20. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1785E/2023 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita toki erakundeei, fundazioei, gizarte ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitarte egiten diren ongizate emozionala sustatzeko programa komunitarioetarako. DDBN identifikazioa: 725237.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatu Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritakoarekin bat, dirulaguntza deialdi honen xedea da toki erakundeek, fundazioek, gizarte ekimeneko kooperatibek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek, herritarren parte-hartzearekin, osasuna prebenitu, sustatu eta mantentzeko programa komunitarioak garatzea, bat etorriz Osasun Departamentuak politika sanitarioaren esparru orokorrean sustatzen dituen irizpideekin, bereziki, ekintza horien xedea denean Osasun Plan indardunean, 2022-2025 Nafarroako Osasun Publikoaren Planean, Espainiako Osasun Sistemako osasun-sustapeneko eta prebentzioko estrategian eta Osasun Ministerioaren 2022ko Osasun Publikoko Estrategian aipatzen diren helburuak betetzea, eta bat datozenean Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak bizimoduei buruz ematen dituen gomendioekin.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluaren bidez, Osasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretuaren 8.v) artikuluaren bidez eta Osasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 68/2023 Foru Dekretuaren bidez emanik ditudan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen 1., 2. eta 3. eranskinetan deskribatutakoarekin bat, toki erakundeei, fundazioei, gizarte ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitarte egiten diren ongizate emozionala sustatzeko programa komunitarioetarako.

2. Ebazpen honetatik sorturiko konpromisoei erantzuteko, 200.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastu-aurrekontuko "Ongizate emozionala sustatzeko programa komunitarioetarako dirulaguntzak" izeneko 520001-51200-4819-313908 partidaren baliokidea izateko 2024ko aurrekontuetan gaitzen den aurrekontu-partidaren kargura, kreditu egokia baldin badago.

Orobat, 200.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

3. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren aurka, Osasuneko kontseilariari zuzenduta. Hilabeteko epea izanen da horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

5. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren barneko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasun Departamentuko Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko azaroaren 21ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.

1. ERANSKINA.–DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, TOKI ERAKUNDEEI, FUNDAZIOEI, GIZARTE EKIMENEKO KOOPERATIBEI ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ELKARTEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO, 2023KO ABENDUAREN 1ETIK 2024KO AZAROAREN 30ERA BITARTE EGITEN DIREN ONGIZATE EMOZIONALA SUSTATZEKO PROGRAMA KOMUNITARIOETARAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzaren xedea.

Deialdi honen xedea da toki erakundeei, fundazioei, gizarte ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntza batzuk emateko araubidea ezartzea. Dirulaguntza horiek osasuna sustatzen duten programa komunitarioak garatzeko izanen dira, programa horien bidez ongizate emozionala hobetzen laguntze aldera, taldekako ekintza eta ekintza komunitarioen bidez, pertsonak eta komunitateak arlo horretan gaitzeko. Halaber, zerbitzuak ere hobetu nahi dira, lurraldeko baliabideak eta osasun aktiboak oinarri harturik.

Ongizate emozionala sustatzeko programa komunitarioak dira jomuga dutenak taldeen eta komunitateen gaitasun emozionalei bidea ematea eta haiek hobetzea (gaitasun horiek ezagupen, gaitasun eta jarreren multzo bat dira, beharrezkoak direnak osasun emozionala modu eraginkorrean ulertu, aditzera eman eta erregulatzeko, eta tresnak eta baliabideak ematen dituzte norbera eta inguru sozioemozionala zaintzeko pertsonak garatzen garen hainbat testuingurutan), eta lurraldean dauden baliabideak eta sareak sendotzea; izan ere, horretarako oinarri hartzen dituzte taldeetan dagoeneko dauden dinamikak (talde informalak, elkarteak, baliabideak eta zerbitzuak, administrazio publikoak eta abar). Era berean, talde eta komunitate horien ahalmenak garatzea bilatzen dute, eta ongizatera eta bizi-kalitatera bideratutako ekintza- eta jarduera-aukerak sortzen laguntzen dute, betiere argi izanik funtsezkoa dela xede-komunitateak prozesuetan parte hartzea eta gizarteko sektoreen arteko lan partekatua, hau da, sareko lana.

