Iragarkia
207. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 11
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
660E/2024 EBAZPENA, urriaren 3koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, industrialde eta logistika-zentroen konektagarritasunerako 2024ko laguntza-deialdia onesten duena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 788783 eta 788824.
Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren apirilaren 11ko 59E/2023 Ebazpenaren bidez, industrialde eta logistika-zentroen konektagarritasunerako dirulaguntza-deialdia onetsi zen 2023an (2023ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 12koa).
Deialdi hori azaroaren 16ko 988/2021 Errege Dekretuaren ondorio izan zen (zuzeneko laguntzak ematekoa autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei, industrialdeetan eta logistika-zentroetan konektagarritasuna indartzeko zenbait ekintza gauzatzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan), eta Nafarroari 1.386.000 euro egokitu zitzaizkion 22 jarduketa gauzatzeko.
Harrezkero, abenduaren 19ko 1136/2023 Errege Dekretuak eta ekainaren 4ko 520/2024 Errege Dekretuak aldatu dute 988/2021 Errege Dekretu hura, eta, aldaketa nagusien artean, nabarmentzekoa da 2024ko abenduaren 31ra arte luzatu dutela jarduketak gauzatzeko epea.
Epea zabaldu izanari esker, 2024an onesten ahal da beste laguntza-deialdi bat, 988/2021 Errege Dekretuan Nafarroari esleitutako aurrekontua ez baitzen agortu 2023ko deialdiaren babesean emaniko laguntzekin; izan ere, 17 jarduketa lagundu ziren diruz eta 1.191.806,54 euroko kreditua gelditu zen erabilgarri.
Azkenik, aipatu behar da azpiproiektu honetarako onetsitako Kudeaketa Plana aldatu egin dela Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiaren abuztuaren 21eko 506E/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi hau oneste aldera.
Azaldutakoarekin bat etorriz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea industrialdeetan eta logistika-zentroetan konektagarritasunari laguntzeko 2024ko laguntza-deialdia, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
2. Onestea dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak, zeinak ebazpen honi atxikita jasotzen baitira.
3. Baimentzea 1.191.806,54 euroko guztizko gastua, ebazpen honetatik eratorritako konpromisoei erantzuteko, 2025eko gastu-aurrekontuko partidaren kargura, zeina partida honen baliokidea baita: 810007-81200-7709-467903 [PEP: E-21-000480-01]: MRR Konektagarritasuna indartzea industrialdeetan eta logistika-zentroetan (2024ko gastu-aurrekontua), betiere behar adina kreditu egoki baldin bada.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal zaio, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendurik. Horretarako, hilabeteko epea izanen da, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Iruñean, 2024ko urriaren 3an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.
ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.–Xedea.
Laguntza-deialdi honen oinarri arautzaileak bat datoz azaroaren 16ko 988/2021 Errege Dekretuan ezarritako xedapenekin. Errege-dekretu horren bidez, onetsi zen zuzeneko laguntzak ematea autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei (zuzeneko onuradunak), industrialdeetan eta logistika-zentroetan konektagarritasuna indartzeko zenbait ekintza gauzatzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Errege-dekretu horren helburua da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 15. osagaiko C15.I2 inbertsioa partzialki egikaritzea («Erreferentzia-zentroetan, motor sozioekonomikoetan eta sektoreko digitalizazioko trakzio-proiektuetan konektagarritasuna indartzeko ekintzak»). Hori dela eta, laguntza horien bidez, ekarpen partziala egin nahi zaio C15.I2 inbertsioaren CID. #238 helburu kuantitatiboari, zeinak aurreikusten baitu gutxienez 1.600 industrialde txikik eta enpresa-esparruk 1 Gigabiteko konektagarritasun-abiadura lortzea.
Harrezkero, abenduaren 19ko 1136/2023 Errege Dekretuak eta ekainaren 4ko 520/2024 Errege Dekretuak aldatu dute 988/2021 Errege Dekretua, eta, hala, 2024ko abenduaren 31ra arte luzatu da jarduketak gauzatzeko epea.
Era berean, 988/2021 Errege Dekretuaren 12.1.c) artikuluaren 3. jarduketa-ildoan (deialdi honetan diruz laguntzeko modukotzat sartua), balizko onuradun gisa gehitzen dira ondasun higiezinen errentariak, eta, laguntzak ETEentzat onuragarriak direnean, edozein eremu geografikotarako ematen ahalko dira. Azkenik, programa indarrean dagoen bitartean garatu diren jarduerak finantzatzen ahalko dira; hau da, 2021eko azaroaren 17tik aurrerakoa.
2. oinarria.–Onuradunak.
1. Laguntzen azken onuradun izaten ahalko dira (aurrerantzean, «onuradunak») baldintza orokor hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak:
a) Zerga Administrazioko Estatu Agentziako enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen erroldan edo Zergen Foru Administrazioko errolda baliokidean inskribatuta egotea; orobat, laguntza eskatzen den egunean egiaz garaturiko jarduera ekonomikoa jaso beharko da.
b) Ez betetzea eskabidearen unean inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
c) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuek galarazita.
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileari, azken horrek zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskabidean, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
2. Segun eta 3. oinarriko jarduketa-ildoetatik zeinetarako eskatzen den laguntza, betetzekoak izanen dira, orobat, baldintza espezifiko hauek ere:
2.1. 1. eta 2. jarduketa-ildoak:
a) Behar bezala gaitutako operadore izatea, Telekomunikazioei buruzko ekainaren 28ko 11/2022 Lege Orokorraren 6. eta 7. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
b) Ez egotea krisi-egoeran, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari dagokionez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituen Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 1.4.c) eta 2.18) artikuluetan ezarritakoaren arabera.
c) Ez egotea berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak erabaki ondotik laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
d) Ez edukitzea dirulaguntzak edo laguntzak itzultzeko betebeharrik, edo, kasuak hala eskatzen badu, eginbehar horiek beteta edukitzea.
e) Kaudimen ekonomiko eta tekniko hau izatea:
Kaudimen ekonomikoa: dirulaguntzaren xede den proiektuaren diruz laguntzen ahal den aurrekontua, edo haien guztien batura –baldin eta operadore berak zenbait proiektutarako eskaerak aurkezten baditu– txikiagoa izatea azken hiru ekitaldietako urteko negozio-bolumen handiena baino.
