Iragarkia
206. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
206E/2024 EBAZPENA, irailaren 19koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita 2024-2025 ikasturtean master ofizialak ikasteko La Caixa Fundazioaren master ekitate-beken deialdia, sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteei zuzendua. DDBN identifikazioa: 786446.
Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, non proposatzen baita 2024-2025 ikasturtean master ofizialak ikasteko La Caixa Fundazioaren master ekitate-beken deialdia egitea, diru-sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteei zuzendua.
Beka horiek diru-sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteei zuzenduta daude, eta haien helburua da bermatzea unibertsitate-masterrak aprobetxamenduz egiteko baldintzak betetzen dituen inor ez dela hortik kanpo geldituko arrazoi ekonomikoengatik.
Horrenbestez, indarra duen legerian ezarritakoarekin bat, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 72/2023 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea 2024-2025 ikasturtean master ofizialak ikasteko La Caixa Fundazioaren master ekitate-beken deialdia, diru-sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteei zuzendua.
2 Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.
3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 75.000 euroko gehieneko gastua baimentzen da, zeina ordainduko baita aurtengo aurrekontuko "Unibertsitate-ikasketetarako beka eta laguntzak" izeneko G10001-G1100-4800-323100 partidaren kargura (PEP E-24-000694-01 elementua).
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2024ko irailaren 19an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.
ERANSKINA.–MASTER OFIZIALAK IKASTEKO LA CAIXA FUNDAZIOAREN MASTER EKITATE-BEKEN DEIALDIA, DIRU-SARRERA TXIKIKO INGURUNEETATIK DATOZEN GAZTEEI ZUZENDUA
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da La Caixa Fundazioaren 8 master ekitate-beka ematea 2024-2025 ikasturtean master ikasketa ofizialak egiteko. Deialdia diru-sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteei zuzenduta dago, eta haien helburua da bermatzea unibertsitate-masterrak aprobetxamenduz egiteko baldintzak betetzen dituen inor ez dela hortik kanpo geldituko arrazoi ekonomikoengatik.
1.2. Bekak emateko prozedura norgehiagoka araubideari jarraikiz izapidetuko da, eta, haiek eman eta ordaintzeko, aurrekontu-kreditua egon behar du; hala, eman litezkeen beka guztiak ordaintzeko behar adinako krediturik ez badago, bosgarren atalean ezarritakoari jarraikiz ordainduko dira. Kreditu faltagatik ordaindu ezin diren eskaerak ezetsi eginen dira.
2.–Betebeharrak.
2.1. Onuradun izan daitezke Nafarroako unibertsitateren batean (Iruñeko campusean edo Tuterako campusean) ematen diren titulazioetan master ikasketa ofizial batean lehen ikasturtean aurrez aurreko modalitatean matrikulatzen diren ikasleak.
Betebehar hauek bete behar dituzte:
a) Nafarroako edozein udalerritan erroldatuta egotea, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik.
b) Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak unibertsitate-ikasketetarako ematen dituen beka orokorretako bat eskatu izana 2024-2025 ikasturterako.
c) Masterrean sartzeko bidea ematen duen graduko titulazio bat edukitzea.
d) Behar den matrikula formalizatzea Nafarroako unibertsitateren batean (Iruñeko campusean edo Tuterako campusean) ematen diren titulazioetan unibertsitate-masterreko titulu ofizial bat lortzera bideratutako ikasketetan, aurrez aurreko modalitatean, eta, betiere, lehenengo matrikula bada eta gutxienez 60 ECTS kreditutan matrikulatzen bada.
e) 2023. urtean Nafarroako PFEZaren zergadun izatea, errenta aitorpena egitera behartua badago.
f) Laguntza eskatzen duenak, bekaren gaineko ebazpena ematen denean, egunean izan behar ditu Foru Komunitateko Administrazioarekiko zerga betebeharrak.
g) Deialdi honen ondorioetarako, ulertuko da eskatzailea independentea dela familia-unitateko kide bakarra denean.