Hala, ekintzon eta programon helburua hauxe izanen da:

–Maila pertsonalean:

Pertsonen osasun eta ongizate emozionala hobetzea, osasun emozionala zaintzeko tresnak emanez, hala nola estresa kudeatzeko, norberaren emozioak ezagutu eta kudeatzeko, erresilientzia sustatzeko eta abar.

–Toki mailan:

Toki erakundeek eta entitate sozialek biztanleen ongizate emozionala sustatzeko duten gaitasuna indartzea. Horretarako, beharrezko izanen da parte hartzeko testuinguruak sortzea (lan esparruan, hezkuntzan, udalerrian, osasun eta gizarte arloan), zeinek bizilagunen gaitasun emozionalak sustatu eta garatuko baitituzte.

–Maila komunitarioan:

Komunitate batean inplikaturik dauden askotariko eragileak integratuko dituzten proiektuak sendotzea eta bultzatzea. Beharrezkoa izanen da testuinguru soziokomunitarioan jardutea; izan ere, inguruko premia errealen gainean lan egitean eratzen dira parte hartuko duten eragileak, testuinguru hori hobetzeko eta biztanleen ongizate emozionala sendotzeko xedez.

Ez dira dirulaguntza honen xede izanen banakako esku-hartzeak, ezta helburu asistentzial edo terapeutikoa dutenak ere.

Taldekako esku-hartzeak titulazio egiaztatua duten arlo soziosanitarioko profesionalek eginen dituzte.

2. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen bidez ezartzen diren dirulaguntzen onuradunak toki erakundeak eta kasuan kasuko erregistroan inskribatutako fundazioak, gizarte ekimeneko kooperatibak eta irabazi-asmorik gabeko elkarteak izaten ahalko dira, baldin eta deialdiaren epean osasunaren arloko prebentzio, sustapen eta mantentze ekintzak edo programak, Osasun Departamentuak zehazturiko lehentasunekin bat datozenak, gauzatzen badituzte Nafarroako Foru Komunitatean.

Erakunde publikoenak ez diren eskaeren kasuan, entitate eskatzaileek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak egunean izan beharko dituzte, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei itzuli beharreko zorrei dagozkien betebeharrak ere, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena egiten den egunean.

Entitate eskatzaileak ezin dira egon dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten gainerako egoeretan, zeinak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarrita baitaude.

Entitate pribatuek gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honen 8. oinarriaren arabera.

Baldintza horiek guztiak diruz laguntzen den jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira. Entitate onuradunaren erantzukizuna da, aldaketarik bada, horien berri ematea.

3. Gastu diruz lagungarriak, diruz lagungarriak ez direnak, eta laguntzen zenbatekoak.

1. Gastu diruz lagungarriak.

a) Programako jarduerak gauzatzeko beharrezkoak diren zuzeneko gastuak, hala nola honako hauek:

a.1) Higiezinen alokairuak eta horiek erabiltzearen ondoriozko gastu arruntak, diruz lagundutako jarduerak erakundearen jarduketa guztiei eragiten dien zati proportzionalean.

a.2) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak.

a.3) Langileen gastuak, haien barnean egonda soldatak, entitatearen kargura diren gizarte aseguruak eta jarduerak koordinatzeaz arduratzen diren langileen beste lan karga batzuk, eta/edo entitate onuradunak jarduerak gauzatzeko izendatutako gainerako langileenak. Entitateko langileek egindako jardueren kasuan, baldin eta beste eginkizun eta lan batzuk egiten badituzte diruz lagundutako jardueraren ondoriozkoez gainera, dagozkien lan guztien aldean jarduera horrek betetzen duen zati proportzionala besterik ezin izanen da egotzi zuzeneko kostu gisa. Langile gastuentzako dirulaguntza Foru Komunitateko Administrazioan lan egiten duten profesionalentzat edo kasuan kasuko lan hitzarmen kolektiboan ezarritakoa izanen da, gehienez.

a.4) Bidaiak eta dietak. Langileen mugigarritasunari lotutako gastuak dira, jarduerak egitearekin lotura zuzena dutenak, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).

a.5) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Entitateaz kanpoko profesionalen kontratazioari dagozkion gastuak dira, diruz lagundutako proiektuan jasotzen den jarduera jakin bat egiteko.

a.6) Gastu diruz lagungarritzat joko dira finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako programa egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, baita banku-bermerako gastuak ere, baldin eta zuzeneko lotura badute dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz gauzatzeko. Bankuetako kontuen zor interesak ez dira inoiz diruz lagungarriak izanen.

b) Zeharkako gastuak, emandako dirulaguntzaren %15 edo gutxiago direnean. Proiektuaren zeharkako gastutzat hartuko dira, ondorio horietarako, entitate onuradunaren funtzionamendu orokorreko gastuak (langileriaren beste gastu batzuk, lokalenak, bulego materialak eta beste gastu arrunt batzuk). Zeharkako gastu horien %85, gutxienez, Nafarroan egin beharko dira.

