Iragarkia
206. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
757/2024 EBAZPENA, urriaren 4koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez Nafarroako Foru Komunitatean ardoaren krisi-destilaziorako laguntzen deialdia egiten baita 2024rako. DDBN identifikazioa: 789178.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduak nekazaritzako produktuen merkatuen erakunde erkidea sortzen du eta 922/72 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE) erregelamenduak indargabetzen ditu. 216. artikuluan ezartzen duenez, krisietan ardoaren destilaziorako ordainketa nazionalak egiten ahalko dira.
Horri buruz arautzen du Batasuneko estatu kideek ordainketa nazionalak egiten ahalko dizkietela ardo ekoizleei, borondatezko edo nahitaezko destilazioa egin dezaten krisia dela-eta justifikatuta dagoenean. Ordainketak proportzionatuak izanen dira eta haiei esker aurre egiten ahalko zaio krisiari. Estatu kide batean ordainketa horiek egiteko zenbateko erabilgarria, guztira, estatu kide horrek urte horretarako dituen funts erabilgarri guztien %15ekoa izanen da gehienez.
Ordainketa nazionalak egin nahi dituzten estatu kideek jakinarazpen bat aurkeztu beharko diote Batzordeari, behar bezala justifikatua, eta Batzordeak erabakiko du neurria onartzen duen ala ez. Lehen aipatutako artikuluaren edukia osatzeko, azaltzen da ezen 1. apartatuan ezarritako destilazioaren ondoriozko alkohola industrian edo energiaren arloan baizik ez dela erabiliko, lehia faltsutzeko aukera oro saihesteko.
Nafarroako Foru Komunitateak, "Nafarroa" jatorri deituran eta Errioxako jatorri deitura kualifikatuan azken kanpainetan merkatuak izan dituen desoreka handiak kontuan hartuta, jakinarazi zion Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari interesa zuela krisi-destilazio batean parte hartzeko, upategietako izakinak murrizteko helburuarekin.
2024ko abuztuaren 1ean, Europako Batzordeak, C(2024) 5617 azken Erabakiaren bidez, Espainian 2024an ardoaren krisi-destilaziorako ordainketa nazionalak baimendu ditu, justifikatuta dagoelakoan mahastizaintza eta ardogintzaren merkatuko egoera krisi kasutzat hartzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 216. artikuluko 1. apartatuko lehen paragrafoan jasotzen den moduan.
Erabaki horrek zehazten du, gainera, 1. artikuluko lehen paragrafoko b) eta c) letretan, baimena ematen zaiola Espainiari ordainketa nazionalak egiteko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 216. artikuluari jarraikiz, jatorriz Nafarroako Foru Komunitateko lurraldekoak diren ardo beltz eta gorrien borondatezko destilaziorako, "Nafarroa" jatorri deituraren eta Errioxako jatorri deitura kualifikatuaren babespeko ardoen kasuan.
Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluaren arabera, Nafarroak, bere foru araubidearen indarrez, eskumen esklusiboa du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.
Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.
Nekazaritza Zerbitzuak proposatzen du entitate onuradunei laguntzaren ordainketa aurreratua egitea, dirulaguntza osoa adinako aurrerakin bat onartu eta ordainduta, horrela eragiketak errazteko eta mahastizaintza eta ardogintzaren sektorearen beharrei berandu gabe erantzuteko.
Aukera hori babesten du irailaren 29ko 26/2022 Foru Legeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aldatzen duenak (33. artikuluko 5. puntuari hirugarren paragrafoa erantsi zion), laguntza aurreratzeko aukera hori jasotzen baitzuen, xedatzen duelako ezen, oinarri arautzaileetan dirulaguntza osoa adinako aurrerakina emateko aukera ezarrita dagoenean, diruz lagundutako jarduerak dirulaguntza ematen den ekitaldian hasi beharko duela eta exekuzio epea dirulaguntzaren izaerarekin bat datorrena izanen dela, eta gehienez ere Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean urte anitzeko gastu konpromisoetarako oro har ezarrita dagoena.
Krisi egoera dagoenez eta gerora sortutakoa denez, oinarri arautzaile hauek ez daude jasota Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.
Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako Foru Komunitatean ardoaren krisi-destilazioa egiteko 2024ko laguntzen deialdia, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 216. artikuluan xedatutakoarekin. Erregelamendu horrek nekazaritzako produktuen merkatuen erakunde erkidea sortzen du eta 922/72 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE) erregelamenduak indargabetzen ditu.
