Iragarkia
207. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 11
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
668E/2024 EBAZPENA, urriaren 7koa, Enpresen Sustapeneko zuzendari nagusiak emana, Enpresa Digitala sustatzeko 2024ko dirulaguntza-deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 789505.
Enpresa Digitala sustatzeko dirulaguntzaren helburua da enpresa txiki eta ertainen bilakaera teknologikoa edo eraldaketa digitala bultzatzea, eta, horretarako, IKTetan (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) oinarrituriko soluzioak eta teknologia gaitzaile digitalak ezartzea.
2024ko deialdian, proiektu hauek lagunduko dira diruz:
–A mota. Problematika bat konpontzen duten edo enpresan negozio-aukera bat sortzen duten soluzioak ezartzea, IKTetan oinarriturik.
–B mota. Enpresak egindako eraldaketa digitaleko planean aukera gisa detektaturiko soluzio teknologikoak ezartzea.
–C mota. Enpresako langileak gaitasun digitaletan trebatzea.
–D mota. Zibersegurtasunaren arloko auditoriak, enpresaren azpiegitura fisikoen eta softwarearen osotasuna egiaztatzeko.
Era berean, deialdi hau noiz argitaratu den kontuan izanik, egokitzat jo da 2024an zehar jada gauzatu diren proiektuak ere diruz laguntzea. Beraz, proiektua egin dela egiaztatu ondotik, ekitaldi berean eman eta ordainduko da dirulaguntza.
Nafarroako Gobernuaren 2024ko irailaren 25eko Erabakiaren bidez, baimentzen da laguntza horiek ematea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluak jasotzen duen banakako ebaluazioaren bidez.
Azaldutakoarekin bat etorriz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Enpresa Digitala sustatzeko 2024ko dirulaguntza-deialdia.
2. Onestea dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak, zeinak ebazpen honi atxikita jasotzen baitira.
3. 600.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastu-aurrekontuetako "810007 81200 7709 467900 Dirulaguntzak. ETEak digitalizatzeko proiektua" partidaren kargura, ebazpen honetatik eratorritako konpromisoei erantzuteko.
Orobat, 1.000.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez, eta ez da beharko beste deialdi bat zenbateko hori laguntzei aplikatzeko.
Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko diote interesdunek Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari. Horretarako, hilabete izanen dute, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina.
Iruñean, 2024ko urriaren 7an.–Enpresen Sustapeneko zuzendari nagusia. Iñigo Arruti Torre.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza hauen helburua da enpresen bilakaera teknologikoa edo eraldaketa digitala sustatzea, eta, horretarako, IKTetan (informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) oinarrituriko soluzioak eta teknologia gaitzaile digitalak ezartzea.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Onuradun izaten ahalko dira laguntza-eskabidea aurkezteko unean baldintza hauek betetzen dituzten enpresak (enpresaburu autonomoak, merkataritza-sozietateak, kooperatibak, fundazioak, elkarteak eta sozietate zibilak, nortasun juridikoa izan ala ez):
a) ETE bat izatea, mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan jasotzen den definizioari jarraikiz.
b) Nafarroan establezimendu bat edukitzea eta alta emanda egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan.
c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribatuta egotea edo izena emateko eskaera eginda edukitzea, baldin eta hala eskatzen badu kasuak, Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera (2013ko 94.Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).
d) Ez betetzea eskabidearen unean inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean. Baldintza hori egiaztatzeko, eskaera-formularioan jasotzen den erantzukizunpeko adierazpen juridikoa aurkeztu beharko da.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileari, azken horrek zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskabidean, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
2. Oinarri honen 1. apartatuko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, enpresek laguntza-eskabidean jasotzen den erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute.
3. Nortasun juridikorik ez duten eskatzaileek ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, onuradun gisa dagozkien betebeharrak betetzeko behar adina ahalorderekin.
Kasu horietan, dirulaguntza-eskaeran berariaz adierazi beharko da zer gauzatze-konpromiso hartu dituen unitateko kide bakoitzak bere gain. Era berean, laguntza emateko ebazpenean, kide bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko da, eta horiek ere onuraduntzat hartuko dira.
4. Ez dira izaten ahalko laguntza hauen onuradun:
a) Arrantza, akuikultura eta nekazaritza-produktuen ekoizpen primarioko sektoreetako enpresak, sektore horiek bazterturik baitaude Europako Batzordearen 1407/2013 EE Erregelamenduaren aplikazio-eremutik, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari loturik.
b) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2.1 artikuluan aipatzen diren sektore publikoko erakundeak.
