208. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2314/2024 EBAZPENA, urriaren 04koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, deialdi bat onesten da Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Industria Ingeniari Teknikoen Elkargoaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 4.0 Industriaren Katedrak Gradu Amaierako Lan hoberenei lehen sari bat eta bost bigarren sari emateko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Industria Ingeniari Teknikoen Elkargoak (CITI Navarra), zeinek 4.0 Industriaren Katedra osatzen baitute, beharrezkotzat jotzen dute jakintza sortzea honako esparru hauetan: Ingeniaritza Industriala, Mekanikoa, Elektrikoa eta Elektronikoa, Fabrikazio Aurreratua, Diseinu Industriala, Big Data, Automatizazioa eta Robotika eta Efizientzia Energetikoa.

Alde horretatik, Gradu Amaierako Lan (GAL) hoberenei lehen sari bat eta bost bigarren sari emateko deialdia egiten da, 2023-2024 ikasturtean beren Gradu Amaierako Lana esparru horiekin lotuta egin duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (IITIGMET) graduko edozein titulaziotako unibertsitateko ikasleei zuzendurik.

Ikusirik CITI Navarraren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 4.0 Industriaren Katedrak egindako akta.

Ikusirik Unibertsitateko Zerbitzu Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik Kontabilitate Atalak egindako kreditu-erreserbaren ziurtagiria eta zerga-tratamenduari buruzko txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organikoaren 50. artikuluak (2023ko martxoaren 22koa) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 40. artikuluak (2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsiak eta Nafarroako Gobernuaren 2011ko maiatzaren 21eko erabaki baten bidez aldatuak) ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Gradu Amaierako Lan hoberenei lehen sari bat eta bost bigarren sari emateko deialdia onestea, beren GALa 2023-2024 ikasturtean egin duten NUPeko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko graduko edozein titulaziotako ikasleei zuzendurik, ebazpen honen eranskineko oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena.–Deialdi honek sortutako gastua baimentzea. 2.000 eurokoa izanen da gehienez gastu hori, sarietarako baliatuko da, eta 4.0 Industriaren Katedraren aurrekontuaren bidez finantzatuko da.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2024ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partida honen kargura ordainduko da:

30.30.00.76.69 0380 480.25 Katedren sariak 2.000,00 euro.

Hirugarrena.–Honako sari hauek emanen dira:

–Lehen sari bat, 1.000 eurokoa, Gradu Amaierako Lan hoberenarentzat.

–Bost bigarren sari, bakoitza 200 eurokoa.

Halako sariak Nafarroan ondare-irabazpentzat jotzen dira, eta ez dute atxikipenik, ez baitira joko, lehiaketa edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.

Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea CITI Navarraren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 4.0 Industriaren Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Ikerketako errektoreordeari eta Kontu-hartzailetzari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitara daitezela agintzea.

Era berean, aipatutako argitalpena alde batera utzi gabe, 4.0 Industriaren Katedra deialdiari ahalik eta zabalkunderik handiena emateaz arduratuko da katedraren webgunearen bidez, esteka honetan: https://www.unavarra.es/catedra-industria40/?languageId=100001.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak xedatzen duenaren arabera, eta zilegi da ebazpen horren eta bere oinarrien aurka berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2024ko urriaren 4an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco Javier Arregui San Martín.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK

GRADU AMAIERAKO LAN HOBERENENTZAKO SARIEN VII. EDIZIOA CITI NAVARRAREN ETA NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN 4.0 INDUSTRIAREN KATEDRAREN DEIALDIA

Eranskina, 2024ko urriaren 04ko 2314/2024 Ebazpenarena

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Industria Ingeniari Teknikoen Elkargoak (CITI Navarra), zeinek 4.0 Industriaren Katedra osatzen baitute, beharrezkotzat jotzen dute jakintza sortzea honako esparru hauetan: Ingeniaritza Industriala, Mekanikoa, Elektrikoa eta Elektronikoa, Fabrikazio Aurreratua, Diseinu Industriala, Big Data, Automatizazioa eta Robotika eta Efizientzia Energetikoa.

Alde horretatik, lehen sari bat eta bost bigarren sari emateko deialdia egiten da, 2023-2024 ikasturtean Gradu Amaierako Lana esparru horiekin lotuta egin eta NUPen aurkeztu eta gainditu duten IITIGMETeko ikasleei zuzendurik.

