204. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

407/2024 EBAZPENA, irailaren 26koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2023-2024 ikasturteko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 787598.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioek lan esanguratsua egiten dute Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan.

Parte-hartze horri esker, eskolako dinamika sustatzeko hezkuntza eta kultura jarduerak programatu eta antolatzen dira ikasleen gurasoen elkarte eta federazioen bitartez, eta elkarte horiek ikastetxeetako zenbait hezkuntza eginkizunetan duten parte-hartzea sustatzen da. Horren adibide dira, esaterako, gurasoentzako prestakuntza jarduerak.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2023-2024 ikasturteko deialdia onestea.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2023-2024 ikasturteko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

2. Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 2024ko gastuen aurrekontuan gehieneko gastu hau baimentzen da:

ZENBATEKOA

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

62.000 euro

420004-42700-4819-324200, "Ikasleen eta gurasoen elkarte eta federazioentzako dirulaguntzak"

2024

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko irailaren 26an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKASTETXEETAKO IKASLEEN GURASOEN ELKARTEEN FEDERAZIOEI LAGUNTZAK EMATEKO 2023-2024 IKASTURTEKO DEIALDIA

Nafarroako Foru Komunitateko ikasleen gurasoen elkarteen federazioek jarduerak egitea bultzatu eta sustatu beharraz jabeturik, Hezkuntza Departamentuak laguntzak emateko 2023-2024 ikasturteko deialdi hau argitaratu du. Hauek dira deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea laguntzak emateko ikasleen gurasoen elkarteen federazioei, programatu eta antolatzen dituzten jarduerak finantzatze aldera.

2. Helburua.

Laguntzen helburua da eskolako dinamika sustatzea ikasleen gurasoen elkarteen federazioen jardunaren bidez eta haiek ikastetxeetako hezkuntza eta prestakuntza eginkizunetan duten parte-hartzea bultzatzea.

3. Onuradunak.

Deialdi honetan parte hartzen ahal dute Nafarroako Foru Komunitateko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe baimenduetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioek, baldin eta legearen arabera eratuta eta Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan inskribatuta badaude.

4. Jarduera diruz lagungarriak.

4.1. Deialdi honen xedea da gurasoek Nafarroako ikastetxeetako bizitza kultural eta sozialean eta heziketa prozesuan duten parte-hartzea bultzatzea. Horretarako, diruz lagunduko dira gurasoentzako prestakuntza eta informazio jarduerak, gai hauen ingurukoak: berdintasuna, bizikidetza baketsua, kultura, ingurumen hezkuntza, kontsumo arduratsua, eta energia aurreztea eta efizientzia.

4.2. Federazioek ikasleekin eta hezkuntza komunitateko gainerako eragileekin ikastetxeko ordutegitik kanpo egiten dituzten eskolaz kanpoko jarduerak ere diruz lagunduko dira, gai hauei buruzkoak badira: berdintasuna, bizikidetza baketsua, kultura, ingurumen hezkuntza, kontsumo arduratsua, energia aurreztea eta efizientzia, eta abar.

4.3. Era berean, diruz lagungarriak izanen dira hezkuntza komunitate guztiarekin online egiten diren prestakuntza jarduerak. Jarduera horien helburua izanen da balioetan oinarritutako hezkuntza indartzea eta tresna telematikoen ezagutzan laguntzea eta sakontzea; izan ere, tresna horiek ikasten laguntzen dute eta ikasleen, gurasoen eta irakasleen arteko lotura indartzen dute aurrez aurreko harremanetatik haratago.

4.4. Ezin izanen dira diruz lagundu giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten jarduerak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak, ez eta jarduera eta argitalpen politikoak ere.

4.5. Dirulaguntza jasotzeko, federazioek bi baldintza bete behar dituzte: dirulaguntza eskatzea eta deialdi honetako 4.1, 4.2 eta 4.3 puntuetan adierazten diren prestakuntza eta informazio jarduerak egitea. Hala egin ezean, eskaeratik abiatuta ematen den zati proportzionala ere ez da diruz lagunduko, ezta elkarte kopuruarengatik edo matrikularengatik ematen dena ere.