3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren proiektuak.
1. Diruz laguntzen ahal diren proiektuak izanen dira:
–A mota. Enpresaren eraldaketa digitalari aplikatutako IKT soluzioak ezartzea.
–B mota. Eraldaketa Digitaleko Planean (EDP) antzemandako eraldaketa digitalerako aukerak ezartzea.
–C mota. Gaitasun digitalei buruzko prestakuntza.
–D mota. Zibersegurtasunaren arloko auditoriak.
2. Hau izanen da proiektu-mota bakoitzaren xedea:
2.1. A motako proiektuak. Enpresaren eraldaketa digitalari aplikatutako IKT soluzioak:
Enpresan arazo bat konpontzen duten edo negozio-aukera bat sortzen duten IKT soluzioak garatu eta ezarri gogo dira, betiere balio-kate horizontalaren eta bertikalaren harremanen esparruan, baita enpresa-baliabideen eta barneko eta kanpoko logistikaren kudeaketa bateratuko duten soluzioak ere, eremu hauetako batzuetan kokaturik badaude:
–Enpresaren prozesuen kudeaketa integraturako aplikazioak: ERP eta barne- zein kanpo-kudeaketa logistikoko aplikazioak (SCM, SGA, MRP eta CRM) edo produktuen bizi-zikloa kudeatzeko aplikazioak eta produktuetarako urruneko euskarri-zerbitzuak (PLM, PDM, DFM).
–Business Intelligence tresnak eta prozesuak: informazioa aztertzera eta bistaratzera bideratutako sistemak, datu-tresnak eta -azpiegitura, eta enpresei datuetan oinarritutako erabakiak hartzen laguntzeko gomendatutako praktikak.
–Big data.
–Hodeiko zerbitzuak.
–Prozesua eta produktua hobetzea.
–Zibersegurtasuna.
–Hornitzailearen eta bezeroaren arteko harremanak.
–Antolaketa-kudeaketa.
Proiektu horiek, gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Berrikuntza ekarri beharko dute enpresaren esparruan, teknologiaren ikuspegitik edo produktu, zerbitzu edo antolamenduari aplikatzearen ikuspegitik.
b) Enpresak Nafarroan daukan establezimendu batean ezarri beharko dira.
2.2. B motako proiektuak. Eraldaketa Digitaleko Planean antzemandako eraldaketa digitalerako aukerak.
Enpresak egindako Eraldaketa Digitaleko Planean aukera gisa hautemandako soluzio teknologikoak garatzea eta ezartzea.
Soluzioak proiektu-mota horretan kokatu ahal izateko, Eraldaketa Digitaleko Planak erreferentzia gisa hartu behar ditu "UNE 0060:2018 Zehaztapena" eta "UNE0061:2019: 4.0 Industria. Digitalizazioa kudeatzeko sistema", eta arau horietan ezarritako irizpideei eta dimentsioei jarraikiz ebaluatu behar du enpresaren egoera. Hona hemen dimentsioak: negozio-estrategia eta inguruabarrak, azpiegitura teknologikoa, antolaketa eta pertsonak, prozesuak, eta produktuak eta zerbitzuak.
Nolanahi ere, baliozkoak izanen dira aurreko paragrafoan adierazitako irismena duten Eraldaketa Digitaleko Planak, eta horien artean daude deialdi hauen babesean egindakoak:
a) Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren Industriako eta ETEetako Idazkaritza Nagusiak (SGIPYME) sustatutako "4.0 Industria Aktiboa" programako laguntzak (2023ko 165. BOE, uztailaren 12koa).
b) Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak sustaturiko enpresentzako dirulaguntzak, 4.0 Ibilbideak Eraldaketa Digitaleko Planak egitera bideratuak (2019ko 129. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 4koa).
c) Acelera Pyme-IRIS Bulegoak (OAP-IRIS) eginiko aholkularitza-lanak.
d) ETEak eraldatzeko aldaketa-eragileak izeneko prestakuntza-programaren bidez eskainitako aholkularitza (ETD/1345/2022 Agindua, abenduaren 28koa).
e) 2.2 apartatu honetan ezarritako edukia duen beste edozein Eraldaketa Digitaleko Plan.
2.3. C motako proiektuak. Gaitasun digitalei buruzko prestakuntza.
Enpresetako langileak trebatzea izanen da xedea, eraldaketa digitaleko prozesuan laguntzeko.
