1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
404E/2024 EBAZPENA, irailaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita energia elektrikoa ekoizteko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Castejongo udal-mugartean dago, eta haren titularra Iberdrola Generación Térmica SL da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 13ko 1097/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 6ko 255E/2018 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.
2024ko uztailaren 4an, titularrak ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen, honako hauek egiteko: Alfaroko estazioan (Errioxan) CO analizagailua izateko betebeharra ezabatzea, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 12ko 321E/2023 Ebazpenean atzemandako akatsa zuzentzea eta Funesko estazioko SO2 analizagailuari buruzko erreferentzia ezabatzea.
Ingurumen baimen integratuak ez du zehazten zein diren Alfaroko estazioak eduki behar dituen analizagailuak. Egun, honako hauentzako analizagailuak ditu: PM10, PM2,5, SO2, NOx, CO eta O3. Zerbitzu honen ustez, gaur egun ez da justifikatzen karbono monoxidoaren etengabeko analizagailua izateko beharra, ez ingurumenaren ikuspegitik, ez ikuspegi ekonomikotik. Hori dela eta, egokitzat jotzen da ingurumen baimen integratuan ezartzea estazio horrek eduki behar dituen analizagailuak, eta zehaztea ez duela CO analizagailua eduki behar.
Bestalde, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 12ko 321E/2023 Ebazpenean, Funesko estazioan CO analizagailua izateko betebeharra kendu zen, arestian azaldutako arrazoiengatik. Hala ere, akats baten ondorioz, mantendu egin zen SO2 analizagailua edukitzeko beharra, zeina ezabatu baitzen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 30eko 110E/2019 Ebazpenaren bidez. Beraz, bidezkoa da akats hori zuzentzea, eta Funesko estazioak SO2 analizagailua edukitzeko beharra ezabatzea.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.
Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Onartzea energia elektrikoa ekoizteko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Castejongo udal-mugartean dago, eta haren titularra Iberdrola Generación Térmica SL da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Iberdrola Generación Térmica SLra, Errioxako Gobernuko Nekazaritzako, Abeltzaintzako, Landa Munduko eta Ingurumeneko Departamentura eta Castejongo Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko irailaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2413923