201. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

NAFARROAKO ERRIBERAGOIENEKO HIRI HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, prozesu-ingeniariaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, lan-kontratudun finkoen araubidean

Mankomunitateko buruak 2024ko irailaren 19an eman ebazpen baten bidez, honako hau erabaki da:

Oinarriak onestea prozesu-ingeniari bat oposizio-lehiaketa bidez hautatzeko.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da prozesu-ingeniariaren lanpostu bat betetzea oposizio bidez, lan-kontratudun finkoen araubidean, jardun dezan Ontziak Sailkatzeko Instalazioaren eta Hondakinak Biltzeko Zerbitzuan eta Zerbitzu Osagarrietan, Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatean.

1.2. Lanpostuak lan-kontratu finkoa izanen du, eta haren ordainsariak izanen dira mailari dagozkionak, prozesu-ingeniariaren lanposturako plantilla organikoan jaso bezala (43.699,57 euro gordin urtean, 14 pagatan ordaintzekoak, eta hitzarmenean jasotako plusak, urtean 2.000 euro gordin gehiago ere izan daitezkeenak). Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da, eta alta emanen zaio.

1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuen beharrei begira, baina entitatearen hitzarmen kolektiboa betez une oro, eta ezarritako legezko lan-esparruarekin bat etorriz. Nolanahi ere, ohiko lanaldia izanen da astelehenetik ostiralera, 7:00etatik 14:00etara.

1.4. Deialdiko lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, baldin irizten badio izangai batek ere ez duela lanpostuan jarduteko behar bezalako jakintza mailarik, gaitasunik edo prestakuntzarik.

2. oinarria.–Langileek bete beharreko baldintzak eta lanpostuaren profila.

2.1. Oinarrizko baldintzak.

Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

–Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio.

–Parte har dezakete, orobat, Espainiako herritarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

–Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

–Ingeniari teknikoaren titulua izatea edozein espezialitatetan, edo baliokidetzat hartutako beste titulu bat, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea.

–B gidabaimena izatea, indarrean. Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) ziurtagiria aurkeztu beharko da, indarreko puntuei buruz.

–Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.

–Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.

3. oinarrian ezarritakoa izan ezik, azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak arestiko betebeharrak frogatu beharko ditu deialdi honen 6. oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta agiriok indarrean egon beharko dute hautaketa prozesu osoan zehar, izendapen eguna arte bete ere.

2.2. Baloratuko diren esperientzia eta ezagutzak.

Antzeko lanpostu batean izandako esperientzia espezifikoa baloratuko da, bai eta prestakuntza gehigarria izatea eta hizkuntzak jakitea ere, oinarrietan ezarritakoaren arabera.

2.3. Eginkizunak eta erantzukizunak.

2.3.1. Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen (Mankomunitatea, aurrerantzean) hondakin-bilketako lantaldeak zuzentzea, koordinatzea eta gainbegiratzea, bai eta honako hauetan diharduten lantaldeak ere: estolda-sareen mantentze-lanak, garbiketa bereziak, edukiontzien garbiketa, eta garbiguneen kudeaketa. Lan horiek egiteko, zerbitzuburu baten eta administrari baten laguntza izanen du. Horiek zuzenean haren agindupean egonen dira.

2.3.2. Koordinatzea Mankomunitatearen ibilgailu guztien mantentze prebentiboa eta zuzentzailea, zerbitzuburuarekin batera.

2.3.3. Koordinatzea Moratielgo (Azkoien, Nafarroa) ekipamendu eta instalazioak egoera onean egon daitezen, garbitasunaren eta mantentzearen aldetik, zerbitzuburuarekin batera.

2.3.4. Ontziak sailkatzeko instalazioa zuzentzea, koordinatzea eta gainbegiratzea:

–Lan teknikoak egitea tratamendu-esparruan.

–Ontziak sailkatzeko instalazioaren funtzionamendua optimizatzea.

–Solaskide teknikoa izatea ECOEMBESekin, hornitzaileekin eta zerbitzu teknikoekin.

–Planifikatzea eta koordinatzea instalazioaren mantentze prebentiboa eta zuzentzailea. Horretarako, mantentze prebentiborako plan bat prestatuko du, matxurak gutxitzeko xedez.

–Ekoizpenaren jarraipena eta kontrola egitea: desbideratzeak identifikatu beharko ditu, eta hobetzeko ekintzak proposatu, horrela instalazioaren erabilgarritasuna areagotzeko eta matxuren ondoriozko geldialdiak murrizteko.

–Jarraipena egitea ontzi sailkatuen hautaketak duen kalitatearen inguruan.

–Barneko txostenak eta memoriak egitea.

