202. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Udal ordenantza, Eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari zein merkataritzari loturiko bestelako elementuak paratzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2024ko maiatzaren 30eko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Eremu publikoan terrazak eta ostalaritzari loturiko bestelako elementuak paratzea arautzen duen udal ordenantza. Erabakia 2024ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 18an.

Jendaurrean egoteko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (foru lege horrek hizpide du Nafarroako toki administrazioa), zeina aldatu baitzuen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak.

Uharten, 2024ko irailaren 10ean.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.

ORDENANTZA, EREMU PUBLIKOAN TERRAZAK ETA OSTALARITZARI ZEIN MERKATARITZARI LOTURIKO BESTELAKO ELEMENTUAK PARATZEA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Uharten, beste herri batzuetan bezala, ostalaritzako establezimendu jakin batzuek eremu publikoan terrazak eta antzeko elementuak jartzeko ohitura dute, negozioa zabaltzeko.

Partikularrek jendeari zerbitzu egiteko baliatu nahi dituztenean jabari publikoko ondasunak, hala nola karrikak, plazak, pasealekuak, parkeak eta gisakoak eta aprobetxamendu nahiz erabilera orokorreko gainerako obra publikoak, udalen kontrola behar da, jabari publikoaren aldi baterako erabilera hori administrazioaren ikuspuntutik arautu beharra dagoelako, zerbitzu pribatu horiek baldintza egoki eta seguruetan egiten direla bermatzearren.

Ildo berean, udalek bi eskubide hauek bateratu behar dituzte: batetik, jendeak zerbitzu pribatu jakin batzuk karrika, plaza eta abarretan egiteko daukan eskubidea eta, bestetik, gainerako herritarrek espazio publiko horiek osorik baliatzeko daukaten eskubide saihestezina, haien aprobetxamenduan eragozpenik izan gabe.

Tabakismoaren kontrako osasun neurriak finkatu eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituen abenduaren 26ko 28/2005 Legea aldatu zuen 42/2010 Legea, irailaren 30ekoa, onetsi zenetik, herritar askoren ohiturak aldatu dira, eta gora egin du nabarmen eremu publikoa terrazekin edo antzekoekin okupatzeko presioak. Eremu publikoaren erabilera intentsibo berri hori ostalaritzako establezimenduen ate inguruetan gertatzen da oro har eta, hiriko paisaia aldatzeaz gain, orain arte ia ezezagunak izan diren gatazkak ekarri ditu lokal jakin batzuetako erabiltzaileen eta inguruko bizilagunen artean. Komeni da bi alderdi horiek arautzea, hau da, batetik, gure karrika eta plazen estetika berria, gaurdaino erabili ez diren altzariak agertu direlako eta, bestetik, eremu publikoaren erabiltzaile berrien eta aldameneko etxebizitzetako bizilagunen arteko harremana. Lege berriaren ondorioz, bestalde, argi da eremu publikoa urte osoan erabiltzen dela; eguraldi hobeko hilabeteetan toki zabalagoa okupatu behar izaten da eta gainerakoetan, aldiz, txikiagoa.

Bestetik, aintzat hartu beharra dago azaroaren 23ko 17/2009 Legearen eragina (Zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legea), izan ere lege horrek Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an barne merkatuko zerbitzuei buruz onetsitako 2006/123/EE Zuzentaraua ekarri baitu gurera. Eta, aldi berean, hizpide dugun arloari dagozkion zenbait foru lege ere atera dira. Hala nola 15/2009 Foru Legea, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzkoa; 6/2010 Foru Legea, hainbat foru lege aldatu dituena 2006/123/EE Zuzentarauari egokitzearren, eta 7/2010 Foru Legea, Toki Administrazioari buruzko Foru Legea aldatu duena 2006/123/EE Zuzentarauari egokitzearren.

Merkataritzarako baliabideak izateaz gain, terrazek hiriari itxura jakin bat ematen laguntzen dute eta, gainera, topaleku bihurtzen dira maiz, baita gizarte bizitzaren dinamizatzaile ere.

Eremu publikoa okupatzen dutenez, terrazek beste erabilera batzuekin bateragarri behar dute izan, ez galarazteko ez oinezkoen joan-etorriak ez beste herritar batzuen jarduerak. Eta, bestalde, inguruarekin bat datozen baldintza estetikoen arabera instalatu behar dira, eta aldameneko etxebizitzetako herritarrei ez gogaitzeko moduan.

Horrez gain, araubide juridikoa ere arautu beharra dago, eskabideen tramitazioa eta baimenak eskuratzeko baldintza orokorrak finkatzeko bederen.

Bestalde, eta Terrazei buruzko 42/2010 Legea onetsi denetik, gora egin dute upelak eta gisa askotako euskarriak jartzeko eskabideek. Halako elementuak, berez mahaiak ez diren arren, mahaitako baliatzen dira eta ostalaritzako establezimendu batzuen sarreretan paratzen dira, oinezkoendako karriketan batez ere.

Era berean, gero eta ohikoagoa da loreontzi-euskarri handiak eta jendea erakartzeko bestelako apaindurak paratzea saltokietako, ostalaritzako establezimenduetako eta beheko solairuetan kokaturiko negozioetako ate inguruetan, eta halakoak ere arautu beharra dago, apaingarritako eta informazioa emateko baliatzen diren elementu horiek beren helburua bete dezaten eta, aldi berean, eremu publikoaren erabilera behar bezalakoa izan dadin, gainerako erabiltzaileei trabarik ez eragiteko.

Azkenik, ordenantza honek ostalaritzako egungo eskaera eta beharrei erantzuteko asmoa dakar.

Aipatu denez, beharrezkoa da kokalekuak definitzen dituen arauketa gaurkotu bat izatea, gisa honetako jarduerak udalerrian modurik hoberenean txertatzen direla bermatzeko, non jartzen diren, bide publiko horietako gainerako hiri altzariekin eta erabilerekin guztiz bateragarri izan daitezen.

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da ezartzea udal-mugartearen barruan dauden jabari publikoko lurren aprobetxamenduaren araubide juridikoa, lur horiek aldi baterako okupatzen direnean, dela terrazekin dela ostalaritzako zein merkataritzako establezimenduen jardueren osagarri diren bestelako elementuekin.

2. artikulua. Esparrua.

