1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2247/2024 EBAZPENA, irailaren 24koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaketa-prozesurako deia egiten da, honako kontratu hau garatzeko: "OTRI 2024901139-Harmonikoen kontrol prediktiboa eta arintze selektiboa potentzia handiko turbina eolikoetarako".
2024ko irailaren 19an, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaketa-prozesurako deia egiteko eskatu zuen, jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez "OTRI 2024901139-Harmonikoen kontrol prediktiboa eta arintze selektiboa potentzia handiko turbina eolikoetarako" kontratua garatzeko, proiektuko lankide gisa. Ikertzaile arduraduna Jesús López Taberna da, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
Aintzat harturik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten proposamena.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Onestea ikertzaileen lan kontratazioa egiteko hautaketa-prozesurako deialdia, baita deialdiaren oinarriak ere, kontratu hau garatzeko: "OTRI 2024901139-Harmonikoen kontrol prediktiboa eta arintze selektiboa potentzia handiko turbina eolikoetarako".
Bigarrena.–Ebazpen hau Hautaketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.
Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektroniko ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin.
Iruñean, 2024ko irailaren 24an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.
IKERTZAILEEN LAN KONTRATAZIOA EGITEKO HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA HONAKO KONTRATU HAU GARATZEKO: "OTRI 2024901139-HARMONIKOEN KONTROL PREDIKTIBOA ETA ARINTZE SELEKTIBOA POTENTZIA HANDIKO TURBINA EOLIKOETARAKO"
Hauek dira deialdia arautuko duten
OINARRIAK
1.–Datu orokorrak.
–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan kontratazioa egiteko kontratu hau garatzeko: "OTRI 2024901139-Harmonikoen kontrol prediktiboa eta arintze selektiboa potentzia handiko turbina eolikoetarako".
–Maila profesionala: proiektuko lankidea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.
–Eginkizunak: sarera konektatzeko bihurgailuetan pasibotasuna aztertzea.
–Kontratu mota: jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatearen bidez eginen da kontratazioa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23bis artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
–Iraupena: mugagabea, "OTRI 2024901139-Harmonikoen kontrol prediktiboa eta arintze selektiboa potentzia handiko turbina eolikoetarako" kontratuari lotua.
–Lanaldi mota: osoa.
–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak, 2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak, bere eranskinean ezarritakoak, 2024. urtera egokituak.
Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da, proiektuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.
–Finantzaketa: OTRI kontratua.
–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira, deialdiari dagokion atalean.
2.–Parte hartzeko baldintzak.
2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.
Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.
Halaber, aurreko paragrafoetan sartuta ez dauden herrialdeetakoak izan eta Espainian legezko bizilekua duten atzerritarrek administrazio publikoetako lan kontratupeko langile aritzeko aukera izanen dute. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere parte hartzeko betekizunak betetzen badituzte. Kasu horretan, atzerritarrei buruzko legeek eskatzen dituzten baimenak lortu beharko dituzte kontratazioa egin ahal izateko.
b) 16 urte baino gehiago izatea, eta administrazio publikoko langileentzat ezarritako nahitaezko erretirorako adina betea ez izatea.
c) Hauetako titulazio akademiko ofizialen bat edukitzea: gradua (gutxienez ere 300 ECTSkoa), masterra, lizentzia, arkitektura, ingeniaritza edo, hezkuntza alorrean eskuduna den ministerioak ezarri duenaren arabera, Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko (MECES) 3. mailari (masterrari) dagokion titulazioren bat.
Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.
d) Deialdiko xede diren lanpostuen funtzioak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.
e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira deialdi honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak, bai eta kontratuak dirauen bitartean ere.
3.–Eskaerak.
Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:
https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/ikertzaileen-hautaprobak
Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.
"Erantsi fitxategiak" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:
–Parte hartzeko eskabidea.
–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.
–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.
–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.
–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.
Parte hartzeko eskabide eredua esteka honetan dago:
http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, eta, hartan, baztertuak zergatik baztertu dituzten adieraziko da. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.
4.2. Ebazpen honen 2.1 oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izanen dira, eta, gainera, ezin izanen dira zuzendu.
4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuak izanen dira hautaketa-prozesutik.
4.4. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.
4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa zehaztugabea, okerra edo faltsua bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.
5.–Hautaketa-prozesua.
Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.
Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautaketa Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.
Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.
Hautaketa Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.
6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.
