Iragarkia
207. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 11
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
72/2024 FORU AGINDUA, irailaren 25ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez bi prestakuntza bekaren deialdia onesten baita unibertsitateko tituludunentzat, Turismo Zuzendaritza Nagusiko Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuan aritzeko. DDBN identifikazioa: 790031.
Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen da. Beka emateko prozedurari hasiera eman aurretik organo eskudunak deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi beharko ditu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.
Proposatzen da bi prestakuntza beka emateko deialdia onestea, unibertsitateko tituludunei zuzenduta, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuan aritzeko, zerbitzu horretan gauzatutako jarduerak ezagut ditzaten zuzenean, modu praktikoan eta espezializatuan. Zerbitzu hori osatzen duten bi atalen eskumenen esparruko jarduerak eginen dira prestakuntzan (Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Atala eta Laguntzen eta Dirulaguntzen Atala).
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Bi bekatarako deialdiaren oinarriak onestea Turismo Zuzendaritza Nagusiko Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuan aritzeko. Beka horietako bat Zuzenbideko gradudunentzat da, eta bestea, berriz, Ekonomiako edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradudunentzat, edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza dutenentzat.
2. 2025eko Gastuen Aurrekontuko 21.576,44 euroko gastua baimentzea, 2024ko Gastuen Aurrekontuko A30001 A3100 4800 432100 partida baliokidearen kargura ("Praktiketako ikasleentzako transferentzia arruntak"), baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.
3. 143,36 euroko gastua baimentzea 2026ko Gastuen Aurrekontuan, 2025eko abenduko gizarte segurantzari dagokiona; 2026ko urtarrilean ordainduko da, 2024ko Gastuen Aurrekontuetako "Praktiketako ikasleentzako transferentzia arruntak" izeneko A30001 A3100 4800 432100 partidaren baliokidearen kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.
4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
5. Foru agindu hau igortzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Turismo Zuzendaritza Nagusira, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzura eta Turismoko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora.
6. Adieraztea ezen foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2024ko irailaren 25ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA.–TURISMOAREN ANTOLAMENDU, KUDEAKETA ETA KALITATEKO ZERBITZUAN ARITZEKO BI PRESTAKUNTZA BEKATARAKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea bi beka emateko, norgehiagokako araubidean, Turismo Zuzendaritza Nagusiko Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuan aritzeko. Beka horietako bat Zuzenbideko gradudunentzat da, eta bestea, berriz, Ekonomiako edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradudunentzat, edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza dutenentzat.
2. Aurrekontuko zuzkidura.
Deialdi honen gastu konpromisoei aurre egiteko 82.943,36 euroko kreditua gorde da. Horietatik, 2025ean 21.576,44 euroko kreditua baimentzen da eta 143,36 euroko kreditua 2026an, baldin eta 2026ko aurrekontuan kreditu egoki eta nahikoa badago. Luzapenik baldin bada, 2026., 2027. eta 2028. urteei dagozkien zenbatekoak baimentzea aurreikusten da, aldez aurretik balidatu den aurrekontu erreserbaren arabera. Beka ekitaldi horietako bakoitzean kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintzapean gelditzen da.
3. Bekaren iraupena.
Zuzenbideko gradudunentzako bekak 11 hilabete inguruko iraupena izanen du hasieran, beka ematen duen ebazpenean ezarriko den hasierako datatik aurrera, eta 2025eko abenduaren 31n bukatuko da. Aurreikusten da prestakuntza 2025eko otsailaren 1ean hastea, edo beka ematen duen ebazpenean adieraziko den egunean, hura geroago emanez gero.
Ekonomiako edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradudunentzat edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza dutenentzat den bekak, aldiz, 9 hilabete inguruko iraupena izanen du hasieran, beka ematen duen ebazpenean ezarriko den hasiera datatik aurrera, eta 2025eko abenduaren 31n bukatuko da. Aurreikusten da prestakuntza 2025eko apirilaren 1ean hastea, edo beka ematen duen ebazpenean adieraziko den egunean, hura geroago emanez gero.
