Iragarkia
204. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 8a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
IRUÑA
Deialdia, Iruñeko udaltzaingoko agente leheneko 13 lanpostu betetzeko kategoriaz igotzeko lehiaketa bidez
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2024ko irailaren 30eko erabaki bidez onetsi zuen deialdia, honako oinarri hauekin bat:
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak:
1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udaltzaingoko agente leheneko 13 lanpostu –funtzionario araubidekoak eta C mailakoak– betetzea, kategoriaz igotzeko lehiaketaren bidez.
Lanpostu horiek izanen dira lehiaketako eta berariazko lehiaketako prozeduren bidez Udaltzaingoko agente leheneko lanpostuak betetzeko eginen den lekualdatze-lehiaketaren ondorioz hutsik geratuko direnak, eta honako txanda hauetan banatuko dira:
a) 9 lanpostu barne-igoerako txandan, Iruñeko Udaleko Udaltzaingoko kideendako.
b) 4 lanpostu igoerako txanda irekian, ezarritako betekizunak betetzen dituzten Nafarroako Polizia guztietako kideei irekiak.
Barne-igoerako txandan probak gainditzen dituzten izangaien kopurua lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horretako probak gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek aukera izanen dute igoera-txanda irekiko lanpostuetarako lehiatzeko, betiere txanda horretako izangaiekin lehia garbiaren ondoren lortutako guztizko puntuazioari jarraikiz.
Barne-igoerako txandan betetzen ez diren lanpostu hutsak bete gabetzat joko dira, behin gehituta –hala badagokio– txanda irekian bete gabe geratutakoak.
1.2. Deialdi honen ondorioz izendatutakoek Iruñeko Udaleko funtzionario publiko eta Udaltzaingoko Agente lehen izaera hartuko dute; Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.
Deialdi honetako lanpostuetarako izendatutakoen artean Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den eskubide pasiboen eta osasun zein gizarte laguntzaren araubidean afiliatuta dauden funtzionarioek aukeratu ahal izanen dute bertan segitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.
1.3. Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak kategoriaz igotzeko prestakuntza-ikastaroak egin bitartean zerbitzu berezietako egoeran aitortuak izan diren izangaiek, egoerak iraun bitartean, jatorrizko lanpostuan aitortuak dituzten ordainsariak osorik jasoko dituzte Administrazio Publiko deitzailearen eskutik.
1.4. Lanpostuetarako izendatutako izangaiek Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak bete eta eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.
1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.
2. oinarria.–Arau aplikagarriak.
Prozedura honako arau hauetan xedatutakoaren arabera gauzatuko da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua, Iruñeko Udaltzaingoaren antolakuntza eta funtzionamendu Araudia, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.
3. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte kategoriaz igotzeko lehiaketa honetan onartuak izateko:
3.1.1. Barne-igoerako txanda:
a) Gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatea Iruñeko Udaltzaingoaren zerbitzuko udaltzain lanpostua jabetzan hartu zen dataz geroztik.
b) Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea, zein lanpostutatik igo nahi den hartan.
c) Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo horien baliokidetzat jotzen den tituluren bat edukitzea.
3.1.2. Igoerako txanda irekia:
a) Gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatea, lanpostuaren jabetzaren datatik, polizia-agente lanetan, Nafarroako Polizia Kidegoetako batean.
b) Udaltzainak: Udaltzain lanpostuan 3 urteko antzinatasuna edukitzea, gutxienez, lanpostua hartu zen datatik, eta Polizia lanpostura sartzeko Oinarrizko Prestakuntza Ikastaroa –Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Nafarroako Segurtasun Eskolak emana– gainditu izanaren egiaztagiria edukitzea.
c) Zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea, zein lanpostutatik igo nahi den hartan.
d) Batxilergoko titulua, bigarren mailako Lanbide Heziketako titulua edo horien baliokidetzat jotzen den tituluren bat edukitzea.
