2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ZUBIETA
Mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Zubietako Udalak, 2024ko uztailaren 24an egin osoko bilkuran, legeak eskatzen duen quoruma zuela, erabaki zuen hasiera batean onestea Zubietako mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duen ordenantzaren aldaketa. Iragarkia 2024ko 171. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abuztuaren 22an.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Zubietan, 2024ko irailaren 27an.–Alkatea, Ernesto Dominguez Olea.
ZUBIETAKO MENDIKO PISTA ETA BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Zubietako herribide publikoen sarea zubietar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du udal mugapeko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien nahiz pasadizokoen harat-honatak errazteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.
Zubietako hermendian pista eta bide publikoak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedeak hiru dira: Zubietako natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta erabiltzeko egoera onean mantentzea.
Helburua horixe dela, Zubietako Udalak ordenantza hau onetsi du:
1.artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honek, indarra duen araudiari jarraikiz, Zubietako udalerrian herribide publikoen sarearen erabilera eta sarbidea arautzen ditu eta, gainera, erabilera komun berezi edo pribatiboagatiko tasa bat ezartzea aurreikusten du.
2. artikulua. Herribideen kategoriak.
Erabilera nagusiaren arabera, Zubietako landa-bide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:
1. 2 metro zabal edo gehiago duten bideak.
a) Auzoetako bideak, gehienbat herritar talde batek batera erabiltzen ditu, beren etxeetara edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiapenetara joateko.
b) Bordetako sarbideak, gehienetan aitzineko horien adar izaten direnak, herritar batek edo guti batzuek bordetan eta haien inguruko ustiategietan sartzeko erabiltzen dituztenak.
c) Pista nagusiak, normalean hermendiaren gainean mugarrien lerrotik kanpora egoten direnak, eta erabiltzen direnak mendi alde handietara ailegatzeko nahiz inguruko herriekin komunikatzeko. Gauza bat baino gehiagotarako erabiltzen dira: basogintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza.
d) Bigarren mailako pistak, hermendian izaten dira eta sare nagusiaren osagarri dira, eta mendi, baso berri, belai eta bertze zenbait tokitara ailegatzeko aukera ematen dute.
e) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, gehienetan zura ateratzea edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Anitzetan noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ez dira ibilgailuak sartzen.
2. 2 metro zabal baino gutiagoko bide meharrak. Bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.
3. artikulua. Kontserbazioa.
Zubietako Udalak zainduko du 2.1.a), b), c) d) eta e) ataletan zehazten diren herribide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Orobat, behar diren neurriak hartuko ditu interesgarritzat jotzen diren bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak) gal ez daitezen.
Hiru metroko zortasun eremua errespetatuko da bidearen kanpo aldetik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan jasotzen den gisara.
Bide publikoekin eta erabilera publikoko beste lur mota batzuekin muga egiten duten finken jabeek bide horien mugan dauden itxitura guztiak garbi-garbi edukiko dituzte, eta jabetza pribatutik atera eta itxituraren bertikala gainditzen duten oztopo guztiak kenduko dituzte. Partikularra itxituraren garbiketaz arduratzen ez bada, Zubietako Udalak egiten ahal du eta lan horien kostua partikularrari kobratuko dio.
4. artikulua. Ibilgailu motordunak.
1. Oro har, debekatuta dago motordun ibilgailuekin ibiltzea pistetatik kanpoko lur irekietan, bai eta bi metro baino gutxiagoko zabalerako pistetan ere. Dena den, kontuan hartu beharko da artikulu honetako hurrengo paragrafoetan xedatutakoa.