5. Noiz eta non aurkeztu.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

5.2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

6. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

6.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten federazioek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Behar bezala betetako eskabidea, II. eranskineko ereduaren araberakoa. Eranskinari gehitu behar zaio federaziokoak diren guraso elkarteen ikastetxeen zerrenda.

b) Laguntzen xede diren jarduera guztien deskribapena, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

c) Deialdi honetara aurkezten diren jarduera guztien zerrenda-laburpena, IV. eranskineko ereduaren arabera.

d) Laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskabide-orria, banketxeak behar bezala betea, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada. Inprimaki hori Interneten eskura daiteke, helbide honetan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak

6.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, gehienez ere 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko zaie federazio eskatzaileei, eta ohartaraziko zaie ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egiten dutela ulertuko dela. Errekerimendu hori Nafarroako Gobernuaren Tramiteen webgunean argitaratuko da, horretarako irekitako datak adierazita, jakinarazpen ondorioetarako, eta posta elektronikoz jakinaraziko zaie inplikatutako federazioei, informazioa emateko soilik.

7. Eskaerak baloratzea eta laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

7.1. Honako hauek hartuko dira aintzat federazio eskatzaile bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko:

–Onartutako eskaeren zerrenda.

–Federazio bakoitzari atxikitako elkarte kopurua.

–Ikastetxeetan matrikulatutako ikasleen kopurua (datu hori EDUCAren bidez lortuko da) eta

–Egindako jardueren kopurua.

7.2. Horretarako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Federazioentzat esleitutako diru guztiaren %10 zati berdinetan banatuko da onartzen diren eskaeren artean.

b) Diru guztiaren %20, federazio bakoitzean federatutako elkarteen kopuruaren arabera.

c) Diru guztiaren %20, ikastetxean matrikulatutako ikasleen kopuruaren arabera. Hizkuntza-eredua dela-eta ikastetxe batean gurasoen bi elkarte baldin badaude, eredu bakoitzean matrikulatutako ikasle kopuruaren arabera esleituko da (datua EDUCAren bidez lortuko da).

d) %50, federazio bakoitzak 4. oinarrian ezarritakoari jarraikiz egin beharreko jarduerengatik aurkezten duen gastuen aurrekontuaren arabera.

4.5 puntuan adierazten den bezala, a), b) eta c) ataletako laguntza emateko, beharrezkoa izanen da federazioek eskaeran 4.1, 4.2 eta 4.3 puntuetan adierazitako prestakuntza eta informazio jarduerak egitea proposatzea, eta, ondoren, horietako bat, gutxienez, aurrera eramatea.

8. Laguntzak emateko prozedura.

Laguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

9. Prozedura tramitatzeko eta instruitzeko organoak.

9.1. Eskaerak Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu, eta instrukzio organoa Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua izanen da.

9.2. Aurkezten diren eskaerak honako hauek osatuko duten balorazio batzorde batek aztertuko ditu:

–Batzordeburua: Inklusio Ataleko burua.

–Batzordekideak: Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko bi teknikari.

9.3. Batzordearen eginkizuna da aurkezten diren eskaerak baloratzea eta dagokien puntuazioa esleitzea, 7. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.

10. Ebazpena. Behin-behinekoa eta behin betikoa.

10.1. Balorazio batzordeak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, dirulaguntza behin-behinekoz baiestea onetsiko du, ebazpen baten bidez.

10.2. Entitate onuradunek hamar egun balioduneko epea izanen dute, dirulaguntzak behin-behinekoz baiesteko ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, alegazioak eta/edo zuzenketak aurkezteko.

10.3. Entitate onuradunek aurkeztutako zuzenketa eta/edo alegazio guztiak aztertu ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, dirulaguntzak behin betiko ematea onetsiko du, ebazpen baten bidez.

10.4. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabete igarotzen badira berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 23. artikuluan xedatu bezala.

11. Jakinarazpena eta errekurtsoak.

11.1. Hala laguntza behin-behinekoz baiestearen gaineko ebazpena, nola behin betiko ematearen eta ordaintzearen gainekoa Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira, jakinarazpenaren ondorioetarako, honako hauek adierazita: laguntza hauen onuradun diren federazioen zerrenda, bakoitzari ordaindu beharreko diru kopurua eta baztertu diren federazioen zerrenda, halakorik bada, baztertzeko arrazoiak azalduta.

11.2. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren laguntzak behin betiko emateko ematen duen ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

12. Laguntza ordaintzea eta haren justifikazio ekonomikoa.

12.1. Finantzatzeko moduko gastu justifikatua: dirulaguntza ordaintzearen ondorioetarako, gastu justifikatutzat joko da, bakar-bakarrik, diruz lagundutako ekintzara edo jarduerara bideratutako gastua, baldin eta gastu hori 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31ra bitarte egin eta ordaindu bada, bi egun horiek barne.

