20. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARRIPODASKO KONTZEJUA

Ordenantza, Herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Arripodasko Kontzejuak, 2023ko abuztuaren 31n egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Kontzejuaren herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2023ko 196. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 19an. Jendaurreko aldia iragan da inork alegaziorik egin gabe, eta, hala, aipatutako ordenantza behin betiko onesten da, eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Arripodasen, 2023ko abenduaren 11n.–Kontzejuko burua, Laura Pérez Villanueva.

ORDENANTZA, ARRIPODASKO KONTZEJUAREN HERRI-LURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Arripodasko Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herritar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik izanen beren gain.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurretako ondasunen ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua deusetan ukatu gabe.

II. TITULUA.–ADMINISTRAZIOA ETA XEDAPEN EGINTZAK

5. artikulua. Arripodasko Kontzejuari dagozkio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan xedatzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Arripodasko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikien desafektazioa egiteko, gero saltzeko edo trukatzeko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du desafektazioaren onura publikoa edo soziala, eta, hori egin baino lehen, Arripodasko Kontzejuak justifikatu beharko du nahi den helburua ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzulketa-klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, ondasun horiek Arripodasko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira, herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA.–HERRI-ONDASUNAK DEFENDATU ETA BERRESKURATZEA

7. artikulua. Arripodasko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiori, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Arripodasko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, akzio zibilak sustatuko dira herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Arripodasko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, herri-lurrekin mugakide diren finken immatrikulazioa edo finka horien hedadura-soberakina direla eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Arripodasko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko eta berariazko onespena beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Arripodasko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du, beti, iraungi daitezen herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, halakorik sortu bada baimen kontzesio edo beste ezein tituluren kariaz, betiere horretarako ahalmen hertsatzaileak baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Arripodasko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haietan partaide denean, eta ebatziko ditu horiek betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Kontratuak interpretatzeko erabaki horiek betearazleak izanen dira lehen unetik, horrek galarazi gabe kontratistek duten eskubidea bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Arripodasko Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren akzioak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren akzioa, horretarako ezarritako eran. Akzio horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA.–HERRI-LURRETAKO ONDASUNEN APROBETXAMENDUA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Herri-larreen aprobetxamenduak.

c) Etxeetarako egur-aprobetxamenduak.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua.

1. Oro har, herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateen titularrek:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua.

b) Urraulbeitiko Udaleko biztanleen erroldan Arripodasko bizilagun gisa inskribaturik egotea bi urteko antzinatasunez.

c) Arripodasen bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.

d) Inolako zor fiskalik ez izatea Arripodasko Kontzejuarekin.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatutakoa, familiakoekin bizi badira ere, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak direnean.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Arripodasko Kontzejuak ebatziko ditu, banan-banan, osoko bilkuran.

II. KAPITULUA.–LABORANTZAKO HERRI-LURREN APROBETXAMENDUA

16. artikulua. Arripodasko laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modalitatetan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak.

b) Herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Arripodasko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Arripodasko Kontzejuak hiru modalitate horiek erabiliko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, bata bestearen ondotik, adierazitako ordenaren arabera.

1. ATALA.–LEHENTASUNA DUTEN HERRITARRENTZAKO APROBETXAMENDUAK

17. artikulua.

1. Modalitate honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik baldin badago, agiri bidez frogatuta, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar zaien irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Kontuan hartuko dira, beraz, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioarena (norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta) eta horren gisako beste edozein datu.

18. artikulua.

1. Modalitate honetan, lehorreko 88 erreguko azalera ezarri da eredu-lotearentzat.

2. Azalera horrekin herri-lur nahikorik ez badago, onuradun-kopuruaren arabera txikiagotuko da eredu-lotea.

3. Zehazteko zenbat lote emanen zaizkien 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio eredu-loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea.

d) Bederatzi kidetik gorako familia-unitateak, 5 koefizientea.