Ordenantza hau erabilera publikoko espazio guztiei aplikatuko zaie (karrika, plaza, barneko patio, espazio libre, berdegune eta abarrei), kontuan hartu gabe titulartasun publikokoak edo pribatukoak diren. Erabilera publikoa dutela erabakiko da bai izatezko egoerari begira bai indarreko planeamenduko determinazioen aplikazioari begira.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, honelakoak dira eremu publikoetan paratzen diren instalazio motak:

Terraza: jabari publikoko edo pribatuko lurzoru eremua, ostalaritzak berezkoak dituen jarduerekin zerikusia duen aprobetxamendua izan dezakeena bertan mahai, aulki, eguzkitako, babes eta haize-babesak jarrita, establezimendu horien barruan egiten den jarduera hedatzeko edo handitzeko eremu gisa. Kontzeptu hori modu zabalean ulertuko da, eta terrazak hainbat motatakoak izan daitezke (elementu finko mugatzaileak edukita edo ez, hainbat motatako mahai eta aulkiak dituztenak, itxitura iraunkorrak etab.). Instalazio horiek, kasu guztietan, aldi baterako izanen dira.

Terrazaren kontzeptuaren barruan, askotan hiriaren fisonomian aurkitzen diren hainbat modalitate daude, hala nola itxitura egonkorrak dituzten terrazak, edo mahai eta ohiko aulkien ordez upel eta tabureteak dituzten terrazak, terraza itxiak edo estaliak. Ordenantza honen aplikazioari begira, horrelako terrazek gainerako terrazei aplikatzen zaizkien baldintza orokor berberak bete beharko dituzte, beren ezaugarriei eta kokalekuei dagokienez.

Eremu irekiko terrazak: itxitura egonkorrik edo finkorik gabeko terrazak. Gehienez ere bi albo babestu dituztenak.

Terraza itxia edo estalia: itxitura-egitura egonkorra eta/edo finkoa eta estalia duten terrazak, aukera izan edo ez alboetako babesak, haize-babesak edo antzeko elementuak aldizka ireki, itxi edo erregulatu ahal izateko.

Apaingarriak: halakotzat joko dira eremu publikoan ostalaritzako edo merkataritzako establezimendu baten ondoan jartzen diren elementuak, helburua dutenak inguru hori edertzea edo eremu publikoko erabiltzaileei deigarri gertatzea establezimenduaren barnean eskaintzen diren produktuak. Halakotzat joko dira loreontziak, figura apaingarriak, menuko kartak eta gisako elementu guztiak.

Eguzki-babesa: halakotzat joko dira terrazako erabiltzaileak eguzkiaren izpietatik babesteko jartzen diren elementuak oro, euskarritako paldoa duten eguzkitakoak izan edo egitura autosostengarri baten gainean paraturiko eguzki-oihalak izan. Nolanahi ere, eguzkitako horiek erraz kentzeko modukoak izan beharko dute eta, beraz, egitura arina eta desmuntagarria izanen da, eta ezin izanen da lurrari tinkatuta egon, non eta ez den udal agintaritzak erabaki beharreko kasu bereziren bat.

Berogailuak: halakotzat joko dira terrazak hartzen duen eremua berotzeko ezartzen diren elementuak oro. Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak homologaturiko ereduak baizik ezin izanen dira jarri. Kontsumo apaleko gailuak beharko dute izan, eta kontuan hartuko da beti ingurumenaren jasangarritasuna ardura handiz zaindu beharra dagoela.

Galtzadetako gehigarriak: kontzeptu honetan sartzen dira erraz desmunta daitezkeen elementuak, espaloi bat handitzen laguntzen dutenak, terraza bat errazago jartzeko haien gainean.

4. artikulua. Baimenak.

1. Halako instalazioak ezarri baino lehen udal baimena eskuratu beharko da, ordenantza honetan eta aplikatzekoa den araudi sektorialean ezarritakoari jarraikiz.

2. Baimenaren agiria, xehetasun planoa eta ezarritako elementuen homologazioak, edo haien fotokopia, jarduera egiten den tokian egon beharko dira, betiere erabiltzaileek eta herritarrek garbi ikusteko gisan, eta Udaleko funtzionarioen eta Udaltzaingoaren eskura. Organo eskudunak onetsitako baimenean honako alderdi hauek jasoko dira, gutxienez ere: baimenduriko espazioaren neurriak, funtzionamendu orduak, kokalekua, zer elementu dauden eta zenbat eta nolakoak diren, eta erabilera mugatzen duten baldintzak.

3. Interes publikoko inguruabarrak tartean daudelako (obra publiko zein pribatuak, ekitaldi publikoak, oinezko kopuru handiak, irisgarritasun kontuak, larrialdiak, bide segurtasunari dagozkion aferak edo beste edozein), ezin bada lurzorua baimenduriko erabilera horretarako egiazki baliatu, baimena baliorik gabe geldituko da inguruabar horiek desagertu arte, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.

4. Halaber, interes publikoaren arrazoiak direla eta, administrazio emaileak bere kabuz eta kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortu gabe kentzen ahal ditu baimenak, geroago onetsitako baldintza orokorrekin bateraezinak direnean, jabari publikoari kalte egiten diotenean, interes publiko handiagoko jarduerak galarazten direnean edo guztien erabilera trabatzen denean.

5. Baimena emateko baldintza izanen da erabili edo konpondu ahal izatea okupazio eremuan diren ur-harguneak, estalkiak, erregistroak eta gainerako instalazioak.

6. Baimenak hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubideari eutsiz emanen dira.

II. TITULUA.–INSTALAZIOEN EZAUGARRIAK

5. artikulua. Terrazetako elementuak.

1. Honako hauek dira, oro har, terraza baten osagaiak: eguzkitakoak, apaingarriak, alboetako babesak, haize-babesak eta berogailuak, eta mahaiak eta aulkiak; baina beste mota batekoak ere erabili ahalko dira, upelak, mahai altuak eta tabureteak, besteak beste.

2. Zerrendaturiko elementu horiek ez daude halako instalazio jakin bati lotuta, hau da, instalazio berean elementu desberdinak nahas daitezke, karrikaren ezaugarriei eta establezimenduaren beharrei hobeki egokitzeko asmoz.

Nolanahi ere, upelak eraikinaren fatxadari itsatsita jarri beharko dira.

3. Salbuespen gisa, bestelako babes batzuk ere erabili ahalko dira, baina, horretarako, teknikari eskudun batek sinaturiko proiektua aurkeztu beharko da aldez aurretik, baimenaren ebazpenean jasoko diren ezaugarriak betetzen dituena.

4. Terrazako elementuak ezin izanen dira zoladuran tinkatu, ez bada salbuespenez baimen berariazkorik eskuratzen, eta aise desmuntatzeko modukoak izanen dira. Nolanahi ere, behin elementua desmuntatuta, eskatzaileak zoladura lehengoratu beharko du.

