1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
267E/2024 EBAZPENA, urtarrilaren 10ekoa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Trafiko Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dira zenbait eskudantzia, langileriaren, kontratazio publikoaren, trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren arlokoak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 11. artikuluan xedatzen duenarekin bat, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dute esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere.
Artikulu horrek ezartzen duenez, eskumenen eskuordetza noiznahi egin edo errebokatu daiteke, organo eskuordetzaileak onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezartzen du, halaber, eskuordetza baten bidez ematen diren administrazio-egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak balira bezala hartuko direla.
Departamentuaren jarduerak behar bezain eraginkorrak eta azkarrak izan daitezen, egokitzat jo da Trafiko Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea zenbait eskudantzia, langileriaren, kontratazio publikoaren, trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren arlokoak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Trafiko Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten da Barneko zuzendari nagusiari dagozkion eskudantzia hauen erabilera:
1.1 Langileen arloan:
a) Langileak zuzendu eta antolatzeko eskumenak erabiltzea, haien mailarekin eta izendapenarekin bat datozen eginkizunak esleitzekoak barne.
b) Aparteko orduak egiteko baimena ematea, arauz ezarritako baldintzetan.
c) Arauz ezarritako oporrak, lizentziak eta baimenak ematea.
1.2 Kontratazio publikoaren arloan:
a) Kontratazio publikoaren eskumenak, bere eskumen-esparruaren barnean.
1.3 Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren arloetan:
a) Bere eskumen-esparruan esleituta dituen eskumenak.
2. Eskuordetza honen bidez ematen diren ebazpen guztietan, horren berri eman beharko da espresuki. Ebazpen horiek Barneko zuzendari nagusiak emanak balira bezala hartuko dira ondorio guztietarako.
3. Ebazpen hau jakinaraztea Trafiko Zerbitzuari, Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuari eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2024ko urtarrilaren 10ean.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.
Iragarkiaren kodea: F2400463