2. Bestelako baimenik ukatu gabe, honako ibilgailu motordun hauek ibiltzen ahal dira Zubietako udalerriko mendiko pistetan:
a) Erabilera edozein izanik ere, nork bere jabetzetara sartu behar duenean erabiltzen dituen ibilgailuak, eta/edo nekazaritzako ustiapenekin ikusteko dutenak.
b) Basoko suteen prebentziorako edo suteak itzaltzeko erabiltzen diren ibilgailuak.
c) Edozein Administrazio publikoren ibilgailu ofizialak.
d) Zerbitzua ematen duten baso-pistaren lurretan egiten diren baso-lanetan erabilitako ibilgailuak (oihan aprobetxamenduekin, oihaneko beharrekin eta oihaneko azterlanekin zerikusia duten jarduera guztiak sartzen dira oihan lanetan).
e) Nekazaritzako eta abeltzaintzako zereginetan erabiltzen diren ibilgailuak, zeregin horiek egiten diren lurrei zerbitzua ematen dien baso-pistan zirkulatzen dutenean.
f) Administrazio publikoenak ez diren ibilgailuak baina Naturguneetan zaintza lanetan aritzen direnak.
g) Linea elektrikoen eta telekomunikazioen mantentze lanetan erabiltzen diren ibilgailuak.
h) Ehiza-barrutietako bazkideen eta zaindarien ibilgailuak, ehiza denboraldian, lurrei zerbitzua ematen dien baso-pistan zirkulatzen dutenean.
i) Pistak erabiltzeko eta horietatik pasatzeko eskaera egin eta Zubietako Udalaren baimena lortzen duten ibilgailuak.
3. Zubietako gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu eta nekazaritzari, abeltzaintzari, oihangintzari edo Zubietako Udalaren baimena duten bestelako jarduerei lotutako ibilgailuak badira.
4. Debekua da:
a) ibilgailua aparkatzea pistetatik eta behar bezala seinalatutako tokietatik kanpora.
b) Mendiko bide edo pistetan 15 tonatik gorako ibilgailu motordunekin ibiltzea, euria ari duen egunetan edo lohia dagoenean.
c) Hormigoizko bide eta pistetatik katedun trakzioko makinak ibiltzea, salbu eta gomazko kateak badituzte edo zorua oholekin babesten bada.
d) Edozein bide publiko ixtea edo oztopatzea.
5. artikulua. Baimenak.
1. Zubietako Udalak emanen du Zubietako pistetan barna ibiltzeko baimena. Baimena eskatzen ahalko dute Zubietako herritarrek, baldin eta ibilgailuren bat badute udalerrian erregistraturik, baita beste pertsona batzuek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute.
Baimenak orokorrak eta urtekoak izan daitezke, edo denboraldi eta tarte jakin batzuetarako.
2. Makineria astuna sartzeko baimen bereziak eman ahal izango dira, beti ere haren erabilera justifikatuta.
3. Erakunde eta ente publikoen ibilgailuek ez dute baimenik beharko beren eginkizunak betetzen ari direnean.
6. artikulua. Gehieneko zirkulazio-abiadura eta gehieneko pisua.
1. Zubietako mendiko pista guztietan gehieneko abiadura 20 kilometro ordukoa izango da, ibilgailu mota guztietarako, motorrarekin zein motorrik gabe.
2. Oinezkoei, txirrindulariei eta animaliei istripuak eta eragozpenak sortzeko arriskua murrizte aldera, gidariek abiadura doitzeaz arduratuko dira. Abiadura behar beste murriztuko dute maldan dauden eta arriskutsuak diren bide-zatietan, ganadu askearen inguruan, oinezkoak daudenean, eta pisten hautsa pilatzen den denboraldi lehorretan.
3. Zubietako pista eta baso-bideetan ibiltzeko gehienezko pisua 28 tonakoa da. 5.2 artikuluan aipatutako makinak salbuetsita egongo dira baimen berezi hori lortzen badute.
7. artikulua. Debekatutako jarduerak.
Ordenantza hauetako 4. artikuluan aurreikusitakoaz gain, berariaz debekatuta dago talde motorduneko jarduera turistikoak egitea, edo ibiltariak, txirrindulariak, etxeko animaliak edo fauna basatia arriskuan jar dezaketen muturreko gidaritzako beste modalitate batzuk. Bakarka antolatzen diren lehiaketa ofizialak eta motordun jarduera turistikoak Zubietako Udalak baimendu ahal izango ditu, salbuespen gisa.