5. Zeinahi ere diren terrazaren instalazioan erabiltzen diren elementuak, terrazatako erabilitako espazioaren okupazioak, oro har, honako dentsitatea izanen du gehienez ere: mahai 1 eta 4 aulki terrazaren 2 × 2 m-ko modulu bakoitzeko (hau da, 4 lagun 4 m²-ko, pasabidea barne). Upel, mahai altu eta/edo tabureteen kasuan, dentsitate hori 1 m²-koa izanen da. Azken elementu horiek fatxadari itsatsita jartzen ahalko dira, baina fatxadaren diametrorik zabalenean gehienez ere 70 cm-ra irtenda, eta kokatuta dauden espaloiak 1,80 metrotik gorako zabalera duenean bakarrik. Nolanahi ere, horrelako elementuek espaloian modu linealean okupatzen duten espazio libreak 1,20 cm-koa izan beharko du gutxienez; beraz, upelak eta beste elementu batzuk jartzeko baimena espaloiaren gutxieneko zabalera horren mende egonen da, eta elementu horien neurriek adierazitako pasabide librea errespetatu beharko dute beti.

6. Terrazak eremu publikoan hartzen duen espazioa garbiro eta era iraunkorrean egonen da mugatua, zehaztuko den seinalizazio sistemaren bidez: baimendutako azalera mugatzen duen poligonoaren erpinetan jarritako pinturak edo antzeko zerbait. Establezimenduak plano kotatu bat izan beharko du fatxadan, baimendutako gehieneko okupazio-espazioa deskribatzen duena.

5.1. artikulua. Elementuen segurtasuna.

1. Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak. Jabearen erantzukizuna izanen da baldintza horiek mantentzea.

2. Haizea harrotzen denean eguzkitakoak tolestu eta bildu beharko dira, baldin eta haizearen abiadura bada fabrikatzaileak segurtasun baldintzak mantentzeko gehienekotzat jotzen duena edo handiagoa.

3. Terraza haizeak tai gabe jotzen duen toki batean kokaturik egoteagatik egoerak hartaratzen badu, baimena ematen ahalko da haize-babesak paratzeko. Nolanahi ere, Udalak babesteko elementu horiek paratzeko galdatzen ahalko du, beharrezkoa iruditzen zaionetan.

Terrazako elementuek ezin izanen dute inola ere gainditu, ez lurzoruaren gainean ez garaieran, terrazarako baimenduriko eremuaren proiekzio bertikala.

Terraza zerbitzurik eman ezin den ordutegietan, asteko atsedenagatik, oporrengatik edo establezimendu nagusiaren bestelako itxiera-motengatik itxiera egunetan, terraza irekiak osatzen dituzten elementuak (eguzkitakoak, apaingarriak, berogailuak, mahaiak eta aulkiak, upelak, mahai altuak eta tabureteak, etab.) bide publikotik kendu beharko dira, eta terraza itxietan edo horiei atxikitako ostalaritza-lokaletan bertan biltegiratu beharko dira, ordenantza honen 11.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.2. artikulua. Elementu bakoitzaren ezaugarriak:

–Mahaiak eta aulkiak: mahaiak karratuak zein biribilak izan daitezke, eta 80-100 zentimetroko alboa edo diametroa dutenak. Erraz garbitzeko moduko materialekoak izanen dira. Hanken azpian gomazko edo neoprenozko babesak jarriko dira, arrastaka eramatean ahalik eta zaratarik txikiena egin dezaten. Udalak beste neurri bateko mahaiak ere baimendu ditzake, espazio erabilgarriaren arabera eta eskatzaileak eskatuta.

–Eguzkitakoak: eguzkitako delako babes elementua oihalezkoa izanen da, olana motakoa edo antzekoa. Eguzkitakoen garaiera, gutxienez ere, 2,20 metrokoa izanen da eta, gehienez ere, 3,50 metrokoa. Nolanahi ere, lehenago azaldu den moduan, eguzkitako horiek erraz kentzeko modukoak izan beharko dute eta, beraz, egitura arina eta desmuntagarria izanen da eta ezin izanen da lurrari tinkatuta egon, non eta ez den udal agintaritzak erabaki beharreko kasu bereziren bat.

Eguzkitakoek ez dute inola ere izanen terrazarako baimenduriko eremutik irteten den elementurik.

–Alboetako babesak eta haize-babesak. Ezin izanen dira lurzoruan tinkatu, eta oro har, haize-babesek batez ere, 40 zentimetroko sakonerako eta 35 zentimetroko altuerako jardinera bat izanen dute euskarritako, kontrapisu gisa.

–Berogailuak: Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak homologaturiko ereduak baizik ezin izanen dira jarri. Kontsumo apaleko gailuak beharko dute izan, eta kontuan hartuko da beti ingurumenaren jasangarritasuna ardura handiz zaindu beharra dagoela.

Berogailuak erraz desmuntatzeko modukoak izanen dira eta, hortaz, ezin izanen dira zolan tinkaturik egon. Diseinuak (dimentsioak, pisua etab.) aukera emanen du lekuz aise aldatzeko eta, horrexegatik, gas-berogailuen erregai-botilak askatu eta kentzeko modukoak izanen da; argindarraren bidezko berogailua izanez gero, sarerako hargunea lurpean egon beharko da, behar den udal lizentzia eskuratu beharko delarik horretarako.

–Upelak eta tabureteak: Upelak, mahai altuak eta tabureteak paratzen ahal dira, betiere pisu eta neurriengatik eraman errazak badira. Upel eta mahaien gehieneko neurriak, zatirik zabalenean, 70 cm-rainokoak izanen dira alboan edo diametroan, eta 1,20 metroko altuera izanen dute. Upelerako altuera egokiko tabureteak izanen dira.

Erraz garbitzeko moduko materialekoak izanen dira. 1,80 metrotik gorako zabalera duten espaloietan soilik jartzen ahalko dira, eta, nolanahi ere, espaloian 1,20 metroko espazio librea utzi beharko dute, eta upelaren neurriak okupatu gabeko espazio hori errespetatu beharko du.

Tabureteen hanken azpian gomazko edo neoprenozko babesak jarriko dira, arrastaka eramatean ahalik eta zaratarik txikiena egin dezaten.

6. artikulua. Apaingarriak.

1. Elementu horietarako baimena lortzeko ez da beharrezko izanen establezimenduak bere jarduerari loturiko terraza bat izan dezan.

2. Oro har, ez da argindarra behar duen elementurik baimenduko. Karrika edo etxe-sail multzoen proiektuen salbuespenezko kasuetan baino ez dira onartuko argindarra behar duten elementuak, eta halakoetan aplikatzekoa den araudia bete beharko da beti.

3. Paratzen diren elementuen itxurak bat etorri beharko du ingurunearekin (koloreak, materialak, formak etab..).

III. TITULUA.–EREMU PUBLIKOAREN BALDINTZAK INSTALAZIORAKO

7. artikulua. Eremu publikoaren baldintza orokorrak instalazioari begira.

1. Eremu publikoetan terrazak eta apaingarriak paratzen direnean, eremu horien erabilera orokorra errespetatu beharko da, lehentasuna baitu. Hortaz, ez diete traba eginen oinezkoen joan-etorriei, ezta kalterik ere oinezkoen edo ibilgailuen segurtasunari.

