1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
392E/2024 EBAZPENA, irailaren 23koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita galdaketarako dorre berri bat egiteko aldaketa nabarmena egitea ibilgailuentzako transmisio-elementuak fabrikatzen dituen instalazio batean. Beraz, instalazioak eta hango jarduerak bete beharko dituzte ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak. Instalazioa Iruñeko udal-mugartean dago, eta haren titularra F2J Pamplona SLU da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 241/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 236E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 27ko 237E/2020 Ebazpenaren bidez berrikusia.
2017ko irailaren 15ean, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, galdaketarako dorre berri bat egiteko.
Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2019ko apirilaren 9an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez da funtsezkoa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina, irizpide horren arabera, bada aldaketa "nabarmena", aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, aldaketak ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta hura aldatu.
2024ko martxoaren 4an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, zegokion proiektua gauzatu ahal izateko. Proiektu hori galdaketarako 2. dorrea instalatzean datza, aluminio hipereutektikoko aleazioak ekoizteko, egun dagoen galdaketarako 1. dorrean sortzen diren aluminio-aleazio eutektikoak nahas ez daitezen.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, atmosferara isuriak egiteko baimena eguneratzen da, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta izan beharrekoa; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.
Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Baimentzea galdaketarako dorre berri bat egiteko aldaketa nabarmena egitea ibilgailuentzako transmisio-elementuak fabrikatzen dituen instalazio batean. Beraz, instalazioak eta hango jarduerak bete beharko dituzte ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak. Instalazioa Iruñeko udal-mugartean dago, eta haren titularra F2J Pamplona SLU da.
Bigarrena.–Atmosferara isurketak egiteko baimena eguneratzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isurketa egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurketetan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.
Hirugarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.
Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Zortzigarrena.–Ebazpen hau F2J Pamplona SLUra eta Iruñeko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko irailaren 23an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2413921