8. artikulua. Bideen erabilera berezia. Lizentzia eta fidantza.
Bideen erabilera berezitzat hartuko da 15 tonatik gorako pisu gordina duten ibilgailuek egiten dutena, nekazaritza eta abeltzaintzako instalazioetan obrak egiten direnean, etxebizitza berriak eraikitzen direnean eta basoko jarduerak egiten direnean.
Erabilera publikoko ondasunak modu berezian erabiltzeko, arriskugarritasun eta intentsitate egoera bereziak daudenean, aldez aurretik lizentzia lortu beharko da, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 122.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Erabilera horretarako Udalaren lizentzia beharko da, eta beharrezkoa izango da jabea edo sustatzailea identifikatzea, kamioia edo makina identifikatzea, tonajea eta egin beharreko bidaia kopurua. Horretarako, Udaleko langileek bisita egingo dute bidea erabili aurretik eta ondoren. Erabiltzen hasi baino lehen, hasiera data zehatza jakinarazi beharko zaio Udalari.
Halaber, baso-aprobetxamenduak ateratzeko, udal-bulegoek fidantza edo banku-abala jarri beharko dute, erabilitako bidean sor daitezkeen kalteen berme gisa.
9. artikulua. Pista edo bide publikoetatik zur-aprobetxamendu pribatuak garraiatzea.
1. Larraineko bordatik goiti egiten diren egur-aprobetxamenduak Aieletatik atera beharko ditu. Debekatuta dago Zubietako herrigunetik garraiatzea Aieletatik ateratzerik ez badago, sustatzaileak baimen berezia eskatu beharko du, herrigunetik igarotzea zergatik eskatzen duen justifikatuz. Alkateak emanen du baimena, alkatearen ebazpen baten bidez.
–Debeku horretatik kanpo geratzen da herritarrentzako loteak banatzea eta norberaren kontsumorako aprobetxamendua.
2. Debekatuta dago ibilgailu egokian behar bezala kargatuta ez dauden basoko produktuak eta eraikuntzako materialak arrastatzea, bai ibilgailu motordunekin, bai animaliekin. Debeku hori ez betetzeak isun larria ekarriko du. Eragindako kalte guztien kalte-ordaina eskatzeaz gain, isun gisa, garraiatutako baso-produktuen balioa ere eskatuko da.
Salbuespen gisa, materiala ateratzeko aukera bakarra arrastatzea denean, sustatzaileak udalari baimen bat eskatu beharko luke hori justifikatzeko (zenbat metro eta nondik nora zehaztua). Eta beti baimena izan beharko du lanarekin hasi aurretik.
3. Egurra garraiatzea eta makineria astuna igarotzea eguraldi onarekin egin behar da. Ondorio horietarako, eguraldia ona dela joko da, baldin eta lurzoruaren hezetasun-mailak ez badu lohirik sortzen kamioien gurpilak igarotzean.
Era berean, fidantza bat paratu beharko da honako taula honen arabera:
m³ | EURO |
15 arte | Salbuetsia |
15-44 | 400 |
45-134 | 500 |
135-299 | 700 |
300-399 | 1400 |
400-499 | 1650 |
500-599 | 2100 |
600-699 | 2400 |
700-799 | 3000 |
800-899 | 3450 |
900-999 | 3900 |
1000-1199 | 4100 |
1200-1399 | 5100 |
1400-1599 | 5700 |
1600-1799 | 6300 |
1800-1999 | 7200 |
2000tik goiti | 8500 |
10. artikulua. Partikularrek sustatutako ekintzak.
Partikular batek sustatutako bide edo pista publiko baten trazaduran edozein aldaketa egiteko, Zubietako Udalak baimena eman beharko du, eta horren kostua sustatzaileak hartuko du bere gain.
11. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.
Ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan eragiten dituzten kalteen erantzule izanen dira erabiltzaileak.
