jasotako baldintzekiko. Halaber, praktikei uko egitearen berri ematea gertatzen den unean.

8. Indarrean dagoen araudian edota Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuak izenpetutako hezkuntzako lankidetza hitzarmenetan aurreikusitako beste edozein betebehar.

Bosgarrena.–Erakunde laguntzaileko tutorea.

Nafarroako Unibertsitateko errektoreak erakunde laguntzailearen tutore gisa aitortzen ahalko ditu praktiken tutoretzan parte hartzen duten destinoko egitura organikoaren mendeko langileak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren eremuan izendatu ondotik. Horrek ez du eragozten praktiken jarraipenaz arduratzen diren unibertsitate irakasleak tutore akademikoa izatea. Erakunde laguntzailearen tutore izateko aitorpenak baldintza hauek bete behar ditu:

a) Ez dakar inolako lan edo administrazio harremanik unibertsitatearekin, eta ez dakar erakunde horrek inolako ordainsaririk ematea.

b) Unibertsitateak hobariak ezar ditzake Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoko departamentuetako administrazio-organo eta -unitateen mende dauden profesionalentzat, bai eta hari lotutako erakunde autonomo eta sozietate publikoen mende dauden profesionalentzat ere, praktiketako tutore gisa laguntzen badute. Hobari horiek honako hauek izan daitezke: kirol instalazioetarako edo liburutegirako sarbidea, eta aldez aurretik ezarri eta araututa dauden zerbitzu eta deskontuak.

Nafarroako Unibertsitateak, Praktiken eta Enpleguaren Zerbitzuaren bidez edo, tutore lana zer zentrotarako egiten den, harexen bidez, emandako praktiken eta horien iraupenaren ziurtagiriak emanen ditu, profesional interesdunak hala eskatuta.

Seigarrena.–Aseguruaren araubidea.

Unibertsitateko irakaskuntza ofizial edo berezkoetako batean matrikulatutako ikasle guztiek erantzukizun zibilaren aseguru bat dute.

Eskola aseguruak 28 urtetik beherakoak estaltzen ditu, unibertsitateko ikastegietako irakaskuntza ofizialetan matrikulatuta badaude eta dagokion kuota ordainduta badute. Estalduraren denbora eremua urte akademikoa da. Aplikazio esparrua lurralde nazionala da, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean jasotako lurraldetasun printzipioaren arabera.

28 urte edo gehiagoko ikasleen kasuan, edo unibertsitatearen berezko irakaskuntzetan matrikulatutakoen kasuan, unibertsitateak ziurtatu beharko du dagokien istripu aseguruak eta derrigorrezkoak izan daitezkeen guztiek estaltzen dituztela.

Praktiketako ikasleentzako babeseko ekintza aplikatzekoa den Gizarte Segurantzaren araubideari dagokiona izanen da, urriaren 30eko Legegintzako 8/2015 Errege Dekretu bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrarekin bat. Egungo erregulazioarekiko aldaketen kasuan, aplikatzekoa izanen da unean-unean praktiketako ikasleei dagokien indarreko ordezko araudia.

Praktikak lurralde nazionaletik kanpo egiten badira, unibertsitateak, dagokion zentroaren bidez, bermatuko du ikasleek poliza egokia dutela istripuen, osasun laguntzaren eta aberriratzearen kasuetarako.

Zazpigarrena.–Haur eta nerabeekin tratu errepikatua, zuzena eta erregularra duten praktikak edo adingabeak hartzaile nagusitzat dituztenak.

Praktikek haurrekin eta nerabeekin tratu errepikatua, zuzena eta erregularra eskatzen badute, edo adingabeak hartzaile nagusitzat badituzte, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan ezarritakoa beteko da, eta, ondorioz, curriculum praktikak eginen dituzten ikasleek sexu delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute destinoko egitura organikoan sartu aurretik.

Zortzigarrena.–Jazarpen egoeren kontrako neurriak.

Aldeek adostu dute ikaslea praktika egiten ari den destinoko egitura organikoaren berariazko prozedura aplikatuko dela ikasleen balizko jazarpen egoerei aurre egiteko. Halakorik ez badago, unibertsitatearena aplikatuko da, eta bi aldeek konpromisoa hartuko dute abian jartzeko, lankidetzan aritzeko eta, nolanahi ere, alde guztien esku-hartzea bermatzeko.

Bederatzigarrena.–Datuen babesa eta gardentasuna.

Aldeek hitz ematen dute honako hauetan ezarritakoari jarraitzea, aplikagarri zaien heinean: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena; eta gaia garatzen duen gainerako araudia (DBEO).

Bereziki, alde sinatzaileei jakinarazten diete hitzarmenaren indarrez ematen dituzten edo ondoren eman ditzaketen datu pertsonalak hitzarmen hau ezarri, garatu eta betetzeko tratatuko direla. Trataera horrek aldeen interes publikoa du oinarri (DBEOren 6.1.e artikulua), eta ezinbestekoa da hitzarmena formalizatu eta betetzeko. Horrenbestez, legez eska daitekeen epean mantenduko da, kontratu harremanetik erator daitezkeen erantzukizunei erantzuteko.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko, mugatzeko eta eramateko eskubideak baliatzen ahalko dituzte, kontratu honen idazpuruan agertzen diren helbidera zuzendutako idazki baten bidez, datuak babesteko legerian aurreikusitako baldintzetan, beren NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia aurkeztuta. Halaber, eskubidea dute erreklamazio bat aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, edo hala badagokio, datuak babesteko agintaritza autonomikoetan. Halaber, erakunde laguntzailearen datuak babesteko ordezkariarengana jotzen ahalko dute, halakorik balego, edo bestela, hona: dpo@unav.es.

Harremanetarako datuak ez zaizkio ezein hartzaileri jakinaraziko, legezko betebehar bat betetzeko izan ezik.

Hitzarmen honek bete egin behar du Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Foru Legea.

Beharrezkoa izanez gero, aldeek zuzenbidearen arabera bidezkoak diren agiri guztiak sinatu beharko dituzte, datuak babesteko araudia betetze aldera.

Praktiketako ikasleei eska dakizkiekeen konfidentzialtasun betebeharra eta jokabide arduratsua ez betetzeak aukera emanen dio unibertsitateari praktika horiek aldez aurretik amaitzeko, erakunde laguntzaileak horren berri eman ondoren.

Hala badagokio, erakunde laguntzaileak, egoki baderitzo eta ikasleak hala eskatuta, txosten bat egiten ahalko du, egindako jarduera, iraupena eta abar berariaz aipatuz.

Hamargarrena.–Indarrean sartzea eta iraupena.

Hitzarmen hau sinatzen den unean jarriko da indarrean, eta indarraldia praktikak amaitzen diren egunean amaituko da. Nolanahi ere, aldeetako edozeinek akordio honetan jasotako betebeharrak betetzen ez baditu, gainerakoei baimena emanen die zorrotz betetzeko eskatzeko edo suntsiarazteko.

Aldeek, irakurri ondoren, edukiarekin ados daudela adierazteko, hiruna ale sinatu dituzte, ondorio bakarrerako, Iruñean,

Nafarroako Unibertsitatearen aldetik

Destinoko egitura organikoaren aldetik

Ikaslea

Iragarkiaren kodea: F2414027