Edonola delarik ere, Turismoko zuzendari nagusiak luzatzen ahalko ditu, hiru urte bete arte, gehienez ere, hasierako aldia eta luzapenak kontuan hartuta. Beraz, luzapenak 2026. eta 2027. urteak hartzen ahal ditu, oso-osorik, eta 2028. urtean, zenbat hilabete falta diren hiru urteak betetzeko, beste hainbeste, betiere partidan kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintzapean.
4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.
Prestakuntza bekan aurreikusirik dago gehienez ere 1.150,00 euroko aurrekontua hilabetean pertsona bakoitzeko, kopuru horretan sartuta dagoela Gizarte Segurantzaren kotizazioari dagokion gastua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kargura.
Bekadunak 1.025,00 euroko zenbateko gordina jasoko du hilean. Indarreko araudiaren arabera nahitaezkoa denean, zenbateko horretatik kenduko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako atxikipena eta bekadunaren kotizazioari dagokiona.
Bekadunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.
5. Eskatzaileak.
Honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisikoak izan daitezke bekaren onuradun:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen bateko herritarra. Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.
d) Nafarroan erroldatua egotea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.
e) 1. oinarrian aipatu diren unibertsitate tituluetako bat izatea, Espainiako agintariek luzatua edo homologatua.
f) Eskatutako titulua izatea eskaerak aurkezteko epea amaitzean eta betiere deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteetan lortua izatea.
g) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.
6. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epeak.
Interesdunek hilabeteko epean aurkezten ahalko dituzte eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.
Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Turismo Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on?tramiteId=92536. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve eduki beharko da.
Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan aurkez daitezke. Dokumentazio hori euskarri informatikoan aurkeztu beharko da.
Eskaera egiteko, deialdi honen II. eranskineko inprimaki normalizatua bete beharko da. Inprimaki hori, halaber, goian aipatutako tramiteen katalogoko fitxatik jaisten ahalko da, eta bekaren eskatzaileak sinatuta bidali beharko da. Eskaera horri dokumentu hauek gehitu beharko zaizkio:
–Eskatzailearen gaineko dokumentazioa:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo eskatzailearen nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Erroldatze-ziurtagiria, Nafarroan deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez erroldaturik egotea frogatzen duena.
c) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.
Eskura dagoen eskabide-orriak honako hauek ditu erantsita: aipatutako erantzukizunpeko adierazpena eta Turismo Zuzendaritza Nagusiari emandako baimena, Ogasunean eta Gizarte Segurantzan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren egiaztatzeko.
–Eskaeraren xedearen gaineko dokumentazioa:
a) Bekari dagokion titulazio akademikoaren fotokopia.
b) Norberaren ikasketen ziurtagiri ofiziala, ikas-maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin; orobat, espedientearen batez besteko nota, 0tik 10erako eskalan.
c) Eskatzailearen curriculum vitaea, non aipatu merezimendu guztiak zehaztuko diren; merezimenduak frogagirien bidez egiaztatuko dira, 7. oinarrian ezarritakoarekin bat, bereziki hauek:
–Bekarekin zuzeneko zerikusia duten beste titulu akademiko batzuk.
–Bekarekin zerikusi zuzena duten prestakuntza ikastaroak, Estatuko zein atzerriko unibertsitateetan edo administrazio eta erakunde publikoetan eginak.
–Eskatutako titulazioarekin lotura zuzena duten proiektuetan parte hartu izana (bekak, praktikak, etab.): unibertsitateak edo enpresak emandako ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horretan adieraziko da egindako praktikak, bekak eta abar curriculumetik kanpokoak direla, eta aipatuko dira betetako eginkizunak, hasiera- eta amaiera-datak eta egindako orduak.
–Hizkuntzak jakitea.
Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
7. Merezimenduak baloratzeko irizpideak.
Beka hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta banatuko dira dirulaguntzak baremoko ordenaren arabera, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren.
Eskaerak baloratzeko, honako irizpide hauen arabera kalifikatuko dira merezimenduak, 25 puntu arte, gehienez ere:
a) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria. 10 puntu gehienez. Espedientearen batez besteko nota baloratuko da, 0tik 10era bitarteko eskalan.
b) Beka emateko eskatzen ez diren beste titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. 4 puntu gehienez.
–Doktoretza: 2 puntu.
–Masterra: 1 puntu.
