2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Berraztertze-errekurtsoa, Iruñeko Udaltzaingoko inspektoreordearen 6 lanpostu betetzeko deialdiaren kontra
Tokiko Gobernu Batzarrak honako erabaki hau hartu zuen 2024ko irailaren 23an egindako bilkuran:
Joseba Otano Villanueva jaunak berraztertze-errekurtsoa jarri zuen 2024ko ekainaren 18an Iruñeko Udaltzaingoko inspektoreordearen 6 lanpostu betetzeko deialdiaren –2024ko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 13koan, argitaratua– kontra. Errekurtsoan deialdia aldatzera premiatzen zuen, hizkuntza bakoitzari dagokion merezimenduen baremazioaren barruan euskararen baremazioa Europar Batasuneko hizkuntzena baino proportzio handiagoan egin dadin eta deialdiko merezimendu guztien balorazioaren %10 izan dadin.
Iruñeko Udalak, 2020ko martxoaren 5eko Osoko Bilkuran hartutako erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zuen Iruñeko Udalean eta haren sektore publiko instituzionalean euskararen erabilpena arautzen duen Ordenantza.
Ordenantza horrek adierazten du herritarrek eskubidea dutela Udalari gaztelaniaz nahiz euskaraz egiteko, itzulpen-zerbitzuak erabiliz, beharrezkoa denean, idatzizko arretarako, eta Alorretan euskarazko aurrez aurreko arreta erraztuz.
Bosgarren kapituluan ezartzen du Udalaren plantilla organikoan zehaztuko dela zer lanpostutan behar den euskaraz jakitea eta, orobat, lanpostu bakoitzean behar den euskara-maila.
Zehazki, euskararen balorazioari dagokionez, hura ezagutzea nahitaezkoa ez denean, hauxe esaten da 17. artikuluan: "Euskararen balorazioa Europar Batasuneko beste edozein hizkuntza jakiteari ematen zaiona baino %25 handiagoa izaten ahalko da, betiere lanpostuaren ezaugarriekin bat justifikatzen bada".
Era berean, polizia-lanpostuak direnez, deialdiaren oinarrietan adierazten den bezala, ordenantza horren ordez aplikatuko zaie abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duena, eta horrekin batera II. Eranskina, zeinak baremoari dagokionez, eta zehazki baloratu beharreko hizkuntzei dagokionez, hauxe esaten baitu euskararen balorazioaz:
"2) Euskaraz jakiteagatik emanen den puntuazioa, bidezkoa denean edo aintzat hartzen denean, hizkuntza-eremuaren arabera aldatuko da, irizpide hauetan oinarrituz:
a) Eremu euskaldunean, euskaraz jakiteagatik 5,50 puntu emanen dira, plantilla organikoaren arabera ezinbestekoa deklaratu ez bada betiere.
b) Eremu mistoan, plantilla organikoaren arabera merezimendu gisa baloratu behar den kasuetan, 5,25 puntu emanen dira euskaraz jakiteagatik".
Azaldutako guztiagatik, errekurtsoaren asmoan islatzen den euskara-eskakizunaren ehunekoak ez du arau-babesik, ezein arau aplikagarrik ez baitu eskatzen den ehuneko hori ezartzen kasuan kasuko enplegu publikoaren deialdietan. Aitzitik, deialdian ezarritako puntuazioa bat dator azaldutako araudiarekin.
Aurrekoari jarraikiz, honako hau
ERABAKITZEN DA:
Lehena.–Joseba Otano Villanueva jaunak jarritako berraztertze-errekurtsoa ezestea, ulertzen baita deialdiak hizkuntzen merezimenduari dagokionez eta, zehazki, euskarari dagokionez, ezarritako balorazioa zuzenbidearen araberakoa dela.
Bigarrena.–Erabaki hau argitaratzea deialdi hau argitaratu zen bide berberetan.
Erabaki horren kontra honako errekurtso hauek paratzen ahal dira:
a) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta hortik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2024ko irailaren 23an.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.
Iragarkiaren kodea: L2413909