20. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

461E/2023 EBAZPENA, abenduaren 19koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa, Iruñeko udal mugartean dagoen eta esnekiak ekoizten dituen instalazio baterako; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Lacteos de Navarra SL da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 9.7 taldean.

2023ko urriaren 20an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzea, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, sortzen diren hondakinen zerrendan, beste hondakin batzuk sartzeko, ekoizpen prozesuari, laborategiari eta zerbitzu orokorrei dagozkienak.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak berrikusi du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin:

EHZ
KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

15 01 05

Ontzi konposatuak: Ontzi arinak

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea, eta 20 03 01 EHZ kodea duen hondakina kenduko da (nahastutako udal hondakinak), hura hobeki egokitzen zaiolako Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren hondakinen zerrendako kapituluari. Hondakin hori jada baimenduta dagoenez, haren deskribapena baino ez da aldatzen.

17 04 05

Burdina eta altzairua

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea.

18 01 03*

Infekzioak prebenitzeko, bilketa eta deuseztatze baldintza bereziak bete behar dituzten hondakinak: Osasun-hondakinak

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea.

20 01 33*

160601, 160602 edo 160603 kodeetan zehaztutako bateria eta metagailuak, eta bateria horiek dituzten sailkatu gabeko bateria eta metagailuak

Onartzen da sortzen diren hondakinen zerrendan sartzea, baina 16 06 04 EHZ kodearekin. Izan ere, proposatutakoa (Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren hondakinen zerrendako 20. kapitulukoa) etxeko hondakinei buruzkoa da soilik, eta etxeko hondakinak kasuan kasuko toki erakundearen bidez kudeatu behar dira (kasu honetan, Iruñerriko Mankomunitatea), eta, beraz, ez dira zerrenda horretan agertu behar.

Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen bateratuan isurketarako ezarritako gehieneko mugarekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa, Iruñeko udal mugartean dagoen eta esnekiak ekoizten dituen instalazio baterako; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Lacteos de Navarra SL da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Lacteos de Navarra SLra eta Iruñeko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abenduaren 19an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2317963