19. artikulua. Arripodasko Kontzejuak, kontuan harturik herri-lurren ezaugarriak eta herritarren egoera soziala, proportzionalki murriztu ahalko ditu aurreko artikuluan aipatzen diren faktoreak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldez aurretik baimena ematen badu eta behar den bezala justifikatuz gero, baina ez handitu, ordea.

2. Arripodasko Kontzejuak laborantzako herri-lurren ehuneko berrogeita hamarra erabiliko du, gutxienez, banaketa mota honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da. Urte anitzeko laboreak badira, eta Kontzejuak baimena ematen badu, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

21. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu mota honetan:

–Aurrekontuak onestean finkatuko da.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin. Nolanahi ere, kanonak Arripodasko Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko dira adjudikaziodunak edo bere familia-unitateko kideek (ordenantza honen 15. artikulu ezaugarriak betetzen dituztenek) egindako laborantza lanak; soldatako langilerik ez da hartuko, salbu urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen badute. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko baldin eta, kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoi batengatik soldatakoak hartzen badira. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Arripodasko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat behin betikoa bada Kontzejuaren iritziz, eta herri-lurren zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 24. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

24. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landu, adjudikatzeko unean edo aprobetxamenduaren epean, Arripodasko Kontzejuak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu modalitatearen bidez, hau da, herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez. Arripodasko Kontzejuak lurzatien titularrei ordainduko dizkie adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak, kanona kendu ondotik.

Arripodasko Kontzejuak eskumena du erabakitzeko ea noiz dagoen ezintasun fisikorik edo bestelakorik, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Laborantza apartzerian ematen duten edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.

Lurra kentzeko, aurretik Arripodasko Kontzejuak espedientea irekiko du eta interesdunari entzunaldia emanen dio.

Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

25. artikulua. Arripodasko Kontzejuak noiznahi egiten ahal ditu egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztatzeak, ziurtatzeko lurzatien laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.

b) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen ustean, adjudikatutako lurzatiak zuzenean eta pertsonalki ez lantzea, ordenantza honen 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatzen den bezala.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak aurkezteko errekerimendua jaso eta Arripodasko Kontzejuak agindu epean ez aurkeztea: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzea, berek eginak edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona fisikoen gaineko errenta aitorpenean nekazaritzako etekinak ez aitortzea.

e) Adjudikatutako lurzatiaren %80, gutxienez, ez lantzea.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarren batzuei errentan ematea.

2. ATALA.–HERRITARREI ZUZENEAN ADJUDIKATZEKO APROBETXAMENDUAK

26. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak diren herritarren artean.

27. artikulua. Kontzejuak erabakiko du zein den herritarrendako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, lehentasuna dutenendako adjudikazioa egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta; familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan adjudikatuko dira.

28. artikulua. Adjudikazioaldia 20. artikuluan ezarritako berbera da.

29. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu mota honetan ordaindu behar duten kanona aurrekontuak onestean ezarriko da.

Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, gehienez ere erakunde eskudun ofizialak Nafarroarako onetsitako kontsumoko prezioen igoerarekin. Nolanahi ere, kanonak Arripodasko Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

30. artikulua. Adjudikaziodunak zuzenean eta pertsonalki eginen du laborantza eta, horretarako, bete beharko du 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatua.

31. artikulua. Arripodasko Kontzejuak azalera bat erreserbatuko du, laborantzako herri-lurren azaleraren %5 gehienez, onuradun berriei adjudikatzeko.

Toki erakundeak behin-behinekoz adjudikatzen ahalko ditu aurreko apartatuan aipatzen diren erreserbako lurrak, baina behin-behineko adjudikazio bakoitzak indarrik gabe geldituko da aprobetxamendua lehentasuna duen beste onuradun bati ematen zaionean. Behin-behineko adjudikazioetan, baldintza suntsiarazle hori ezarriko da, besteak beste.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurren eskaintza gainditzen badu, behin lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondoren, ezetsiko dira diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateen titularren eskaerak.

Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 17.3) artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

4. ATALA.–ARRIPODASKO KONTZEJUAREN ZUZENEKO USTIAPENA EDO ENKANTE PUBLIKOA

33. artikulua. Arripodasko Kontzejuak, baldin laborantzako lurrik sobera gelditzen bada lehen eta bigarren ataletako prozedurak aplikatu ondoren, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arte iraunen du adjudikazioak.

Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko gisako lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra sobera gelditzen bada, Arripodasko Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

5. ATALA.–ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

34. artikulua. Arripodasko Kontzejuak osoko bilkuran aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua paratuta, 10 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten.

35. artikulua. Eskaerari erantsiko zaio honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa:

a) Herriko biztanlea izatea, gutxienez 2 urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Inolako zor fiskalik ez izatea Arripodasko Kontzejuarekin.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai Arripodasko Kontzejuan bai beste edonon; lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren zehaztuko da.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan, bai beste batzuetan; lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren zehaztuko da.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Arripodasko mugartean, bai beste batzuetan.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren abeltzaintzako ondasunen zergapeko kapitalak edo abelburu kopurua eta espeziea, bai kontzeju honetan bai beste batzuetan.

h) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektoreko sarrerak, Gizarte Segurantzako pentsioak eta bestelako errentak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Arripodasko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; egiaztapenak agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 17.3 artikuluan zehazten den bezala.

36. artikulua. Onartuen zerrenda onetsiko du Arripodasko Kontzejuak, adjudikazio mota bakoitzean: lehentasuna duten herritarrena eta zuzeneko adjudikazioarena. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

37. artikulua. Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da modalitate bakoitzeko behin-behineko zerrenda, 10 egun balioduneko epean bidezko iritzitako alegazioak egin daitezen. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

38. artikulua. Alegazioak edo zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Kontzejuak horien gaineko ebazpena emanen du, eta modalitate bakoitzean herri-lurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

39. artikulua. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamendu modalitateari dagokionez, hartaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda onetsi ondoren, Arripodasko Kontzejuak loteak adjudikatuko ditu; ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak izanen dituzte loteek.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak laborantzako loteak adjudikatuko dizkie bigarren modalitatean (herritarrei zuzenean adjudikatzeko aprobetxamendua) behin betiko zerrendan dauden familia-unitateko titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 27. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, kontzeju honen iragarki-taulan. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

40. artikulua. Behin ebatzita argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, eta akatsak zuzenduta, Kontzejuak behin betikotzat joko du laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA.–HERRI-LARREEN APROBETXAMENDUA

41. artikulua. Arripodasko Kontzejuak, bere kontzeju-mugartean, bazkalekua edo artzaintza-gunea ezartzen du, Artegik eta kontzejuko lur guztiek osatua, herri-lurrek zein partikularrenek.

42. artikulua. Arripodasko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modalitate hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

43. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak izanen dira herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidezko larre aprobetxamenduaren onuradun, betiere azienda beren izenean alta emanda badute Arripodasko Kontzejuan.

44. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea.

45. artikulua. Adjudikazioaldia 8 urterako izanen da.

46. artikulua. Arripodasko Kontzejuak honela kalkulatzen du guztien bazkalekuak jasan dezakeen abelburu kopurua:

Honi dagokionez, Arripodasko Kontzejuak baliokidetza hauek egin ditu:

  • Zaldi-aziendako buru bat behi-aziendako buru bat adina da.
  • Behi-aziendako buru bat ardi-aziendako bost buru adina da.
  • Ahuntz-aziendako buru bat ardi-aziendako buru bat adina da.

47. artikulua. Arripodasko Kontzejuak ezarriko du bazkalekuaren kanona, adjudikazio prozedura hasten den unean, kontuan hartuta larreen balio errealaren %80 eta %90 artekoa izan behar duela.

48. artikulua. Adjudikazio-prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera egokitzeko, erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onetsitako indizeen arabera.

49. artikulua. Bi epetan ordainduko da urteko kanonaren zenbatekoa:

Lehenengo epea: urteko zenbatekoaren %50ari dagokiona, adjudikazioa egin eta sei hilabeteren buruan.