Eskatzaileak independentzia familiarra eta ekonomikoa duela alegatzen badu, modu sinesgarrian frogatu beharko du, honela:
–Independentzia familiarra egiaztatzeko, egiaztatu beharko du erroldatuta dagoela gurasoena ez den beste bizileku batean, dela bere jabetzako bizileku batean, dela alokairuan hartutako batean, bakarrik edo beste norbaitekin partekaturik, eta bizileku hori ez dela odol bidezko 4. mailara arteko edo ezkontza bidezko 2. mailara arteko ahaideren batena. Edo, hala badagokio, zurztasun egoeraren egiaztagiria. Gainera, Nafarroako etxebizitzen errentamendu kontratuen erregistroko inskripzioa aurkeztu beharko du.
–Independentzia ekonomikoa duela egiaztatzeko, egiaztatu beharko du bere gastuei aurre egiteko baliabide ekonomiko nahikoak dituela (elikadura, jantziak, etxebizitza eta garraioa). Informazio hori Ogasun Departamentuak emandako datuen bidez egiaztatuko da. Diru-sarrerak 1. atalasekoak bezalakoak edo hortik beherakoak badira, errenta bermatua eskatu duela egiaztatu beharko du.
h) Ez gainditzea errentaren 1. atalasea eta familia-ondarearen atalasea, zeinak ezarrita baitaude Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioaren 2024-2025 ikasturterako unibertsitate-ikasketetarako beka orokorren deialdiaren IV. kapituluko 19. eta 20. artikuluetan. Errentaren eta familia-ondarearen zenbatekoak zehazteko balioak IV. kapitulu horretan ezarritakoaren arabera kalkulatuko dira.
2.2. Eskaera aurkeztu ondoren, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak eskatuta, eta aurreko puntuko c) letran adierazitakoa egiaztatzeko, masterrean sartzeko bidea ematen duen gradua ikasi den unibertsitateek dokumentu bidez egiaztatuko dute espediente akademikoaren batez besteko nota.
Eskatzaileek frogatu beharko dute matrikula osoa egin dutela, lehen aldiz, aurrez aurreko modalitateko master ikasketa ofizialetan (matrikularen gordekina).
2.3. Dirulaguntza hauen izaera kontuan hartuta, eskatzailea bekaren edo laguntzaren onuradun izan daiteke nahiz eta ez bete Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 e) artikuluan ezartzen diren gainerako betebeharrak.
3.–Bateragarritasun eta bateraezintasun araubidea.
3.1. Diru-sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteek master ofizialak ikasteko La Caixa Fundazioaren master ekitate-beka bat jasotzea bateraezina da izaera edo helburu bereko beste edozein dirulaguntza edo laguntza jasotzearekin, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik datorrena, Espainiakoa, Europar Batasunekoa edo nazioartekoa izan, Nafarroako Gobernuak unibertsitate-ikasketetarako deitzen dituen laguntza osagarriak barne.
3.2. Beka hauekin bateragarriak izanen dira:
a) Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak emandako unibertsitate-ikasketetarako beka orokorrak.
b) Ikasketetarako Erasmus + programaren eta nazioarteko mugikortasunerako beste programa batzuen eta antzeko beste programa batzuetako laguntzen beka osagarriak.
c) Unibertsitate-departamentuetako ikasleen lankidetza-bekak, unibertsitateek eta Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak emandakoak.
3.3. Nolanahi ere, diru-sarrera txikiko inguruneetatik datozen gazteek master ofizialak ikasteko La Caixa Fundazioaren master ekitate-beka hauek bateragarriak izan daitezen Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak unibertsitate-ikasketetarako ematen dituen beka orokorrekin eta unibertsitate-departamentuetako ikasleen lankidetza-bekekin, beharrezkoa izanen da ministerio horrek deialdi honetarako bateragarritasunari buruzko ebazpena ematea.
4.–Zenbatekoa eta finantzabidea.
4.1. Laguntza hauen ondoriozko gastuak 2024ko urteko aurrekontuetako "Unibertsitate-ikasketetarako beka eta laguntzak" izeneko G10001-G1100-4800-323100 partidari egotziko zaizkio, aurrekontu-baliabideen arabera, betiere.
