201. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BUÑUEL

Ordenantza, dirulaguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Buñuelgo Udalak, 2024ko uztailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Buñuelgo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza.

Jendaurreko aldia iraganik inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, hura behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz xedatuta dagoenarekin Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Buñuelen, 2024ko irailaren 17an.–Alkatea, Enrique Villafranca Uriel.

ORDENANTZA, BUÑUELGO UDALAREN DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

I.–Buñuelen gizarte egitura egunetik egunera hazten ari da, bai zenbakitan neurturik, bai, bereziki, komunitatearen, parte-hartzearen eta konpromisoaren ezagutzan neurturik, egungo bizia garatzeko alor ugaritan: kultura, elkartasuna, berdintasuna, kirola, boluntario lana, ingurumena, eta behar diren espazioen eraketa (bizikidetzarako eta kulturen arteko trukaketarako espazioak, parte-hartze sozialerako eta herritartasuna eraikitzeko espazioak eta abar).

Gizartearen bultzada hori dela eta, gero eta eskatzaile eta parte-hartzaile gehiago izaten dituzte Buñuelgo udalerrian egiten diren gizarte-ekimeneko programa eta jarduera ugariek.

Bestalde, beste toki batzuetan gertaera orokorra dena nabaritzen hasi da, alegia: boluntariotzaren ahultze progresiboa, areagotzen ari dena zenbait arrazoirengatik, hala nola indibidualismoaren gorakada, elkarteen diru eskasia eta kudeaketa gero eta konplexuagoa. Horiek guztiek, hain zuzen, lanerako motibazioa gutxitzea dakarte.

Buñuelgo Udala ohartua da egiten diren jarduerek balio erantsi handia dutela udalerriko gizartearentzat, hala zuzeneko parte-hartzaile eta bultzatzaileentzat nola jardueren onuradunentzat. Horregatik, gero eta partida handiagoak ematen ditu elkarteen lana erraztu eta, aldi berean, jardueraren balorazio soziala aitortu beharrez.

II.–Bestalde, publikotasuna, tratu berdintasuna eta kongruentzia dira laguntzak ematean aintzat hartu beharreko irizpideak; izan ere, hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak arauak ezartzen dituenean Nafarroako toki-erakundeek laguntza ekonomikoak eman eta sustatzearen gainean, zehazki. laguntza horiek erakunde publiko eta pribatuei nahiz partikularrei ematen badizkiete, tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordezteko.

Toki-erakundeek ematen dituzten dirulaguntzen esparru juridiko orokorra ezarrita dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan.

Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal arau batzuk finkatzea, dirulaguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; hala, batetik, aipatutako legeari kasu emanen zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bestetik, udalerriko aipatu errealitate berriari.

III.–Horrenbestez, aipatu eremuetan egiten den jardun guztira iritsi nahi du udal ordenantza honek, eta Administrazioaren jarduketa orotan agintzen duten printzipio nagusietan oinarritzen da. Printzipio horietako batzuk dira objektibotasuna eta efizientzia, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluan jasoak; orobat, dirulaguntzen esparruari dagokionez, berdintasunaren, publikotasunaren eta kongruentziaren printzipio arestian aipatuak, gardentasunaren eta objektibotasunaren printzipioekin batera.

ARTIKULUAK

1. artikulua. Aplikatuko beharreko araudia.

Ordenantza honen xedea da Buñuelgo Udalak ematen dituen dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzea; hura lotu beharko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta Dirulaguntzen gaineko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren aginduei.

2. artikulua. Dirulaguntzen xedea.

Hona zer jotzen den dirulaguntzatzat: Buñuelgo Udalak emandako dirua, ordenantza honen arabera dirulaguntzak eskura ditzaketen pertsonen aldekoa, betiere honako baldintza hauek betez gero:

a) Dirua ematea onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat betetzea, proiektu bat gauzatzea, jarduera bat egitea nahiz jokabide berezi bat hartzea (xede horiek jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo egoera bat gertatzea; betiere, onuradunak bete beharko ditu ezarritako betebehar material eta formalak.

c) Finantzatzen den proiektuak, ekintzak, jokabideak edo egoerak xedetzat izan dezan onura publikoko edo interes sozialeko jarduera bat sustatzea, edo helburu publiko bat bultzatzea.