Kaudimen teknikoa: azken bost urteetan antzeko ezaugarriak edo gailenagoak dituzten proiektuak egin izana, edo laguntza eskatzen den proiektua egiteko behar adina langile edukitzea, gaitasunari eta kopuruari dagokienez.
2.2. 3. jarduketa-ildoa:
a) Pertsona fisikoak edo juridikoak izatea, jarduketa-eremu material batean edo, kasuaren arabera, aldameneko industrialdeetan kokatutako ondasun higiezinen titularrak edo errentariak izatea, edota jabekideen erkidegoak izatea, Kode Zibilaren 396. artikuluan eta Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen korrelatiboetan ezarritako jabetza horizontalaren araubidearen mendekoak.
b) ETE bat izatea, mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan jasotzen den definizioari jarraikiz.
c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribatuta egotea, baldin eta hala eskatzen badu kasuak, Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).
3. Laguntzaren eskabidean sartuko den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da betetzen direla 1. apartatuko a) eta b) letretan, 2.1. apartatuko b), c), d) eta e) letretan eta 2.2. apartatuko a) eta b) letretan ezarritako baldintzak.
4. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ez dira onuradun izaten ahalko merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten pertsona fisiko eta juridikoak, zuzenbide publikoko erakundez bestelakoak.
Ordainketa-epeak betetzen direla egiaztatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera, galdu-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoek: pertsona fisikoak izenpetutako ziurtagiriaren bidez, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo baliokideak izenpetutako ziurtagiriaren bidez –behar besteko ordezkaritza-ahalarekin–, abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila lortzen dutela baieztatuz. Egoera hori egiaztatzen ahalko dute, orobat, b) letran aurreikusitako frogabideren baten bidez ere.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal ez duten pertsona juridikoek, agiri hauen bidez:
1. Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditoreak emaniko ziurtagiria, ikuskatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua jasotzen duena, haietatik ondorioztatzen bada lortzen dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-maila, apartatu honetan zehaztuta bezala (%90), betiere uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioan oinarrituta.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da harik eta heldu den ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2. Ezinezkoa bada aurreko ziurtagiria ematea, aurkezten ahalko da «Prozedura Adostuen Txostena», Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditoreak egina, erreferentzia-data batean sozietatearen hornitzaileei ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat berrikustean oinarrituta (betearazpenari dagokionez, ziurtagiriaren datak deialdia argitaratu baino geroagokoa izan beharko du), ondorioztatzen duena ez dela salbuespenik abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeari dagokionez, edo, detektatuta ere, ez badute galarazten hurrengo paragrafoan eskatzen den betekizun-maila lortzea.
Ondorio horietarako, ulertuko da betetzen dela baldintza 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoa).
4. apartatuko dokumentazio hori laguntza-eskabidearekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea ezarriko da horretarako dirulaguntza emateko ebazpenean. Alabaina, b) letrako dokumentazioa ez bada eskuratzen ahal epe hori baino lehenago, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da, eta, hori lortu ondotik, bost egun naturaleko epe luzaezinean aurkeztu beharko da.
Epe hori igaro eta ez bada aurkeztu adierazitako dokumentazioa, deklaratuko da galdu egin dela laguntza kobratzeko eskubidea.
3. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketa-ildoak.
1. Dirulaguntzak jarduera hauek garatzen dituzten proiektuetara bideratuko dira (zuzenean lotutako inbertsio- eta gastu-multzoa):
a) 1. jarduketa-ildoa (elikadura-sareak): oso abiadura handiko banda zabaleko sareen konektagarritasuna ematea, zerbitzuak emateko gai dena jarduketa-esparruan 1 Gbps-ko abiaduran.
b) 2. jarduketa-ildoa (banaketa-sareak): abiadura handiko komunikazio elektronikoen sare bat instalatzea zuzenbide publikoko erakunde batek kudeatzen dituen lurretan, gai izanen dena zerbitzuak 1 Gbps-ko abiaduran emateko eta jarduera-esparru osoa hartuko duena, bai eta, kasuak hala eskatzen badu, alboko industria-eremuak ere, esparru hori osatzen duten zentro, unitate, instalazio eta bulego bakoitza bata bestearekin konektatzeko.
c) 3. jarduketa-ildoa: abiadura handiko komunikazio elektronikoen sare bat instalatzea, gai izanen dena zerbitzuak 1 Gbps-ko abiaduran emateko, jarduketa-esparrua osatzen duten lantegi, zentro eta bulego bakoitzean.
Ondorio horietarako, jarduketa-eremutzat hartzen dira industrialdeak eta logistika-zentroak, bai eta enpresa-kontzentrazio handiko beste eremu batzuk ere, hala nola enpresa-parkeak, enpresa-haztegiak eta parke teknologikoak edo zientifikoak, betiere Nafarroan kokatuak. Laguntzaren xede den proiektu bakoitza jarduketa-esparru batean garatuko da.
2. 1. eta 2. jarduketa-ildoetan, proiektuek konektagarritasuna eta/edo zerbitzua eman beharko diete proiektuaren jarduketa-esparruan dauden higiezin-unitateen (HU) %100i.
Laguntzak indarreko eremu hautagarritzat hartzen diren eremu geografikoetarako ematen ahalko dira, eta, horretaz gainera, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen 2024 jarduketa-eremuetako eranskinaren barruan daudenetarako ere bai, ez dagoenean kategoria bereko azpiegiturarik (oinarrizko banda zabala edo NGA) edo datozen hiru urteetako estaldura edo estaldura-aurreikuspenak Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 52.3 artikuluko a) eta b) letretan deskribatutako operadore bakar batek ematen dituenean.