2. Onestea Nafarroako Foru Komunitatean ardoaren krisi-destilazioa egiteko 2024ko laguntzen oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean ezarritako moduan.
3. Deialdi honek sortutako gastuei aurre egiteko, 4.554.455 euroko gastua baimentzen da, 2024ko Gastuen Aurrekontu Orokorreko "Ardoaren krisi-destilaziorako 2024ko laguntzak" izeneko 710002 71200 4700 412302 partidaren kargura.
4. Entitate onuradunari ebazpen honen I. eranskineko hamabigarren oinarrian ezarritako moduari jarraikiz ordainduko zaio laguntza.
5. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onesten da, esteka honetan eskuratzen ahal dena:
6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
7. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).
8. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Iruñean, 2024ko urriaren 4an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN ARDOAREN KRISI-DESTILAZIORAKO 2024KO LAGUNTZAK ESKATZEKO OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehen oinarria.–Xedea, helburua eta aplikazio eremua.
1. Ebazpen honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eman, kudeatu eta kontrola dezan 2023-2024 kanpainako edo aurreragoko kanpainetako ardo soberakinen borondatezko destilaziorako laguntza, Nekazaritzako produktuen merkatuen erakunde erkidea sortzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 216. artikuluan ezarrita dagoenari jarraikiz.
2. Borondatezko krisi-destilazioaren helburua izanen da Nafarroako Foru Komunitateko mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean dagoen ardo soberakina murriztea, "Nafarroa" jatorri-deiturak eta Errioxako jatorri-deitura kualifikatuak babestutako ardoen kasuan betiere.
3. Laguntza lerro hau sartuta dago Europako Batzordearen C(2024) 5617 azken Erabakian, zeinaren bidez baimentzen baitira Nafarroan 2024an ardoaren krisi-destilaziorako ordainketa nazionalak, justifikatuta dagoelakoan mahastizaintza eta ardogintzaren merkatuko egoera krisi-kasutzat hartzea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 216. artikuluko 1. apartatuko lehen paragrafoan jasotzen den moduan.
Europako Batzordearen eskakizunei erantzuteko asmoz Erabakian edozein aldaketa eta/edo interpretazio egiteak berekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzari buruzko oinarri arautzaileak egokitzea.
Bigarren oinarria.–Definizioak.
Laguntza honen ondorioetarako, hona hemen zer diren honako hauek:
1. Mahastizaintza eta ardogintzako enpresa elaboratzailea: mahats freskoarekin ardoa ekoitzi duen edozein entitate, zein den ere haren forma juridikoa, jarduera ekonomiko bat egiten duena. Bereziki, enpresatzat hartuko dira jarduerak beren kontura egiten dituzten entitateak, pertsonen sozietateak eta elkarteak, jarduera ekonomiko bat erregulartasunez betetzen dutenak. Ondasun-erkidegoak enpresaren definizioan sartuta daude laguntza hauen ondorioetarako. Ebazpen honetan enpresa aipatzen den guztietan atal honetan ezarritakoaren arabera definituta dagoela ulertu beharko da.
2. Mahastizaintza eta ardogintzako produktuak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatzen direnak, Espainiako lurraldean ekoitziak.
3. Ardoa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatiko 1. atalean jasotako definizioarekin bat. Erregelamendu horrek nekazaritzako produktuen merkatuen erakunde erkidea sortzen du eta 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE) erregelamenduak indargabetzen ditu.
4. Ardo babestua: Ardo babestuak dira JDB batek babestutakoak, horrela aitortu eta babestuta daudenak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 93.1 a) artikuluan ezarritakoan oinarrituta.
5. Destilategi baimendua: behar bezala inskribatuta daudenak Zerga Bereziei buruzko Erregelamenduak (uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsia) bere 40. artikuluan aipatzen duen lurralde erregistroan eta jardueraren eta establezimenduaren kodea dutenak (erregelamendu horren 41. artikuluan jasotakoa), bai eta baimena ere 2024-2027ko Mahastizaintza eta Ardogintzaren Sektorearen Esku-hartzeko azpiproduktuen destilaziorako laguntzak jasotzeko.
6. Mahastizaintza eta ardogintzaren kanpaina: urte bateko abuztuaren 1etik hurrengo urteko uztailaren 31ra bitartekoa.
Hirugarren oinarria.–Onuradunak eta onargarritasun-irizpideak.
