2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UNTZITIBAR
Zorokiainera doan bidea zolatzeko proiektua. Behin betiko onespena
Untzitibarko Udalaren erabakia, 2024ko abuztuaren 22koa, zeinaren bidez behin betiko onesten baita honako proiektu hau: "Zorokiainera doan bidea zolatzeko proiektua (Untzitibar, Nafarroa)" eta, era berean, onesten da proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda.
Untzitibarko Udalak, 2024ko otsailaren 22an egin osoko bilkuran, erabaki zuen aipatutako obren proiektua onestea eta hasiera batez onestea proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda, eta jendaurrean jartzea hamabost egunez.
Aipatu epean alegazio bat jaso da. Hona hemen erantzuna:
–Untzitibarko (Zorokiain) 1. poligonoko 423. lurzatiaren gozamendunak, (ZOR-10) eskatzen du indarrik gabe uztea aurkaratutako erabakia, edo, subsidiarioki, zuzentzea Untzitiko Udalaren 2024ko otsailaren 22ko osoko bilkuraren erabakia, ezarritako baldintzetan.
Alegazioari erantzunez, Osoko Bilkurak horretarako idatzitako Idazkaritzaren txostenera jo du, eta honako ondorio hauek atera ditu:
"Idazkaritza honi dagokionez, alde batetik, aurkeztutako instantzia alegazio gisa hartu behar dugu, eta ez berraztertzeko errekurtso gisa, ‘errekurritu’ dena tramite egintza bat baita, hargatik eragotzi gabe prozeduraren ebazpenaren aurka jar daitekeena.
Instantzia alegaziotzat jotzen denez, epez kanpo aurkeztu dela esan behar dugu, ez baita bete 2024ko apirilaren 25eko 85. Nafarroako Aldizkari Ofizialean hura aurkezteko epea.
Argi dago udalak, nolanahi ere, onartu egin behar duela egindako akatsa; izan ere, alegazioetarako epea irekitzearen helburua da horrelako gaiak atzematea, eta ofizioz aldatzea eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda, alegazioaren egileak deskribatu duenaren arabera, jabe soilek zerrenda horretan sartu behar baitute.
Hala ere, ezin da ulertu egindako izapidean benetako defentsa-gabezia egon denik; izan ere, errekurtsogilearen ordezkari gisa errekurtsoa aurkeztu duen pertsona jabe soiletako bat baita. Beraz, akatsa gorabehera, eragindako pertsonek jakin ahal izan dute horren berri, eta, gainera, Udalak horren berri eman die. Hala ere, eta bermatzailea izan gaitezen, gomendatzen da proposatutako zuzenketa jakinaraztea, aurretik aipatutako 39/2015 Legearen 8. artikuluaren arabera, dagoeneko argitaratuta egon arren eta horren berri izan dela justifikatuta geratu arren.
Ondorio gisa, sinatzen duen pertsonak ulertzen du (onura publikoari buruzko bigarren alegazioa aztertu behar izan gabe, inplizituki frogatuta geratzen baita) Udalari dagokiola eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda zuzentzea, zerrenda horretan Untzitiko 1. poligonoko 423. lurzatiko jabe soilak sartuz. Ez da beharrezkoa desjabetze-izapidea etetea, ezta alegazio-aldi berri bat irekitzea ere; izan ere, alegatutako defentsa-gabezia ez da hala izan akatsaren berri izan denetik eta hura zuzentzeko eskatu ahal izan denetik."
Horregatik guztiagatik, bidezkoa da aurkeztutako alegazioa ezestea.
Aurrekoa kontuan harturik,
ERABAKITZEN DA:
1. Behin betiko onestea honako proiektu hau: "Zorokiainera doan bidea zolatzeko proiektua (Untzitibar, Nafarroa)", bai eta proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda onestea ere, bertan sartuko baitira Untzitiko (Zorokiain) 1. poligonoko 423. lurzatiko jabe soilak, Idoya Astrain Ollo eta Laura Astrain Ollo. Horrenbestez, onura publikokoa dela deklaratzen da eta onespen horretan ondasun eta eskubide horiek okupatu beharra inplizituki geratzen da, bat etorriz Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 10. artikuluarekin eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 215.2 artikuluarekinn, eta kontuan hartuta aurkeztutako alegazioak.
2. Organo eskuduna denez gero, Nafarroako Gobernuari eskatzea presazkoa deklara dezala ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako ondorioetarako, egokitu egin behar baita Zorokianera doan bidea, NA-234 errepidearekiko gurutzagunetik. Bide hori kontserbazio-egoera txarrean dago, eta azken urteotan nabarmen handitu da bide horretako ibilgailuen zirkulazioa, Zorokiaingo biztanleriaren hazkundearen ondorioz. Egokitzapen horren bidez, ibilgailuen, oinezkoen eta txirrindularien bide-segurtasuna bermatu nahi da.
3. Behar den kreditua atxikitzea, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko.
4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita haren laburpena Foru Komunitateko egunkari batean ere, eta Untzitibarko Udalaren iragarki-taulan paratzea.
5. Erabaki hau ukitutakoei jakinaraztea, behar diren ondorioetarako. Orobat, aurkeztutako alegazioei erantzuteko oinarri gisa erabili den txostena erantsiko da.
Erabaki honen aurka, errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke, hautara:
Berraztertzeko errekurtsoa, Untzitibarko Udalari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik aitzina; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik aitzina; edo bestela, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau argitaratzen denetik aitzina.
Untzitin, 2024ko irailaren 24an.–Alkatea, Javier Ibiricu Astráin.
Iragarkiaren kodea: L2413842