3.2. Aurreko betekizunak bi txandetako izangaiek bete beharko dituzte parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta mantendu lanpostua jabetzan hartzen den egunera arte.
4. oinarria.–Eskabideak eta aurkezteko epea.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
a) Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuta. Eskaerak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.
b) Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskaera telematikoki aurkeztu beharko dute, Interneten bidez, www.pamplona.es/eu helbidean, honako nabigazio-bide honi jarraiki: "Izapideak eta lizitazioak’’, "Lan-eskaintzak’’, "Enplegu publikoa’’, "Enplegu publikoko deialdiak’’, deialdi honi dagokion aipamenean.
4.2. Eskaerak online aurkezteko unean, barne-igoerako txandako izangaiek (Iruñeko Udaltzaingoko kideek) eskaeraz gain honakoa aurkeztu beharko dute:
–Udalak ofizioz erantsiko du espedientean interesdunak gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela lanpostuaren jabetzaren datatik, Iruñeko Udaltzaingoko polizia lanpostuan, egiaztatzen duen agiria, eta interesdunaren administrazio-egoera eta eman dituen eta onartu zaizkion zerbitzuen berri ere emanen du.
–Deialdi honen I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen dituzten merezimenduak egiaztatzeko agiriak. Baldin eta izangaiak aurkezten dituen merezimenduak Administrazio honen eskutan badaude, hala adierazi beharko da, eta berariaz azaldu zer prozeduratan dauden.
4.3. Eskaerak online aurkezteko unean, igoerako txanda irekiko izangaiek (Nafarroako Polizia Kidegoetako kideek eta Udaltzainek) eskaeraz gain honakoa aurkeztu beharko dute:
–Organo eskudunak emandako egiaztagiria, baieztatzeko interesdunak gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela, lanpostuaren jabetzaren datatik, Nafarroako Polizia Kidegoetako bateko kide gisa. Egiaztagiri horretan bertan adierazi beharko da interesduna zein egoera administratibotan dagoen.
–Udaltzainek organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztuko dute, baieztatzeko interesdunak gutxienez 3 urteko antzinatasuna duela, lanpostuaren jabetzaren datatik, udaltzain lanpostuan. Egiaztagiri horretan bertan adierazi beharko da, baita ere, interesduna zein egoera administratibotan dagoen.
–Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandako egiaztagiria, non ziurtatuko baita interesdunak Polizia lanpostura sartzeko eskatzen den Oinarrizko ikastaroa, erakunde horrek emandakoa, gainditu duela. Betebehar hori Administrazioak berak egiaztatuko du, ofizioz, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak deialdia egin duen organoaren aurrean egiaztatuta.
–Izangaiak deialdi honen I. eranskinean ezarritakoaren arabera alegatzen dituen merezimenduak egiaztatzeko agiriak.
–3.1.2.d. oinarrian galdatutako titulazio akademikoa.
Eskarian atzematen diren akats materialak edo egitezko-akatsak edonoiz zuzentzen ahalko dira, ofizioz edo interesatuak hala eskatuta.
4.5. Izangaiek jatorrizko dokumentuak edo fotokopia konpultsatuak edo indarrean diren legeekin bat kautotuak aurkeztu beharko dituzte.
5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
5.1. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.
Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Giza Baliabideetako zuzendariak kategoriaz igotzeko lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du.
5.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, erreklamazioak aurkezteko edo, hala badagokio, izan daitezkeen akatsak zuzentzeko.
5.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.
5.4. Aurreko ataletan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan honako datu hauek agertuko dira bakarrik: polizia- edo udaltzain-zenbakia, izangaia Nafarroako Poliziako zein Kidegotakoa edo zein toki entitatekoa den, eta zer txandatan aurkezten den.
6. oinarria.–Kategoriaz igotzeko lehiaketa aurrera eramatea.