3. 3. jarduketa-ildoan, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 52.3 artikuluko a) letran deskribatutako eremu geografikoetarako bakarrik ematen ahalko dira laguntzak, eta betiere de minimis Erregelamenduan aurreikusitako mugen barruan.
Hala ere, laguntzak mikroenpresentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat (ETE) badira, Europako Batzordearen 2023ko maiatzaren 6ko Gomendioan emaniko definizioei jarraikiz, edozein eremu geografikotan kokatutako jarduera-eremuetarako ematen ahalko dira.
4. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren jarduketen betekizunak eta azpikontratatzeko aukera.
1. Diruz laguntzen ahal diren jarduketei aplikatu beharreko baldintzak 988/2021 Errege Dekretuaren 14. artikuluaren 1. eta 3. apartatuetan daude ezarrita.
Era berean, laguntzaren xede diren jarduketek aplikagarri zaien indarreko araudia bete beharko dute, eta, behar izanez gero, nahitaezko lizentzia eta baimen administratiboak eduki beharko dituzte. Horretaz gainera, bete beharko dituzte aipaturiko Errege Dekretuaren II. eranskinean C15.I2 inbertsioa gauzatzeko ezartzen diren baldintza espezifikoak ere.
2. 3. jarduketa-ildoko proiektuei dagokienez, telekomunikazio-ekipoak eta -sistemak instalatzeko eta mantentzeko jarduera arautzen duen Erregelamenduaren 3. artikuluan aipatzen den Telekomunikazio Enpresa Instalatzaileen Erregistroan inskribatutako enpresa instalatzaileek gauzatu beharko dituzte (martxoaren 5eko 244/2010 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori), eta, era berean, Telekomunikazio Enpresa Instalatzaileen Erregistroko «B» edo «F» motan inskribatuta egon beharko dute, erregelamendu hori garatzen duen apirilaren 29ko ITC/1142/2010 Aginduan ezarritakoari jarraikiz.
3. Onuradunek diruz lagundutako jardueraren zenbateko osoaren %50 azpikontratatzen ahalko dute hirugarrenekin gehienez ere. Azpikontratazioak aipatutako Errege Dekretuaren 14. artikuluaren 5. apartatuan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
5. oinarria.–Diruz laguntzen ahal diren inbertsioak eta gastuak.
1. Hauek dira proiektuetan diruz laguntzen ahal diren inbertsioak eta gastuak (ikusi «Diruz laguntzen ahal diren gastuak» dokumentua, laguntzen fitxan eskuragarri dagoena, han zehazten baitira):
a) Azpiegiturak eta obra zibila.
b) Ekipamendua eta bestelako materialak.
c) Langile propioen gastuak.
d) Proiektuari egozten ahal zaizkion bestelako kostu orokorrak edo zeharkakoak, hala nola egin beharreko txosten teknikoa egitea.
1. eta 2. jarduketa-ildoen kasuan, diruz laguntzen ahal diren gastuak mugatu eginen dira; hau da, 988/2021 Errege Dekretuaren 16. artikuluan aipatzen den handizkako sarbidearen bidez gainerako operadoreek erabiltzen ahal dituzten sare-azpiegiturak sortzeko edo egokitzeko behar-beharrezkoak direnak bakarrik. Ez dira izanen hautagarriak handizkako sarbidearekin zerikusirik ez duten azpiegiturei loturiko gastu-partidak, laguntzaren onuradun den operadoreak soilik erabiltzeko direnak.
Inola ere ez dira hartuko diruz laguntzen ahal diren gastutzat balio erantsiaren gaineko zergari (BEZ) dagozkionak, ezta antzeko zeharkako beste edozein zergari lotutakoak ere, berreskuratzeko edo konpentsatzeko modukoak badira; ez dira izanen diruz lagungarriak, orobat, errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
2. Proiektuan diruz laguntzen ahal diren gastuetako batek, BEZik gabe, gainditu egiten badu 30.000 euroko zenbatekoa (obra gauzatzeagatiko kostuaren kasuan) edo 12.000 eurokoa (ekipo-ondasunak hornitzearen edo aholkularitza- edo laguntza-zerbitzuak ematearen kasuan), onuradunak egiaztatu beharko du efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatu dela hornitzailea, eta, horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu; hala, hautatutako eskaintzaren aukeratu izana justifikatu beharko du, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen «Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa» izeneko formularioan. Egiaztapen hori 13. oinarriko justifikazio-agirien parte izanen da.
Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu emaile ez badaude edo dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada gastua. Nolanahi ere, aipatutako formularioan justifikatu beharko dituzte alderdi horiek.
3. Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketen barnean eginiko gastuak –diruz laguntzen ahal direnak– aplikatzekoa den araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, bestela, merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
6. oinarria.–Proiektuak egikaritzeko epea.
Hau izanen da proiektuak egikaritzeko epea, jarduketa-ildo bakoitzaren arabera:
1. 1. eta 2. jarduketa-ildoak:
651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntza horiek eragin pizgarria izan behar dute, eta, horrenbestez, proiektuak ez dira hasten ahalko eskaera aurkeztu baino lehen.
Beraz, proiektuak egikaritzeko epea eta diruz laguntzen ahal diren gastuak errealizatzekoa (fakturazioa eta ordainketa) eskabidea aurkezten den egunetik zerbitzua martxan jartzeko azken eguna bitartekoa izanen da –hau da, 2024ko abenduaren 31ra bitartekoa–.
Inola ere ez dira lagunduko diruz eskaera aurkeztu baino lehen konprometitutako edo egindako inbertsio zein gastuak.
Proiektu edo txosten teknikoak egitea diruz laguntzen ahal den gastutzat jotzen ahalko da, nahiz eta eskaera egin baino lehen fakturatu, betiere fakturaren data laguntza-programa honek indarra hartu baino geroagokoa bada (hots, 2021eko azaroaren 18a baino geroagokoa).
2. 3. jarduketa-ildoa:
520/2024 Errege Dekretuaren xedapen iragankor bakarrean jasota dagoenari jarraikiz, proiektuak egikaritzeko epea eta diruz laguntzen ahal diren gastuak egitekoa (fakturazioa eta ordainketa) 2021eko azaroaren 17tik 2024ko abenduaren 31ra bitartekoa izanen da (alegia, zerbitzua martxan jartzeko gehieneko epea).
7. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Laguntzaren intentsitatea zehazteko, ehuneko hau aplikatzen zaie proiektuan diruz laguntzen ahal diren kostuei, segun eta zer jarduera-eremutan dauden, betiere muga hauekin:
1.1. 1. eta 2. jarduketa-ildoetarako:
JARDUKETA-EREMUAK ZER EREMUTAN | LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%) | JARDUKETA-MOTA (3.2 oinarria) | LAGUNTZAREN GEHIENEKO |
Muturreko arrisku handiko eremuak (A eremua) eta arrisku handiko eremuak (B eremua) | %80 | 1. eta 2. lerroak | 250.000 |
1. lerroa: | 120.000 | ||
2. lerroa: | 90.000 | ||
Gainbehera handiko eremuak (C eremua) eta gainbehera ertaineko eremua/kaltebera/arriskurik gabea (D eremua) | %70 | Edozein jarduketa | 60.000 |
(*) Jarduketa-eremuetan despopulazio-arriskua duten eremuak zein diren jakiteko, Nafarroan despopulazio-arriskuan dauden zona eta udalerrien mapa kontsultatzen ahal da, udalerriz udalerri zonifikatzen eta kategorizatzen duena (Nafarroako Gobernua, 2022/02/22an eguneratua). | |||
1.2. 3. jarduketa-ildorako:
Diruz laguntzen ahal diren gastuen gaineko laguntzaren ehunekoa %75 izanen da, eta proiektu bakoitzeko gehienez 30.000 euroko laguntza emanen da.
Laguntza gehigarriaren %5eko intentsitatea emanen zaie 12. oinarriko 1.1 e) apartatuko neurriren bat hartu duten onuradunei, hau da, emakumeen eta gizonen arteko lan-diskriminazioa saihesteko neurriren bat hartu dutenei.
8. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1. Hau izanen da eskabideak aurkezteko epea, jarduketa-ildoaren arabera:
–1. eta 2. jarduketa-ildoak: 15 egun baliodun, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
–3. jarduketa-ildoa: hilabete, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta mugaeguneko hilabetean argitalpenaren egun berera iritsi arte.
2. Dirulaguntzetarako eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoko dagokion fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-para-la-conectividad-en-poligonos-industriales-y-centros-logisticos-prtr-1 (aurrerantzean, «laguntzen fitxa»).
9. oinarria.–Laguntzak eskatzeko behar diren agiriak.
1. Eskaera bakarra onartuko da eskatzaile bakoitzaren jarduketa-ildo bakoitzeko, eta han sartuko dira laguntzaren xede den ildoko proiektu guztiak.
2. Laguntzak eskatzeko, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Eskabide-inprimakia, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduari egokiturik.
b) Proiektu bakoitzerako: memoria tekniko bat eta dagokion aurrekontu xehatua, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduari jarraikiz («Proiektuaren memoria-eredua»).
c) Mapa bat (geruza geografikoko fitxategia, bisore kartografiko batean bistaratzeko), proiektua garatzeko eremu hautagarriekin.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzen fitxan jasotako ereduari jarraikiz egina, adierazten duena betetzen direla 2. oinarriko baldintzak eta 19. oinarrian ezarritakoaren ondorioetarako jasotako laguntzak.
e) Laguntzen fitxan, eskuragarri dago «Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko jarduerak gauzatzeari buruzko adierazpenak» izeneko dokumentua.
f) Emakumeen eta gizonen arteko lan-diskriminazioa saihesteko neurriren bat –12.1.e) oinarrian zehazten dira– hartu izanaren egiaztagiria.
g) Eskabidea behar bezala balioesteko interesgarritzat jotzen diren dokumentu guztiak.
b) eta c) letretako dokumentazioa proiektu bakoitzerako aurkeztu behar da. Gainerako letretako dokumentazioa behin bakarrik aurkeztuko da eskaera bakoitzeko.
3. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 66. artikuluan adierazitako baldintzak, Industria Sustatzeko Zerbitzuak 10 egun balioduneko epea emanen dio interesdunari, eta adieraziko dio, hala egin ezean, ulertuko dela atzera egin duela eskaeran eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Inola ere ez da zuzentzen ahalko 2. apartatuan eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea.
10. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedurak.
Hau izanen da dirulaguntzak emateko prozedura, jarduketa-ildoen arabera:
1. Norgehiagoka bidezkoa, 1. eta 2. jarduketa-ildoen kasuan:
Beraz, alderatu eginen dira proiektuak, aurreko oinarrian ezarritako balioespen-irizpideen arabera proiektuen arteko hurrenkera ezartzeko.
Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balioespen handiena lortu duten eskabideei 6. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, harik eta agortu arte deialdi honetarako erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua. Ezetsi eginen dira aurrekontu-baliabide nahikorik ez dagoelako erantzuten ahal ez zaien eskabideak.
2. Banakako ebaluazioa, 3. jarduketa-ildoaren kasuan:
Beraz, 6. oinarrian ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko dira eskabideak, eta ebaluazio horretatik ateratzen den intentsitatearekin esleituko dira.
Espedienteak eskabideen aurkezpen-ordenaren arabera izapidetu eta ebatziko dira, eta, aurrekontu-baliabide nahikorik izan ezean, ezetsi eginen dira.
11. oinarria.–Dirulaguntza ematea.
1. 1. eta 2. jarduketa-ildoen kasuan, laguntzak kudeatzen dituen organoak (Industria Sustatzeko Zerbitzua) ebaluatuko ditu eskabideak, hurrengo oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera ebaluatuko ditu eskabideak, eta ebazpen-proposamena eginen dio organo eskudunari, zeinak adieraziko baitu onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak.
3. lerroaren kasuan, jarduketak 2., 3. eta 4. oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondotik eginen da proposamena.
2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia izanen da eskudun dirulaguntza ematen den ala ez ebazteko.
