20. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

153E/2023 FORU AGINDUA, abenduaren 21ekoa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2024an aplikatuko zaizkien moduluak ezartzen dituena.

Hala ezartzen baitu Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluko 1. apartatuak, behin lege horri testu berria emanik abenduaren 24ko 27/2014 Foru Legeak eta abenduaren 21eko 22/2016 Foru Legeak, etxebizitzaren arloko eskumena duen kontseilariari dagokio gehieneko prezioa finkatzea babestutako etxebizitzak eta haien eranskinak saltzeko, foru lege horretan ezarritakoarekin bat. Horretarako, adierazten du, halaber, ezen kasuan kasuko foru aginduan justifikatu behar direla 10. artikuluan bertan jasotzen den formulako aldagaien balioak.

Zehazki, horri dagokionez, 1.d) apartatuak honako hau xedatzen du: "Moduluak urtero eguneratuko dira, urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, babes ofizialeko etxebizitzen (BOE) gehieneko salmenta-balioa formula hau erabiliz kalkulatuta:

VMu = ((1.27 + H/100) x PEMu) / (0.755-(F + Co + B)/100)

Azalpena:

VMu = Gehieneko salmenta-balioa, babes ofizialeko etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

H = Obra proiektuaren eta zuzendaritzaren lansari teknikoen kostua, exekuzio materialaren aurrekontuaren ehunekotan adierazia. Kostu horren balio normala %7koa izanen da. Zilegi izanen da horri %1 gehitu edo kentzea, justifikazio tekniko baten bitartez.

PEMu = Exekuzio materialaren aurrekontua, eurotan, metro koadro erabilgarri bakoitzeko. Hori kalkulatzeko, sustapen baten guztizko azalera erabilgarritzat joko da etxebizitza eta garajeetarako guztizko azalera erabilgarria gehi trasteleku eta lokaletarakoen %40.

F = Sustatzailearen finantza-kostuak, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adieraziak (VM). Kostu horren balio normala %4koa izanen da. Zilegi izanen da horri %1 gehitu edo kentzea, justifikazio tekniko baten bitartez.

Co = Merkaturatze-kostuak, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adieraziak (VM). Kostu horren balio normala %2koa izanen da. Zilegi izanen da horri %1 gehitu edo kentzea, justifikazio tekniko baten bitartez.

B = Sustatzailearen etekina, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adierazia (VM). Kostu horren balio normala %11koa izanen da. Zilegi izanen da horri %1 gehitu edo kentzea, justifikazio tekniko baten bitartez.

Aldagai horiek zehazteko, lehentasunez hartuko dira kontuan babes ofizialeko etxebizitzen sustapen publikoak. Era berean, etxebizitzaren arloko eskumena duen departamentuan kalifikazioa jasotzeko aurkezten diren babes ofizialeko etxebizitzen sustapenei buruzko datuak ere erabil daitezke. Horretarako, departamentu horrek sustatzaileei eskatzen ahalko die aurkez dezatela obra amaierako ziurtagiria, edo formulan aurreikusitako aldagaiak kalkulatzeko interesekoak izan daitezkeen beste datu batzuk.

5.1. Modulu ponderatua.

Babes ofizialeko etxebizitzaren metro koadro erabilgarri bakoitzeko gehieneko balioa zehaztu ondoren, modulu ponderatua kalkulatuko da balio hori zatituz babes ofizialeko etxebizitzen eta haien eranskinen metro koadro erabilgarri bakoitzeko gehieneko salmenta-prezioak zehazteko ezarritako koefizientearekin.

5.2. Modulu ponderatugabea.

Modulu ponderatugabearen balioa modulu ponderatuaren balioaren ehuneko 96 izanen da".

Bestalde, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko Foru Legearen 10. artikuluko 1. apartatu horrek ezartzen du parte-hartze sozialaren prozesu bat garatu behar dela onetsi aurretik, hala zehaztuta baitago Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Lege indardunean.

Horretarako, hasiera eman zitzaion herritarren parte-hartze prozesuari, Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legearen II. tituluan zehaztutakoari jarraikiz. Hori helburu, ondotik azaltzen da zer elementu kontuan hartu diren, Nafarroan, babestutako etxebizitzak eta haien eranskinak saltzeko, 2024rako gehieneko prezioak zein diren proposatzeko, bat etorriz maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluko lehen puntuko d) letrarekin.