6.1. Kategoriaz igotzeko lehiaketa hiru fasetan eginen da. Lehenengo fasea lehiaketa izanen da, bigarrena, proba teoriko-praktikoa eta proba psikoteknikoak, eta azkena, trebakuntza-ikastaroa, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.
Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira kategoriaz igotzeko lehiaketaren parte diren probak egiteko tokia, eguna eta hasiera-ordua. Gainerako probetarako hurrengo iragarkiak argitara emanen dira webgunean eta Iruñeko Udaltzaingoaren lokaletan, gutxienez 48 orduko aurretiazko epearekin.
6.2. Lehiaketaldia.
6.2.1. Lehiaketa-aldian izangaiek alegatutako merezimenduen balorazioa eginen da –merezimenduek behar bezala egiaztaturik egon behar dute–, eta gehienez ere 82,50 puntu jasoko dira:
a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu gehienez ere.
b) Polizia-funtzioari lotutako prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 25 puntu gehienez ere.
c) Hizkuntzak jakitea: euskara, frantsesa, ingelesa eta/edo alemana: 20,00 puntu gehienez ere.
d) Esker-sariak: 2,5 puntu bitarte.
Aurreko apartatuetarako alegatu eta justifikatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean jasotako baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak. Merezimenduak agiri bidez alegatu eta frogatu beharko dira lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez egiaztatu gabeko merezimendurik, ezta apartatu bakoitzerako ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gainean.
Aldi honen amaieran, Epaimahaiak behin-behineko puntuazioak argitaratuko ditu Iruñeko Udaleko iragarki-taulan, eta 5 egun naturaleko epea irekiko du, argitaratzen diren egunetik aitzina, izangaiek eskubidez komeni zaiena alegatu dezaten.
Behin Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurrean aurkezturiko erreklamazioak ebatzita, Herritarren Segurtasuneko Alorrean dagoen Iruñeko Udaleko iragarki-taulan eta Udalaren webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko ditu merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak.
6.3. Proba teoriko-praktikoaren eta proba psikoteknikoen fasea.
6.3.1. Proba teoriko-praktikoaren eta proba psikoteknikoen fasea honako proba hauek osatuko dute:
a) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba teoriko-praktikoa: 150 puntu bitarte.
b) Proba psikoteknikoak: 70 puntu bitarte.
Proba guztiak deialdi bakarraren bidez eginen dira. Bazterturik geldituko dira horietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.
6.3.2. 6.3.1. atalaren a) letran zehaztutako proba teoriko-praktikoaren gehieneko puntuazioa 150 puntukoa izanen da, eta test erako azterketa bat egin beharko da: II. eranskinean jasotako gaitegiari buruzko 100 galderek osatuko dute testa; horietako bakoitzak hiru erantzun posible izanen ditu, eta 1,5 puntu emanen zaizkie erantzun zuzenei, eta 0,5 puntu kenduko da oker erantzundako bakoitzagatik.
Proba honek izaera baztertzailea edukiko du, eta gutxienez 75 puntu lortu behar dira hura gainditzeko.
Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratu eta egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
6.3.3. 6.3.1. atalaren b) letran zehaztutako gaitasun psikoteknikoaren probak: proba batzuk eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Nafarroako Administrazio Publikoko Institutuaren Psikologia Aplikatuko Sailak eginen ditu probak, eta haien balorazioak lotesleak izanen dira Epaimahaiarentzat. Gaitasun psikoteknikoaren proba ez da baztertzailea izanen eta 0 eta 70 puntu bitarte lortzen ahalko dira.
Gaitasun psikoteknikoaren probak eginen dituzte proba teoriko-praktikoa gainditu duten izangai guztiek.