2. Udal agintari eskudunek instalazio horietarako baimenari ezetz esan diezaiokete honelako inguruabarrak tarteko:

–Galtzada gurutzatu behar denean instalazioaz arduratzeko.

–Bide segurtasunari kalte egiten zaionean (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen denean.

–Inguruko eraikinen eta lokalen segurtasunean (ebakuazioa) eragina duenean.

–Berdeguneak edo lorategiak okupatzen dituztenean.

–Ekipamenduak edo hornigarriak (bankuak, iturriak, telefono kabinak etab.) erabiltzea galarazten badu, edo modu larrian zailtzen.

3. Oro har, terraza non jarri nahi den, karrika horretara ematen duen fatxada duten establezimenduei baino ez zaie baimenik emanen terrazak eta antzeko elementuak jartzeko.

Oinezkoendako karriketan edo salbuespenezko beste kasu batzuetan, bestelako kokalekuak eta bestelako neurriak ere onartzen ahalko dira, eta alderdi horiek baimenaren ebazpenean jasoko dira.

4. Udal agintari eskudunak terrazak eta gisako elementuak ezin para daitezkeen eremuak finka ditzake interes publikoak hala eskatzen badu, trazadura, kokapena, bide segurtasuna, oinezkoen joan-etorri handia, saturazioa, ikuspena, irisgarritasuna edo beste edozein inguruabar dela eta.

5. Oinezkoendako eremuetan terrazak, kioskoak eta antzeko elementuak paratzeko eskabideak kasuan kasuko ezaugarri berezien arabera ebatziko dira, betiere kontuan hartuz ingurunea, begi-inpaktua, jendearen eta ibilgailuen joan-etorria, irisgarritasunaren gaineko araudia, atarietako sarbideak eta egokitzat jotzen diren gainerako inguruabar guztiak.

8. artikulua. Bide publikoaren baldintzak terrazen instalazioari begira.

1. Oro har, terrazak zer establezimenduri lotuta dauden, establezimendu horren eraikineko fatxadaren ondo-ondoan kokatuko dira eta fatxada horren lerrokadurarekiko paraleloan. Establezimenduko fatxadaren zabalera nolakoa, halakoa edo txikiagoa izanen da terraza eta haren aurrean kokatuko da. Galtzadaren aldean oinezkoak pasatzeko eremu bat gorde beharko da, terrazako langileek ez dezaten oinezkoen ohiko joan-etorria eragotzi.

Terrazen gehieneko azalera, irekiak nahiz itxiak izan, 60 m²koa izanen da, eta eremu bakar batean elkartuta egon beharko du, terraza eten gabe edo terraza barreiatuak eten gabe.

Ahal dela, azalera hori bat etorriko da lokalaren muga edo fatxadetako batekin. Hala ere, establezimenduaren fatxadak eta gutxieneko sakonerak azalera handiagoa eragin badezakete, ezin izanen da inola ere gainditu aurreko paragrafoan ezarritako gehieneko azalera.

Terrazak hartzen duen azaleraren banaketa eta kokapen zehatza Udalak berak ezarriko du, interesdunei eta ukitutako hirugarrenei entzun ondoren, eta azalera horren behin betiko mugaketa Udaltzaingo Zerbitzuak seinaleztatuko du.

2. Terraza galtzadaren ondoan jarri behar bada, luzetara jarriko da, espaloi ertzarekin hegiz hegi eta hartatik 30 zentimetro bederen urrunduta, aparkaturiko ibilgailuetako bidaiarien sarrera-irteerak ez oztopatzeko, non ez dagoen babes-hesiren bat, halakoetan gutxienez 10 zentimetroko tartea gorde beharko baita.

3. Ez da zilegi izanen terraza bat fatxadaren ondoan paratzea eta, espaloi tarte berean, beste terraza bat paratzea ertzaren ondoan.

4. Oro har, ezin izanen da terrazarik jarri oinezkoendako pasabideen parean, minusbaliotasuna dutenentzat erreserbatutako aparkalekuen parean, autobus eta taxien geralekuen parean eta edukiontzien parean; halako tokietan jarri ahalko da, soilik baimena ematen denean terraza eraikinaren fatxadaren ondoan jartzeko eta, gainera, terrazaren eta espaloi ertzaren artean gutxienez ere 4 metroko tartea dagoenean oinezkoak pasatzeko.

5. Oro har, ez da terrazarik baimenduko ez ataripeetan, ez arkupeetan, ezta estalitako bide tarteetan edo antzekoetan ere. Terraza eta establezimenduaren artean ataripe bat dagoenean, terraza eraikinaren kanpoko lerrokaduraren ondo-ondoan kokatuko da, ataripetik kanpo.

6. Espaloiaren zabalera 10 metrotik goitikoa duten oinezkoendako eremuetan izan ezik, eguzkitakoek ezin izanen dute alboko itxiturarik izan ez atzean ez alboetan.

8.1. artikulua. Espaloietako terrazak.

1. Terrazak espaloietan kokatzen direnean, gorde beharko da gutxienez ere 2 metroko zabalera duen eta oztoporik ez duen oinezkoendako pasabide bat.

Salbuespenez, ezin bada terrazarik kokatu oztoporik ez duen pasabide hori gordez, titularrak upelez edo mahai garaiz eta taburetez osaturiko ilara bakarreko terraza bat jartzen ahalko du, fatxadaren kontra. Halakoetan, terrazaren aurrean gutxienez ere 1,20 metroko zabalera duen eta oztoporik ez duen oinezkoendako pasabide bat egonen da, eta upelez edo mahai garaiz eta taburetez osaturiko ilarak metro bateko zabalera izanen du.

2. Udal teknikariaren iritzi arrazoituaren ondorioz, eta betiere oinezkoen joan-etorriarekin zerikusia duten arrazoi justifikatuak direla eta, oinezkoendako pasabide libre horren ezaugarriak aldatzen ahalko dira.

3. Oztoporik gabeko zabalera hori neurtzerakoan, ondokoak joko dira zabalera mugatzen duten oztopotzat: hiri altzariak, hots, landare-ontziak, farolak, bidegorriak eta espaloietan dagoen beste edozein elementu, beste terraza batzuek hartzen duten eremua barne.

8.2. artikulua. Oinezkoendako eremuetako terrazak.

1. Oinezkoendako eremuetan terrazak jartzen direnean, ibilgailu ofizialak, hau da, suhiltzaileenak, poliziarenak, anbulantziak, garbiketakoak eta abarrak pasatzeko moduko oinezkoendako pasabide bat gorde beharko da, oztoporik gabeko 3,50 metroko zabalera duena gutxienez ere.