–Beste gradu batzuk: 1 puntu.
c) Bekaren xede diren arloekin lotura zuzena duten prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 4 puntu.
Kontuan hartuko dira 20 orduko edo hortik gorako prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, interesdunak jasotakoak zein emandakoak. Kontzeptu horrengatik 0,20 puntu emanen dira kredituko edo prestakuntzako 10 orduko, eta kopuru horietatik beherako unitateak proportzionalki baloratuko dira.
Ez dira kontuan hartuko 20 ordutik beherako ikastaroak.
Interesdunak jaso eta emandako ikastaroek titulu ofizialak izan beharko dute edo, bestela, ofizialki aitortutako prestakuntza zentroetan eginak, eta behin besterik ez dira baloratuko, nahiz eta interesdunak ikastaroaren edizio bat baino gehiago jaso edo eman izan.
d) Bekaren xede diren arloekin edo titulazioekin lotutako proiektuetan parte hartzea (beste beka batzuk, curriculumaz kanpoko praktikak eta abar): 0,10 puntu hilabete bakoitzeko, 2 puntura arte gehienez.
Horretarako, hilabete osoak zenbatuko dira, eta ez dira kontuan hartuko hortik beherako aldiak. Ziurtagirian ez denean jasotzen jarduerak zenbat hilabete iraun duen, ez da kontuan hartuko.
Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko. Ez dira atal honetan baloratuko hasiera- eta amaiera-datak jasotzen ez dituzten ziurtagiriak.
e) Hizkuntzak jakitea. 5 puntu gehienez. Hizkuntza bakoitzeko maila handieneko ziurtagiria bakarrik baloratuko da, eta 5etik gorako puntuazioa ez da kontuan hartuko.
–Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiria edo C1 titulua, edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: 1,2 puntu (euskara), puntu bat (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).
–B2 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: puntu bat (euskara), 0,8 puntu (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).
–B1 tituluak edo ofizialki baliokidetzat jotzen den beste tituluren bat: 0,5 puntu (euskara), 0,4 puntu (Europar Batasuneko hizkuntza bakoitza).
Ez da merezimendurik baloratuko ez bada agiri bidez frogatzen, eta merezimenduak kontuan hartuak izan daitezen, eskaerak aurkezteko epea amaitu aurrekoak izan behar dute.
Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa espedienteko a) atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, beste ikasketa titulu batzuetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.
8. Ebaluazio batzordea.
Ebaluazio batzordea izanen da eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko eta alegatzen diren merezimenduak baloratzeko ardura izanen duen kide anitzeko organoa, bai eta ebazpen proposamena prestatzeko ardura izanen duena ere, non adieraziko baita izangai bakoitzari guztira emandako puntuazioa.
Kide hauek osatuko dute ebaluazio batzordea:
Batzordeburua: Margarita Cueli Erice, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Ataleko burua.
Ordezko batzordeburua: María Carmen Garde Sola, Laguntzen eta Dirulaguntzen Ataleko burua.
Batzordekidea: Miguel Elizalde Urdaci, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuko Enpresa Zientzietako diplomaduna.
Ordezko batzordekidea: Malen Ayesa Aristu, Laguntzen eta Dirulaguntzen Ataleko Enpresa Zientzietako diplomaduna.
Idazkaria: Lorea Mei Ojer Suzuki, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).
Ordezko idazkaria: Davinia Ruiz Gordillo, Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).
9. Bekaren tramitazioa eta hura emateko ebazpena.
Eskaerak hartutakoan, ebaluazio batzordeak espedientea aztertu eta ebaluatuko du. Eskaerak ez baditu betetzen nahitaezko dokumentazioari loturik finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.
Eskaera osoa eta behar bezalakoa dela ikusitakoan, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera barematuko da espedientea, eta ebaluazio batzordeak lehentasun ordena zehaztuko du ateratzen den baremoaren arabera.
Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko, eta ez da zuzenduko eskaerarekin batera barematzeko aurkezten ez den merezimenduen dokumentazioa.
Ebaluazio batzordeak ebazpen proposamena igorriko du, Turismoko zuzendari nagusiak bekaren deialdia ebatz dezan. Ebazpenak, gutxienez ere, beka eskuratzen duten eskatzaileen zerrenda jasoko du eta, zein den kasua, espresuki adieraziko du zein eskaera ezesten diren, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera jakinaraziko da.
Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.
Eskatutako beka eman edo ukatzen duen ebazpenaren aurka, eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Egintza berariazkoa ez bada, eskatzaileek edozein unetan jartzen ahalko dute gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.
10. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuak jendaurrean jarriko du emandako dirulaguntza Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.
Halaber, deialdi honen emaitzak argitaratuko dira Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzaren fitxan.
11. Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.
Onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren artikuluetako betebehar eta eskubideak izanen ditu eta, bereziki, 19. artikuluan adierazitako betebeharrak; foru dekretu horretan araubide orokorra ezartzen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko.
Orobat, beka ematen duen ebazpenaren proposamena egiten den unean, onuraduna behartuta dago zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatera.
12. Jardueren hasiera eta ukoak.
Onuradunak hamar egun naturaleko epean, gehienez ere, hasi beharko ditu bere jarduerak, beka ematen dion ebazpenean adierazten den egunetik hasita. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.
Edozein arrazoi dela eta, emandako bekari uko eginez gero, idatzita eman beharko zaio horren berri Turismo Zuzendaritza Nagusiari, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago, gutxienez ere.
Uko eginez gero, zilegi izanen da beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea.
13. Tutoretzak eta jarduerak.
Beka duen pertsonari eskatu zaion titulazio bera edo altuagoa duen tutore batek, dagokion administrazio unitateak izendatutakoak, gidatu eta gainbegiratuko ditu bekadunak egiten dituen jarduerak.
Bekadunak Turismo Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan eginen ditu bere jarduerak. Halaber, bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen ditu.
Beka bakoitzaren arabera, prestakuntzak honako alderdi hauek izan ditzake:
Besteak beste, ondotik zehazten diren jarduerak eginen dira Turismoaren Antolamendu, Kudeaketa eta Kalitateko Zerbitzuan, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Ataleko eta Laguntzen eta Dirulaguntzen Ataleko teknikariek lagunduta:
Zuzenbide gradua duten unibertsitateko tituludunentzako beka.
–Arauen garapenean laguntzea Antolamenduaren, Kalitatearen eta Azpiegituren Atalaren eta Laguntzen eta Dirulaguntzen Atalaren eskumeneko gaietan.
–Erregistroko, ikuskapeneko eta erreklamazio eta salaketetako administrazio prozedurak kudeatzen laguntzea.
–Obra, hornidura eta zerbitzuen kontratu txikien administrazio kudeaketan laguntzea PLENA eta EXTRA aplikazio informatikoen bitartez.
–Turismo Zuzendaritza Nagusian egiten den beste edozein, bere prestakuntza eta titulazioarekin lotuta badaude.
Ekonomiako edo Enpresetako Administrazio eta Zuzendaritzako gradua duten unibertsitate tituludunentzat edo Enpresetako Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza dutenentzat den beka.
–Laguntzea turismo jarduerari dirulaguntzak emateko programak proposatzen, izapidetzen eta kudeatzen.
–Laguntzea emandako dirulaguntzen jarraipena, egiaztapena eta kontrola egiten.
–Laguntzea dirulaguntzen deialdiak ebaluatzen eta behar diren txostenak egiten.
–Beste lurralde batzuek turismo jarduera sustatzeko egiten dituzten proposamenak aztertzea.
–Teknologia berriak aplikatzeko programak, energia berriztagarrienak, irisgarritasunarenak, genero berdintasunarenak eta bestelakoak aztertzea eta ebaluatzea, Turismo Zuzendaritza Nagusiaren dirulaguntzen lerroetan aplikatzeko.
–Turismo sektorearen barneko webgunearen mantentze-lanak koordinatzea, eta datuak eguneratzeko proposamena egitea.
–Turismo Zuzendaritza Nagusian egiten den beste edozein, bere prestakuntza eta titulazioarekin lotuta badaude.
14. Prestakuntza jarduera egitea.
Bekadunak Turismo Zuzendaritza Nagusiaren instalazioetan jardunen du, astean gehienez ere 30 orduz, eta atsedeneko 2,5 egun natural izanen ditu bekak dirauen hilabete bakoitzean.