4.2. Pertsona bakoitzeko emanen den bekaren zenbatekoa bederatzi mila hirurehun eta hirurogeita hamabost eurokoa izanen da (9.375 euro).
5.–Laguntzak emateko prozedura eta irizpidea.
5.1. Norgehiagokakoa izanen da bekak emateko prozedura, eta publikotasun, objektibotasun, gardentasun eta berdintasun printzipioak betez izapidetuko da.
5.2. Eskaerak familiaren errenta erabilgarriaren arabera ordenatuko dira, atalase hauen barruan:
KIDE KOPURUA | 1.A ATALASEA | 1.B ATALASEA |
1 | 4.421,50 euro | 8.843,00 euro |
2 | 6.632,00 euro | 13.264,00 euro |
3 | 8.842,50 euro | 17.685,00 euro |
4 | 11.053,50 euro | 22.107,00 euro |
5 | 12.822,00 euro | 25.644,00 euro |
6 | 14.590,50 euro | 29.181,00 euro |
7 | 16.359,00 euro | 32.718,00 euro |
8 | 18.127,50 euro | 36.255,00 euro |
Hortik gorako kide bakoitzeko | 1.768,00 euro | 3.536,00 euro |
Laguntzak arau hauei jarraikiz emanen dira:
–Lehenik eta behin, La Caixa Fundazioaren master ekitate-beken deialdiko 1.A atalasearen barruan kokatzen diren eskaerak onartuko dira, gaikuntza-masterrak ikastekoak, masterrean sartzeko graduko espediente akademikoaren notaren araberako ordenari jarraikiz.
–Bigarrenik, La Caixa Fundazioaren master ekitate-beken deialdiko 1.B atalasearen barruan kokatzen diren eskaerak onartuko dira, gaikuntza-masterrak ikastekoak, masterrean sartzeko graduko espediente akademikoaren notaren araberako ordenari jarraikiz.
–Hirugarrenik, La Caixa Fundazioaren master ekitate-beken deialdiko 1.A atalasearen barruan kokatzen diren eskaerak onartuko dira, gaikuntzakoak ez diren masterrak ikastekoak, masterrean sartzeko graduko espediente akademikoaren notaren araberako ordenari jarraikiz.
–Laugarrenik, La Caixa Fundazioaren master ekitate-beken deialdiko 1.B atalasearen barruan kokatzen diren eskaerak onartuko dira, gaikuntzakoak ez diren masterrak ikastekoak, masterrean sartzeko graduko espediente akademikoaren notaren araberako ordenari jarraikiz.
Graduko titulazioaren espediente akademikoa kalkulatzeko, 1,17ko koefiziente zuzentzailea aplikatuko zaie ingeniaritza eta arkitektura arloko ikasketetatik datozen kalifikazioei, 1,11koa zientzien arloko ikasketetatik datozenei, eta 1,05ekoa osasun zientzien arlokoei.
5.3. Berdinketa izanez gero, hurrenkera ezartzeko, irizpide hauek izanen dira kontuan, hurrenez hurren:
a) Eskatzailea guraso bakarreko familia-unitate bateko kidea izatea; kategoria berezikoak lehentasuna izanen du kategoria orokorrekoaren aurretik.
b) Eskatzailea familia ugari bateko kidea izatea; kategoria berezikoak lehentasuna izanen du kategoria orokorrekoaren aurretik.
c) %33ko edo hortik gorako desgaitasun egiaztatua izatea; %65eko edo hortik desgaitasun egiaztatua duen eskatzaileak lehentasuna izanen du %33ko edo hortik gorakoa dutenen aurretik.
Berdinketak jarraitzen badu, balorazio batzordeak proposatu eta justifikatuko du hartutako irizpidea.
6.–Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.
6.1. Interesdun guztiek elektronikoki egin beharko dituzte Administrazioarekiko tramiteak administrazio prozeduraren fase guztietan. Era berean, administrazio errekurtsoak jarri nahi izanez gero, elektronikoki jarri beharko dituzte, eta hala egin beharko dituzte beharrezko tramite guztiak errekurtsoak jarri ondorengo prozeduraren fase guztietan. Baliabide elektronikoen bidez tramitatuko dira, orobat, errebokatzeko eta dirua itzultzeko prozedurak.