Terraza 10 metrotik gorako zabalera duen oinezkoendako eremu batean badago eta oinezkoendako kale horren ezaugarriak direla-eta hala egiterik badago, fatxaden ondoan edo oinezkoendako eremuaren erdialdean jartzen ahalko da terraza, Udalak zer erabakitzen duen. Kalearen diseinua eta neurriak, ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorria, ingurunearen baldintza estetikoak eta abar kontuan hartuz erabakiko da hori. Terrazak fatxadaren ondoan jartzen badira, kalearen erdialdean oinez ibiltzeko moduko tarte bat dagoela bermatuko da beti. Tarte horrek ez du inolako oztoporik izanen eta gutxienez ere 2 metroko zabalera izanen du. Terraza jartzen bada kalearen erdialdean, bermatuko da terrazaren bi aldeetan oinez ibiltzeko moduko bi pasabide daudela. Pasabide bakoitzak 2 metrotik gorako zabalera izanen du, eta bi aldeetako establezimenduek terrazarako eremu hori partekatu beharko dute.

Terraza oinezkoendako kalearen erdialdean jartzerik badago, establezimenduko langileen lana errazteko instalazio osagarri bat baimentzen ahalko da, establezimenduko langileak ahalik eta gutxien ibil daitezen pasabidea zeharkatzen.

2. Udal teknikariaren iritzi arrazoituaren ondorioz, eta betiere oinezkoen joan-etorriarekin zerikusia duten arrazoi justifikatuak direla eta, oinezkoendako pasabide libre horren ezaugarriak aldatzen ahalko dira.

3. Oztoporik gabeko zabalera hori neurtzerakoan, ondokoak joko dira zabalera mugatzen duten oztopotzat: hiri altzariak, hots, landare-ontziak, farolak, bidegorriak eta espaloietan dagoen beste edozein elementu, beste terraza batzuek hartzen duten eremua barne.

9.1. artikulua. Eremu publikoaren baldintzak apaingarriei begira.

1. Elementu horiek fatxaden kontra jarriko dira eta ez dira metro bat baino gehiago aterako, behar bezala justifikaturiko kasuetan izan ezik, erabili beharreko elementu motak hala eskatzen duelako eta betiere espaloiaren ezaugarriek posible egiten baldin badute oinezkoendako ohiko joan-etorria ez eragoztea.

2. Establezimenduaren beraren fatxadako mugen arteko eremuan baizik ezin dira jarri, eta ezin dira okupatu aldameneko saltokietako edo atarietako eremuak.

3. Apaingarriek ezin izanen dituzte inola ere trabatu edo mugatu establezimendura edo aldameneko atari, garaje eta abarretara sartzeko edo handik ateratzeko baldintzak.

4. Ez da inola ere baimenduko fatxadetan erlaitzak instalatzea.

9.2. artikulua. Terrazek galtzada hartzea.

1. Salbuespenez eta arrazoituta, espaloiek ez dutenean behar adinako tamaina terrazak 8.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera paratzeko, udal agintaritzak baimena ematen ahalko du galtzadetan gehigarriak ezartzeko, terraza haien gainean paratzeko. Espaloiak behar adinako tamaina badu terraza normala paratzeko, ez da baimenik emanen galtzadan gehigarria ezartzeko.

2. Oro har, galtzaden gehigarrietan paratzen diren terrazek espaloietako terrazen baldintza orokor berberak bete beharko dituzte, baina muga batekin: oinezkoei eta ibilgailuei ez diete inolaz ere eragotzi behar eremu publikoan normal ibiltzea.

3. Galtzadaren okupazioa egitura eramaile baten bidez eginen da, galtzadaren zoladura ondoko espaloiaren zoladurak duen maila berera igotzeko aukera ematen duena, galtzadetarako sarbidean irtengunerik eta eskailera-mailarik ez duelarik.

4. Instalazioa eginen da metalezko bastidore modularrez osatutako elementuen bidez, espazio erabilgarriaren formara eta neurrietara egokitzen ahal baitira; kanpoaldean erabiltzeko egokia den zurezko zorua jarriko da horien gainean. Bestelako edozein instalazio tekniko paratzeko udal agintari eskudunaren baimena beharko da.

5. Betiere, galtzadaren gehigarrietan terrazak instalatzean establezimenduaren fatxadaren parean dauden aparkatzeko tokiak soilik hartuko dira, halakorik baldin badago, eta ez dituzte inola ere okupatuko beste leku batzuetako aparkalekuak. Egituraren neurriak ezin izanen dira izan establezimenduko fatxadaren zabalera eta aparkatzeko eremu okupatuaren sakonera baino handiagoak, betiere aparkatzeko toki okupatuen tipologia eta ezaugarrietara egokitu beharko baitira (ilaran edo baterian). Salbuespen gisa, eta bi metroko distantzia soziala mantentzea nahitaezkoa den bitartean, baimendu ahalko dira establezimenduaren fatxadaren zabalera gainditzen duten terrazak. Udal agintzaritzak zehaztuko du terrazen zabalera, kontuan hartuta kokalekua eta ingurua, baina inoiz ez da izanen establezimenduaren fatxadaren zabalera halako bi baino handiagoa. Nolanahi ere, Udalak beretzat gordetzen du ahalmena salbuespenezko handitze hori lehenago iraungitzeko, hots, bi metroko distantzia sozialaren betebehara bukatu aurretik, edo luzatzekoa, betebehar hori bukatu denean.

Baterian aparkatzeko eremu batean jartzen diren terrazen kasuan, terrazako elementuen eta ondoko aparkalekuak inguratzen dituen lerroaren artean gutxienez ere metro bat utzi beharko da. Neurri hori proiekzio horizontalean hartuko da galtzadaren gainean.

6. Galtzadan instalatutako terrazarako sarbide bakarra ondoko espaloitik eginen da; instalazioaren ezaugarriek eragotziko dute fisikoki sartzea galtzadako edo aparkatzeko eremuko edozein puntutatik. Horretarako, eta terrazan daudenek erorikorik izan ez dezaten, inguru guztian babes elementuak jarriko dira, ezaugarri hauek izanen dituztenak:

–0,90 eta 1,20 metro arteko garaiera izanen dute. Haizea ibiltzen den lekuetan, haize-babesak paratzea baimentzen ahalko da, eta haien garaiera 1,60 metro bitartekoa izaten ahalko da gehienez ere. Elementu mugatzaileak gardenak izanen dira 90 cm-ko garaieratik gora.

–Ezin izanen dira lurrean lotu, eta euskarritarako, oro har, barruko aldean jarritako kontrapisua erabiliko da, jardinera edo antzeko zerbait, elementuaren egonkortasuna bermatzeko adinako pisua duena.

–Elementu hauen gehieneko luzera eta, oro har, pisua eta neurriak egokiak izanen dira, elementuak, kendu behar direnean, azkar kendu ahal izateko, prozedura arrunten bidez, establezimenduak dituen bitartekoak erabilita.