Bigarren epea: urteko zenbatekoaren gainerako %50ari dagokiona, adjudikazioa egin eta hamabi hilabeteren buruan.

50. artikulua. Onuradunak, adjudikazioaren egunetik 10 eguneko epean, adjudikazioaldiaren 8 urteei dagokien diru kopuru osoaren %7 jarri beharko du fidantzatako.

51. artikulua. Arripodasko Kontzejuak larre guztien bostena gordeko du, onuradun berriak agertuz gero urteko adjudikazioak egin ahal izateko.

52. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak beharko du osasun ziurtagiria, frogatzeko betetzen direla behar diren baldintzak, ezarrita daudenak herri-larreak aprobetxatzen dituzten azienden osasun babesari buruzko arauetan, hau da, dagokion foru legean eta haren erregelamenduetan.

53. artikulua. Ezin da bazkatu baratzerako diren finketan, zuhaitz gazteen landaketetan, astorkietan, luzernetan edo beste labore iraunkor batzuetan, non ez den jabeen baimena edukitzen.

–Ezin dira abereak bazkatzera eraman uzta bilduta duten soroetara lastoa biltzeko lanak bukatu arte, uztaren ondoren, non ez den jabeen baimena edukitzen.

–Abereak ezin dira soroetan sartu euria egin ondoren, urte osoan, hiru egun pasatu arte, euriondoak errespetatuz eta, kazkabarraren kasuan, Kontzejuak baimendu arte.

–Debeku da arras abereak herriko karriketan ibiltzea. Hiriguneetatik kanpo dauden bideak eta sarbideak erabili behar dituzte. Ohartarazten da debeku hori urratuz gero, kasuan kasuko diru-erantzukizunak eskatuko direla.

–Abeltzainak ordainduko ditu abereek ereindako lurretan eta beste laboreetan egindako kalteak.

–Adjudikaziodunen kontura izanen dira hesietako, langetako, artegietako eta bordetako mantentze-lanak. Adjudikazioaldia bukatutakoan, egoera ezin hobean utzi behar dituzte.

–Ulertzen da abeltzainaren gain egonen direla adjudikazioaren arriskua eta mentura, eta ezin izanen du deus erreklamatu adjudikazioaldian suertatzen diren arrazoi aurreikusi gabeengatik, luberritzeak, landaketa desberdinak, labore aldaketak eta larreak urritzen ahal dituzten beste batzuk direla eta.

–Adjudikaziodunak bere gain hartuko ditu azpiegituretan (alanbre-hesiak, idoiak, larreak, etab.) sortutako kalteak abereak gaizki gobernatzeagatik, eta haietako mantentze-lanez arduratuko da.

– Larreak mantentzeko, adjudikaziodunak honako hauek egin beharko ditu:

a) Ez sartu euria egin ondoren, harik eta lurrak giro ona izan arte.

b) Nitrogenoz, fosforoz eta potasioz osatutako formula batekin ongarritzea urtero, ITGk gomendatutako dosien arabera.

–Kontzejuak beretako dauka edozein unetan lurraren eta larreen erabilera bereganatzeko aukera, bidezkotzat jotzen dituen arrazoiengatik, hala nola laboreak hobetzea edo aldatzea, azpiegiturak egitea eta abar. Nolanahi ere, hiru hilabete lehenago gaztigatuko dio adjudikaziodunari, eta, kasu horretan, dagokion kalte-ordaina ordainduko dio, edo larreen eskubideen kanona jaitsiko, gozamena kentzeagatik, proportzionaltasuna aplikatuz zenbateko osoaren eta Kontzejuak bereganatzen duen azaleraren arabera.

–Nekazariek debekatua daukate idoietatik ura hartzea beste zerbaitekin erabilitako ontzietan, hala nola herbizida, intsektizida eta nekazaritzan erabiltzen diren beste produktu kimikoekin, baldin eta aziendarentzat eta ehizarentzat kaltegarri badira. Debeku hori errespetatzen ez duten guztiei zehapena ezarriko zaie.

