201. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

401E/2024 EBAZPENA, irailaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita aldaketa egitea animaliak elikatzeko produktuak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Buñuelgo udal-mugartean dago, eta haren titularra Liverco SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 24ko 245E/2017 Ebazpenaren bidez emana, ondoren aldatua Ingurumeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 15eko 691E/2022 Ebazpenaren bidez, eta berrikusia Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 3ko 223E/2024 Ebazpenaren bidez.

2024ko maiatzaren 31n, titularrak bere instalazioaren ingurumen baimen integratuan dauden baldintzak aldatzeko eskatu zuen. Zehazki, honako hauek:

–2A fokuari dagokion emariaren muga-balioa aldatzea, bazka lehorrarekin lan egiten duenean, eta neurketen emaitzen arabera 40.000 Nm³/h-tik 55.000 Nm³/h-ra handitzea. Horrela, 2B fokuaren emariaren muga-balioaren parekoa izanen da (foku horrek bazka hezearekin lan egiten du).

–Bi hondakin berri sartzea, bat 02 03 04 EHZ kodearekin (deshidratazio-prozesurako egokia ez den landare materiala) eta bestea 10 10 01 EHZ kodearekin (ezpalen eta arbendolen oskolen errautsak, lehortze prozesuan sortuak).

EHZ KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

02 03 04

Kontsumorako edo elaboraziorako egokiak ez diren materialak

Onartzen da kudeatu beharreko hondakinen zerrendan sartzea

10 10 01

Etxeko errautsak, zepak eta galdarako hautsa (10 01 04 kodean zehaztutako galdarako hautsa izan ezik)

10 10 01 EHZ kodea ez dago jasota Batzordearen 2014/955/EB Erabakian, hondakinen zerrendari buruzkoan. Hala ere, 10 01 01 EHZ kodea duen hondakina sartzea onartzen da, deskribapen horretara egokitzen baita.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Onartzea aldaketa egitea animaliak elikatzeko produktuak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzetan. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Buñuelgo udal-mugartean dago, eta haren titularra Liverco SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Liverco SLra eta Buñuelgo Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko irailaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2413928