2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak:

Gastu hauek ez dute dirulaguntzarik izanen:

a) Gastu inbentariagarriak. Gastu inbentariagarriak dira erabileragatik azkar hondatu ezin direnak eta erosteko prezioa 600 eurokoa edo hortik gorakoa dutenak.

b) Zerbitzu publikoek egiten dituzten jarduerak, toki erakundeek egindakoak salbu.

c) Inbertsioak.

d) Entitatearen publizitateari edo sustapenari loturiko gastuak.

e) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.

f) Instrukzio organoaren ustez, programan sartutako jardueren garapenari loturik ez dagoen prestakuntza.

g) Deialdiaren 2. eranskinean ezarritako moduluak gainditzen dituzten kopuru unitarioak. Eranskin horretan jaso gabeko kasuetan, ez da dirulaguntzarik emanen Foru Komunitateko Administrazioan indarra duten tarifetatik gorako jardueren kostuetarako.

h) Material inprimatua edo digitala: materialerako dirulaguntza emanen da, bakar-bakarrik eta salbuespenez, instrukzio organoaren iritziz ezinbestekoa bada programaren helburua lortzeko.

i) Jardunaldi, kongresu eta kanpamenduetara joate hutsa, monitoreak eta boluntarioak izan ezik.

j) Ikasleekin ikasgeletan egiten diren jarduerak.

k) Jolas jarduerak, ongizate emozionalarekin esplizituki lotuta ez badaude.

l) Lan osasuneko jarduerak eta lanbide prestakuntza, salbu eta monitoreen eta boluntarioen kasuan.

3. Laguntzen zenbatekoa.

Ebazpen honetatik sorturiko konpromisoei erantzuteko, 200.000 euroko gastua eginen da 2023ko gastu-aurrekontuko " Ongizate emozionala sustatzeko programa komunitarioetarako dirulaguntzak" izeneko 520001-51200-4819-313908 partidaren baliokidea izateko 2024ko aurrekontuetan gaitzen den aurrekontu-partidaren kargura, kreditu egokia baldin badago.

Orobat, 200.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez. Zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik.

Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Eskaerak.

1. Noiz eta non aurkeztu.

a) Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian argitaratutako deialdiaren fitxatik (hemendik aurrera "laguntzen fitxa"), "Tramitatu" atalean (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo cl@ve.

Dokumentazioa agiri bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela, laguntzen fitxan eskuragarri dauden artxiboen zenbakiak eta izenak aldatu gabe.

Eskaerek gaitutako helbide elektroniko bakarra adieraziko dute, eta hura baliatuko da komunikazio eta jakinarazpenetarako bide gisa Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalaren eta entitate eskatzaileen artean.

c) Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

d) Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Inprimakiak laguntzen fitxan egonen dira eskuragarri.

Gizarte entitateek gehienez hiru programa aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren dirulaguntza deialdietara urte berean, eta programa bakarra dirulaguntza-lerro bakoitzeko.

Toki erakundeek programa bakarra aurkezten ahalko dute dirulaguntza lerro honetan, arlo edo departamentu bakoitzeko, haien egituraren arabera.

a) Eskaera-orri ofiziala.

b) Dirulaguntza eskatzen duenaren ordezkaritza frogatzen duen dokumentazioa.

c) Adieraztea Nafarroako Foru Komunitateko elkarteen, fundazioen edo kooperatiben erregistroetatik zeinetan dagoen inskribatua entitate eskatzailea, hala badagokio; egoitza Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo duten entitateen kasuan, haien estatutuen kopia eta dagokion erregistroan inskribatu izanaren adierazpena.

d) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitatea, haren administratzailea eta/edo ordezkaria dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretatik bakar batean ere ez daudela. Egoera horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

f) Transferentzia bidezko ordainketa eskatzeko inprimakia, behar bezala betea.