Alde horretatik, adierazi behar da kontuan hartu direla salmentarako diren babes ofizialeko etxebizitzen urte natural oso bateko espedienteak, betiere behin-behineko kalifikazio eskaera ukatua edo deuseztatua ez dutenenak, zehazki, 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitartekoak (kontuan izanik moduluaren aldaketak urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera dituela ondorioak, eta, onetsi aurretik, parte-hartze sozialaren prozedura bat ireki behar dela), aurreko urteetan kontuan hartutako aldi bera errespetatuta.

5 espediente dira horren ondorio, 236 etxebizitza hartzen dituztenak. Hona hemen:

NEXP

NVIV

HERRIA

SUSTATZAILEA

31/1-0017/22

57

BARAÑAIN

PLAZAETXEA GESTIÓN INTEGRAL SL

31/1-0020/22

3

ZIZUR NAGUSIA

PROMOCIONES ERRO Y EUGUI SL

31/1-0024/22

77

IRUÑA

RESIDENCIAL MARISTAS II SOCIEDAD COOPERATIVA

31/1-0002/23

85

MUTILOA

ABAIGAR PROMOCION Y CONSTRUCCION SL

31/1-0021/23

14

VIANA

CANTO HINCADO PROMOCIONES

Sustapen bakoitzerako, kalkulatu da metro koadro erabilgarri bakoitzeko exekuzio aurrekontua, abiapuntu hartuta espediente bakoitzeko datuak, eta ponderatu da obraren exekuzio aurrekontua sustapen bakoitzeko etxebizitza kopuruarekin.

Datuak honako hauek dira:

NEXP

NVIV

HERRIA

PEM/m²

31/1-0017/22

57

BARAÑAIN

791,64 euro

31/1-0020/22

3

ZIZUR NAGUSIA

1.444,98 euro

31/1-0024/22

77

IRUÑA

857,08 euro

31/1-0002/23

85

MUTILOA

779,09 euro

31/1-0021/23

14

VIANA

738,55 euro

Honako hau adieraztea:

–Aldi horretan NASUVINSAk ez du salerosketarako sustapenik hasi.

–Aurreko ekitaldietan bezala, ez dira kontuan hartzen ez errentamendu-espedienteak, ez norberaren erabilerarako espedienteak.

–Bost espedienteetatik, bi mistoak dira (etxebizitza babestua eta librea): Residencial Maristasen espedientea eta Promociones Erro y Euguiren espedientea.

Bestalde, bidezkoa da aztertzea ea arrazoi teknikorik dagoen foru legean koefiziente aldakorretarako ezarrita dagoen balioa aldatzeko (puntu bat handitu edo murrizten ahal da balio hori, justifikazio teknikorik baldin badago). Hona hemen balio horiek:

H: Obra-proiektuaren eta obra-zuzendaritzaren ordainsari teknikoen kostua, obraren exekuzio materialaren aurrekontuaren gaineko ehunekotan adierazia. Balioa = %7.

F: Sustatzailearen finantza-kostuak, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adieraziak. Balioa = %4.

Co: merkaturatze-kostuak, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adieraziak. Balioa = %2.

B: Sustatzailearen mozkina, gehieneko salmenta-prezioaren gaineko ehunekotan adierazia. Balioa = %11.

Horri dagokionez, interes-tasen igoera nabarmendu behar da: urte baterako Euriborra %1,249 zen 2022ko abuztuan, eta %4,149ra igo da 2023ko irailean. Horregatik, justifikatutzat jotzen da sustatzailearen finantza-kostuei dagokien F koefizienteak %5eko balioa izatea, jatorrizko %4aren ordez.

Esandako guztiaren emaitza, legean jasotako formula aplikatuta, hauxe da:

Aplikatu beharreko balioak:

H = %7

F = %5

Co = %2

B = %11

PEMu = 813,63 euro m² bakoitzeko

Formula:

VMu=((1.27+H/100) x PEMu) / (0.755-(F + Co + B) /100) = 1.896,10 euro

Modulu ponderatua:

M* = VMu / 1,3 = 1.896,10 / 1,3 = 1.458,54 euro

Beraz, ateratzen den moduluaren balioa 1.458,54 eurokoa da 2024rako; horrek dakar balioa %0,11 igotzea 2023ko moduluarekin alderatuta (1.456,96 euro).

Parte hartzeko prozeduraren ondorioetarako, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariaren urriaren 25eko 105E/2023 Foru Aginduaren bidez hasiera eman zitzaion herritarren parte-hartze prozesuari. Horretarako, aditzera eman ziren zein elementu kontuan hartu diren Nafarroan, babestutako etxebizitzak eta haien eranskinak saltzeko, 2024. urterako gehieneko prezioak finkatzeko, maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluko 1. apartatuarekin bat.