–4.0 instalazioaren proiektua ezartzeko lanak koordinatzea, eta eskura jarritako tresna digitalak zuzen erabiltzearen erantzukizuna hartzea, bai eta instalazioko langileena ere.

–Instalazioko langileen taldea zuzentzea.

–Lan horiek egiteko, plantako langilezain baten eta administrari baten laguntza izanen du. Horiek zuzenean haren agindupean egonen dira.

2.3.5. Komunikazio Departamentuari laguntzea, eta harekin batera aritzea berak parte har dezan behar denean, barne dela azoketan eta ekitaldietan parte hartzea, Mankomunitatea haietan partaide denean.

2.3.6. Kudeatzailetzak agintzen dizkion lanak oro, betiere bere eginkizunak betez eta dagokion kategoria profesionalarekin bat.

2.4. Trebetasunak eta gaitasunak.

–Pertsona metodikoa: xehetasunei erreparatzea.

–Presiopeko lana.

–Lidergoa.

–Talde-lana.

–Sormena eta berrikuntza.

–Komunikatzeko gaitasuna.

2.5. Ezaugarri pertsonalak.

–Bere lanarekiko eta enpresarekiko interesa eta konpromisoa.

–Diziplina, goragokoen jarraibideak eta aginduak betetzeko.

–Ekimena eta gaitasuna, autonomiaz lan egiteko.

–Hainbat zeregin egiteko gaitasuna.

–Egokitzeko eta ikasteko gaitasuna.

–Taldean lan egiteko eta gizarte-harremanak ezartzeko gaitasuna.

–Arduratsua eta ordenatua izatea.

–Laneko ordenaren eta garbitasunaren sena izatea.

–Prestasuna eta ordu-malgutasuna izatea.

–Enpresaren kode etikoaren araberako balioak: zintzotasuna, erantzukizuna eta gardentasuna.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Honela aurkezten ahalko dira:

–Nafarroako Erriberagoieneko HHSen Mankomunitatearen bulegoan aurkeztuz (Gargantúa industrialdea, D kalea 2, 31350 Azkoien).

–Gutun ziurtatua bidaliz, hartu izanaren agiriarekin, Mankomunitatearen egoitzaren helbidera: Gargantúa industrialdea, D kalea 2, 31350 Azkoien. Dokumentazioa posta-zerbitzuan utzi izanaren datak izan beharko du lehen adierazitako epea bukatu aurrekoa (hilabete, oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik hasita).

–Erregistroa eginez egoitza elektronikoan, Mankomunitatearen webgunearen barruan: www.riberaaltadenavarra.com. Eskabide orokorra erabili beharko da.

Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, eta hautagaiek aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko; Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu. Era berean, Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean ezarriko dira hautaprobak egiteko tokia, eguna eta ordua. Era berean, Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da.

Aipatutako epeak luzaezinak dira.

Hautaprobetarako deia ez da inola ere banaka eginen, kolektiboki baizik, aipatutako argitalpenen bidez.

Orobat, telefono bidezko informazioa emanen da, 948.713.179 zenbakiaren bidez, 9:00etatik 14:00etara bitartean, astelehenetik ostiralera, bai onartutakoen zerrendarako, bai proben egunetarako, betiere aipatutako epeen barnean.

3.2. Eskabidearekin batera (I. eranskinekoa) agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Ingeniari teknikoaren tituluaren kopia konpultsatua, edo baliokidetzat hartutako beste titulu batena, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotearen frogagiriarena.

–Nortasun agiri nazionalaren edo baliokide baten kopia konpultsatua.

–B gidabaimenaren kopia konpultsatua.

–DGTren ziurtagiriaren kopia konpultsatua, gidabaimenean indarreko puntuak izatea frogatzeko.

–Langilearen lan-bizitzaren ziurtagiri eguneratua, bai eta enpresa kontratatzaileen ziurtagiriak ere, ingeniaritzako lanpostuetan jardun izanaren esperientzia frogatzeko, bai esperientzia orokorra, bai hondakinak kudeatzeko instalazioetako esperientzia espezifikoa. Ziurtagirian jaso beharko dira eskatutako lanposturako kontratuaren hasiera-data eta bukaera-data, bai eta bete diren eginkizunak ere.

–Baloratzeko moduko beste merezimendu batzuen frogagiriak: hizkuntza-tituluen eta prestakuntza gehigarriaren tituluen kopia konpultsatuak.

4. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

4.1. Epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: José María Palacios de Mier, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Amaya Lorente Iturbide, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea.

Lehen epaimahaikidea: Agustín Murugarren Landívar, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko buruordea.

Ordezkoa: María Pilar Orduña Osés, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea.