Ebazpena arrazoitua izanen da, eta, gutxienez, dirulaguntza jaso duten eskatzaileen zerrenda eduki beharko du, bai eta gainerako eskabideen ezespena ere, kasuak hala eskatzen badu, eta haien artean egon beharko dute aurrekontu-baliabideak mugatu izanaren ondorioz ezetsi diren eskabideek.
Deialdi honetarako baimendutako gastua 1.191.806,54 eurokoa da, honela banatuta:
- 834.264,58 euro, 1. eta 2. jarduketa-ildoetako proiektuetarako.
- 357.541,96 euro, 3. jarduketa-ildoko proiektuetarako.
Eskaera guztiei erantzun ondotik, soberakinik badago jarduketa-ildo baterako baimendutako gastuan, gastu hori erabiltzen ahalko da beste ildo bateko jarduerak diruz laguntzeko.
3. Ebazpen hori gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da eskatzaileen helbide elektroniko gaitu bakarraren bidez, 1. eta 2. jarduketa-ildoetarako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik zenbatzen hasita. 3. jarduketa-ildoko laguntzen kasuan, eskaera aurkezten den egunetik aurrera zenbatuko da epea.
Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartuta dago dirulaguntzak emateko edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, betiere oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.
12. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.
1. Irizpide hauek baliatuko dira 1. eta 2. jarduketa-ildoetako dirulaguntzak norgehiagoka bidez emateko eskabideak balioesteko:
BALIOESPEN-IRIZPIDEA | PUNTUAZIOA (100 PUNTU, GEHIENEZ ERE) |
a) Proiektuaren jarduketa-ildoak: | Gehienez 10 |
1. jarduketa-ildoa + 2. jarduketa-ildoa | 10 |
2. jarduketa-ildoa | 5 |
1. jarduketa-ildoa | 0 |
b) Proiektu teknikoa eta aurrekontua | Gehienez 40 |
Deskribapen orokorra eta teknikoa | 25 |
Aurrekontua | 10 |
Hobekuntzak eta konpromisoak jarduketaren kalitate teknikoan eta zerbitzu-kalitatean | 5 |
c) Lehentasun-eremuak | Gehienez 30 |
Muturreko despopulazio-arriskua/arrisku handia (A eremua) | 30 |
Despopulazio-arrisku handia (B eremua) | 20 |
Gainbehera handian (C eremua) | 10 |
Gainbehera moderatua/kaltebera/arriskurik gabea (D eremua) | 0 |
d) Eskabideko proiektu-kopurua | Gehienez 15 |
e) Genero-berdintasuna sustatzeko neurriak hartzea | 5 |
a) Proiektuaren jarduketa-ildoak:
Irizpide honen ondorioetarako, balioetsiko da 3.2 oinarriko zein jarduketa-ildori dagokion diruz lagunduko den proiektua. Gehieneko puntuazioa emanen zaie bi ildoetako jarduketak biltzen dituzten proiektuei.
b) Proiektu teknikoa eta proiektuaren aurrekontua:
Proiektuaren definizio- eta egokitasun-maila balioetsiko da, faktore hauek kontuan hartuta: deskribapen orokorra eta teknikoa, eskatutako zehaztapen teknikoak bete izanaren justifikazioa, jarduketa-eremuaren mugaketa eta karakterizazioa, eta hedapen-planaren deskribapena.
Era berean, aurrekontuak ongi zehaztuta eta xehatuta egon beharko du, eta, azpikontratatzen bada, zenbatekoa eta hirugarrenek egin beharreko lanak zehaztu beharko ditu. Egikaritzeko baliabide ekonomiko gutxien baliatzen duen proiektua balioetsiko da.
Orobat, konektagarritasunaren eta eskainitako komunikazio-zerbitzuen kalitate teknikoa eta zerbitzu-kalitatea hobetzea dakarten proposamenak balioetsiko dira.
c) Lehentasunezko eremuak (lurraldeko eremu jakin batzuetan jarduketak lehenestea, Nafarroako despopulazio-mapa orokorrean oinarrituta):
Ondorio horietarako, kontuan hartuko da Nafarroan despopulazio-arriskuan dauden eremu eta udalerrien mapa, udalerriz udalerri zonifikatzen eta kategorizatzen duena (Nafarroako Gobernua, 2022ko otsailaren 22an eguneratua). Dokumentu horretan, honela sailkatzen dira Nafarroako udalerriak, despopulazio-arriskuaren arabera:
–Muturreko arriskua/arrisku handia (A eremua).
–Arrisku handia (B eremua).
–Gainbehera handian (C eremua).
–Gainbehera moderatua/kaltebera/arriskurik gabea (D eremua).
d) Eskabideko proiektu-kopurua:
Eskabidean sartutako proiektuen kopurua formula honen arabera balioetsiko da:
baremoa = (15xPuntu)/PMax
Non:
–Puntuak = 6x A eremu-kopurua + 3x B eremu-kopurua + 1x C eremu-kopurua (eskatzaileak aurkeztutakoari jarraikiz).
–PMax = aurkeztutako eskabide guztietako puntuen aldagaiaren maximoa.
e) Genero-berdintasuna sustatzeko neurriak hartzea:
5 puntu emanen dira, baldin eta eskatzaileak neurri hauetakoren bat hartzen badu emakumeen eta gizonen arteko lan-diskriminazioa saihesteko:
1. Langileekiko tratu- eta aukera-berdintasuneko politikak aplikatzeagatik aintzatespen edo bereizgarriren bat lortu izana (adibidez, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren «Berdintasuna Enpresan» bereizgarria, AMEDNAren «Reconcilia Zigilua» eta abar).
2. Zuzendaritza-postuetan gutxienez %30 izatea emakumeak. Neurri horiek enpresak emaniko ziurtagiriaren bidez justifikatuko dira. Ziurtagiri horretan zuzendaritza-postuetan dauden emakumeen ehunekoa jasoko da, onetsitako eta/edo ikuskatutako azken urteko kontuetan jasotako zuzendaritza-postu guztiekiko. Hala justifikatzerik ez badago, Merkataritza Erregistroak zuzendaritza-karguei buruz emaniko ziurtagiriaren bidez edo enpresako Zuzendaritza Batzordeak eginiko ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.