7. Instalazioaren diseinuak ahalbidetuko du galtzadako euri urak husteko sistemaren ohiko funtzionamendua, baita beste edozein instalazio edo zerbitzu publikorena ere. Bereziki, terrazak ez du trabarik eginen zerbitzu publikoetako (estolda-zuloak, kutxeten estalkiak, putzuak eta abar) oinarrizko elementuen sarbidean edo funtzionamenduan.

8. Eguzkitakoak jartzeko eskaera egiten bada, 5.2 artikuluan elementu horientzat ezarritako neurriak eta ezaugarriak beteko dira, salbuespen batekin: galtzadaren gehigarriaren inguruan jartzen diren mugatzaileek gehienez ere 2,50 metroko garaiera izanen dute, galtzadaren mailatik neurtuta, ez dadin inolaz ere galarazi galtzadako trafikoaren zirkulazioa arautzen duten elementuak behar bezala ikustea.

9. Instalazio guztia, beste edozein terraza bezala, erraz desmuntatzekoa izanen da eta, beraz, ezin izanen da zoladuran ainguratu, eta diseinuak (neurriak, pisua etab.) aukera emanen du erraz lekualdatzeko; erraz desmuntatzeko baldintza hau terrazak izan ditzakeen elementu edo instalazio guztiei ere aplikatuko zaie.

10. Mota honetako terrazak instalatzeak proiektu teknikoa egitea eskatuko du, teknikari eskudun batek sinatua. Bertan argi eta garbi justifikatu beharko da aurreko zehaztapenak betetzen direla, baita terraza salbuespenezko leku horretan jarri nahi izateko arrazoiak ere. Halaber, proiektu teknikoak funtzionamendu eta segurtasun baldintzak bermatuko ditu, bide publikoan ibiltzen diren oinezkoentzat eta ibilgailuentzat.

IV. TITULUA.–FUNTZIONAMENDURAKO BALDINTZAK

10. artikulua. Funtzionamendurako baldintza orokorrak.

1. Terrazak paratzeko baimena emanen da soil-soilik jarduera nagusia ostalaritzakoa duen establezimendu bateko elementu osagarriak edo lagungarriak direnean.

2. Baimenen edo kontzesioen titularrek instalazioak eta elementu guzti-guztiak behar bezain garbi eta apain mantendu beharko dituzte, eta segurtasun baldintza egokiak betetzen dituztela bermatu. Horretarako, hondakinak bildu eta gordetzeko elementu egokiak eduki beharko dituzte.

3. Baimen edo kontzesioen titularren erantzukizuna da establezimenduko erabiltzaileek auzokoei traba egiten ez dietela begiratzea.

4. Higiene eta osasun arloko baldintzei eta kontsumitzaileak nahiz erabiltzaileak babesteari buruzko araudi orokorrean biltzen diren xedapenak aplikatuko zaizkie ordenantza honen xede diren instalazioei.

5. Arau orokor gisa, debeku da honelako elementuak paratzea:

a) Ur hornidurako, saneamenduko eta/edo elektrizitateko harguneak.

b) Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak eta/edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak edo antzeko beste edozein.

c) Josteta makinak, ausazko jokoen makinak, billarrak, futbolinak edo antzeko beste edozein.

d) Irudi eta/edo soinu erreproduzitzaileak, hala nola musika-ekipoak, bozgorailuak, telebistak edo beste edozein (ekipo informatikoak, karaokeak, etab.)

e) Haurrendako josteta makinak jarri ahal izateko udal agintarien baimen berariazkoa beharko da.

6. Arau orokor gisa, debeku da honelakoak egitea:

a) Zoladuran ezer finkatzea, non eta ez duen lizentziak halakorik baimentzen.

b) Establezimenduaren kanpoaldean ezin izanen da produkturik, gairik edo hondakinik gorde edo pilatu, ez funtzionamendu orduetan ez bestelakoetan, bai estetikari eta itxurari lotutako arrazoiengatik bai higieneari dagozkion arrazoiengatik.

11. artikulua. Terrazen funtzionamendurako baldintzak.

1. Terrazari lotutako jarduera nagusiak baimenduta duen ordutegia gorabehera, terraza erabiltzeko ordutegia 9:00etatik 23:00etara bitartekoa izanen da, eta bi ordu gehiago luzatzen ahalko da ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan.

Herriko jaietan eta bestelako egun berezietan, funtzionamendurako bestelako ordutegi batzuk finkatzen ahalko ditu Udalak.

2. Terrazen betebehar berariazkoak:

a) Terraza zabalik ez dagoenean, hots, baimendutako orduetatik kanpo edo oporrak direla-eta establezimendua itxita dagoenean, honela pilatu eta gorde beharko dira terrazako elementuak:

–Terraza zabalik izateko baimendutako ordu tartea bukatutakoan, titularrak egunero kendu beharko ditu eremu publikotik upelak edo antzeko elementu guztiak, terrazan halako elementurik balego, eta kendu beharko ditu, orobat, gas-berogailu guztiak, bai gailua bera bai erregai-botilak.

b) Terraza erabiltzeko baimenik ez dagoen ordutegian eta/edo ostalaritza-establezimendua itxita dagoenean (asteko atsedenagatik, oporrengatik edo edozein arrazoirengatik), terrazaren eremu irekia osatzen duten elementuak bide publikotik erretiratu beharko dira eta terraza itxian edo dagokion lokalaren barruan gorde.

Udalak, kontuan harturik establezimenduaren ezaugarriak eta terraza instalatzen den bide publikoaren neurriak, baloratuko du terraza irekiak osatzen dituzten elementu horiek terraza-zerbitzua ixteko orduetan bildu eta pilatzeko aukera, espazio publikoko gune jakin batean, ahalik eta neurri txikienak betez. Horretarako, Udaltzaingo Zerbitzuak berak seinaleztatuko du zein espaziotan pilatu beharko diren modu ordenatuan eta seguruan terraza osatzen duten elementuak. Aukera hori ez da aplikatuko urteko oporretan edo 5 egunetik gorako itxieretan, eta kasu horietan, irekitako terrazetako elementu horiek bide publikotik kendu beharko dira.

c) Titularraren terraza mugatzen duten markak behar bezala ikusten direla egiaztatu beharko du, eta garbi ikusten ez badira Udalari eman beharko dio horren berri.

d) Titularrak terraza itxi beharko du erabiltzaileak auzokoei eragozpenak sortzen ari badira, eta hari dagokio, halaber, galaraztea erabiltzaileek janari-edariak terrazarako baimendutako eremutik kanpo atera ditzaten.

e) Arau orokor gisa, kanpoaldean ezin izanen dira paratu terrazan zerbitzatzeko lagungarriak diren barrak edo bestelako elementuak, janari-edariak lokaletik beretik zerbitzatu beharko baitira.