Bekaren onuradunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.
Bekaren onuradunak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutako betebeharrak bete beharko ditu, baita lege hori garatzeko bestelako arauetan ezarritakoak ere. Hala, prestakuntzaldia amaituta ere, berdin bete beharko dituzte bekaren bitartez eskura izan dituzten datu pertsonalak tratatzeari buruzko indarreko xedapenak.
15. Lan harremanik ezaren adierazpena eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
1. Beka edukitzea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik eskuratzea ere. Administrazioak ez du inolako konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
2 Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoko kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
3. Bekadunek, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari diren, administrazio horrekin duten harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen dute zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
4. Beken onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izanen du, haren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri baitzen.
Ondorio horietarako, prestakuntzan aritzen direnek Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bekadun guztientzat sinatu duen aseguru kontratuaren istripuengatiko estaldura izanen dute.
16. Bateraezintasuna.
Prestakuntza beka bateraezina da administrazioak berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, nazionalak edo nazioartekoak izan, emandako beste prestakuntza beka batzuekin.
17. Araubide juridikoa.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.
II. ERANSKINA.–UNIBERTSITATEKO TITULUDUNEI ZUZENDUTAKO BI PRESTAKUNTZA BEKATARAKO DEIALDIA, TURISMO ZUZENDARITZA NAGUSIKO TURISMOAREN ANTOLAMENDU, KUDEAKETA ETA KALITATEKO ZERBITZUAN ARITZEKO
DATU PERTSONALAK
Deiturak eta izena | |||||||||||
NANa | Nazionalitatea | Jaioteguna | |||||||||
Helbidea (kalea, zenbakia, atea) | |||||||||||
Herria | Posta kodea | ||||||||||
Telefonoa | Helbide elektronikoa | ||||||||||
LORTU NAHI DEN BEKA
Zuzenbide gradua duten unibertsitateko tituludunentzako beka. |
Ekonomiako edo Enpresetako Administrazio eta Zuzendaritzako gradua duten unibertsitate tituludunentzat edo Enpresetako Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza dutenentzat den beka. |
FROGATZEN DITUEN DATUAK ETA EKARRITAKO DOKUMENTAZIOA
A) Nortasunari buruzkoak:
–NANa | –Erroldaren ziurtagiria |
B) Ikasketei buruzko datuak:
Titulazioa | ||||
Noiz eman edo eskatu zen titulua | Batez besteko nota | |||
Hasiera urtea | Amaiera urtea | |||
Aurkeztutako frogagiria | ||||
C) Gaiarekin zerikusia duten beste titulu akademiko batzuk:
Titulazioa | Adierazi gradua/masterra... den | Aurkeztutako frogagiria |
* Behar adina errenkada gehitu.
D) Prestakuntza ikastaroak:
Ikastaroaren izena | Ordu kopurua | Zer erakundek emana | Aurkeztutako frogagiria |
* Behar adina errenkada gehitu.
E) Titulazioarekin lotutako proiektuetan izandako parte-hartzea (bekak, praktikak eta abar):
Beka/curriculumetik kanpoko praktikak | Entitatea | Hasiera eguna | Bukaera eguna | Aurkeztutako frogagiria |
* Behar adina errenkada gehitu.
F) Hizkuntzak:
Hizkuntza | Frogatzen den maila | Zer erakundek emana | Aurkeztutako frogagiria |
* Behar adina errenkada gehitu.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluko betebeharren gaineko adierazpena:
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeari dagokionez, adierazten dut ez nagoela artikulu horretan bekaren onuradun izateko ezarri diren debeku-egoeretatik bakar batean ere.
5. g) oinarria betetzeari dagokionez, aitortzen dut ez dudala desgaitasun fisikorik, ez eta eritasunik ere, prestakuntza jarduera betetzea galaraz dezakeenik.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak luzatu beharreko ziurtagiriak eskatzeko, haiekin zorrik ez duela egiaztatzeko.
–Lortutako datuak beketarako deialdi honen espedientea tramitatzeko erabiliko dira bakar-bakarrik. Interesdunek datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute.
Sinatzailea:
......................................(e)n, ............(e)ko ...........................................aren .........(e)(a)n.
Iragarkiaren kodea: F2414021
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
