1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
2238/2024 EBAZPENA, irailaren 24koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitara dadila "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa aldatzen duena", Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 23an hartutako erabaki baten bidez onetsia.
2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2024ko irailaren 24an hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa aldatzen duena.
"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO TEKNIKARIEN ETA KUDEAKETAKO ETA ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN PLANTILLA ORGANIKOA ALDATZEN DUENA
1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak ezartzen du plantilla organikoa onetsi egin behar dela. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikariei eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei aplikatu beharrekoa, Unibertsitatearen Estatutuen 106. artikuluaren arabera. Plantilla horretan, lanpostuak zerrendatu behar dira, behar bezala sailkaturik, eta adierazi behar da bakoitza zein mailari dagoen atxikia, eta, bidezkoa denean, zein diren lanpostuan aritzeko egiaztatu behar diren betebehar espezifikoak, bai eta izendapen librearen bidez bete daitezkeen lanpostuak eta ezarritako ordainsari osagarriak erregelamenduaren arabera esleituak dauzkatenak ere.
Gobernu Kontseiluak 2009ko urriaren 6an hartu zuen erabaki baten bidez -zeina 2009ko urriaren 30ean errektoreak emandako 1600/2009 Ebazpenaren bidez argitaratu baitzen-, onetsi egin zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoa. Plantilla hori askotan aldatu da, urtero argitaratzen da, eta urte bakoitzeko abenduaren 31n dagoen egoera eta egitura organikoa islatzen ditu. Hain zuzen, 2024ko apirilaren 11n argitaratu zen azkenekoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 73. zenbakian, errektoreak 2024ko otsailaren 29an emandako 537/2024 Ebazpenaren bidez.
Zerbitzu eta unitate organiko batzuek hala eskatu baitute, beharrezkoa da plantilla organikoan zenbait aldaketa egitea, zerbitzu eta unitate horien benetako beharretara egokitzeko.
Hau da kudeatzaileak, 2024ko irailaren 24an egindako bileran, Gobernu Kontseiluari proposatu dion,
ERABAKIA:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla organikoaren aldaketak onestea. Eranskin gisa gehitu den memorian daude aldaketa horiek.
Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Erabaki honek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektronikoan argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
Laugarrena.–Erabaki honen aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako maila bereko epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2024ko irailaren 24an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.
ERANSKINA.–MEMORIA: NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO TEKNIKARIEN ETA KUDEAKETAKO ETA ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEEN PLANTILLA ORGANIKOAREN ALDAKETAK. 2024. URTEKO EKITALDIA
Lanpostuen aldaketa-lanpostuaren espezialitatea aldatzea
Lanpostu honen espezialitatea aldatu da:
Kudeatzailetza / Informazio eta Komunikazio Zerbitzua / Ikastegien eta Sailen Atala / Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saila-Laborategiari Laguntzeko Unitatea.
LANPOSTU ZK. | LANPOSTUA | HASIERAKO ESPEZIALITATEA | AMAIERAKO ESPEZIALITATEA |
356 | LABORATEGIKO ZERBITZUETAKO OFIZIALA | ELEKTROMEKANIKA | KIMIKA |
Justifikazioa: Lanpostuaren espezialitatea aldatzea (lanpostua hutsik dago), eta bete beharreko premietara bideratutako espezialitate bat esleitzea.
Lanpostua sortu zenetik Sailak laborategian behar duen laguntza teknikoa aldatu delako eskatu da aldaketa. Izan ere, "kimika" profila egokiagoa da "elektromekanika" baino Sailaren egitura berriarentzat –orain bateratuak baitaude lehen Elikagaien Teknologiako eta Nekazaritza Ekoizpeneko sailak zirenak– eta Saileko kideen irakaskuntzak izandako bilakaerarentzat –Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Graduko irakasgaiak eta, berrikiago, Bioteknologiako Gradukoak eman behar baitituzte irakasleek–.
Iragarkiaren kodea: F2413852