54. artikulua. Prozedura. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua paratuta, 10 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

55. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko aitorpena aurkeztuko da, ordenantza honen 36. artikuluan zehaztu bezala. Horrez gain, abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria eta ordenantza honen 53. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzko ziurtagiria erantsiko dira, baita erabili nahi dituen bazkalekuen hurrenkera-zerrenda ere.

56. artikulua. Kontzejuak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, baldintza hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik apalena duten familia-unitateei.

b) Jasan dezaketen abelburu kopuruaren arabera sailkatuko dira bazkalekuak, antzeko abelburu kopurua duten eskatzaileen artean adjudikatzeko.

57. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

58. artikulua. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira 8 urterako, indarra duen araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.

IV. KAPITULUA.–ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA

59. artikulua. Mendian aski baldin badago, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Arripodasko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

60. artikulua. Arripodasko Kontzejuak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

61. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

62. artikulua. Egurra banatzerakoan, Arripodasko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die egoera ekonomikorik apalena duten familia-unitateei.

63. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Arripodasko Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 17. artikuluan ezarri bezala.

64. artikulua. Kontzejuak urteko aurrekontu arruntean finkatuko du epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona.

65. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen diete Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

66. artikulua. Adjudikazio prozedurari dagokionez, ordenantza honen 35, 36, 37, 38, 39, 40, 41, 55, 56, 57 eta 58. artikuluei jarraituko zaie.

V. KAPITULUA.–HERRI-LURRETAKO BESTE APROBETXAMENDU BATZUK

67. artikulua. Herri-lurrak sartuz eratutako barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da dagokion foru araudian ezarritakoari jarraikiz.

68. artikulua. Arripodasko Kontzejuak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro. Gainera, aprobetxamenduak jendaurreko informazioaren tramitea bete beharko du 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA.–HOBEKUNTZAK HERRI-ONDASUNETAN

69. artikulua.

1. Arripodasko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Haien gaineko kargak luditzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, laguntza eman dakien inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela frogatzen duten herritarrei.

2. Proiektu horiek Kontzejuak nahiz herritar interesdunek sustatzen ahal dituzte, eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraikiko zaio:

a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuak onestea.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei kalte-ordaina emanen zaie sorrarazitako kalte-galerengatik, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzengatik ere, zuzenbidearen arabera bidezkoa bada.

70. artikulua. Kontzejuak berak onetsiko ditu, eta ez beste inork, aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean jendaurrean eduki beharko dira, eta gero Udalak ebatzi beharko ditu aurkezten diren alegazioak.

V. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

71. artikulua. Arripodasko Kontzejuak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, ordenantza honetan xedatua betetzen dela ziurtatzeko.

72. artikulua. Adjudikaziodunari kalte-galerak eta erantzukizunak erreklamatzea ezertan ukatu gabe, Kontzejuak jarraian azalduko diren zehapenak ezartzen ahalko ditu, dagokion zehapen espedientea instruituta.

73. artikulua. Zehatzeko ahala erabiltzeko, arau hauei jarraituko zaie: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 177. artikulua eta ondorengoak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen IX. tituluaren I. kapitulua, eta aplikatzekoa den araudia.

74. artikulua. Arau-hauste administratiboak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

–Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Aprobetxamenduaren kanona Arripodasko Kontzejuak finkatzen duen epetik kanpo ordaintzea.

b) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, modalitatea edozein delarik ere.

c) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

d) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

e) Laborantza iraunkorrak (zuhaitzak, mahatsondoak, zainzuri-landareak, etab.) udal baimenik gabe egitea.

f) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

g) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

h) Beste lurzatietatik bereizteko ildo-bizkarrak goldatzea.

i) Lurrak goldatzean ildoa irekia uztea bide edo areka baten ertzean.

j) Simaurra, harriak, egurra, lastoa edo bestelako materialak uztea bideetan, erretenetan, abelbideetan edo herri-lurretako edozein tokitan, ez bada bereziki prestatu erabilera horietarako.

k) Finketan behar diren oharrak edo seinaleak ez jartzea.

l) Adjudikatu ez zaion bazkalekuan aziendekin sartzea.

m) Larreen adjudikazioaldia ez errespetatzea.

n) Ordenantza honetan xedatuaren aurkako beste edozein egintza, arau-hauste astun edo oso astun gisa sailkatu ez dena.

–Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Adjudikazioa eskuratzeko, gezurrezko datuak ematea.

b) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

c) Adjudikatutako larreak lagatzea edo azpierrentamenduan ematea, ordenantza honetan aipatzen diren kasuetan eta baldintzetan izan ezik.

d) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta lege hori garatzen duen Erregelamendua.

e) Fede gaiztoz, Arripodasko Kontzejuari ez ematea adjudikazio baldintzetan gerora izandako aldaketen berri.

f) Abereek edateko idoietatik ura hartzea, lurrak ureztatzeko edo herbizidak botatzeko.

g) Bi urteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

h) Aprobetxamenduaren kanona ez ordaintzea Arripodasko Kontzejuak ezarritako epeak bukatu eta bi hilabetera.

i) Artegi, idoi, hesi edo larreetan kalteak egitea.

–Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) Mugarriak kentzea edo haien egoera aldatzea.

75. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren arau-hausteengatik, zehapen ekonomiko hauek ezarriko dira:

a) Arau-hauste arinak egiteagatik, 60,10 eurotik 300,50 eurora bitarteko isuna izanen da.

b) Arau-hauste astunak egiteagatik, 300,51 eurotik 601,01 eurora bitarteko isuna izanen da.

c) Arau-hauste oso astunak egiteagatik, 601,02 eurotik 1.202,02 eurora bitarteko isuna izanen da.

Zehapen horiek mailakatu eginen dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako irizpideei jarraikiz.

76. artikulua. Ezartzen ahal diren zehapen ekonomikoak eta egindako kalte-galerak ordaindu beharra deusetan ukatu gabe, kalte-galerak benetakoak eta banan-banan bereizteko modukoak badira eta haien balio ekonomikoa kalkulatzen ahal bada, Kontzejuak, inguruabarrak aztertu ondoren, ondotik ematen diren zehapen osagarriak ezartzen ahalko ditu.

Arau-hausteak astunak edo oso astunak direnean, adjudikazioa kendu eta beste bi adjudikazioalditan larreak eskuratzeko aukeratik baztertzen ahalko da. Arau-hauste oso astun batzuen kasuan, inguruabarrak kontuan izanik, herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea kentzen ahalko da.

77. artikulua. Arau-hausteen erantzuleak aprobetxamenduaren titularrak izanen dira, egitez edo omisioz, edo, kasua denean, egitateetan parte hartu duten pertsonak.

78. artikulua. Alkatea izanen da zehatzeko organo eskuduna.

79. artikulua. Zehatzeko ahala erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarritako hura izanen da zehapen prozedura.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.–Ordenantza honetan laborantzako herri-lurren aprobetxamenduei eta larreen aprobetxamenduei buruz agertzen diren xedapenek oraingo adjudikazioak bukatutakoan hartuko dute indarra.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Ordenantza honetan xedatzen edo biltzen ez den orotan, arau hauek aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legea, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak, orokorrak eta sektorialak, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren bilduma, eta oro har eta kasu honetan berariaz aplikatzeko diren gainerako arauak. Ordezko zuzenbide gisa, Estatuko legeria aplikatuko da.

Bigarrena.–Arripodasko Kontzejuak ordenantza hau eta honen babesean emandako adjudikazioak interpretatuko ditu, bai eta ordenantza betetzean sortzen diren zalantzak argituko ere. Ordenantza eta adjudikazioak interpretatzeko erabaki horiek betearazleak izanen dira lehen unetik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorio juridikoak izanen ditu behin haren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osoki argitaratu eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei, haien egintza edo erabakiak indargabetzeko, errekerimendua egiteko duen ahalmena erabiltzeko epea iragan ondoren; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L2317449