1. Laguntza hauen onuradun izaten ahalko dira egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean duten eta baldintza hauetako bat gutxienez betetzen duten enpresak:
–Mahastizaintza eta ardogintzako 2023-2024 kanpainan Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden mahastietako mahatsa erosi izana.
–Mahastizaintza eta ardogintzako 2023-2024 kanpainan Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dituzten mahastietako mahatsa erabili izana.
–Kooperatibak, haien estatutuetan jasota badago beren bazkide mahastizainen ekoizpena biltzeko betebeharra dutela.
–Laguntza eskatzen ahalko dute mahastizaintza eta ardogintzako enpresek, eskaera egiteko unean Nafarroa JDaren edo Errioxako JDKaren babespeko ardo beltz eta/edo gorriaren elaboratzaileak badira.
2. Eskatzaileek beteta izan beharko dituzte azpiproduktuak entregatzeko betebeharrak mahastizaintza eta ardogintzako 2023-2024 kanpainan, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 44. artikuluarekin bat. Errege dekretu horrek Mahastizaintza eta Ardogintzaren Sektorearen Esku-hartzea arautzen du, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren barruan.
Horrekin batera, eskaera aurkezteko unean, eskatzaileak alta emanik egon beharko du REOVIn (mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreko operadoreen erregistroa) eta egunean izan beharko ditu nahitaezko adierazpenak (INFOVI, mahastizaintza eta ardogintzaren informazio sistema).
3. Ezin izanen dira laguntza hauen onuradun izan honako egoera hauetako batean daudenak:
–Krisi egoeran daudenak, krisian dauden enpresa ez-finantzarioentzako salbamendu eta berregituraketarako estatu laguntzen gaineko jarraibideetan zehaztuta dagoenaren arabera (Batzordearen uztailaren 31ko 2014/C 249/01 Komunikazioa).
–Konkurtso-egoeraren deklarazioa eskatua izatea, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratua izatea, konkurtso-egoeran egotea, kontu-hartze judizial baten pean, edo desgaitua Konkurtsoari buruzko Legearen arabera, konkurtso-egoera deklaratzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.
–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzetako edozein betetzen ez dutenak.
–Ebazpen honetan ezarritako onargarritasun edo lehentasun irizpideak betetzeko eskatzen diren baldintzak modu artifizialean sortu dituztenak, hala frogatzen bada.
Laugarren oinarria.–Produktu onargarriak.
1. Borondatezko krisi-destilaziorako laguntzen xede izaten ahalko dira Nafarroa JDaren eta Errioxako JDKaren babespeko ardo beltzak eta gorriak, ontziratu gabekoak, ebazpen honen hirugarren oinarrian ezarritako onargarritasun irizpideak eta betebeharrak betetzen dituen mahastizaintza eta ardogintzako enpresa baten titulartasunekoak badira.
2. Eskatzaileak destilategian entregatzen duen ardoak bat etorri beharko du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatiko 1., 4., 5. eta 6. ataletan jasotako definizioekin. Erregelamendu horrek nekazaritzako produktuen merkatuen erakunde erkidea sortzen du eta 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE) erregelamenduak indargabetzen ditu.
3. Onuradun bakoitzeko diruz laguntzen ahalko den bolumena izanen da, gehienez ere, mahastizaintza eta ardogintzako 2023-2024 kanpainan entregatutako mahatsaren elaborazioaren bolumen baliokidearen erdia, baina portzentaje hori linealki handitzen ahalko da eskatzaile guztientzat, deialdiko kreditua ahitu arte.
4. Azken mahats-bilketako elaborazioaren datua izanen da eskatzaile bakoitzak mahastizaintza eta ardogintzako 2023-2024 kanpainan elaboratutako kilo kopurua, eta Nafarroa JDaren eta Errioxako JDKaren kontseilu arau-emaileek ziurtatuko dute.
Bosgarren oinarria.–Eragiketa diruz lagungarriak.
1. Diruz lagungarria izanen da baimendutako destilategi batean egiten den ardoen destilazioa, baldin eta ardoek betetzen badituzte ebazpen honen laugarren oinarrian adierazitako baldintzak.