3. artikulua. Printzipio orokorrak.

Dirulaguntzen kudeaketa printzipio hauen arabera egin beharko da: berdintasuna, diskriminaziorik eza, publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia.

4. artikulua. Onuradunak.

1.–Dirulaguntzen onuraduntzat joko da dirulaguntza emateko oinarri izan den jarduera gauzatuko duena, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran dagoena.

2.–Onuraduna pertsona juridikoa denean, eta oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, honako hauek ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik, haren izenean eta kontura dirulaguntzaren xedeko jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3.–Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat, onuradun izaten ahalko dira pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteak –publikoak nahiz pribatuak–, ondasun erkidegoak eta bestelako unitate ekonomikoak edo ondare bereiziak, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta dirulaguntzaren xedeko proiektu, jarduera edo jokabideak gauzatu baditzakete edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran aurkitzen badira..

Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan, publikoak edo pribatuak izan, espresuki adieraziko dira batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak hala laguntzaren eskabidean nola emateko ebazpenean, bai eta haietako bakoitzari aplikatzekoa zaion dirulaguntzaren zenbatekoa ere, kide horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da, elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

4.–Dirulaguntzaren deialdiari dagokio ezartzea onuradun nor izan daitekeen mugatzeko inguruabarrak, dirulaguntza motaren arabera. Bizilekua edo egoitza soziala Buñuelen egoteko eskakizuna, edo Udalaren intereseko zerbitzuak ematekoa edo jarduerak egitekoa, nahitaezkoa eta baztertzailea izan daiteke, hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

5. artikulua. Entitate laguntzaileak.

1.–Entitate laguntzailetzat jotzen ahalko dira erakunde eta gainerako entitate publikoak, merkataritza-sozietateak (baldin eta horietan partizipazio osoa edo handiena bada Administrazio Publikoena, zuzenbide publikoko erakunde edo entitateena edo Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bosgarren xedapen gehigarriak aipatutako elkarteena), bai eta ezartzen diren kaudimen eta eraginkortasun baldintzak betetzen dituzten gainerako pertsona juridikoak ere, publikoak izan nahiz pribatuak.

2.–Entitate laguntzaileen kaudimena frogatzeko, aurkeztu beharko da finantza-erakundeek emandako aldeko txosten bat, ez bada deialdian bertan eskatzen beste bitarteko batzuen bidez froga dadila.

3.–Entitate laguntzaileen eraginkortasuna frogatzeko, dirulaguntzaren xedearekin zerikusia duten jardueren zerrenda aurkeztuko da, ez bada deialdian beste bitartekoren bat ezartzen.

6. artikulua. Debekuak.

1.–Onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezke dirulaguntza jaso ahal izateko moduko egoeran dauden pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian adierazitako egoeran daudenak.

2.–Ondotik aipatzen diren pertsona edo entitateak ezin dira izan ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile, salbuespena egin ezean dirulaguntzari buruzko araudian, dirulaguntzaren izaera kontuan izanik:

a) Epai irmo baten bidez kondenatua izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzera.

b) Konkurtsoaren deklarazioa eskatua izatea, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratua izatea, konkurtsoaren deklarazioa izatea, esku-hartze judizial baten mende egotea, edo desgaiturik egotea Konkurtso Legearen arabera, oraindik bukatu ez dela desgaikuntza epealdia, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritakoaren arabera.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateko administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza eramaten dutenak egotea Estatuko Administrazio Orokorraren Goi Karguen erabilera arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean edo, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunari buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean, edo izatea Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan arautzen diren hautetsietariko edozein, bertan edo gai horiei buruzko araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

e) Egunean ez izatea indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

f) Egoitza fiskala izatea erregelamenduz paradisu fiskaltzat kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

g) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ondoriozko ordainketak, erregelamendu bidez xedatzen diren baldintzetan.

h) Ebazpen irmoan ezarritako zehapen baten ondorioz, galdu izana dirulaguntzak jasotzeko aukera, honako hauen arabera: ordenantza hau, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra, Tributuei buruzko Lege Orokorra edo Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra.