6.2. Aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Beharrezkoa da aldez aurretik identifikatzea cl@ve sistemaren kredentzialekin edo erabiltzailearen ziurtagiriarekin (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).
6.3. Jakinarazpenak laguntzen fitxan argitaratuko dira. Banakako jakinarazpenak telematika bidez eginen dira eta eskatzailearen gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEB) igorriko dira. Eskaera-orrian adierazitako helbide elektronikoaren bidez jakinaraziko da jakinarazpen edo komunikazio hori bidali dela, administrazio honen egoitza elektronikoan jakinarazpen bat eskuragarri duela abisatzeko.
Abisu hori egin gabe ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izanen da.
7.–Eskaera aurkeztea: epea eta eskatutako dokumentazioa.
7.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
7.2. Beka eskuratzeko eskaerak "nafarroa.eus" web atarian dagoen eskaera-orria betez egiten ahalko dira soilik. Beharrezkoa da aldez aurretik identifikatzea cl@ve sistemaren kredentzialekin edo erabiltzailearen ziurtagiriarekin (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).
Bekaren hartzaileak eginen du eskaera. Legezko ordezkariak egin behar badu eskaera, aldez aurretik bete beharko da ordezkaritzaren egiaztagiria, izapidetze-prozeduran aurreikusi bezala.
Bekaren eskaera bete eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez igorri ondoren, aurkeztuta eta sinatuta geldituko da, ondorio guztietarako. Ez da beharrezkoa eskaera hori fisikoki inon aurkeztea.
Eskaera aurkeztutzat joko da, izapidetzearen ondorioetarako, erregistroaren frogagiria lortzen den unean. Frogagiri hori gorde egin beharko da, beharrezkoa izanez gero, eskaera ezarritako epean eta moduan aurkeztu dela egiaztatzeko.
Ez dira kontuan hartuko telematikoki ez beste modu batez betetako eskaerak.
7.3. Eskatzaileak edo haren legezko ordezkariak baimena ematen ahalko du Estatuko Administrazio Orokorrean eta beste administrazio publiko batzuetan eskuragarri dauden datuen kontsulta telematikoa egiteko, bai bere datuena, bai bere familia-unitateko gainerako kideenena. Horren xedea da bekaren eskaera ebazteko beharrezkoak diren identifikazio datu guztiak eta inguruabar pertsonalak, akademikoak eta familiakoak zehaztea, ezagutzea eta egiaztatzea, baita errenta eta ondarea ere. Horretarako, berariaz adierazi beharko dute eskabidean.
7.4. Eskatzaileak edo familia-unitateko gainerako kideek legitimoki uko egiten badiote edo, ahal denean, baimenik ematen ez badute datuak edo agiriak beste administrazio batzuetatik jasotzeko, edo espedientea izapidetzen duen unitateak informazioa zuzenean lortzerik ez badu, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
–Nortasuna egiaztatzen duen agiriaren kopia.
–Zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.
–Erroldatze-ziurtagiria.
–Masterrean sartzeko bidea ematen duen graduko espediente akademikoaren batez besteko nota egiaztatzen duen agiria.
–2024-2025 deialdian Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak unibertsitate-ikasketetarako ematen dituen beka orokorretako bat eskatu izanaren egiaztagiria.
–Masterraren matrikula-frogagiria.
–Nafarroako PFEZaren aitorpena, 2023koa.
–Hala badagokio, eskatzailearen desgaitasun-ziurtagiria.
–Hala badagokio, familia ugariaren titulu ofiziala.
–Hala badagokio, guraso bakarreko familiaren titulu ofiziala.
–Bidezkotzat jotzen diren dokumentu eta ziurtagiri guztiak.
7.5. Salbuespen gisa, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak beharrezkoak diren datu edo agiriak bildu ezin baditu edo horiek eguneratuta ez badaude, pertsona interesdunei eskatuko zaie datu horiek aurkezteko.