Bigarren epaimahaikidea: Fermín Corella Ainaga, Nafarroako Erriberako Mankomunitateko zuzendari kudeatzailea.

Ordezkoa: 2. epaimahaikideak izendatzen duena.

Hirugarren epaimahaikidea: David Díaz de Cerio Echarri, Jurramendiko Mankomunitateko hondakinen tratamenduaren arduraduna.

Ordezkoa: 3. epaimahaikideak izendatzen duena.

Laugarren epaimahaikidea: Miguel Ángel Arrastio Soria, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko kudeatzailea.

Ordezkoa: 4. epaimahaikideak izendatzen duena.

Bosgarren epaimahaikidea: langileen sindikatu-ordezkaritzaren proposamenez izendatutako ordezkari bat.

Ordezkoa: langileen sindikatu-ordezkaritzaren proposamenez izendatutako ordezkari bat.

Epaimahaiko idazkaria: Ana Raquel García Pérez, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: María Jesús Hernandez Luri, Azagrako Udaleko idazkaria.

4.2. Kalifikazio-epaimahaiko idazkariak behar diren aktak eginen ditu, eta epaimahaikide guztiek sinatuko dute horietako bakoitza.

4.3. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da hura osatzen duten kideen gehiengo osoa egotea.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren gorabehera guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabiltzen ahalko du.

4.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aditu horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.6. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

4.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sortzen diren auzi guztiak.

4.8. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta epaimahaiburuari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean. Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla-eta, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

5. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa eta proba eta ariketen balorazioa.

5.1. Proben deskribapena.

–Gaitasun teknikoko 1. proba: test motakoa izanen da, eta baztertzailea. 35 puntu.

–Gaitasun teknikoko 2. proba: garatu beharreko galderak izanen ditu, eta baztertzailea izanen da. 30 puntu.

–Merezimenduen balorazioa. 25 puntu.

–Profil pertsonalaren ebaluazioa: elkarrizketa bat eginen da epaimahaiarekin, eta hartan ebaluatu eginen dira lanposturako behar diren trebetasunak eta gaitasunak. 10 puntu.

–GAITASUN TEKNIKOKO PROBA: 35 puntu.

Test motako azterketa bat izanen da, eta 35 galdera izanen ditu. Ongi erantzundako galdera bakoitzak puntu bateko balioa izanen du.

Proban 17 puntu lortzen ez dituztenak hautapen-prozesutik baztertuko dira.

Gai hauei buruzkoa izanen da:

1. 7/2022 Legea, apirilaren 8koa, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzekoa.

2. 1055/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzkoa.

3. 14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa.

4. Europako Batzordearen ekonomia zirkularrerako ekintza-plan berria.

5. Nafarroan Ekonomia Zirkularra garatzeko Agenda 2030 (NEZ 2030)

6. Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Plana.

7. Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatea. Jatorria, eremu geografikoa, eskumenak, egitura, diru-sarrerak eta gastuak.

8. Laneko arriskuen prebentzioa.

9. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunari buruzkoa.

–GAITASUN TEKNIKOKO 2. PROBA: 30 puntu.

Proban 3 galdera garatu beharko dira. Horiek izanen dira lanpostuaren berezko eginkizunei buruzkoak, eta izangaiek konponbide edo hobekuntza zehatzak proposatzen ahalko dituzte lanpostuari buruz, oro har, eta Moratielgo instalazioari buruz, bereziki.

Erantzunen luzera mugatua izanen da; hortaz, laburtzeko gaitasuna balioetsiko da.

Galdera bakoitzak 10 puntu balioko du. Zigortu eginen dira ortografia-hutsak, puntu laurden bat kenduta (0,25) huts bakoitzeko. Proban 15 puntu lortzen ez dituztenek hautapen-prozesutik baztertuko dira.

Proba honako gai hauei buruzkoa izanen da:

1. Ontziak sailkatzeko instalazio baten funtzionamendua.

2. Mantentze prebentiboa eta zuzentzailea. Gorabeheren kudeaketa.

3. Hondakinak biltzeko fluxua eta hondakinen sarrera eta irteera fluxuak optimizatzea.

4. Hondakinak biltzeko ekipoak eta zerbitzu osagarriak antolatzea.

5. Lanak lehenestea instalazioan.

6. Arriskuen prebentzioa ontziak sailkatzeko instalazio batean eta hondakinak biltzeko zerbitzuan.

Izangaiek, gaitasun teknikoko 1. proban 17 puntu gutxienez lortu dituztenek, aukera izanen dute instalazioaren funtzionamenduari buruzko saio esplikatibo batera joateko. Saioan azalpen orokor bat emanen da, bisita eginen da instalazioan, eta zalantzak argituko dira, halakorik bada. Ordu eta erdiko saioa izanen da, eta deialdi bakarra eginen da, goizean. Proba egin baino 5 egun natural lehenago izanen da gutxienez.

