1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
278E/2024 FORU AGINDUA, irailaren 24koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez babes nazional iragankorra kentzen baitzaio "Larrainzar" lur-eremuko ardoaren jatorri-deitura babestuari.
2013ko martxoaren 7an, Bodegas Pago de Larrainzar SLk (IFKa: B31747157) "Larrainzar" lur-eremuko ardoaren babes-maila aitortzeko eskatu zion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari.
2014ko urtarrilaren 18an, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak iragarki bat argitaratu zuen Estatuko Aldizkari Ofizialean, zeinaren bidez jakinarazi baitzen eskaera egin zela "Larrainzar" lur-eremuko ardoaren baldintza-agiria erregistratu zedin zegokion Europar Batasunaren erregistroan; hori dena, bete zedin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 96. artikuluan ezarritakoa, eta aplikatu zitezen 1335/2011 Errege Dekretuaren 9. artikulua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2024/1143 (EB) Erregelamenduaren 90.1 artikulua. Hain zuzen, erregelamendu horrek hizpide ditu ardoen, edari destilatuen eta nekazaritzako produktuen adierazpen geografikoak, bai eta espezialitate tradizional bermatuak eta nekazaritza produktuen aukerako kalitate terminoak ere, eta aldaketak egiten ditu 1308/2013 (EB), 2019/787 (EB) eta 2019/1753 (EB) erregelamenduetan eta indarrik gabe uzten du 1151/2012 (EB) Erregelamendua.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren apirilaren 29ko 129/2014 Foru Aginduaren bidez, aldeko erabakia hartu zen Bodegas Pago de Larrainzar SLren eskaerari zegokionez, hau da, "Larrainzar" lur-eremuko ardoaren babes-maila aitortzeari zegokionez.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren irailaren 19ko 330/2014 Foru Aginduaren bidez, babes nazional iragankorra eman zitzaion "Larrainzar" lur-eremuko ardoaren jatorri-deitura babestuari, "Larrainzar" lur-eremuko ardoaren babes-maila aitortzeko eskaerari zegokionez. Foru agindu hori argitara eman zen 2014ko 253. Estatuko Aldizkari Ofizialean, urriaren 18koan.
Europako Batzordeak 2024ko martxoaren 12an egindako oharren ondorioz, Bodegas Pago de Larrainzar SLk (IFKa: B31747157) erabaki zuen 2013ko martxoaren 7an aurkeztutako izena, hots, "Larrainzar", aldatzea, eta horren ordez "Cercado de la Huerta Nueva" erabiltzea. Aldaketa horren nabarmena izan denez, estatu-mailako jendaurreko informazioaren izapidea berriz egin behar da.
Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren maiatzaren 3ko 125E/2024 Ebazpenaren bidez (Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2024ko maiatzaren 29koan), argitara eman zen "Larrainzar" izena JDB gisa erregistratzeko eskaera, eta, besteak beste, izen berri bat hartzekoa: "Cercado de la Huerta Nueva".
"Larrainzar" izena JDB gisa erregistratzeko eskaerak izena aldatzen duenez, "Cercado de la Huerta Nueva" izen berria hartzeko, bidezkoa da babes nazional iragankorra kentzea "Larrainzar" lur-eremuko ardoaren jatorri-deitura babestuari. Babes hori eman zitzaion, hain zuzen, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren irailaren 19ko 330/2014 Foru Aginduaren bidez.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bere gain ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gai hauetan esleituak dituen eskumenak: nekazaritza; abeltzaintza; akuikultura; elikadura; nekazaritzako azpiegiturak eta landa garapen jasangarri eta partaidetzazkoa; landa ingurunearen jasangarritasuna sustatzeko proiektuak inplementatzea; ingurumenaren babesa, kontserbazioa, kudeaketa eta informazioa; azpiegitura berdea, eta konektagarritasun eta leheneratze ekologikoak; paisaiaren integrazioa plan, programa eta proiektuen ingurumen ebaluazioan; baliabide hidrikoak; klima aldaketaren aurkako estrategia zehaztea, baita aldaketa horretara egokitzeko ekimenak eta trantsizio ekologikoa ere; ekonomia zirkularra sustatzea, eta indarra duten xedapenetan ematen zaizkion gainerako eskudantziak.
AGINTZEN DUT:
1. Babes nazional iragankorra kentzea "Larrainzar" lur-eremuko ardoaren jatorri-deitura babestuari. Babes hori eman zitzaion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren irailaren 19ko 330/2014 Foru Aginduaren bidez.
2. Ebazpen hau jakinaraztea Bodegas Pago de Larrainzar SLri (IFKa: B31747157), INTIA Ziurtapenari, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari eta Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea foru agindu honen aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2024ko irailaren 24an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2414052