201. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2171/2024 EBAZPENA, irailaren 17koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaketa-prozesurako deia egiten da, honako ikerketa-proiektu hau garatzeko: "EFA033/01 VITRES".

2024ko irailaren 3an, Ikerketa Zerbitzuak hautaketa-prozesurako deia egiteko eskatu zuen, jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez "EFA033/01 VITRES" ikerketa-proiektua garatzeko, 1. motako proiektuko lankide doktore gisa. Ikerketa-proiektuaren ikertzaile arduraduna Luis Gonzaga Santesteban García da, unibertsitateko katedraduna, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Aintzat harturik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten proposamena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaketa-prozesurako deialdia, baita deialdiaren oinarriak ere, ikerketa-proiektu hau garatzeko: "EFA033/01 VITRES".

Bigarrena.–Ebazpen hau Hautaketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.

Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektroniko ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin.

Iruñean, 2024ko irailaren 17an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

IKERTZAILEEN LAN KONTRATAZIOA EGITEKO HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA HONAKO IKERKETA-PROIEKTU HAU GARATZEKO: "EFA033/01 VITRES"

Hauek dira deialdia arautuko duten

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko proiektu hau garatzeko: "EFA033/01 VITRES".

–Maila profesionala: 1. motako proiektuko lankide doktorea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: txertoa nola eratzen den ezaugarritzea, eta txertaketa eta sustraitzea hobetzeko konposatu posibleak identifikatzea.

  • Inausketa-lanak eta gidatze-sistemak ebaluatzea.
  • Programa komunikatzeko plana betetzeko ekintzetan eta proiektua ezagutarazteko beste jarduera batzuetan laguntzea.
  • Proiektuaren ekintza-planaren kudeaketan laguntzea, eta aurrerapen-txostenak, emateko dokumentuak eta adierazleak prestatzea.

–Kontratu mota: jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatearen bidez eginen da kontratazioa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23bis artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

–Iraupena: mugagabea, "EFA033/01 VITRES" ikerketa-proiektuari lotua.

–Lanaldi mota: osoa.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak, 2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak, bere eranskinean ezarritakoak, 2024. urtera egokituak.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da, proiektuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: Lurralde Garapenerako Europako Funtsak, POCTEFA Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bidez.

–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira, deialdiari dagokion atalean.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta ez dauden herrialdeetakoak izan eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izanen dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, atzerritarrei buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte kontratazioa egin ahal izateko.

b) 16 urte baino gehiago izatea, eta administrazio publikoko langileentzat ezarritako nahitaezko erretirorako adina betea ez izatea.

c) Doktorearen titulazio akademiko ofiziala izatea.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira deialdi honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak, bai eta kontratuak dirauen bitartean ere.

3.–Eskaerak.

Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/ikertzaileen-hautaprobak

Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.

"Erantsi fitxategiak" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:

–Parte hartzeko eskabidea.

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskabide eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, eta, hartan, baztertuak zergatik baztertu dituzten adieraziko da. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2. Ebazpen honen 2.1 oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izanen dira, eta, gainera, ezin izanen dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuak izanen dira hautaketa-prozesutik.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa zehaztugabea, okerra edo faltsua bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa-prozesua.

Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautaketa Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautaketa Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.

6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautaketa Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiltzen ahalko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere hurrenkera ordena errespetatuz.

6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste edozein lanpostutarako kontraturik eskainiko. Dena dela, eskainiko zaie baldin eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.

7.–Hautaketa-batzordea.

–Batzordeburua: Carlos Miranda Jiménez doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

–Idazkaria: Luis Gonzaga Santesteban García doktorea, unibertsitateko katedraduna, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

–Batzordekidea: Nazareth Torres Molina doktorea, Ramón y Cajal ikertzailea, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Ordezko hautaketa-batzordea.

–Batzordeburua: Silvia Arazuri Garín doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Sailari atxikia.

–Idazkaria: Ainara López Maestresalas doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

–Batzordekidea: Jorge Urrestarazu Vidart doktorea, irakasle laguntzaile doktorea, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamenduaren deskribapena Tratamendu Jardueren Erregistroan dago kontsultatzeko, hemen: https://www.unavarra.es/portal-transparencia/.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

9.–Errekurtsoak.

Hautaketa Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, Hautaketa Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA.–IKERTZAILEAK HAUTATZEKO BAREMOA

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK

1. APARTATUA: Espediente akademikoa

Puntuak

15

Doktoretzarako sarbidea eman duen aurretiazko titulazioaren edo titulazioen espediente akademikoa proportzionalki baloratuko da, 10 punturekin gehienez ere.

Ateratzen den puntuazioa 1,5 faktorearekin biderkatuko da izangaiaren titulazioa hauetako bat bada: Nekazaritzako Ingeniaritza, Nekazaritzako Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra, Enologia, Ingurumen Zientziak, Biologia Zientziak edo parekagarriak; 0,75 faktorearekin antzeko titulazioak badira; eta 0,25 faktorearekin beste titulazio bat bada.

2. APARTATUA: Doktoretza-tesia

Puntuak

10

Doktoretza-tesia mahastizaintzaren arloan egin izana 5 punturekin baloratuko da; zurezko beste labore batzuen arloan egin izana 3 punturekin baloratuko da, eta, beste labore batzuen arloan egin izana, berriz, 1 punturekin. Balio horiek 2rekin biderkatuko dira garatutako tesiak nazioarteko aipamena badu edo atzerriko zentro batean garatu bada

3. APARTATUA: Doktoretza ondoko esperientzia, proiektuak eta argitalpenak

Puntuak

40

–Doktoretza ondoko lan esperientzia 10 punturekin baloratuko da gehienez ere. Lan egindako urte bakoitza 2 punturekin baloratuko da gehienez ere, ikerketa agronomikoaren edo biologia molekularraren esparruan mahatsondoaren edo beste zurezko labore batzuen arloan egindako lanak badira, eta 1 puntu beste labore batzuk badira. Aldi laburragoei puntuazio proportzionala emanen zaie.

–Nazioarteko, estatuko edo eskualdeko proiektuetan parte hartzea 10 punturekin baloratuko da gehienez ere. Proiektu bakoitzak 2 puntu balioko du gehienez ere, garatu beharreko jarduerekin duen kidetasunaren arabera.

–Enpresekiko ikerketa-kontratuetan parte hartzeagatik, 6 puntu gehienez ere. Kontratu bakoitzagatik 1 puntu gehienez, garatu beharreko jarduerekin duten kidetasunaren arabera.

–Deialdian azaldutako garatu beharreko jarduerekin lotutako gaietan egindako argitalpenak 14 punturekin baloratuko dira gehienez ere. Argitalpen bakoitza garatu beharreko lanekin duen kidetasunaren eta kalitatearen arabera baloratuko da. Gehienez ere 3 puntu emanen dira lan bakoitzeko (Q1 = 3 puntu, Q2 = 2 puntu, gainerako indexatuak = 0,5 puntu).

4. APARTATUA: Elkarrizketa

Puntuak

12

Aurreko apartatuen baturan gutxienez 38 puntu atera dituzten izangaiei baizik ez zaie eginen elkarrizketa. Deialdi honen xede izan eta garatu behar diren jardueretarako izangaiek zenbat dakiten eta egokiak ote diren baloratzea da elkarrizketaren helburua.

Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 46 puntu da.

Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 1. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 3. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, hautaketa-prozesua zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F2413935