Halako instalazioak behin-behinekoak izanen dira beti eta noiznahi kenarazten ahalko dira, honako hauekin zerikusia duten arrazioiengatik: ordenantza honen kontrako arau-haustea egitea, Udalarekin zorretan egotea eta abar.

V. TITULUA.–ARAUBIDE JURIDIKOA ETA ZEHAPEN ARAUBIDEA

I. ATALA.–TERRAZAK

12. artikulua. Udal lizentzia.

1. Terrazak edo bestelako elementuak eta osagarriak instalatu baino lehen udal baimena beharko da. Uharteko Udalaren organo eskudunak emanen du baimen hori.

2. Terraza edukitzeko baimena emanen zaie soilik irailaren 2001/2002 Foru Dekretuaren arabera taberna, kafetegi, taberna berezi eta ikuskizunetarako kafetegi gisa sailkaturiko establezimenduei.

3. Horretarako, interesdunak behar den eskabidea aurkeztu beharko du Erregistro Orokorrean, honelakoak zehaztuz:

a) Eskatzailearen izena eta bi abizen. Eskatzaileak funtzionamendurako udal lizentziaren titularra beharko du izan.

b) Titularraren datuak: helbidea, telefonoa eta NANa eta, hala behar denean, IFK zenbakia.

c) Jarduera nagusiaren izena eta kokalekua.

d) Erantzukizun zibileko asegurua, gutxienez ere 3.000 euroko bermeen estalgarri.

e) Terrazako elementuak eremu publikotik kendu behar direnean, titularrak haiek gordetzeko erabiliko duen lokalaren kokalekua eta deskribapena.

4. Itxiturak dituzten terrazak badira, baimena itxitura jakin baterako emanen da. Sustatzaileak itxituraren deskribapena egin beharko du eskabidearekin batera aurkeztuko duen proiektu tekniko berariazkoan, bertan xehe-xehe zehaztuko baitira ezaugarri guztiak. Nolanahi ere, baimena eskuratzeko erabili zen instalazioaren xehetasun-planoaren kopia erantsiko zaio baimenari, behar bezala zigilatua eta izenpetua. Udalak itxitura tipologia bat homologatu ahalko du, interesa duten establezimendu guztiek antzeko elementuak eta hiri-inguruari behar bezala egokitzen zaizkionak erabil ditzaten beren terrazak ixteko.

5. Udalak jakiten badu baimenaren eskatzailea, eta behar den udal lizentziaren titularra, ez dela egiazki jardueraz arduratzen dena, ezezkoa emanen dio baimenari. Eskatzaileak Uharteko Udalarekin edozein zor duenean ere, baimenari ezezkoa emanen zaio.

13. artikulua. Baimenaren ebazpena.

1. Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoa nahiz juridikoa egin ondoren, Udaleko agintari eskudunak legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena.

2. Aldeko ebazpena jakinarazita, Administrazioak terrazaren mugak markatuko ditu lurzoruan, dela pinturaz dela eranskailuen bidez.

14. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

1. Lizentziaren agirian zehaztuko dira instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak, hala nola, hartuko duten azalera, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak.

2. Lizentzia behin-behinekoa izanen da beti eta udal agintaritzak baimendutako instalazioak eremu publikotik kentzeko agintzen ahalko du trafikoko, urbanizazioko edo interes orokorreko beste edozein inguruabarrek hartara eramanez gero. Gastuak partikularraren kontura izanen dira, kalte-ordainetarako eskubiderik ez duela.

3. Lizentziaren titularra behartua dago instalazioak eremu publikoan eragindako kalte guztiak konpontzera.

4. Lizentzia eskuratuta eta tasa ordainduta, titularrak ahalmena izanen du lizentzian zehazturiko espazio publikoko puska erabiltzeko.

5. Aldameneko eraikinean edo establezimenduaren eraikin berean jarritako aldamioek eta/edo markesinek terrazari eragiten diotenean, udal agintaritzak ezezkoa eman diezaioke terrazaren instalazioari.

6. Baimenek ostalaritzako establezimenduetako titularrei terrazak paratu eta zuzenean ustiatzeko ahalmena ematen diete; ezin dira, hortaz, ez errentan eman ezta hirugarrenei inola ere laga.

15. artikulua. Indarraldia eta berritzea.

1. Lizentziak gehienez ere hamabi hilabeterako emanen dira, eta zein urtetan ematen diren, ezin dute inola ere urte natural hori gainditu.

2. Indarraldi hori etenik gabea izanen da upel, taburete eta gisakoek osaturiko instalazioetarako, eta apiriletik irailera bitartekoa izanen da terrazetarako.

3. Indarraldia bukatutakoan titularrak ez badu lizentzia luzatzeko baimena lortu, okupaturiko eremua lehengoratu beharko du, eta instalazio guztia kendu, upelak, tabureteak eta abarrak izan ezik.

4. Lizentziak automatikoki berrituko dira, eta ez da agiririk aurkeztu beharko, terrazan aldaketak egin edo titularra aldatu ezean; kasu horretan, aurreko paragrafoa aplikatuko da, upelak, tabureteak eta abar barne, eta berriz eskatuko terrazarako baimena.

II. ATALA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA

16. artikulua. Ikuskapenak.

Udalak beteko ditu ikuskapen eta zainketa lanak, ordenantza honetan ezarritako arauak zorrotz betetzen direla begiratzeko bai jarduera egiteko moduaz bai gainerako aginduei dagokienez.

17. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1. Alkatetzak, badaezpadako eta berehalako neurri gisa, eremu publikoan lizentziarik gabe paraturiko terrazak edo bestelako elementuak kentzen ahalko ditu, eta orobat biltegiratzen ahalko ditu, horretarako bereizitako tokiren batean; hori guztia, baztertu gabe arauzko zehapenak jartzea.

2. Terrazak edo bestelako elementuak lizentzian zehazturiko baldintzekin bat etorri gabe paratu badira, Alkatetzak xedatuko du egintza horiek berehala bertan behera uzteko. Instalazioaren titularrak ez badu instalazioa kentzen edo ez badu terraza egokitzen emandako lizentzian ezarritako baldintzetara, subsidiarioki betearaziko da agindutakoa.

3. Lizentziaren indarraldia bukatutakoan terrazak edo bestelako elementuak bertan egotea, udal baimenik ez izatearen parekoa izanen da, zehapen kontuei dagokienez.

18. artikulua. Betearazpen subsidiarioa.

1. Espazio publikoan paraturiko elementuak aurreko artikuluan xedatuaren arabera kentzea legezkotasuna leheneratzea dela ulertuko da. Berrezartze horren erantzuleak ez badu bere borondatez hura gauzatzen, Udalak instalazioa kenduko du eta horretarako bereizitako tokiren batean biltegiratuko du. Instalazioa handik eramateko, jabeak behar diren gastu, kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aldez aurretik.