Agiriak PDF formatuan aurkeztuko dira. Interesduna da aurkezten dituen datu eta dokumentuen egiazkotasunaren erantzule, eta, datu eta dokumentu horiek zuzenak ez direla edo faltsuak direla egiaztatzen bada, dagozkion erantzukizun administratibo edo penalen ondorioak jasoko ditu. Administrazioak datuen egiazkotasunari buruzko zalantzak dituenean, jatorrizkoak aurkezteko eskatzen ahal du.
Nolanahi ere, eskatzaileak bere eskaera baloratzeko beharrezkotzat jotzen dituen beste agiri batzuk aurkezten ahalko ditu.
8.–Datuak bildu eta lagatzea.
8.1. Eskatzaileak eskaera aurkezteak honako hau esan nahi du:
–Onartzen dituela deialdiaren oinarriak.
–Badituela eskaerarekin batera aurkeztutako datu guztiak egiaztatzen dituzten jatorrizko agiriak, eta horiek ere aurkeztuko dituela horretarako errekerimendua egiten bazaio.
–Jakitun dela ezen, deklaratutako inguruabarretan zerbait zuzena ez bada, egia ez bada edo ezkutatu bada, beka ukatuko zaiola edo itzuli beharko duela.
–Ados dagoela komunikazioak baliabide elektronikoen bidez jasotzearekin, eskaera-orrian horretarako adierazi duen helbide elektronikoaren bidez.
–Eskatzailea bera dela beka ordaintzeko adierazitako kontu korrontearen titularra edo titularkidea.
–Baimena ematen diola Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari argitara emateko bekadunen zerrendak, haien identifikazio datuak eta emandako laguntzen zenbatekoak zehaztuta, bat etorriz dirulaguntzei buruzko arauetan eta datu pertsonalen babesari buruzko arauetan ezarritakoarekin.
8.2. Eskaeran jarritako datu pertsonalak eta bekak emateko eskatzen diren gainerako agiriak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean jasoko dira.
Aipatu unitate organikoak edozein unetan erabiltzen ahalko ditu fitxategi horretako datuak, egiazkoak diren baieztatzeko.
9.–Instrukzioa.
9.1. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zerbitzuari dagokio espedientearen instrukzioa.
9.2. Unibertsitateko Zerbitzuak, eskaeren agiriak zuzenak direla egiaztatu ondoren, behar diren jarduketak eginen ditu, ofizioz, jarduketa diruz lagungarriari buruzko datuak aztertzeko eta egiaztatzeko eta eskatzaileak dirulaguntzaren onuradun izateko baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko. Interesdunari eskatzen ahalko dio, hala badagokio, akatsak zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, hamar eguneko epean, errekerimendua jasotzen duenetik zenbatzen hasita, eta adieraziko dio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta, ondorioz, eskaera artxibatuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluarekin bat etorriz.
9.3. Instrukzioko jarduketen barruan, honako hauek daude:
a) Ebazteko beharrezkotzat jotzen diren edo araudi aplikagarriak eskatzen dituen txosten guztiak eskatzea.
b) Ebaluazio aurreko fasea egitea, jarduketa diruz lagungarriari buruzko datuak eta onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko.
c) Eskaerak ebaluatzea.
10.–Laguntza ematea eta ukatzea.
10.1. Beka ikasleari emanen zaio, legezko ondorio guztietarako.
10.2. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zerbitzuari dagokio espedientearen instrukzioa.
10.3. Onartu eta ukatzen diren beken behin-behineko zerrenda Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez onetsiko da, Unibertsitateko Zerbitzuak proposatuta, eta "nafarroa.eus" atarian argitaratuko da.
Behin-behineko zerrenda horrekin ados ez dauden eskatzaileek bidezko iruditzen zaizkien alegazioak aurkezten ahalko dituzte, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zerbitzuari zuzenduak. Horretarako, hamar egun naturaleko epea izanen da, ebazpena "nafarroa.eus" atarian argitaratzen den egunetik hasita.
