1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko irailaren 25ean hartua, zeinaren bidez iraungitzen baita "Valpertuna muinoaren (bizitegi-jarduketa eta 18 zuloko golf-zelaia) eta Los Pinos sektorearen (bizitegi-jarduketa)" udalez gaindiko plan sektoriala, Fontellasko Udalak, Tenis Club Cerro Fontellas klubak eta Construcciones Monrepos SAk Fontellasen sustatua. Nafarroako Gobernuak 2007ko apirilaren 16ko Erabakiaren bidez onetsi zuen plan sektorial hori.
Nafarroako Gobernuak 2024ko ekainaren 5ean hartutako Erabakiaren bidez, "izapidea hasten da Valpertuna muinoaren (bizitegi-jarduketa eta 18 zuloko golf-zelaia) eta Los Pinos sektorearen (bizitegi-jarduketa) udalez gaindiko plan sektoriala iraungitzeko, zeina Fontellasko Udalak, Tenis Club Cerro Fontellas klubak eta Construcciones Monrepos SAk Fontellasen sustatu baitzuten". Erabaki hori 2024ko 128. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 21ekoan, eta hilabeteko epea ezarri zen UGPS hori iraungitzeari alegazioak aurkezteko. Horretarako emandako epean ez da alegazio idazkirik aurkeztu.
Udalez gaindiko plan sektorial (UGPS) hori iraungitzeko izapideak Tenis Club Cerro Fontellas klubaren zuzendaritza batzordeak eskatuta egin dira, kontuan hartuta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46.1 artikuluko a) letran jasotzen den iraungitze kasua: "Behin betiko onespenetik bi urte igarotzea urbanizazio obren exekuzioari ekin gabe, edo, horiek hasita ere, bi urtetik gora eteten direnean ezinbesteko arrazoi justifikaturik izan gabe". UGPSan aurreikusitako bi sektoreetako bat ere ez da gauzatu, eta ez dago onetsitako birpartzelazio- edo urbanizazio-proiekturik ere; beraz, ezin dira hasita egon UGPSa urbanizatzeko obrak.
Gauzak horrela, UGPSa iraungitzeak edo haren gaineko arautzea eteteak berarekin dakar bere esparrua osatzen duten lurretan berriz aplikatuko direla Fontellasko Udal Planean eta Tuterako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (2002an eta 1991n onetsiak, hurrenez hurren) haietarako ezarrita dauden determinazioak.
Iraungitzeak barne hartuko lituzke, halaber, UGPSaren bi aldaketak, Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez 2010eko azaroaren 8an eta 2011ko abenduaren 14an onetsitakoak, hurrenez hurren.
Bestalde, Fontellasko Udalari eskatu behar zaio indarrik gabe utz ditzala osoko bilkurak 2008ko urtarrilaren 18an eta 2009ko abuztuaren 17an hartutako erabakiak, behin betiko onetsi zituztenak, hurrenez hurren, Batzordearen estatutuen proiektua UGPSaren 1. eremuko (Valpertunako muinoa) jarduketa-esparruan, eta UGPSaren 2. eremuko (Los Pinos) esparruari dagokion Plan Partziala.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren 2024ko abuztuaren 6ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik, honako hau,
ERABAKITZEN DU:
1. Iraungitzea "Valpertuna muinoaren (bizitegi-jarduketa eta 18 zuloko golf-zelaia) eta Los Pinos sektorearen (bizitegi-jarduketa)" udalez gaindiko plan sektoriala, Fontellasko Udalak, Tenis Club Cerro Fontellas klubak eta Construcciones Monrepos SAk Fontellasen sustatua, eta haien determinazioak indarrik gabe uztea. Nafarroako Gobernuak 2007ko apirilaren 16ko Erabakiaren bidez onetsi zuen plan sektorial hori.
2. Adieraztea UGPSaren esparrua osatzen duten lurretan berriz aplikatuko direla Fontellasko Udal Planean eta Tuterako Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (2002an eta 1991n onetsiak, hurrenez hurren) haietarako ezarrita dauden hirigintza antolamenduko determinazioak.
3. Eskatzea Fontellaseko Udalari indarrik gabe utz ditzala osoko bilkurak 2008ko urtarrilaren 18an eta 2009ko abuztuaren 17an hartutako erabakiak, behin betiko onetsi zituztenak, hurrenez hurren, Batzordearen estatutuen proiektua UGPSaren 1. eremuko (Valpertunako muinoa) jarduketa-esparruan, eta UGPSaren 2. eremuko (Los Pinos) esparruari dagokion Plan Partziala.
4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Fontellasko Udalari, Tenis Club Cerro Fontellas klubari eta Construcciones Monrepos SAri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2024ko irailaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2413905