3. Enpresak 50 langile baino gutxiago baditu plantillan, ez dagoenez legez beharturik berdintasun-plan bat izatera, alderdi hauek balioetsiko dira:
–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-plan bat izatea, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua.
–Norberaren bizitza, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak edo berdintasuna sustatzeko beste neurri batzuk aplikatu izana, betiere enpresaren eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentu baten bidez egiaztatzeko moduan.
–Laneko sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurrea hartzeko edo aurre egiteko protokolo edo neurri espezifiko bat onetsi edo zabaldu izana. Aurreko neurriaren modu berean egiaztatuko da.
2. Jarduketa-ildo bakoitzean, oinarri honen irizpideen arabera puntuaziorik handiena lortzen duen proiektua bakarrik lagunduko da diruz.
3. Berdinketa baldin badago jarduketa-ildo bererako antzeko kalitate-baldintzetan aurkeztutako bi proiekturen edo gehiagoren artean, laguntza-zenbateko txikiena eskatu duen eskatzaileari emanen zaio dirulaguntza, 651/2014 (EB) Erregelamendua aldatzen duen Batzordearen 2021eko uztailaren 23ko 2021/1237 (EB) Erregelamenduak dioenari jarraikiz.
Berdinketa jarduketa-ildo desberdinetan egin beharreko proiektuen artean gertatzen bada, balioespen-irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, hurrenkera honi jarraituz: c), a), b), e) eta d).
13. oinarria.–Diruz lagundutako proiektua justifikatzea.
1. Onuradunek justifikatu beharko dute 2024ko abenduaren 31 baino lehen egin dutela diruz lagundutako proiektua.
2. Justifikazioa agiri hauen bidez eginen da:
2.1. 1. eta 2. jarduketa-ildoen kasuan: justifikazio-kontua, Kontabilitate eta Kontu Auditoretzako Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean jarduneko gisa inskribatutako auditorearen txostena aurkeztuta.
Auditorearen txostena laguntzen fitxan zehazten diren prozeduretara egokituko da, hala nola ikuskatzaileak laguntzaren justifikazioari buruz egin beharreko prozedura espezifikoetara.
Laguntzen onuraduna behartuta badago bere urteko kontuak kontu-auditoretzari buruzko legeriaren mende dagoen auditore batek auditatzera, auditore berberak berrikusten ahalko du justifikazio-kontua. Onuraduna ez badago beharturik bere urteko kontuak auditatzera, berak izendatuko du auditorea.
2.2. 3. jarduketa-ildoaren kasuan:
a) Justifikazio-formularioa, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduari jarraikiz. Inprimaki horrek proiektua justifikatzeko memoria bat izanen du, ezarritako gidoiaren arabera egina.
b) Fakturak eta ordainagiriak. Eskabidea aurkeztu zuen enpresaren izenean egon beharko dute (banku-dokumentuak bakarrik onartuko dira), eta 2021eko azaroaren 16tik 2024ko abenduaren 31ra bitartean eginak izan beharko dute.
c) Egikaritutako inbertsioen ebidentziak: enpresan proiekturako ezarritako soluzio guztiak ezarri direla egiaztatzen duen dokumentazioa, eta jarduera materialaren eremuko lantegi, zentro eta bulego bakoitzean 1 Gbps-ko abiadurako konektagarritasuna ematen dela egiaztatzeko frogak.
14. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.
1. Proiektua egikaritu dela egiaztatzen duen dokumentazioa aztertu ondotik, laguntzak kudeatzen dituen organoak ordainketa egiteko ebazpen-proposamena helaraziko dio organo eskudunari, eta, horrekin batera, txosten bat aurkeztuko du, egiaztatzen duena bete direla dirulaguntzaren xedeak eta onuradunek bete dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.
Nolanahi ere, 60.000 eurotik gorako dirulaguntza lortu duten proiektuei egiaztapen materiala eginen zaie laguntza ordaindu aurretik, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 29. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2. Enpresa Sustapenerako zuzendari nagusiak emanen du dirulaguntza ordaintzeko ebazpena, 2025eko martxoaren 31 baino lehen.
Ebazpen horretan funtsen jatorria aipatuko da, eta Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoko Ministerioa aipatuko da, bai eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ere.
3. Diruz lagundutako proiektuek 988/2021 Errege Dekretuaren 24. artikuluan araututako egiaztapen- eta kontrol-jarduerak bete beharko dituzte.
15. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta betebehar horiek ez betetzearen ondorioak.
1. Dirulaguntzaren onuradunek betebehar orokor hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena telematikoki aurkeztea, hilabeteko epean, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik zenbatzen hasita, laguntzen fitxan eskuragarri dagoen ereduari egokiturik. Adierazpen hori beti aurkeztuko da, bai gardentasun-betebeharrari lotuta egotean (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai lotu gabe dagoenean (kasu horretan, adierazpenak baieztatuko du inguruabar hori).
Foru-lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra ez badute betetzen 3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek, galdu eginen dute laguntza kobratzeko eskubidea.
b) Diruz lagundutako proiektua oinarri hauetan adierazitako moduan egitea eta justifikatzea.
c) 30.000 eurotik gorako laguntzen onuradunek, laguntzak eskatzean hala egin ez badute, abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, hilabeteko epea izanen dute, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik zenbatzen hasita (2. oinarria).
d) Dirulaguntzaren xede den jarduera emateko behar den enplegu guztia sortzea, estatuko lurraldean kontratatutako eta Gizarte Segurantzan afiliatutako langileekin (988/2021 Errege Dekretuaren 6.3 artikulua).
e) Laguntzak kudeatzen dituen organoak berariaz eskatzen dion informazio gehigarri guztia ematea proiektuaren garapenari buruz.
f) Pertsona fisikoak ez diren onuradunen kasuan, kontabilitate-sistema bereizia edo eragiketarekin lotutako transakzioetarako kontabilitate-kode egokia erabiltzea.
g) Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa errespetatzea (DNSH printzipioa). Horren barruan sartzen da 15. osagaian eta I2 neurrian aurreikusitako baldintza espezifikoak betetzea DNSH printzipioari dagokionez, eta bereziki Planaren Osagaiaren dokumentuaren 3. eta 8. ataletan eta Council Implementing Decision (CID) eranskinean jasotakoak. «Ingurumenari kalte nabarmenik ez egiteko printzipioari dagokionez, errespetatu beharreko baldintza espezifikoak» izeneko dokumentuan jasotzen dira baldintza espezifiko horiek.