Era berean, behin-behineko zerrenda horretan agertzen diren onuradunek, bekari uko egin nahi badiote, berariaz adierazi beharko dute, eskabide orokor bat elektronikoki igorriz Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta, ebazpen hori "nafarroa.eus" atarian argitaratzen den egunetik hamar egun naturaleko epean. Berariaz uko egiten ez bazaio bekari, onuradunak beka onartzen duela ulertuko da.
Bereiziko dira, alde batetik, baldintzak ez betetzeagatik ukatzen diren bekak, eta, bestetik, aurrekontu falta dela-eta ukatzen direnak. Bigarren horiek itxaron-zerrenda batean sartuko dira, lehentasunaren arabera behar bezala ordenatuta.
Behin-behineko zerrendan dauden onuradunek uko eginez gero, lehen aipatutako itxaron-zerrendako pertsonek ordezkatuko dituzte, argitaratutako hurrenkeraren arabera.
10.4. Prozeduraren instrukzioa bukatu ondoren, Unibertsitateko Zerbitzuak behin betiko ebazpen proposamena eginen du, eta, egindako guztiarekin, ebazteko eskumena duen organoari igorriko dio.
10.5. Onartu eta ukatzen diren beken behin betiko zerrenda Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez onetsiko da, Unibertsitateko Zerbitzuak proposatuta, eta "nafarroa.eus" atarian argitaratuko da, beken fitxan.
Bekak emateko behin betiko ebazpenean, dirulaguntzak osorik ordaintzeko aginduko da.
10.6. Laguntza behin betiko eman eta ordaindu ondoren norbaitek laguntzari uko egiten badio edo norbaiti laguntza errebokatzen bazaio, uko egin duenari edo errebokatu zaionari eskatuko zaio ordaindutako laguntza itzultzeko. Askatutako laguntza hori itxaron-zerrendan dagokionari emanen zaio.
11.–Beken edo laguntzen ordainketa.
Beken edo laguntzen ordainketa ikaslearen alde eginen da, eskaeran adierazi den banketxearen bidez. Banketxeko kontua aktibo egon beharko da laguntza emateko prozesua bukatu arte.
12.–Onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honen bidez deitutako beken onuradunaren betebeharra da beka eman den xederako erabiltzea, eta, bereziki:
a) Ikasturte bakoitzean matrikulatutako kreditu guztiak gainditzea.
b) Legozkiokeen eta oinarri hauetako 3.2 artikuluan aipatutako bekekin bateragarriak diren laguntzak eskatzea (Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak unibertsitate-ikasketetarako ematen dituen beka orokorrak, Erasmus + programako ikasketetarako laguntzen osagarri diren bekak, nazioarteko mugikortasunerako antzeko beste programa batzuk, eta unibertsitateek eta Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Kiroletako Ministerioak unibertsitate-sailetan ikasleen lankidetzarako ematen dituzten bekak).
c) Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak egin beharreko egiaztapen-jarduketak onartzea, eta jarduketa horiek gauzatzean eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia ematea.
d) Frogagiriak gordetzea, egiaztapen eta kontrolen xede izan daitezkeen bitartean.
e) Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera bera finantzatzeko beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide lortu dela beste administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
f) Eskatutako betebehar eta baldintzak frogatzeko betebeharra bete dela ulertzeko behar den informazio guztia ematea Foru Komunitateko Administrazioari.
g) Jasotako funtsak itzultzea, indarreko araudian eta hamahirugarren atalean ezarritako kasuetan.
13.–Jarduketa diruz lagungarriaren kontrola eta jarraipena.
Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak egiaztatuko du onuradunek beka erabili duten eman zitzaien jarduketa diruz lagungarrirako. Horren ondorioetarako, matrikulatutako kreditu guztiak gainditzea eskatuko da. Bestela, itzulketa hasteko prozedura hasiko da, betebehar hori bete ez den ikasturteari dagokion bekaren zenbatekoa itzul dadin 13. oinarrian ezarritakoaren arabera. Onuradunek agiri bidez egiaztatuko dute hori, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak eskatuta.
14.–Dirua itzultzea.
14.1. Egiaztatzen bada onuradunak ez dituela betetzen gaiari buruzko araudi aplikagarrian ezarritako baldintzak eta betebeharrak, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean araututako interesak ere eskatuko zaizkio.