Probaren garapena:
–Profil profesiografikoa zehaztea: NAPIko Psikologia Aplikatuko Sailak eta Deialdiaren Kalifikazio-epaimahaiak proposatuko dute, edo hark izendatzen dituen langileek, lanpostuaren behar eta eskakizunen jakitun badira. Azterketa horretatik abiatuta zehaztuko dira ebaluatu beharreko faktore edo gaitasunak eta funtzioak egoki garatzeko beharrezkoak diren eskakizunak. Profil profesiografikoaren proposamena Epaimahaiari aurkeztuko zaio probak hasi aurretik onets dezan.
Kalifikazio-epaimahaia arduratuko da, proben aurretik, garrantzitsutzat jotzen dituen kontuak bitarteko egokien bidez argitaratzeaz. Xede horretarako NAPIko arlo psikoteknikoko teknikariekin koordinatuko da, eta horiek helaraziko dizkiote profilean jasotako eta baloratu beharreko faktoreak eta zuzentzeko eta kalifikatzeko irizpideak.
–Probak bi atal izanen ditu:
- Lehenengoan, ariketa psikotekniko bat edo batzuk eginen dira. Nortasunari buruzko galdetegi orokorrak izaten ahal dira, edo lan-gaitasunei buruzkoak edo/eta trebetasunei buruzkoak.
- Bigarrena banakako elkarrizketa edo/eta talde-lan bat izanen da, lehen zatiko galdera-sortekin alderatzeko.
6.4. Behin baloratuta alegatu eta behar bezala egiaztatutako merituak eta proba teoriko-praktikoko eta proba psikoteknikoko puntuazioa, Epaimahaiak Herritarren Segurtasuneko Alorrean dagoen Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (www.pamplona.es/eu) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak, eta 5 eguneko epea emanen du interesdunek balorazio horri buruzko erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten.
Behin erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzi ondoren, Epaimahaiak Herritarren Segurtasuneko Alorrean dagoen Udalaren iragarki-taulan eta webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko du izangaien zerrenda osoa, lehiaketaren guztizko puntuazioak adierazita.
Berdinketarik izanez gero, administrazio publikoetako zerbitzuetan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da, eta, berdinketak jarraituz gero, adinez zaharrena den izangaiaren alde.
7. oinarria.–Igoerarako gaitzeko ikastaroa.
7.1. Zerbitzu berezietako egoera adieraztea.
Iruñeko Udaleko Udaltzaingoko Agente leheneko lanpostura sartzeko ikastaroa –Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emandakoa– egiteko xedez, hautaketa-prozedura gainditu eta bete beharreko plaza-kopuruan lekua duten izangaiek Nafarroako zein administrazio publikoren mende dauden eta horri zerbitzu berezietako egoera eskatuko diote, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 50.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.
Gaitzeko ikastarorako onarturiko izangaien zerrendan adieraziko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko den ikastaroa.
7.2. Gainditu beharrekoa.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako prestakuntza ikastaroa gainditu beharrekoa izanen da. Izangaiek "Gai" edo "Ez Gai" kalifikazioak jasoko dituzte ikastaroa amaitutakoan, eta ezin izanen dira izendatu "Ez Gai" kalifikazioa dutenak.
Gaitzeko ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, eta Eskolak berak ezartzen duen iraupena izanen du.
Bazter geratuko dira ikastaroa osatzen duten arlo guztiak gainditzen ez dituzten izangaiak.
7.3. Behin ikastaroa amaituta, langilea automatikoki itzuliko da zerbitzu berezietako izendapena jaso arte betetzen ari zen plazara, zerbitzu aktiboan.
Zerbitzu berezietako egoeraren aitorpenak ez du batere aldaketarik ekarriko izangaiaren gizarte-aurreikuspeneko araubidean, eta egoera horretan dagoenean jatorrizko lanpostuan zuen araubide berarekin jarraituko du.
Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak kategoriaz igotzeko prestakuntza-ikastaroak egin bitartean zerbitzu berezietako egoeran aitortuak izan diren izangaiek, egoerak iraun bitartean jatorrizko lanpostuan aitortuak dituzten ordainsariak osorik jasoko dituzte Administrazio Publiko deitzailearen eskutik.