12. artikulua. Pisten inbentarioa.
Zubietako Udalak pista eta kategoria guztien inbentarioa eta planoa eginen ditu.
13. artikulua. Epeak eta fidantzak.
Kasu bakoitzean, eta jardueren, urte-sasoien, ibilgailu motaren eta abarren arabera, Udalak egokitzat jotzen dituen lanak akitzeko epeak eta fidantzak ezarriko ditu, ordenantza honetan jasotakoen osagarri.
14. artikulua. Fidantza itzultzea.
Fidantza lanak behar bezala gauzatzearen erantzule izango da, eta ez da ezeztatuko harik eta Udalak lanak behar bezala bete direla eta basoko bideak eta pistak egoera onean geratu direla egiaztatu arte.
Fidantza itzultzeko eskaera idatziz egin beharko da, Zubietako Udalari zuzenduta. Bertan lanak akitu direla eta, hala badagokio, sortutako kalteak konpondu direla adieraziko da.
Alkateak ebazpena emanen du fidantza itzultzea onartzeko edo ukatzeko, arrazoiak emanda. Ebazpena ezezkoa bada, Udalak interesdunari jakinaraziko dizkio egin beharreko konponketak, eta epe jakin batean egiteko eskatuko dio, alegazioak aurkezteko epe bat emanez. Ukoak bere horretan badirau, udalak epe bat emanen dio interesdunari konponketak egiteko. Epe horretan ez baditu egiten, Udalak lizentziaren titularraren kontura egingo ditu, eta fidantzatik dagokion zenbatekoa kenduko du.
Aurkeztutako fidantzak ez baditu ordaintzen zuzenean edo zeharka eragindako kalteak konpontzeko gastuak, Udalak erantzukizuna eskatuko du, eta fidantzak estaltzen ez dituen zenbatekoak erreklamatzeko espedientea abiaraziko dio interesdunari.
15. artikulua. Arau-hausteak.
1. Ordenantza honetako arauak ez betetzeagatik pistetan sortzen diren gehiegizko kalteen erantzule izanen dira erabiltzaileak.
2. Ordenantza honetan ezarritakoa urratzea arau-haustetzat joko da, eta zehazki:
a) Ordenantza honetan ezarritako abiadura-, pisu- eta karga-mugak ez betetzea.
b) Ibilgailuak zirkulatzea, eta ordenantza honen 4. artikuluan adierazitako kasu eta jarduketetan, Udalaren berariazko baimenik gabe, edo debekuak ez betetzea.
c) Bide eta pistetatik kanpo zirkulatzea, Lege honetan aurreikusitako salbuespenak izan ezik.
d) Motordun taldean zirkulatzea, baita modu antolatuan ere.
e) Basoko eta eraikuntzako produktuak eramatea aipatutako bideetatik eta pistetatik eta Zubietako kaleetatik, bai eta kateetako ibilgailuak zirkulatzea ere.
f) Larraineko bordatik goiti dauden ustiategien kasuan, ustiapen horiek herrigunetik ateratzea, horretarako baimenik izan gabe.
16. artikulua. Isunak.
Ordenantza honetako arau-hausteak isunez zehatuko dira, eta isuna ezin izanen da 300 eurotik gorakoa izan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Isunak ezartzeak ez du loturarik izanen eragindako kalte-galeren ordainarekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Isunen zenbatekoa eta eragindako kalte-galeren ordaina eskatzeko aukera premiamenduzko administrazio-bidetik bideratu eta betearaziko da.
17. artikulua. Araubide juridikoa.
Ordenantza honetan aurreikusten ez den guztian, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira, bai eta indarrean dagoen sektoreko legeria ere.
Azken xedapena bakarra.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.
Xedapen indargabetzailea bakarra.–Indarrik gabe gelditzen dira Zubietako Udalaren Osoko Bilkurak lehenago pista eta bideen erabilera arautzeko onetsitako ordenantzak.
Iragarkiaren kodea: L2414228