g) Dirulaguntzaren aurrerakinik eskatuz gero, deialdiaren 10. oinarriko 1. puntuan xedaturikoarekin bat, entitate eskatzaileak, oinarri horretan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik behar direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako beste dirulaguntzarik eskatu edo jaso ote duen adierazten duena.

i) Toki erakundeak ordezkatzen dituzten gizarte-ekimeneko kooperatibek hori egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dute.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoetako Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.ean xedaturikoarekin bat, ez dago b), c), d) eta f) letretan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu beharrik, baldin eta horiek Foru Komunitateko Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira, betiere datu horiek ageri diren espedientea edo deialdia adierazten bada eta ez bada gertatu aldaketarik aurkeztu zirenez geroztik.

Eskaera aurkezteak berekin dakar entitateak Osasun Departamentuari baimena ematea Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

3. Eskaerako hutsak zuzentzea.

Eskaerak ez baditu betetzen adierazi diren betebeharrak, instrukzio-organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, hala egin ezean, haren eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 68. artikuluan xedatzen den bezala.

5. Prozedura instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.

1. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak izapidetuko ditu eskaerak, eta Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atala izanen da instrukzio organoa, zeinak dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen diren egiaztatuko baitu eta eskaerak ofizioz baloratuko baititu, deialdi honen arabera.

Instrukzio organoak programak ebaluatzeko eta bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, eta diruz lagundutako jardueraren gaineko frogagiri guztiak eskuratzen ahalko ditu.

2. Osasuneko zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpen hori 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta. Epe hori iragan eta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.

6. Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.

1. Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Eskaerak banan-banan baloratuko dira, 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera, deialdiko 3. eranskinean adierazitako irizpideak kontuan hartuta.

Ikusten bada programak edo jarduerak 3. oinarriaren 2. puntuaren arabera dirulaguntza jaso ezin dezaketen gastuak dituela, edo deialdi honen eremuari ez dagozkion jarduerak dituela, horiexek kendu eta berriz eginen da eskaeraren ebaluazio ekonomikoa, hura baloratu baino lehen.

7. Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza jasotzen duten jarduerak eskaeretan eta dirulaguntza ematen duen ebazpenean adierazitako baldintzetan gauzatzea, bai eta hala egin izana frogatzea ere. Diruz laguntzen diren jarduerak 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitarte eginen dira, Nafarroako Foru Komunitatean.

b) Osasun Departamentuari beste erakunde batzuek helburu eta xede bererako emaniko laguntza edo dirulaguntza guztien berri ematea, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ezean, hori ere adieraziko da justifikazio memoriarekin batera. Eskaera egiteko inprimaki ofiziala eskuratzeko bide berberak erabiliz lor daiteke erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

c) Oro har, deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren 2. artikuluan eta hura aldatzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Horren berri aurretiaz eman behar zaio instrukzio-organoari.

Web-helbide honetan deskarga daitezke logoen zenbait bertsio: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

d) Jarduerak egin bitartean gertatzen diren alterazio guztien berri ematea instrukzio-organoari, baldin eta dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzei eragiten badiete.

e) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz, bermatuko da hizkuntza inklusiboa erabiltzen dela programa erredaktatzeko eta proposamenak aurkezteko sortzen diren dokumentu eta material guztietan, baita programa hedatu eta gauzatzeko sortzen direnetan ere, eta bermatuko da, halaber, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun balioak, estereotipatu gabeko genero-rolak eta zainketen erantzukidetasuna erakusten dituzten irudiak erabiltzen direla.

f) Ariketa fisikoko talde jarduerak proposatzen dituzten eskaeretan, horiek zuzentzen dituzten teknikariek Nafarroan kirol lanbidean hasteko eta jarduteko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren kualifikazio profesionalak izan beharko dituzte.

g) Orobat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak betetzea.

8. Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzen onuradunek arau horietan ezartzen den dokumentazioa aurkeztu behar dute.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde publikoen kontura dirulaguntzak lortzen dituzten erakunde pribatuek, baldin eta 20.000 eurotik gorakoa bada dirulaguntza horien urtebeteko zenbateko osoa (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa interpretatuta), edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko diru-sarrera guztien gutxienez %20 badira (eta 5.000 eurora iristen badira), gobernu-, administrazio- eta zuzendaritza-organoen osaerari, karguen zerrendari eta dedikazio-araubideari buruzko informazioa eman beharko dute, bai eta erakundeak kargu bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinei eta gainerako konpentsazio ekonomikoei buruzkoa ere, kontzeptuen arabera banakatuta. Orobat, urteko kontuak ere jakinaraziko dituzte, argitara eman ahal izateko.