Izangaiek nor bere Administrazioaren egiaztagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko paragrafoan adierazitakoa egiaztatzeko, eta bertan zehaztuko da kontzeptu horiek direla-eta zenbat jaso zuten gaitzeko ikastaroa hasi aurreko hilabetean.
Aurreko apartatuak aipatzen duen araubideko ordainsaria jasotzeari automatikoki utziko zaio ‘zerbitzu berezietako’ egoera amaitutakoan, eta ez du inondik ere ekarriko eskuraturiko eskubiderik, eskubide pasiborik zein deitutako lanpostutik eratorritako inongo eskubiderik.
8. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.
8.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Luis Manuel Iribarren Aguerri, Iruñeko Udaltzaingoko inspektorea.
Ordezkoa: Juan Luis Urrestarazu Ondarra, Iruñeko Udaltzaingoko inspektorea.
–Epaimahaikidea: Félix Echavarri Lizasoain, Iruñeko Udaltzaingoko inspektorea.
Ordezkoa: Jesús Estanga Goñi, Iruñeko Udaltzaingoko inspektorea.
–Epaimahaikidea: Andrés Martínez Galarreta, Iruñeko Udaltzaingoko inspektoreordea.
Ordezkoa: José Viruel Zozaya, Iruñeko Udaltzaingoko inspektoreordea.
–Epaimahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.
Ordezkoa: Langileen Batzordeko ordezkari bat.
–Epaimahaikide-idazkaria: Laura Itoiz Marrauren, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Alorreko legelaria.
Ordezkoa: Víctor Sarasa Astráin, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Alorreko legelaria.
8.2. Epaimahaia Epaimahaiburuak deituta eratu beharko da, probak hasi baino lehenago.
8.3. Epaimahaia ezin izanen da ez eratu, ez jardun gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe, eta, betiere, bertan egon behar dute Epaimahaiburua eta Idazkaria edo horien ordez ari direnak.
8.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.
Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.
8.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aipatu aholkulariak zein bere espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza Epaimahaiari.
9. oinarria.–Gainditu dutenen zerrenda.
Prestakuntza ikastaroa amaituta, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak prestakuntza-ikastaroan izangaiek lortutako kalifikazioak helaraziko dizkio Giza Baliabideetako zuzendariari, horien izendapena eta lanpostu hutsen esleipena egite aldera.
10. oinarria.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
10.1. Eskatzen zaizkien agiriak aurkeztu ondoren, Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udaltzaingoko funtzionario eta Agente lehen izendatuko ditu kategoriaz igotzeko lehiaketa gainditu duten izangaiak, osotara lorturiko puntuazioaren hurrenkerarekin bat, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
10.2. Izendatutako izangaiek izendapenean zehazten den egunean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza. Lanpostuaz jabetzen ez direnek, behar bezala justifikaturiko ezinbesteko kausetan salbu, kategoriaz igotzeko eskubidea galduko dute.
11. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.
Iruñean, 2024ko irailaren 30ean.–Tokiko Gobernu Batzarreko idazkaria, Garbiñe Bueno Zabalza.
I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA
A) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak: gehienez, 35 puntu.
1. Nafarroako Polizia Kidegoetan lanpostu finkoan emandako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko: 1,50 puntu, polizia edo agente lanpostuan.
2. Nafarroako Polizia Kidegoetan, deialdiaren xede den lanpostuan, behin-behinean emandako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko: 1,65 puntu.
3. Lanpostu finkoan, administrazio publiko baten menpeko beste Segurtasun Kidego eta Indarren batean, emandako zerbitzuak: 1,50 puntu, polizia edo agente lanpostuan.
4. Edozein administrazio publikotan Polizia Kidego batekoak ez diren lanpostuetan emandako zerbitzuak: 0,25 puntu, urteko.