Eta, jardueraren zati bat azpikontratatzen badu, azpikontratistek printzipio hori betetzen dutela ziurtatzeko mekanismoak aurreikusi beharko ditu onuradunak.
h) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritako baldintzetan.
i) Proiektuaren kostu berak finantzatzen laguntzen duen beste edozein funtsi buruzko informazioa ematea (ez Europakoak bakarrik), 18. oinarrian adierazitakoaren ondorioetarako. Halakoen berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori.
j) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako dirulaguntzen onuradunek dituzten betebeharrak, hurrengo oinarrietan jasotzen direnak.
k) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 9. eta 14. artikuluetan ezarritako betebehar orokorrak.
2. 1. eta 2. jarduketa-ildoetarako laguntzen onuradunek, gainera, betebehar espezifiko hauek bete beharko dituzte:
a) Gainerako operadoreei hedatutako azpiegituraren gaineko informazioa (eroanbideak, kaleko banagailuak, zuntza eta abar) erabat eta diskriminaziorik gabe eskuratzeko aukera ematea, operadoreek azpiegitura hori erraz eskuratzeko aukera izan dezaten.
b) Hala eskatzen duten gainerako operadoreei handizkako sarbidea eskaintzea, 988/2021 Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarritako baldintzetan.
c) Sarea gutxienez hamar urtez erabiltzea eta instalatutako azpiegitura eta ekipamendu guztia behar bezala ustiatzeaz eta mantentzeaz arduratzea.
d) Laguntzaren xede diren azpiegiturak eta ekipoak proiektuaren xede zehatzari lotuta mantentzea gutxienez zazpi urtez, proiektua amaitzen denetik zenbatzen hasita, edo balio-bizitza amaitu arte, txikiagoa bada.
3. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, galtzen ahalko da onetsitako dirulaguntza jasotzeko eskubidea, edo, kasuaren arabera, itzuli egin beharko da diru hori, Foru Lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Era berean, aurreko betebeharren bat partzialki betetzen ez bada, proportzionaltasun-printzipioa aplikatu beharko da ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa egokitzeko edo, kasuak hala eskatzen badu, dagokion zenbatekoa itzultzeko.
16. oinarria.–Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako dirulaguntzak lortzeko betebeharrak.
1. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako dirulaguntzen onuradunek, gainera, betebehar hauek bete behar dituzte:
a) Funtsen azken hartzaileari buruzko datuak ematea onuraduna ez denean, eta kontratistei eta azpikontratistei buruzko datuak ematea, baldin eta azken jasotzailea botere esleitzailea bada, kontratazio publikoaren arloko zuzenbidearen arabera.
b) Inplikatutako administrazio publikoen arteko datu-lagapena onartzea, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera.
c) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean ezarritako printzipio transbertsalak betetzeko konpromisoa hartzea, besteak beste, ekonomia zirkularraren eta «ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko» printzipioak, bai eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean esleitutako etiketa berdea eta digitala betetzeko konpromisoa ere.
d) Jarduera ekonomikoak garatuz gero, Zerga Administrazioko Estatu Agentziako enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen erroldan edo Zergen Foru Administrazioko errolda baliokidean inskribatuta egotea, eta laguntza eskatzen den egunean egiaz garaturiko jarduera ekonomikoa islatzea.
e) Hurrengo oinarrian jasotako publizitate- eta hedapen-betebeharra betetzea.
f) Finantzaketari buruzko dokumentazioa bost urtez gordetzea, ordaintzen denetik zenbatzen hasita, edo hiru urtez, finantzaketa 60.000 eurokoa edo txikiagoa bada.
g) JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortutako Benetako Titularitateen Erregistroan jasotako informazioa Foru Komunitateko Administrazioak eta Europako erakundeek eskuratzeko aukerari buruzko informazioa ematea, edo titular errealei buruzko datu horiek ematen ahal dituzten Administrazioaren beste datu-base batzuetara sartzeko aukerari buruzko informazioa jakinaraztea.
Zerga Administrazioko Estatu Agentziak ez badu informaziorik laguntza eskatzen duen enpresaren benetako titulartasunei buruz, organo kudeatzaileak eskatzen ahalko dio eskatzaileari informazio hori. Eta informazio hori ez bada ematen 5 egun balioduneko epean, enpresak ez ditu jasotzen ahalko eskatutako laguntzak (HFP/55/2023 Aginduaren 7.3 artikulua; urtarrilaren 25eko BOE, 21. zk.).
h) Baiezkoa ematea Europako Batzordearen, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoaren, Europako Kontuen Auzitegiaren eta Europako Fiskaltzaren kontrolen mende jartzeari, eta aitortzea Europako erakunde horiek eta agintari nazionalek badutela eskubiderik beren eskumenak baliatzeko behar duten informazioa eskuratzeko.
2. a), b) eta c) letretan ezarritakoaren ondorioetarako, dirulaguntzen eskatzaileek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko jarduerak gauzatzeari buruzko adierazpena aurkeztuko dute, interes-gatazkarik ezaren adierazpena barne.
3. Nolanahi ere, ez-betetzeak Europako funtsak bueltatzea eragozten duenean, onuradunak jasotako funtsak itzuli beharko ditu, diruz lagundutako jarduketei dagokienez jaso ez duen itzulketaren zenbatekoarekin.