Horiek horrela, 4.0 Industriaren Katedrako Segimendu Batzorde Mistoak deialdi hau egiten du.

1.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da IITIGMETeko ikasleek 2023-2024 ikasturtean NUPen aurkeztu eta gainditu dituzten Gradu Amaierako Lan hoberenei lehen sari bat eta bost bigarren sari emateko prozedura arautzea, publizitate, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioekin bat etorriz; lanek esparru hauetakoren batekin egon behar dute loturik: Ingeniaritza Industriala, Mekanikoa, Elektrikoa eta Elektronikoa, Fabrikazio Aurreratua, Diseinu Industriala, Big Data, Automatizazioa eta Robotika eta Efizientzia Energetikoa.

2.–Finantzaketa.

Deialdi honek 2.000,00 euroko aurrekontua du guztira. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2024ko gastuen aurrekontuko 30.30.00.7669 0380 480.25 Katedren sariak izeneko partidaren kargura ordainduko dira.

CITI Navarraren eta NUPen 4.0 Industriaren Katedrak jarriko du zenbateko hori.

3.–Deialdiko sariak.

1.000 euro-ko lehen sari bat eta 200 euro-ko bost bigarren sari emateko deialdia egiten da, 2023-2024 ikasturtean Gradu Amaierako Lana NUPen aurkeztu eta gainditu duten IITIGMETeko ikasleei zuzendurik. Lanek esparru hauetakoren batekin egon behar dute loturik: Ingeniaritza Industriala, Mekanikoa, Elektrikoa eta Elektronikoa, Fabrikazio Aurreratua, Diseinu Industriala, Big Data, Automatizazioa eta Robotika eta Efizientzia Energetikoa.

Halako sariak Nafarroan ondare-irabazpentzat jotzen dira, eta ez dute atxikipenik, ez baitira joko, lehiaketa edo zozketetan parte hartzearen ondoriozko sariak.

4.–Baldintzak.

NUPeko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (IITIGMET) graduko edozein titulaziotako ikasleak aurkezten ahal dira, betiere beren Gradu Amaierako Lana 2023-2024 ikasturtean aurkeztu eta gainditu badute, honako esparru hauetakoren batean: Ingeniaritza Industriala, Mekanikoa, Elektrikoa eta Elektronikoa, Fabrikazio Aurreratua, Diseinu Industriala, Big Data, Automatizazioa eta Robotika eta Efizientzia Energetikoa. Ikasketa amaierako lanen defentsa 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte egina behar dute.

Sarietara aurkeztu nahi duten hautagaiek Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Industria Ingeniari Teknikoen Elkargoko kide izan behar dute (CITI Navarra), ikasle akreditatu gisara edo, gradua amaitua izanez gero, elkargokide gisara Eskolak eskaintzen dituen espezialitateetako edozeinetan.

5.–Hautagaitzak aurkezteko modua.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten ikasleek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu behar dute eskaera, Unibertsitatearen egoitza elektronikoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean eskuragarri izanen den inprimaki normalizatua betez. Dokumentazio hau erantsi behar dute:

–Azalpen labur bat, aditzera ematen duena Gradu Amaierako Lanak saria zergatik merezi duen eta zer ekarpen egiten dion proposatutako esparruetakoren bati: Ingeniaritza Industriala, Mekanikoa, Elektrikoa eta Elektronikoa, Fabrikazio Aurreratua, Diseinu Industriala, Big Data, Automatizazioa eta Robotika eta Efizientzia Energetikoa (orrialde bat gehienez).

–Gradu Amaierako Lanaren ildo nagusien laburpena (300 hitz gehienez).

–Gradu Amaierako Lanaren memoria.

Inprimaki normalizatuarekin batera aurkeztu behar den dokumentazio hori PDF formatuan entregatuko da, erregistro elektronikoaren bidez.

Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 20an bukatuko da, eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko.

Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

6.–Saritutako ikasleen betebeharrak.

1. Saridunak nahi duen moduan erabiliko du irabazi duen diru kopurua. Ordainketa 4.0 Industriaren Katedrak eta Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Industria Ingeniari Teknikoen Elkargoak (CITI Navarra) antolatuko duten ekitaldi publiko batean eginen da.

2. Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.

7.–Epaimahaia.

Honako hiru kide hauek osatutako epaimahaiak erabakiko du saria nori eman:

–Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Industria Ingeniari Teknikoen Elkargoaren zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona, zeina epaimahaiburu lanetan arituko baita.

–4.0 Industriaren Katedraren zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–4.0 Industriaren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoaren burua, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

4.0 Industriaren Katedraren zuzendariak eskatuta eratuko da batzordea, eta, horretarako, batzordekideei dei eginen die. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketa-lanak eginen ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.

8.–Sariaren esleipena.

1. Epaimahaiak hautagaitzei buruzko lehen ebaluazio bat eginen du, kalitatearen eta inpaktuaren arabera, txosten arrazoituarekin batera, eta haien artetik 6 hoberenak proposatuko ditu Gradu Amaierako Lanak jendaurrean azal eta defenda ditzaten. Hamargarren oinarrian ageri den bezala, "Argitalpena" izenekoan, bide bakarra erabiliko da ekitaldiaren berri emateko: 4.0 Industriaren Katedraren webgunea (https://www.unavarra.es/catedra-industria40/?languageId=100001).

2. Jendaurrean azaldu eta defendatzeko ekitaldian, alderdi hauek baloratuko ditu epaimahaiak:

–Aztertutako gaiak zenbateko interesa duen eta zein neurritan egokitzen den deialdiaren edukietara.

–Nolakoa den lanaren kalitate zientifikoa eta teknikoa. Zenbateko zehaztasunez erabiltzen diren iturriak eta nolakoa den lanaren barne sendotasuna.

–Estiloa zuzena ote den, eta lana adierazteko eta aurkezteko modua argia ote den.

3. Jendaurrean azaldu eta defendatzeko ekitaldiaren ondoren, epaimahaiak sariak emateko proposamena eginen du, txosten arrazoituan oinarrituta.

4. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio sariak emateko proposamena. Errektoreordeak, ondoren, ebazpen bat emanen du, eta, hartan, lehen saria jasotzeko proposatzen den hautagaiaren izena eta bigarren sariak jasotzeko proposatzen diren 5 hautagaienak agertuko dira. Posible da lehen eta bigarren sarietako balorazioetan berdinketa egotea eta sariak ex aequo ematea.

Sariren bat eman gabe utz daiteke epaimahaiaren iritziaren arabera, edo hautagairik ez dagoelako.

5. Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan bi hilabeteko epean, ebazpena Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

6. Ekitaldi publikoa eginen da saria emateko.

7. Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Industria Ingeniari Teknikoen Elkargoaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 4.0 Industriaren Katedrak emanen du sariaren berri, irabazleari saria emateko ekitaldi publikoa izan baino lehenago betiere.

9.–Datuen babesa.

Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira. Datuen tratamenduak bat etorri behar du EBko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrarekin (DBEO) eta Datuak Babesteko 3/2018 Lege Organikoarekin (DBLO).

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren (DBEO) arabera tratatuko dira datuak.

Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.

DBEOren 6.1.e) artikuluaren arabera, datuen tratamenduaren helburua honako hau da: Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Industria Ingeniari Teknikoen Elkargoaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 4.0 Industriaren Katedraren sariak antolatzea eta ematea.

Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa.

Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Parte-hartzaileek zilegi izanen dute bere datuetara sartzeko, informazioa lortzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak eta beste eskubide batzuk erabiltzea Datuak Babesteko delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es).

10.–Argitalpena.

Deialdi hau arautzen duten oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Halaber, oinarri horiek aplikatuz ematen diren gainerako egintzak Unibertsitatearen iragarki ohol elektronikoan argitaratuko dira, eta, horrez gain, ahalik eta zabalkunderik handiena emanen zaie 4.0 Industriaren Katedraren webgunearen bidez: https://www.unavarra.es/catedra-industria40/?languageId=100001.

Ebazpen honen oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 4.0 Industria Katedraren webgunean (https://www.unavarra.es/catedra-industria40/?languageId=100001) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira.

Deialdi hau aplikatzeko emandako gainerako egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren prozeduren katalogoan argitaratuko dira.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka, interesdunek zilegi dute berraztertzeko errekurtsoa jartzea, hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2414637