Oharrak:
1.–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa esleituko zaio.
2.–Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
3.–Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo datan emandako zerbitzuak.
4.–Funtzionarioek zerbitzu berezien egoeran edo eszedentzia berezian eta unitate organiko baten burutzan edo zuzendaritzan emandako aldiak halako egoeretara igaro zirenean zeukaten lanpostuan emandako zerbitzu gisara baloratuko dira.
B) Prestakuntza, irakaskuntza, eta ikerketa: 25 puntu, gehienez.
1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea: 0,01 puntu emandako ikastordu bakoitzeko, gehienez ere 10 puntura bitarte.
Oharrak:
1.–Baloratu beharreko prestakuntza-ekintzetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.
2.–Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei 0,10 puntuko balorazioa emanen zaie.
3.–Ikasturte akademiko bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 1 puntuko balorazioa emanen zaie.
4.–Puntuazio berarekin baloratuko da erakunde antolatzailearen baldintza bete ez baina Administrazioak aginduta edo haren oniritziarekin eginak diren prestakuntza-saioetan parte hartu izana, halako prestakuntza-saiotzat joko direlarik espresuki sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatutakoak.
5.–Ikasturte bakoitzeko gehienez ere 1,0 puntu eskuratzen ahalko da.
2. Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo sariren bat jaso duten zientzia- edo ikerketa-lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: Hiru (3) puntu, gehienez ere, Epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera pertsona bakar batek egina den edo taldekoa, eta biltzarra edo argitalpena zer esparrutakoa den (tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa).
3. Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatzea edota halakoetan irakasle jardutea: Bi (2) puntu, gehienez ere, Epaimahaiak baloratu beharrekoa, saio horien iraupenaren arabera.
4. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu direnez bestekoak: Sei puntu (6), gehienez ere.
Oharrak:
1.–Unibertsitate-lizentzia edo graduak: 2,0 puntu.
2.–Unibertsitateko diplomaturak eta doktoregoak: 1,0 puntu.
3.–Masterrak: 0,75 puntu.
4.–Segurtasun pribatuko zuzendaria: 0.50 puntu.
5.–Aditu eta espezialistak: 0,25 puntu.
5. Beste merezimendu batzuk, Epaimahaiak baloratzekoak. Besteak beste, sektore pribatuan egindako lanak, prestakuntza bekak edo egonaldiak eta parte hartzea kontsulta-, aholkularitza-, partaidetza- edo ordezkaritza-organoetan: Lau (4) puntu, gehienez ere.
Oharrak, B) atal osorako:
Atal honetan, deialdi honen xedea diren lanpostuekin zerikusirik duten merezimenduak soilik baloratuko dira. Ez dira baloratuko, inolaz ere, Agente leheneko lanpostura sartu eta eskuratzeko beharrezkoak diren prestakuntza-ikastaroak.
C) Hizkuntzen ezagutza: ingelesa, frantsesa, alemana edo euskara (20,00 puntu, gehienez ere):
1. Ingelesa, frantsesa, alemana edo euskara (5 puntu, gehienez ere, bakoitzeko):
a) A1 maila: 1 puntu.
b) A2 maila: 2 puntu.
c) B1 maila: 3 puntu.
d) B2 maila: 4 puntu.
e) C1 maila: 5 puntu.
Tituluak eta egiaztagiriak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailekin bat baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari-kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 ebazpenean jasota daude, zeinak ezartzen baititu euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).
Maila gorenari dagokion puntuazioa emanen da. Ez dira inolaz ere batuko hizkuntza bereko bi maila edo gehiagoko puntuazioak.
D) Sariak: gehienez ere 2,50 puntu.
1. Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.
2. Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.
