20. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

1/2024 FORU AGINDUA, urtarrilaren 8koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez Yolanda Mera Cordero andrea izendatzen baita, bitarte baterako, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Koordinazioaren eta Zerbitzuen Bulegoko buru.

Hala ezartzen baitu hirugarren xedapen gehigarrian abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duenak, ataletako eta bulegoetako burutzak bitarte baterako bete daitezke, organo eskudunak egindako izendapenaren bidez; burutza horiek betetzen dituztenek nahitaez Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak edo hari atxikiak izan beharko dute.

Bestalde, hala ezartzen baitu bosgarren xedapen gehigarrian martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoak, kasuan kasuko unitate organikoa atxikita duen departamentuko titularrak eginen du bitarte baterako izendapena, funtzio publikoaren arloko eskumena duen departamentuak aldeko txostena egin ondoren. Halaber, izendatua izateko proposatu den pertsona zein departamenturi dagoen atxikirik, departamentu horren titularraren adostasuna beharko du. Horri dagokionez, espedientean jaso dira bai Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak emandako aldeko txostena, bai Osasun Departamentuaren adostasuna.

Hortaz, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz, haren bidez zehazten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoei langileen arloan dagozkien eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Yolanda Mera Cordero andrea izendatzea, bitarte baterako, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Koordinazioaren eta Zerbitzuen Bulegoko buru. Izendapenak 2024ko urtarrilaren 9tik aurrera izanen ditu ondorioak, eta egun horixe izanen da lehenbiziko eguna burutzan.

2. Foru agindu hau interesdunari jakinaraztea eta igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 8an.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2400397