2. Destilazioa egiteko azken eguna 2025eko martxoaren 31 izanen da.
Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1. Eskaerak aurkezteko epea hamar egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak bitarteko elektronikoen bidez bakarrik aurkeztuko dira, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuari zuzenduta, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoa erabiliz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikulua aplikatzekoa baita. Eskaerak Nafarroako Gobernuko egoitza elektronikoan, tramiteen katalogoan, eskuragarri dagoen ereduaren arabera aurkeztuko dira. https://www.navarra.es/eu/tramiteak/bilatzailea/-/buscartramite/sort/relevancia/facet/5718397/rpp/10/page/1.
3. Eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
–Kooperatiben eta eraldaketarako nekazaritza-sozietateen (ENS) kasuan, Kooperatiben edo ENSen Erregistroan inskribatuta egotearen ziurtagiria.
–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Ogasunean alta emanik ez daudenentzat.
–Zortzigarren oinarriko 2. puntuan adierazitako balorazio irizpideetarako frogagiriak, interesdunak horien arabera puntuak lortu nahi baditu bere laguntza eskaerarako.
–Erantzukizunpeko adierazpena, krisi egoeran ez egotearen gainekoa, krisian dauden enpresa ez-finantzarioentzako salbamendu eta berregituraketarako estatu laguntzen gaineko jarraibideetan zehaztuta dagoenaren arabera (Batzordearen uztailaren 31ko 2014/C 249/01 Komunikazioa).
–Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak produktu eta xede bererako beste inolako laguntza ekonomikorik jasotzen ez duela dioena.
–Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan aurreikusitako debekurik ez duela hausten dioena.
–Onuraduna pertsona juridikoa bada, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
–Eskatzaileak destilategian zenbat ardo entregatu behar duen; bat etorri beharko du laugarren oinarriko 2. puntuan jasotako definizioekin.
4. Dirulaguntza eskaera aurkezteak berekin dakar laguntza eskatzen duenak baimena ematea dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri elektronikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz uko egiten ahalko dio baimen hori emateari, eta kasu horretan kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
5. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hamar eguneko epean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak argitara emanen du onuradunen behin-behineko zerrenda bat jatorri deitura bakoitzeko, Nafarroako Gobernuko tramiteen katalogoan laguntza honi dagokion fitxan ("Nafarroako Foru Komunitatean ardoaren borondatezko krisi-destilazioa egiteko 2024ko laguntzak").
Behin-behineko zerrendan honakoak jasoko dira: puntuazioa, destilatu beharreko ardo bolumen diruz lagungarria, laguntzaren zenbatekoa, exekuzio epea eta eskaerak ezesteko arrazoiak.
Laguntza ematearen aldeko behin-behineko proposamena jasotzen duten onuradunek, behin-behineko zerrenda tramiteen katalogoan argitaratzen denetik hasita, 5 eguneko epean aurkeztu beharko dute destilategi baimendu batekin sinatutako akordioa, laguntzaren xede den ardo bolumen onartua jasotzeko. Destilategi horrek konpromisoa hartuko du ardoa bertan edo beste destilategi baimendu batzuen bidez ezarritako epean destilatzeko eta lortutako alkohola industrian edo energia arloan erabiltzeko. Akordio hori ezarritako epean aurkezten ez bada ez da zuzentzeko errekerimendurik eginen, eta laguntzari uko egin zaiola ulertuko da; hala bada, espedientea beste tramiterik gabe artxibatuko da.
6. Nolanahi ere, onuradun diren entitateek, edo zerrendan ageri ez diren interesdunek, bost eguneko epea izanen dute agiriak aurkeztuz komeni zaiena alegatzeko, hots, akatsak, omisioak edo bestelako inguruabarrak, eta ohartarazten zaie hala egin ezean eskaeran atzera egiten dutela joko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaie.
Merkatuen Erregulaziorako Atalak egiaztatuko du eskatzen diren irizpideak betetzen diren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboak eginez.
7. Aurreko puntuko alegazioak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, seigarren oinarriko 2. puntuan ezarritako moduan.
8. Ezarritako bost eguneko epe hori iraganik eta 6. puntuan aipatzen diren alegazioak ebatzi ondoren, ebazpen honen zortzigarren eta bederatzigarren oinarrietan ezarritakoa beteko da.
9. Alegazioak onartzen badira, eskaera horiek onartuen behin-behineko zerrendan sartuko dira eta/edo lehentasun ordena berriz ezarriko da, eta, kasu horretan, destilategiarekin sinatutako akordioa aurkeztu beharko dute, behin-behineko zerrendan sartu eta 5 eguneko epean.