12.2. Dirulaguntzaren ordainketa:

12.2.1. Diruz lagundutako jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntza kobratzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio instrukzio organoari 2024ko urriaren 31ra arte, egun hori barne:

a) Egindako jardueraren gaineko txosten edo memoria labur bat, aurreikusitako helburuak noraino bete diren azalduta. Memoria horri elementu material edo grafikoak (argazkiak) erantsi beharko zaizkio, Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jardueren berariazko erreferentzia azaltzeko. Zehazki, diruz laguntzen den jarduera sustatzeko edo hartaz informatzeko egiten diren agirien ale bana sartu beharko da, eta, hala balegokio, kartelarena, esku-orriarena, triptikoarena edo publizitatearen beste edozein euskarrirena, baita, kasua bada, diruz lagundu diren argitalpenen aleak ere.

b) Gastuen justifikazio kontua. Kontu hori V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, jardueran egindako gastuak bilduko ditu, eta, horietako bakoitzerako, hartzekoduna, zenbateko osoa eta ordainketaren data adieraziko ditu.

c) Aurreko kontuarekin batera, hantxe adierazitako gastuak justifikatzen dituzten fakturak aurkeztuko dira, baita ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak ere.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz eginak izanen dira, honako datu hauek adierazita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZa, faktura noiz egin den, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) eta egilearen sinadura.

Erreziboak eta/edo kutxako tiketak ez dira inola ere onartuko.

d) Laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria, entitateko lehendakariak ontzat emana, non azalduko baitira jarduera gauzatzeko harturiko bestelako diru-sarrerak, laguntzak edo dirulaguntzak, horrelakorik bada.

e) Dirulaguntzaren xedeko informazio edo prestakuntza jardueretako parte-hartzaileen sinadurak biltzen dituen dokumentua, VI. eranskinaren arabera.

12.2.2. Justifikatutako gastua aurrekontuko gastua baino txikiagoa bada, proportzio berean murriztuko da 7.2.d) oinarrian zehaztutako dirulaguntzaren zati aldakorra.

13. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek jarduera bera egiteko ematen dituztenekin.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

14. Onuradunek bete beharrekoak.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Proiektuaren edo jardueraren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan adieraztea dirulaguntza nork eman duen. Ildo horretan, elkarteek sustatzen dituzten eta deialdi honen arabera emandako laguntzak jasotzen dituzten programetan, argitalpenetan, iragarkietan eta abarretan adierazi beharko da Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan antolatzen direla. Aipamen hori Hezkuntza Departamentuaren jarraibideen arabera egin beharko da.

c) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

e) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztapen eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

h) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena ere aldatuko da, eta, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da, galarazi gabe kasuan kasuko berandutze interesak eskatu ahal izatea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluarekin bat.

i) Dirulaguntza jasotzen duten entitateek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte, eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.

15. Gardentasun betebeharrak.

Entitate onduradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aurreikusten den gardentasun betebeharra bete beharko dute. dirulaguntza jasotzen badute Nafarroako aurrekontu orokorren kontura eta ondoko bi inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako dirulaguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betetako aurrekontua.

b) Kasua bada, organo eskudunak entitateari onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretakoa.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko mugarekin informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zerbait kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16. Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza Departamentuak eskubidea du edozein motatako informazio osagarria eskatzeko eta diruz laguntzen diren jardueren ikuskapena eta kontrola egiteko.

Hezkuntza Departamentuak, bere eskumenen esparruan, federazio eskatzaileei ofizioz eskatzen ahalko die dokumentazio osagarria aurkez dezaten, egiaztatzearren benetakoak ote diren federazioa osatzen duten elkarteen kopuruari eta elkarturiko familiei buruz aurkeztutako datuak eta, hala denean, horiek ordaintzen dituzten kuotei buruzkoak.

Horregatik, deialdira aurkezten diren federazioek dokumentazio hori izan eta, hala denean, eman beharko diote Hezkuntza Departamentuari, egiaztapen eta kontrol jarduketak izan baititzakete.

17. Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

Deialdiaren oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, laguntza eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntza zertan erabili den ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak edo gezurrezko datuak emateak laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, baita ordainketaren egunetik aurrerako berandutze-interesak ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluak ezarritakoaren arabera kalkulatuak, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutako gainerako erantzukizunak, hurrengo deialdietan parte hartzeko eskubidea galtzea barne.

18. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

19. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarri hauetan ezarri ez diren gaietan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II., III., IV., V. eta VI. eranskinak, Nafarroako Gobernuaren izapideen fitxan daude.

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ikastetxeetako-ikasleen-gurasoen-elkarteen-federazioentzako-laguntza?pageBackId=5724839

Iragarkiaren kodea: F2414031