Dirua itzultzeko prozedura hasi aurretik, inguruabar horren berri emanen zaio interesdunari, behar ez bezala jasotako dirua itzultzeko, bankuan diru-sarrera bat eginez.
Komunikazio horretan ezarritako epean dirua borondatez itzultzen ez bada, dirua itzularazteko prozedurari ekinen zaio.
60 kredituko masterretan:
14.2. Onuradunak zientzien arloan, ingeniaritza eta arkitektura arloan edo osasun zientzien arloan matrikulatutako kredituetatik gutxienez 29 kreditu edo, gainerako arloetan, matrikulatutako kredituetatik gutxienez 39 gainditzen ez baditu, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiko titularrak beka osoa itzuli beharra erabakiko du.
14.3. Onuradunak zientzien arloko, ingeniaritza eta arkitektura arloko edo osasun zientzien arloko titulazioetan 30 eta 38 kreditu bitarte gainditzen baditu, edo, gainerako arloetako titulazioetan, 40 eta 47 kreditu bitarte, bekaren zati bat itzultzeko eskatuko da, eta itzuli beharreko zenbatekoa gainditu gabeko kreditu kopuruaren arabera zehaztuko da. Horretarako, gainditu gabeko kreditu bakoitzaren zenbatekoa bekaren urte osoko zenbatekoaren eta matrikulatutako kreditu kopuruaren arteko zatiduraren araberakoa izanen da.
14.4. Zientzien arloko, ingeniaritza eta arkitektura arloko edo osasun zientzien arloko titulazioetan, onuradunak matrikulatutako kredituetatik gutxienez 39 gainditzen baditu, edo 48 kreditu gainerako arloetan, ez da beka itzultzeko eskatuko.
60 kreditutan baino gehiagotan matrikulatuz gero, arau berberak aplikatuko dira, ehunekoak mantenduz.
14.5. Bekaren onuraduna hiltzen bada, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak ez du bekaren zenbatekoa itzultzeko eskatuko. Halaber, ez da itzuli beharko 12.1.a) atalean ezarritako errendimendu akademikoaren betebeharra betetzen ez bada istripu edo gaixotasun larri batek eragindako kausa justifikatu baten ondorioz.
15.–Eskaeren balorazioa.
15.1. Kide hauek osatuko duten balorazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak:
a) Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendaria.
b) Unibertsitateko Ataleko burua.
c) Gutxienez, Unibertsitateko Zerbitzuari atxikita dagoen eta profil teknikoa duen pertsona bat.
d) Administrazio publikoko teknikari (arlo juridikoa) profila duen pertsona bat, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentukoa.
15.2. Balorazio batzordeak bere funtzionamendu arauak ezartzeko aukera izanen du, eta, halakorik izan ezean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoentzat xedatutakoaren arabera arautuko da.
15.3. Balorazio batzordeak beste pertsona batzuen laguntza eskatzen ahalko du, laguntza eskaerei buruzko gaietan aholkularitza teknikoa eman dezaten; hitza izanen dute baina botorik ez.
15.4. Eskaerak bosgarren oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera ebaluatuko dira.
15.5. Eskaerak aztertu eta ebaluatu ondoren, balorazio batzordeak txosten bat eginen du eta hor azalduko ditu balorazio irizpideen aplikazioa eta ondoriozko lehentasun-ordena. Txosten hori izanen da instrukzio organoaren ebazpen proposamenaren oinarria.
16.–Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.
Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduketa bat etorriko da Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin. Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak bekak emateko prozesuetan parte hartzearen ondorioz jasotako datu pertsonalak "Unibertsitateko ikasketetarako dirulaguntzak, bekak eta laguntzak" izeneko tratamenduko jardueran sartuko dira.
Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira interes publikoaren mesederako misio bat betetzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.
Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabárceno kalea 6, Sarriguren, edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen fitxan kontsultatzen ahalko da.
17.–Errekurtsoak.
17.1. Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
17.2. Bekak emateko edo ukatzeko behin betiko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena eta haren eranskinak "nafarroa.eus" atarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2413860
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