Informazio hori dirulaguntzen fitxan ezarritako tramitearen bidez aurkeztuko da. Informazioa osatzeko epea hilabetekoa izanen da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu egin beharko ditu, batetik, espedientea, eta, bestetik, dagokion dirulaguntza deialdia.

Entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, aurrerakinak barne, eta zerbait kobratu bada, itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9. Aldaketak.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein alterazio izanez gero, haren berri eman beharko zaio instrukzio organoari, eta emandako laguntza aldatzeko eskatu beharko da.

Gertatzen diren gorabeherak behar adina arrazoituko dira aldaketaren eskaeretan; gertatu bezain laster formulatuko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xedeko jarduera gauzatzeko epea bukatu baino lehen; aurkezten direnetik beranduenez hilabeteko epean ebatzi beharko dira eta, bidezkoa bada, laguntza aldatuko da eta, zein den kasua, dagokion diru kopurua itzuliko.

Programa gauzatzeko diruz lagundutako gastu-moten artean gehienez ere %5eko desbideratze ekonomikoa onartuko da, haren osotasunari eragiten diola ulertu gabe.

Entitatearen borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik entitateak ezin badu diruz lagundutako programetako bat garatu, instrukzio-organoari jakinaraziko dio. Aurrerakinik kobratu ez badu, dirulaguntza osoa edo partziala kobratzeko eskubidea galduko du. Aurrerakinik kobratu badu, kopuru osoa itzuliko da.

10. Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Ordainketa aurreratua.

Entitate onuradunek hala eskatzen dutenean, eta frogatzen dutenean beharrezkoa dela funts likidoen hornidura egitea dirulaguntzaren xedeak betetzeko, aldez aurretik ordaintzen ahalko da emandako dirulaguntza, Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.

Horretarako, entitateak, dirulaguntzaren eskaerarekin batera, kontuen egoera orria aurkeztu beharko du, aurreko urteko bukaerari dagokiona, bai eta 2024ko diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena ere, edo beste edozein egiaztagiri, dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela frogatzeko.

Toki erakundeen kasuan, beharrezkotzat jotzen bada, idazkaritzak luzatutako ziurtagiri bat aurkeztuko da, aurreko paragrafoan aipatutako alderdiak adierazten dituena, hots: diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena, eta programa gauzatzeko aldez aurretiko funts-horniduraren beharra.

Ordainketa aurreratua jaso duten erakundeen kasuan, 2024ko abenduaren 18an amaituko da justifikazioa aurkezteko epea.

2. Ordainketa jarduera osorik justifikatu ondoren.

Entitateak ez badu eskatzen ordainketa aurreraturik, Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eginen da ordainketa, jardueraren justifikazio tekniko eta ekonomikoa 11. oinarrian xedatutakoaren arabera aurkeztu ondotik.

Ordainketa aurreraturik jaso ez duten entitateen kasuan, 2024ko azaroaren 30ean amaituko da justifikazioa aurkezteko epea.

11. Dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Memoria tekniko batek eta memoria ekonomiko batek osatuko dute justifikazioa, non adieraziko baita jarduera egin dela, baita 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era egin diren gastuak ere.

2. Entitateak bitarteko telematikoen bidez aurkeztu beharko du justifikazioa, eredu ofizialean (laguntza-fitxan dago eskuragarri) eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalari zuzenduta.

3. Diruz lagundutako programa edo jardueraren memoria ekonomikoari fakturen eta ordainagirien kopiak erantsiko zaizkio. Fakturekin batera, haien zerrenda zenbakitua eta kontzeptuka zehaztua aurkeztuko da, euskarri informatikoan (kalkulu-orri elektronikoa). Fakturak bat etorri behar dira Fakturazio-betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin.

Memoria ekonomikoan dirulaguntza jaso duen programari dagokion gastua azaldu behar da. Langileak kontratatuz gero, Gizarte Segurantzaren eta PFEZen gastuak aurkeztea onartzen ahalko da, 2025eko otsailaren 5era artekoak.