6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautaketa Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.
6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da.
6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia edukiko du argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiltzen ahalko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere hurrenkera ordena errespetatuz.
6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste edozein lanpostutarako kontraturik eskainiko. Dena dela, eskainiko zaie baldin eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.
7.–Hautaketa-batzordea.
–Batzordeburua: Eugenio Gubía Villabona doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.
–Idazkaria: Jesús López Taberna doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
–Batzordekidea: Javier Samanes Pascual doktorea, kontratupeko irakasle doktorea, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
Ordezko hautaketa-batzordea.
–Batzordeburua: Miguel García Solano doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
–Idazkaria: Pablo Sanchis Gúrpide doktorea, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
–Batzordekidea: Luis Marroyo Palomo doktorea, unibertsitateko katedraduna, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailari atxikia.
Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.
8.–Datu pertsonalen babesa.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.
Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamenduaren deskribapena Tratamendu Jardueren Erregistroan dago kontsultatzeko, hemen: https://www.unavarra.es/portal-transparencia/.
Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.
Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.
Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.
Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.
9.–Errekurtsoak.
Hautaketa Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.
Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, Hautaketa Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.
I. ERANSKINA.–IKERTZAILEAK HAUTATZEKO BAREMOA
ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK |
1. APARTATUA: Titulazioak eta espediente akademikoa | Puntuak | 15 |
Izangaiaren espediente akademikoa baloratzeko, bere batez besteko nota proportzioan hartuko da aintzat 0tik 10erako eskala batean. Izangaiak 300 ECTStik beherako titulazio bat eta master bat baditu, titulazioaren eta masterraren batez besteko notak ponderatu eginen dira, bi tituluen kreditu kopuruaren arabera. Titulazio bakoitzaren puntuazioa koefiziente hauekin biderkatuko da: –Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua, Ingeniaritza Elektrikoko/Elektronikoko Gradua, Ingeniaritzako Masterra, Energia Berriztagarrietako Masterra, Industria Ingeniaritza, Ingeniaritza Tekniko Elektrikoa: 1,5. –Ingeniaritzako bestelako gradu edo masterrak: 1. –Beste titulazio batzuk badira: 0,7. |
2. APARTATUA: Lan esperientzia, prestakuntza eta argitalpenak | Puntuak | 7 |
Alderdi hauek baloratuko dira: –Lan esperientzia: gehienez ere 2 puntu emanen dira urte bakoitzeko, baldin eta proiektuaren gaiarekin lotuta badago (3 puntu gehienez). Aldi laburragoei puntuazio proportzionala emanen zaie. –Deialdi honekin lotuta dauden edo eskatutako profilerako egokiak diren bekak: gehienez ere 2 puntu urte eta beka bakoitzeko (3 puntu gehienez). Aldi laburragoei puntuazio proportzionala emanen zaie. –Energia berriztagarrien edo ingeniaritza elektrikoaren arloko prestakuntza: gehienez ere 1 puntu ikastaro, mintegi edo irakasgai bakoitzeko, iraupenaren eta proiektuaren gaiarekiko egokitasunaren arabera (2 puntu gehienez). –Proiektuaren gaiarekin lotutako ekarpen bakoitzeko (artikuluak, kongresuetako hitzaldiak, patenteak), 1 puntu emanen da (2 puntu gehienez). |
3. APARTATUA: Beste merezimendu batzuk | Puntuak | 6 |
–Ingelesari buruzko ezagutza: Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak jasotako mailen arabera baloratuko da: 1 puntu (B1 maila), 1,5 puntu (B2 maila) eta 2 puntu (C1 maila edo hortik gorakoa). –PSIM eta Matlab tresna informatikoen ezagupena frogatzeagatik 3 puntu emanen dira gehienez, gaitasun mailaren arabera. –C programazioko lengoaiaren ezagupena frogatzeagatik 1 puntu emanen da gehienez, ezagupen mailaren arabera. |
4. APARTATUA: Elkarrizketa pertsonala | Puntuak | 2 |
Aurreko bi apartatuetako puntuak batuta puntuazio altuena lortzen duen izangaiari elkarrizketa eginen zaio, baita emaitzarik hoberenarekin bi puntuko aldea edo txikiagoa lortzen duten izangaiei ere. |
Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 15 puntu da.
Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 1. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 2. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, hautaketa-prozesua zozketaz erabakiko da.
Iragarkiaren kodea: F2413944