Zazpigarren oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa.
1. Borondatezko krisi-destilazioaren konpentsazioko zenbateko unitarioak hauek izanen dira:
–45 euro/hl Nafarroa Jatorri Deiturako ardo beltz edo gorrientzat.
–85 euro/hl Errioxako Jatorri Deitura Kualifikatuko ardo beltz edo gorrientzat.
2. Ardo motaren eta jatorri deituraren araberako aurrekontu zuzkidura honako hau da:
JD | ESLEITUTAKO | KONPENTSAZIOKO | BOLUMEN |
Nafarroa JDa | 2.171.055 | 45,00 | 48.246 |
Errioxa JDKa | 2.383.400 | 85,00 | 28.040 |
LAGUNTZAREN ZENBATEKOA, GUZTIRA | 4.554.455 |
3. Aurrekoa gorabehera, laguntzaren guztizko zenbatekoaren mugarekin eta behin norgehiagoka bukatuta, jatorri deitura batean kontsumitu ez den aurrekontu zuzkidura beste jatorri deituran erabiltzen ahalko da, bigarren deitura horretan aurrekontu zuzkidura aski izan ez bada aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko. Jatorri deitura hartzailean destilatu beharreko bolumen gehigarria zatiketa honen zatidura izanen da: esleitu gabeko laguntzaren zenbatekoa (soberakina) zati jatorri deitura horretarako ezarritako konpentsazioko zenbateko unitarioa.
4. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 450.000 eurokoa izanen da upategi bakoitzeko.
Zortzigarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, jatorri deitura bakoitzean.
2. Laguntzak lehentasun irizpide hauek aplikatuta emanen dira:
LEHENTASUNAK | PUNTUAK |
1. Nekazaritzako elikagaien kooperatibak. | 10 |
2. Kooperatibak ez diren enpresak, 2023-2024 kanpainan 350.000 kilo mahats edo gutxiago elaboratu dutenak. | 10 |
3. Kooperatibak ez diren enpresak, 2023-2024 kanpainan 350.000 kilo mahats baino gehiago eta 1.000.000 kilo mahats baino gutxiago elaboratu dutenak. | 5 |
4. Aurreko bi urteetan, Elikakatearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legean ezarritakoan oinarrituta, zehapen irmo astuna edo oso astuna jaso ez duten enpresak. Horretarako, kontuan hartuko da Elikagaien gaineko Informazio eta Kontrolerako Agentziaren webguneko informazioa, bai eta eskaera aurkezten den autonomia erkidegoko agintaritza eskudunak argitaratutakoa ere. | 10 |
5. Instalazioen gaineko ingurumen ziurtagiria duten enpresak, Batasunaren 1221/2009 (EE) Erregelamenduaren araberakoa (EMAS ISO 14.001 araua), eta/edo Wineries for Climate Protection ziurtagiria dutenak. Ziurtagiria eskaerarekin batera aurkeztu beharko da. | 5 |
3. Eskaeren artean berdinketa gertatzen bada, 1., 2. eta 3. ataletako lehentasun irizpideak, ordena horretan, betetzen dituzten eskaerak lehenetsiko dira. Berdinketak irauten badu, eta aurrekontu baliabideak aski ez badira eskaera guztiei erantzuteko, lehentasun taldeetako batean edo batzuetan, haien arteko hainbanaketa eginen da.
Bederatzigarren oinarria.–Laguntzak izapidetzea, ebaluatzea eta ematea.
1. Nekazaritza Zerbitzuak, laguntzen instrukzio organoa den aldetik, laguntzen gaineko ebaluazioa eta ebazpen proposamena eginen du.
2. Nekazaritza Zerbitzuak egiaztatuko du hirugarren oinarrian ezarritako onargarritasun baldintzak eta irizpideak betetzen diren eta seigarren oinarrian ezarritako dokumentazioa aurkeztu den. Horretarako, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboak eginen ditu.
3. Eskaera ebaluatu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.
4. Dirulaguntzen gaineko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, arrazoiak emanda.
5. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, ezetsitzat joko da eskaera.
6. Dirulaguntza hartuko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta, horrez gain, espresuki adieraziko da zer eskaera ukatu eta/edo ezetsi diren, halakorik baldin bada. Honako hauek ere jasoko ditu: puntuazioa, destilatu beharreko ardo bolumen diruz lagungarria, laguntzaren zenbatekoa, exekuzio epea eta eskaerarik ezetsi bada, horretarako arrazoiak.