4. Jasotako dirulaguntzaren erabilera justifikatzeko, toki erakundeek, memoria teknikoaz gainera, gastuak diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaizkiola adierazten duen ziurtagiria aurkez dezakete, udaleko idazkariak sinatua eta kontu-hartzaileak ikus-onetsia, toki erakundean kontu-hartzailea egonez gero; gainera, programari loturiko fakturen zerrenda gehituko zaie, baita ordainagiriak ere.

5. Memoriak aurkezteko epea bukaturik, eta horiek diruz lagundutako jarduerarekin bat datozela egiaztatu ondoren, instrukzio organoak espedientea itxiko du, aldez aurretik fiskalizazioa eginda.

12. Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera batzuk hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko ditu, baina diruz lagundutako zenbatekoaren %50era bitarte gehienez, baldin eta behar bezala justifikatuta badago.

Azpikontratazioa egiteko asmoa nahitaez adierazi beharko da aurkezten diren eskaeretan, xehetasunez.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak frogatu beharko du efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu duela enpresa hornitzailea, hiru hornitzaileren aurrekontu bana aurkeztuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedaturikoarekin bat.

Beste entitate batzuekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa. Azpikontratazioetan, orobat, nahitaez betetzekoak izanen dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluan aurreikusitako gainerako betebeharrak.

Entitate kontratatuek entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Kontzeptu horretatik kanpo geldituko da erakunde onuradunak diruz laguntzen den jarduera bere kasa aurrera eramateko egin behar dituen gastuak kontratatzea –hala nola monitoreei edo profesionalei ordaintzea zerbitzu bat eman dezaten–, betiere erakunde onuradunak egiten badu programaren plangintza eta jarraipena.

13. Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, salbu xede bererako erabiltzen ahal diren Osasun Departamentuaren dirulaguntzekin.

Nolanahi ere, programa baterako jasotako dirulaguntzen guztirako zenbatekoa (Estatuko zein nazioarteko administrazio publiko, erakunde publiko, entitate pribatu eta norbanako guztiek emandako dirulaguntzak) inolaz ere ezin da izan haren kostu osoa baino gehiago.

14. Itzulketak eta ez-betetzeak.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

4. Behar den dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, baina bai ondoko 5 egunen barruan, hauxe izanen da atzerapenagatiko penalizazioa: %5 murriztuko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Atzerapeneko seigarren egunetik aurrera, penalizazioa %1 handituko da igarotzen den egun bakoitzeko, 15 egunera arte gehienez ere.

15. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

16. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

17. Bidezko diren administrazio-errekurtsoak.

Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da aplikatzeko egintzen aurka, Osasuneko kontseilariari zuzenduta eta hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluarekin.

18. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Osasun Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren http://www.nafarroa.eus webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

19. Datuen babesa.

Eskaeran eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, Osasun Departamentuaren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, web helbide honetan: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesa.

2. ERANSKINA.–DIRUZ LAGUNTZEN AHAL DIREN GEHIENEKO MODULUAK

a) Langileei, kilometroei eta irakaskuntzari dagokienez, diruz lagundu daitezkeen gehieneko ordainsariak Foru Komunitateko Administrazioan indarrean daudenak izanen dira (https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/langile-publikoen-ordainsariak) edo haien lan hitzarmenean indarra dutenak.

Proiektuari egotzitako langileen orduak zehaztu beharko dira, baita haien lanbide-kategoria eta hitzarmena ere.

b) Jardunaldietan, irakaskuntza eta prestakuntza saioetan, jardueretan eta antzekoetan, hauexek izanen dira gehieneko tarifa diruz lagungarriak:

–Hitzaldia, tailerreko irakaskuntza edo hezkuntza-jarduera: irakasteko gehienekoa Foru Komunitateko Administrazioarentzat indarrean dagoena izanen da orduko, 16 ordu tailer edo hezkuntza-jarduera bakoitzeko, eta 72 ordu gehienez programa bakoitzeko.

Irakaskuntza-jarduera bat prestatzeko orduei dagokienez, 4 ordu izanen dira jarduera berriak egiteko/gauzatzeko ordu bakoitzeko, eta 2 ordu dagoeneko sortutako jardueretarako.