Prestakuntza horren barnean, ikastaroak, trebakuntza-saioak, saio praktikoak edo beste edozein prestakuntza-mota antolatuko da, helburu gisa harturik bertaratuei gaitasun digitalak lortzen laguntzea, oinarrizkoak zein aurreratuak.
2.4. D motako proiektuak. Zibersegurtasunaren arloko auditoriak.
Segurtasun informatikoko auditoria bat izanen da, enpresaren azpiegitura fisikoen eta softwarearen osotasuna egiaztatuko duena, egungo mehatxuen aurrean.
Helburua da dauden arriskuen aurrean gaur egungo egoera ezagutzea, eta enpresaren jarduerarako aktibo eta datu baliotsuak identifikatzea.
Gainera, auditoriak plan zehatz eta pertsonalizatu bat eduki beharko du, segurtasun-arrakalen aurrean erantzuteko, eta protokolo eta jarduera espezifikoak definitu beharko ditu zibereraso-kasuetarako.
3. Ez dira diruz laguntzen ahalko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak Enpresa Digitala Sustatzeko 2022ko eta 2023ko deialdietan diruz lagundutako egitasmoak eguneratzera edo mantentzera bideratutako proiektuak.
4. Diruz lagundutako proiektu guztietan, Internetera igotako edukiek saihestu eginen dute emakumearen irudi diskriminatzaile oro, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dute. Era berean, saihestekoa izanen da hizkera sexista erabiltzea eduki horiei erantsitako zernahi testutan.
5. Diruz lagundutako proiektuetan garaturiko jarduerek ez diete eragin behar kalte nabarmenik ingurumen-helburuei, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluak ezartzen duen bezala, zeinak inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzen baitu eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen baitu.
Betekizun hori eskabide-formularioan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da.
4. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren gastuak: aurrekontua eta egikaritze-aldia.
1. Diruz laguntzen ahal diren gastuak izanen dira kanpoko enpresek laguntzaren onuradunari fakturatutakoak proiektua gauzatzeagatik. Zehazki:
a) Aholkularitza-gastuak eta baliokideak, ezarritako soluzioarekin zuzenean lotutako diagnostikoa, plangintza, definizioa eta garapena egitera bideratuak.
b) Software-lizentzia espezifikoen gastuak (on premise edo cloud), betiere zuzenean lotuta badaude ezarritako soluzio berritzailearekin. Gastu horiek ez dira izanen inola ere jarduera iraunkorrak edo aldizkakoak, eta ez dute izanen zerikusirik enpresaren ohiko ustiapen-gastuekin.
c) Ekipo-ondasunak eskuratzeko gastuak, eta ezarpen-proiektuari zuzenean lotutako inbertsioak (hardwarea, sentsoreak, automatismoak eta komunikazio-ekipoak).
Kanpoan gelditzen dira ordenagailu pertsonalak eta zerbitzariak, inprimagailuak, terminalak, displayak, tabletak, kontsolak eta antzekoak eskuratzeko gastuak, fabrikazio-prozesuetan datuak atzitzeko interfaze gisa jarduten duten kasuetan izan ezik.
d) Gaitasun digitalen alorreko prestakuntza-gastuak.
e) Zibersegurtasuneko auditoretza-gastuak.
2. Diruz lagundu ahal izateko, proiektuaren gastuak gutxienez 2.500 eurokoa izan behar du (BEZik gabe). Aurrekoaren salbuespen gisa hartuko dira C eta D motako proiektuak, haietarako 300 euro izanen baita gutxieneko zenbatekoa (BEZik gabe).
Proiektuari zuzenean lotutako hardware-inbertsioei eta -gastuei dagozkien zenbatekoak gastu guztien %40 izanen dira gehienez.
3. Proiektuak gauzatzeko eta diruz laguntzen ahal diren gastuak egiteko epea 2024ko urtarrilaren 1etik laguntza eskatu den egunera bitartekoa izanen da. Horretarako, gastua egindakotzat joko da, baldin eta epe horren barnean fakturatu eta ordaindu bada.
4. Diruz laguntzen ahal diren gastuak aplikatu beharreko araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, bestela, merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
5. Ez dira diruz lagunduko:
a) Diruz lagundutako proiektuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak.
b) Eskatzaileak berak edo hari elkartutako edo lotutako enpresek eginiko gastuak. Elkartutako enpresatzat hartuko dira uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan definitutakoak.
c) Software-lizentzien eta hardwarearen gastuak, aurreko apartatuan aurreikusitakoak izan ezik.
d) Langileen gastuak, gastu arruntak, altzari-gastuak, kontsumigarri-gastuak, obra-gastuak eta, oro har, diruz laguntzen ahal diren kontzeptuetan berariaz jasota ez dagoen beste edozein gastu.
e) Enpresa onuradunaren produktuen edo zerbitzuen katalogoko produktu edo zerbitzuen gastuak.