Ezin izanen dira onuradun izan ordenantza honen 4. artikuluan aipatutako elkarteak, haietako edozein kidek aurreko debekuren bat urratuz gero.

3.–Elkarteak ezin izanen dira inola ere izan ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile, baldin eta Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak badituzte.

Halaber, elkarteak ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin eta etenik badaukate erregistroan inskribatzeko administrazio-prozedura, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak atzeman eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedaturikoa aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

4.–Artikulu honen 2. apartatuko b), d), e), f) eta g) paragrafoetan eta 3. apartatuan ezarrita dauden debekuak automatikoki hartuko dira aintzat, eta kasuan-kasuan egoera horiek bukatu arte iraunen dute.

5.–Artikulu honen 2. apartatuko a) eta h) paragrafoetan dauden debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak ezarriko du debekuaren iraupena. Halakorik ezean, erregelamenduz ezarritako prozeduraren araberakoa izanen da iraupena, eta ez da izanen bost urte baino gehiagokoa baldin debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

6.–Artikulu honen 2. apartatuko c) paragrafoan dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren iraupena zehazteko, jarraikiko zaio Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari.

7.–Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, honako bide hauetakoren bat erabiltzen ahalko dute: auzibidezko lekukotasuna, ziurtagiri telematikoa edo datu-transmisioa, Estatuko Administrazio Orokorrak edo autonomia erkidegoek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen gainean egiten duten erabilera arautzen duten erregelamenduzko arauekin bat, edo kasuen arabera, administrazio-ziurtagiria, eta, agintaritza eskudunak ezin duenean agiri hori eman, horren ordez erantzukizunpeko adierazpena erabil daiteke, agintari administratibo edo notario publikoaren aurrean emandakoa.

7. artikulua. Xedea.

Diruz laguntzen ahal dira jarduera programatuak, baldin eta jarraian aipatzen diren arloetakoren batekoak badira, Udalaren eskumeneko zerbitzuetan lagundu edo horiek ordezten badituzte edo tokiko intereseko jarduerak badira; eta dirulaguntzen deialdiari dagokion aldian gauzatzen badira:

–Kultura.

–Musika.

–Kirola.

–Hezkuntza.

–Gazteria.

–Berdintasuna eta emakumea.

–Hirugarren adina.

–Osasuna eta gizarte-laguntza.

–Giza eskubideak, laguntza humanitarioa eta garapenerako lankidetza.

–Enplegua eta prestakuntza.

–Memoria historikoaren berreskurapena.

–Turismoa.

–Jasangarritasuna eta ingurumena.

–Hirigintza eta industria.

–Herritarren parte-hartzea.

–Onuradun izan daitezkeenek egiten dituzten gainerako jarduera edo zerbitzu guztiak, Udalaren eskumenekoen osagarri edo ordezko.

8. artikulua. Dirulaguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean izapidetuko da, alegia, aurkezten diren eskaerak alderatuko direla, horiek lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdi bakoitzaren oinarri arautzaileetan ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta dirulaguntza adjudikatuko zaiela irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Dirulaguntza banakako ebaluazioaren sistemaren bidez ematen ahalko da, haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen dituenean eskaerak ebaluatzeko eta, ebaluazio hori kontuan izanik, dirulaguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko; halakoetan, aurkeztu ahala izapidetu eta ebazten dira espedienteak, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

2. Dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da beti, organo eskudunak onetsitako deialdi baten bidez, eta horren bitartez dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ere onetsiko dira, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23. artikuluarekin.

Dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak onestean, dagokien gastua baimendu beharko da.