2. Kapitulu honetan xedatutakoaren arabera kendutako elementuak gehienez ere 3 hilabetez biltegiratuko dira. Interesdunak ez baditu epe horretan jasotzen, Udalak elementu horiek suntsitu, saldu edo lagatzeko ahalmena izanen du.

19. artikulua. Arau-hausteak.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen XI. tituluan xedatutakoaren babespean eta ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak izan daitezke arinak, astunak eta oso astunak.

1. Hona hemen falta arinak:

a) Terrazaren funtzionamendua ezarritako ordutegitik kanpo luzatzea.

b) Ordutegiak ez betetzea.

c) Baimendutako elementuak baino elementu gehiago paratzea (mahaiak, aulkiak eta bestelako osagarriak).

d) Mahaiak, aulkiak edo osagarriak baimenduriko kokalekutik kanpo paratzea.

e) Okupaturiko espazioa behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez.

f) Okupaturiko eremua egunero ez garbitzea.

g) Mahaiak, aulkiak eta bestelako elementuak establezimendutik eta/edo mugaturiko eremutik kanpo tolestea, pilatzea eta gordetzea, funtzionamendu orduetan.

h) Terrazetan musika aparatuak edo bozgorailuak paratzea.

i) Lizentzian ezarritako baldintzak edo ordenantza honetan ezarritako araudia ez betetzea, baldin eta astuntzat edo oso astuntzat jotzeko kasuak ez badira.

j) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen arinak sortzea, edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

k) Terrazako elementuak behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunari eta apaindurari dagokienean.

2. Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Terrazak eta bestelako elementu osagarriak baimenik gabe instalatzea.

b) Baimendu gabeko bestelako elementuak instalatzea.

c) Instalazioak udal lizentziarik ez duelako edo lizentzian ezarritako baldintzei egokitzen ez zaielako Udalak kentzeko eskatu eta agindua ez betetzea.

d) Urtebeteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

e) Irisgarritasunari buruzko araudia betetzeko, espazioen eta pasabide libreen neurrien gainean xedatutakoa ez betetzea.

f) Okupaturiko eremua eta ingurua behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez.

g) Terrazan baimendu gabeko elementuak instalatzea.

h) Baimendu gabeko ezein euskarri erabiltzea terrazaren instalazioaren osagarri.

i) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen astunak sortzea, edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

j) Espazio publikoa ez lehengoratzea.

3. Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) Larriki eta nabarmen hondatzea bide publikoak, edo haietako edozein instalazio eta elementu, izan higigarri nahiz higiezin, ez baldin badira herritarren segurtasuna asaldatzeak eragindakoak.

b) Agindua ez betetzea Udal Agintaritzak terrazak edo bertako elementu batzuk edo guztiak kentzeko agintzen duenean, trafikoarekin, urbanizazioarekin, interes orokorrarekin nahiz Udalaren interesarekin zerikusia duten arrazoiak egoteagatik, espazio publikoa erabiltzeko eskubidea duten beste batzuei erabilera hori galarazten zaielako.

c) Emakidaren titularra edo ohiko laguntzailea ez den beste norbaitek ustiatzea jarduera.

d) Berariaz baimendutakoa ez besteko edozein jardueran aritzea.

e) Eremu publikoa aprobetxatzeari dagozkion ordainarazpenak ez ordaintzea.

f) Terrazako instalazioa jartzea halako moldez non trabatu edo galarazi egiten baita ikustea edo behar bezala erabiltzea udal zerbitzu eta instalazioetarako eremu publikoan jarrita dauden elementuak.

g) Eremu publikoaren lurzorua argitalpenekin okupatzea edo inguruan nahiz hurbilean paratzea, jendearen joan-etorria oztopatzen duten elementuak edo hiri-ingurunea hondatzen dutenak.

h) Terrazako instalazioaren eskualdatzea, azpierrentamendua edo lagapena.

i) Urtebetean 3 arau-hauste astun egitea.

j) 20. artikulua. Zehapenak:

1. Ordenantza honetako arau-hausteak isunen bidez zehatuko dira, honako eskala honi jarraikiz:

a) Arau-hauste arinak: 60tik 400 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunak: 401etik 800 eurora bitarteko isuna eta emandako lizentzia aldi baterako kentzea.

c) Arau-hauste oso astunak: 801etik 1.200 eurora bitarteko isuna eta emandako lizentzia aldi baterako kentzea.

2. Isuna %50 merkeago ordaintzen ahal da, zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondoko hogeita hamar egun natural iragan aitzin pagatzen bada eta inpugnazio orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada.

21. artikulua. Zehapenen bateragarritasuna.

1. Isuna gorabehera, instalazioa legeztatzen ahalko da, hala egitea bidezkoa bada, eta baimendu gabeko aprobetxamenduari dagozkion tasak eta errekarguak ordaindu beharko dira.

2. Era berean, ikuskapenean egiaztatzen bada baimendutakoa baino aprobetxamendu handiagoa egiten ari dela, abiarazten den zehapen espedientearen emaitzaz gain eta interesdunari lizentziaren baldintzei egokitzera behartzeaz gain, espazio publikoaren okupazioaren gehiegizko aprobetxamendu horren tasa ere likidatuko da, baimendu gabeko instalazioa egon den denborari dagokiona alegia.

3. Agindu berak tipifikaturiko hainbat arau-hauste egiten badira, hori ez da arau-hauste jarraitutzat joko, banan-banan zehatuko baitira.

22. artikulua. Mailakatze irizpideak.

Zehapenak ezartzerakoan behar den oreka gorde beharko da arau-haustearen astuntasun-mailaren eta ezartzen den zehapenaren artean; hala, aplikatu beharreko zehapena mailakatzeko, jarraikiko zaie legedian administrazio prozedura erkideari buruz jasotzen diren irizpideei eta jurisprudentziak oro har onartzen dituenei.

23. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

Arau honetan xedaturiko arau-hausteei dagokienez, oso astunek hiru urtera preskribatuko dute, astunek bi urtera, eta arinek sei hilabetera.

Epe horiek zenbatuko dira egintza zehagarria egiten denetik hasita edo, arau-hauste jarraikiak direnean, egiteari uzten zaionetik hasita.

24. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

Zehapenek aurreko artikuluan ezarritako epe horiexetan beretan preskribatuko dute, zehapenaren ebazpena irmo bihurtzen denetik zenbatzen hasita.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza hau indarrean jartzen denean baimena duten terrazek hiru hilabeteko epea izanen dute ordenantza honetan bildutakoa kontuan hartzen duen lizentzia berria eskatzeko.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2413200