199. ALDIZKARIA - 2024ko urriaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Arau fiskala, arautzen dituena Eguneko Zentroko zerbitzuak erabiltzeko prezio publikoak. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2024ko ekainaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen arau fiskal bat, Zizur Nagusiko Eguneko Zentroko zerbitzuak erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituena.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2024ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 30ean, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, ordenantzaren aldaketa hori behin betiko onetsi, eta argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea); artikulu hori maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen.

Zizur Nagusian, 2024ko irailaren 17an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ARAU FISKALA, ZIZUR NAGUSIKO EGUNEKO ZENTROKO ZERBITZUAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da jarraikiz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legeko I. tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalean xedatuari.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zizur Nagusiko Eguneko Zentroan aurreikusitako zerbitzuak ematea izanen da zerga-egitatea.

Zerbitzua emateko mugak

3. artikulua. Zizur Nagusiko Eguneko Zentroaren erabiltzaileei emanen zaizkie aurreko artikuluan aurreikusitako zerbitzuak, baldin betetzen badituzte Zentroaren barne araubideko erregelamenduan ezarritako baldintzak, eta, betiere, hartan ezarritako lehentasunaren arabera.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Zizur Nagusiko Eguneko Zentroan aurreikusitako zerbitzuak ematen hastean sortuko da prezio publikoa ordaindu beharra.

Subjektu pasiboak

5. artikulua. Zizur Nagusiko Eguneko Zentroan eman beharreko zerbitzuen onuradunek ordaindu behar dituzte kasuan kasuko tarifak.

Karga-oinarriak

6. artikulua. Ematen den zerbitzu mota eta zenbat denboraz ematen den, horien araberakoak izanen dira karga-oinarriak.

Tarifak

7. artikulua. Aplikatu beharreko tarifak arau honen eranskinean ageri dira, eta barne hartzen dute balio erantsiaren gaineko zerga, hala badagokie.

Tarifen sortzapena eta diru-bilketa

8. artikulua. Zerbitzua egin eta hurrengo hilabeteko lehenbiziko egunean sortuko zaizkie kuotak Zizur Nagusiko Eguneko Zentroan egiten diren zerbitzuen onuradun diren guztiei.

9. artikulua.

1. Kuotak hilabetero ordaindu beharko dira, bankuko helbideratzearen bitartez, sorrarazitako zerbitzuak egin eta hurrengo hilabetearen lehenbiziko hamabost egunean.

2. Borondatez ordaintzeko epean tarifak ordaintzen ez badira, aplikatuko dira Nafarroako toki ogasunen eta tributuen araudi orokorrean adierazitako errekarguak, eta eskatzen ahalko dira premiamenduzko prozedura administratiboaren bidez.

10. artikulua. Sortzen diren bajak idatziz komunikatu beharko zaizkio Zizur Nagusiko Udalari, eta ondorio ekonomikoak sortuko dituzte hurrengo hilabetetik aurrera. Betebehar horretatik salbuetsita daude urgentziazko ospitaleratzeak eta/edo egoitzan sartu beharrak.

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua. Egindako arau-hausteak zehatuko dira Zizur Nagusiko Udalaren Ordenantza Fiskal Orokorrean eta aplikatu beharreko gainerako zerga-araudian ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, jarraituko zaio Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoari, baita Zizur Nagusiko Eguneko Zentroaren barne araubidearen erregelamenduan eta aplikagarri diren xedapen guztietan ezarritakoari ere.

Bigarrena.–Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoan jarriko da indarrean.

TARIFEN ERANSKINA

1. epigrafea.–Zuzeneko zerbitzu arruntak, mendekotasuna duten pertsonentzat:

Modalitatea: hileko tarifa.

Egonaldi osoa: 1.070 euro.

Egonaldi erdia:

15 ordu astean, jantokirik gabe:

–A aukera: 11:00etatik 14:00etara

–B aukera: 15:00etatik 18:00etara

Jantokirik gabe, 395 euro

20 ordu astean:

–A aukera: 11:00etatik 15:00etara

–B aukera: 14:00etatik 18:00etara

Jantokiarekin, 535 euro

35 ordu astean:

–A aukera: 11:00etatik 18:00etara

Jantokiarekin, 1.070 euro

Egonaldi zatitua, jantokirik gabe, 25 ordu:

–A aukera: 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara

Jantokirik gabe, 650 euro

Iragarkiaren kodea: L2413399