3. Jendaurreko Esker Onagatik: 0,50 puntu.
4. Esker On pribatuagatik: 0,25 puntu.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–1978ko Espainiako Konstituzioa: hitzaurrea. Atariko titulua. I. titulua: Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. III. titulua: Gorte Nagusiak. IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala. VIII. titulua: Estatuaren lurralde antolamendua, Lehen kapitulua, Printzipio Orokorrak eta Tokiko Administrazioaren bigarren kapitulua. IX. titulua: Konstituzio Auzitegia.
2.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: II. liburua: Delituak eta horiei dagozkien zigorrak. I. titulua: giza hilketa eta giza hilketaren formak; III. titulua: lesioak; VI. titulua: askatasunaren aurkako delituak; VII. titulua: torturak eta osotasun moralaren aurkako beste delituak; VII. bis titulua: gizakien salerosketa; VIII. titulua: sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren aurkako delituak; IX. titulua: sorospen-eginbeharra ez betetzea; X. titulua: bizitza pribatuaren, norberaren irudirako eskubidearen eta egoitzaren bortxaezintasunaren aurkako delituak; XI. titulua: ohorearen aurkako delituak; XIII. titulua: ondarearen, eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako delituak, I., II., III., IV., V., VI., IX., X. kapituluak; XVII. titulua: segurtasun kolektiboaren aurkako delituak, III. eta IV. kapituluak; XVIII. titulua, I., II., III. eta IV. kapituluak; XIX. titulua, Herri administrazioaren aurkako delituak, I., II., III. eta IV. kapituluak; XX. titulua, Justizia Administrazioaren aurkako delituak, I., II., III., IV., V., VI. eta VIII. kapituluak; XXII. titulua, II., III., V. eta VI. kapituluak.
3.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena: I. liburua, xedapen orokorrak, IV. titulua, nori dagokion delitu eta falten ondoriozko ekintzak egikaritzea. II. liburua, sumarioa: I., III., IV., V., VI. eta VIII. tituluak. IV. liburua: prozedura bereziak, II. eta III. tituluak. VI. liburua: delitu arinen epaiketaren prozedura.
4.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, adingabeen erantzukizun penala arautzen duena.
5.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, «Habeas Corpus» prozedura arautzen duena.
6.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena.
7.–1428/2003 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorra onesten duena, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide- segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua, martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia, aplikatzeko eta garatzeko asmoz.
8.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babestekoa.
9.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun publikoak eta aisia-jarduerak arautzen dituena.
10.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publiko eta josteta-jardueren ordutegi orokorra arautzen duena. 95/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 5ekoa, 201/2002 Foru Dekretuaren lehenbiziko xedapen iragankorra aldatzen duena (2003ko 60. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 14koa).
11.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta-jardueren katalogoa onetsi eta enpresa eta lokalen erregistroak arautzen dituena. 656/2003 Foru Dekretua, urriaren 27koa, irailaren 23ko 201/2002 eta 202/2002 Foru Dekretuak aldatzen dituena (2003ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 14koa).
12.–33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, Aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dituena eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza-irizpideak eta eginkizunak ezartzen dituena.
13.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.
14.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
15.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.
16.–Iruñeko Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamendua (2017ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 3koa) eta Udaltzaingoaren Antolaketa eta Funtzionamenduaren Erregelamenduaren aldaketa (2018ko 163. Nafarroako Aldizkari Ofizialena, abuztuaren 23koa).
17.–Bide publikoan terrazak eta merkataritzari zein ostalaritzari loturiko bestelako elementuak jartzea arautzen duen Ordenantza.
18.–Iruñeko udal-mugartean maila txikiko aisialdi-lokalen funtzionamendua arautzen duen Udal Ordenantza.
19.–Iruñeko Alde Zaharreko Isurketa Baxuko Eremua antolatzeko sistema (2023ko urtarrilaren 1etik indarrean dena) arautzeko artikuluak.
20.–Iruña hiriko Mugikortasunari buruzko Udal Ordenantza.
21.–Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko Udal Ordenantza.
Iragarkiaren kodea: L2414103
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