Parte-hartze prozesu hori, halaber, 2023ko 238. Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarri zen, azaroaren 16koan, bai eta etxebizitzaren arloko gaiei buruz informazioa emateko webgunean eta Gobernu Irekiaren atarian ere.

Parte-hartze prozesuan hiru alegazio jaso dira:

1. Partikular batek aurkeztutako alegazio bat, udalek lagatako landa lurzoruan autoeraikuntzarako prozedura berri bat azaltzen duena.

Proposamena ona den baloratu gabe, ez dator bat irekitako parte-hartze prozesuaren helburuarekin.

2. Asociación de Constructores y Promotores de Navarra (ACP) elkarteak aurkeztutako alegazioa, zenbait iradokizunekin:

2.1. Kontuan har daitezela behin betiko kalifikazioa duten espedienteen obra amaierako ziurtagiriak, benetako kostuak ezagutu ahal izateko.

Egia bada ere neurria komenigarria izan daitekeela, horrek, koherentziagatik, ekarriko luke nahitaez moduluaz bestelako hasiera-balioa ezartzea, eta, finean, indarra duen formula aldatzea, baina legea aldatu beharko litzateke horretarako.

2.2. Aurreko iradokizuna kontuan hartzen ez bada, onets dadila modulua %3,5 igotzea, 2024rako gehieneko errenta-prezioen igoerarekin bat etorrita.

Foru legeak formula bat ezartzen du modulua kalkulatzeko, ez hura modu diskrezionalean ezar dadila, beste lege batean halakorik xedatzen ez den bitartean. Errenta-prezioaren igoerak ez du berez loturarik eraikuntza kostuen igoerarekin.

2.3. Kontuan har dadila sustapen baten (31/1-0002/2023 espedientea) aurrekontuaren aldaketa, Arangurengo Udalak hala eskatu baitu.

Aldaketa horren ondorioz, espediente horretarako exekuzio materialaren aurrekontua igotzen da hasierako 779,09 euroetatik 855,02 eurotara, metro erabilgarriko, eta, horrenbestez, sustapenaren araberako PEM taula hauxe izanen da:

NEXP

NVIV

HERRIA

PEM/m²

31/1-0017/22

57

BARAÑAIN

791,64 euro

31/1-0020/22

3

ZIZUR NAGUSIA

1.444,98 euro

31/1-0024/22

77

IRUÑA

857,08 euro

31/1-0002/23

85

MUTILOA

855,02 euro

31/1-0021/23

14

VIANA

738,55 euro

Legean jasotako formula aplikatuta, hauxe da esandako guztiaren emaitza:

Aplikatu beharreko balioak:

H = %7

F = %5

Co = %2

B = %11

PEMu = 840,97 euro m² bakoitzeko

Formula:

VMu=((1.27+H/100) x PEMu) / (0.755-(F + Co + B) /100) = 1.959,84 euro

Modulu ponderatua:

M* = VMu / 1,3 = 1.959,84 / 1,3 = 1.507,57 euro

Beraz, ateratzen den moduluaren balioa 1.507,57 euro da 2024rako; horrek dakar balioa %3,47 igotzea 2023ko moduluarekin alderatuta (1.456,96 euro).

Alegazioa aztertu ondoren, justifikatuta dagoela iritzi zaio.

3. Nafarroako Arkitektoen Elkargo Ofizialaren alegazioa, proiektuaren eta obra-zuzendaritzaren lansari teknikoen kostua %7tik %8ra igotzeari buruzkoa.

Ez da zalantzan jartzen lan profesionalaren konplexutasun gero eta handiagoa, baina ez da frogatu konplexutasun handiago horrek ekarri duenik kostu egozgarrien igoera eta inplikatutako profesionalen ordainsarien igoera, paradoxikoa bada ere. Edo behintzat ez da aurkeztu justifikazio hori. Moduluaren igoera behar adina justifikatu behar da kostuen igoerarekin.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2024an aplikatuko zaien modulu ponderatua 1.507,57 eurokoa izanen da metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2024an aplikatuko zaien modulu ponderatu gabea 1.447,27 eurokoa izanen da metro koadro erabilgarri bakoitzeko.

2. Foru agindu hau igortzea Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzura, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta Nafarroako Etxebizitza Kontseiluko kideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta etxebizitzaren arloko gaiei buruzko webgunean (http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/) argitaratzea, eta entzutea emateko eta herritarrek parte hartzeko tramitearen ondoriozko txostenaren edukia, berriz, Gobernu Irekiaren atarian (https://gobiernoabierto.navarra.es/eu ), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abenduaren 21ean.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.

Iragarkiaren kodea: F2318281