Hamargarren oinarria.–Alkoholaren erabilera eta justifikazioa.
1. Laguntza jaso duen ardo destilazioarekin lortutako alkohola industria prozesuetan –desinfektatzaileen eta farmaziako produktuen fabrikazioa barne– edo energiaren arlokoetan baizik ez da erabiliko, lehia askearen nahasmenduak saihesteko.
2. Lortutako alkohola industria edo energia prozesu batean erabiliko dela ulertuko da baldin eta alkohol hori desnaturalizatu bada gizakiek irentsiz kontsumitzeko desegoki bihurtzeko onartuta dauden substantziekin, uztailaren 7ko 1165/1995 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Zerga Berezien Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz.
Edonola ere, kudeaketa organoak informazioa eskatzen ahalko dio destilatzaile baimenduari alkohol horren azken erabileraz, laguntza eskuratzeko baldintzak betetzen diren egiaztatzeko.
3. Destilazioa egin dela frogatzeko, onuradunak destilatzaile baimenduaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, entregatutako ardoarekin lortu den alkoholari buruzko informazioa biltzen duena, honakoak adierazita:
–Onuradunak zenbat ardo entregatu duen, aipatuta, gutxienez ere, kopurua, gradu bolumetrikoa eta akonpainamenduko agiria (ARC zenbakia).
–Entregatutako ardoarekin lortu den alkohola, aipatuta, gutxienez ere, kopurua, gradu bolumetrikoa eta fabrikazioa babesten duen zerga berezien 520 lan-agiriaren zenbakia.
–Destilatzailearen konpromisoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan 2025eko uztailaren 31 baino lehen ziurtagiri bat aurkezteko, frogatzen duena alkohola industrian edo energiaren arloan erabili dela, bai eta desnaturalizazioaren ziurtagiria ere. Erabileraren ziurtagirian honakoak aipatuko dira, gutxienez: alkoholaren hartzailearen datuak, entregatutako alkoholaren akonpainamenduko agirien zerrenda –ARC, kopurua eta gradu bolumetrikoa adierazita–, alkohola lortzeko baliatutako ardoaren ekoizlearen identifikazioa eta destilazioa babestu duen 520 lan-agiria.
Upategiarekin sinatzen duen kontratuan, destilatzaileak konpromisoa hartuko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari aurkezteko, batetik, zerga berezien 520 lan-agirien kopia, eta, bestetik, fabrikaziorako ardo sarreren eta lortutako alkoholaren laburpen bat, 520 lan-agirian jasotako kopuruena.
Hamaikagarren oinarria.–Ebazpen osagarria.
1. Ebazpen osagarri bat edo gehiago ematen ahalko dira finantza ekitaldi berean kreditu faltagatik ezetsitako eskaerei erantzuteko. Ebazpen osagarri horiek emateko, zortzigarren eta bederatzigarren oinarrietan ezarritako prozedura bera erabiliko da.
2. Laguntzak emateko proposamen eta ebazpen osagarriak emanen dira beti tramiteen katalogoan argitaratu den ebazpenean eskaeren artean ezarritako lehentasun hurrenkera zorrotz beteta, seigarren oinarriari jarraikiz, eta konkurrentzia, objektibitate eta gardentasun printzipioak betez.
3. Onuradun berriek, laguntzak emateko ebazpena argitaratu eta 2 eguneko gehieneko epean, seigarren oinarrian aipatzen den dokumentazioa helarazi beharko diote organo eskudunari, destilategi baimendu batekin sinatutako akordioa ere erantsita. Akordio hori ezarritako epean aurkezten ez bada ez da zuzentzeko errekerimendurik eginen, eta laguntzari uko egin zaiola ulertuko da; hala bada, espedientea beste tramiterik gabe artxibatuko da.
Hamabigarren oinarria.–Onuradunari laguntza ordaintzea.
1. Laguntza aurreratuta ordainduko da, osorik, baldin eta onuradunak, laguntza eman aurretik, ebazpen honen I. eranskineko hirugarren oinarrian xedatutako onargarritasun irizpideak betetzen baditu.
2. Ordainketa aurreratua egin aurretik, onuradunak eragiketa beteko dela ziurtatzeko beharrezkoa den finantza bermea eratu beharko du, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako egunean, emandako laguntzaren ehuneko ehun adinakoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru legearen 33.2 artikuluarekin bat.