Gainera, estatuetako edo Europako Erkidegoko agintariek egindako edozein kontroletan erantzukizun jakineko neurriei eragiten dien irregulartasunen batek eragotzi egiten badu funtsak itzultzea, onuradunak itzuli egin beharko du diruz lagundutako jarduketei dagokienez jaso ez duen itzulkinaren zenbatekoa.
Onuradunak ez baditu erabiltzen jasotako zenbatekoak diruz lagundutako jardueretarako, itzuli egin beharko du behar ez bezala erabilitako zenbatekoa. Era berean, ez bada betetzen «ingurumenari kalte handirik ez eragiteko» printzipioa, onuradunak itzuli egin beharko ditu jasotako zenbatekoak.
17. oinarria.–Publizitatea eta hedapena.
1. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako dirulaguntzen onuradunek publizitate- eta hedapen-betebehar hauek izanen dituzte:
a) Logotipo hauek paratu beharko dira diruz lagundutako jarduerei buruzko informazio- eta komunikazio-neurrietan (informazio-kartelak, plakak, argitalpen inprimatuak eta elektronikoak, ikus-entzunezko materiala, webguneak, iragarkiak eta prentsako txertaketak, ziurtagiriak eta abar):
1. Europar Batasunaren ikurra, eta «Next Generation EU - Europar Batasunak finantzatua» testua. Kontuan hartuko dira Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren marka-eskuliburuan jasotako arau grafikoak eta kolore normalizatuak. Webgune honetan kontsulta daiteke:
https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual
2. Berreskuratze Planaren logoa https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual estekan dago eskuragarri.
b) Diruz lagundutako jarduerei buruz zernahi hedabidetan eginiko erreferentzia orok jaso beharko du Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoko Ministerioak eta Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak finantzatuak direla.
c) Laguntzen xede diren jarduketa-eremu materialei dagozkien instalazioek Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 2021eko maiatzeko marka-eskuliburuan adierazitakoaren arabera seinaleztatuta egon beharko dute (Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzaren webgunean dago eskuragarri).
2. Kasuan-kasuan, informazio-kartel eta -plaka guztiak ongi ikusteko moduko tokian paratu beharko dira, eta testuak Nafarroako Foru Komunitateko bi hizkuntza ofizialetan idatzita egon beharko du.
3. Kasu guztietan, onuradunen webgunean Europar Batasunaren ikurra eta Berreskuratze Planaren logotipoa agertu beharko dira.
18. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna eta finantzaketa bikoitzik eza.
988/2021 Errege Dekretuaren 17. artikuluaren arabera (1136/2023 Errege Dekretuak aldatua), deialdi honetako laguntzak bateraezinak izanen dira Europar Batasuneko beste zernahi funtsekin finantzatutako programa edo tresnekin.
Era berean, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 62. kontuan hartuzkoak adierazten duenez, erregelamendu horretan aurreikusitako ekintzek koherenteak izan behar dute Batasunaren aribideko programekin, eta osatu egin behar dituzte. Orobat, saihestu egin behar dute mekanismotik eta Batasunaren beste programa batzuetatik datorren finantzaketa bikoitza ere.
19. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea eta de minimis laguntzak.
1. 1. eta 2. jarduketa-ildoetarako emandako laguntzak salbuetsita daude Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikulua jakinarazteko betebeharretik, betetzen baitituzte zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituen Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 52. artikuluan ezarritako baldintzak, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari dagokionez (2014ko ekainaren 26ko EBAO, L187). Erregelamendu hori aplikatzeko epea 2026ko abenduaren 31ra arte luzatzen da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, L 167/1, 2023ko ekainaren 30ekoa).
2. 3. jarduketa-ildorako emandako laguntzak de minimis laguntzak dira, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 Erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari loturik (EBAO L, 2023ko abenduaren 15ekoa).
Erregelamendu horren arabera, enpresa bakar bati gehienez 300.000 euroko de minimis laguntza emanen zaio hiru urteko edozein alditan. Ondorio horietarako, «enpresa bakar» definizioa erregelamendu horren 2.2 artikuluan ezarritakoa izanen da.
Interesdunek eskabide-formularioan adieraziko dituzte eskaera egin aurreko hiru urteetan jasotako gainerako de minimis laguntzak.
20. oinarria.–Iruzur-arriskua ebaluatzea.
Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren apirilaren 27ko 69E/2022 Foru Aginduaren bidez, iruzurraren aurkako neurrien plana onesten da, departamentuak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren kontura finantzatutako proiektuen kudeaketaren esparruan.
Aipatutako planean adierazitakoari jarraikiz, jasota dago iruzur-arriskuaren ebaluazioa oinarri arautzaile hauek onesteko espedientean (bandera gorrien egiaztapen-zerrenda), bai eta hura prestatzen eta izapidetzen parte hartu duten pertsona guztien interes juridikoen gatazkarik ezaren adierazpena ere.
21. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.
1. Interesdunek bide telematikoz aurkeztuko dituzte laguntzen eskabidea eta eman beharreko agiri guztiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.
2. Laguntza hauek emateko prozeduran beharrezkoak diren administrazio-egintzak eta gainerakoak jakinarazteko, interesdunen gaitutako helbide elektroniko bakarra baliatuko da. Eskatzaileak emandako helbide elektronikoaren bidez jakinaraziko da bidali dela jakinarazpena edo komunikazioa.
22. oinarria.–Emaniko dirulaguntzen publizitatea.
Industria Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/es/index), alderdi hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri dagokion, onuradunak eta emandako zenbatekoa.
Orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atariko Tramiteen Katalogoko laguntzen fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.
23. oinarria.–Datu pertsonalak babestea.
Datuak babesteko indarrean dagoen araudiaren arabera, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak tratatuko ditu datu pertsonalak, deialdi honetako laguntzak kudeatzeko. Era berean, jakinarazten da departamentu horren aurrean egikaritzen ahal direla datuak babesteko eskubideak, laguntzen fitxan adierazitako moduan.
24. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko diote interesdunek Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari. Horretarako, hilabete izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iragarkiaren kodea: F2414514
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