–MEREZIMENDU-LEHIAKETA: 25 puntu.

Fase honetan, prestakuntza profesionalaren balorazioari dagozkion puntuak esleituko zaizkie garapen teknikoko bi probak gainditu dituztenei.

Gehienez ere 25 puntu emanen dira, nahiz eta merezimenduen batura handiagoa izan.

Merezimendu hauek baloratuko dira:

1. Hondakinen kudeaketaren arloko prestakuntza espezifikoa. 2 puntu emanen dira 50 prestakuntza-orduko, gehienez ere 5 puntu egin arte.

2. Hizkuntzak jakitea. 2 puntu emanen dira C1 maila frogatzeagatik ingelesean, frantsesean, alemanean edo euskaran, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, gehienez ere 8 puntu egin arte.

3. Esperientzia orokorra ingeniari gisa. 1 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu.

4. Esperientzia espezifikoa ingeniari gisa hondakinak kudeatzeko instalazio batean. 2 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 8 puntu.

–LANPOSTURAKO EGOKITASUNAREN BALORAZIOA: 10 puntu.

Elkarrizketa bat eginen da epaimahaiarekin, eta izangaiak lanposturako duen egokitasuna baloratuko da.

Elkarrizketan, epaimahaiak galderak eginen ditu, jakitearren ea izangaiak badituen gorago zehaztu diren trebetasunak eta gaitasunak.

Epaimahaiko kide bakoitzak bere aldetik eginen du kalifikazioa, eta izangaiaren behin betiko puntuazioa epaimahaiko kide bakoitzak emandako puntuazioen batezbesteko aritmetikoa izanen da.

Proba bakoitza burututakoan, gainditu duten izangaien zerrenda ikusgai jarriko da, lortutako puntuazioarekin batera, Mankomunitateko iragarki-taulan eta web-orrian.

Azkeneko emaitza izanen da proba bakoitzean lortutako puntuen batura. Azkeneko baturan berdinketarik izanez gero, ebatziko da aintzat hartuz 2. proba teknikoan izandako puntuazio handiena. Hala ere, berdinketa badago oraindik, zozketa bidez ebatziko da.

6. oinarria.–Gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

Azken ariketaren kalifikazioa burututakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitara emanen du Mankomunitatearen iragarki-taulan eta web-orrian, erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran, oposizio-lehiaketan izangai bakoitzak lorturiko kalifikazioak batuz.

Izangaiek 3 laneguneko epea izanen dute, puntuazioen argitaratze egunetik hasita, denetariko alegazioak egiteko, idazki bat aurkezturik Mankomunitatearen erregistroan edo helbide elektronikoan. Epea iragan ondoan –eta alegazioak ebatzi ondoan, halakorik bada–, onetsirik geldituko da, eta emaitzen behin betiko zerrenda emanen da argitara.

Epaimahaiak puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamen loteslea eginen dio Mankomunitateko buruari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Izendapen proposamena aditzera eman ondoko 30 egun naturalean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Erriberagoieneko Mankomunitatearen Idazkaritzan:

–Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

–Erriberagoieneko Mankomunitateko osasun zerbitzuek egindako txostena, frogatzeko ez duela karguaren eginkizunetan jardutea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.

–Zin egitea edo hitzematea Nafarroako foru eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Aipatutako epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatu diren agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da izendatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, horrek ezertan galarazi gabe dagokion erantzukizuna haren eskabidearen faltsukeriagatik, halakorik badu.

Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, deialdi honetako oposizioa gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea Mankomunitateko buruak, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

7. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

Hautapen-prozedura bukatutakoan eta 6. oinarrian aipatutako agiriak aurkeztu ondoren, Mankomunitateko buruak prozesu-ingeniari izendatuko du izangaia, Erriberagoieneko Mankomunitatean jardun dezan.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, ez badu jabetza hartzen, Mankomunitateko nomina eta plantillako langilea izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, deialdiko 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

8. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurtsoa jartzeko asmoaren berri emanik; edo bestela,

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Epaitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede diren erabaki edo egintzak argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Berraztertzeko errekurtsoa, erabaki edo aplikazio egintza hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki edo aplikazio egintza hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Azkoienen, 2024ko irailaren 19an.–Mankomunitateko burua, José María Palacios De Mier.

I. ERANSKINA.–ESKABIDEA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

Iragarkiaren kodea: L2413730