–Hitzaldiak, jardunaldiak, mahai-inguruak, antzerkiak, zineforumak: gehienez 155 euro saioko, 55 euro mahai-inguruan parte hartzeagatik eta 500 euro programa bakoitzeko. Salbuespena: zenbait eskualde hartzen dituzten proiektuak (behar bezala egiaztatu behar da).

–Boluntarioen eta monitoreen prestakuntza eta eguneratzea: gehienez ere 500 euro programa bakoitzeko.

–Ariketa fisikoko taldeak: gehienez 250 euro taldeko eta hilabeteko, eta, gehienez, 3 talde programako, salbu eta toki erakundeek oinarrizko laguntzako zentroen laguntzarekin egiten dituzten programetan, zeinetan taldeen kopurua oinarrizko laguntzako zentroek esaten dutenaren araberakoa izanen baita. Garraiorako dirulaguntza eskualdeko programetan baizik ez da emanen.

–Jardueren zabalkunde gastuak: gehienez 250 euro programa bakoitzeko.

–Jardueretarako paper-gauzen gastua: gehienez 350 euro programa bakoitzeko. Behar bezala justifikatutako eta zehaztutako beste material batzuk, gehienez ere 2.000 euro programa bakoitzeko.

Eranskin honetan ezartzen direnak baino tarifa handiagoak aurkezten badira, beharrezkoak direla justifikatu beharko da, eta instrukzio-organoak jarduerak egin baino lehen onartu beharko ditu. Bestela, eranskinean aurreikusitakoak ordainduko dira, edozein dela ere haien egiazko kostua.

3. ERANSKINA.–PROGRAMEN BALORAZIOA

Programa bat dirulaguntza jasotzeko modukotzat jotzeko, 30 puntu lortu beharko dira gutxienez. Horietarik 15 gutxienez 2. atalean lortu beharko dira (proiektuaren kalitatea).

Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da programaren kostuari portzentaje bat aplikatuta, lorturiko puntuen adinakoa, betiere gutxieneko puntuazioa gainditzen bada, eta aurrekontuan jasotakoaren arabera. Kreditu erabilgarria gaindituz gero, dirulaguntzak hainbanatuko dira, baremoa aplikatzetik ateratzen diren kopuruen arabera.

Balorazio irizpideak.

Irizpide hauek erabiliko dira balorazioan:

1. Programaren bat-etortze maila eta/edo osagarritasuna: 25 puntu arte.

1.1. Nafarroako edo Estatuko plan eta estrategia indardunekin bat etortzea: 15 puntu arte.

–Hauexek dira kontuan hartuko diren plan eta estrategiak:

  • Osasun Sistema Nazionalean osasuna eta prebentzioa sustatzeko estrategia.
  • Osasun Ministerioaren Osasun Publikoaren Estrategia (2022).
  • Nafarroako Osasun Plan indarduna, Osasun Departamentuarena.
  • Osasun Publikoaren Plan indarduna, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarena.

–Programen eta ekintzen lan mailak: 15 puntu arte.

  • Maila pertsonalean. Taldekako tailerrak: 10 puntu arte.
  • Toki mailan. Toki erakundeek hainbat eremutan sustatutako ekintzak ongizate emozionala sustatzeko: 10 puntu arte.
  • Maila komunitarioan. Inplikatutako eragileak (toki erakundeak, gizarte erakundeak, etab.) barne hartzen dituzten programak: 15 puntu arte.

1.2. Osasun Departamentuaren eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren lehentasunezko osasun helburuak: haurtzaroan, nerabezaroan edo gaztaroan lan egiten bada: 5 puntu.

1.3. Ekitatearen ikuspegia edo lehentasuna duten beste ikuspegi batzuk sartzea (populazio kaltebera, generoa, beste kultura batzuk, euskara...): 5 puntu arte.

–Ikuspegi 1: 1 puntu.

–2 ikuspegi: 3 puntu.

–3 ikuspegi edo ikuspegi gehiago: 5 puntu.

2. Aurkeztutako programaren kalitatea: 40 puntu arte.

2.1. Hasierako egoeraren deskripzioa eta helburuak: 13 puntu arte:

–Egoeraren deskripzioa eta beharraren justifikazioa: 7 puntu arte.

  • Abiapuntuko egoera eta erantzun nahi diren osasun beharrak behar adina deskribatzen badira: 7 puntu.
  • Partzialki deskribatuz gero: 3 puntu.

–Helburuen formulazioa: 3 puntu arte.