3. Oinarriak argitaratu ondoren, dirulaguntzen eskaerak aurkezten ahalko dira Buñuelgo Udaleko alkate udalburuari eskabidea zuzenduz; horrekin batera, orokorrean, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, dirulaguntzen oinarri bakoitzak eskatzen dituenez gain:

a) Ebazteko beharrezkotzat jotako IFZak, edo dagozkion oinarrietan eskatutakoak.

b) Eskatzailearen balorazioa.

c) Entitatearen datu orokorrak

d) Dirulaguntzaren xede den proiektuaren deskribapena.

e) Aurrekontu xehatuak, diru-sarrerak eta gastuak kontzeptuen arabera azaltzen dituztenak.

f) Bestelako entitate pribatu nahiz publikoen aldetik kasuan kasuko proiekturako hartutako laguntza, halakorik bada.

Eskatutako agiriak dagoeneko Udalaren eskuetan badaude, eskatzaileak, betiere bi urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik, horiek ez aurkezteko duen eskubidea erabil dezake, ohartaraziz noiz eta zer organo edo sailetan aurkeztu edo eman ziren, eta agirietan aldaketarik izan ez bada.

Eskaerak ez baditu betetzen ordenantza honetan edo deialdiaren arauan eskatzen diren baldintzak, interesdunari errekerimendua eginen zaio gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean horiek zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio, halakorik egiten ez badu, iritziko zaiola eskaerari uko egin diola, aurretik ebazpena emanda, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin, Lege beraren 68. artikuluan agindutakoari jarraikiz.

4. Eskaerak aurkeztuta, honela jokatuko da:

a) Instrukzioa-organoak (oinarri arautzaileek adieraziko dute zein den) txostenak eta eskaerak eskatzen ahalko ditu, kasuan kasuko dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan edo, bestela, deialdian ezarritako irizpide, modu eta lehentasunekin bat.

Kide anitzeko organo batek eginen du balorazio hori; hura oinarri arautzaileetan adierazten diren kideek osatuko dute. Kide anitzeko organoak instrukzio-organoari txosten bat igorriko dio; hartan zehaztuko da egindako ebaluazioaren emaitza. Dagokion alorreko informazio batzordea aritzen ahalko da instrukzio-organo gisa.

b) Instrukzio-organoak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusirik, ebazpen proposamena aurkeztuko dio organo eskudunari, behar bezala arrazoitua. Organo horrek hamabost eguneko epea izanen du, proposamena aurkezten zaionetik, ebazpena emateko.

c) Ebazpenak honako hau adierazi beharko du:

–Dirulaguntza hartzeko proposatutako eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa, ebaluazioa eta horretarako erabili diren balorazio irizpideak zehaztuta.

–Aurkeztu diren eskabideen artean, espresuki zein ezetsi diren, halakorik bada.

Ebazpen proposamenak ez dio inolako eskubiderik ekarriko proposatutako onuradunari Administrazioaren aurrean, harik eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion arte.

Dirulaguntza emateko ebazpenak dagokion gastu konpromisoa dakar.

5. Dirulaguntza ebazteko eta eman dela jakinarazteko epea, orokorrean, sei hilabete izanen da gehienez, kasuan kasuko deialdia argitaratzen denetik hasita.

Hala ere, luzeagoa izaten ahalko da, baldin eta lege mailako arau batek hala ezartzen badu edo Europar Batasunaren araudian horrela jasotzen bada.

Epe horretan laguntza emateko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez ezetsitzat jo beharko da.

9. artikulua. Dirulaguntzak zuzenean ematea.

Dirulaguntza hauek zuzenean eman daitezke:

1. Udalaren aurrekontu orokorrean berariaz izendatutakoak.

Udal aurrekontuan agertuko dira onuradunaren izena, dirulaguntzaren xedea eta haren zenbatekoa.

Aurrekontua betearazteko oinarrietan zehaztuko dira mota honetako dirulaguntzak; horiek hitzarmen bidez gauzatuko dira, eta hitzarmenean ordaintzeko modua eta dirulaguntzaren justifikazioa zehaztuko dira.

2. Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

3. Salbuespen gisa, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen diren dirulaguntzak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

10. artikulua. Zenbait urtetako dirulaguntzak.

1.–Baimentzen ahalko da dirulaguntzen deialdia egitea eta gastua egoztea laguntza horiek emateko ebazpenaren ondorengo ekitaldiei.

2.–Deialdian adierazi beharko da ematen diren dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa, bai eta horien urtez urteko banaketa ere, kontuan izanik noiz aurreikusten den egitea emandako dirulaguntzetatik eratorritako gastua. Banaketa hori zenbatetsia izanen da, dirulaguntzari buruzko arauek jaso dutenean eskatzaileek ordainketa aldez aurretik jasotzeko aukera. Hasiera batez onetsitako banaketa aldatzeko, beharrezkoa izanen da urtez urteko kopuruak berregokitzeko espedientea izapidetzea.

3.–Araudian berariaz aurreikusi denean konturako ordainketak egin ahal izatea, zenbait urtetarako dirulaguntza emateko ebazpenean adieraziko da urtez urteko kopuruen banaketa, kontuan hartuz diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko erritmoa. Dagokion zenbatekoaren balio bereko justifikazioa aldez aurretik aurkeztuta eginen da ekitaldi bakoitzerako aurrekontu-egozpena.

11. artikulua. Aurretiazko izapidetzea.

1.–Deialdia onesten ahalko da horren gaineko ebazpena egiten den ekitaldiaren aurreko aurrekontu-ekitaldi batean, gastua betearazten bada dirulaguntza ematen den urte berean, eta betetzen bada honako inguruabar hauetako bat:

a) Udalaren aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa egotea, dena delako gastua aurrekontu bidez estaltzeko.

b) Kreditu egokia eta behar adinakoa egotea hurrengo ekitaldirako prestatzen ari den aurrekontu proiektuan; hartan hartuko da dirulaguntza emateko ebazpena onestearen ondoriozko gastu konpromisoa.

2.–Kasu horietan, deialdian agertzen den gehieneko zenbateko osoa zenbatetsia izanen da; horregatik, deialdian espresuki adierazi beharko da dirulaguntza emanen dela baldin eta kreditu egokia eta behar adinakoa badago. Aurrekontu orokorrean onetsitako aurrekontu kreditua hasieran kalkulatutako zenbatekoa baino handiagoa den kasuetan, organo kudeatzaileak erabakitzen ahalko du deialdiari hori aplikatzea edo ez, ebazpenaren aurretik dagokion gastu espedientearen izapideak egin ondoren, beste deialdi bat egiteko beharrik izan gabe.

3.–Deialdiaren aurretik izapidetzen den gastu espedientean, behar adina kreditu dagoela egiaztatzen duen agiria ordeztuko da kontu-hartzailetzaren ziurtagiri batekin; bertan agertuko da artikulu honen 1. apartatuan aipatutako inguruabarretakoren bat badela.

4.–Gastu espedientean emandako izapide egintza guztien ondorioak honen arabera baldintzatuak daude: laguntza ematea ebaztean, egintza horiek eman zirenean zeuden egitatezko eta zuzenbidezko inguruabar berberek iraun behar dute.

12. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak honako hauek dira:

1. Dirulaguntza emateko oinarri izan den xedea betetzea, edo proiektua gauzatzea, edo jarduera egitea edo jokabidea hartzea.

2. Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

3. Organo emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztatze jarduketak onartzea, bai eta kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egiten dituzten jarduketak ere, horiek eginez gero; hala, jarduketa horiek egitean eskatzen zaien informazio guztia emanen dute onuradunek.

4. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea organo emaileari edo entitate laguntzaileari.

5. Ebazpen proposamena eman baino lehen, frogatzea zerga betebeharrak egunean dituztela, bai eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ere.

6. Eduki beharko dira kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak, behar bezala ikuskatuak, xedatzen duten bezala onuradunei aplikatzekoak zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeek.