5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Hau izanen da diruz laguntzen ahal diren gastuen gaineko laguntza-ehunekoa, proiektu-motaren arabera, kontuan izanik betiere proiektu bakoitzeko jaso beharreko laguntzaren gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa izanen dela:
PROIEKTU-MOTA | INTENTSITATEA |
Enpresaren eraldaketa digitalari aplikaturiko IKT soluzioak | %35 |
Eraldaketa Digitaleko Planean antzemandako eraldaketa digitaleko aukerak | %45 |
Gaitasun digitalei buruzko prestakuntza | %90 |
Zibersegurtasunaren arloko auditoriak | %50 |
2. A eta B motako proiektuek 1. apartatuan adierazitakoari gehituko zaion intentsitate gehigarria lortzen ahalko dute kasu hauetan (betiere proiektu bakoitzeko 30.000 euroko laguntzaren muga gainditu gabe):
2.1. 2023an batez beste 15 langile baino gutxiago dituzten enpresak. Alderdi hori egiaztatzeko, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emaniko "Alta emanda dauden langileen batez besteko plantilla" izeneko txostena aurkeztuko da: %15 gehiago.
2.2. Emakumeen eta gizonen arteko lan-diskriminazioa saihesteko neurri hauetakoren bat hartu duten enpresak: %5 gehiago.
1. Langileekiko tratu- eta aukera-berdintasuneko politikak aplikatzeagatik aintzatespen edo bereizgarriren bat lortu izana (adibidez, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren «Berdintasuna Enpresan» bereizgarria, AMEDNAren «Reconcilia Zigilua» eta abar).
2. Zuzendaritza-postuetan gutxienez %30 izatea emakumeak. Hori egiaztatzeko, merkataritza-ziurtagiri egokiak eta/edo egoera hori egiaztatzen duten indarreko eskritura publikoak aurkeztu beharko dira.
3. Enpresak 50 langile baino gutxiago baditu plantillan, ez dagoenez legez beharturik berdintasun-plan bat izatera, alderdi hauek balioetsiko dira:
a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua.
b) Norberaren bizitza, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak edo berdintasuna sustatzeko beste neurri batzuk aplikatu izana, betiere enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentu baten bidez egiaztatzeko moduan.
c) Laneko sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko edo aurre egiteko protokolo edo neurri espezifiko bat onetsi edo zabaldu izana. Aurreko neurriaren modu berean egiaztatuko da.
6. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskabideak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2024ko azaroaren 30ean amaituko (hori barne).
2. Dirulaguntza-eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren atariko Tramiteen Katalogoko dagokion fitxaren bidez.
7. oinarria.–Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1. Enpresek proiektu-mota baterako baino gehiagotarako eskatzen ahalko dituzte laguntzak.
Proiektu bakoitzerako eskabide bakarra aurkeztuko da, hurrengo atalean adierazitako dokumentazioarekin batera –salbuespen izanen dira e), f), g), h) eta i) letretakoak, nahikoa izanen baita hori behin bakarrik aurkeztea–.
2. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira, dokumentu bereizietan eta izenez behar bezala identifikatuta –laguntza-fitxan eskuragarri dauden ereduetara egokituko dira a), b), c) eta e) letretako dokumentuak–:
a) Proiektuaren memoria, behar bezala beteta.
b) Eginiko proiektuari buruzko ebidentziak.
c) Diruz laguntzen ahal diren gastu guztien zerrenda, Excel liburu batean.
d) Fakturak eta ordainagiriak, zeinek eskabidea aurkeztu zuen enpresaren izenean egon beharko baitute; era berean, 2024ko urtarrilaren 1etik laguntza eskatu zen egunera bitartean eginak izan beharko dute (banku-dokumentuak baino ez dira onartuko).
e) "Enpresaren informazio ekonomikoa" izeneko agiria, datu ekonomikoak eta sozietatearen osaera jasotzen dituena.
f) B motako proiektuetarako laguntza eskatuz gero, eskatzailearen Eraldaketa Digitaleko Plana aurkeztu beharko da.
g) Kasua zein den, 5.2.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa, laguntzaren intentsitate gehigarria lortu izana justifikatzen duena.
h) Dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena. Adierazpen hori beti aurkeztuko da, bai gardentasun-betebeharrari lotuta egotean (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai lotu gabe dagoenean (kasu horretan, adierazpenak baieztatuko du inguruabar hori).
i) Eskabide-formularioan, eskatzaileak ez badio ematen baimenik laguntzak kudeatzen dituen organoari agiri horiek zuzenean eskatzeko, berak aurkeztu beharko ditu:
–Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.
–Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda egotearen ziurtagiria.
–Itxitako azken hiru ekitaldietako urteko kontuak, Merkataritza Erregistroan gordailutuak.
–Alta emanda dauden langileen batez besteko plantilla, 2023koa.
j) Proiektua behar bezala balioesteko interesgarritzat jotzen diren dokumentu guztiak.
3. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 66. artikuluan adierazitako baldintzak, Industria Sustatzeko Zerbitzuak 10 egun balioduneko epea emanen dio interesdunari, eta adieraziko dio, hala egin ezean, ulertuko dela atzera egin duela eskaeran eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Inola ere ez da zuzentzen ahalko 2. apartatuan eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea.
8. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura.
1. Dirulaguntza banakako ebaluazio-prozeduraren bidez emanen da; beraz, eskabideak oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko dira, eta ebaluazio horretatik ateratzen den intentsitatearekin esleituko da laguntza.
Espedienteak eskabideak aurkeztu diren ordenaren arabera izapidetu eta ebatziko dira, horretarako aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Ezetsi eginen dira aurrekontu-baliabide nahikorik ez dagoelako erantzuten ahal ez zaien eskabideak.
9. oinarria.–Dirulaguntza ematea eta ordaintzea.
1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak –Industria Sustatzeko Zerbitzua– ebaluatuko ditu eskabideak, eta hark eginen dio ebazpen-proposamena organo eskudunari, adieraziz onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza jasotzeko eskaturiko baldintza guztiak.
2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia izanen da eskudun dirulaguntza ematen eta ordaintzen den ala ez ebazteko. Eskabideak aurkeztu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira ebazpenak, eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartuta dago dirulaguntzak emateko edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, betiere oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntzaren onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Justifikatzea betetzen direla dirulaguntza lortzeko betekizunak eta baldintzak, egin dela proiektua eta bete dela helburua.
b) Ezarritako soluzioak gutxienez bi urtez edukitzea aktibo, laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena ematen den egunetik zenbatzen hasita.
c) Enpresaren web-orrian jasotako laguntzaren berri ematea, testu hau sartuta: "Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso du Enpresa Digitala sustatzeko 2024ko deialdiaren bidez".
d) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritako baldintzetan.
e) Laguntzen organo kudeatzaileari jakinaraztea eskuratu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, 11. oinarrian aurreikusitakoaren ondorioetarako. Halakoen berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori.
f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, itzuli egin beharko da jasotako zenbateko hori, Foru Lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresen deslokalizazioa gertatuz gero, itzulketa 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzetan eginen da.
Halaber, aurreko betebeharretako bat partzialki betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriz doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioa aplikatuta.
11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo estatuko zein nazioarteko partikularren beste dirulaguntza batzuekin, baldin eta gastu berberetarako badira.
12. oinarria.–De minimis laguntzak.
1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 Erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari loturik (EBAO L, 2023ko abenduaren 15ekoa).
Erregelamendu horren arabera, enpresa bakar bati gehienez 300.000 euroko de minimis laguntza emanen zaio hiru urteko edozein alditan. Ondorio horietarako, «enpresa bakar» definizioa erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarritakoa izanen da.
2. Ondorio horretarako, interesdunek eskabide-formularioan adieraziko dituzte eskaera aurkeztu aurreko hiru urteetan jasotako gainerako de minimis laguntzak.
13. oinarria.–Harremanak bitarteko elektronikoz izatea.
1. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko agiri guztiak bide telematikoz aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren (www.nafarroa.eus) Tramiteen Katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.
2. Laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren administrazio-egintzen jakinarazpena eta jarduketa guztien komunikazioak egiteko, enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarra baliatuko da.
14. oinarria.–Emaniko dirulaguntzen publizitatea.
Industria Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), alderdi hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri dagokion, onuradunak eta emandako zenbatekoa.
Orobat, Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus atariko Tramiteen Katalogoko laguntzen fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.
15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko diote interesdunek Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari. Horretarako, hilabete izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iragarkiaren kodea: F2414610
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