  • Formulatzen diren helburu orokorrak eta berariazkoak garrantzitsuak, zehatzak eta argiak badira: 3 puntu.
  • Helburu orokorrak formulatuz gero: 1 puntu.

–Kalitatea eta beharretarako egokiak izatea: 3 puntu arte.

  • Helburuak beharretarako egokiak izanez gero: 3 puntu.
  • Partzialki egokiak izanez gero: 1 puntu.

2.2. Populazioa eta espero den eragina: 13 puntu arte.

–Atzemateko eta motibatzeko estrategiak eta/edo jarduerak: 3 puntu arte.

–Populazio onuraduna: 5 puntu arte.

–Onuradunak 20 lagun edo gehiago badira: 5 puntu.

–Onuradunak 20 lagun baino gutxiago badira: 3 puntu.

–Iraupena: 5 puntu arte.

–10 ordutik gorako iraupena badu: 5 puntu.

–8 eta 10 ordu bitarteko iraupena badu: 3 puntu.

–8 ordutik beherako iraupena badu: 1 puntu.

2.3. Metodologia eta ebaluazioa: 14 puntu arte.

–Osasuna sustatzeko erabilitako estrategiak (biztanleriari buruzko informazioa, talde-osasunerako hezkuntza, esku-hartze komunitarioak, inguruneko neurriak): 5 puntu arte.

  • Estrategia bat erabiltzen bada: 1 puntu.
  • 2 estrategia erabiltzen badira: 2 puntu.
  • 2 estrategia baino gehiago erabiltzen badira: 5 puntu.

–Jardueren deskribapena (zer, nola, noiz, iraupena): 3 puntu arte.

  • Jarduerak erabat deskribatuz gero: 3 puntu.
  • Jarduerak partzialki deskribatuz gero: 1 puntu.

–Egokitzapena: 3 puntu arte.

  • Jarduerak helburuetarako, populazio onuradunarentzat eta estrategietarako egokiak izanez gero: 3 puntu.
  • Partzialki egokiak izanez gero: 1 puntu.

–Ebaluazioa: 3 puntu arte.

  • Ebaluazioan nork zer nola eta noiz eginen duen zehatz-mehatz azalduz gero: 3 puntu.
  • Partzialki azalduz gero: 1 puntu.

3. Entitateak programa aurrera eramateko duen egokitasun maila: 35 puntu arte.

3.1. Osagarritasuna eta integrazioa beste programa eta entitate batzuekin: 9 puntu arte.

–Entitate eskatzaileaz gain beste 3 entitatek/zerbitzuk/baliabidek edo gehiagok parte hartuz gero: 9 puntu.

–2 entitatek/zerbitzuk/baliabidek parte hartuz gero: 6 puntu.

–Entitate/zerbitzu/baliabide batek parte hartuz gero: 3 puntu.

3.2. Komunitatearen eta xede-populazioaren parte-hartzea sustatzea, esku hartzeko eta autolaguntzarako eremuak askotarikoak izatea: 9 puntu arte.

–Integrazioa eremu komunitarioko jarduera normalizatuetan: 3 puntu arte.

–Beste baliabide batzuen parte-hartzea: 3 puntu arte.

–Xede-populazioak diseinuan eta plangintzan parte hartzea: 1 puntu arte.

–Autolaguntza-taldeak erraztea: 2 puntu arte.

3.3. Entitate eskatzailearen kofinantzaketa: 5 puntu arte.

–Kofinantzaketa %50ekoa edo handiagoa izanez gero: 5 puntu.

–Kofinantzaketa %50 baino txikiagoa izanez gero: 2 puntu.

–Kofinantzaketarik ez bada: 0 puntu.

3.4. Programa gauzatzeko gaitasun teknikoa: 6 puntu arte.

–Entitatearen ibilbide historikoa programekin bat badator: 2 puntu.

–Entitatearen baliabideak programarentzat egokiak badira: 2 puntu.

–Lanbide profila. Programaren zuzendaria lanbidez psikologoa bada: 2 puntu.

3.5. Boluntarioen parte-hartzea: 3 puntu arte.

–Programan zerbait egiten badute: 3 puntu.

–Halakorik badago: 1 puntu.

3.6. Lokal publikoak erabiltzea edo/eta baliabideak eta lokalak beste entitate batzuekin partekatzea: 3 puntu arte.

Iragarkiaren kodea: F2317246