7. Gordetzea jasotako funtsen erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztapenaren eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

8. Behar bezala iragartzea finantzaketa publikoa izan dutela dirulaguntza jaso duten programek, jarduerek, inbertsioek edo jarduketek.

Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da jasotako dirua.

13. artikulua. Justifikazioa eta kobrantza.

1. Dirulaguntza eskuratzeko, beharrezkoa izanen da Udalari aurkeztea, dagozkion oinarri arautzaileetan eskatzen direnez gain, honako agiri hauek:

a) Eskabidea, onuradunak sinatua, alkateari zuzendua, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

b) Egindako jardueraren memoria.

c) Justifikazioko kontua, jatorrizko fakturekin edo gastua justifikatzen duten fakturen fotokopia konpultsatuekin batera, eta dagokion ordainketaren egiaztagiriekin batera. Fakturak izan daitezke emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren heinekoak soilik, dagokion deialdian hala zehazten bada.

Justifikazio ekonomikoaren ordez, auditore akreditatu batek egindako auditoretza aurkez daiteke, hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

d) Onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten agiriak.

e) Frogatu beharko da Buñuelgo Udalaren laguntza jaso izana agertu dela diruz lagundutako jardueren publizitatean (programak, liburuak, kartel iragartzaileak, publizitateko iragarki laburrak...), edo diruz lagundutako argitalpenaren kontrazalean eta lehen orrialdean.

f) Frogatu beharko da bestelako dirulaguntzarik ez dutela eskuratu xede bererako, eta eskuratu badituzte, haien zenbatekoa zehaztu beharko da, bai eta zer erakundek eman dituen ere; orobat, adierazi beharko da Udalak emandako dirulaguntzak, bestelako dirulaguntza edo laguntzekin batera, ez duela gainditzen onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Frogagiriak aurkezteko epea hilabetekoa da, diruz lagundutako jarduera bukatzen denetik hasita, deialdiak berariazko beste epe bat ezarri ezean.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileek ezartzen ahalko dute konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egiteko aukera. Aukera hori espresuki adierazi beharko da dirulaguntza arautzen duen deialdian.

Konturako ordainketak: dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egiten ahalko dira. Konturako ordainketa horiek zatikatuak izaten ahalko dira, eta diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahala egin daitezke. Aurkeztutako justifikazioaren araberako zenbatekoa ordainduko da.

Ordainketa aurreratuak: dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, ordainketa aurreratuak egiten ahalko dira, hau da, gastua frogatu aurretik funtsak ematea, dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko behar den finantzaketa gisa. Oinarri arautzaileek ezartzen ahalko dute emandako funtsen gaineko berme-araubide bat.

14. artikulua. Laguntza itzultzea.

Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezartzen diren kasuetan, hartutako dirua itzuli egin beharko da, eta berandutze-interesa ordaindu, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan xedatutako zenbatekoaren arabera.

15. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

1. Dirulaguntzaren xedeko jarduera estaltzeko, zati bat finantzaketa propioa izan dadila eskatzen ahalko da dirulaguntzen oinarri arautzaileetan. Halakoetan, diruz lagundutako proiektuan edo ekintzan funts propioak jarri direla frogatu beharko da dirulaguntzaren justifikazioa egiten den unean, eta orduan zehaztuko dira, beraz, funts horien zenbatekoa eta jatorria, eta horien aplikazioa diruz lagundutako jardueretan.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, dela bakarrik, dela beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.

3. Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak deusetan aldatzen badira eta, baldin eta dirulaguntzari buruzko arauetan baimendutako kasuetatik at beste diru iturri batzuk eskuratzen badira, aldatzen ahalko da dirulaguntzak emateko ebazpena, dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako epeetan.

16. artikulua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Emandako dirulaguntzen publizitatea eginen da bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. eta 20.8 artikuluekin, alde batera utzi gabe ezartzen dena Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean.

17. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan ezarritakoak dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten indarreko udal ordenantzen xedapenak, bai eta kontrakoa esaten dutenak ere.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Ordenantza honek jasotzen ez duen guztian aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa ere.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2413413