2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Berraztertze-errekurtsoak, Iruñeko Udaltzaingoko inspektoreordearen 6 lanpostu betetzeko deialdiaren kontra
Tokiko Gobernu Batzarrak honako erabaki hau hartu zuen 2024ko irailaren 23an egindako bilkuran:
Javier Cuevas Azcona jaunak, Miguel Duque Rodríguez jaunak eta Rubén Cilveti Loperena jaunak berraztertze-errekurtsoa jarri dute –aurreneko biek 2024ko uztailaren 14an, eta Cilveti jaunak 2024ko uztailaren 10ean– Iruñeko Udaltzaingoko inspektoreordearen 6 lanpostu betetzeko deialdiaren –2024ko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 13koan, argitaratua– kontra. Errekurtsoan deialdiaren 3.1.1 a) oinarria aldatzera premiatzen dute, edo, hala badagokio, errekurtsogileek proposatutako interpretazioa aintzat har dadin, alegia, 3 urteko antzinatasunaren betekizuna aipatu lanpostuaz jabetzen den egunetik zenbatu ez dadin, kontuan hartuta Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 39. artikuluan ez dagoela hitzez hitz ezarrita "jabetza hartzen den egunetik" esamoldea; hauxe esaten da bakarrik: "Oposizio-lehiaketa horretan parte hartzeko, agente lehenaren enpleguan gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatea eskatuko da, bai eta B mailan sartzeko eskatzen den titulazioa ere".
Organo honek ezarri behar du, Udal honen beste deialdi batzuei dagokienez Nafarroako Administrazio Auzitegiak jada egin duen bezala, bi adierazpenek (legearenak eta deialdiarenak) gauza bera eskatzen dutela, hau da, agentearen lanpostua eskuratzea eta horretan hiru urteko antzinatasuna izatea.
Jakina, lanpostuaz jabetzean eskuratzen da enplegua, zehazki Nafarroako Poliziei buruzko Foru Lege horrek berak 38. artikuluan zehazten duen bezala, kategoriaz igotzeko lehiaketa baten bidez.
Horregatik guztiagatik, honako hau
ERABAKITZEN DA:
Lehena.–Ezestea errekurtsogileek –Javier Cuevas Azcona jaunak, Miguel Duque Rodríguez jaunak eta Rubén Cilveti Loperena jaunak– deialdiaren hirugarren oinarriaren kontra jarritako berraztertze-errekurtsoa, ulertzen baitugu "3 urteko antzinatasuna, lanpostuaz jabetzen denetik" esamoldea bat datorrela Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 38. artikuluarekin.
Bigarrena.–Erabaki hau argitaratzea deialdi hau argitaratu zen bide berberetan.
Erabaki horren kontra honako errekurtso hauek paratzen ahal dira:
a) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta hortik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2024ko irailaren 23an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.
Iragarkiaren kodea: L2413906