3. Onuradunak eragiketa diruz lagungarriak justifikatuko ditu I. eranskineko bosgarren oinarrian ezarritako datatik hasita 10 eguneko epean, destilazioa egin dela frogatzen duten agiriak aurkeztuz telematikoki, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.
Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez du esan nahi Administrazioak ez dezakeela onartu, ofizioz edo interesdunek eskatuta, ezarritako epea luzatzea, gehienez ere epearen erdia, egoera dela-eta komeni denean eta horren ondorioz hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez badira. Epea luzatzeko erabakia interesdunei jakinarazi beharko zaie.
Edonola ere, interesdunaren eskaera eta luzapenari buruzko erabakia kasuan kasuko epea mugaeguneratu aurretik egin beharko dira. Ez da inola ere luzatuko mugaeguneraturik dagoen epe bat.
Hamahirugarren oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan gertatzen den dedikazioaren araubidea.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, adierazitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
Hamalaugarren oinarria.–Erakunde onuradunaren betebeharrak.
Onuradunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko betebeharrak ez ezik, hauek ere bete beharko ditu:
a) Nekazaritza Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea laguntzaren xedea egiaztatzeko eskatzen zaizkion jarduketa guztietan.
b) Bere ustiategiko jarduerari eustea hiru urtez gutxienez laguntza ordaintzen den egunetik hasita.
c) Dirulaguntza ematen duen organoari jakinaraztea laguntzaren helburuari eragiten dioten ezinbesteko arrazoiak eta salbuespenezko inguruabarrak, organo horrek eskatutako froga egokiak erantsita, eta betiere organo kudeatzaileak edozein egiaztapen jarduketa egin aurretik.
d) Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzea, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.
f) Elikakatearen Funtzionamendua Hobetzeko Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 12/2013 Legean xedatutakoa betetzea.
Hamabosgarren oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
1. Ebazpen honetan hartutako konpromisoak eta betebeharrak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, osorik edo partez, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.
2. Hirugarren eta hamalaugarren oinarrietan ezarritako irizpideak eta betebeharrak bete ezean, laguntza osorik itzuli beharko da.
3. Destilatutako ardo bolumena ordainketarako zehaztutakoa baino txikiagoa bada, baina zehaztutakoaren %60tik gorakoa, laguntzaren zati bat itzuli beharko da, destilatu gabeko ardo bolumenaren baliokidea.
Destilatutako ardo bolumena ordainketarako hasiera batean zehaztutakoaren %60koa edo hortik beherakoa bada, laguntza osorik itzuli beharko da.
Bi kasuetan, laguntza osorik edo partez itzultzen ez bada, eratutako bermea exekutatuko da, non ez diren gertatu ezinbesteko arrazoiak edo salbuespeneko inguruabarrak, behar bezala justifikatuak.
4. Diru-itzulketei, arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.
Hamaseigarren oinarria.–Kontrolak.
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egokitzat jotzen dituen kontrolak egiten ahalko ditu aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak diren egiaztatzeko, bai eta laguntza jasotzeko baldintzak betetzen diren egiaztatzeko ere. Espediente guztien gaineko administrazio kontrola eginen da, hamargarren oinarrian adierazitakoan oinarrituta.
2. Entitate onuradunak lagundu beharko du ikuskapen horietan, eskatutako datuak emanez eta ustiategian sartzen utziz, beharrezkoa bada.
Hamazazpigarren oinarria.–Laguntzen bateraezintasuna.
Ebazpen honetan ezarritako ordainketekin lagundutako destilazio eragiketek ez dute beste ezein finantza-laguntzarik jasoko, izan nazionala izan Europar Batasunekoa.
Hamazortzigarren oinarria.–Emandako dirulaguntzaren publizitatea.
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Atariko tramiteen katalogoan dagokion fitxan sartuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan ezartzen den moduan.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Dirulaguntzen Datu-base Nazionalak dirulaguntzen publizitate-sistema nazionalaren eginkizuna beteko du.
3. Horretarako, araubide honen babesean emandako laguntza indibidual bakoitzari buruzko informazioa bidali beharko da Dirulaguntzen Datu-base Nazionalera, ematen denetik hamabi hilabeteko epean, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
Iragarkiaren kodea: F2414545
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
